1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
203E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 17koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko "Arrotxapeko zortzigarren fasea" aldeko 10 jabeen erkidegotarako (PIG 95 espedientea).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 80 etxebizitzatarako, 10 ataritan banatuta, Iruñeko kale hauetan:
–Marcelo Celayeta etorbidea 101, 103, 105 eta 107.
–Antsoain kalea 13.
–Aita Maceda kalea 2, 4, 6 eta 8.
–Aita Tomás de Burgui kalea 2 bis.
Proiektuaren arabera, inguratzaile termikoak, irisgarritasuna eta instalazioak hobetuko dira. Horretarako, besteak beste, honako jarduketa hauek daude aurreikusita: fatxada aireztatua eta SATEa jartzea espazio publikora ematen duten fatxadetan, etxadi-patiora ematen duten fatxadetan SATE akabera jartzea, estalkiak eta beheko solairuak isolatzea, isolamendu termikoko baldintzak betetzen ez dituzten kanpoko arotzeria eta patiora ematen duten galeriak ordeztea eta kanpoko espazioak egokitzea irisgarritasuna hobetzeko.
Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.
Horren arabera, eta etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ematen dizkidan ahalmenekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. Iruñeko "Arrotxapeko zortzigarren fasea" aldeko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (PIG 95 espedientea):
–Marcelo Celayeta etorbidea 101, 103, 105 eta 107.
–Antsoain kalea 13.
–Aita Maceda kalea 2, 4, 6 eta 8.
–Aita Tomás de Burgui kalea 2 bis.
Proiektua atari horiei guztiei aplikatuko zaie, Marcelo Celayeta etorbideko 105 zenbakiari izan ezik. Izan ere, atari hori ez da proiektura bildu. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko dio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi duela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horretan ere aplikatzeko.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek lortzea proiektu horiek birgaitze jarduketa babestu gisa kalifikatzeko behin-behineko kalifikazioa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/eu/etxebizitza) behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko irailaren 17an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2612521