198. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

149C/2026 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Tecnología y Calidad Láctea SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusi da Tecnología y Calidad Láctea SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101012012015), erregistro honetan sartu baitzen 2026ko abuztuaren 21ean, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2026ko urtarrilaren 29an sinatu ondoren.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Tecnología y Calidad Láctea SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31101012012015).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 31n.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

TECNOLOGÍA Y CALIDAD LÁCTEA SL ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen honek biltzen dituen arauak Tecnología y Calidad Láctea SL sozietateko langile guztiei aplikatuko zaizkie.

2. artikulua. Langileen eremua.

Langile guztiak hartzen ditu, 8. artikuluan jasotzen diren lanbide kategoria guztietakoak, zuzendaritza karguak dituztenak izan ezik.

3. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen hau 2025eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Hiru urteko indarraldia xedatu da: 2025, 2026 eta 2027.

Indarraldia agorturik, hitzarmenak aurreraeragina izanen du, hau da, aplikatzen jarraituko da hura berritzen duen hitzarmenak ordeztu arte.

Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen hau salatutzat jotzen da indarraldia agortu baino bi hilabete lehenagotik, eta 2027ko abenduaren 1ean negoziazioak hasiko dira hura berritzeko edo luzatzeko.

4. artikulua. Batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratu da; gehienez ere 8 ordezkari izanen ditu, 4 langileen aldetik eta 4 enpresaren aldetik.

Batzordearen bi aldeetako edozeinek hura biltzeko eskaturik, hamabost eguneko epean bilduko da, beranduenez.

Batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

A.–Hitzarmen kolektibo honen edukia interpretatzea.

B.–Hitzarmen honetako konpromisoak garatzea.

Batzorde paritarioa bilduko da ordezkaritzetako edozeinek biltzeko eskatzen duen bakoitzean, emandako eskumenak erabiliz eskatu ere.

Batzordea biltzeko deialdia jakinarazpen baten bidez eginen da, bildu baino gutxienez zazpi egun lehenago. Idazki bat erantsiko zaio jakinarazpenari, interpretatu beharreko auzia planteatuz.

Batzorde paritarioan dagoen sindikatuen ordezkaritza bakoitzak eta, orobat, enpresaren ordezkaritzak aholkularien laguntza izaten ahal dute. Aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.

Edozein ordezkarik ordezko bat izan dezake, baldin batzordeari aurretik abisatzen badio.

Batzorde Paritarioaren akordioek balioa izateko, ordezkaritza bakoitzaren botoen %51ren babesa izan beharko dute. 15 eguneko epean erantzuna emanen zaio planteatutako auziari.

Batzorde paritarioko ordezkariek eskubidea izanen dute bilkuretarako baimen ordaindua izateko hura biltzen den egunetan, eta eginkizun hauek betetzean sortzen diren gastuak enpresak ordainduko ditu.

Batzorde paritarioak konpontzen ez dituen desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian konponduko dira, adiskidetze eta bitartekotza prozedurei jarraikiz.

Bi alderdien aholkulariak joan daitezke bileretara. Aholkulari horiek hitza izanen dute, baina botorik ez.

5. artikulua. Arau osagarriak.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, lan arloko legeria indarduna aplikatuko da. Edonola ere, Langileen Estatutua aplikatuko da, zuzenean edo ordezko gisa.

6. artikulua. Urteko lanaldia, lan txandak eta ordutegiak.

6.1. Urteko lanaldia.

Tecnología y Calidad Láctea SL enpresaren urteko lanaldia 1.675 ordu presentzialekoa izanen da.

6.2. Lan txandak.

6.2.1. Lan araubidea:

–Kontrol atalak laugarren txandako araubidean lan eginen du, hau da, langileek igandeko 22:00etatik larunbateko 22:00etara lan eginen dute, txanda hauekin: gauekoa, arratsaldekoa, goizekoa eta astebeteko atsedenaldia.

–Produkzio atalak eta biltegi atalak hiru txandako araubidean lan eginen dute, hau da, langileek asteleheneko 6:00etatik larunbateko 6:00etara lan eginen dute, txanda hauekin: gauekoa, arratsaldekoa, goizekoa.

–Mantentze-lanak eta zerbitzuak: mantentze-lanen eta zerbitzuen atalak laugarren txandako araubidean lan eginen du, hau da, langileek igandeko 22:00etatik larunbateko 22:00etara lan eginen dute, txanda hauekin: gauekoa, arratsaldekoa, goizekoa eta astebeteko atsedenaldia.

–Kalitatea: kalitatearen atalak goiz eta arratsaldeko araubidean lan eginen du, hau da, langileek astelehenetik ostiralera lan eginen dute, txanda hauekin: arratsaldekoa eta goizekoa.

–Garita: garitaren atalak goiz eta arratsaldeko araubidean lan eginen du, hau da, langileek astelehenetik ostiralera lan eginen dute, txanda hauekin: arratsaldekoa eta goizekoa.

–I+G, bezeroarentzako arreta, administrazioa eta giza baliabideak: I+G, bezeroarentzako arreta, administrazioa eta giza baliabideen atalek lanaldi zatituaren araubidean lan eginen dute.

Lanaren antolaketa horrek ukituak izan ditzake urtean zehar, produkzio-beharrak betetzeko behar diren txanda-aldaketekin. Hori dela-eta banako egutegiak diseinatuko dira, aurreko urteko abenduaren 1a baino lehen egin beharko direnak, plantillako kide bakoitzak azaroaren 15a baino lehen aurkezten badu oporrak hartzeko bere proposamena.

6.2.2. Malgutasuna (lan poltsa):

Egutegiko laneguntzat hartuko dira urteko jaiegun guztiak, 6.2.3 klausulan bildutakoak salbu.

Horrez gain, enpresak 10 egun izanen ditu urtean berak libreki aukeratzeko. Enpresak langileen ordezkariei jakinaraziko die egun horietan lan egiteko beharra, lanaldia hasi baino 4 egun lehenago.

Lanaldiaren malgutasunari buruz hitzartu diren neurriek osatzen dute lanaldiaren banaketa irregularraren %10 ordezteko eta indarrik gabe uzteko legez eskatzen den ituna (Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan aurreikusitakoa), alderdien borondatearen osagarri.

Laugarren txandako ataletan, enpresak aste barruko jaiegunetarako erabiliko du malgutasuna, eta atal horietan ez da nahitaezkoa izanen larunbat gauean, igande goizean eta igande arratsaldean lan egitea, salbu eta prebentzioko mantentze-lanen ondorioz lanera joan behar bada, urteko egutegiaren arabera. Nolanahi ere, malgutasun hori ez da 10 egun baino gehiagokoa izanen.

Erabaki da mantentze-lanetako egutegietan gehienez ere 2 igande sartzen ahalko direla langile bakoitzeko, eta gainerakoak jaiegunak izanen dira.

6.2.3. Produkzio gabeko jaiegunak:

Hitzarmen honen indarraldian, ez da ontziratze lan produktiborik eginen egun hauetan: urtarrilaren 1a, maiatzaren 1a, uztailaren 7a, abenduaren 25a eta abenduaren 24ko eta 31ko arratsalde-gauak.

Uztailaren 7an lan hori beharrezkoa bada, aste horretako ostiralera pasatuko da jaieguna.

Abenduaren 24an eta 31n arratsaldeko eta gaueko txandetan lan egitea egokitzen zaien langileek atsedena hartuko dute, eta ordu horiek atseden ordutzat hartuko dira urteko lanaldian.

6.3. Ordutegiak.

A) Produkzioa, biltegia, mantentze-lanak, garita eta zerbitzuak:

Lan ordutegiak hauek izanen dira: 6:00etatik 14:00etara goizeko txandan, 14:00etatik 22:00etara arratsaldeko txandan, eta 22:00etatik 6:00etara gaueko txandan.

B) Kalitatea:

Lan ordutegiak hauek izanen dira: 6:00etatik 14:00etara goizeko txandan eta 14:00etatik 22:00etara arratsaldeko txandan.

C) I+G eta bezeroentzako arreta:

Bai I+G, bai bezeroentzako arreta, egunero hainbat arlorekin jartzen dira harremanetan, hala nola marketina, erosketak, kontsumitzaileak eta bezeroak; horregatik, eskakizunei erantzuteko, ordutegi zabala behar da, bai eta aipatutako arloekin koordinatu ahal izateko orduak ere.

Hala, I+Gko eta bezeroentzako arretako ordutegiak honako hauek dira:

–Astelehenetik ostegunera: 8:00etatik 9:00etara bitarte sartu eta 16:30etik 17:30era bitarte irten, bazkaltzeko 30 minutu barne.

–Ostiraletan: 8:00etatik 9:00etara bitarte sartu eta 15:00etatik 16:00etara bitarte irten, betiere beharrezko industria-probak bermatzen badira. Langileak instalazioetan bazkaltzea erabakitzen badu, 30 minutu gehitu beharko dizkio lanaldiari.

–Bazkaria eta kafe/ogitartekorako etenaldia ez dira benetako lan-denboratzat hartuko.

–Ordutegiei dagokienez ituntzen diren baldintzak bi arloetako langile guztiei aplikatuko zaizkie.

Enpresak 4,5 euro ordainduko die I+G eta bezeroentzako arretako ataletako langileei, goiz eta arratsaldeko ordutegian lan egindako egun bakoitzeko; hilero ordainduko da, lanaldi zatituaren prima gisa. Zenbateko hori ez da eguneratuko hitzarmenaren indarraldi osoan.

Abenduaren 24ko edo 31ko goizetan lan egiten duten I+G, bezeroentzako arreta eta giza baliabideen ataletako langileek atsedena izanen dute bi egunetako batean, eta ordu horiek lan ordutzat edo atseden ordutzat hartuko dira urteko lanaldian.

D) Administrazioa eta giza baliabideak

Administrazioaren eta giza baliabideen ordutegia honako hau izanen da:

Astelehenetik ostegunera: lanera 08:00etatik 09:00etara bitarte sartzea; bazkaltzeko irtetea 13:30etik 14:00etara bitarte; bazkaltzetik itzultzea 14:45etik 15:30era bitarte; eta lanetik irtetea 17:00etatik 18:30era bitarte.

Ostiraletan: lanera 8:00etatik 9:00etara bitarte sartzea eta lanetik irtetea 13:30etik 14:00etara bitarte.

Laneko sarrera eta irteera ordutegiak malguak izanen dira eta, langileak hala aukeratzen badu, ordutegia blokeatu eginen da 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 17:00etara. Lanaldiaren egokitzapena hamabost egunean behin eginen da.

Enpresak 4,5 euro ordainduko die administrazioko eta giza baliabideetako langileei, goiz eta arratsaldeko ordutegian lan egindako egun bakoitzeko; hilero ordainduko da, lanaldi zatituaren prima gisa. Zenbateko hori ez da eguneratuko hitzarmenaren indarraldi osoan.

Abenduaren 24ko edo 31ko goizetan lan egiten duten atal horietako langileek atsedena izanen dute bi egunetako batean, eta ordu horiek lan ordutzat edo atseden ordutzat hartuko dira urteko lanaldian.

6.4. Lan txanden eta ordutegien berregokitzapena.

Enpresak eta langileen ordezkariek berrikus dezakete lan txanden eta ordutegien atalean zehaztutakoa, haiek zerbitzuaren benetako beharretara egokitzeko, bi alderdiek adostuta.

6.5. Atsedenaldia lanaldi jarraituan.

Enpresak antolakuntza sistema (baliabide teknikoak eta giza baliabideak) ezarriko du, bi alde hauek uztartuz: 15 minutuko aginduzko atsedenaldia (enpresaren kontura) hartzeko eskubidea eta prozesu industrial eta teknikoak ez eteteko beharra.

6.6. Lanaldi soberakina.

Ezarritako urteko lanaldia kontuan harturik, urteko lan egutegia prestatu ondoren, ikusten bada egunen soberakina dagoela, irizpide hauen arabera hartuko dira egun horiek:

1.–Lehenbiziko bi egunak, langileak aukeratuta; 9. artikuluan aipatzen diren segidako 13 eguneko oporraldiari metatzen ahalko zaizkio.

2.–Langileak eskubidea izanen du poltsa horretako 3 egun aukeratzeko, baina ez du hartuko lanpostu eta/edo atal bereko beste langile batek hartutako egun bera, horrek antolakuntzan arazorik sor badezake. Enpresak behar diren errelebo edo txanda aldaketak egin ditzake eskubide hori bermatzeko. Langileak egun hori hartu baino astebete lehenago jakinarazi beharko du.

Sartzeko dauden gainerako egunak urteko egutegian sartu gabe utziko dira, enpresak lanaldi hitzartuaren gaineko gehiegizko orduak erabili ahal izan ditzan, honako honen arabera:

–Enpresak astebete lehenago jakinaraziko dio langileari langilearen lanaldi hitzartuaren gaineko orduen poltsa erabili behar duela.

–Gehiegizko ordu horiek beti erabiliko dira produkzioaren arrazoiengatik eta langile bakoitzaren lanpostuaren arabera.

Hirugarren hiruhilekoa burututa langileak aldi horri dagozkion atseden egunak hartu ez baditu, laugarren hiruhilekoan hartzea eska dezake. Enpresa zuzendaritzarekin adostuta hartuko ditu, 15 egun lehenago jakinarazi ondoren.

Gehiegizko lanaldia kalkulatzeko, irizpide hauek ezarriko dira:

–Benetan sortzen den gehiegizko lanalditik deskonta daiteke soilik, eta ez, inola ere, opor egunetatik.

–Gehiegizko lanalditik kenduko da langileek ogitartekoaren atsedenerako erabilitako soberako denbora. Ondorio horietarako, 20tik gorako minutu guztiak deskontatuko dira, fitxaketen arabera. Urtean behin deskontatuko dira ordu horiek.

–Langileak bajan daudenean, ulertuko da, oro har, langileek ez dutela gehiegizko lanaldirik sortzen, eta bakarrik oporrak mantenduko dituzte hartu gabe. Arau orokor horren salbuespenak:

  • Aldi baterako ezintasuna istripu batengatik bada, lan egin balu sortuko zukeen gehiegizko lanaldiaren %100 sortuko da.
  • Amatasuneko bajen kasuan, lan egin balu sortuko zukeen gehiegizko lanaldiaren %100 sortuko da.
  • Aldi baterako ezintasunak gehienez 2 hilabete irauten badu, lan egin balu sortuko zukeen gehiegizko lanaldiaren %100 sortuko da.
  • Bajak 2,1 eta 6 hilabete artean irauten badu, lan egin balu sortuko zukeen gehiegizko lanaldiaren %50 sortuko da.
  • Baja sei hilabetetik gorakoa bada, ez da gehiegizko lanaldirik sortuko.

Abenduaren 31n urteko lanaldian dagoen saldoa, aldekoa nahiz kontrakoa izan, urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen jakinarazi beharko zaie langileei, eta martxoaren 31 baino lehen erregularizatu, enpresak eta langile bakoitzak erdibana adostuz.

6.7. Konpentsazioa.

6.2.1 eta 6.2.2 klausuletan ezarritako lan-txandak egiteagatiko konpentsazio gisa, 2025. urtean 123,24 euroko plusa ordainduko da larunbat, igande edo jaiegunetan lan egindako egun bakoitzeko.

Kasu guztietan, langileak konpentsazioko atseden-egun bat izanen du edo, bestela, 16 orduko atsedena, prima gabekoa.

Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

7. artikulua. Urtean zehar sortutako ordu-poltsa.

Urtean zehar sortutako ordu-poltsa sortu ondoko hiruhilekoan erabili beharko da, kontrakorik adostu ezean. Erabiltzeko irizpideak honako hauek izanen dira:

–Sortu ondoko hiruhilekoaren hasieran, enpresak sortutako orduen berri emanen du.

–Aste osoak hartzea lehenetsiko da edo hala izan dadin ahalegina eginen da, erabiltzeko soberako ordurik ez dagoenean izan ezik.

–Langileak jakinaraziko du ordu horiek hartzeko asmoa duela, sortutako orduen berri eman ondoren eta, nolanahi ere, ordu horiek erabiltzeko data baino 15 egun lehenago.

–Enpresak, onarpena berresteko orduan, kontuan hartu beharko ditu antolaketa eta egin beharreko lanak, eta hurrengo 72 orduetan berretsi beharko ditu.

8. artikulua. Lanbide kategoriak.

Tecnología y Calidad Láctea SLko langileak honako lanbide kategoria hauei atxikiko zaizkie:

–Teknikariak: ondoko kategoriak bilduko ditu:

  • Goi mailako teknikaria.
  • Erdi mailako teknikaria.
  • Kalitate teknikaria.
  • Ataleko burua eta/edo departamentuko burua.
  • Arduraduna.
  • I+G teknikaria.
  • Kontrol teknikaria.
  • Laborategiko 1. mailako teknikaria.
  • Laborategiko 2. mailako teknikaria.
  • Laborategiko laguntzaile teknikoa.

–Administrariak:

  • 1. mailako burua.
  • Idazkaria.
  • Lehen mailako ofiziala.
  • Administrari laguntzailea.

–Menpeko langileak:

  • Biltegizaina.
  • Guarda edo atezaina.

–Langileak:

  • Peoia.
  • Peoi espezializatua.
  • 3. mailako espezialista.
  • 2. mailako espezialista.
  • 1. mailako espezialista.
  • Ofizioko 1. mailako ofiziala.
  • Ofizioko 2. mailako ofiziala.
  • Zerbitzuetako 1. mailako ofiziala.
  • Zerbitzuetako 2. mailako ofiziala.

9. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek 26 eguneko oporraldia izanen dute urte naturalean, larunbatak, igandeak eta jaiegunak kontuan hartu gabe.

A) Ahal dela, oporrak ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dira. Langile bakoitzerako oporren egutegia ezarriko da aurreko urteko abenduaren 1a baino lehen, eta langileak eskubidea izanen du aldi horretan segidako 13 laneguneko oporraldia hartzeko, eta 6.7 artikuluan ezarritako ordu poltsaren bi egunak batera hartzen ahal ditu. Ordainsaria zehazteko, erantsitako tauletan ezarritakoari jarraituko zaio.

B) Langile sartu berriek dagozkien oporrak hartuko dituzte, sarrera eguna kontuan harturik, urte naturala burutu baino lehen.

C) Enpresak langile bakoitzaren oporraldia berretsiko du, idatziz, gutxienez hartu baino 2 hilabete lehenago, langilearen asmoak eta plantillaren egutegi orokorra aztertu ondoren.

Oporrak A atalean ezarritako alditik kanpo hartzen dituzten langileek eskubidea izanen dute poltsa ekonomikoa jasotzeko, irizpide hauen arabera:

–26 egunetatik, segidan hartzen diren 10-14 egunengatik, 195,99 euro edo 2 opor egun gehiago.

–26 egunetatik, segidan hartzen diren 15 egunengatik (edo gehiago), 323,54 euro edo 3 opor egun gehiago.

10. artikulua. Oporren osagarria.

Enpresak oporren osagarria ordainduko du, honako honen arabera:

–Oporren osagarrirako kontuan hartu beharreko plus aldakorrak honako hauek izanen dira: gaueko plusa, txandakako plusa, distantzia plusa, lanaldi zatituaren plusa, abiarazte-plusa, ganbera-plusa eta larunbat, igande eta jaiegunetako plusa.

–Urteko lanalditzat 324 egun hartuko dira, hau da, 360ri (urtebete) 36 opor-egun naturalak deskontatzearen emaitza. 36 egun horiek 1,38 eguneko 26 zatikitan ordainduko dira.

–Banako ordainketa, goian adierazitako kontzeptuengatik urtean sortutakoaren arabera. Oporrak hartzen diren unean ordaintzea. Argi gera dadin, oporrak hartzen diren hilabetean berean jaso eta ordaintzen dira.

–Honako hau izanen da oporren osagarriaren ordainsaria: hartutako opor-egunaren aurreko 12 hilabeteetan kontzeptu horiengatik jasotako zenbatekoen urteko batez bestekoa. Hau da, ekainean hartzen badira, aurreko hilabeteko (maiatza) eta aurreko 12 hilabeteko aldagaiak hartzen dira kontuan.

–Langile bat urtearen erdialdean sartzen bada enpresan, oporren osagarriko egunak zati proportzionalean ordainduko dira, sortutako oporren arabera.

Larunbat, igande eta jaiegunetan lan egiteagatiko prima eta atsedenaldiagatiko ordezkapena sartzen dira. Eguna zenbateko berean baloratuta, hau da, 123,24 euro. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

11. artikulua. Ordaindutako lizentziak.

Enpresak lizentzia ordainduak emanen ditu, tauletan ezarritako ordainsaria pagatuz, kasu hauetan:

a) 20 egun natural, langilearen ezkontzagatik edo bikote egonkor/izatezko bikote gisa erregistratzeagatik. Dagokion oporraldiaren erdiarekin batera hartzen ahalko dira.

b) 5 egun baliodun edo lanegun, honako hauen istripu edo eritasun larri batengatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratzerik gabe etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoagatik:

–Ezkontidea.

–Izatezko bikotea.

–Bigarren gradu arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideak.

–Izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak.

–Langilearekin etxe berean bizi den eta zaintza behar duen edozein pertsona.

Ospitaleratzeagatiko bost eguneko baimenari dagokionez, ez da eguneko egiaztagiririk eskatuko (bakarrik gertaera eragilearen hasierakoa eta hondarrekoa). Baimena hartzeko eskubidea jakinarazteko sistema berri bat ezarri da (inprimaki bidez), arduradunek eta giza baliabideen arloak baimenen iraupenaren jarraipen egokia egin ahal izateko. Justifikatutako arrazoiengatik prozedura bete ezin bada, egoera bakoitza fede ona eta sen ona aintzat hartuta aztertuko da.

5 egun baliodun edo lanegun horietatik, 3 lanaldi erdi gisa hartzen ahalko dira (6 lanaldi erdi), eta beste biak lanaldi oso gisa hartu beharko dira.

c) Ezkontidearen edo seme-alaben heriotza: 7 egun natural.

d) Aita-amen edo aita-amaginarreben heriotza: 3 egun natural.

e) Anai-arreben, koinata-koinatuen, aitona-amonen eta iloben heriotza, ezkontide batenak nahiz bestearenak izan: 2 egun.

f) Osaba-izeben eta lehengusuen hiletak edo ehorzketak: 8 ordu urtean.

g) Eritasuna larritzat jotzeko, eritasunaren edo ospitaleratzearen ziurtagiri medikoa izan behar da.

h) Eritasun larriaren edo heriotzaren kasuetan, ohiko bizilekuaren probintziatik kanpo gertatzen bada, bi egun gehiago luzatuko da baimena.

i) Aipatu ahaideen eritasun larriak irauten badu, eskubidea izanen da bigarren lizentzia hartzeko, gutxienez 30 egun igaro badira aurreko lizentzia agortu zenetik.

j) Enpresa prest dago bestelako lizentzia ordainduak emateko, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan harturik.

k) Gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, aitona-amonen eta biloben ezkontzagatik: egun natural bat.

l) Ohiko bizilekuaren aldaketa: egun bat.

m) Norberaren aferez arduratzeko, langile guztiek urtean gehienez ere 24 ordu hartzeko baimen ordaindua izanen dute; horretarako, justifikatu egin beharko dute, eta aldez aurretik abisatu. Baimen ordaindu hori langileek zuzenean edo lehen graduko ahaideei laguntzeko erabiltzen ahalko da. Administrazioko edo ospitaleko egiaztagiria aurkeztu beharko da.

n) Ikasketen ondoriozko azterketak egiteko: behar den denbora; aldez aurretik justifikatu behar da enpresaren aurrean.

o) Ordaindu gabeko lizentziak emanen dira adopzio eta/edo harreren tramiteak egiteko, behar den denboraz, hiru hilabetekoa gehienez.

p) Edoskitzaroa: haurrak bederatzi hilabete bete arte langileek duten eskubide horri dagokion denbora, ordubetekoa, metatzen ahalko da, amatasun bajari lotuz. Kasu horretan, baja akitu baino 15 egun lehenago jakinaraziko zaio enpresari.

Baimenak hartzeko uneari dagokionez, Langileen Estatutua eta jurisprudentzia-irizpideak hartu beharko dira kontuan, eta, hala dagokionean, baimena lehen lanegunetik aurrera hartzen ahalko da, eta ospitaleratzeak irauten duen bitartean.

Langileak eskubidea izanen du ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko eta ustekabeko familia-arrazoiengatik sortzen bada halabehar hori edo berehala bertaratzea eskatzen duen eritasun edo istripuren bat gertatzen bada. Baimen hori orduka edo egunka erabiltzen ahalko da, urtean guztira 4 egun hartu arte. Langilea baimen hori hartuta dagoelarik, enpresak soldata arruntarekin ordaindu beharko du langilea lanera joaten ez den denbora.

12. artikulua. Lotugrama.

Langileak, urte bakoitzaren hasieran, pertsona bat identifikatzen ahalko du (ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen rola duena, nahiz eta legez formalizatuta ez egon), eta hitzarmen honen 11. artikuluan araututako lizentzia ordainduak erabiltzen ahalko ditu, elkarrekin bizi ez arren.

Beraz, behin pertsona hori deklaratuta, lotugrama ezkontidearekin parekatuko da, ondorio guztietarako.

13. artikulua. Parekatze sozialak - Lan-bizitza eta familia bateragarri egitea.

Langileak bikote egonkorra osatzen badu, ezkontzak ematen dituen eskubide berak izanen ditu. Langilearen bikotekidea haren ezkontidetzat hartuko da ondorio guztietarako.

Interesdunak udalak emandako bizikidetza ziurtagiria aurkeztu beharko du egoera frogatzeko.

Langileak lanaldi murrizketa eska dezake, haurrak 12 urte bete arte, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoarekin eta gainerako lege indardunekin bat.

Enpresaren eta sindikatuen ordezkariek batzorde misto paritario bat osatuko dute.

Batzordearen zereginen artean hauek izanen dira:

–Aukera berdintasuna sustatzea, bai eta sexu, egoera zibil, adina edo arraza arrazoiengatik izan litekeen bereizkeriarik eza ere.

–Komunikazioetan, informazio orrietan eta lan eskaintzetan hizkuntza sexista ez dela erabiltzen begiratzea.

–Sexu jazarpen egoeretan jarduteko prozedura prestatzea, kasu horiek prebenitzeko eta, gertatzen direnean, lehenbailehen konpontzeko.

–Emakumeen kontratazioen jarraipena egitea, bai eta kontratu horien behin-behinekotasunarena ere.

–Langile guztien bizitza eta lana bateragarri izateko gaiei heltzea.

–Plantillako langileek laneko eta familiako eginkizunak bateragarri egiteko dituzten beharren diagnostikoa prestatzea, lanpostuak eta lanbide kategoriak kontuan harturik.

–Laneko eta familiako eginkizunak bateragarri egiteko plan bat prestatzea, diagnostikoaren arabera hartu beharreko neurriekin.

Hori horrela, guztiz pertsonalak diren gai batzuk banan-banan eta modu pribatuan planteatuko dira, langileak hori eskatzen badu, enpresa honetan ohikoa den bezala.

14. artikulua. Eguberrietako saria.

Urte bakoitzeko abenduan, enpresak 108 euroko balioa duen sari bana emanen die langile guztiei. Zenbateko hori ez da eguneratuko hitzarmenaren indarraldi osoan, eta enpresa batzordeak kudeatuko du haren edukia.

15. artikulua. Lanaldiaren luzapenak.

Enpresak hilero jakinaraziko dio enpresa batzordeari lanaldia luzatzeagatik zenbat ordu egin diren, horren arrazoiak eta banaketa ere (atalen eta langileen arabera) zehaztuta.

Lanaldiaren luzapentzat hartuko dira ezinbesteko kasu bat ez diren egoeretan honako arrazoi batengatik egiten diren gehiegizko orduak:

–Behar bezala kontserbatzeko esneari egin behar zaizkion gutxieneko tratamenduak egitea.

–Produkzioa luzatzea matxura batengatik.

–Langileak ustekabe lanera joaten ez direnean; egun horietan eta gehienez 2 ordu luzatuko da lanaldi arrunta.

–Esnea galtzeko arriskua dagoenean, produkzio akatsen ondoriozko fabrikazio akastunengatik.

Plantillako langileek lanaldia ahalik eta gutxienetan luza dezaten, enpresak konpromisoa hartzen du behin-behineko langileak kontratatzeko, edo unean uneko legeria indardunak ahalbidetzen duen antzeko modalitate batekoak.

Lanpostuaren ezaugarri bereziengatik edo lanpostuak eskatzen dituen ezagutza espezifikoengatik kontratazio hori ezinezkoa denean, lanpostu horietako titularrek borondatez onartu beharko dute lanaldiaren luzapena, alderdiek uste baitute horrela behar horiek guztiak beteko direla. Hala ere, behar diren lanpostuak borondatez betetzen ez badira, enpresak prestatutako boluntarioen zerrendan aldez aurretik inskribatu diren langileek beteko dituzte ordu horiek.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz lanpostuak betetzen ez badira, egun bakoitzean lanaldia luzatu behar duten lanpostu eta/edo atalei atxikitako langile titularrek derrigorrez bete beharko dituzte lanaldi horiek, betiere larunbateko goizeko eta arratsaldeko lanaldiak badira.

Aurrekoa gorabehera, enpresa zuzendaritza eta langileen ordezkariak behar bezainbestetan bilduko dira artikulu honetan idatzitakoaren eraginkortasuna aztertzeko, eta, posible bada, lanaldiaren luzapenak betetzeko sistema berriak ezartzeko.

Ohiko lanaldiaren luzapeneko orduak, adierazi den tratamendua aplikatzetik datozenak, ez dira apartekotzat hartuko, eta prima bat eta/edo dagokion atseden baliokidea emanen da konpentsatzeko (lanaldiaren zatiak metatuko dira lanaldi oso bat osatu arte), edo atsedeneko 24 ordu, primarik gabe, egindako ordu edo lanaldi bakoitzeko. Ordu horiek konpentsatzeko, 2025ean 22,53 euro orduko eta atsedeneko ordu bat emanen dira. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

16. artikulua. Soldata igoerak.

Soldata-igoera hauek adostu dira:

–2025. urtea: Nafarroako 2024ko KPIa. Aldaketa negatiboa bada, igoera zero izanen da. Ondorio horietarako, jakinarazten da Nafarroako 2024ko KPIa %2,7koa dela.

–2026. urtea: Nafarroako 2025eko KPIa. Aldaketa negatiboa bada, igoera zero izanen da. Ondorio horietarako, jakinarazten da Nafarroako 2025eko KPIa %2,6koa dela.

–2027. urtea: Nafarroako 2026ko KPIa. Aldaketa negatiboa bada, igoera zero izanen da.

Hileko 12 soldaten zenbatekoa eta aparteko 3 pagena (udakoa, eguberrietakoa eta martxokoa) 30 egunekoa izanen da, tauletako soldata oinarri harturik.

KPIaren igoera adierazitako baldintzak betez aplikatuko zaie honako kontzeptu hauei: oinarrizko soldata, finkatutako antzinatasuna, larunbat, igande eta jaiegunetako prima, abiarazte-plusa, lanaldiaren luzapena, gaueko lanaren plusa, txandakako lanaren plusa, mantentze-lanetarako euskarri-prima, bero-ganberaren plusa, distantzia plusa eta 4. txandako prima.

Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak urtero sinatuko dituzte soldata-taula eguneratuak, hitzarmen honetan adostutako igoerekin.

17. artikulua. Helburuak betetzeagatiko bonua.

Urtean 600 euroko bonu bat ezartzea erabaki da, honako helburu hauek lortzeagatik:

–%50 (300 euro), urte bakoitzean 2025eko bolumenari eusteagatik edo hura handitzeagatik.

–%50 (300 euro) absentismoa murrizteagatik, urteko batezbestekoa kontuan hartuta ehuneko hauen arabera:

  • 2025. urterako: 600 euro osorik ordainduko dira, hitzarmen hau sinatu eta hurrengo hilabetean.
  • 2026. urterako: dagokion ehunekoa ordainduko da absentismoaren batezbestekoa %17koa edo txikiagoa bada.
  • 2027. urterako: dagokion ehunekoa ordainduko da absentismoaren batezbestekoa % 14koa edo txikiagoa bada.
  • Absentismoaren batezbestekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko amatasuna, aitatasuna, haurdunaldiko arriskua, ordu sindikalak, grebak eta laneko istripuak.
  • Bonua urte bakoitzeko abenduaren 1ean ordainduko zaie kontratu mugagabea duten langileei eta kontratua indarrean duten behin-behineko langileei, kontratuak urtean duen iraupenaren proportzioan.

18. artikulua. Antzinatasuna.

Langileak enpresan duen antzinatasuna zerbitzuak egiten hasten den egunean hasiko da kontatzen, langile finko izan baino lehenagoko behin-behinekotasun aldiak, aldi baterakoak eta probaldiak barne.

Antzinatasuna kobratzeko eskubidea bosturtekotan sortuko da. Kasu guztietan, gehienez 5 bosturteko kobratuko dira. Langileek norbanako gisa aurreko hitzarmenengatik aitorturik edo sorrarazirik dituzten antzinatasun balioak errespetatuko dira.

Bosturteko baten zenbatekoa eranskineko tauletan kategoria bakoitzerako ezartzen dena da. Horrela sortutako antzinatasunaren zenbatekoa %3 izanen da.

"Finkatutako antzinatasuna" izeneko soldata-kontzeptuari tauletan ezarritako oinarrizko soldatei aplikatzen zaizkien eguneratze-baldintza berberak aplikatuko zaizkio.

19. artikulua. Soldaten ordainketa eta aurrerakinak.

Arau orokor gisa, egun hauetan pagatuko dira soldatak:

–Hileko soldata: hurrengo hileko lehenbiziko 5 egunetan.

–Udako paga: uztailaren 7a baino lehen.

–Eguberrietako paga: abenduaren 18aren eta 20aren artean.

–Martxoko paga: martxoaren 18aren eta 20aren artean ordainduko da.

–Aurrerakinak: aurrerakina eskatzen duten langileei, gehienez, hileko soldaten %50 eta mozkinen pagaren %90 emanen zaie, egun hauetan:

  • Hileko aurrerakina: hil bakoitzaren 20an ordainduko da.
  • Martxoko pagaren aurrerakina: urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitartean.

20. artikulua. Distantzia plusa.

2025ean, enpresak langile guztiei 4,74 euro ordainduko dizkie eguneko, distantzia plus gisa, lan egindako egun bakoitzeko. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

21. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Hitzarmenaren indarraldian, 22:00etatik 06:00etara bitartean zerbitzua egiten duten langileek eskubidea izanen dute oinarrizko soldataren gaineko %27ko gainordaina jasotzeko, benetan lan egindako ordu bakoitzeko, formula honen arabera kalkulatuta:

[(oinarrizko soldata + antzinatasuna) x 450] / Urteko lanaldia x 0,27

22. artikulua. Txandakako lanaren plusa.

Zerbitzuak bi txandako edo txanda gehiagoko araubidean egiten dituzten langileek eskubidea izanen dute plus bat jasotzeko. 2025. urtean, 3,081 eurokoa izanen da urtean benetan lan egindako egun bakoitzeko. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

23. artikulua. Abiarazte-plusa.

Makinak abiarazteko zerbitzuak ematen dituzten langileek eskubidea izanen dute konpentsazio-plusaren 1/8aren eta gaueko ordu baten (abiaraztea 22:00etatik 06:00etara bitartekoa bada) baliokidea den plusa jasotzeko, gehi konpentsazio-atsedenaldia.

24. artikulua. Mantentze-lanetarako euskarri-prima.

Enpresak 2025ean eguneko 19,513 euroko prima ordainduko du mantentze-lanetarako euskarri-prima gisa, honako baldintza hauen arabera:

–Bere txandako langileena, urteko mantentze-lanak egiten dituzten kanpoko langileekin lan egiteko.

–Txandatik kanpo lan egindako egunen arabera ordainduko da.

–Ez da lanaldiaren luzapenaren ordezkoa zenbatekoari dagokionez, baina ez dago atseden gehigarririk, soilik legerian ezarritakoa.

Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

25. artikulua. "4. txandako" prima.

2025. urtean, enpresak hilean 100 euroko prima ordainduko die laugarren txandako araubidean benetan lan egiten duten langileei. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

26. artikulua. Bero-ganberaren plusa.

Bero-ganberan lan egiten duten langileek, 2025ean, orduko 0,236 euroko plusa jasotzeko eskubidea izanen dute. Zenbateko hori hitzarmenaren indarraldi osoan zehar eguneratuko da, urte bakoitzerako adostutako soldata-igoeren arabera.

27. artikulua. Lanaldi-murrizketak legezko zaintzarengatik.

Eguneko lanaldia murrizteko aukera zabaldu eginen da 12 urtetik 14 urtera bitarteko adingaberen bat zuzenean zaindu behar duten langileentzat, lanaldi-murrizketa hori erabiltzen ari badira adingabeak 12 urte bete aurreko bi urteetan gutxienez.

Lanaldi-murrizketak luzatzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

–Dagoeneko lanaldi murriztuan dauden interesdunek beste eskaera bat egin beharko dute, eta aipatutako baldintzak bete.

–Txandako langileak: lan-jarduera hiru txandatan eginen da, eta murrizketa txandaren hasieran edo hondarrean aplikatuko da.

–Lanaldi zatituko langileak: antolamenduaren aldetik departamentuak bere gain har badezake onartuko da, eta ez da onartuko txanda jarraituko ordutegi-zehaztapenik. Nolanahi ere, egoera partikularrak aztertzen ahalko dira, jardueraren beharrak kontuan hartuta.

–Lanaldi-murrizketa horrek seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketarako legeak ezartzen dituen berme berberak izanen ditu.

28. artikulua. Ordutegi-zehaztapena.

Ordutegi-zehaztapena egunekoa, astekoa edo hilekoa izaten ahalko da, adostua bada eta honako baldintza hauek betetzen badira:

–Egunekoaz bestelako zehaztapena txandakako sistemetara egokitzen diren langileei eginen zaie.

–Urterako erabakiko dira, eta eskaera guztiak baloratu beharko dira. Antolaketako arrazoiengatik, eskaera batzuei uko egiten ahalko zaie.

–Itunik ez badago, lanaldiaren eguneko zehaztapena berrezarriko da, Langileen Estatutuan ezarritakoaren arabera.

Baldintza horiek guraso bakarreko familietan edo familia bananduetan ere aplikatuko dira, ordutegi-­zehaztapenari eta/edo lanaldi-murrizketari dagokionez.

29. artikulua. Seme-alabak zaintzeko eszedentzia.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzia eskatzen ahalko da ondorengoek 12 urte bete arte. Honako baldintza hauek betetzen badira onartuko da:

–Urtero eskatuko da, eta 12 hilabeteko iraupena izanen du, eskaera egiten denetik hasita.

–Enpresak eskubidea izanen du antolamenduko edo ekoizpeneko arrazoiengatik ez berritzeko.

–Eszedentzia horrek legeak seme-alabak zaintzeko eszedentziarako ezartzen dituen berme berberak izanen ditu.

Jakinarazten da Langileen Estatutuaren 46. artikuluan jasotako eskubideak eskuratzeko ez dela beharrezkoa klausula honetan ezarritako baldintzak betetzea.

30. artikulua. Lan istripua eta eritasun arrunta.

Eritasun arruntaren edo lan istripuaren ondoriozko bajetan, enpresak Gizarte Segurantzaren edo, hala badagokio, ugazaben mutualitatearen prestazioak osatuko ditu, bajaren lehenbiziko egunetik alta edo ezintasun iraunkorraren deklarazioa izan arte, taulen soldata gehi antzinatasuna eskuratu arte. Egoerak dirauen bitartean, aparteko eskersariak ez dira pagatuko, dagozkien egunetan jasoko baitira, baina langileak bajan emandako denbora lan egindakotzat hartuko da eskersarien sortzapenean.

Osagarri horiek urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragineko ondorioekin aplikatuko zaizkie aurreko urtean hasi zen baja batean jarraitzen duten langileei, betiere kasuko urteko igoerak aplikatu ez bazaizkie. Lanera itzuli ondoko lehenbiziko nominan pagatuko zaizkie. Kontingentzia arrunten kudeaketa ez da mutualitatearekin kontratatuko.

31. artikulua. Langileek eskuratzen dituzten hornidurak.

Enpresak konpromisoa hartzen du bere produktuen prezioan deskontuaren portzentajea mantentzeko langileentzat, hau da, %35ekoa txikizkariak pagatzen duen prezioaren gainean, gehi dagokion BEZa. Dena den, langileek pagatzen duten prezioa ez da inoiz produkzio kostua baino txikiagoa izanen.

32. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Bi alderdiek beharrezkotzat jotzen dute langileen etengabeko prestakuntza. Horregatik, enpresaren ordezkariek eta ordezkari sindikalek prestakuntzarako batzorde paritarioak osatuko dituzte, xede hauekin: enpresako prestakuntza beharrak aztertzea eta erabakitzea zer ikastaro diren interesgarriak enpresaren jarduerarentzat eta egokiak jarduera horretan parte hartuko duten langileen prestakuntza osatzeko. Txandakako lana egiten dutenek lehentasunezko eskubidea izanen dute lan txanda aldatzeko prestakuntza ikastaroetara joan ahal izateko, ikastaroek dirauten bitartean, inskripzioa frogatu ondoren. Ikastaroa burututa, hara joan izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Batzorde paritarioan planteatzen den etengabeko prestakuntza Enplegurako Prestatzeko Estatuko Fundazioaren bidez eginen da, ahal bada.

Enpresak konpromisoa hartzen du, Enplegurako Prestatzeko Estatuko Fundazioari prestakuntza plana aurkeztu baino lehen, ordezkaritza sindikalari prestakuntza planaren elementu guztien berri emateko, hau da: beharren diagnostikoa, ikastaroen zerrenda, parte-hartzaileen kopuru aurreikusia, kalkulatu den kostua, etab.

Halaber, enpresak prestakuntza jarduketetan parte hartzen dutenen zerrenda bidaliko die ordezkari sindikalei, bakoitza hasi baino lehen, eta hiru hilean behin jarduketen gauzatzeari buruzko informazioa emanen du.

Prestakuntza ikastaroa enpresak interesa duelako planteatzen zaienean langileei, langilearen lanaldian eginen da, ahal bada. Posible ez bada, eta langileak bere lanalditik kanpo joan behar badu ikastarora, enpresak honako hau ordainduko dio langileari ikastaroa burutu ondoren: ikastaroaren ordu kopurua bider langilearen benetako soldata, gehi otorduko ordaina. Langileak probintziatik kanpo joan behar badu ikastaroa egiteko, eta, produkzio atalaren kasuan, langilearen atseden astearekin edo asteekin bada, enpresak honako hau emanen dio langileari: ikastaroaren ordu kopurua bider langilearen benetako soldata, edo dagozkion atseden egunak.

Langilearen ekimenez egiten bada, ohiko lanalditik kanpo eginen da ikastaroa, eta ikastaroaren kostuaren %50 ordainduko da, 600 euro gehienez. %25 matrikula aurkeztean ordainduko da, eta gainerakoa ikastaroa burutzean, betiere langileak frogatzen badu, ikasketa zentroak luzatutako ziurtagiri baten bidez, ikastarora joan dela eta aprobetxatu duela.

Langileek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Azterketak egiteko baimenak izateko eta lan txanda aukeratzeko lehentasuna –enpresak txandakako lana egiten badu–, titulu akademikoa edo profesionala eskuratzeko ikasketak erregulartasunez egiten baditu.

b) Lanaldi arrunta egokitzeko, lanbide prestakuntza edo hobekuntza ikastaroren batera joan behar badu, bitartean lanpostua gordeta.

Bi kasuetan, aldez aurretik langileak enpresaren onarpena eskuratu beharko du.

Dagokion departamentuko buruaren bidez aurkeztuko da ikastaroa egiteko eskaera.

33. artikulua. Euskararen sustapena.

Enpresak ikasketa zentro ofizialetan egiten diren euskara ikastaroen %100 ordainduko die bere langileei, betiere lanorduetatik kanpo egiten badira.

Ordainketa egiteko, langileak frogatu behar du, ikasketa zentroak luzatutako ziurtagiri baten bidez, ikastarora joan dela eta aprobetxatu duela.

34. artikulua. Bizi-asegurua.

Hitzarmen hau sinatzean, haren indarraldirako bizi-aseguru kolektibo bat sinatu da plantillako langile finko guztientzat, prestazio hauekin:

–Eritasun batek eragindako heriotza: 9.500,00 euro.

–Lan istripu batek eragindako heriotza: 28.500,00 euro.

–Lanetik kanpoko istripu batek eragindako heriotza: 19.000,00 euro.

–Laneko zirkulazio-istripu batek eragindako heriotza: 38.000,00 euro.

–Lanetik kanpoko zirkulazio-istripu batek eragindako heriotza: 28.500,00 euro.

–Eritasun batek eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 9.500,00 euro.

–Lan istripu batek eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 28.500,00 euro.

–Lanetik kanpoko istripu batek eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 19.000,00 euro.

–Laneko zirkulazio-istripu batek eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 38.000,00 euro.

–Lanetik kanpoko zirkulazio-istripu batek eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 28.500,00 euro.

Enpresak ordainduko du ateratzen den prima.

35. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresaren osasun zerbitzuez arduratzen diren fakultatiboek urtean bitan aztertuko dituzte hori eskatzen duten langile guztiak. Enpresak, derrigorrez, azterketa bat eskainiko du urtean.

Gutxienez bihotza eta birikak aztertuko dira, eta odol eta gernu analisiak eginen dira.

36. artikulua. Kontratazioak.

Enpresak berak egun garatzen duen jardueraren bat azpikontratatzeko asmoa behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaio enpresa batzordeari.

37. artikulua. Lan-poltsa.

Lan-poltsa bat sortzea adostu da, beharginen aldi baterako beharrak estaltzeko. Hitzarmen honen 1. eranskinean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Lan-poltsa sortzeak ez du inola ere esan nahi kontratazio finkorako konpromisorik hartzen denik.

Horregatik, lan-poltsarako ezartzen diren ordena eta baldintzak errespetatuko badira ere, ez da langile mugagabeak kontratatzea ekar dezakeen kontrataziorik eginen.

38. artikulua. Lan osasuneko kabinetea.

Enpresak eta langileek beren gain hartuko dituzte laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan hitzarmen honetako xedapen berariazkoek eta, besterik ezean, unean-unean indarrean dagoen legeriak zehazten dituzten elkarrekiko eskubideak eta erantzukizunak.

Ondorioz, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek konpromisoa hartzen dute, dituzten aukeren baitan betiere, eta aurrez adosturiko epeetan, prebentzio planak ezartzeko. Horien helburu komun eta zehatzak dira istripuak eta arriskugarritasun, toxikotasun nahiz nekagarritasun arrisku egiaztatuak pixkanaka desagerraraztea edo murriztea, eta ingurumen baldintzak eta lanpostuetakoak hobetzea. Horretarako, posible eta beharrezko diren zuzenketa neurri teknikoak aplikatuko dira eta, bitartean, beharrezko eta egoki iritzitako babes pertsonalerako jantzi eta baliabideak langileen esku jarriko dira, eta erabili eginen dira.

Bestalde, langileek, banaka, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan jasotako jarraibideak bete beharko dituzte nahitaez, prestakuntza eta informazio teoriko eta praktiko nahikoa eta egokia jaso ondoren. Batez ere prebentzio zerbitzuak emanen die aholkua, babes pertsonaleko bitarteko eta jantziei buruz.

Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 35. eta 38. artikuluekin bat osatuko da segurtasun eta osasun batzordea. Hala ere, langileen ordezkari ez den pertsona bat izenda daiteke prebentzio ordezkari, eta 5 orduko baimen ordaindua izanen du prebentzioari lotutako gaietarako.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko 31/1995 Lege indardunak eta arlo horretan indarrean dauden gainontzeko legezko xedapenek ezartzen dituzten bermeak izanen dituzte laneko segurtasun eta osasun batzordeko kideek.

Laneko segurtasun eta osasun batzordeak, batzordeburuak aldez aurretik dei eginda edo, edozein kasutan, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko 31/1995 Legearen 38. artikuluan ezarritakoarekin bat, hilean behin eginen du bilera arrunta, eta, horrez gain, batzordeburuak beharrezkotzat jotzen duen bakoitzean, edo kideen gehiengoak edo langileen ordezkari diren kide guztiek eskatuta. Langileen ordezkari diren kideak haien arteko bi orduko bilera egin dezakete aldez aurretik.

Kabinete horren eginkizuna da, besteak beste, prestakuntza programak garatzea segurtasun, higiene eta sorospen gaiei buruz, pertsona eta erakunde eskudunekin elkarlanean.

Funtzionamendu eraginkorragoa izateko, lan osasuneko kabineteak urteko plana aurkeztuko du, egin nahi dituen proiektuak biltzen dituena, aurrekontua esleitzeko.

39. artikulua. Fisioterapia, psikologia eta nutrizioko kanpoko zerbitzua.

Enpresak 100 orduko poltsa bat jarriko du plantillaren eskura, fisioterapiako, psikologiako eta nutrizioko kanpoko zerbitzuetarako. Tratamenduak hirugarrenaren instalazioetan jasoko dira.

Zerbitzu horiek erabiltzeko baldintzak honako hauek izanen dira:

–Enpresak kontratatutako kanpoko zerbitzua jasotzeko unean-unean nora joan daitezkeen jakinaraziko die langileei.

–Lanalditik kanpo jasoko dira beti.

–Langileak 20 euro ordainduko ditu saio bakoitzagatik, eta enpresak ordainduko du gainerako kostua.

–Adostutako ordu-poltsa osorik erabiltzen bada, eta ongi baloratzen bada, %10 handitzen ahalko da.

40. artikulua. Laneko jantziak eta higienea.

Laneko jantziak emanen zaizkie eskuzko operazioak egiten dituzten langileei. Kolorea egiten dituzten lanen arabera aukeratuko da. Halaber, oinetako egokiak emanen zaizkie horien beharra duten langileei. Instalazio edo lokal arriskutsuetan, babes arropa erabiliko dute langileek.

MOTA

ERABILERA

ORDEZPENA

KADENTZIA

Gomazko botak

pertsonala

higaduragatik

-

Segurtasun-oinetakoak

"

"

-

Lohihartzekoa-mantala edo antzekoa

"

kadentziagatik

2 urte

Txanoak

"

"

2 urte

Anorakak

"

hausturagatik

-

Gomazko eskularruak

"

"

-

Babeserako eskularruak

"

"

-

Segurtasuneko eskularruak

atala

"

-

Betaurrekoak

"

"

-

Mandarrak

pertsonala

"

-

Funtzionamendu arauak:

–Ataleko arduradunari jantziak eskatzen zaizkio.

–Arduradunak txartela betetzen du.

–Kontramaisuak edo fabrikazio buruak ontzat ematen du.

–Biltegiak jantzia ematen du.

Produktuen kalitateari begira, baldintza higieniko onenak behar dira horiek maneiatzeko. Horregatik, Europar Batasuneko eta estatuko legeetan horretarako ematen diren arauak ezarriko ditu enpresak.

Langileek behar bezala erabiliko dituzte ematen zaizkien jantziak.

41. artikulua. Urrutiko lana.

Hala ahalbidetzen duten funtzioak dituzten langileek astean egun batean telelana egiteko aukera izanen dute, beren borondatez, taldeko gainerako kideekin koordinatuta eta arduradunaren onespenarekin, %100 presentziala izatea eskatzen zaien egunetan izan ezik (bilerak, prestakuntzak, beste langileen oporrak, bajak betetzea eta abar).

Arduradunak erabakiko du asteko egun hori telelaneko lanegun finko gisa esleitzen den edo astero berrikusi beharrekoa izanen den, taldekideen artean ezagutza eta gizarte-trukea sustatzeko.

Egin beharreko ordutegia gaur egun lantokian indarrean dagoena izanen da. Era berean, telelaneko egunen lanaldiaren erregistroa enpresako telefono mugikorrean instalatutako aplikazio baten bidez eginen da.

Telelana ohiko bizilekuan eginen da, eta ez da wifi-konexio publikorik egiten ahalko. Enpresak baliabide informatikoak erabiltzeko duen politikari eta konfidentzialtasunari buruz indarrean dauden arauak aplikatuko dira.

Borondatezko aukera denez, enpresak lana egiteko baliabide teknikoak emanen ditu, hau da, ordenagailua eta telefonoa, baina ez da gasturik konpentsatuko.

Hala ere, lana nahitaezkoa den kasuetan, enpresak ez du deskontatuko 20. artikuluan ezarritako distantzia plusa.

42. artikulua. Eszedentziak.

Enpresan gutxienez 3 urteko antzinatasuna duten langileei emanen zaizkie eszedentziak, besterik gabe lanera itzultzeko eta lanpostu bera gordetzeko eskubidearekin, betiere eszedentzien kopuruak plantilla osoaren %8 gainditzen ez badu eta eszedentzialdia gutxienez 6 hilabetekoa eta gehienez 24 hilabetekoa bada.

%8 gainditzen bada, eszedentzia berriak eskaeren hurrenkerari jarraituz emanen dira, batzorde paritario mistoarekin ados jarrita.

Horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoaren hamaikagarren xedapen gehigarriak eszedentziari buruz sartutako aldaketak aplikatuko dira.

Jakinarazten da Langileen Estatutuaren 46. artikuluan jasotako eskubideak eskuratzeko ez dela beharrezkoa klausula honetan ezarritako baldintzak betetzea.

43. artikulua. Mailaz igotzea.

Antzinatasunaren arabera kategoriaz igotzeko sistema ezartzen da, gutxieneko lanbide sustapena ziurtatzeko, arau hauen arabera:

–Administrari laguntzaile izatetik 2. mailako ofizial izatera, enpresan 5 urteko antzinatasuna betetzean.

–Peoiak peoi espezialista izatera, enpresan 18 hiletik gorako antzinatasuna betetzean.

–Peoi espezialista izatetik 3. mailako espezialista izatera, enpresan 5 urtetik gorako antzinatasuna betetzean.

Aurrekoan ezarritakoaren arabera kategoriaz igotzen direnek konpromisoa hartzen dute igoera unean zituzten ohiko eginkizunak bete eta zeregin berberak egiteko.

Hala ere, enpresa behartuta dago eskuratzen duten kategoriaren berezko lanean lehentasuna emateko, enpresak prestakuntzari buruzko 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz diseinatuko dituen sustapen eta prestakuntzaren arabera.

44. artikulua. Atal sindikalak.

1. Sindikatu berari afiliatutako langileek, enpresako plantillaren %15 gainditzen badute, atal sindikala osatzen ahalko dute. Enpresari egiaztatu behar zaio ehuneko hori, aldez aurretik eta modu fede-emailean, eta enpresak sindikatuaren ordezkaritzat hartuko du delegatu sindikala une horretatik aurrera.

2. Delegatu sindikal bat atal sindikaleko burua izanen da, eta enpresa batzordeko kideen berme berberak izanen ditu. Delegatu sindikal horrek 30 ordu ordaindu erabiltzen ahalko ditu bere jarduera egiteko, gehi batzordeko delegatuen ordu soberakina. Atal sindikaleko beste ordezkari batzuek edo enpresa batzordeko sindikatu bereko beste ordezkari batzuek erabiltzen ahalko dituzte ordu horiek.

3. Delegatu sindikalaren eginkizunak:

a) Sindikatuko edo laneko argitalpenak eta oharrak zabaltzea enpresako iragarki oholean.

b) Sindikatuko afiliatuen kaleratzeen edo zehapenen gaineko informazioa jasotzea, bai eta kasu hauetan ere: plantilla berregituratzea, enplegu erregulazioa, langileak lantokiz aldatze kolektiboa eta lana antolatzeko sistema berriak ezarri edo berraztertzea.

4. Enpresak baimena emanen die atal sindikalei bilera egiteko bere lokaletan, betiere lanorduetatik kanpo bada, laneko normaltasunari kalte egiten ez bazaio eta gutxienez 24 ordu lehenago aurreabisua egiten badiote.

5. Ez dute ordezkari sindikalik kaleratzen ahalko, ezta zigortzen ahalko ere, bere eginkizunetan ari den bitartean, kaleratzea edo zehapena langilea bere karguan legez aritzearen ondorioz gertatu bada, eta ez dute kaleratzen ez eta zehatzen ahalko ere, kargua utzi eta ondoko bi urteetan.

6. Aitortutako atal sindikalek gehienez ordaindu gabeko 5 egun izanen dituzte urtean beren afiliatuak (multzoka, ez banaka) prestakuntza ikastaroetara, sindikatuen biltzarretara eta antzeko jardueretara joateko. Lizentzia egun horiek erabiltzeko, derrigorrezko da sindikatuari 48 ordu lehenago horren berri ematea egun bat bakarra hartu behar bada, eta 72 ordu lehenago, egun bat baino gehiago hartu nahi bada.

7. %25eko afiliazioa duten atal sindikalek gehienez bi (2) ordu izanen dituzte urtean, hitzarmen honen indarraldian, lanorduetatik kanpo bilera sindikalak egiteko. Ordainduko dira, baina bere afiliatuei bakarrik. Enpresako lokalen barnean nahiz kanpoan egin daitezke bilera horiek. Atal sindikalek %30eko afiliazioa badute, aurreko paragrafoan aipatzen den ordu kopurua hiru (3) izanen da, urtean, eta afiliazio ehunekoa %35ekoa bada, urteko ordu kopurua lau (4) izanen da.

Delegatu sindikalak eginen du bilera horien deia, eta gutxienez 48 ordu lehenago horren berri emanen dio enpresa zuzendaritzari, bileraren eguna eta gai-zerrenda zehazturik.

Salbuespeneko eta funtsezko arrazoiak direla medio, delegatu sindikalak 24 ordu lehenago emanen du abisua.

Enpresak bilera horiek egiteko lokala ez badu batzordeak edo atal sindikalek bakarrik erabiltzeko uzten, enpresa zuzendaritzarekin adostu beharko dira bilera egiteko orduak.

Bilera horien ordainsariak zehazteko, tauletan ezarritako soldatak hartuko dira oinarri.

Aurrekoarekin bat, sindikatuek zerrenda bat bidali beharko diote enpresa zuzendaritzari bilera horietara bertaratu diren afiliatuen izenekin, bilera horien ordainsariak zehazteko.

Artikulu honetan aipatzen den ordainsaria ordezkari sindikalaren bidez pagatzen ahal da, dagokion atal sindikalak hori erabakitzen badu. Horretarako, erabakiaren berri emanen zaio enpresari eta, kasu guztietan, langile afiliatu bakoitzaren idazkiak aurkeztuko dira, zenbateko hori bere ordezkari sindikalaren bidez pagatzeko baimena emanez. Baimenak hitzarmen honen indarraldi bera izanen du. Kasu horietan, enpresak bileretara bertaratu diren langileei dagozkien ordainsariak emanen dizkie atal sindikalaren ordezkariei, beraiek bana ditzaten. Sistema honen bidez pagatutako ordainsariek soldaten eta fiskalitatearen aldeko araubide bera izanen dute, enpresak langileei zuzenean pagatzen dizkienekin alderatuta.

8. Probintziako edo hortik gorako kargu sindikal bat betetzen duten langileei eszedentzia emanen zaie, haiek hura eskatzen badute. Gai horretan aplikatzen diren xedapen orokorrek arautuko dituzte eszedentzia horiek.

Ordu horiek lagatzen ahalko zaizkie batzordekoak ez diren pertsonei edo berdintasun batzordeko kideei.

45. artikulua. Enpresa batzordea.

Enpresako langileak ordezkatzen dituen organoa da. Batzordean parte hartzen duen bakoitzak 30 ordu ordainduko erreserba izanen du hilean bere eginkizunak betetzeko. Lauhileko naturaletan metatzen ahal dira, eta zuzendaritzak dei egindako bileretan erabilitako orduak ez dira zenbatuko. Atal sindikaleko langileek edo enpresa batzordeko sindikatu bereko ordezkariek erabiltzen ahalko dituzte ordu horiek.

Enpresa batzordearen eginkizunak hauek dira:

1. Sozietate guztien hitzarmena negoziatzea, eta hitzarmenean adostutakoaren jarraipena egitea.

2. Hiru hilean behin informazioa jasotzea, gutxienez ere enpresaren sektore ekonomikoaren bilakaera orokorraz, entitatearen ekoizpenaren zein salmenten egoeraz, ekoizpen programaz eta enpresan enpleguak ustez izanen duen bilakaeraz.

3. Balantzea, emaitzen kontua eta memoria ezagutzea eta, enpresa akzio edo partaidetza bidezko sozietatea baldin bada, enpresako akziodunei ematen zaizkien gainerako agiriak, horien baldintza berberetan.

4. Txostena egitea, enpresak honako arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:

a) Plantillaren berregituratzeak eta enpresan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.

b) Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.

c) Enpresaren lanbide prestakuntzako planak.

d) Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.

e) Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.

5. Txostena egitea, enpresaren "status" juridikoaren bat egiteak, irenspenak edo aldaketak enplegu kopuruan eragina dutenean.

6. Enpresak erabiltzen dituen lan kontratu idatziko ereduak ezagutzea, baita lan harremana akitzearen inguruko agirienak ere.

7. Falta oso astunengatik jartzen diren zehapen guztien berri izatea.

8. Hiru hilean behin bederen honako hauei buruzko estatistikak jasotzea: absentismo indizea eta horren arrazoiak, lan istripuak eta laneko eritasunak eta horien ondorioak, istripu-tasak, laneko ingurumen arloko aldian aldiko azterketak edo azterketa bereziak, eta erabiltzen diren prebentzio baliabideak.

Batzordekide bakoitzak 30 ordu ordainduko erreserba izanen du hilean bere eginkizunak betetzeko. Lauhileko naturaletan metatzen ahal dira, eta zuzendaritzak dei egindako bileretan erabilitako orduak ez dira zenbatuko.

46. artikulua. Batzarrak.

Langileek eskubidea izanen dute urtean gehienez zortzi (8) batzar egiteko, enpresaren barruan, betiere guztira 4 ordu gainditu gabe.

Halaber, ordu bateko batzarra egiteko eskubidea izanen dute aparteko arrazoiengatik, langileen ordezkariek eta enpresa zuzendaritzak adostuta.

Asanblada horiek idatziz jakinaraziko zaizkio enpresari, gai-zerrenda adierazita, gutxienez 48 ordu lehenago, enpresa batzordearen bidez.

Nolanahi ere, behar diren zaintaldeak mantendu beharko dira, ezinbesteko zerbitzuak uneoro bermatzeko.

47. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.

Hitzarmen honetan ezarritako baldintzek aurreko egoera indibidualak konpentsatuko eta irentsiko ditu, bai eta xedapen legalek, administratiboek eta itunek ezartzen dituzten ordainsari igoerak ere, osotasunean harturik eta urteko konputuan neurturik.

Itundutako baldintzek osotasun organiko eta zatiezina osatzen dute eta, bi alderdiek formalki adierazten dutenez, hitzartutakoari eginiko loturek itundutako klausula guztiekiko konpromiso izaera dute.

Agintaritza judizialak hitzarmen honetako funtsezko punturen bat baliogabetzat jotzen badu, puntu hori ondoriorik gabe geldituko da, eta alderdiak bilduko dira berriz haren edukia aztertzeko.

Aurreko hitzarmenen baten ondorioz soldata baldintza hobeak dituzten langileek, hitzarmen honi erantsitako tauletan daudenekin alderatuta, alde hori mantenduko dute "ad personam". Aldea plus pertsonal batean ordainduko zaie nominan.

48. artikulua. Dietak eta kilometrajea.

a) Dieta: lantokitik kanpo eginkizunak betetzen dituzten langile guztiei bazkari/afaritan sortutako gastuak ordainduko dizkie enpresak, enpresak ezarritako gastu-politikaren arabera.

15. artikuluaren babesean lanaldia luzatzen bada, enpresak bazkaria edo afaria emanen die ukitutako langileei.

b) Kilometrajea: 0,27 euro ordainduko da lanaldian nork bere ibilgailuarekin eta enpresaren zerbitzura egiten den kilometro bakoitzeko.

49. artikulua. 50 urtetik goitikoak.

Lankideen arteko txanda-aldaketak baloratuko ditu enpresak, hala eskatzen duten 50 urtetik goitiko langileen gau-kopurua murrizteko, eta eskaera hori onartuko du aldaketa lanpostu bera eta ezagutza berdinak dituzten langileen artean gertatzen bada.

50. artikulua. Bideozaintzako kamerak.

Enpresan jarrita dauden edo jarriko diren bideozaintzako kamerak ez dira erabiliko enpresaren produkzio-jardueraren errendimenduarekin lotutako diziplina-jardueretarako.

51. artikulua. Irteera aurreratuak.

59 urtetik gorako langileek egindako eskaerak baloratuko ditu enpresak.

Azken xedapena.–Hitzarmeneko baldintzak ez aplikatzea.

Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluak arautzen du lan baldintzak ez aplikatzea, baldintza horiek funtsez aldatzeagatik. Hitzarmen honetan itundutakoak ez aplikatzea justifikatzeko, enpresaren bideragarritasuna eta enpleguari eustea arriskuan jar dezaketen arrazoi ekonomiko, tekniko eta antolaketakoak izan behar dira. Edozein kasutan, ordezkari sindikalekin adostu behar da. Hala bada, ordezkariek fede onez negoziatuko dituzte beste baldintza batzuk, aipatu kausen larritasuna egiaztatzen bada. Horrenbestez, enpresak konpromisoa hartzen du lan baldintzak ez aplikatzea bere kabuz ez erabakitzeko, eta aldez aurretik adostu gabe arbitrajera ez eramateko.

Lehen xedapen gehigarria.–Errelebo-kontratua.

Enpresak erabaki du errelebo-kontratuak indarrean mantentzea kontratu honen indarraldian, baldin eta abenduaren 7ko 20/2018 Errege Dekretuak onetsitakoa indarrean mantentzen bada, Batzordeak eta enpresak 2019ko ekainaren 6an itundutako baldintzetan.

Errelebo-kontratuak % 80an eginen dira, eta lanaldi osorako eta kontratu mugagabearekin kontratatutako da errelebo-hartzailea.

Akordio honi jarraituz egiten diren erretiro partzial guztiak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean, Langileen Estatutuan eta gainerako unean uneko legeria indardunean gai horri buruz ezarritako baldintzei lotuko zaizkie.

Bigarren xedapen gehigarria.–Hitzarmen kolektibo honetan adostutako malgutasun-neurriak enpresaren produkzio-ahalmena enpresaren benetako jarduera-premietara egokitzeko nahikoak ez badira, enpresak berariaz beretzat gordetzen du egokitzapen hori egiteko une bakoitzean dauden legezko mekanismoetara jotzeko aukera, egoera unean unekoa den edo egiturazkoa den aintzat hartuta (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea, etab.).

Gemma Alonso / Belen Torres

Tecnología y Calidad Láctea SL. Langileen ordezkaria

1. ERANSKINA.–LAN POLTSA

1.–Poltsaren xedea.

Poltsaren xedea da enpresan sortzen diren langile-lanpostuen beharrak betetzea. Horretarako, beharrezko pertsonen kontratazio profesionala bermatuko da, aukera-berdintasunean eta inolako diskriminaziorik gabe.

2.–Langileen sailkapena.

Poltsan sartutako langileak honako kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

1. Tecnología y Calidad Láctea enpresan kontratua dutenak.

2. Aldez aurretik fabrikan esperientzia duten edo enpresan lan egin duten langileak.

3. Enpresan aurretiazko esperientziarik ez duten hautagaiak.

4. Enpresan aldez aurretik esperientzia duten ikasleak.

5. Baztertutako hautagaitzak.

3.–Lan-poltsan sartzeko eskabideak.

Enpresak beharrezkotzat jotzen badu langile berriak sartzea lan-poltsan hautagai nahikorik ez dagoelako edo lan-poltsa agortu delako. Ondoko prozedura honi jarraituko zaio:

–Langile bakoitzak eskabide bat aurkezten ahalko du, familiakoa izan ala ez.

–Lehentasuna izanen dute LH1/erdi-mailako LHko ikasketak dituzten hautagaiek.

–%5 Iruñean erroldatutako hautagaiak izanen dira.

Aipatutako hautagaien talde orotan generoen arteko parekotasuna mantenduko da.

4.–Hautapen eta ebaluazio prozesua.

1. Elkarrizketak eta balorazioak: hautagaitza guztiak elkarrizketatu eta ebaluatuko dira, betiere bete beharreko lanpostuaren profilaren gutxieneko baldintzak betetzen badituzte.

2. Informazio erregistroa: fitxategi eguneratu bat edukiko da, hautagai bakoitzari buruzko informazio honekin:

–Izena.

–Azken harremanaren data.

–Telefonoa.

–Departamentua.

–Balorazioa.

–Iruzkinak.

–Errekrutatze-iturria.

Hiru hilean behin, batzordeko kide batek eskatuta, hautagai aktiboen zerrenda eguneratua eskatzen ahalko da.

5.–Langileen kudeaketa.

1. Asteko zerrenda: astero libre dauden langileen zerrenda eguneratua eginen da. Zerrenda horretan, enpresan lan egin duten edo giza baliabideen departamentua harremanetan jarri den langile guztiak sartuko dira.

2. Etengabeko ebaluazioa: langileen jardunaren etengabeko ebaluazioa eginen da, eta haien lan-egoeran izandako edozein aldaketa erregistratuko da lan-poltsako sailkapena egokitzeko.

Arduradunak egindako ebaluazioaren arabera, langileari puntuazio bat emanen zaio, eta irizpide hori erabiliko da zerrendako postuak zehazteko.

6.–Lehentasuna kontratazioan.

6.1. Lehentasuna esperientziagatik: aurretik enpresarekin lan egin duten langileek lehentasuna izanen dute. Puntuazio berbera lortuz gero, lehentasuna emanen zaie bete beharreko lanpostura hobekien egokitzen diren eta ebaluazio ona duten pertsonei, betiere lanpostuaren profila betetzen badute uneoro.

Horiek eskuragarri ez badaude, hautagai berriekin harremanetan jarriko da, ezarritako zerrendako ordenari jarraituz.

6.2. Profil kritikoak: lanpostu baterako prestakuntza espezifikoa duten langileek, hautagaiak bilatzeko zailtasunak dituztenek (adibidez, eskorga-gidariak), lehentasuna izanen dute kontratazioan, eta zereginak esleituko zaizkie beste departamentu batzuetan (adibidez, ontziratzea), behar izanez gero prestakuntza-eskakizunak dituzten lanpostuetarako eskuragarri egonen direla bermatzeko, poltsan duten postua edozein dela ere.

6.3. Aurreko puntuetan jasota ez dagoenerako, lan-poltsaren ordenari zorrotz jarraituko zaio.

6.4. Atal jakin batzuen maskulinizazioa/feminizazioa kontuan hartuta, gizonen eta emakumeen ehunekoa berdintzeko, profil bereko bi hautagai dauden kasuetan, lehentasuna emanen zaio dagokion atalean ordezkaritza txikiena duen alderdiari.

7.–Kontratu motak.

–Ordezkapen kontratua: aldi baterako ordezkapenak betetzeko.

–Opor kontratua: asteko kontratuak erabiliko dira oporretako beharrak betetzeko, batez ere udan, eta hoberen lan egiten duten langileei jarraipena emateko aprobetxatuko dira.

8.–Kontratu mugagabea.

Enpresaren beharrengatik (errelebo-kontratuak) kontratu mugagabeak egin behar badira, enpresak langileen zerrenda berrikusiko du, eta gehieneko puntuazioa eta bete beharreko lanposturako eskatzen den profila dituen langilea aukeratuko du.

9.–Kontratuen iraupena.

Kontratuen iraupena sortutako beharren araberakoa izanen da, eta zazpigarren puntuko bi kontratu motak hartuko dira kontuan.

10.–Berrikustea eta eguneratzea.

Enplegu-poltsaren funtzionamendua aldian-aldian berrikusi eta eguneratuko da, enpresaren beharretara eta indarreko lan arloko arauetara egokitzen dela ziurtatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2611893