Iragarkia
197. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
614/2026 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena 2026-2027 ikasturterako. DDBN kodea: 911662.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 80. artikuluak administrazio publikoei agintzen die behar diren prebentzio eta konpentsazio jarduketak ziurtatu behar dituztela gizarte, ekonomia aldetik zaurgarritasun egoeran dauden haur guztiak eskolatzeko baldintza egokienak bermatzeko, haien hezkuntza eta gizarte garapenik handiena sustatzeko, eta, hartara, hezkuntza inklusiboa izateko aukera izan dezaten, gainerakoen baldintza beretan. Konpentsazio politikek hezkuntza sistemaren ekintza sendotuko dute, modu horretan saihesteko faktore sozialek, ekonomikoek, kulturalek, geografikoek, etnikoek edo bestelakoek eragindako desberdintasunak.
Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 21eko 69/2023 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako hezkuntza-inklusioa arautzen duenak, "Bekak eta laguntzak" izeneko 27. artikuluan, xedatzen du Hezkuntza Departamentuak, aukera-berdintasuna sustatzeko eta ekitate nahiz inklusio printzipioak indartzeko, bekak eta laguntzak jasotzeko deialdiak ezarriko dituela urtez urte.
Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatu du onets daitezela Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei arreta emateko baliabide ekonomikoak esleitzeko deialdi publikoaren oinarriak 2026-2027 ikasturterako.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean, ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleei laguntzak emateko deialdi publikoaren oinarriak onestea 2026-2027 ikasturterako. Oinarri horiek I. eranskinean jaso dira.
2. Deialdi honen xede diren baliabide ekonomikoak diruz laguntzeko, guztira, 550.000 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izeneko 420004-42700-4809-322403 partidaren baliokidea izateko asmoz 2027ko kudeaketa-aurrekontuan gaituko den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen eta dagozkion eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio Atalera eta Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegora.
Iruñean, 2026ko irailaren 15ean.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–2026-2027 IKASTURTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, IKASTETXE ITUNDUETAN ETA CURRICULUM EGOKITUKO PROGRAMAK EMATEKO BAIMENA DUTEN ENTITATEETAN, EGOERA EKONOMIKO ZAURGARRIAN DAUDEN IKASLEEI LAGUNTZAK ESLEITZEKO DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da laguntzak esleitzea egoera ekonomiko zaurgarrian dauden Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat, baldin eta ikastetxe itunduetan eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateetan matrikulaturik eta erroldaturik badaude, Nafarroako Foru Komunitatean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.
2.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.
2.1. Deialdi honen xedeko dirulaguntzaren zenbateko osoa 550.000 eurokoa da, eta partida honen kargura ordainduko da: "Ikastetxe itunduetako ikasleei laguntzak ematea immigraziorako eta gutxiengo kulturaletarako" izeneko 420004-42700-4809-322403 partidaren baliokidea izateko asmoz, 2027ko gastu-aurrekontuan gaituko den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.
Era berean, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, baina, eraginkorra izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.
2.2. Ematen diren baliabide ekonomikoak erabiliko dira egoera ekonomiko ahulean dauden ikasleak eskolatzean sortzen diren oztopoak gainditzeko.
2.3. 2026-2027 ikasturtean, ikastetxeek 2026ko uztailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitarte egiten dituzten gastuak diruz laguntzen ahalko dira, honako hauekin lotura badute:
a) Ekipamendu pertsonala, liburuak (doakotasun programakoak izan ezik) eta eskola-materiala (salbu eta informatika-ekipamendua, eskola-asegurua, ikastetxeen kudeaketa- eta funtzionamendu-plataforma, giza baliabideak, hala nola langile natiboak, mintzapraktikako laguntzaileak...).
b) Eskolako ateraldiak eta beste jarduera osagarri batzuk.
c) Eskolako jantoki zerbitzua.
Baliabide ekonomiko horien azken hartzailea ikaslea bera izanen da, eta ikastetxea gastua egiteaz arduratuko da, ikasleen beharren arabera.
2.4. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ikastetxe bakoitzean baldintzak betetzen dituzten ikasleen kopurua eta dirulaguntzaren gehieneko zenbateko osoa.
3.–Betebehar orokorrak.
Deialdi horretan ezarritako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko azken egunean bete beharko dira.
3.1. Eskatzaileak.
Deialdiaren azkeneko egunean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Lanbide Heziketako, HIPetako eta LH Bereziko ikasleak matrikulatuak eta erroldatuak dituzten itunpeko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan araututako laguntzak.
3.2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean 9. ardatzean (egoera sozioekonomiko zaurgarria) behar bezala matrikulatuta eta erroldatuta egotea, honako arrazoi hauetako batean:
–Familia-errenta (FE): 2025eko ekitaldian errentaren 1. kintiletik beherako diru-sarrerak zituen familia-unitate batekoa izatea.
–Errenta bermatua (EB): errenta bermatua jasotzen duen familia-unitate batekoa izatea.
–Gerora etorritako ikasleei buruzko erantzukizunpeko adierazpen iragankorra (GEIEAI): gerora etorritako ikasleen salbuespenezko kasuak, egoera ekonomikoa ezin denean baliozkotu familia-errentaren mailaren bidez (errentaren lehen kintila) edo errenta bermatuaren bidez. Ikaslearen espedientean haren gordekina jasoko da, eta Hezkuntza Departamentuaren eskura geratuko da, zeinak edozein unetan eskatzen ahalko baitu.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eman eta sinatuko du erantzukizunpeko adierazpen iragankorra, non gerora etorritako ikasleen zaurgarritasun ekonomikoaren egoera adieraziko baita. Beste egiaztagiri ofizial batzuk eransten ahalko dira, hala nola oinarrizko gizarte zerbitzuen txostena (bakar-bakarrik arrazoi ekonomikoei buruzkoa), Gurutze Gorriaren dokumentazioa, bakarrik dagoen adingabe izatearen akreditazioa, edo beste dokumentu baliokide batzuk, alegatutako egoera ekonomikoa egiaztatzeko eta balorazio prozesuan kontuan hartuak izan daitezen.
Dokumentu horiek aurkeztuz gero, ez da beharrezkoa izanen erantzukizunpeko adierazpen iragankorrik egitea.
Inklusio Atalak urtero berrikusiko du arrazoi hori, eta bakarrik dauden ikasle adingabeei baino ez zaie onartuko hor erroldatuta jarraitzea. Gainerako ikasleak 9. ardatzeko (egoera sozioekonomiko zaurgarria) beste arrazoi batzuetan sartu eta erroldatu beharko dira hurrengo ikasturteetan.
Ez dira kontuan hartuko aurreko paragrafoan azaldutakoez bestelako egoeretan erroldatutako ikasleak.
Arrazoi horietakoren batengatik erroldatuta egoteko, dokumentazio hau aurkeztu behar da ikastetxean:
–2025eko ekitaldiko errenta aitorpena.
–Eskaera egiten den egunean errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen ari dela egiaztatzen duen txosten ofiziala.
b) Eskatzailearen familia-unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.
3.3. Familia-errenta (FE) dela-eta, 9. ardatzean (egoera sozioekonomiko zaurgarria) erroldatuta egoteko bete behar diren baldintza ekonomikoak.
Egoera hauetan dauden familia-unitateetako ikasleak erroldatzen ahalko dira:
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren oinarria honako taula honetako datuak baino txikiagoa izatea, familia-unitateko kide kopuruaren arabera.
Urteko datuak:
FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA | ZERGA-OINARRIA |
1 | 15.676,08 |
2 | 19.459,92 |
3 | 22.162,68 |
4 | 23.784,36 |
5 | 25.406,04 |
6 edo gehiago | 26.487,12 |
Familia-unitatearen zerga-oinarria kalkulatzeko, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira, aintzat hartu gabe aitorpena batera edo bereizita egiten duten.
Legez bananduta dauden eta zaintza partekatua duten familien kasuan, bi gurasoen zerga-oinarriak batuko dira.
Guraso bakarreko familien edo zaintza osoa duten gurasoen kasuan, zaintza duen gurasoaren zerga-oinarria soilik hartuko da kontuan. Familia-egoera hori behar bezala eta idatziz egiaztatu beharko da.
2025eko ekitaldian errenta-aitorpena aurkeztetik salbuetsita egonez gero, inguruabar hori automatikoki jasoko da zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagirian, eta aski izanen da dokumentu hori soilik aurkeztea eta FEan erroldatuta egotea.
4.–Dokumentazioa.
Deialdi honetako 1. oinarrian adierazitako ezaugarriak dituzten ikasleak eskolatuta dituzten itunpeko ikastetxeek eta entitate baimenduek egiaztatzen diren arrazoien arabera erroldatuko dituzte ikasleak, eta honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) Eskabide-eredua, deialdiaren V. eranskinaren arabera.
Egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleentzat Hezkuntza Departamentuak emanen dituen laguntzen eskaerak ikastetxeen bitartez baizik ez dira eginen. Ikastetxeek, zaurgarritasun-egoera egiaztatzen duten agiriak jaso ondotik, ikasle onuradunak erroldatuko dituzte.
Edonola ere, ikastetxeek zilegi izanen dute eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzea.
5.–Eskaerak aurkezteko epea.
4. oinarrian adierazten den dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 20 egun balioduneko epean aurkeztu behar da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
Ez da inola ere onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren aurkeztutako eskaerarik.
6.–Laguntzak emateko prozedura eta ebazpena.
6.1. Instrukzioa egiteko organo arduraduna Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.
6.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta eskaerak berrikusi ondoren, Inklusio Zerbitzuak, aipatutako dataren ondoren, automatikoki deskargatuko du errolda, zeina erabiliko baita eskatzaileek eta/edo onuradunek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko da eskaeren behin-behineko esleipena, non deialdi honen 3.2 atalean jasotako kausaren batean edo gehiagotan ikasle ekonomikoki zaurgarri gisa erroldatuta dauden ikasleak agertuko baitira onuradun gisa.
Eskaeren behin-behineko esleipena onetsi ondoren, hamar egun balioduneko epea ezarriko da egokitzat jotzen diren alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko, edo dokumentazioa zuzentzeko, hala eskatu bada.
Instrukzio organoak erreklamazioak eta/edo zuzenketak ebatzi ondoren, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko da dirulaguntzen behin betiko esleipena.
Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da jakinarazpen ondorioetarako.
7.–Gastuen justifikazioa.
Emandako laguntza justifikatzeko, ikastetxeek 2026ko uztailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitarte egindako gastuen fakturak aurkeztu beharko dituzte, bai eta ordainagiriak edo ordaindu izanaren erantzukizunpeko adierazpena ere. Hori guztia haien izenean eta IV. eranskinean jasotzen den bezala eginda, bai eta II. eta III. eranskinak ere (Excel formatuan), 2027ko uztailaren 30a baino lehen.
Gastuak justifikatzeko jarraibideak ez betetzeak eman den laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ekar dezake, edo, hala badagokio, dagokion zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharra.
Ikastetxeek Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari igorri beharko diote justifikazio hori, Hezkuntza Departamentuko Erregistroaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).
Justifikazio epea bukatu ondoren eta aurkeztutako dokumentazioa berrikusi ondoren, eskatutako dokumentazioa aurkeztuta ere, behar bezala –hau da, II., III. eta IV. eranskinen arabera– aurkeztu ez duten ikastetxeei eskatuko zaie hamar egun balioduneko epean zuzendu dezatela.
8.–Laguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ordainduko da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, 2027ko irailetik aurrera eginen den ordainketa bakar batean; aurretik, 2027ko uztailaren 30a baino lehen, II. eta III. eranskinak eta egindako gastuen fakturak eta ordainketen frogagiriak aurkeztu beharko dira, IV. eranskineko jarraibideen arabera.
Dirulaguntzak ordaintzeko ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira jakinarazpen ondorioetarako.
9.–Ikastetxeen betebeharrak.
Ikastetxe itunduek eta curriculum egokituko programak emateko baimena duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Deialdiaren oinarri hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.
2. Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
3. Ikasle onuradunen familiei laguntzaren jatorria eta xedea jakinaraztea.
10.–Ez-betetzeak.
Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da eskatzea ordaindu daitezela dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak.
11.–Administrazio errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, bai eta haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta biharamunetik hasita.
12.–Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
13.–Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.
Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du inola ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
II. ERANSKINA.–GASTUEN JUSTIFIKAZIOA
IKASTETXEA | ||||
HERRIA | IKASTETXEAREN KODEA | |||
FAKTURAK | KOPURU | IKASLE (2) | |||
DOK. | HORNITZAILEA | KONTZEPTUA | FAKTURA, | ||
1 | |||||
2 | |||||
3 | |||||
4 | |||||
5 | |||||
JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA | |||||
(1) Fakturak hurrenez hurren zenbakituta aurkeztuko dira. (2) Laguntzaren xede izan diren ikasleen kopurua. | |||||
III. ERANSKINA.–IKASLE BAKOITZEKO GASTUEN JUSTIFIKAZIOA
IKASTETXEA | ||
HERRIA | ||
DOK. | IKASLEAREN KODEA | IKASLEAREN INIZIALAK | GUZTIRA |
JASO BEHARREKO LAGUNTZA, GUZTIRA | |||
(1) IV. eranskineko lehen zutabearekin lotutako zenbakia. (2) Ikaslearen zutabeetan izen-deitura osoak jarri behar dira, ordena alfabetikoaren arabera. IKASLEAK INIZIALEN ARABERA JUSTIFIKATU, HEZKUNTZATIK BIDALTZEN DEN PDF-AN BEZALA. | |||
IV. ERANSKINA.–Justifikaziorako jarraibideak
Gastuak justifikatzeko hiru agiri bidali behar dira:
1.–II. eranskina (Excel formatuan).
2.–III. eranskina (Excel formatuan).
3.–Fakturak eta ordainagiriak eskaneatuta dituen dokumentu bat, behar bezala ordenatuta (PDF formatuan).
Fakturak eta ordainagiriak aurkezteko jarraibideak
Faktura bakoitza ordenatuta egonen da, eta dagokion ordainagiria erantsiko zaio, zenbakiaren hurrenkeraren arabera (dok. zenbakia), IV. eranskineko lehenengo zutabean agertzen den bezala.
Adibide gisa, honela ordenatu behar da PDFa: 1. faktura, 1. egiaztagiria, 2. faktura, 2. egiaztagiria... eta horrela hurrenez hurren.
I. eranskinaren 7. oinarriak agintzen duen bezala, ikastetxeek fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dituzte, honako kasu hauetan izan ezik:
1. Jantoki zerbitzua ikastetxeak kudeatzen duenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, ikasle onuradunak eta jantoki zerbitzuaren zenbateko osoa (lehengaia eta giza baliabideak) zehaztuz; laguntza agortu arteko denbora ere zehaztuko da.
2. Jantoki zerbitzua kanpoko enpresa batek kudeatzen duenean, enpresa horrek sinatutako txosten bat eginen du, ikasle onuradunak eta zerbitzuaren kostua jasoko dituena. Ikastetxeak enpresa kudeatzaileari egindako transferentzien egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu laguntza agortu arte.
3. Salbuespenezko beste inguruabar batzuk. Hala gertatuz gero, Hezkuntza Departamentuak aztertuko ditu eta banakako jarraibideak emanen ditu.
V. ERANSKINA.–Eskaera, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden itunpeko ikastetxeetako ikasleentzako ekipamendu eta jantokirako laguntzen 2026-2027 ikasturteko deialdian parte hartzeko
1. ESKATZAILEAREN DATUAK:
Eskaera aurkezten duen pertsonaren izena:
............................................................................................................................................................
NANa/AIZa/pasaportea:
................................................................
Honako hau den aldetik:
.............................................................................................................................................................
2. IKASTETXEAREN/ENTITATEAREN DATUAK:
Ikastetxearen edo entitatearen izena:
............................................................................................................................................................
Helbidea:
............................................................................................................................................................
3. ADIERAZTEN DUT:
Bat etorriz egoera ekonomiko zaurgarrian dauden itunpeko ikastetxeetako ikasleentzako laguntzen 2026-2027 ikasturteko deialdiaren oinarriak onesten dituen Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ......./2026 Ebazpenarekin,
4. ESKATZEN DUT:
Deialdi horretan parte hartzea, deialdian ezarritako baldintzak betetzen baitira, ordezkatzen dudan ikastetxeak egoera ekonomiko zaurgarrian dauden ikasleak dituelako.
5. ADIERAZTEN DUT:
Laguntzen hartzaileek aurkeztutako agiriak egiazkoak dira, eta eskabide hau aurkezteak deialdian parte hartzea onartzea dakarrela.
Halaber, honako hau adierazten eta jasotzen dut:
Emandako datuak egiazkoak direla.
Eskabide hau sinatzeak esan nahi du berariaz onartzen dela deialdi honetan parte hartzea, eta bete-betean lotzen zaiela deialdiaren oinarriei.
Data eta eskatzailearen sinadura:
............................................................................................................................................................
Iragarkiaren kodea: F2612323
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
