Iragarkia
198. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
153C/2026 EBAZPENA, irailaren 7koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Erruki Etxeko (Zezen Plaza) hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusi da Iruñeko Erruki Etxeak (Zezen Plaza) aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31006170011992). Testu hori erregistro honetan 2026ko abuztuaren 4an sartu zen, eta 2026ko ekainaren 11n sinatu zuten enpresaren ordezkariek eta Iruñeko Erruki Etxeko-Zezen Plazako langileen legezko ordezkariek.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan xedatutakoa kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Iruñeko Erruki Etxeak (Zezen Plaza) Iruñeko zezen plazan lan egiten duten langileentzat aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31006170011992).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko irailaren 7an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
IRUÑEKO ZEZEN PLAZAN DIHARDUTEN LANGILEENTZAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA 2026., 2027., 2028. ETA 2029. URTEETARAKO
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Lan hitzarmen kolektibo honek Erruki Etxea enpresaren eta Iruñeko zezen plazan diharduten langileen arteko lan harremanak arautzen ditu. Enpresaren zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkarien artean itundu da Iruñeko zezen plazako jardueran, ikuskizunen eta kirolen arlokoan, diharduten langileen lan baldintzak arautzeko.
Lan hitzarmen hau Iruñeko zezen plazan diharduten eta lan arloko legeen mende dauden langileei bakarrik aplikatuko zaie.
Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak ez aplikatzeko, ados jartzerik ez bada izan kontsultaldia iraganda eta batzorde mistoak esku hartuta ere, aldeek men eginen diete gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko prozedurei, betiere nahitaezko arbitrajea kenduta.
2. artikulua. Eremu pertsonala.
Hitzarmen honek 1950eko apirilaren 29ko Ikuskizun eta Kiroletarako lokalei dagokien laneko erregelamenduaren arauen mende dauden langile guztiengan izanen du eragina, Langileen Estatutuaren 2. artikuluan biltzen diren eginkizunetan ari diren langileak salbuetsita, bai eta txartel saltzaileak ere.
3. artikulua. Indarraldia eta iraupena.
Hitzarmenak sinatzen den egunean hartuko du indarra, eta 2029ko abenduaren 31ra arte iraunen du.
4. artikulua. Salatzea eta indarraldia luzatzea.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, itundutako iraunaldia burutu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik.
5. artikulua. Ordainsariak.
2026rako soldata-ordainsaria hitzarmen honen eranskineko soldata tauletan jasotzen da. Taula horiek 2025eko taulen oinarriaren gainean kalkulatu dira, eta Nafarroako 2025eko KPI erreala gehi 0,5 puntu igo dira (%2,6 + %0,5 = %3,1). Tauletan adierazitako zenbatekoetan kontzeptu guztiak daude sartuta: aparteko pagak, asteburuak, oporrak eta izaten ahal diren plusak.
–2027rako ordainsariak kalkulatzeko, Nafarroako 2026ko KPI erreala gehi %0,5 erantsiko zaie 2026. urteko taulei.
–2028rako ordainsariak kalkulatzeko, Nafarroako 2027ko KPI erreala gehi %0,5 erantsiko zaie 2027. urteko taulei.
–2029rako ordainsariak kalkulatzeko, Nafarroako 2028ko KPI erreala gehi %0,5 erantsiko zaie 2028. urteko taulei.
6. artikulua. Aseguru indibiduala.
Enpresa aseguru poliza bat kontratatzera behartua dago, langile guztiei edo haien onuradunei honako estaldura hau bermatzeko:
–Ezintasun iraunkor erabatekoa: 86.000 euro.
–Heriotza: 86.000 euro.
Aseguru poliza hori, laneko istripuak estaltzekoa, sanferminetarako ezarriko da, eta enpresa batzordeak kopia bat izanen du.
7. artikulua. Laneko arropa.
Enpresak laneko arropa banatuko die langileei, aurreko urteetan bezala.
–Mandazainei, atorra bat, galtzak eta kiroletako zapatila zuriak emanen zaizkie.
–Banderilla sehiei eta torilariari uniforme osoa emanen zaie.
–Komunetako langileei kasaka zuria emanen zaie.
–Garbiketako langileei, botak, galtzak eta bi elastiko emanen zaizkie.
–Kuxinetako langileei, botak, galtzak eta bi elastiko emanen zaizkie.
–Hondarzaleei, jakatxoa, polo zuria, galtza pare bat, oinetako bereziak eta txapela emanen zaizkie.
–Ateko arduradunei, barneko atezainei, kanpoko atezainei eta jarlekuzainei, bereizgarri bat eta txapel berdea, MECAren anagrama duena, emanen zaizkie.
Urte batetik bestera emandako arropak zezen plazan gordeko dira, komunetako langileen, kuxinetako langileen eta garbitzaileen arropa izan ezik.
8. artikulua. Langileentzako sarrerak.
Jardunean dagoen langile bakoitzari honako hauek emanen zaizkio doan:
–Entzierroak ikusteko zortzi sarrera (aldez aurretik zehaztutako egun baterako edo gehiagorako, profesional bakoitzak aukeratuta, astelehenetik ostiralera bitarteko edozein entzierrotarako, uztailaren 7koa izan ezik) eta
–Helduen goizeko "jaialdietarako" sei sarrera, goiz erdian egindako ordainpeko ikuskizun horietako baten edo biren artean banatuta eta profesional bakoitzak aukeratuta, betiere Erruki Etxeak antolatu baditu.
Jarduneko langileei, idatziz eskatzen badituzte, sanferminetako lau korridatarako bina sarrera emanen zaizkie (zortzi guztira), ahalik eta modurik zuzenenean banatuta, sarrera solteak publiko orokorrari saltzen zaizkion prezio berean. Sarrera horiek guztiak goi-goiko harmailakoak izanen dira eta egun bakoitzeko, gehienez, itzaleko 182 eta eguzkitako 135 banatuko dira.
Aurreko paragrafoan aipatutako eta langileei urtero igortzen zaien dokumentuan bestelako sarreren salmenta gehitzen ahal da, baldin eta zuzendaritzaren iritziz posible bada urte horietan langileei horrelakorik eskaintzea. Langileek eskatutako sarreren salmenta gauzatuko da soilik sarrerak badaude.
9. artikulua. Dohaineko sarrerak.
Gehienez ere hamasei sarrera (bi sarrerako zortzi bikote) emanen dira, zerbitzuan gutxienez hamar urteko antzinatasuna duten zezen plazako langile erretiratuen artean banatzeko.
–Hamar urte zerbitzuan: gonbidapenen hiru urte.
–Hamabost urte zerbitzuan: gonbidapenen bost urte.
Erruki Etxeko administrazioa arduratuko da horiek banatzeaz.
10. artikulua. Kuxinen salmenta.
Kuxinen salmentarako zerbitzuko langileek kuxinak saltzetik lortutako fakturazio garbiaren %6 jasoko dute. Kuxinen salmentako fakturazio garbia zein den jakiteko, salmenta horri BEZa kendu behar zaio; hau da, zerga hori ez da kontuan hartuko kuxinen salmentagatik langileei ordainduko zaiena kalkulatzeko.
Kuxinak plaza barnean alde batetik bestera eramateko, garraiobide egokia jarriko da.
11. artikulua. Segurtasuna.
Erruki Etxeak beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu korrida edo jaialdi bakoitzean Indar Publikoa zezen plazako sarbideetan edo behar den tokietan egon dadin.
12. artikulua. Abonuen salmenta.
Enpresa batzordeak abonuen guztirako salmenta zenbatekoa izan den jakiten eta egiaztatzen ahalko du, 48 ordu lehenago eskatuta, zer sarrera jarriko diren salgai jakiteko.
13. artikulua. Enpresa batzordearen lokala.
Enpresa batzordeak lokal egoki bat izanen du bere jarduerak egin ahal izateko.
14. artikulua. Absentziak.
Lanposturen bat bete gabe geldituz gero, lana beren gain hartu duten kategoria bereko langileek kobratuko dute falta den langileak kobratu beharko zukeen soldata. Artikulu hau garbitzaileen eta komunetako langileen lanbide kategoriei aplikatuko zaie.
15. artikulua. Ateko arduraduna.
Ateko arduradunaren postua hutsik gelditu delako bete egin behar denean, hautaketa egitean, kontuan hartuko dira merezimenduak eta antzinatasuna. Nahitaezkoa izanen da enpresa batzordearen iritzia entzutea.
Ateko arduradunek lanpostura joan behar dute uztailaren 5etik 14ra, biak barne, bai goizez (entzierroak) bai arratsaldez (zezenen eta zezenkoen korridak).
Zuzendaritzak, urtero, ateko arduradunetako bat salbuesten ahalko du betebehar horretatik, lan-arrazoiengatik behar bezala justifikatzen bada.
Urte bererako eskaera bat baino gehiago badago, antzinatasun ordenari jarraituko zaio esleipena egiteko. Eskubide hori baliatu ez dutenek edo gutxiagotan baliatu dutenek lehentasuna izanen dute urteren batean eskubide hori baliatu duten profesionalen aurrean.
16.A) artikulua. Komunetako zerbitzuak.
Komunen garbiketa lanetan dihardutenei urte bakoitzean egin behar duten lana urtero esleituko zaie zozketa bidez. Zozketa gutxienez enpresa batzordeko kide baten eta enpresako arduradun baten aurrean eginen da.
Enpresa batzordeko kide baten eta enpresako arduradun baten artean zerbitzuen eta komunen egoera ikuskatuko dute Feria hasi aitzin.
Langile horiek lanpostuko osagarria kobratuko dute: 5,50 euro eguneko (ikus soldata tauletan).
16.B) artikulua. Atezainen zerbitzuak.
Atezainen zerbitzua aldatuz joanen da urtetik urtera, pertsonal buruak agintzen duen moduan.
17.A) artikulua. Lanpostuan irautea.
Urteren batean langile bat ezin bada lanera joan, lanpostua hurrengo urterako gordeko zaio ondorengo kasu hauetan, egiaztagiria aurkeztu ondoren:
1.–Lanean hasi baino 15 egun lehenago semea edo alaba jaiotzea.
2.–Lanean hasi baino 15 egun lehenago lehen graduko ahaide baten heriotza gertatzea.
3.–Lanean hasi baino 30 egun lehenago ezkontzea.
4.–Lehen graduko ahaideen ospitalizazioa, eritasuna edo istripu larria gertatzea.
5.–Nahitaezko eginbehar publiko bat betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.
17.B) artikulua. Baimen ordainduak.
Langile bakoitzak ordaindutako baimen egunak hartzeko eskubidea izanen du, Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Halaber, bajan dagoen edo baja hartzen duen langile orok eskubidea du Iruñeko zezen plazan egiten diren ikuskizunetara joateko, bere medikuaren edo Mutualitateko medikuaren parte medikoa, horretarako baimena ematen diona, aurkezten badu.
Erruki Etxeko zuzendaritzak konpromisoa hartu du gerta daitezkeen egoera bereziak aztertzeko eta eskubide hori gorde dezake egoerak merezi duela uste badu eta aukera hori baldin badago. Erabakia, dena den, Erruki Etxeko zuzendaritzak hartuko du beti.
Langile bat aldi baterako ezintasun egoeran dagoenean, eskubidea du dagokion sarrera lotea jasotzeko.
18. artikulua. Langileen delegatuak.
Langileen delegatuek nortasun txartela izanen dute zezen plazan alde batetik bestera askatasunez ibili ahal izateko, haiek han izatea eskatzen den kasu justifikatuetan.
Ordezkarien izenen zerrenda eta horien lanpostuen kokalekua Batzordearen lokaleko iragarki-oholean paratuko dira.
19. artikulua. San Fermin Txiki.
Enpresa batzordearekin negoziatuko dira San Fermin Txikitako soldaten taulak, eta, uztailean bezala, ospakizun horietarako gonbidapen txartelak banatuko dira.
20. artikulua. Garbiketa.
Hitzarmen honen arabera, ondorengo hauek dira egin beharreko eta ordaindu beharreko garbiketak: 5ean eta 6an, arratsaldez, arratsaldeko garbiketa gisa ordainduko direnak; 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13 eta 14an, goizez eta arratsaldez.
Goizeko garbiketa orduan, langileen buruak eta kuxinen buruak garbiketako buruari plaza garbitzeko plantillako langileak kuxinen plantillara aldatzeko eskatzea baloratuko dute, ahal denean. Adostasunik lortzen ez bada, langileen buruak erabakiko du.
21. artikulua. Mandazainak.
Zezen Ikuskizunen Erregelamendu berriak mando talde bat eta bakarra edukitzea eskatzen duenez, eta kalean behar baino arrisku gehiago izan ez dadin, mando talde bakarra erabiliko da. Mando talde horretarako zortzi mandazain ibiliko dira, mandazainburua barne.
22. artikulua. Zerbitzua etetea.
Langileekin zerikusirik ez duen edozein arrazoirengatik korrida eteten bada, ezarritako orduan bere postuan dagoen langile orok zerbitzu osoa eman balu bezala kobratuko du soldata.
23. artikulua. Lanbide taldeak.
Zezen plazako langileentzat hiru lanbide talde finkatu dira:
A) Ateko arduraduna, kanpoko atezaina, barneko atezaina eta jarlekuzaina.
B) Hondarzaleen eta garbiketako arduraduna, hondarzaleak, garbitzaileak, kuxinetako langileak eta komunetako langileak.
C) Torilaria, aguaziltxoa, banderilla sehiak, mandazain burua eta mandazainak, ezten hagen eta banderillen zerbitzua.
Enpresako zuzendaritzak ahalmena du enplegatuen lana antolatzeko, halatan non langile batek bere lanbide talde bereko beste lanpostu batean lan egin dezakeen, lanpostu horren ordainsaria handiagoa nahiz txikiagoa izan eta behar diren ordutegi aldaketak eginda, langileari eta enpresa batzordeko kide bati horren berri eman ondoren.
Nolanahi ere, norberaren lanpostuaren eta ordainsari handiagoko lanpostuaren arteko diferentzia ordaindu eginen zaio langileari, lanpostu berrian egiten duen denboraren proportzioan. Ordainsari txikiagoko lanpostuan jardunez gero, jatorrizko lanpostuaren ordainsaria errespetatuko zaio.
24. artikulua. Probaldia.
Kontratatu berrientzat 15 laneguneko probaldia ezarri da.
25. artikulua. Faltak eta zehapenak.
Langile guztiak, salbuespenik gabe, agintzen zaizkien eginkizunen erantzule izanen dira Erruki Etxeko zuzendaritzaren aurrean, bai eta beren jokabideen erantzule ere, eta hitzarmen kolektibo honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako aginduak beteko dituzte, kasuan-kasuan izan dezaketen erantzukizun zibila nahiz penala deusetan galarazi gabe.
–Bidezko arrazoirik gabeko absentziak:
Urte bateko sanferminetan bidezko arrazoirik gabe lanera ez agertzea hutsegite oso larria da, eta kaleratzearekin zigortzen ahalko da.
Zuzendaritzak baloratuko du kasu bakoitzean absentzia justifikatuta dagoen ala ez. Dokumentu ofizial bat aurkeztu beharko da (adibidez, polizian aurkeztutako salaketa, trafiko istripu baten partea, eskola ofizial baten azterketa batera joatea).
–Desobedientzia:
Nagusi bati ez obeditzea hutsegite larria da eta horren ondoriozko zehapena egun batetik hamarrera bitarte enplegu eta soldatarik gabe uztea izanen da.
–Edanda egotea:
Edari alkoholdunen edo estupefazienteen eraginpean lanean aritzea edo mozkortuta dagoen baten eran lan egitea hutsegite larria da, eta ondoriozko zehapena egun batetik hamarrera arteko enplegu eta soldata etenaldia izanen da.
–Lanlekutik alde egitea.
Zerbitzua emateko denboran lanlekutik bidezko arrazoirik gabe alde egitea hutsegite larria da, eta ondoriozko zehapena egun batetik hamarrera arteko enplegu eta soldata etenaldia izanen da.
–Puntualtasunik eza.
Lanaren hasierara berandu iristea hutsegite arina izanen da, gehienez ere bi zerbitzutan gertatuz gero; larria, hiru eta bost zerbitzu artean gertatuz gero; eta hutsegite oso larria izanen da bost zerbitzu baino gehiagotan gertatuz gero.
Berandu iristen den profesionala bere nagusi hurrenarengana edo hark zehazten duenarengana joan beharko da, eta iristeko ordua apuntatuko du.
Hutsegite arina atzerapen-denboraren araberako galera ekonomikoarekin zehatuko da. Hutsegite larriaren zehapena enplegua eta soldata egun batetik bost egunera arte etetea izanen da. Hutsegite oso larriaren zehapena enplegua eta soldata bost egun baino gehiago etetea izanen da; kaleratzearekin ere zigor daiteke.
–Beste langile baten presentzia simulatzea.
Beste langile baten presentzia simulatzea lanpostuan, edozein dela ere hori egiteko modua (beste pertsona baten ordez fitxatu edo sinatzea, langile bat lanera agertu ez dela ezkutatzea, etab.), hutsegite oso larria da, eta ondoriozko zehapena enpresatik kaleratzea izanen da.
26. artikulua. Berdintasun plana.
Alderdiek adosten dute beharrezkoa dela aukera berdintasunaren printzipioak garatzeko prozedurak taxutzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren esparruan.
27. artikulua. Preskripzioa.
Hutsegite larriak hamar egun naturalen buruan preskribatuko dira, eta oso larriak hogei egunen buruan; horiek guztiak enpresak hutsegitearen berri izaten duen egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta hilabeteren buruan.
Erruki Etxeko zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.
28. artikulua. Eszedentzia, lanpostua gordeta.
Zezen plazan gutxienez 10 urtez jarraian lan egin duten aldizkako langile finkoek urtebeteko eszedentzia eskatzeko eskubidea izanen dute, lanpostua gordeta.
Eszedentziako urte hori igarota, urtebeteko beste eszedentzia bat hartu ahal izateko, gutxienez beste hiru urtez jarraian egin beharko dute lan aldizkako langile finko gisa zezen plazan.
Urtero, eszedentzia eskatzeko aldia urte horretako apirilaren 1etik maiatzaren 31ra artekoa izanen da, biak barne.
Lanpostua gordetzen den eszedentzia hori onartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
–Gutxienez zortzi langilez osatutako lan kategorietako langileek bakarrik eskatzen ahalko dute eszedentzia aldia.
–Urte berean, ez dute hartzen ahalko urtebeteko eszedentzia aldia lan kategoria bakoitzeko langileen ehuneko 10ek baino gehiagok. Kategoria horretan 8 edo 9 langile badaude, urtean kategoria horretako langile batek hartzen ahalko du eszedentzia.
–Urteren batean, lan kategoria batean, aipatutako muga gainditzen badute eskaerek, honako ordena honi jarraikiz emanen dira eszedentziak:
- Lehentasuna izanen dute lehenengo eszedentzia eskatzen dutenek, bigarren eszedentzia eskatzen dutenen aldean.
- Bi langile talde horietako bakoitzean (lehenengo eszedentzia eskatzen dutenak eta bigarrena eskatzen dutenak), lehentasuna izanen dute lehenago eskatu dutenek, lehen aipatutako epearen barnean betiere.
29. artikulua. Batzorde mistoa.
Lan arloko agintaritzari aitortzen zaizkion ahalmenak gorabehera, eta hitzarmen hau interpretatzeko edo argitzeko, Interpretazio Batzorde Mistoa eratu da. Batzordearen erabakiak, erabakirik hartuz gero, hitzartutako arau kolektiboak izanen dira. Ondorioz, lotesleak izanen dira hitzarmen kolektiboaren atal gisa.
Bi alderdi negoziatzaileek batzorde misto bat eratzea erabaki dute, hitzarmenaren aplikazioan interpretazio, arbitraje, adiskidetze eta zaintzarako organoa izan dadin.
Batzorde Mistoa enpresaren ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak osatuko dute, eta horietako bakoitzean hiru kide izanen dira. Langileen aldetik, langileen batzordearen gehiengoak aukeratuko ditu Batzorde Mistoko hiru ordezkariak.
Batzorde horrek aholkularien noizbehinkako edo etengabeko zerbitzuak erabiltzen ahalko ditu, bere eskumeneko gai guztietan. Aholkulari horiek libreki izendatuko ditu alderdi bakoitzak. Bileretan, alderdi bakoitzeko aholkulari batek parte har dezake.
Batzordeak, besteak beste, gai hauetan izaten ahalko du esku:
–Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.
–Itundutakoa betetzen den zaintzea.
–Hitzarmenaren testua haren indarraldian ezartzen ahal diren zuzenbideko lege xedapenetara egokitzea.
–Hitzarmen kolektibo honen bidez esleitzen zaizkion gaiak.
Batzorde Mistoa bilduko da bera osatzen duten alderdietako batek eskatuta, eta horren berri emanen dio beste alderdiari. Bilera gehienez ere hamabost egunen buruan eginen da, eskaera egiten denetik.
Batzorde Mistoak aztertzen dituen gaiak, gehienez ere, bilera egiten denetik hamabost laneguneko epean ebatziko dira.
Batzorde Mistoaren barnean adostasunik lortzen ez bada, desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegiaren adiskidetze eta bitartekotza mekanismoen mende jartzen ahalko dira, baita borondatezko arbitraje baten mende ere, baldin adostasunik bada aipatutako batzordeko kide gehienen artean.
Batzorde misto paritarioaren funtzioak eta jarduerak ez dira inoiz ere oztopo izanen jurisdikziora libreki jotzeko, legean aurreikusitako moduan.
Iruñean, 2026ko ekainaren 11n.
IRUÑEKO ZEZEN PLAZAKO LANGILEENDAKO SOLDATA TAULAK (EUROTAN) 2026KO SANFERMINETARAKO
KATEGORIA | KORRIDA | ENTZIERROA | BANAKETA | JAIALDIAK |
ATEKO ARDURADUNA | 88,94 | 88,94 | 61,1 | |
KANPOKO ATEZAINA | 61,1 | 71,8 | 61,11 | 50,00 |
BARNEKO ATEZAINA | 48,29 | 59,22 | 48,29 | 50,00 |
JARLEKUZAINA | 43,27 | 56,91 | ||
KOMUNETAKO LANGILEAK | 59,62 | 72,61 | 51,44 | 50,00 |
TORILARIA | 43,27 | 56,91 | 50,00 | |
AGUAZILTXOA | 60,86 | |||
BANDERILLA SEHIAK | 42,82 | |||
MANDAZAIN BURUA | 75,88 | |||
MANDAZAINAK | 52,86 | |||
EZTEN HAGEN ETA BANDERILLEN ZERBITZUA | 42,82 | |||
KUXINEN ARDURADUNA | 88,94 | 88,94 | ||
KUXINETAKO LANGILEAK | 78,1 | 61,85 | ||
GARBIKETAKO ARDURADUN NAGUSIA | 113,29 | 113,29 | ||
HONDARZALEEN ETA GARBIKETAKO ARDURADUNA | 95,32 | 95,32 | ||
HONDARZALEAK | 78,1 | 61,85 | ||
GARBIKETAKO LANGILEAK | 78,1 | 61,85 | 50,00 | |
MEGAFONIA KABINA | 110,45 | 61,02 | 50,00 | |
KUXINETAKO LANGILEAK | ||||
Feria aurreko zerbitzua | 102,57 | |||
Feria ondoko zerbitzua | 129,76 | |||
Komunetako langileendako lanpostuko osagarria | 5,50 euro egunean | |||
Iragarkiaren kodea: F2612064
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
