2. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

78E/2025 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Odietako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, lurzoru urbanizaezinari eragiten diona. Aldaketaren sustatzailea Odietako Udala da.

Udal Planaren aldaketaren xedea da energia berriztagarrien azpiegituren ezarpena mugatzea (haize parkeak eta eguzki baratzeak) Odietako Udal Planaren arabera azpiegitura horiek instalatzen ahal diren lurzoru urbanizaezineko kategorietan. Plangintzako determinazio egituratzailearen aldaketa bat da, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 49.2 e) artikuluaren arabera.

Udal Planaren aldaketa egituratzailearekin, udalak eutsi nahi die herrien inguruko landa paisaiei, eta ingurumen eta ekoizpen ezaugarriak babestu nahi ditu energia azpiegitura berriztagarrien erabilerak baimentzen ahal diren lurzoru urbanizaezinean. Horretarako, landa paisaia mantentzen duten erabilerak sustatu nahi ditu, hala nola abeltzaintza estentsiboa.

Proposatzen den araudi aldaketaren helburua da energia azpiegituren ezarpenak kontrolatzea, saihestu nahi baita energia ahalik eta hobekien aprobetxatzea xede duten okupazioek inpaktu handiak izatea paisaian. Horretarako, eguzki edo haize baratzeen erabilerak mugatu nahi dira natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzoruan eta garapen eredua zaintzeko lurzoruan. Erabaki da eraikinei lotutako jarduketen alde egitea, eraikuntzan bertan edo horietatik hurbil, eta sortzen ahal duten inpaktua murriztea.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ustez, ez dirudi lurraldean ezarri nahi den debeku generiko hori –CO2 emisioak murrizten dituzten energia berriztagarriak ezartzeari eragiten diona– foru lurralde osora estrapolatzen ahal den konponbide bat denik, emisioak murrizteko helburuak betetzea eragotziko lukeelako.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea Odietako Udal Planean, lurzoru urbanizaezinean, egin nahi den aldaketa egituratzaileari buruz, ingurumenean ukipenik eragiten ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Odietako Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hirigintza Atalari.

Iruñean, 2025eko otsailaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2516056