2. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Ordenantza, Elordi industrialdeko aparkalekua arautzen duena. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2025eko irailaren 18an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ultzamako Elordi industrialdeko aparkalekua arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, dagozkion iragarkiak argitaratuta 2025eko urriaren 14ko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, hasierako onespenaren iragarkian horrela adierazi denez, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jo da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren edukia betez, erabaki hau eta ordenantza horren testu osoa argitaratzen dira. Hona hemen testua:

Larraintzarren (Ultzama), 2025eko abenduaren 9an.–Alkatea, Martin Picabea Aguirre.

ULTZAMAKO ELORDI INDUSTRIALDEKO APARKALEKUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ultzamako Udalak industrialde bat du Elordi inguruan, Iraizotz herrian. Eremu horren eta bertako kaleen barruan, industria lurzatien artean, aparkaleku batzuk daude.

Bide eta aparkaleku horiek jabari publikoko ondasuntzat hartzen dira, mugikortasun- eta aparkaleku-erabilera publikorako, zeina erabilera komun eta orokorra baita.

Industrialdearen jarduera gero eta handiagoa denez, eta eremu horretan gero eta ibilgailu arin eta astun gehiago aparkatzen direnez, beharrezkoa da aparkalekuaren baldintzak arautzea, gune horrek ahalik eta funtzionaltasun handiena izan dezan, eta, era berean, nahi ez diren abusuak edo jardunbideak saihesteko, hala nola ibilgailuak, atoiak, gabarrak eta materialak aparkalekuetan luzaroan uztea, jardunbide horiek kalte egiten baitiete aparkalekuak erabiltzen dituztenei.

Era berean, eta bertako enpresen eta industrialdeko erabiltzaileen beharrak kontuan hartuta, debekatuta dago garatutako jarduerarekin zerikusirik ez duten ibilgailuak aparkatzea, hala nola karabanak eta autokarabanak.

ATARIKOA

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Elordi Industrialdean (Iraizotz, Ultzama) dauden bide publikoetan (kaleak) ibilgailuen, ibilgailu arinen, astunen eta/edo bestelakoen aparkalekuen erabilera arautzea.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau xedapen hauei jarraikiz onetsi da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/119 Foru Legearen 99. eta 262. artikuluak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarria eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 93. artikulua eta hurrengoak.

3. artikulua. Ordenantza honen esparru objektiboa.

Ordenantza honetako arauak Elordi Industrialdeko bide publikoetan mota guztietako ibilgailuak aparkatzeko aplikatuko dira, atoiak, erdiatoiak, gabarrak eta antzekoak barne.

Eremu horretan, plazak behar bezala seinaleztatuta daude.

I. KAPITULUA.–APARKALEKUAREN ERABILERARI BURUZKO ARAUAK

4. artikulua.

Ordenantza honen bidez araututako aparkalekua honako ibilgailu hauek soilik erabiltzeko izanen da: automobilak, furgonetak, kamionetak, kamioiak, autobusak, nekazaritzako ibilgailuak, atoiak eta gabarrak. Aparkalekuak (bideak) jabari publikoko ondasuna dira, eta titulartasuna Ultzamako Udalari dagokio.

5. artikulua.

Bide horietan aparkatzea librea eta doakoa izanen da, ez da lizentziarik beharko, eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak betez egin beharko da.

6. artikulua. Debekua:

Elordi industrialdearen eremuaren barruan, debekatuta dago ibilgailu hauek aparkatzea: karabanak, autokarabanak.

7. artikulua. Aparkatzeko eremuak eta plazak:

Hainbat aparkatzeko eremu egonen dira, baita ibilgailu motaren araberako plaza desberdinak ere.

Horretarako, Ultzamako Udalak, plazak margotuz edota kartelak jarriz, plaza mota desberdinak seinaleztatuko ditu honako ibilgailu mota hauentzat: 1.–5 metro baino gutxiagoko automobilentzako eta gainerako ibilgailuentzako plazak; 2.–5 metro baino gehiagoko kamioientzako eta gainerako ibilgailuentzako plazak; 3.–5 metro baino gutxiagoko ibilgailuentzako aparkaldi mugatuko gunea.

Eremuak eta plazak kartelen bidez seinaleztatuko dira. Horietan, esleitutako ibilgailu motari, aparkatzeko ordutegiei eta gainerako baldintzei buruzko informazioa jasoko da.

Alkateari dagokio, arrazoi teknikoak direla-eta, aparkatzeko eremuak eta plazak ezartzea, baita horien baldintza zehatzak ere.

8. artikulua. 5 metro baino gutxiagoko ibilgailuak eta antzekoak aparkatzeko eremua:

–Arau orokorrak:

–Lanegunetan (astelehenetik ortziralera): Gehienez ere 48 orduz aparkatzen ahalko da.

–Asteburuak eta jaiegunak: Ez dago mugarik iraupenari dagokionez.

–Baldintza bereziak dagozkien kartel adierazleetan deskribatuko dira, eta baldintza orokor hauei gailenduko zaizkie.

9. artikulua. 5 metro baino gehiagoko kamioiak edo ibilgailuak aparkatzeko eremua:

Arau orokorrak:

–Lanegunetan (astelehenetik ortziralera): Gehienez ere 48 orduz aparkatzen ahalko da.

–Asteburuak eta jaiegunak: Ez dago mugarik iraupenari dagokionez.

–Baldintza bereziak dagozkien kartel adierazleetan deskribatuko dira, eta baldintza orokor hauei gailenduko zaizkie.

10. artikulua. Aparkaldi mugatuko gunea

Arau orokorrak:

–Gehienez ere 2 orduz aparkatzen ahalko da. Debekatuta egonen da atoiak, erdiatoiak, kamioiak, trakzio-buruak eta, oro har, 5 metrotik gorako ibilgailuak aparkatzea.

–Baldintza bereziak dagozkien kartel adierazleetan deskribatuko dira, eta baldintza orokor hauei gailenduko zaizkie.

11. artikulua.

Debekatuta dago espaloietan aparkatzea.

Elordi industrialdean ezarri eta seinaleztatutako aparkalekuak ez dira erabiltzen ahalko ibilgailuak aldi baterako aparkatzeaz bestelako helburuetarako.

12. artikulua.

Edozein ibilgailu seinaleztatutako eremuetatik kanpo edo ibilgailu mota horretarako berariaz esleitu ez diren plazetan aparkatzeak zehapenak sortuko ditu, Ordenantza honen edukia betez.

II. KAPITULUA.–ERANTZUKIZUNAK, ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

13. artikulua.

Ultzamako Elordi industrialdeko bide publikoetan ibilgailuak aparkatzen dituzten pertsonak ibilgailu horietan edo beste ondasun publiko eta/edo pribatu batzuetan doloz edo zabarkeriaz eragindako kalte-galeren erantzule izanen dira.

14. artikulua.

Arau-haustetzat hartuko da aparkatzeko eremuak ibilgailuen aparkaleku gisa ez erabiltzea, Ordenantza honetan ezarritako baldintzei jarraiki. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izaten ahalko dira.

15. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek izanen dira:

Ibilgailuak baimendu gabeko eremuetan eta/edo baimendu gabeko ordutegietan aparkatzea, betiere jarduketa hori arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez bada.

16. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek izanen dira:

–Ibilgailuak baimendu gabeko eremuetan eta/edo baimendu gabeko ordutegietan aparkatzea, astebetez baino gehiagoz.

–Ibilgailuak seinaleztatuta ez dauden eremuetan aparkatzea astebete baino gehiago eta hilabete baino gutxiago.

–Ibilgailuak espaloietan aparkatzea edo beste ibilgailu batzuen edota oinezkoen joan-etorria larriki zailtzen duten lekuetan aparkatzea, astebete baino gehiagoz eta hilabete baino gutxiagoz.

–Aparkalekuan edozein gauza uztea eta aparkalekua zikintzen duen edozein jarduera mekaniko egitea, hilabete baino gutxiagoz.

17. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek izanen dira:

–Ibilgailuak baimendu gabeko eremuetan eta/edo baimendu gabeko ordutegietan aparkatzea, hilabetez baino gehiagoz.

–Ibilgailuak seinaleztatuta ez dauden eremuetan aparkatzea hilabetez baino gehiagoz.

–Ibilgailuak espaloietan aparkatzea edo beste ibilgailu batzuen edota oinezkoen joan-etorria larriki zailtzen duten lekuetan aparkatzea, hilabetez baino gehiagoz.

Aparkalekuan edozein gauza uztea eta aparkalekua zikintzen duen edozein jarduera mekaniko egitea, hilabetez baino gehiagoz.

Hondakin arriskutsu edo kaltegarri gisa kalifikatutako elementuak aparkalekuan uztea.

18. artikulua. Goian adierazitako arau-hausteak eginez gero, zehapen hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste arinentzat: 50 euro eta 100 euro artean.

–Arau-hauste astunentzat: 101 euro eta 200 euro artean.

–Arau-hauste oso astunentzat: 201 euro eta 500 euro artean.

19. artikulua.

Zehapenak mailakatzeko orduan, honako inguruabar aringarri eta astungarri hauek hartuko dira kontuan:

–Behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiak, betiere ahalik eta denbora gutxienez.

–Jarduketa errepikatu den.

–Hala badagokio, eragindako kalteen garrantzia edo larritasuna.

20. artikulua.

Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondorioz ezarriko diren zehapenak kalte-galeren bidezko ordainaz aparte ezarriko dira.

Zehapenak ezartzeko, zehapen-espedientea izapidetu beharko da aldez aurretik, aplikatzekoa den araudian ezarritako zehapen prozedurari jarraituz: 6/2025 Legegintzako Errege Dekretua, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

Dagozkion prozedurak izapidetu ondoren, aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen-bidetik bideratu eta gauzatuko dira.

21. artikulua. Ibilgailuak erretiratzea eta gordailutzea.

Ultzamako Udalak ahalmena izanen du astebetez baino gehiagoz aparkatutako edozein motatako ibilgailuak erretiratzeko eta toki egoki batera eramateko, egindako arau-haustea eta dagokion zehapena gorabehera.

Kasu horietan, tasa hau kobratuko da:

–5 metro baino gutxiagoko ibilgailuak: 120 euro.

–5 metro baino gehiagoko ibilgailuak: 250 euro.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako baldintzak betetakoan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2516106