2. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko udalaren titulartasuneko zutoinen erabilera arautzen duen udal ordenantza behin betiko onestea.

Lizarrako Udalak, 2025eko uztailaren 28ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ibilgailu elektrikoak kargatzeko Lizarrako Udalaren titulartasuneko zutoinen erabilera arautzen duen ordenantza.

Lizarrako Udalak, 2025eko abenduaren 11n egin zen osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea ibilgailu elektrikoak kargatzeko Lizarrako Udalaren titulartasuneko zutoinen erabilera arautzen duen udal ordenantza, aurkeztutako alegazioak baietsi zituen eta, alegatutakoaz gain, udal zerbitzuek testuaren beste alderdi batzuei buruz azaldutako gogoetak gehitu zizkion hasiera batez onetsitako testuari.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta erabakitakoa betez, bidezkoa da argitara ematea ordenantzaren testu osoa, onetsi denak indarra har dezan.

Lizarran, 2025eko abenduaren 12an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO LIZARRAKO UDALAREN TITULARTASUNEKO ZUTOINEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Lizarrako Udalak, trantsizio energetikoa sustatzeko konpromisoa betez, zenbait neurri hartu ditu energia eta kontsumo berriztagarriak bultzatzeko.

Ildo horretan, 2025ean, udalak erabilera publikoko udal-titulartasuneko lau karga-puntu instalatuko ditu ibilgailu elektrikoentzat. Udalak ez duenez karga-puntuen erabilera arautzeko ordenantzarik, ezta aplikatu beharreko prezio publikorik ere, eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legeak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinak instalatzeko eta hornitzeko ezarritako betebeharrak betetzeko eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatzeko, ordenantza hau garatu da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak erregelamendu-ahalak bete beharreko printzipioak eta organo eskudunek nahitaez bete beharreko hainbat gai ezartzen ditu.

Auzitegi Gorenaren 2023ko urtarrilaren 31ko epaitik eratorritako doktrina gorabehera, zeinaren arabera parte-hartze publikoaren izapidea alde batera utz bailiteke zerga-izaerako araua delako, hargatik eragotzi gabe jarraitu beharreko izapidea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz, ordenantzak ekonomia- edo zerga-arloetatik harago doazen alderdiak barne hartzen dituenez, parte-hartze publikoaren izapidea egin behar da.

Hala, erregelamenduak egitean ohiko mugak (legezkotasun printzipioa, arau-hierarkiaren printzipioa, publizitate printzipioa) ezartzeaz gainera, "erregulazio onaren printzipioak" bete behar dira, eta izen horren azpian biltzen dira "premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia" printzipioak, eta horiek bete beharra –39/2015 Legearen 129. artikuluaren arabera– xedapen orokorraren hitzaurrean justifikatua egon behar da.

Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da betetzen direla premiaren, eraginkortasunaren eta gardentasunaren printzipioak, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela, lortu nahi den helburua zalantzarik gabe identifikatua dagoela, eta hori lortzeko hautatu den tresna egokia dela.

Arauaren hartzaile diren pertsonek eta kolektiboek araua prestatzean izan duten parte-hartze aktiboa espedientean dauden aurrekarietatik ondorioztatu da.

Proportzionaltasun printzipioari dagokionez, ordenantza honetan jasotako erregulazioa behar-beharrezkoa da hura prestatzeko beharrari erantzuteko –auto elektrikoaren erabilera bultzatzea, herritarrei prezio erakargarrian kargatzeko aukerak emanez–, eta eraginkortasunez jarduten da; horrela, ekimen horren ondorioz ibilgailu horien erabilera areagotzeak ekimen pribatuak karga-sarea azkarrago garatzea ekar dezake, eskubideak gutxiago murriztea edo hartzaileei betebehar gutxiago ezartzea.

Segurtasun juridikoa berez dagokio honelako xedapen bat aplikatzeari, erregulazio-esparru egonkorra ezartzen baitu, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa eta, hartara, arauaren erabiltzaileek ez dute izanen nahieran sorturiko administrazio jarduera bat, ordenamendu juridikoak beren ondareko ondasunen erabilerari dagokionez toki entitateei ematen dieten ahalen neurriz kanpoko erabileraren ondoriozkoa.

Aurrekontuaren ikuspegitik, begi bistakoa da ordenantza aplikatzeak duen eragin ekonomikoa udalaren aurrekontuan, lehenik eta behin, osagai teknikoez hornitzeko egin behar den inbertsioagatik eta, bigarrenik, prezio publikoen bidez sortutako diru-sarrerengatik eta ordenantzaren aginduak ez betetzeagatik zehapenak ezartzeagatik.

1. artikulua. Oinarria eta araubidea.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.etik 15.era eta 28.etik 35.era bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz, udal honek arautu egin du Lizarrako udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri.

2. artikulua. Zerbitzu ematea.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua horretarako prestatutako instalazioaren bidez eskainiko da. Instalazioa honako aparkaleku publiko hauetan egonen da: San Francisco Javier kalea z/g, 31200 Lizarra (Nafarroa).

Lizarrako Udalak, etorkizunean, beste instalazio batzuk gaitu beharko ditu udalerrian, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 79. artikulua betetzeko.

3. artikulua. Ordaintzeko beharraren sorrera.

Baldin pertsona fisiko eta/edo juridikoek ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua erabiltzen badute, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko diote Lizarrako Udalari.

Prezio publikoa ordaintzeko beharra sortzen da zerbitzua ematen edo jarduera egiten hasten denean; Lizarrako Udalak, ordea, eska dezake aldez aurretik ordaintzea haren zenbateko osoa edo zati bat, jarraikiz martxoaren 20ko 2/1995 Foru Legearen 34. artikuluko 1. apartatuari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

4. artikulua. Ordaintzera behartuak.

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuak daude pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.

Puntu bakoitzean, gehienez, 6 orduz kargatzen ahalko da ibilgailua. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.

5. artikulua. Zenbatekoa.

Lizarrako Udalak zerbitzu honengatik jasoko dituen eskubideak, bai eta zerbitzuari lotutako gainerako prezio publikoak eta tasak ere, jasota daude ordenantza honi atxikitako tarifen eranskinean.

Organo eskudunak eranskin hori eguneratzen ahalko du, karga-puntuen energia hornidurari lotutako kostuak aldatzen diren ehuneko berean aldatuta.

Ordenantza honetan araututako prezio publikoen zenbatekoek kargatua dute aplikatu beharreko BEZa.

6. artikulua. Kobrantza.

Zerbitzua ematen hasten den une berean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Zerbitzua ematen ez bada prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ordaindutako zenbatekoa itzuli eginen da.

Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.

7. artikulua. Kobratzeko prozedura.

Udalak kobratzeko sistema bat ezarriko du, berariazko aplikazio informatiko baten edo batzuen bidez, eraginkortzat jotzen baditu; aplikazioak izaten ahalko dira Udalarenak berarenak edo hirugarren agente batzuek emandakoak.

Sistema horiek erabiltzeak kostu gehigarria izan dezake erabiltzaileentzat; kostu hori, gehienez ere, kargaren zenbatekoaren % 5 izanen da, eta 0,25 euroko kostu finkoa karga bakoitzeko.

8. artikulua. Karga-puntuen erabilera-arauak.

1. Kargatzeko aparkatzea. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu.

Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio horrek oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar du bere xederako erabiltzen ez den bitartean.

Zutoinen ondoko eta seinaleztatutako aparkaleku plazak ibilgailu elektrikoek bakarrik erabiltzen ahalko dituzte, horiek kargatu bitartean.

Eguneko tartean, ibilgailua kargatzeko aparkalekutik atera beharko da kargatzen bukatu eta ondoko hogeita hamar minutuen baitan.

Erretiratzeko marjina hori bete ezean, dagozkion zehapenak ezarriko dira.

Horri dagokionez, eguneko tartea 07:30etik 22:00etara da.

Gaueko ordutegian, 22:00etatik 07:30era, ibilgailuen aparkaldiak eguneko ordutegian ezarritako muga gainditzen ahalko du, baina ibilgailua aparkatu eta hurrengo eguneko 07:30ak baino lehen erretiratu beharko da.

Aurreko apartatuetan ezarritako denbora-muga igarotzen denean, agintaritza eskudunak zehapena ezarriko du, kargatzeko postua okupatzeagatik, 12. artikuluan jasotakoari jarraiki.

2. Segurtasun-arauak. Kargaren erabiltzaileak kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun-arau guztiak beteko ditu, bai eta Udalaren karga-puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.

3. Erabilera arduratsua. Udalaren karga-puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, kableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako.

4. Jarraibideak. Karga-puntuaren erabiltzaile orok bete egin beharko ditu Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen adierazpenak, betiere udalaren karga-puntua egoera onean mantentzeko.

5. Udalak ez du bere gain hartuko kalte eta galeren gaineko erantzukizunik (ondasun edo pertsonei, ibilgailua kargatzeko ezintasuna eta abar), baldin eta Udalarenak ez diren arrazoiengatik sortu badira.

6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko kargaldia gainditzen badu hogeita hamar minututik gora, zilegi izanen da ibilgailuen gordailura eramatea, mekanikoki ibilgetzea edo langile baimendunek salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.

9. artikulua. Hobariak.

1. Ezarritako prezio publikoak % 20ko hobaria izanen du zerga-egoitza Lizarrako udalerrian duten pertsona fisiko edo juridikoen jabetzako ibilgailuentzat.

2. Hobari hori jasotzen ahalko dute, halaber, Lizarran erroldatuta dauden pertsonek eta egoitza soziala Lizarran duten enpresek edo EJZn alta emanda daudenek, baldin eta beren izenean badute alokairuko edo "renting"-eko ibilgailu elektriko bat. Hobaria jasotzeko, behar den gisan formalizatutako alokairu edo "renting" kontratua eta alokairu hori ordaindu izanaren azken egiaztagiria aurkeztu beharko dituzte.

3. Interesdunek Lizarrako Udalean bertan eskatu beharko dute hobaria, eta ebazpen bidez aitortuko da.

Hobaria eskatzen denetik hura berariaz aitortu eta ordaindu beharreko prezioa egokitu arte ordaindutako prezioa ebazpenean bertan aitortuko da.

10. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1. Zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna izanen da Lizarrako Udaleko alkatetza edo eskumen hori eskuordeturik daukan zinegotzitza, betiere dagokion espedientea abiarazi ondoren.

2. Zehapen-prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jarrera hauek:

11.1. Falta arinak.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.

–Gehienez 30 minututan gainditzea 8. artikuluan baimendutako kargatzeko eta aparkatzeko aldia.

–Kablea ez jasotzea edo konektorea behar bezala jarrita ez uztea.

–Aplikazioan alta emanda dagoen pertsonarena ez den ibilgailu bat kargatzea, baldin eta subjektu pasibo horri aplikatu beharreko tarifa eta kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren tarifa berberak badira.

–Ez betetzea karga-puntuko arduradunek emaniko jarraibideak aparkatzeari buruz, ibilgailua erretiratzeari buruz edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo karga-puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.

–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzen dituztenak, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez badira.

11.2. Falta astunak.

–8. artikuluan baimendutako aparkaleku-plazetako aparkaldia 30 eta 60 minutu artean gainditzea.

–Elektrikoak ez diren ibilgailuak plaza horietako batean aparkatzea.

–Aplikazioan alta emanda dagoen pertsonarena ez den ibilgailu bat behin gutxienez kargatzea, baldin eta subjektu pasibo horri aplikatu beharreko tarifa eta kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren tarifa desberdinak badira.

–Zabarkeriaz kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek badakartza zerbitzu publikoen gaineko kalteak, Udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak.

–Urtebetean bi falta arin egiteagatik zehapena jaso izana.

11.3. Falta oso astunak.

–8. artikuluan baimendutako aparkaleku-plazetako aparkaldia 60 minutuan baino gehiagoan gainditzea.

–Aplikazioan alta emanda dagoen pertsonarena ez den ibilgailu bat bitan baino gehiagotan kargatzea, baldin eta subjektu pasibo horri aplikatu beharreko tarifa eta kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren tarifa desberdinak badira.

–Lapurtzea karga-puntuaren, ekipoaren, instalazioaren edo seinaleztapenaren elementuetako edozein.

–Nahita kaltetzea karga-puntuko ekipo edo instalazioaren elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo Udalaren karga-puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun arauak, baldin eta horrek istripua eragiten badu.

–Ez betetzea Udalak ezarririko jarraibideak ingurua zaintzeko eta bizilagunekiko errespetua eta bizikidetza egokia mantentzeko.

–Iruzurrezko erabilera ematea karga-puntuaren zerbitzuari.

–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko erantzulea, nahiz eta horretarako errekerimendua egin agintaritzaren agenteek.

–Urtebetean bi falta astun egiteagatik zehapena jaso izana.

12. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

–Arau-hauste arinen zigor gisa, udal hornidurako zutoinak ez dira erabiltzen ahalko zazpi egun naturalez.

–Arau-hauste astunen zigor gisa, udal hornidurako zutoinak ez dira erabiltzen ahalko zazpi egun naturalez, eta 100 euroko isuna jarriko da.

–Arau-hauste oso astunak honela zigortuko dira:

  • 11.3 a) artikuluan jasotako kasuan, zerbitzua kudeatzeko sisteman hilabetez baja emanen da, eta 300 euroko isuna ezarriko da.
  • 11.3 b) artikuluan jasotako kasuan, zerbitzua kudeatzeko sisteman urtebetez baja emanen da, eta 300 euroko isuna ezarriko da. Kasu horretan, gainera, arau-hausleak prezio publikoetan izandako aldea erreklamatzen ahalko du udalak.
  • 11.3 artikuluan jasotako gainerako kasuetan, zerbitzua kudeatzeko sisteman hiru hilabetez baja emanen da, eta 500 euroko isuna ezarriko da.

2. Ordenantza honen arau-hausteak direla-eta ezartzen diren diruzko zehapenetarako indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor daitezke.

13. artikulua. Erantzuleak.

Arau-haustea eragin duen jokabidearen egilea izanen da horren gaineko erantzulea, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea; horien betebeharra izanen da, gainera, arau-haustearen erantzulea behar bezala identifikatzea.

Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen arau-hauste administratiboak prebenitzeko.

14. artikulua. Lehengoratzea eta kalte-ordaina.

Ordenantza honetan ezarritako jokabideengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta ordeztera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez.

Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.

Ordenantza honetan xedatzen da osoko bilkura dela organo eskuduna, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 130. artikuluan xedatutakoaren babesean, eta energiaren prezioak etengabe aldatzen direla kontuan hartuta, tokiko gobernu batzarraren esku uzten du karga-puntuak erabiltzeagatiko prezio publikoak eguneratzeko dagozkion erabakiak hartzea, hori guztia Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, bide administratiboan ezarri beharreko errekurtsoen ebazpena barne dela.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

TARIFEN ERANSKINA

Bide publikoko ibilgailuen karga erdilasterraren zerbitzuaren prezio publikoa (% 21eko BEZa barne):

Ibilgailu elektrikoen karga lasterraren zerbitzuaren zenbatekoa ezartzen da oinarri harturik karga-puntutik zerbitzua jasotzen duen ibilgailu elektrikora benetan igarotako energiaren unitateko prezioa.

Ibilgailu elektrikoen karga erdilasterraren zerbitzuaren prezio publikoa (potentzia ≤ 22 kW):

a) Azken prezio publikoa: 0,30 euro/kWh; urtero eguneratuko da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean jasotako azken fakturan hornitzaileari ordaindutako prezioaren igoerarekin, aurreko urteko faktura berarekin alderatuta.

b) Zerga-egoitza Lizarran duten ibilgailuen hobaria: % 20. Karga zerbitzua.

Iragarkiaren kodea: L2516472