1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
202E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 17koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko 8 jabeen erkidegotarako (PIG 93 espedientea).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 116 etxebizitzatarako, 8 ataritan banatuta, Iruñeko kale hauetan:
–Irati ibaia kalean, 7, 9, 11 eta 13 zenbakiak.
–Urederra ibaia kalean, 16, 18, 20 eta 22 zenbakiak.
Proiektuaren arabera, inguratzaile termikoak, irisgarritasuna eta instalazioak hobetuko dira. Horretarako, besteak beste, honako jarduketa hauek daude aurreikusita: fatxada aireztatua eta SATEa jartzea espazio publikora ematen duten fatxadetan, etxadi-patiora ematen duten fatxadetan SATE akabera jartzea, estalkiak isolatzea, isolamendu termikoko baldintzak betetzen ez dituen kanpoko arotzeria ordeztea eta eraikinari uniformetasuna ematea balkoi ireki edo itxiei dagokienez eta eraikinen egokitzapen funtzionalari dagokionez.
Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.
Horren arabera, eta etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Iruñeko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (PIG 93 espedientea):
–Irati ibaia kalean, 7, 9, 11 eta 13 zenbakiak.
–Urederra ibaia kalean, 16, 18, 20 eta 22 zenbakiak.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek lortzea proiektu horiek birgaitze jarduketa babestu gisa kalifikatzeko behin-behineko kalifikazioa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/eu/etxebizitza) behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 17an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2612520