1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
197E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 16koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Atarrabiako esku-hartze orokorreko proiektu baten indarraldia luzatzea (PIG 52).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aurrekoarekin bat etorriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren irailaren 26ko 48/2022 Foru Aginduaren bidez, esku-hartze orokorreko proiektu bat onetsi zen (PIG 52) Atarrabiako 120 etxebizitzatarako, zeinak 16 ataritan banatuak baitzeuden, honako hauetan, alegia:
–Esteban Armendáriz kalea 11.
–Esteban Armendáriz kalea 13.
–Esteban Armendáriz kalea 15.
–Esteban Armendáriz kalea 17.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 2.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 4.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 6.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 7.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 8.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 9.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 11.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 13.
–Esteban Armendáriz bigarren zeharkalea 8.
–Esteban Armendáriz bigarren zeharkalea 10.
–Esteban Armendáriz bigarren zeharkalea 12.
–Esteban Armendáriz bigarren zeharkalea 14.
Foru agindu hori 2022ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 30ekoan. Foru aginduaren lehenengo atalak ezartzen zuen jabeen erkidegoek jarduketa babesgarriaren behin-behineko kalifikazioa eskatu behar zutela lau urteko epean, foru aginduaren datatik hasita, eta epe hori beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten zen.
Atarrabiako Udalak luzapen hori eskatu du, beste 4 urterako, eta eremu horretako etxebizitzak udalaren birgaitze politikaren lehentasunezko xede direla adierazi du.
Etxebizitzak birgaitzea Nafarroako Gobernuaren helburu nagusia ere bada, 2018-2028 aldirako Etxebizitza Planak jasotzen duen bezala, eta are gehiago esku-hartze orokorreko proiektu baten barruan sartutako etxebizitzei buruz ari garela. Beraz, aurkeztu den eskaera baiesten ahal da, eta beste 4 urtez luzatuko da esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldia.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Esku-hartze orokorreko 52. proiektua beste lau urtez luza dadila onestea. Proiektu horretan Atarrabiako 16 jabeen erkidego daude sartuak, honako hauek:
–Esteban Armendáriz kalea 11, 13, 15 eta 17.
–Esteban Armendáriz hirugarren zeharkalea 2, 4, 6, 7, 8, 9, 11, 13.
–Esteban Armendáriz bigarren zeharkalea 8, 10, 12, 14.
Proiektua atxikitako atariei aplikatuko zaie.
Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea Atarrabiako Udalari, ukitutako jabeen erkidegoei eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/eu/etxebizitza), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 16an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2612337