Iragarkia
197. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
256/2026 EBAZPENA, irailaren 17koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileen plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, 247. artikuluan, ezartzen du gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatutako plazak, oro har, merezimendu-lehiaketaren bidez beteko direla. Lehiaketa horien deialdiak toki administrazioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuak egin beharko ditu, gutxienez hiru urtean behin.
Bestalde, arau horren 250. artikuluak ezartzen du toki administrazioaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuari dagokiola nahitaez baloratu beharreko merezimenduen baremoa zehaztea, Nafarroako toki entitateen ordezkaritzaren parte-hartzearekin, eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduan lekualdatze-lehiaketetarako ezarritako aurreikuspenetara egokitu beharko dela.
Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 3ko 248/2026 Ebazpenaren bidez, funtzionarioek bete ditzaketen Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaileen plazen behin betiko zerrenda ezarri zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 248.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileen plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia onestea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren aurreikuspenen arabera.
Horregatik guztiagatik, eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz, zeinak eman baitzaizkit Lurralde Kohesiorako kontseilariaren uztailaren 1eko 35/2020 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez eskuordetutako zenbait eskumenen erabilera Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren esku uzten duena), eta, orobat, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren bidez,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileen plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzeaz betetzeko deialdia, zeina gauzatuko baita oinarri hauetan ezarritakoa betez: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdiaren oinarriak berak.
2. Merezimendu-lehiaketa bidez lekualdatzeko deialdi honen oinarriak onestea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2026ko irailaren 17an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileen plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea. Zehazki, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiaren irailaren 3ko 248/2026 Ebazpenean adierazten diren plaza hutsak beteko dira, deialdi honen I. eranskinean jaso direnak.
1.2. Deialdi honen bidez beteko dira, halaber, haien titularrek lehiaketa honetan bertan beste plaza bat lortu dutelako hutsik gelditzen diren plazak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Hautapen prozesu honetan parte har dezakete Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileek, gaikuntza duten funtzionarioak izanik, deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 249.1 artikuluan adierazitako administrazio egoeraren batean baldin badaude; zehazki, hauetako batean:
–Jardunean.
–Zerbitzu bereziak.
–Borondatezko eszedentzia, egoera horretara igaro zenetik urtebete gutxienez igaro bada.
–Eszedentzia berezia.
2.2. Ezin izanen dute parte hartu administrazio ebazpen edo epai irmo baten bidez desgaiturik eta zerbitzu-gabeturik daudenek, zehatzeko ebazpen edo epaian adierazitako epea bete ez bada.
2.3. Nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioak lehiaketan parte hartu eta plaza huts guztiak eskatzera beharturik daude.
2.4. Euskarazko hizkuntza eskakizuna ezarrita duen plazaren bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da:
–Lortu nahi den plazarako eskatzen den euskara maila egiaztatzen duen titulua edo ziurtagiria izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin bat, edo ofizialki horren baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatutako tituluen zerrenda kontuan harturik (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
2.5. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.6. Behar diren hautapen probak gainditu eta euskaraz jakin beharra duten Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaileen plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.
Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.
3.–Eskaerak.
3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute inskripzio-orria, Internet bidez, Nafarroako Atariko "Enplegu Publikoa" atalean, deialdiaren aipamenean: https://tramitespersonal.navarra.es/es/tramites/on/-/line/provision-entre-funcionarios-habilitados-mediante-traslado-por-concurso-de-meritos-de-plazas-vacantes-de-intervencion-de-las-entidades-locales-de-navarra (deialdi honi dagokion fitxan: Nafarroako toki entitateetako kontu-hartzaileen plaza hutsak gaikuntza duten funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea). Era berean, emandako zerbitzuei dagozkien merezimenduak eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, modu telematikoan, goian adierazitako helbidearen bidez.
Eskaerak deialdi honen II. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio, eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela.
Deialdian parte hartzeko eskaerak hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Lortu nahi den plazak dagokion plantilla organikoan ezarria badu euskara ezagutzeko eskakizuna, edo euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko dela, eskaerarekin batera hizkuntza eskola ofizial batek emandako euskararen gaitasun agiriaren edo titulu baliokidearen kopia atxiki beharko da.
1.2 oinarrian xedatutakoaren arabera hutsik geratzen den eta aurreko paragrafoan azaldutako baldintzak betetzen dituen plazaren bat lortu nahi izanez gero ere, eskaerarekin batera euskararen ezagutzari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, deialdiaren fitxaren bidez.
4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Eva Navarcorena Eleta andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Ataleko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Amaia Santos Galdeano andrea, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Plangintzaren eta Azterlan Ekonomikoen Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako da.
Ordezkoa: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako da.
Epaimahaikide-idazkaria: Mirari Aranguren Olaverri andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari ekonomikoa.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Berta Enrique Cornago andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkari nagusia.
5.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, beharrezkoa bada, haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Merezimenduen balorazioa.
6.1. Balorazio epaimahaiak, deialdian aintzat hartutako merezimenduak frogatzeko, lehiakideek aurkeztutako dokumentazioaren forma eta edukia egiaztatuko ditu. Horri dagokionez, merezimendu guztiak alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duen unean.
6.2. Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.3. Epaimahaiak egoki iruditzen zaizkion zehaztapenak eskatzen ahalko dizkie lehiakideei, aurkeztutako merezimenduak argitze aldera. Eskaera hori interesdunaren helbide elektronikora jakinaraziz egin daiteke, baldin eta lehiakideak horrela egitea onartu badu berariaz deialdi honetan parte hartzeko eskaeran.
6.4. Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasunik handiena dutenen alde ebatziko da. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako egindako zozketa bakarraren bidez ebatziko da, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin.
6.5. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuko iragarki-taulan eta Nafarroako Atariaren –www.nafarroa.eus– "Enplegu Publikoa" atalean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
7.–Lehiakideen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa.
7.1. Erreklamaziorik egonez gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko ditu, eta, ondoren, deialdiaren web-fitxan argitara emanen dira izangai guztien behin betiko puntuazioak, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari igorriko zaio lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda, espediente osoarekin batera.
8.–Plaza hutsak esleitzeko prozedura eta lehiaketaren ebazpena.
8.1. Espedientea jaso eta gero, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, lekualdatze-lehiaketaren deialdian iragarritako plaza huts guztiak barne hartuko dituena, bai eta plazak betetzeko prozedura honetan titularrek lortutakoen ondorioz hutsik geratu eta bete behar diren plazak ere. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratuko da.
Bost egun balioduneko epean, izangaiek eskaera telematikoa eginen dute, goian aipatutako helbidean eskuragarri egonen den esteka baten bidez, non hautatu nahi dituzten plazak lehentasun ordenaren arabera adieraziko baitituzte, ebazpenean agertuko diren plazetatik bat edo gehiago hautatuta.
Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek galduko dituzte lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak.
8.2. Aurretiaz deskribatutako prozedura amaitutakoan, plazak esleitzeko proposamena eginen zaio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari.
8.3. Lehiaketaren ebazpenaren ondoriozko izendapenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzeaz gainera, esleitu diren plaza hutsak zein toki entitatetakoak diren, hango buruei ere jakinarazi beharko zaizkie formalki, izendatuen jabetza hartzea formalizatzeko.
9.–Jabetza hartzeko epea.
Merezimendu-lehiaketa hauen ondorioz plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hilabeteko epean hartu beharko dute izendapenaren xedeko plazaren jabetza, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta, hala badagokio, betetzen ari diren plaza utzi beharko dute.
Dena dela, administrazio eraginkortasuna helburu, deialdia egin duen organoak plazaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du. Horrelakoetan, aurreko paragrafoan ezarritako epea gainditzen ahalko da.
10.–Destinoei uko egin ezina.
Eskatutako plazetatik edozein esleituz gero, lehiakideak loturik geldituko dira, eta izendatzen deneko plazaren jabetza ez hartzeak, justifikatutako arrazoirik ez badago, gaikuntza galtzea ekarriko du.
11.–Plazak uztea eta jabetza hartzea.
Plaza baten jabetza hartzeak berekin dakar esleitutako plazari dagozkion funtzionario-eskubide eta -betebeharrak eskuratzea, eta, horren ondorioz, funtzionarioa kasuan kasuko toki entitatearen mende geldituko da, atxikipen organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako. Horrekin batera, jatorrizko plaza utzi beharko du.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka eta, orobat, kalifikazio epaimahaia ez den beste organo batek, oinarriak aplikatzeko, ematen dituen egintzen aurka, espedientean interesdun direnek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio Publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justiziako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egitea Nafarroako Gobernuaren aurrean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
TOKI ENTITATEA | LANALDIA | HIZKUNTZA ESKAKIZUNA (EUSKARA) |
Beriaingo Udala | %100 | EZ |
Iruñerriko Mankomunitatea | %100 | EZ |
Tafallako Udala | %100 | EZ |
Lodosako Udala | %100 | EZ |
(*) Ez dago desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako plazarik. | ||
II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Eskabide eredua deialdiaren fitxan dago eskuragarri, esteka honetan:
III. ERANSKINA.–Nafarroako toki entitateetako A mailako kontu-hartzaileen plazak betetzeko lehiaketaren merezimenduen baremoa
A) Nafarroako toki entitate batean A mailako kontu-hartzaileen plazetan egindako zerbitzuak: puntu bat urteko (gehienez 40 puntu), bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduaren 9.1 a) artikuluan ezarritakoarekin.
Plantilla organikoetan lanpostu hori, esklusiboki edo partekatuta, sartuta duten toki entitateetan egindako zerbitzuak baizik ez dira kontuan hartuko, eta ez dira baloratuko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 234.2.d) artikuluan adierazitakoa aukeratu duten kontzeju edo mankomunitateetan egindako zerbitzuak.
Deialdia argitaratzen den egunera bitarte egindako zerbitzuak baloratuko dira.
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
Zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako zerbitzuak, eta "jardunean" administrazio egoeraren barruko legezko edozein kasutan egindakoak, zenbatuko dira lehiakideak egoera horietan hastean zeukan lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.
B) Puntuazio erantsia euskaraz jakiteagatik.
Aurreko atalean ezarritakoaz gain, plantilla organikoan euskararen ezagutza baloratu beharreko merezimendu gisa ezarrita duen plaza bat edo plaza huts bat bete behar bada, irizpide hauen arabera baloratuko da:
a) Eremu euskaldunean: 4,6 puntu gehienez.
b) Eremu mistoan: 2,76 puntu gehienez.
Oharrak B) apartaturako:
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiria izanez gero, aurreko ataletan ezarritako baloraziorik handiena emanen da.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/12 emanen da.
Iragarkiaren kodea: F2612529
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
