1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
49E/2026 EBAZPENA, irailaren 16koa, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita jendaurrean jartzea Longidako eta Urrotz-Hiriko udalerrien arteko muga jurisdikzionalaren marra berria erregistroan sartzeko egin beharreko doikuntza teknikoak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko abenduaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluan eta haren erregelamenduaren 21.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 781/2017 Ebazpenaren bidez, Longidako eta Urrotz-Hiriko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marra (31158-31243-00 kodea) berreskuratzea eta haren hobekuntza geometrikoa egitea xedatu zen, eta udal horiei eskatu zitzaien lan horietan laguntzeko eta lanak berresteko udal batzordeak eratu zitzatela.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 227/2019 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Longidako eta Urrotz-Hiriko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marra berria eta, 2019ko urriaren 25ean, Lur-ondasunen Zerbitzura igorri zen, bai eta beharrezkoa den dokumentazioa ere, katastroetan behar diren lanak egin daitezen.
Esan beharra dago ezen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak muga jurisdikzionalak onesteko egin dituen lanak Kartografiaren Erregistro Zentralean jaso direla, Kartografiaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 24ko 7/1986 Legean arautua dagoen erregistro horren eginkizunetako bat kartografia ofiziala inskribatzea baita.
Aipatu legearen 7. artikuluko hirugarren apartatuak zehazten du erregistratutako kartografia ofiziala nahitaez erabili beharko dutela administrazio publiko guztiek kartografia eratorri edo tematiko berria sortzeko.
Beharrezkoa denez Lur-ondasunen Erregistroan sartzea Longidako eta Urrotz-Hiriko udal mugarteen arteko muga jurisdikzionalaren marra berria, nahitaezkoa da aldaketa egitea erregistro horretan eta Nafarroako katastroetan Nafarroako lurraldearen azalera banatuta dagoen oinarrizko hiru mailetan: udal mugartearen, poligonoaren eta lurzatiaren katastro esparruak. Lurraldearen banaketa hori ezarrita dago irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekreturen 6. eta 7. artikuluetan (foru dekretu horrek Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du).
Horiek sartzearen ondorioz, justifikatu gabeko desadostasunak sortzen dira datu grafikoen eta alfanumerikoen artean. Halakoak zuzentzeko prozedura ezarrita dago Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 20.1 c) artikuluan.
Artikulu horren bigarren paragrafoan honako hau ezartzen da:
"Nafarroako Foru Ogasunak egin behar diren aldaketak kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie, hogei egunez jendaurrean jar ditzaten. Epe hori bukatutakoan, apartatu horretan aipatzen diren doikuntza teknikoak formalizatuko ditu, eta Lur-ondasunen Erregistroan zuzenean inskribatuko, eta kasuan kasuko udalei jakinaraziko dizkie inskribatu diren eta haien udal mugartekoak diren aldaketak".
Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legea garatzen duen irailaren 22ko 100/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen du doikuntza tekniko horiek ofizioz egin behar dituela Nafarroako Foru Ogasunak. Era berean, 21. artikulu horren 5. apartatuak ezartzen duenez, "doikuntza tekniko guztiak jendaurrean jarriko dira hogei egunez kasuko udalaren bulegoetan, ukitutako titularrek eta beste edozein pertsona fisiko edo juridikok egin beharreko doikuntzaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.
Era berean, doikuntza teknikoek zabalkunde gehigarria izan dezakete, bitarteko osagarrien bidez, batez ere interesdunek haien berri izan dezaten kontsultarako ezarriko diren baliabide telematikoak erabiliz.
Lur-ondasunen Zerbitzuko zuzendariak erabakiko du jendaurrean jartzea, lehen paragrafoan aipatzen den moduan, berariaz adierazita epearen hasiera eta amaiera datak eta, beharrezkoa bada, zabalkunderako erabili beharreko bitarteko osagarriak ere zein diren; horrekin batera, hartutako erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua emanen du.
Edozein kasutan, Lur-ondasunen Zerbitzuak behar den denborarekin igorriko dizkie ukitutako udalei inskribatu nahi diren eta jendaurrean jarri behar diren doikuntzak".
Espedientean dago Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak egindako txostena, aipatutako foru legearen 21. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoa, non jasotzen baitira egin beharreko doikuntzetan aplikatuko diren irizpideak, jendaurrean jarri behar direnak. Honako hauek dira aipatu irizpideak:
"1. Ondasun higiezinen mugaketan aldaketa nabarmena dakarten aldaketa grafikoak irudikatuko dira, hurrengo puntuetan adierazitako murrizketekin. Muga berria sartzerakoan lurzati berri bat sortzen bada mugarte mugakidean, baina ez bada nabarmena erregelamenduan ezarritakoaren arabera (100/2008 Foru Dekretuaren 21.2 artikulua), ez da jasoko lurzati berri independentea balitz bezala; aitzitik, zer udalerriri atxiki zaion, udalerri horretan dauden lurzati mugakideen barnean sartuko da eremu hori.
2. Oro har, udalerrien arteko marra berria zehaztearen ondorioz eremu nabarmen bat sortzen bada udalerri mugakidean, eremu hori Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatuko da udalerri mugakideko lurzati berri gisa, finkaren jatorrizko titulartasunari eutsita.
Nolanahi ere, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak salbuespenak egiten ahalko ditu, behar bezala justifikatuta".
Aipatu txostenean, gainera, zehazten dira ukitutako katastro esparruetan katastroari dagokionez eginen diren aldaketa zehatzak.
Txosten hori eta Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1 c) artikuluan ezarritako komunikazioa igorri zaizkie ukitutako udalei –Longidakoari eta Urrotz-Hirikoari, alegia–, bai eta Itzagaondoko Udalari ere, 2026ko irailaren 7an.
Beraz, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuak eman dizkidan eginkizunak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.–Jendaurrean jartzea Longidako eta Urrotz-Hiriko udalerrien arteko muga jurisdikzionalaren marra berria, Kartografia Erregistro Zentralean erregistratutakoa, Lur-ondasunen Erregistroan sartzeko egin beharreko doikuntza teknikoak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko Foru Legearen 20.1.c) artikuluan eta lege hori garatzeko erregelamenduaren 21.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Jendaurreko informazioaren tramitea 20 egunez eginen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lehenengo egun baliodunetik zenbatuta.
Bigarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Longidako eta Urrotz-Hiriko udalei, bai eta Itzagaondokoari ere, erabakitako jendaurreko tramite hori bete dezaten.
Jendaurreko aldian, toki entitateek, haien ondasunei dagokienez, eta Lur-ondasunen Erregistroan inskribatzen ahal diren eskubideetako baten titularrek edo, oro har, jendaurrean jarritako doikuntza teknikoek ukitzen duten eskubide baten edo interes legitimo baten titularrek, nahi badute, proposatuari buruzko alegazioak edo oharrak aurkezten ahalko dituzte, eta horiek guztiak Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen Zerbitzuak ebatziko ditu, arrazoitutako erantzuna emanez.
Hirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, organo hori baita katastroko aldaketa eskatzen duen organoa.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko irailaren 16an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.
Iragarkiaren kodea: F2612417