Iragarkia
2. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ATARRABIA
Taxi-bonuaren bidez garraiobide alternatibo bat izateko banakako gizarte laguntzak arautzen dituen ordenantza behin betiko onestea
Atarrabiako Udalak, 2025eko ekainaren 24an egin zen osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen taxi-bonuaren bidez garraiobide alternatibo bat izateko banakako gizarte laguntzak arautzen dituen ordenantza.
Ordenantza hori hasiera batez onesteko erabakia 2025eko abuztuaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (55. zk.) argitaratu zen, eta ez zen alegaziorik aurkeztu. Hala ere, gizarte gaietako batzordeak behin betiko testuan aldaketa teknikoren bat egin zuen.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 eta 326. artikuluei jarraikiz, ordenantzaren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Atarrabian, 2025eko abenduaren 12an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.
BANAKAKO GIZARTE LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA. LAGUNTZA HORIEN HELBURUA DA TAXI-BONUA ERABILIZ GARRAIOBIDE ALTERNATIBO EGOKITU BAT EMATEA GARRAIO KOLEKTIBOETAN SARTZEKO ARAZO LARRIAK DITUZTEN PERTSONEI
OINARRIAK
1.–Oinarria.
Pertsona guztiei, beren egoera fisikoa alde batera utzita, garraioak erabiltzeko eskubidea aitortzen dien araudia oso zabala da.
Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenak, adierazten du neurri espezifikoak hartu behar direla pertsona guztiei aukera berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko. Horretarako, botere publikoek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, hala nola laguntza ekonomikoak ezartzea, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasun unibertsala ziurtatzeko garraioaren arloan, eta, horrela, modu independentean bizitzeko eta bizitzaren arlo guztietan bete-betean parte hartzeko eskubidea babesteko.
Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeak jasotzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoei dagokie eskubideak baldintza berdinetan baliatzeko behar diren neurriak bermatzea bizitzaren eremu guztietan, hala nola mugikortasunean eta garraioan. Horretarako, Nafarroako Administrazio Publikoek ekintza positiboko neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen alde. Neurri horiek laguntza osagarriak izan daitezke, hala nola laguntza ekonomikoak.
Atarrabiako Udalak hainbat urtez eman die dirulaguntza herritarrei, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Nafarroako Elkarte Koordinatzailearekin (ACODIFNA) elkarlanean. Elkarte hori arduratzen da taxi-bonuaren kudeaketaz, eta, oinarri hauen bidez, dirulaguntza emateko baldintzak eta hurrengo urteetarako lankidetzaren baldintzak arautzen dira.
2.–Helburua, xedea eta definizioa.
Deialdi honen helburua da desgaitasuna izan eta garraio kolektiboak erabiltzeko arazoak dituzten pertsonendako banakako laguntzak arautzea, garraiobide egokitu bat (taxia) erabil dezaten, taxi-bonuen bidez. Garraio publikorako erabiltzen diren ibilgailuetan irisgarritasuna garatzeak baldintzatuko du beti deialdi hau.
Laguntza hauen xedea da mugitzeko arazoak dituzten pertsonei hiri-ingurunean lekualdatzen laguntzea taxiaren zerbitzu publikoa erabiliz. Joan-etorriek Eskualdeko Garraio Publikoaren hiriarteko eremua hartuko dute barne, baita eremu horretatik kanpo dauden baina Atarrabiatik 15 kilometrora baino gehiagora ez dauden zentro eta zerbitzu soziosanitarioak eta gizarte eta hezkuntza zentro eta zerbitzuak ere, bizitza independentea garatu ahal izan dezaten eta, ondorioz, gainerako herritarren eskubide berberak baldintza berberetan baliatu ahal izan ditzaten.
Laguntza ekonomiko hau borondatezkoa eta berezia da eta ezin da aurrekaritzat hartu. Dirulaguntza bezala hartuko da legez.
Deialdia finantzatzeko aurrekontua izanen da desgaitasuna duten pertsonen garraiorako laguntzen 23182482000 aurrekontu partidaren kargu udaleko aurrekontuan urtero sartzen dena; zenbateko hori dagokion aurrekontuan onetsi beharko da.
Urtero deialdi bat eginen da onuradunek erabil ditzaketen laguntzen emakida zehazteko.
Aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean emanen dira deialdiko laguntzak.
Dirulaguntza honen xedea betetzat joko da udal laguntza taxiaren zerbitzua ordaintzeko erabili dela frogatzen denean.
3.–Onuradunak.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta ACODIFNAk kudeatuko dute laguntza hori, eta honako baldintza hauek betetzen dituzten programa honetako prestazioen onuradunek jasoko dituzte:
a) Atarrabiako udalerrian erroldatua egotea, eskabidea egin eta gutxienez ere 6 hilabete lehenagotik, eta bertan alta emanda jarraitzea, bai eta herrian egiazki bizitzea ere, laguntza jasotzen den bitartean.
b) % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatea, garraio kolektiboetan sartzea larriki eragozten duena, eta horrela egiaztaturik egotea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako desgaitasunaren ziurtagiri ofizialean. (1971/1999 Errege Dekretuaren baremoa: A, B edo C apartatuak, edo gutxienez 7 puntu izatea D, E, F, G eta H apartatuak batuta).
c) Osasun egoera dela edo beste arrazoi batzuk direla eta, ohiko bizilekutik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez egotea.
d) Atarrabiako Udalarekiko zerga betebeharrak edo bertze udal betebehar batzuk eguneratuak izatea.
e) Zirkulazio zergako salbuespenaren onuraduna ez izatea (TOFLren 160. d) artikulua).
f) Ez izatea mugitzeko desgaitasuna dutenek gidatzeko egokituriko ibilgailurik, eskatzaileak 18 urtetik gorakoak badira.
g) PFEZaren azken ekitaldiko familia unitatearen familiaren diru-sarrera haztatuek, SARAren arabera (Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasunaren adierazlea), honako hauek ez gainditzea:
FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA | PER CAPITA ERRENTA |
1 | 1,75 SARA |
2 | 2,10 SARA |
3 | 2,25 SARA |
4 | 2,35 SARA |
5 edo gehiago | 2,50 SARA |
*Orientagarria desgaitasuna duten pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat. | |
–Kontuan hartuko diren baliabide ekonomikoak.
Eskatzaileari dagokion familia unitatearen baliabide ekonomikoak zenbatzerakoan, kideen errenta eta ondarea hartuko dira kontuan.
Errentatzat jotzen dira familia unitatearen diru-sarrera guztiak, ondokoetatik ateratzen direnak:
1. Lanaren etekinak, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere, nahiz eta PFEZaren aitorpenean errenta salbuetsi gisa agertu. Besteren konturako lan etekinen sarrera gordinetatik kendu behar dira Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik edo antzekoengatik ordaindutakoak.
2. Kapital higigarriaren eta higiezinaren etekinak.
3. Enpresa nahiz lanbide jardueren etekin garbiak.
4. Ondarearen gehitzeak eta gutxitzeak.
Familia unitatearen higigarrien eta higiezinen kapital osoa hartzen da ondaretzat:
- Higigarrien kapitalak honako hauek biltzen ditu: kontu korronteko eta eperako gordailuak, inbertsio funtsak, pentsio funtsak, higigarrien baloreak, bizi-aseguruak erreskate kasuetan eta aldi baterako edo biziarteko errentak, arte lanak, antzinako gauzak, bitxiak eta bestelako gauzaki baliotsuak.
- Landa-lurreko nahiz hiri-lurreko ondasunek osatzen dute higiezinen kapitala. Ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza.
h) Familia unitatearen ondarea gehienez ere 150.000 eurokoa izatea, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta. Halaber, laguntza ekonomikoa ukatu edo iraungi eginen da, baldin eta sumatzen bada eskatzailearen edo laguntzaren onuradunaren edo kide den familia unitateko kideren baten itxura hutseko pobretzea gertatu dela.
Familia unitatetzat hartzen da familia unitatearen errenta aitorpenean jasotzen dena. Hona:
a) Ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
b) Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatutakoa (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatuaren edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
c) Legezko banantze kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik ez dagoenean, bikotea egonkorra ez denean edo bizikidetzarik ez duenean, amak edo aitak eta berarekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
d) Familia unitateko kidetzat jotzen dira, orobat, 18tik 25 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta, beregain izan gabe, gurasoen mende bizi badira. Familiaren diru-sarrera haztatuaren kalkulua eginen da jarraikiz laguntza eskatzeko unean indarrean dagoen araudiari.
Desgaitasuna duten pertsonek, aurreko baldintzak beteta, desgaitasun egoeragatik eskubide hauek egikaritu badituzte:
- Ibilgailuak matrikulatzeko zergaren salbuespena azken lau urteetan.
- Indarreko gidabaimena eta mugitzeko desgaitasuna duen pertsonak gidatzeko ibilgailu egokitua lortzea, eskatzaileak 18 urtetik gorakoak badira.
- Ibilgailua erosi eta/edo egokitzearen onura, edozein administrazio publikok emana.
Laguntzak horiek soilik eskatzen ahalko dituzte gerora sortutako eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik dagokion eskubidea erabili ezin duten aldietarako.
–Egoera bereziak.
- Familian hartzea:
familia unitate batek desgaitasuna duen adingabe bat familian hartua duenean, eta taxi-bonurako banakako laguntza lortzeko baldintzak betetzen baditu baina diru-sarreren maila gainditzen badu, hori egoera berezitzat joko da.
- Desgaitasun larriko bi pertsona familia unitate batean:
familia unitate bateko bi kidek taxi-bonurako banakako laguntza lortzeko baldintzak betetzen badituzte baina diru-sarreren maila gainditzen badute, hori egoera berezitzat joko da.
Egoera bereziak edo sortzen ahal diren aparteko beste egoera batzuk banan-banan aztertuko ditu taxi-bonuen programaren Balorazio Batzordeak. Honako kide hauek osatuko dute batzorde hori:
- Gizarte Gaien, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren Batzordeko burua.
- Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikari bat.
Batzorde horrek proposamen-txosten arrazoitu bat egin beharko du, eta bertan agertuko da egindako ebaluazioaren emaitza.
Aipatutako betebeharrak betetzen direla eta debekurik ez dutela frogatzeko, oinarri hauetako laugarren klausulan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.
4.–Dokumentazioa.
Eskaerak eskabide orri baten bidez aurkeztuko dira, eta orri hori interesdunak sinatuko du edo, bestela, ordezkari batek, zuzenbidean balioa duen bideren bat erabiliz frogatzen badu ordezkaritza. Deialdi honen I. eranskinean ageri den eredua erabiliko da. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
1. Onuraduna eta/edo haren ordezkaria dela egiaztatzen duen agiriaren fotokopia.
2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo erakunde eskudunak (beste autonomia erkidego batek baloratuz gero) emandako Desgaitasunaren Ziurtagiri Ofizialaren fotokopia; ziurtagiriak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunaren balorazioa jaso beharko du.
3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egin beharrik ez badu, azken ekitaldiko Datu Fiskalen Orria, Ogasunak emandakoa, eta familia unitatearen diru-sarreren frogagiriak.
4. Erantzukizunpeko aitorpena, azken lau urteetan ibilgailuak matrikulatzeko zergaren salbuespenaren onurari dagokiona. (Eskabide ereduan).
5. Erantzukizunpeko aitorpena, ibilgailua erosi eta/edo egokitzearen onurari dagokiona, edozein administrazio publikok emana (eskabide ereduan).
6. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetako baldintzak betetzen dituela adierazteko. (Eskabide ereduan).
7. Hala badagokio, enpresaren edo derrigorrezko hezkuntzako ikastetxearen ziurtagiria, interesduna bertako langilea edo ikaslea dela eta garraio egokiturik ez duela adierazten duena.
8. Datu fiskalak.
Aurreko urteetako laguntza eskaeran aurkeztu izanagatik Atarrabiako Udalaren esku dagoen dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko.
Udalak ofizioz egiaztatuko du eskatzaileek udalerriarekiko zerga-betebeharrak egunean dituztela, baita erroldatuta daudela ere.
5.–Kudeaketa eta prozedura.
Taxi-bonuaren aplikazioari dagokionez, programa kudeatuko da Atarrabiako Udalaren eta Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Nafarroako Elkarte Koordinatzailearen (ACODIFNA) arteko hitzarmen bidez.
Atarrabiako Udalak ACODIFNAri ordainduko dio banakako gizarte laguntzak emateko urteko dirulaguntza.
ACODIFNAk konpromisoa hartzen du programa hau bere osotasunean kudeatzeko. Ondorioz, kontu korrontea irekiko du banku entitate batean, batetik, bertan sartzeko Udalak banakako gizarte laguntzak emateko bideratzen duen dirulaguntzen zenbatekoa, eta, bestetik, taxilariei erabilitako taxi-bonua ordaintzeko, automatikoki, kontu korronte hori baliatuz, horrek kudeaketa arintzea ahalbidetuko baitu.
Kudeaketa horren alderdi zehatzak honako hauek izanen dira:
–Nafarroako Rural Kutxarekin batera, Aurreordainketako Taxi Txartelak onuradunei banatzeko behar den sistema informatikoa ezartzea.
–Aurreordainketako Taxi Txartelak banatzea programaren onuradunei.
–Onuradunen txartelak bi hilean behin berriz kargatzea kudeatzea.
–Taxilarien karguak kontrolatzea hilero edo bi hilean behin.
–Nafarroako Rural Kutxari onuradun bakoitzaren laburpena eskatzea, behar izanez gero.
–Aurreordainketako Taxi Txartelaren kopia bat edukitzea kudeatzea, txartela galduz edo lapurtuz gero.
–Aurreordainketako Taxi Txartela jasotzea eta baliogabetzea (programan baja ematen denean) kudeatzea.
–Programaren onuradunei begira, Aurreordainketako Taxi Txartela arduraz erabiltzeko arauak eta baldintzak ezartzea.
Kudeaketa dela-eta, elkarteak deialdian kudeatu beharreko gehieneko zenbatekoaren % 10eko laguntza jasoko du. Kudeaketa gauzatzeko laguntza horren barruan sartzen dira dagokion banku entitatearekin Aurreordainketako Taxi Txartelak kudeatzearen ondoriozko kostuak, bai eta beste edozein banku gastu ere. Gastu horiek ez zaizkie inola ere egotziko erabiltzaileei. Kudeaketa-kostuak kudeaketa gauzatzeko laguntza (gehieneko zenbatekoaren % 10) baino handiagoak badira, udalak ordainduko ditu.
Atarrabiako Udalak ACODIFNAri eta eskatzaileei jakinaraziko die dirulaguntza eman edo ukatu den.
ACODIFNAk Aurreordainketako Taxi Txartelak prestatu eta banatuko ditu laguntza ematea onesten duen alkatetzaren ebazpena eman eta hurrengo hilabetetik aurrera.
Gizarte Gaietako Batzordeak programa nola gauzatzen ari den kontrolatu eta ebaluatuko du, haren kalitatea hobetzeko eta zuzen erabiltzen dela ziurtatzeko.
6.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.
Eskaerak eskatzaileak sinatutako eskabidean aurkeztuko dira; horretarako, deialdi honi erantsitako eredu normalizatua erabiliko da.
Deialdiaren laburpena Datu Base Nazionalean argitaratu eta ondoko egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, eta urte bakoitzeko urriaren 15ean akituko da.
Onuradunei banakako ebaluazioaren bidez emanen zaizkie laguntzak, onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala, baldin eta aurrekontu-kontsignaziorik badago.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean zuzenketa egin dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.
Eskaera aurkeztean baimena ematen zaio Atarrabiako Udalari bidezkotzat jotzen dituen jarduketen bitartez egiaztatzeko eskatzaileek emandako informazioa zuzena ote den, eskatutako baldintzak betetzen ote diren eta onuradunak laguntza jasotzeagatik dituen betebeharrak betetzen ote dituen.
Eskaerak aurkeztuko dira Atarrabiako Udaleko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren gainerako erregistroetan.
7.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hiru hilabetekoa izanen da. Epea kontatzen hasiko da eskaera organo eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik hasita.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igarotzen bada, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoarekin bat.
Dirulaguntza emateko ebazpenak akabera emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.
8.–Dirulaguntzen estaldura eta ordainketa.
Deialdi honetako dirulaguntza bateragarria da bertze edozein administraziok edo entitatek helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin.
Lagun bakoitzari, bi hilero, 60 euro, gutxienez, emanen zaizkio. Zenbateko hori txartela kargatuz entregatuko da, eta, ondoren, bi hilero, zenbateko hori kargatuko da onuradun bakoitzak daukan Aurreordainketako Taxi Txartelean. Helburua da, azken batean, zerbitzu horren erabiltzaile guztiek izatea aurrekontuko baliabideez baliatzeko aukera berberak.
Onuradunek ez dute jasotzen ahalko ekitaldi bakoitzean 360 eurotik gorako laguntzarik, salbu eta behar den gisan egiaztatutako behar bereziak badaude, betiere Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txostena aurrez izanik.
Dirulaguntzaren zenbatekoak bi hilean behin kargatuko dira, Jarraipen Batzordeak ekitaldiaren hasieran onetsitako egutegiaren arabera.
Bi hileko epe bakoitzaren azken egunean, akituko da aldi horri dagozkion txartel pertsonalizatuetan erabilgarri dauden zenbateko partzialak erabiltzeko eskubidea. Erakundeak eragiketa automatiko bat ezarri beharko du erabili ez diren soberakinak kontu korronte nagusira itzul daitezen, eta ondoko bi hileko aldiari dagokion zenbatekoa kargatuko da txarteletan, aldi horren lehenbiziko egunean.
Aribideko urteko azken kargaren kasuan, dirulaguntzaren adjudikaziodunek zenbateko partzialak erabiltzen ahalko dituzte ondoko urteko lehen karga egin arte edo ACODIFNA erakunde laguntzaileak adierazi arte.
Dagokion aurrekontu partida agortzen denean, udalak ez dizkio funts gehiago eman beharko programa honi.
9.–Azkentzeko arrazoiak.
–Laguntza ematea ekarri zuten baldintzetakoren bat desagertzea.
–Programan sartzeko baldintzak aldatzea.
–Hiltzeagatik.
–Erabiltzaile izaera galtzea justifikatzen duen beste edozein arrazoi.
10.–Taxi-bonua erabiltzeko arau orokorrak.
I. Laguntzen onuradunek Aurreordainketako Taxi Txartela Iruñerriko Mankomunitateko taxi zerbitzu publikoan ordaintzeko bakarrik erabiltzen ahalko dute.
II. Aurreordainketako Taxi Txartelaren erabilera pertsonala eta besterenezina da, eta zerbitzu publiko horretarako ezarritako arau orokorrak errespetatu behar dituzte onuradunek.
III. Aurreordainketako Taxi Txartelak Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Nafarroako Elkarte Koordinatzaileak banatuko ditu (Labayen doktorearen kalea 15, behea). Tel.: 948366739.
IV. Onuradunei laguntza ematen zaien unean entregatuko dira txartelak, dagokion bihilekorako laguntzari dagokion kargarekin.
V. Txartelak Jarraipen Batzordeak onetsitako egutegiari jarraiki kargatuko dira, bi hilabeteei dagozkien dirulaguntzen zenbatekoekin. Bi hileko aldi natural bakoitzaren azken egunean, akituko da aldi horri dagozkion txartel pertsonalizatuetan eskuragarri dauden zenbateko partzialak erabiltzeko eskubidea. Ondoko bi hileko aldiaren lehenbiziko egunean berriz kargatuko da zehaztutako zenbatekoa. Aribideko urteko azken kargaren kasuan, dirulaguntzaren adjudikaziodunek zenbateko partzialak erabiltzen ahalko dituzte ondoko karga egin arte edo ACODIFNA erakunde laguntzaileak adierazi arte.
VI. Aurreordainketako Taxi Txartelaren bidez, taxiak hiri barnean nahiz hiri artean mugitzeko erabiltzen ahalko dira, deialdi honen hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
VII. Bidaia egitean, taxilariak ibilaldiaren zenbateko zehatza kobratuko dio onuradunari, eta ACODIFNAk gaitutako kontu korrontean kargatuko da.
VIII. Aurreordainketako Taxi Txartela erabiltzean antzematen den edozein anomalia ikertzen ahalko dute erakundeek, eta, hala badagokio, Atarrabiako Udalak legez bidezkoa den zehapena ezarriko du, dagokion espedientea egin ondoren.
IX. Programa iruzurrez erabiltzeak Aurreordainketako Taxi Txartela berehala kentzea ekarriko du. Erabiltzaileek beren egoera pertsonalean izandako edozein aldaketaren berri eman behar dute, baldin eta aldaketa horiek dirulaguntza emateko baldintzak betetzea aldatzen badute.
X. Programaren erabiltzaileek taxilariek ez-betetzeren bat egin dutela edo jarrera negatiboa dutela detektatzen badute, udalari jakinarazi beharko diote, eta taxiaren lizentzia-zenbakia eman beharko diote neurri egokiak hartzeko. Jakinarazpen hori ofizialtzat joko da idatziz aurkezten bada Udaleko Erregistroan.
XI. Laguntza hori ukatzen ahal da adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik, eta/edo eten daiteke Administrazioak egiaztatzen badu, bere ohiko kontroletan, betebehar bat betetzen ez dela kontrola egiten denean, edo iruzurrik bada edo datuak ezkutatzen badira.
11.–Errekurtsoen araubidea.
Deialdi honen, bere oinarrien edo betearazteko administrazio egintzen aurka, dirulaguntza xedatzen dutenak, aukeran, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:
–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den udal organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazten denetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunean hasiko da epe hori.
12.–Datuen babesa.
Tratamenduaren arduraduna: Atarrabiako Udala.
Helburua: taxi-bonuaren banakako gizarte laguntzak kudeatzea.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, haiek zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, udal bulegoetara jo beharko duzu, edo dpd@villava.es posta-helbidera idatzi.
Informazio gehigarria: informazio gehiago duzu gure web-orriko pribatutasun-politikaren atalean: Pribatutasun abisua - Atarrabiako Udala.
TAXI-BONUAREN BANAKAKO GIZARTE LAGUNTZAK LORTZEKO ESKABIDEA
ESKATZAILEAREN DATUAK:
Lehen deitura | Bigarren deitura | Izena | NANa | ||||
Helbidea | Posta kodea | Udalerria | Probintzia | Telefonoa | |||
ONURADUNAREN DATUAK:
Lehen deitura | Bigarren deitura | Izena | NANa | ||||
Helbidea | Posta kodea | Udalerria | Probintzia | Telefonoa | |||
Gurpil-aulkia erabiltzen du: Bastoiak erabiltzen ditu/garraio publikoetara sartzeko arazo larriak ditu: | |||||||
AURKEZTEN DEN DOKUMENTAZIOA:
Onuradunaren eta/edo haren ordezkariaren NANaren fotokopia.
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak edo erakunde eskudunak (beste autonomia erkidego batek baloratuz gero) emandako Desgaitasunaren Ziurtagiri Ofizialaren fotokopia; ziurtagiriak garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasunaren balorazioa jaso beharko du.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia edo azken ekitaldiko datu fiskalen orria, Ogasunak emana, eta familia unitatearen diru-sarreren egiaztagiriak.
ZINPEKO AITORPENA:
Adierazten dut ez dudala ibilgailuak matrikulatzeko zergaren salbuespenik jaso azken lau urteetan.
Adierazten dut ez naizela edozein administrazio publikok emandako ibilgailua erosi eta/edo egokitzearen onuradun izan.
Adierazten dut deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ditudala.
BAIMENA EMATEN DIOT Atarrabiako Udalari, bere eginkizunak betez, beste erakunde publiko batzuetatik (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentua, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala, Nafarroako Mendekotasun Agentzia, etab.) familia unitateko kideen datu ekonomiko-finantzarioak eta desgaitasuna baloratzeko datuak lortzeko, eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko edo osatzeko. Berariaz BAIMENA EMATEN DIOT Atarrabiako Udalari nire datu pertsonalak informatikoki tratatzeko eta datu horiek lagatzeko, zerbitzua behar bezala emateko bakar-bakarrik.
Eguna eta sinadura.
Iragarkiaren kodea: L2516481
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
