2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERRO
Energia berriztagarrien instalazioak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Erroibarko Udalak, 2026ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Erroibarko Udalaren energia berriztagarrien instalazioak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.
Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, 2026ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean iragarkiak argitaratu ondoan. Ez da alegaziorik aurkeztu; beraz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsita gelditu da eta haren testua argitara eman da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Lintzoainen, 2026ko irailaren 17an.–Alkatea, Leire Remiro Esnoz.
Udal ordenantza, eguzki-energia berriztagarriko instalazioak arautzen dituena
I. Kapitulua.–Xedea, esparrua eta definizioak
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea instalazioak ezartzeko, eguzki-energia biltzeko eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez, Erroibarko udal-mugartean.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatugabean) eta urbanizaezinean.
3. artikulua. Definizioak.
1. Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartzen dira, sortzen duten energiaren arabera, energia termikoa edo energia fotovoltaikoa.
2. Ordenantza honek berdin arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintzako sailkapena.
II. KAPITULUA.–Instalazioak hiri-lurzoruan
4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan kokatutako instalazioak.
1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako, eguzki-instalazio termikoetarako, dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
2. Baimenduko da eguzki-panelak jartzea eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:
a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 20 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago. Beste era batera kokatzeko behar bezala justifikatu beharko da. Beti hegalekiko paraleloan jarri behar dira.
b) Horiek guztiak gutxienez 70 cm bereiziko dira fatxadetako planoetatik eta mehelin, ertz eta gailurretatik. Distantzia horiek isurialdearen planoan neurtuko dira.
c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean, dela barnealdeko fatxadan.
3. Eguzki-panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk baldin badaude (barandak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera proiektatzen badira bista horiek eragozteko neurriak eta Udalak bere oniritzia ematen badu.
b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.
4. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.
5. Ezin da eguzki-panelik jarri lurzoru libre pribatuan.
5. artikulua. Instalazioak hiri-lurzoruan, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako.
1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
6. artikulua. Instalazio fotovoltaiko ez-konbentzionalen soluzioak: kasu bakoitza zehatz-mehatz aztertuko da.
III. KAPITULUA.–Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean
7. artikulua. Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean.
1. Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak edo baimengarriak, eta jasotzen direnak 1. Lurralde Antolamenduko Planean (1. LAP) - Pirinioetako Eremua izenekoan.
2. Kokaturik dagoen herriko edo udalerriko energia-premiak zati batean edo osorik betetzeko diren eguzki-instalazioak bakarrik baimenduko dira, baita dagozkien baimenak dituzten eta Udal Planeko araudiarekin bat datozen eraikinekoak ere.
3. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.
4. Lehendik badiren eraikinetan, eguzki panelek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ezin izanen dira paratu ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.
b) Baimenduta dago estalki edo teilatu lauen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.
c) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jar daitezke, eta panelen orientazioak alda daitezke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez metro 1 bereiziko da isurkiaren perimetrotik, eta fatxadara, mehelinetik, ertzera edo gailurrera bitarte. Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak izan beharko dute, edo haien garaian indarrean zen legediaren arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du, orobat, lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.
Instalazio horiek beharko dute lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena daukan departamentuaren baimena, hala ezartzen duenean hirigintzako legeriak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua), galarazi gabe beste baimen edo txosten batzuk ere behar izatea, beste organo edo administrazio batzuen aldetik.
IV. KAPITULUA.–Beste xedapen orokor batzuk
8. artikulua. Instalazio bereziak.
1. Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, udaleko osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.
9. artikulua. Ondare historikoa babestea.
1. Udal Plan Orokorreko 1. eta 2. babes mailako eraikinen kasuan, eta Udal Plan Orokorreko katalogoko beste eraikin edo kokapenetan planteatzen diren instalazio eskaerak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaizkio, aldez aurretik txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.
10. artikulua. Tramitazioa.
1. Instalazio-eskaerak aplikagarria zaion sektoreko edota hirigintzako araudiaren arabera egingo dira.
2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192.g artikuluaren arabera, eraikinetan eguzki-energia autokontsumorako aprobetxatzeko instalazioak erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena behar duten egintzak dira.
3. Eskabidearekin batera agiri teknikoak aurkeztu beharko dira, ordenantza hau betetzen dela frogatzeko eta instalazio osoaren egiturazko segurtasuna ziurtatzeko.
4. Erantzukizunpeko adierazpena izapidetu ondoren, dagokion EIOZa (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) likidatu beharko da.
11. artikulua. Hobari fiskalak.
Toki Ogasunak arautzen dituen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 170 bis artikuluarekin bat etorriz, %90 ko hobaria izango dute zergaren kuotan eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak erabiltzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek.
Hobari hori ezarriko da soil-soilik energia berriztagarria aprobetxatzeko sistemetara zuzendutako gauzatze materialaren kostuaren zatian, baldin eta sistema horiek instalatzea derrigorrezkoa ez bada, arlo horretako berariazko araudiaren arabera.
Hobari hori aplikatu ahal izateko, beroa ekoizteko instalazioek administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak izan beharko dituzte.
Xedapen iragankorra
Lehenengoa: ordenantza hau baino lehen udalerrian jarritako eguzki-plaka guztiak erregularizatzeko prozesua.
–Udalaren obra baimenarekin jarritako plakak.
- Aplikatutako EIOZa (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) berrikustea.
- Ordenantzan jasotako hobariaren aplikazioa.
- Dagokion zenbatekoa itzultzea.
–Udalaren obra baimenik gabe jarritako plakak.
- Ordenantzan eskatzen diren agiri teknikoak eskatzea.
- EIOZa (eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga) aplikatzea, ordenantzan aurreikusitako hobariarekin.
Xedapen gehigarriak
Lehena.–Baldin ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egiten badira eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, galarazi gabe ondoren ordenantza egokitzea, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoan nola Nafarroako Foru Komunitatekoan–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.
Azken xedapena
Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
Iragarkiaren kodea: L2612514