1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1025E/2020 EBAZPENA, irailaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Cintruénigoko udal plan orokorraren aldaketa bati buruz. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren araudiko 24. eta 35. artikuluei eragiten die, eta TotalEnergies Clientes SAUk sustatu du.
1.–Ingurumen arloko tramitazioa.
Cintruénigoko Udalak 2025eko ekainaren 4an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean jarri zuen iragarki bat argitaratuz 2025eko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 26koan. Espedientearen parte dira planaren aldaketaren agiri teknikoa eta ingurumen agiri estrategikoa.
Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txostena egin zuen 2025eko urriaren 2an, aldaketaren ingurumen ebaluazio estrategikoarekin jarraitzeko gehitu beharreko ingurumen-ohar batzuk adierazita.
Oraingo aldaketan sartuta dago sustatzaileak 2026ko urtarrilean aurkeztutako dokumentazioa, hirigintza araudi partikularraren 24. eta 35. artikuluak bakarrik aldatzeko.
2.–Aldaketaren laburpena.
Aldaketaren helburua da energia berriztagarrien instalazioak eta haiekin lotutako azpiegiturak (eraldaketa, biltegiratze eta ebakuaziokoak) baimengarriak izatea azpikategoria hauetan: "nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezina" (hirigintza araudi partikularraren 24. artikulua) eta "lurzoru urbanizaezin generikoa" (35. artikulua).
Zehazki, plangintza"nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezina" azpikategoriari (24. artikulua) dagokionez aldatzea honako honetan datza: zabaltzea eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioen erabilera baimengarriak (orain halakoak dira), energia berriztagarriko instalazioak eta haiekin lotutako azpiegiturak ere baimengarriak izan daitezen.
Plangintza "lurzoru urbanizaezin generikoa" azpikategoriari (35. art.) dagokionez aldatzea, berriz, honetan datza: erabilera baimengarrien artean sartzea energia berriztagarria sortzeko instalazioak eta haiekin lotutako azpiegiturak.
3.–Ingurumen ebaluazioa.
Energia berriztagarrien instalazioak eta haiekin lotutako azpiegiturak (eraldaketa, biltegiratze eta ebakuaziokoak) erabilera baimengarriak izan daitezen egin nahi den aldaketa honakoetan egitea proposatzen da: lursail zelaiak edo malda leunekoak, ureztalurretako nekazaritza laboreak dituztenak eta, goragune txikien edo laborantzarako egokiak ez diren lurretan, landaredi natural urria (sastraka mediterraneoko formazio bakartuak, larreak eta birlandatutako pinu gorri orban txiki batzuk).
Aldaketaren eremuan, Nafarroako estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritiko bat dago, lurzoru urbanizaezin generikoaren azpikategorian (35. artikulua). AC 19 Cintruénigo-Tutera eremu kritikoa da, 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako estepako abifaunaren espezieen populazio edo habitat potentzialak hartzen dituena, hala nola ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), atalar arrunta (Burhinus oedicnemus), Neumann belatza (Falco naumanni), mirotz zuria eta mirotz urdina (Circus cyaneus, C. pygargus), eta basoilo txikia (Tetrax tetrax). Gainera, garrantzitsua da adieraztea espezie horietako batzuk "galzorian" edo "kaltebera" kategorietan katalogatuta daudela.
AC 19 Cintruénigo-Tutera eremu kritikoa estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko lurraldea da, eta, bertan, Natura 2000 Saretik kanpo habitatak kontserbatzeko neurri bereziak hartzeko betebeharra aplikatu behar da (basa-hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren 4.4 artikulua, abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.3 artikulua).
Nekazaritza- eta estepa-inguruneei lotutako hegazti mehatxatuen kontserbaziorako estrategiaren arabera (MITERD, 2022), haize-parke eta parke fotovoltaiko berriak eraikitzea espezie horien habitataren gaineko mehatxu bat da, eta estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritikoetan ez ezartzea gomendatzen du.
Bestalde, abenduaren 28ko 1630E/2025 Ebazpenak, "2030erako Nafarroako Energia Planaren Eguneraketa" izenekoaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duenak, Nafarroako estepako abifaunaren kontserbaziorako eremu kritikoetan energia sare elektrikora ateratzen duten haize-parkeak eta parke fotovoltaikoak instalatzeko murrizketa ezartzen du.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta ebazpen honi gehitzen zaion baldintza bat ezarri du.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Cintruénigoko udal plan orokorraren aldaketa bati buruz. Aldaketak lurzoru urbanizaezinaren araudiko 24. eta 35. artikuluei eragiten die, eta TotalEnergies Clientes SAUk sustatu du.
2. Planaren aldaketaren ingurumen integrazioa hobetzeko, baldintza hau jasoko da:
–Lurzoru urbanizaezin generikoari buruzko 35. artikuluaren aldaketak barne hartu beharko du Cintruénigo-Tutera AC 19 eremu kritikoan ez dela instalatuko energia sare elektrikora ateratzen duen haize-parkerik eta parke fotovoltaikorik.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cintruénigoko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
ERANSKINA

Aldaketaren aplikazio eremua: nekazaritzako produktibitate ertaina duten lurzoruak (marroiak) eta lurzoru urbanizaezin generikoak (berdeak).
Iragarkiaren kodea: F2612278