197. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3096/2026 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita euskara itzultzaile-interpreteen plaza bat oposizio bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura ari dadin.

Abenduaren 18ko 146/2025 Foru Dekretuaren bidez, 2025eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako (Foru Dekretu hori 2025eko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan). Eskaintza hori 31/2022 Legean ezarritako ordezte-tasari dagokio (Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea, abenduaren 23koa). Foru dekretu horretan, besteak beste, euskara itzultzaile-interpreteen lanpostu huts bat sartu zen, A mailakoa.

Era berean, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, abuztuaren 10eko 2549/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen euskara itzultzaile-interpreteen lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak irailaren 15ean emandako 2996/2026 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen goiko deialdi hori, hots, euskara itzultzaile-interpreteen lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da onestea deialdi bat eta haren oinarriak, euskara itzultzaile-interpreteen plaza bat betetzeko, sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura ari dadin.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, euskara itzultzaile-interpreteen plaza bat betetzeko, sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura ari dadin.

2. Deialdiaren testua onestea; ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Herritarren Arretarako Bulegoak eta Erregistroak Koordinatzeko Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko irailaren 21ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Gloria Arancón Largo.

ERANSKINA.–DEIALDIA, EUSKARA ITZULTZAILE-INTERPRETEEN PLAZA BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da euskara itzultzaile-interpreteen plaza bat betetzea oposizio bidez eta txanda irekian. Plaza hori funtzionarioen araubidekoa da, A mailakoa eta 36009 zenbakia du plantilla organikoan. Plaza Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari atxikita dago, euskaraz jakin beharra ezarrita du (C1 maila) eta Iruñean du destinoa.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, bat etorriz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuekin.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea. 65 urtekoa da adin hori.

Dena dela, enplegu publikoan sartzen utziko zaie 65 urte bete dutenei, baldin eta ez badute osatu beren gizarte-aurreikuspeneko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia, edo baldin eta ez badituzte osatu pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio urteak.

c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak, kasuan kasukoa. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan.

d) Euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz. Titulu edo ziurtagiri hori agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, tituluen zerrendan, edo, bestela, eduki beharko da ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

e) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Desgaitasuna dutenentzako berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna duten izangaiek, 2.1.1 apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna eduki beharko dute, ofizialki aitortua.

2.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako berariazko betebeharrak:

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek, 2.1.1 apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima gisa aitortuak izan beharko dute.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta plazaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Herritarrentzako lan deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.

%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan edo bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

41,60 euroko tasa ordaindu behar da, funtzio publikoan sartzeko eta gora egiteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik.

Telematika bidez ordaindu behar da tasa hori, eskabidea formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera egiaztatzeko (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiria, eta bertan agertu behar da zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute, eta ez badute baimenik ematen langabezia-egoera kontsultatzeko, kasu horretan bakarrik, aurkeztu beharko dute kasuan kasuko enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez, edo, bestela, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita organo eskudun horri eskatu diotela aitor dakiela %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutela.

Hala ere, azken kasu horretan, deialdi honetan plaza hutsak aukeratzeko ezarritako epea ireki baino lehen lortu beharko da aitorpen hori, modu frogagarrian. Bestela, interesdunak galdu eginen ditu %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonentzako erreserba txandaren bidez parte hartzeari loturiko eskubide guztiak.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen dituzten agiriak aurkezten ahalko dituzte egokitzapenak justifikatzeko.

Lau.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak frogatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atarian dagoen deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozesuaren barneko ondorengo jarduketetan ere, gezurrezko izen bat erabiliko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak identifikatzeko, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun eta gardentasun printzipioak aplikatzea.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Epe hori zenbatzen hasiko da behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik aurrera. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratzeko.

4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Usoa Wyssenbach Ibarra andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Itzulpen Ataleko burua.

Epaimahaiburu ordezkoa: Ander Irizar Apaolaza jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Goñi Beriain jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzailea.

–Epaimahaikidea: Ainhoa Irazustabarrena Barriola andrea, Nafarroako Parlamentuko euskara itzultzaile-interpretea.

Ordezko epaimahaikidea: Ander Arana Bareño jauna, Nafarroako Parlamentuko euskara itzultzaile-interpretea.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordea ordezkatzeko izendatutako pertsona bat.

–Idazkaria: Ainhoa Ballesteros García de Jalón andrea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzaile-interpretea.

Ordezko idazkaria: Alberto Errea Irisarri jauna, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko euskara itzultzaile-interpretea.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, baldin gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta deialdia egin duen organoari horren berri eman, baldin eta 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea, urriaren 1ekoa).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2027ko otsailetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak, deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan. Bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta adieraziko du oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten diren gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen dira galderak.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaientzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin deialdian parte hartzeko eskabidean hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Lehenbiziko proban hiru ariketa praktiko egin behar dira, eta hiru ordu izanen dira horiek egiteko.

Proba honetan 60 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lehenbiziko ariketa:

Euskaratik gaztelaniara itzuli beharko dira epaimahaiak emandako testuak.

Ariketa honetan 16 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 8 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

–Bigarren ariketa:

Gaztelaniatik euskarara itzuli beharko dira epaimahaiak emandako testuak.

Ariketa honetan 28 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 14 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

–Hirugarren ariketa:

Testu bat edo batzuk posteditatu beharko dira; alegia, aurretik, itzulpen automatikoaren bidez, gaztelaniatik euskarara itzuli diren testu bat edo batzuk zuzendu eta hobetu behar dira. Ariketa egiteko, jatorrizko testua ere emanen da.

Ariketa honetan 16 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira 8 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

Hiru ariketetarako arau komunak:

Ariketa guztietako testuak izan daitezke bai juridiko-administratiboak, bai dibulgaziokoak.

Denera, testuek 900 bat hitz izanen dituzte; horietatik, 240 bat izanen dira lehenbiziko ariketakoak, 400 bat bigarrenekoak, eta 260 bat hirugarrenekoak.

Ariketak egiteko, zilegi da paperean inprimatutako hiztegiak erabiltzea. Izangaiek eraman behar dituzte hiztegi horiek.

6.3.2. Bigarren proba:

Aldi bereko itzulpena. Euskarazko ahozko solas bat, 5-15 minutukoa, gaztelaniara itzuli beharko da aldi berean.

Proba horretan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 20 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Hirugarren proba:

Hirugarren proban bi ariketa egin behar dira, bata bestearen ondoren, egun berean. Proba horretan 24 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lehenbiziko ariketa:

Gehienez ere test motako 60 galderari erantzun beharko zaie idatziz. Lau aukera emanen dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako II. zatiko gaiei buruzko galderak izanen dira. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa hau egiteko ordu eta erdi izanen da gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 6 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

Euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezke galderak.

–Bigarren ariketa:

Ariketa teorikoa izanen da. Bertan, gehienez 12 galderari erantzun beharko zaie, labur, ebazpen honen I. eranskineko II. zatiko gai-zerrendari buruz.

Galderei euskaraz erantzun behar zaie, enuntziatuan besterik esaten ez bada.

Ariketa hau egiteko bi ordu eta erdi izanen da gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira 6 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.4. Laugarren proba:

Laugarren proban bi ariketa egin behar dira, bata bestearen ondoren, egun berean. Proba horretan 36 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lehenbiziko ariketa:

Gehienez ere test motako 60 galderari erantzun beharko zaie idatziz. Lau aukera emanen dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Deialdi honen I. eranskineko gai-zerrendako I. zatiko eta III. zatiko gaiei buruzko galderak izanen dira. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Ariketa hau egiteko bi ordu izanen dira gehienez. Ariketa honetan 24 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Bigarren ariketa:

Ariketa teorikoa izanen da. Bertan, gehienez 12 galderari erantzun beharko zaie, labur, ebazpen honen I. eranskineko III. zatiko gai-zerrendari buruz.

Galderei euskaraz erantzun behar zaie, enuntziatuan besterik esaten ez bada.

Ariketa hau egiteko bi ordu eta erdi izanen da gehienez. Ariketa honetan 12 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Bazterturik geldituko dira proba honetan, osotara, gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.5. Ariketa guztiak, test motakoak ez besteak, ordenagailuz eginen dira. Epaimahaiak utziko ditu ordenagailuak, zuzentzaile ortografikoa desaktibaturik.

6.3.6. Pliken sistemaren bidez eginen dira ariketa guztiak, test modukoak izan ezik.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, baldintzak betetzen diren egiaztatu eta plaza hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta hirugarren proban lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du berdinketa hausteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duenaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek aurkez ditzaten betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) eta d) apartatuetan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, ziurtagiri bat, frogatzen duena eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela.

b) Euskarako C1 maila frogatzen duen tituluaren edo ziurtagiriaren kopia, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioarena, kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako tituluen zerrenda (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak plaza hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez hauta daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda (plaza hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe duten plaza hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek ziurtagiri bat eginen dute ofizioz, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen direnak eskainiko zaizkio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Era berean, hautaprobak gainditu eta genero-indarkeriaren biktima direla frogatzen duten emakumezko izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik plaza hutsak hautatzeko, deusetan galarazi gabe desgaitasuna duten pertsonentzat ezarritako lehentasun-ordena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak.

Izendapen proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, izendapen proposamena Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web-fitxan argitaratu eta biharamunetik 10 egun balioduneko epean:

A.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzeko interesdunak betetzen dituela lanpostuko berezko eginkizunetan aritzeko beharrezkoak diren baldintza psikofisikoak.

c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

B.–Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jatorrizko administrazioan jardunean daudela, edo borondatezko eszedentzian daudela eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

C.–2.1.1.b) oinarrian adierazitako ondorioetarako, Gizarte Segurantzak edo organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. oinarrian aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, baldin eta hutsik geratu den plazaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark agiri hori aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

9.6. Ezarritako prozeduraren arabera plaza epe barruan eta behar bezala hautatzen ez bada, hautapen prozesuari uko egiten bazaio, deialdian plaza betetzeko ezarritako betebeharrak betetzen ez badira edo eskatutako dokumentazioa ezarritako prozeduraren arabera epe barruan eta behar bezala aurkezten ez bada, plaza hutsen hautaketaren emaitza ez da aldatuko.

Administrazioko organo eskudunak gainditzen dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea.

10.–Izendapena, plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

10.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza-hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoak afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aplikatuz, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, zehaztutako egunean plazaren jabetza hartzen ez duten izangaiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin eta funtzionario izaera eskuratzen duten izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta haiek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritako moduan.

10.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, deialdiaren fitxan argitara emanen da, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere.

12.–Administrazio Erroaren eremuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Honako zerrenda hauek prestatuko dira aldi baterako kontratazioetarako hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortzen ez duten izangaiekin (hori guztia bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin):

a) Hautapen prozesua gainditu arren, plaza lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren plaza lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Gobernuaren lege-mailako xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, hizpide duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

10. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

15. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa, urriaren 1eko 40/2015 Legean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

18. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

19. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.

20. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

21. gaia.–240/2023 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez onesten baitira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

II. zatia.

1. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: aditzari buruzkoak.

2. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: idazkera eta morfologiari buruzkoak.

3. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: sintaxiari buruzkoak.

4. gaia.–Euskaltzaindiaren arauak: ortotipografiari buruzkoak.

5. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: lexikoa.

6. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: morfologia.

7. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: ortotipografia.

8. gaia.–Euskara Batuaren Eskuliburua: sintaxia.

9. gaia.–Kalko okerrak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta EIMAren estilo liburua.

10. gaia.–EIMAren estilo liburua: Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak.

11. gaia.–EIMAren estilo liburua: Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak.

12. gaia.–EIMAren estilo liburua: Letra larriak erabiltzeko irizpideak.

13. gaia.–Gaztelaniaren gramatika: morfologia eta sintaxia.

14. gaia.–Gaztelaniaren ortografia: araudi akademikoa.

15. gaia.–Estiloa gaztelaniaz: alderdi gramatikalak, ortografikoak eta ortotipografikoak.

16. gaia.–Nafarroako Toponimia Erabiltzeko Oinarrizko Jarraibide Teknikoak. Nafarroako Gobernuaren argitalpena (2019).

17. gaia.–5/2018 Foru Dekretua, otsailaren 28koa, irizpideak ezartzen dituena Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko.

III. zatia.

1. gaia.–Itzulpengintzaren definizioa: hizkuntzaren barneko itzulpena, hizkuntzen artekoa eta itzulpen intersemiotikoa. Itzulpengintzaren xedea eta ezaugarriak.

2. gaia.–Itzulpengintzaren sailkapena: metodoak, motak eta modalitateak.

3. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (I). Baliokidetasunaren auzia. Itzulpen unitatea. Itzulpen metodoak.

4. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (II). Itzulpen teknika eta estrategiak.

5. gaia.–Itzulpengintza aztertzeko ideia nagusiak (III). Itzulpen arazoen definizioa eta sailkapena. Itzulpen akatsak.

6. gaia.–Ikuspegi teorikoak. Traduktologia: Zizeronengandik egungo teorietaraino.

7. gaia.–Ikuspegi linguistikoa: estilistika konparatua. P. Newmark.

8. gaia.–Testu ikuspegiak: testu azterketaren osagaiak eta beraien aplikazioa itzulpen ikasketetan. Testu tipologia.

9. gaia.–Ikuspegi kognitiboak: zentzuaren teoria. Itzultzeko gaitasuna.

10. gaia.–Ikuspegi soziokulturalak: E. Nida.

11. gaia.–Ikuspegi komunikatiboak: B. Hatim eta I. Mason.

12. gaia.–Ikuspegi funtzionalistak: skoposaren teoria. C. Nord: funtzionalismoa eta leialtasuna.

13. gaia.–Manipulazioaren Eskola: Hermans.

14. gaia.–Even-Zohar: polisistemaren teoria.

15. gaia.–Toury eta itzulpen ikasketa deskriptiboak.

16. gaia.–Itzulpena eta ideologia: Venuti eta itzultzailearen ikusezintasuna. Itzulpenaren neutraltasunik eza. Ikuspegi postkoloniala itzulpenean.

17. gaia.–Itzulpengintzaren ikuspegi feminista: traduktologia eta genero ikasketak.

18. gaia.- Interpretazioa. Interpretazioaren historia. Itzulpenarekin alderatuta dituen berezitasunak.

19. gaia.–Interpretazioa: oinarrizko ezaugarriak. Interpretazio modalitateak eta teknikak. Interpretaziorako trebetasunak.

20. gaia.- Interpretazioa Justizian. Bitartekaritza kulturala.

21. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (I): Joanes Leizarragaren itzulpen eredua.

22. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (II): Azkue eta bere eragina.

23. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (III): Orixe eta bere garaikideak.

24. gaia.–Euskal itzulpengintzaren historia (IV): euskara batuaren sorrera eta izan duen eragina.

25. gaia.–Euskal dialektologia. Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura euskalkiak. Nafarroako euskalkiak.

26. gaia.–Itzulpen literarioa euskaraz: ekoizpena eta bilakaera.

27. gaia.–Euskal hedabideetako itzulpengintza.

28. gaia.–Itzulpengintza eta teknologia berriak: ordenagailuz lagundutako itzulpen tresnak, itzultzaile automatikoak eta adimen artifiziala.

29. gaia.–Euskarazko itzulpenetarako baliabideak: hiztegiak, estilo liburuak, gramatikak, entziklopediak, terminologia bankuak, corpusak, hizkuntza kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak eta Internet.

30. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Zuzentasun gramatikala eta komunikagarritasuna. Zuzenketa: mailak eta irizpideak testu itzulien zuzenketan. Zuzentzailearen lan tresnak.

31. gaia.–Postedizioa: arina eta osoa. Postedizioaren garrantzia itzulpen automatikoz lagundutako itzulpenetan. Edukiarekiko leialtasuna eta komunikagarritasuna.

32. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak. Elebitasuna, diglosia, hizkuntza gutxiengoak eta hizkuntza minorizatuak. Itzulpengintza hizkuntza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.

33. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.

34. gaia.–Hizkuntza normalizazioa. Hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa. Estandarizazio ereduak. Euskararen estandarizazioa.

35. gaia.–Euskaltzaindia: historia eta jarduera arauemaile, akademiko eta instituzionala. Hizkuntza baliabideak eta argitalpenak.

36. gaia.–Toponimia. Toponimiaren oinarrizko terminoak. Toponimia Nafarroako Foru Komunitatean. Toponimiaren tratamendua eta haren adierazpen grafikoa. Nafarroako toponimia kontsultatzeko baliabideak.

37. gaia.–Terminologia: definizioa, eginkizunak eta aplikazioak.

38. gaia.–Terminologia eta normalizazio linguistikoa. Hizkuntza plangintza.

39. gaia.–Itzulpengintzaren rola euskara Administrazioan normalizatzeari dagokionez. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta Administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.

40. gaia.–Euskararen koofizialtasunaren eragina itzulpengintzan.

41. gaia.–Euskal itzulpengintza juridiko-administratiboa: joerak eta egungo egoera.

42. gaia.–Itzulpena Nafarroako administrazio publikoetan. Aurrekari historikoak.

43. gaia.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Euskarazko edizioa. Euskaraz argitaraturiko beste aldizkari ofizial batzuk.

44. gaia.–Testu administratibo eta juridikoak: ezaugarriak. Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.

45. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara-gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.

46. gaia.–Hizkera inklusibo eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz.

47. gaia.–Sekretu profesionala eta deontologia. Zinpeko itzulpena.

48. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Estatusa eta elkargo profesionalak.

49. gaia.–Testu gramatika (I): testuaren propietateak. Testu motak: deskribapen testua, narrazio testua, azalpen testua, argudio testua eta jarraibidezko testua.

50. gaia.–Testu gramatika (II): testuaren kohesioa. Perpauseko kohesio prozedurak eta testuko kohesio prozedurak. Diskurtso markatzaileak: motak eta egitekoak.

51. gaia.–Perpausa: perpausaren definizioa. Perpaus motak esanahiaren arabera (adierazpen- galde-, aginte- eta harridura-perpausak). Perpaus bakunak eta elkartuak.

52. gaia.–Perpaus barneko hitzen ordena: ikuspegi desberdinak.

53. gaia.–Euskararen gramatika: Egiturazko kasuak eta postposizio sintagmak.

54. gaia.–Euskal lexikoa: lexiko sorkuntzarako bideak. Mailegutza, hitz elkarketa eta eratorpena. Zabalkuntza semantikoa. Lexikoaren berrezarpena. Berrikuntza fonologikoa. Neologismoak.

55. gaia.–Estiloa euskaraz. Estilo arazoei aurre egiteko estrategiak.

Iragarkiaren kodea: F2612702