196. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2389/2026 EBAZPENA, 2026ko irailaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia onesten baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz –2026ko uztailaren 1eko 47/2026 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren eta 2026ko 154. NAOn argitaratu, abuztuaren 7an–, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 22an hartutako erabaki bat argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia onetsi zen.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNARI BURUZKO ARAUDIA ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabaki baten bidez, "Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia" onetsi zen (2014ko 249 zenbakidun NAOa, abenduaren 23koa), ondoren Gobernu Kontseiluaren erabaki hauek aldatu zutena: 2017ko uztailaren 4koak (2017ko 141 zenbakidun NAOa, uztailaren 21ekoa), 2018ko otsailaren 21ekoak (2018ko 48 zenbakidun NAOa, martxoaren 8koa), 2019ko maiatzaren 7koak (2019ko 94 zenbakidun NAOa, maiatzaren 16koa) eta 2020ko irailaren 18koak (2020ko 221 zenbakidun NAOa, irailaren 29koa).

Ondoren, Gobernu Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 6ko erabaki baten bidez (2022ko 96 zenbakidun NAOa, maiatzaren 18koa), Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudi berri bat onetsi zen, mugikortasuneko modalitate berri batzuk txertatzeko –tartean mugikortasun birtuala–, unibertsitateko masterreko ikasketetako mugikortasunaren kudeaketa errazteko eta asilo eskatzaile eta errefuxiatuak unibertsitateko jarduera akademikoan integratzeko.

Araudi hori berriz aldatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2024ko uztailaren 30eko erabaki baten bidez, mugikortasunaren kudeaketa akademikoaren egitura sinplifikatzeko, mugikortasuneko arduradun akademikoaren eta titulazioko nazioarteko harremanetako koordinatzailearen figurak mugikortasuneko irakasle tutore akademikoaren figura berriarekin ordezkatuz.

Komenigarria da Nafarroako Unibertsitate Publikoko mugikortasuneko antolakuntza-eredua berrikustea, kontuan harturik indarrean sartu zenetik pilatutako esperientzia, mugikortasun programetan parte hartu duten ikasleen bolumenaren hazkunde jarraitua, tresna digital berrien txertapena eta prozedura administratibo eta akademiko ugariren automatizazioa.

Aldaketa honen helburua da kudeaketa-eredu efizienteagoa lortzea, profesionalizatuagoa eta ikasleetan zentratuagoa, non unitate kudeatzaile espezializatuak mugikortasun prozesu guztian eta modu integralean hartuko baititu bere gain ikaslearekiko komunikazioa eta laguntza. Eredu berri horrek aukera ematen du prozedurak sinplifikatzeko, erantzuteko denborak hobetzeko, irizpide akademikoen aplikazio homogeneoa ziurtatzeko eta ikasleei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea indartzeko. Halaber, aukera ematen du ikastegietako talde akademikoek beren ahaleginak bidera ditzaten irizpide akademikoak definitzera, mugikortasunaren garapen estrategikora, hitzarmenen sustapenera eta emaitzen analisira.

Aldaketak, era berean, zenbait mekanismo txertatzen ditu, prozesuen automatizazioa eta estandarizazioa errazten dutenak kredituen eta kalifikazioen baliokidetasun taulen, aurrez definituriko aitorpen sistema batzuen eta erabakiak hartzeko laguntza-tresnen bidez, betiere ikastegien autonomia akademikoarekiko errespetua erabat ziurtaturik.

Nazioartekotzeko Batzordeak, 2026ko maiatzaren 21ean eginiko bileran, aldeko txostena egin zuen mugikortasunaren kudeaketa-eredu berri horretaranzko trantsizioari dagokionez.

Aurreko guztiarengatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak proposatuta, 2026ko irailaren 22an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia onestea, erabaki honen eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2026ko irailaren 22an.–Ramón Gonzalo García, errektorea.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNARI BURUZKO ARAUDIA

ZERGATIKOEN AZALPENA

Mugikortasun akademikoa goi mailako hezkuntza nazioartekotzeko tresna nagusietako bat da, eta funtsezko elementua da ikasleen prestakuntza aberasteko, gaitasun akademiko, linguistiko eta interkulturalak eskura daitezen sustatzeko eta ikasleen garapen pertsonalari eta profesionalari laguntzeko.

Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoak unibertsitate jardueraren dimentsio estrategiko gisa sustatzen du nazioartekotzea, eta goi mailako erakundeen arteko lankidetza sustatzen du, bai eta ikasleen eta unibertsitateko komunitate osoaren mugikortasuna ere.

Printzipio horiekin bat eginez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ibilbide luzea du estatuko eta nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen, goi mailako erakundeekin lankidetzan aritzeko hitzarmen sare zabal bat garatzen eta ikasleen eskura jartzen beste ingurune akademiko eta kultural batzuetako esperientziak. Halaber, unibertsitatearen iritziz, nazioartekotzea bere irakaslanerako, ikerketako eta ezagutzaren transferentziako elementu transbertsala da, jarduketen kalitatea hobetzera eta bikaintasunera bideratua.

Azken urteetan mugikortasun programek izan duten eboluzioaren, haietan parte hartzen duten ikasleen kopuruaren gorakadaren, kudeaketa digitaleko tresnen orokortzearen eta prozesu horiei loturiko konplexutasun administratibo eta akademikoaren maila gorakorraren eraginez, beharrezkoa da mugikortasunari buruzko araudia unibertsitatearen gaur egungo beharretara egokitzea.

Araudi honen helburua da kudeaketa-eredu efizienteagoa, homogeneoagoa eta profesionalizatuagoa lortzea, ikasleei ematen zaien zerbitzua etengabe hobetzera bideratua. Helburu horrekin, unitate espezializatuak mugikortasunaren kudeaketan izanen duen zeregina indartu da; hain justu, bera izanen da solaskide bakarra prozesu osoan zehar. Horrek arreta hurbilagoa, koordinatuagoa eta espezializatuagoa ematea errazten du, bai eta segurtasun eta gardentasun handiagoa ere prozeduren izapidetzean.

Halaber, araudiak mugikortasunari loturiko prozedura akademikoak sinplifikatu eta estandarizatzea bultzatu du; horretarako, aldez aurretik definitzen ditu efizientzia administratiboa hobetzen duten eta automatizatu daitezkeen prozesuak automatizatzen lagunduko duten aitorpen irizpideak, baliokidetasun taulak eta kudeaketari laguntzeko mekanismoak, betiere erabat errespetatuz ikastegien eskumen akademikoak.

Antolaketa-eredu berriak, ildo beretik, indartu egiten ditu ikastegiek irizpide akademikoak definitzeari dagokionez duten zeregina, mugikortasun programen kalitatearen jarraipena, titulazioen nazioartekotzearen bultzada eta unibertsitate eta entitate kolaboratzaileekiko harreman instituzionalen garapen estrategikoa.

Araudi honekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren helburua da goi mailako hezkuntzaren gaur egungo beharren araberako mugikortasun sistema bat ezartzea, lerrokaturik dagoena unibertsitatearen jardun instituzionala garatzeko inspirazio iturri diren kalitateko, bikaintasuneko, nazioartekotzeko, efizientzia administratiboko eta etengabeko hobekuntzako printzipioekin.

I. TITULUA.–XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua. Xedea.

1. Honako hauek arautzen ditu araudi honek:

a) NUPeko graduko, masterreko eta doktoretzako ikasleek mugikortasun akademikoko jarduerak egitea, dela estatuan nahiz atzerrian ikasteko mugikortasun akademikoko jarduerak egiteko, dela nazioarteko kanpoko praktikak egiteko; horiek guztiak mugikortasuneko nazioarteko programa eta hitzarmenen esparruan.

b) Mugikortasun horietan egin beharreko egonaldiei aplikagarriak zaizkien prozedurak.

c) Egindako ikasketa eta praktiken aitorpen akademikoa.

Halaber, estatuko edo atzerriko goi mailako beste hezkuntza instituzio batzuetatik datozen eta NUPek mugikortasun akademikoko programa bat egiteko onartu dituen ikasleen mugikortasun jarduerak arautzen ditu.

Nafarroako Doktoretza Eskolaren (NADOE) eskumenekoa izanen da doktoretzaren arloko mugikortasuna, bai NUPeko ikasleena, baita NUPek bertan ikasteko onartu dituen estatuko edo atzerriko goi mailako beste erakunde batzuetako ikasleena ere. Eskola hori Gobernu Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 8ko erabaki baten bidez sortu zen.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Honako hauei aplikatuko zaie araudia:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleak, NUPek sinatutako estatuko edo nazioarteko mugikortasuneko programa eta hitzarmenen bidez mugikortasun jarduera bat eginen dutenak beste unibertsitate batean edo goi mailako hezkuntzako erakunde edo enpresa batean.

b) Aurreko artikuluko programa eta hitzarmenen babesean beren ikasketen parte bat NUPen egiten duten ikasleak.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako mugikortasun programa eta hitzarmenetatik kanpo Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasketa partzialak egitea eskatzen duten goi mailako hezkuntzako beste erakunde batzuetako ikasleen kasuan, VI. Tituluan ("Ikasle bisitariak") ezarritakoa aplikatuko zaie, ez besterik.

II. TITULUA.–MUGIKORTASUNAREN ARLOAN ESKUMENA DUTEN ORGANOAK ETA UNITATEAK

3. artikulua. Mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak.

Honako hauek dira mugikortasunaren arloan eskumena duten organoak eta unitateak:

a) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordeak.

b) NUPeko Nazioartekotzeko Batzordea.

c) Nazioartekotzean eskumena duten dekanordeak edo ikastegiko zuzendariordeak.

d) Ikastegiko mugikortasuneko koordinatzailea.

e) Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailea.

f) Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutoreak.

g) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailea.

I. kapitulua.–Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzak

4. artikulua. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan, estatuko eta nazioarteko mugikortasunaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzak.

Araudi honetan ezarritako eginkizunak garatzeko eta betetzeko, hauek izanen dira eskudunak: NUPeko Estatutuen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, errektoreak ikasleen, nazioartekotzearen, estatuko eta nazioarteko mugikortasunaren eta garapenerako lankidetzaren arloan eskumenak eman dizkien errektoreordetzak.

II. kapitulua.–Nazioartekotzeko Batzordea

5. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen definizioa eta osaera.

NUPeko Nazioartekotzeko Batzordea errektorearen 2013ko apirilaren 25eko 659/2013 Ebazpenaren bidez sortu zen, eta mugikortasunaren arloko eskumenak ditu. NUPen kontsulta-, proposamen- eta aholkularitza-organoa izanen da nazioartekotzearen arloan.

6. artikulua. Nazioartekotzeko Batzordearen eginkizunak.

Araudiaren xedeari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioartekotzeko Batzordeari dagokio:

a) NUPen mugikortasun programen berri ematea.

b) Aholku ematea nazioarteko beste programa eta jarduera batzuei buruz.

c) Nazioarteko esparruko askotariko programa eta ekintzei buruzko mintegi eta saio informatiboen antolaketan parte hartzea.

d) Jarduerak antola daitezela sustatzea beste hezkuntza-sistema batzuetako ikasleak erakartzeko, ez nahitaez truke programen edo hitzarmen espezifikoen esparruan.

e) Aholku ematea, beharrezkoa bada, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloetan eskumena duen errektoreordeari, honako hauei buruz: mugikortasun deialdien edukia, haien baremoak, mugikortasuneko ikaspostuak eta ikaspostu horiek ikasleei esleitzea.

f) Kreditu eta kalifikazioen baliokidetasun taulak onestea, ikasketa-konpromisoa baliozkotzean eta ikasketak aitortzeko proposamenean aplikatuko direnak.

g) Bestalde, apartatuan adierazitako deialdien esparruan egiten ahal diren erreklamazio edo errekurtsoak ikertzea, eta nazioartekotzearen eta lankidetzaren gaietan eskumena duen errektoreordetzari aditzera ematea.

h) Gobernu Kontseiluari araudia aldatzeko proposatzea.

i) Organo eskudunei aholku ematea eta proposamenak bidaltzea nazioarteko harremanen eta mugikortasunaren esparrukoak diren eta araudian espezifikoki ezarrita ez dauden gaiei buruz.

j) Nazioartekotzearen arloko dekanordeek edo ikastegiko zuzendariordeek emandako emaitzen jarraipena eta urteko analisia egitea eta mugikortasuneko programa eta hitzarmenen emaitzak hobetzera zuzendutako ekintzak proposatzea.

III. kapitulua.–Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordea edo zuzendariordea

7. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordearen edo zuzendariordearen definizioa.

Unibertsitateko ikastegietako bakoitzean, nazioartekotzeko gaietan eskuduna den dekanordetza edo zuzendariordetza bat egonen da. Errektoreak izendatuko ditu, Dekanotzak edo Ikastegiko Zuzendaritzak proposatuta, eta arduraldi osoa duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleei emanen zaie kargua.

8. artikulua. Ikastegi bakoitzean nazioartekotzearen arloko eskumena duen dekanordearen edo zuzendariordearen eginkizunak.

Araudiari dagokionez, dekanordeari edo ikastegiko zuzendariari dagokio:

a) Ikastegia ordezkatzea Nazioartekotzeko Batzordean, bai eta nazioarteko bisita instituzionalen harreran eta gauzapenean eta ikastegiko tituluen nazioarteko sustapenean ere.

b) Dagokion ikastegian, ikasleen mugikortasunerako irizpide eta orientazioez arduratzea, bai estatuan, bai nazioartean.

c) Nazioarteko ikasleak erakartzeaz eta haiei harrera egiteaz arduratzea, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eskuduna den errektoreordearekin eta nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin lankidetzan.

d) Mugikortasuneko hitzarmenak zer erakunderekin lehenetsi behar diren identifikatzea eta hitzarmenenak sinatu daitezen proposatzea. Bere gain hartzea hitzarmen horien edukiaren ardura, eta egonaldien baldintzak eta eskakizunak definitzea: iraupena, zer titulaziotan egiten ahal den mugikortasuna, etab. Behar denean, hitzarmenaren negoziazioan parte hartzea.

e) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari jakinaraztea hitzarmenen edukian egokitzat jotzen dituen aldaketak; hala badagokio, haien barnean sartzen ahalko du mugikortasuneko eskaintza ez berritzeko edo baztertzeko nahia. Gertatzen diren edo jakin dituen aldaketen berri ematea.

f) Deialdietako ikaspostuen eskaintza proposatzea, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearekin elkarlanean eta sinaturiko hitzarmenetatik abiatuta.

g) Ikastegiko titulazioetako kredituak aitortzeko irizpide orokorrak ezartzea, mugikortasuneko deialdien barrenean.

h) Irakasgaien arteko aitorpen taulak definitu eta eguneratzea, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak ikasketa-konpromisoa baliozkotzeko aplikatuko dituenak.

i) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearen eta ikastegien arteko solaskidea izatea.

j) Ikasleei beren titulazioko mugikortasuneko gai akademikoen berri ematea.

k) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak egindako ikasketen aitorpena baliozkotzea eta sinatzea. Aitorpen hori Unibertsitateko kreditu eta kalifikazioen baliokidetasun tauletara edo ikastegiaren aitorpen irizpide orokorretara egokitzen ez bada, modu arrazoituan zuzentzeko aukera izanen du sinatu aurretik.

l) Ikasleen mugikortasunaren esparruan garatzen diren jardueren berri ematea ikastegiko kontseiluari, dekanordetzari, ikastegiko kalitateaz arduratzen den zuzendariordetzari eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari (IKBB), erregularki edo haiek eskatutakoan.

m) Mugikortasunaren emaitzen eta kalitatearen urteroko jarraipena eta analisia egitea, gero Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordearen (IKBB) eta Nazioartekotzeko Batzordearen aurrean aurkezteko.

n) Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eta ikasleen eta enpleguaren arloan eskumena duten errektoreordetzei bidaltzea aurreko apartatuko emaitzak.

o) Mugikortasuneko emaitzen eta kalitatearen analisia ikusirik, organo eskudunei proposamenak bidaltzea titulazioak, ikastegiak eta oro har unibertsitate osoa hobetzeko.

IV. kapitulua.–Ikastegiko mugikortasuneko koordinatzailea

9. artikulua. Ikastegiko mugikortasuneko koordinatzailearen definizioa.

Ikastegi bakoitzak aukera izanen du mugikortasuneko koordinatzaile bat edo gehiago izateko, bere ardurapean dituen mugikortasuneko ikasleen kopuruaren arabera. Errektoreak izendatuko ditu, dekanotzak edo ikastegiko zuzendaritzak eta nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko errektoreordetzak batera proposaturik. Kargua Nafarroako Unibertsitate Publikoko arduraldi osoko irakasleei emanen zaie.

10. artikulua. Ikastegiko mugikortasuneko koordinatzailearen eginkizunak.

Ikastegiko mugikortasunaren koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nazioartekotzearen arloan eskuduna den dekanordetzari edo zuzendariordetzari laguntza ematea haien eginkizunak betetzeko.

b) Dekanordeatzaren edo ikastegiko zuzendariordetzaren ordezkari gisa jardutea esleitzen zaion edozein eginkizunetan.

V. kapitulua.–Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailea

11. artikulua. Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailearen definizioa.

1. Mugikortasuneko programetan parte hartzen duten nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzaile bat egonen da.

2. Errektoreak izendatuko du nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailea, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dekanotzak eta nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eskumenak dituen errektoreordetzak batera proposatuta. Fakultate horretan irakaslanean aritzen diren irakasleetako bati emanen zaio kargua, ahal dela unibertsitatearekin lotura iraunkorra duen bati.

12. artikulua. Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Nazioarteko ikasleei espainiera irakasteko koordinatzaileak:

a) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta beste ikastegi batzuen espainierazko irakasgaien eskaintza berrikustea eta analizatzea eta egokienak aukeratzea informazio hori jasotzeko interesa duten ikasleentzat.

b) Bestetik, a) apartatuan aipatutako irakasgaien katalogo bat prestatzea, ikasleentzako behar diren jarraibideak izanen dituena, irakasgai horietako irakasle arduradunekin lankidetzan.

c) Ikasleei orientazioa eta tutoretza ematea irakasgai arautuak eta curriculumetik kanpoko beste irakasgai batzuk hautatzeko espainieraren ikaskuntzari dagokionez.

d) Aipatutako esparruan jasotako enkargua finkatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

VI. kapitulua.–Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutoreak

13. artikulua. Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutorearen definizioa eta eginkizunak.

Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutoreek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegiak esleitzen dizkien eskumenak eta eginkizunak izanen dituzte.

VII. kapitulua.–Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailea

14. artikulua. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailea.

Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailea izanen da estatuko eta nazioarteko mugikortasuneko jardueren kudeaketako unitate espezializatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako mugikortasuneko programen eta hitzarmenen babesean.

15. artikulua. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailearen eginkizunak.

Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak mugikortasunaren kudeaketa administratiboa eginen du eta haren kudeaketa akademikoan lagunduko du, eta ikastegi bakoitzak ezarritako irizpide akademikoak aplikatuko ditu une oro. Berariaz, hauetaz arduratuko da unitatea:

a) Mugikortasuneko hitzarmenak izapidetu eta aplikatzea, ikastegiek hitzarmen proposamenean ezarritako zehaztapenei jarraikiz. Ikastegiei informazioa ematea haien titulazioei eragiten dieten hitzarmenei buruz.

b) NUPeko ikasleei informazioa ematea hauei buruz: parte hartu dezaketen mugikortasun programak, egin beharreko izapideak, ikastegi bakoitzeko irizpide akademikoak, destinoko erakundeak eta erabilgarri zaien beste edozein informazio.

c) Goi mailako beste erakunde batzuetako ikasleei informazioa eta aholkuak ematea mugikortasuna NUPen egiten ari diren bitartean, eta egonaldirako beharrezkoak diren izapide administratiboak eta akademikoak egiten laguntzea.

d) Ikasleei laguntzea ikasketa-konpromisoa egiten, eta, behar bada, aldatzen.

e) Ikasketa-konpromisoak baliozkotzea, betiere ikastegiak ezarritako irizpideetara eta aitorpen tauletara egokitzen direla egiaztatu ondoren.

f) Ikasketak aitortzeko proposamenak egitea, eta destinoko unibertsitatean lortutako kalifikazioak NUPen matrikulaturiko irakasgaietara pasatzea, ikasketa konpromisoari jarraikiz, Nazioartekotzeko Batzordean onetsiriko kalifikazioen eta kredituen baliokidetasun tauletatik eta ikastegiaren aitorpen irizpide orokorretatik abiatuz.

g) Ikastegiei eta NUPeko Kalitatearen Berme Sistemaren unitate arduradunari mugikortasunari buruzko txosten kuantitatiboak ematea urtero, bai eta ikastegiek emaitzen eta mugikortasunaren kalitatearen jarraipena eta urteroko analisia egiteko behar duten beste edozein informazio ere.

h) Organo eskudunek esleitzen dioten beste edozein eginkizun.

III. TITULUA.–MUGIKORTASUNARI BURUZKO XEDAPEN KOMUNAK

I. kapitulua.–Mugikortasun hitzarmenak eta programak

16. artikulua. Mugikortasun hitzarmenak.

1. Mugikortasun hitzarmenak NUPek eta goi mailako hezkuntzako beste erakunde batek (estatukoa zein atzerrikoa) sinatzen dituzte ikasleen trukea adosteko eta mugikortasunaren baldintzak elkarri ezartzeko, bai bi erakundeek sinatutako arau-esparru goren baten babesean, bai esparru horretatik kanpo.

2. I. kapitulu honetan ezarritako berezitasunak alde batera utzi gabe, Gobernu Kontseiluaren 2011ko otsailaren 18ko erabaki baten bidez onetsitako Hitzarmenen Arautegiaren arabera arautuko dira mugikortasun hitzarmenak (2011ko 46 zenbakidun NAOa, martxoaren 8koa).

3. Nazioarteko mugikortasuneko hitzarmenen hasierako indarraldia lau urtekoa izanen da, eta iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatzen ahalko da isilbidez.

4. Indarraldi horri ezartzen zaion muga da bi aldeek adostasunez edo alde batek salaketaren bidez hitzarmena indargabetzeko duten ahalmena. Gutxienez ere, hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko da.

5. Zilegi da beste indarraldi arau batzuk ezartzea, betiere aurreko mugen barnean badaude.

6. Lehenago sinatutako hitzarmenek indarraldi arau honetan ezarritakoari jarraituko diote, baldin eta aldeetako edozeinen salaketaren bidez hitzarmenen indarraldia iraungitzea baimentzen duten klausulak badituzte.

17. artikulua. Mugikortasun motak.

Mugikortasuna presentziala, birtuala edo konbinatua izan daiteke:

a) Mugikortasun presentzialak eskatzen du ikasleak jatorrizko unibertsitatetik harrerako unibertsitatera joatea adostutako programa akademikoa betetzearren.

b) Mugikortasun birtualak edo online mugikortasunak ikasleei aukera ematen die harrerako unibertsitateak telematikoki eskainitako irakasgaiak jatorrizko unibertsitatetik edo unibertsitate kideen baterako jardueren bidez egiteko, adostutako programa akademikoa betetzearren; hala, ikasleek ez dute joan-etorririk egin behar erakunde parte-hartzaileen artean.

c) Mugikortasun konbinatuak (blended mobility) prestakuntza-programa birtual bat eta programa presentzial bat uztartzen ditu. Programa presentzialean, ikasleak jatorrizko unibertsitatetik harrerako unibertsitatera joaten dira gehienez ere bi hilabetez.

18. artikulua. Mugikortasun programak.

1. Ikasleen mugikortasunerako hitzarmenen multzoak NUPeko mugikortasun programatzat hartzen dira, baldin eta honako alderdi hauetakoren bat komunean badute:

a) Ikasleen mugikortasunari buruzko arau-esparru goren bera izatea, NUPek eta goi mailako hezkuntzako erakunde kideak sinatua, hala nola Europar Batasunak Erasmus Programarako ezarritakoa, edo Hezkuntza arloan eskumena duen Ministerioak SICUE programarako ezarritakoa.

b) Goi mailako hezkuntzako erakunde bazkideak kokapen eremu geografiko berean egotea, hala nola Latinoamerikan Juan de Palafox programarako, Asian Martín de Rada programarako, eta munduko gainerako herrialdeetan Aldebiko Hitzarmenen programarako.

c) Zeharkako prestakuntzako helburu zehatz bat izatea, hala nola elkartasun balioetan trebatzea, Prestakuntza Solidarioko programan gertatzen den bezala.

2. Era berean, mugikortasun programatzat hartzen dira NUPen eta atzerriko erakunde baten artean sinatutakoak, baldin eta haien sorrerako helburuen artean badago ikasleen nazioarteko mugikortasuna kudeatzea goi mailako hezkuntzaren esparruan; ISEP programa da horietako bat.

19. artikulua. Ikasleen mugikortasunerako programen eta hitzarmenen oinarrizko printzipioak.

1. NUPek ikasleen nazioarteko mugikortasunerako arau-esparru goren baten babesean sinatutako hitzarmenek, esparru horietatik kanpo sinatutako ikasleen mugikortasunerako hitzarmenek eta helburu instituzionalen artean ikasleen mugikortasuna kudeatzea duten erakundeek eta NUPek sinatutako mugikortasun programek honako alderdi hauek aurreikusi behar dituzte esplizituki:

a) Mugikortasunean parte hartzen duten ikasleak destinoko erakundean matrikula ordaintzetik salbuetsita egotea. Destinoko erakundeak aseguru gastuetarako, ikastaro ez-ofizialetarako edo zerbitzuen erabilerarako soilik eskatzen ahalko ditu ordainketa bereziak (fotokopiagailua, laborategietako materiala, kirol instalazioen erabilera, etab.), betiere bere ikasleen baldintza berberetan.

b) Mugikortasunean parte hartzen duten ikasleak salbuetsita egotea egindako irakasgai edo ikasgaiei dagokien ziurtagiri akademikoaren tasak ordaintzetik. Ziurtagiri akademiko hori ematea nahitaezkoa izanen da destinoko erakundearentzat.

c) Mugikortasunean parte hartzearen ondorioz ikasleek edo erakunde bazkideek izaten ahal duten beste edozein betebehar.

2. Gainera, mugikortasun hitzarmenek, arau-esparru goren baten babesean nahiz esparru horretatik kanpo sinatutakoek, eta helburu instituzionalen artean ikasleen mugikortasuna kudeatzea duten erakundeek eta NUPek sinatutako mugikortasun programek honako alderdi hauek ezarriko dituzte etortzen diren eta joaten diren ikasleen mugikortasunerako:

a) Mugikortasuna zein mailatan egiten ahalko den (gradua, masterra edo, hala badagokio, doktoretza).

b) Zer ikasketa-arlori eta/edo titulaziori eragiten dien.

c) Zenbat ikaspostu adostu diren mugikortasunerako seihileko edo ikasturte bakoitzean.

d) Mugikortasunaren iraupena.

e) Hitzarmenaren edo programaren indarraldia.

f) Destinoko erakundean onartua izateko eskakizun linguistikoak eta akademikoak, hala badagokio.

20. artikulua. Hitzarmenak sinatzea.

1. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari proposatzen ahalko zaio estatuko nahiz nazioarteko mugikortasun hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Hitzarmenen Arautegian jasotakoaren arabera. Arautegi hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, 2011ko otsailaren 18an (2011ko 46 zenbakidun NAOa, martxoaren 8koa).

2. Proposamenak nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari zuzendu beharko zaizkio, eta nazioartekotzearen arloan eskumenak dituzten dekanordeen edo zuzendariordeen oniritzia izan beharko dute.

3. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloan eskumena duen errektoreordeari dagokio mugikortasun hitzarmenen proposamenei oniritzia ematea, bai eta hitzarmen horiek formalizatzea ere, edo, hala badagokio, errektoreari bidaltzea sina ditzan. Formalizatutako hitzarmenaren berri emanen die errektoreordeak haren jarduera-eremuaren eraginpeko ikastegiei, bai eta nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari ere.

4. Errektoreordeak aukera izanen du hitzarmenerako proposamena ez onartzeko, bai eta indarrean dauden hitzarmenak salatzeko ere, NUPen interesekin bat egiten ez badute.

II. kapitulua.–Matrikula NUPen

21. artikulua. Matrikula NUPen.

Mugikortasun programen edo hitzarmenen babesean NUPetik joaten diren ikasleek garaiz eta forman ordainduko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoari beren mugikortasun aldian NUPen matrikulatuta dituzten irakasgaien prezio publikoak.

22. artikulua. Ikasketa-konpromisoa, ikasteko mugikortasunean.

1. Ikasketa-konpromisoa dokumentu bat da, zeinean jasotzen baita ikasleak destinoko erakundean zer ikasgai, irakasgai eta kreditu eginen dituen eta haiek nola egokitzen diren NUPeko ikasketa-planeko irakasgaietara. Horiek guztiak mugikortasuna amaitu ondoren aitortuko zaizkio ikasleari, NUPek destinoko erakundeak emandako ziurtagiri akademikoa jaso ondoren.

2. NUPeko ikasketa-planetako irakasgai guztiak sartzen ahalko dira ikasketa-konpromisoetan, ikasketa amaierako lanak barne, eta mugikortasun programan egiten diren irakasgaiekin aitortzen ahalko dira, salbu eta ikasleak mugikortasuna egin duen ikasturte akademikoaren aurreko seihileko edo ikasturteetan NUPen jadanik matrikulatuak zituenak.

3. Ikastegi bakoitzak irakasgaien arteko baliozko aitorpenen taula bat zehaztu eta eguneratuta mantendu beharko du destino eta titulazio bakoitzerako. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak beharrezko laguntza administratiboa emanen du taula hori zabaldu eta aplikatzeko.

4. Ikasleek egindako ikasketa-konpromisoa baliozkotzeko, aitortuko diren irakasgaiak ikastegiaren aitorpen tauletan egon beharko dira, korrespondentzian jarritako irakasgaiek karga akademiko baliokidea izan beharko dute Unibertsitateko kredituen eta kalifikazioen baliokidetasun taulen arabera, eta ikastegiak ezarritako aitorpen irizpide orokorrak bete beharko dira. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailea izanen da hori egiaztatzearen arduraduna.

5. Mugikortasuneko ikasleek aukera izanen dute indarrean dauden aitorpen tauletan jasoak ez dauden irakasgaien arteko korrespondentziak sartzeko ikasketa-konpromisoan. Hala eginez gero, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak behar den ikastegiari galdetuko dio proposaturiko korrespondentzia tauletan sartzeko modukoa ote den.

6. Konpromiso hori mugikortasuna egin aurretik formalizatuko da, eta loteslea izanen da, gerora aldatzeko aukera izanen den arren, hala badagokio.

7. Ikasketa-konpromisoaren aldaketak prozedura berari jarraituko dio, eta artikulu honetan ezarritako baldintza berei jarraitu beharko die. Ez da aldaketa-proposamenik onartuko destinoko erakundean seihilekoa edo ikasturte akademikoa hasten denetik hilabete bat igaro ondoren.

23. artikulua. Ikasketa-konpromisoa, enpresetan eta beste erakunde batzuetan praktikak egiteko.

Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmena Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegian ezarritakoaren arabera eginen da, edozein direla ere destinoko enpresak edo erakundeak dituen berezitasunak. Nolanahi ere, mugikortasuna egin aurretik formalizatuko da, eta loteslea izanen da, gerora aldatzeko aukera izanen den arren. Aldaketak arrazoitua izan beharko du, eta, baliozkoa izateko, NUPeko praktiketako ikasleen eta irakasle tutore akademikoen idatzizko onarpena edo oniritzia izan beharko du.

III. kapitulua.–Kredituen aitorpena

24. artikulua. Kredituen aitorpenaren kontzeptua.

1. NUPeko mugikortasuneko ikasleek destinoko erakundean egindako kreditu guztiak aitortzeko eskubidea izanen dute, betiere haien ikasketa-konpromisoan sartuta badaude.

2. Aitorpen hori egiteko, ez da beharrezkoa ikastegietako edo unibertsitateko Aitorpen eta Transferentzia Batzordeen ondorengo onarpena, aitortzeko konpromisoa aldez aurrekoa baita eta jasota baitago mugikortasunerako programen araudian edo aldebiko hitzarmen espezifikoetan.

25. artikulua. Aitorpen akademikoa ikasteko mugikortasunean.

1. Ikasleen mugikortasuneko egonaldia amaituta, eta ikusirik ikasketa-konpromisoa eta erakunde bazkideak emandako ikasketa-ziurtagiria, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak ikasketak aitortzeko dokumentua eginen du, aitortutako ikasketak ikasleen espediente akademikoan sartzeko.

2. Ikasketak aitortzeko dokumentuan agertu behar dira ikasketa-konpromisoa osatzen duten NUPeko irakasgai guztiak, hura izanen da irakasgai bakoitzaren ebaluazioaren banakako akta, eta ikastegiaren dekanordetzak edo zuzendariordetzak sinatuko du.

3. Ikasketen aitorpenean jasotako kalifikazioak ezartzeko, kalifikazioen eta kredituen baliokidetasun taulak aplikatuko dira (Nazioartekotzeko Batzordeak onetsiak), baita ikastegi bakoitzak ezarritako kreditu-aitorpenerako irizpide orokorrak ere.

4. Ikasketa-konpromisoan sarturiko NUPeko irakasgaiak titulu honetan adierazitakoari jarraikiz txertatuko dira kanpora doazen ikasleen espedienteetan; mugikortasunean parte hartu duten ikasleei ezin izanen zaie inondik inora ere eskatu NUPera itzultzean proba edo azterketa gehigarririk, lan osagarririk edo beste edozein ebaluaziorik.

26. artikulua. Praktikaldiaren aitorpena.

1. Mugikortasuneko praktiketako irakasle tutoreek ebaluatuko dituzte praktikak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegiari jarraikiz, gero ikasleen espediente akademikoan txertatzeko.

2. "Enpresako praktiken akta" izanen da praktikak ebaluatzeko banakako akta.

27. artikulua. Gainditzen ez diren ikasketa-konpromisoko irakasgaiak.

Mugikortasun programen edo hitzarmenen babesean kanpora doazen NUPeko ikasleek ez badituzte gainditzen destinoko unibertsitatean ikasitako irakasgaiak, ezin izanen dira aurkeztu mugikortasuna egin duten ikasturtean ikasketa-konpromisoan jasotakoen baliokideak diren NUPeko irakasgaien deialdietara.

IV. TITULUA.–NUP-EKO IKASLEEN MUGIKORTASUNA. KANPORA DOAZEN IKASLEAK

I. kapitulua.–Ikasleen mugikortasunaren eremu pertsonala

28. artikulua. Mugikortasuneko ikasleen tipologia.

Honako hauek dira kanporako mugikortasuneko ikasleak:

a) Ikasteko mugikortasuna egiten duten ikasleak. Dagokion NUPeko deialdiaren esparruan eta NUPen mugikortasun programa edo hitzarmen batean ezarritakoarekin bat etorriz, estatuko edo atzerriko goi mailako hezkuntza-erakunde batean mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu dieten ikasleak dira.

Ikasteko mugikortasuneko ikasleak NUPen matrikulatuta egonen dira NUPeko deialdian parte hartzeko eskaera egiten duten unetik mugikortasuna amaitu arte gutxienez.

b) Enpresetan eta beste erakunde batzuetan nazioarteko praktikak egiteko mugikortasuna egiten duten ikasleak. Dagokion NUPeko deialdiaren esparruan eta NUPen mugikortasun programa edo hitzarmen batean ezarritakoarekin bat etorriz, enpresa, prestakuntza-zentro edo beste erakunde batean (GKEak barne) nazioarteko praktiken egonaldi bat egiteko mugikortasuneko ikaspostu bat esleitu dieten ikasleak dira.

Praktikak egiteko mugikortasuneko ikasleek NUPen matrikulatuta egon beharko dute eskaera egiten duten unean eta mugikortasun egonaldia amaitu arte.

II. kapitulua.–Mugikortasunaren eremu materiala: xedea eta iraupena

29. artikulua. Mugikortasunean egiten ahal diren ikasketak.

1. Unibertsitateko gradu eta masterreko titulu ofizial bat lortzeko ikasketak aitortuko dira.

2. Praktikak egiteko, atzerriko enpresa edo beste erakunde batzuetan eginiko eta gainditutako egonaldiak aitortuko dira, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kanpoko Praktikei buruzko Arautegiari jarraikiz.

3. Ikasle bakoitzak gehienez ere bi mugikortasun presentzial egiten ahalko ditu egiten duen ikasketa-plan bakoitzeko. Ondorio horretarako, ez dira zenbatuko nazioarteko mugikortasuneko praktikak.

4. Ikasleak ezin izanen dira onartuak izan mugikortasun programa batean baino gehiagotan seihileko edo ikasturte berean, salbu eta Nazioartekotzeko Batzordeak salbuespenezko arrazoiengatik halakorik baimentzen badu.

30. artikulua. Mugikortasunaren iraupena graduko ikasketetan.

1. Graduko ikasketetan, ikasketa-planaren bigarren erdian eginen da mugikortasuna, salbu eta baterako titulazioen edo titulazio bikoitzen barrenean egiten bada.

2. NUPeko matrikularen eta ikasketa-konpromisoaren ondorioetarako, mugikortasun bakoitzak gutxienez seihileko akademiko bat eta gehienez bi iraunen du, NUPeko ikasturte berean, edozein direla ere destinoko erakundearen egutegi akademikoaren hasierako eta amaierako egunak. Salbuespen izanen dira titulazio bateratu edo bikoitzen barrenean egiten diren mugikortasunak.

31. artikulua. Mugikortasunaren iraupena unibertsitate masterreko ikasketetan.

1. 60 edo 90 ECTSko masterretan, mugikortasunak ezin izanen du seihileko akademiko bat baino gehiago iraun, edozein direla ere destinoko erakundearen egutegi akademikoaren hasiera- eta amaiera-egunak. Salbuespen izanen dira baterako titulazioen edo titulazio bikoitzen barrenean egiten diren egonaldiak.

2. 120 ECTSko masterretan, mugikortasunak ezin izanen du ikasturte bat baino gehiago iraun, salbu eta baterako titulazioen edo titulazio bikoitzen barrenean egiten direnak.

32. artikulua. Ikasketa-konpromisoa graduko eta masterreko mugikortasunean.

Ikasteko mugikortasuneko ikasleak ikasketa-konpromiso bat formalizatu beharko du, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Ikasturte bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 43 ECTS gutxienez eta 72 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak.

b) Seihileko bateko mugikortasun presentzialerako: matrikula berriko 18 ECTS gutxienez eta 42 ECTS gehienez, titulua lortzeko beharrezkoak direnak, salbu eta Prestakuntza Solidarioko Programan, non gutxienez 12 ECTS beharko diren.

c) Mugikortasun birtualerako eta mugikortasun konbinaturako: matrikula berriko 2 ECTS gutxienez eta 12 ECTS gehienez.

III. kapitulua.–Mugikortasunean parte hartzeko eta ikasketak edo praktikak aitortzeko betekizunak

33. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.

1. Mugikortasun programa batean parte hartzeko, NUPeko ikasleak arduraldi osorako egon behar dira matrikulatuak beren ikasketa-planean, bai eskaera egiten duten ikasturtean, bai mugikortasuna egiten duten ikasturtean. Nolanahi ere, Nazioartekotzeko Batzordeak zilegi izanen du arduraldi partzialean matrikulatutako ikasleen egoerak banaka baloratzea.

2. Deialdian parte hartzeko eta mugikortasuna egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da ikasleak dagokion matrikularen tasak eta prezio publikoak ezarritako epeetan ordaindu izana.

3. Eskaera aurkezteko unean, ikasketetan jarraitzeko baldintzak bete behar ditu ikasleak.

4. Eskatzaileek, gainera, dagozkien deialdietan parte hartzeko ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

IV. kapitulua.–Mugikortasun deialdiak eta hautaketa-prozedurak

34. artikulua. Prozedura eta edukia.

1. Urtero, eta horretarako zehazten den epearen barnean, mugikortasun deialdiak argitaratuko ditu errektoreak edo, hala badagokio, eskumena duen errektoreordetzak.

2. Deialdiek gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituzte oinarrietan:

a) Parte hartzeko baldintza akademikoak.

b) Eskainitako ikaspostuen baldintzak: destinoa, iraupena, NUPeko eskakizun linguistikoak edo akademikoak, zer titulaziotan eta seihilekotan eskaintzen diren, zein programatan kokatzen diren eta egokitzat jotzen diren beste batzuk. NUPek, halaber, destinoko erakundeak eskatzen dituen eskakizun akademiko eta linguistikoak ere jasoko ditu, baldin eta deialdia argitaratu aurretik jakinarazi bazaizkio.

c) Parte hartzeko prozedura, hautaketa-irizpideak eta esleipena.

d) Trukerako ikaspostuen ikasle onuradunei eskainitako dirulaguntzak, hala badagokio.

e) Ikasle hautatuen betebeharrak.

35. artikulua. Hautaketa eta ikaspostuen esleipena.

1. Ikasleen hautaketa eta ikaspostuen esleipena espediente akademikoaren arabera eginen dira, araudi honen 33. eta 34.2 a) artikuluetan adierazitako parte hartzeko eskakizunak eta 34.2 b) artikuluan adierazitako ikaspostuen baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

2. Balorazio Batzordea Nazioartekotzeko Batzordeko kideek osatuko dute deialdi bakoitzean.

3. Errektoreordetza eskudunak, Balorazio Batzordeak proposatuta, destinoak esleitzeko ebazpena emanen du deialdian ezarritako epean. Ebazpenak itxaron-zerrendan dauden ikasleen zerrenda hartuko du barne, eta berariaz adieraziko ditu interesdunek ebazpenaren aurka jartzen ahal dituzten errekurtsoak eta horietarako epea.

V. kapitulua.–Destinoko unibertsitateari jakinaraztea eta hark onartzea

36. artikulua. Ikasleen izendapena.

Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak ikasle hautatuen zerrenda eta haiekin harremanetan jartzeko datuak bidaliko dizkio erakunde hartzaile bakoitzari, deialdian ezarria dagoen moduan eta epean.

37. artikulua. Destinoko erakundearen onarpena.

1. Ikasleek mugikortasun programetan parte hartu ahal izateko, destinoko erakundeek edo enpresek onartu egin behar dituzte. Hautatutako ikasleei dagokie destinoko unibertsitatean, erakundean edo enpresan izena emateko izapideak egitea, eta haiek izen-ematea ezesten ahalko dute epeak edo sartzeko betekizunak ez betetzeagatik.

2. Ez badituzte ikasleak onartzen ikasleen erantzukizunekoak ez diren arrazoiengatik, NUPek mugikortasuna gauzatzen laguntzeko alternatibak kudeatuko ditu. Horregatik guztiagatik, NUPek egiten duen ikaspostuen esleipena ez da gauzatuko destinoko erakundeak ikasleak onartu arte.

VI. kapitulua.–Uko egiteak

38. artikulua. Prozedura eta ondorioak.

1. Parte hartzeko eskaera formalizatu ondoren ikasleak uko egin nahi badio, idatziz jakinarazi beharko dio nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari, Erregistro Orokorraren bidez.

2. Uko egitea kasuan kasuko mugikortasun deialdiak adierazten duen epetik kanpo jakinarazten dutenek ezin izanen dute parte hartu NUPen nazioarteko mugikortasun programetan, uko egitea ezinbesteko arrazoien ondorio denean izan ezik.

3. Ikaspostua lortu duena ez bada aurreikusitako egunean sartzen destinoko unibertsitatean, erakundean edo enpresan, eta ez badio ikaspostuari uko egin, aurreko apartatuko kasuan sartuko da.

VII. kapitulua.–Dirulaguntzak

39. artikulua. Mugikortasunerako laguntzak.

1. Mugikortasun programekin batera, mugikortasunaren kostuak konpentsatzeko dirulaguntzak ere ematen ahal dira. Deialdiak, hala badagokio, erakunde finantzatzaileen zerrenda jasoko du, zeintzuen artean NUP bera egoten ahal baita, eta ordaintzeko epeak, modua eta zenbatekoa ezarriko ditu.

2. Mugikortasun aldian, ikasleek beren jatorrizko erakundean lortutako ikasketetarako dirulaguntzak jasotzen jarraituko dute. Mugikortasunerako laguntzak estatuko edo eskualdeko beka-sistemen osagarriak dira –baita atzerriko gastu gehigarriengatik konpentsazioa ematen duten sistemen osagarriak ere–.

3. Mugikortasuna gauzatzen ez bada, edo ezin bada justifikatu 43. artikuluko i) apartatuan aipatzen den egonaldiaren ziurtagiriaren bidez, jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute ikasle onuradunek. Egonaldiaren ziurtagirian justifikatutako mugikortasunaren iraupena hasieran aurreikusitakoa baino laburragoa bada, jasotako laguntzaren parte proportzionala itzuli beharko da. Dagokion jakinarazpenetik hilabeteko epean itzultzen ez bada, NUPek ikasleen espediente akademikoa blokeatzeko ahalmena izanen du, harik eta haiek beren egoera erregularizatu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketen Arautegiak ezarritako ondorioak eta efektuak izanen ditu.

VIII. kapitulua.–NUPetik mugikortasun programetan parte hartzera kanpora doazen ikasleen eskubideak eta betebeharrak

40. artikulua. NUPetik mugikortasun programetan parte hartzera kanpora doazen ikasleen eskubideak.

NUPeko ikasleek, unibertsitateko araudian ezarritako eskubide orokorrez gain, honako eskubide hauek dituzte mugikortasun programetan parte hartzearen ondorioz:

a) Mugikortasun programa edo hitzarmenen deialdietan parte hartzea, haien oinarrien arabera, eta eskatutako mugikortasun ikaspostuak ikasleei esleitzearren ezarritako irizpide orokorrak eta espezifikoak aplikatuz.

b) Beren ikasketetan mugikortasunarekin lotutako informazioa eta orientazio akademikoa jasotzea.

c) Destinoko erakundeak mugikortasunarekin lotutako gai praktikoei buruz NUPera helarazi duen informazioa jasotzea.

d) Mugikortasunarekin lotutako dirulaguntzak lortzea, betiere deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak eta mugikortasun ikaspostuarekin lotutako baldintza espezifikoak betetzen baditu, halakorik balego.

e) Harrerako erakundean sartu aurretik, eta behar besteko informazioa izanez gero, bere ikasketa-planeko zer irakasgai aitortuko zaizkion jakitea. Irakasgai horiek ikasketa-konpromisoaren oinarrizko edukia izanen dira, nahiz eta aldaketa eskatzen ahalko den horretarako ezarritako prozeduraren arabera.

f) Mugikortasuna egitea, deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintza espezifikoen arabera, eta aitorpen akademikoa lortzea, ikasketa-konpromisoan eta haren aldaketetan aurreikusitakoaren arabera.

g) Goi mailako hezkuntzako destinoko erakundean prezio publiko akademiko eta administratiboak ordaintzetik salbuetsita egotea, mugikortasun programan edo hitzarmenean hala aurreikusten bada, hargatik eragotzi gabe derrigorrezko tasak ordaindu beharra, hala nola aseguruak, ikasleen sindikatuak, materialak eta antzekoak, harrerako unibertsitateko ikasleen baldintza berberetan.

41. artikulua. Mugikortasun programetan parte hartzera NUPetik kanpora doazen ikasleen betebeharrak.

Mugikortasun programa edo hitzarmen batean parte hartzen duten NUPeko ikasleek, unibertsitateko araudian ezarritako betebehar orokorrez gain, honako betebehar hauek dituzte:

a) Ikasketa-konpromisoa egitea, ikastegiak ezarritako irizpide eta aitorpen taulei jarraikiz, eta, beharrezkoa bada, hura denboran eta forman aldatzea.

b) Matrikula NUPen egitea mugikortasuna egiten duen ikasturtean, eta matrikulan ikasketa-konpromisoan jasotako irakasgaiak sartzea gutxienez, kasuan kasuko deialdian ezarritakoaren arabera.

c) Izena emateko eta matrikulatzeko izapideak egitea destinoko erakundean, bai eta onarpenerako eta egonaldirako hark eskatzen dion beste edozein izapide ere.

d) Europako Osasun Txartela lortzea edo mugikortasun aldian osasun laguntza bermatuko dion asegurua kontratatzea. Era berean, ikasleen erantzukizuna da bestelako istripu aseguruak edo hirugarrenentzako kalte aseguruak kontratatzea, destinoko erakundeak halakorik eskatzen badu.

e) Harrerako herrialdean legezko sarrerari eta egonaldiari buruz indarrean dagoen araudia betetzea, bai eta dagokion bisa lortzea ere, beharrezkoa bada.

f) Destinoko erakundearen arauak eta harrerako herrialdearen legeak betetzea.

g) NUP sustatzen laguntzea destinoko erakundean horretarako antolatzen ahal diren jardueretan.

h) Ikasketa-konpromisoan jasotako programa aprobetxamenduz betetzea.

i) Behin mugikortasuna amaituta, nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzailean aurkeztea destinoko erakundeak emandako egonaldiaren ziurtagiria, ikaslearen azken txostena eta kasuan kasuko deialdian eskatzen den gainerako dokumentazioa.

42. artikulua. Deialdiaren oinarriak ez betetzea.

1. Ikasleek mugikortasun programetan edo hitzarmenetan, araudi honetan eta kasuan kasuko deialdietan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, edo harrerako erakundearen edo enpresaren arauak betetzen ez badituzte, mugikortasun prozesua amaitu eginen da.

2. Ikasleek NUPen estatuko edo nazioarteko mugikortasun deialdien esparruan aurkeztutako dokumentazioa faltsutzen badute, eta hizkuntza-probetan edo, oro har, mugikortasun deialdiekin loturik NUPen egiten dituzten probetan iruzurrezko metodoak erabiltzen badituzte, hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira, edo, dagoeneko hautatuak badaude, mugikortasun prozesua bertan behera utziko da.

3. Mugikortasun prozesua bertan behera uzteak berekin ekarriko du jasotako laguntzak itzultzea, kasu bakoitzean eskatzen ahal den beste edozein erantzukizunen kalterik gabe. Laguntzak itzultzen ez badira, NUPek ikasleen espediente akademikoa blokeatzeko ahalmena izanen du, harik eta haiek beren egoera erregularizatu arte. Espedientea blokeatzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketen Arautegiak ezarritako ondorioak eta efektuak izanen ditu.

V. TITULUA.–GOI MAILAKO HEZKUNTZAKO BESTE ERAKUNDE BATZUETATIK DATOZEN IKASLEEN MUGIKORTASUNA: NUP-ERA DATOZEN IKASLEAK

I. kapitulua.–Aplikazio eremua eta tipologia

43. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Titulu hau honako ikasle hauei aplikatu behar zaie: mugikortasun programa baten edo hitzarmen baten esparruan goi mailako hezkuntzako erakunde batetik NUPera ikasketa-egonaldi bat egitera datozen ikasleei.

44. artikulua. Ikasleen tipologia.

Honako hauek hartzen dira goi mailako hezkuntzako erakundeetatik NUPera mugikortasun programa bat egitera datozen ikasletzat:

a) Ikasketa ofizialak egitearren NUPen hartzen diren ikasleak. Estatuko eta nazioarteko truke programetako ikasleak, beren jatorrizko erakundeak hautatuak eta NUPek onartuak NUPen mugikortasun akademikoko aldi baterako programa bat egin dezaten mugikortasun programa baten edo hitzarmen baten esparruan.

b) Ikasle bisitariak. Mugikortasun programa edo hitzarmenetatik kanpo NUPeko ikasketa ofizialetan mugikortasun akademikoko aldi baterako programa bat egin nahi duten ikasleak. Oro har, ikasle bisitarien egonaldia bi seihilekokoa izanen da gehienez ere, eta ez dute eskubiderik izanen titulu ofizialik eskuratzeko. Araudi honetako VI. tituluan daude jasoak ikasle bisitarien arauak.

II. kapitulua.–NUPen sartzeko baldintzak

1. atala.–Ikasleek bete beharreko baldintzak, ikasleen hautaketa eta parte hartzeko baldintzak

45. artikulua. Parte hartzeko baldintza orokorrak.

NUPen ikasketak egiteko, atzerriko ikastegi eta erakundeetatik datozen ikasleei hizkuntza-maila jakin bat eskatzen ahalko zaie ikasketak ematen diren hizkuntzan.

46. artikulua. Ikasleen hautaketa.

Ikasleen jatorrizko unibertsitateak hautatuko ditu mugikortasun programetan parte hartuko duten ikasleak mugikortasun programan edo hitzarmenean ezarritakoaren arabera, eta NUPek hartuko du ikasleen onarpenari buruzko behin betiko erabakia.

47. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Mugikortasun programetan onartua izateak ez du inola ere esan nahi unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen direla, hau da, betetzen direla unibertsitateko titulu ofizialak lortzera bideratuak dauden eta Espainia osoan baliodunak diren ikasketetan sartzeko indarrean dauden legeek ezarritakoak.

2. Nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak erabakiko du zer ikasle onartuko diren mugikortasun programetan parte hartzeko, behin ikasketa-programa egiteko ardura duen ikastegiak ikasketa-programa onartu ondoren. Horretarako, ikasleek eskaera-inprimakia eta ikasketa-programa bidali behar dizkiote unitate kudeatzaileari garaiz eta forman, bai eta kasu bakoitzean eskatzen den informazio gehigarria ere.

3. Mugikortasun programetako ikasleak ikastegiei atxikiko zaizkie. Ezinbestean aldebiko akordioan zehaztutako ikasketa-arloak zehaztu beharko du zer ikastegitara atxikiko diren ikasleak, eta, akordiorik ez badago, ikasleen ikasketa-programan definitutako ikasketa-arloak.

2. atala.–NUPeko egonaldiaren araubidea

48. artikulua. Matrikulari buruz.

1. Mugikortasun programetako ikasleek NUPen ikasketak egin nahi badituzte mugikortasun programa baten edo hitzarmen baten esparruan, graduko edo graduondoko titulu ofizialak lortzera bideratuak dauden eta Espainia osoan baliodunak diren NUPeko ikasketa-planetan ageri diren irakasgaietan baizik ezin izanen dute egin matrikula.

2. Azterketei eta gainerako ebaluazio probei buruz ikasle arruntentzat ezarriak dauden arau indardunak aplikatuko zaizkie mugikortasun programetako ikasleei.

3. Ikastegiek zilegi izanen dute proposatzea NUPeko irakasgaietan matrikula eginen duten mugikortasuneko ikasleen kopuru maximoak ez dezala gainditu haien taldeko ikasleen ehuneko jakin bat. Ikasposturik libre badago soilik onartuko dira mugikortasun programetako ikasleak irakasgaietan. Irakasgai jakin batean eskatzaileak gehiago badira ikaspostu libreak baino, ikastegiek hautatu beharko dituzte ikasleak.

4. NUPen behin betiko matrikula formalizatzeko, gehienez ere lau asteko epea izanen dute ikasleek beren ikasketak hasten diren egunetik; epe hori nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileak zehaztuko du matrikula aldi bakoitzerako. Epe hori pasa eta gero, ezin izanen da aldaketarik egin NUPeko matrikulan.

49. artikulua. Tasei eta prezio publikoei buruz.

Mugikortasun programetako ikasleak truke programetakoak badira, salbuetsiak egonen dira matrikularen prezio publikoak eta espediente akademikoa bidaltzeko tasak ordaintzetik, araudi honen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Aitzitik, ordaindu egin beharko dituzte kirol instalazioak erabiltzeko prezioak, jarduera kulturaletan parte hartzekoak, hizkuntza ikastaroetakoak eta curriculumekoak ez diren gainerako jardueretakoak ikasle arrunten kondizio beretan.

50. artikulua. NUPeko ikasketa-aldiari buruz.

Gehienez ere ikasturte akademiko batekoa izanen da NUPeko ikasketa-aldia, salbu eta mugikortasun programan edo hitzarmenean aldi luzeago bat ezarria badago edo egoera espezifikoaren ondorioz ikastegiak beste iraunaldi bat komeni dela proposatzen badu.

51. artikulua. Uko egiteak.

1. NUPeko ikasketa-aldia hasi ondoren ikasleren batek uko egiten badie ikasketei, idatziz jakinarazi behar dio nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari.

2. Ikasleari ez zaizkio itzuliko ordainduak dituen tasak eta prezio publikoak, ez eta NUPeko mugikortasun programaren ondoriozko bestelako gasturik ere, non eta ez dion ezinbesteko arrazoiengatik egin uko matrikulari.

52. artikulua. Ziurtagiri akademikoak.

1. Ikasketa-aldia bukatzean, ikasleek NUPen matrikulatuak zituzten ikasketei buruzko ziurtagiri akademiko pertsonal bat bidaliko die NUPek goi mailako hezkuntzako erakundeari edo ikaslearen jatorrizko erakundeari eta mugikortasun programan parte hartu duten ikasleei, araudi honen 21.1 b) artikuluarekin bat etorriz.

2. Horretaz gainera, ikasketa-aldia bukatzean, unibertsitatean egin duten ikasketa-aldiari buruzko ziurtagiri bat emanen die NUPek mugikortasuneko ikasleei. Egutegi akademikoan ezarriak dauden irakastaldietatik kanpo egiten diren jarduerak ez dira mugikortasun programako jarduera gisa ziurtatuko, salbu eta aldi horietan curriculumeko jarduerak egiten ez badira.

3. atala.–Betebeharrak

53. artikulua. Betebeharrak.

1. Mugikortasun programetako ikasleen betebeharrak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ikasle guztientzat ezarriak daudenak dira, eta honako hauek bereziki:

a) Ezarritako egunean hastea NUPeko ikasketetan. Bestela, ulertuko da ikasleak uko egin diela unibertsitatean onartua izateagatik zituen eskubide guztiei.

b) Eskatzen zaizkion dokumentuak betetzea eta aurkeztea NUPek ezarritako moduan eta epeetan.

c) NUPeko egonaldia egin aurretik eta bitartean beharrezko izapideak egitea ikasleak Espainian duen egoera juridikoak bete dezan atzerritarrak Espainian egoteari buruzko lege eta arau indardunetan ezarritakoa.

d) Mugikortasun programa presentzialen edo konbinatuen kasuan, aseguru medikoa kontratatzea NUPeko egonaldi osorako.

e) Ikasketa-programa probetxuz betetzea, eta programaren ardura duen ikastegiko arauak betetzea.

2. Ikasleak ez baditu betetzen betebehar horiek edo NUPeko ikasle guztientzat ezarritako arau orokorrak, NUPeko agintari akademikoek agindutakoa egin beharko dute. Baliteke ikasleari zenbait ardura harraraztea, kasua zein den, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko egonaldia bukatzea, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako dirulaguntza edo beka baliogabetzea eta itzularaztea, edo NUPen etorkizunean antolatzen diren mugikortasun edo truke programetako hautaketa-prozesuetatik baztertzea.

3. Mugikortasun programen baitan NUPera datozen ikasleei Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztientzat ezarriak dauden arau orokorrak aplikatuko zaizkie, mugikortasun programaren edo hitzarmenaren berezitasunak galarazi gabe.

VI. TITULUA.–IKASLE BISITARIEI BURUZ

54. artikulua. Ikasle bisitarien kontzeptua.

1. Ikasle bisitariak honako hauek dira: goi mailako estatuko eta nazioarteko hezkuntzako erakundeetatik NUPera datozen ikasleak egonaldi akademikoa eta ikasketa ofizialak egitera mugikortasun programetatik eta hitzarmenetatik kanpo.

2. Ikasle bisitariek ez dute eskubiderik izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu akademiko ofizialik lortzeko.

55. artikulua. Ikasle bisitarien onarpena eta egonaldia.

1. Ikasle bisitari izateko eskaera nazioartekotzearen eta lankidetzaren arloko unitate kudeatzaileari bidali behar diote ikasleek, urte bakoitzean ezartzen den moduan eta epeetan, ikastegiek beren ahalmena egokitu dezaten. Eskaerarekin batera, espediente akademikoa aurkeztu behar dute ikasleek, jatorrizko erakundekoa, eta zer ikasketa-programa egin nahi duten adierazi. NUPek zilegi du atzerriko erakundeetatik datozen ikasleei hizkuntza-maila jakin bat eskatzea, ikasleek proposatutako ikasketetako irakasgaiak ematen diren hizkuntzan.

2. 12/2009 Lege Organikoan oinarrituz Espainian asiloa eskatu duten ikasleen kasuan (2009ko urriaren 30ekoa, Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen duena), Barne Arazoetako Ministerioaren ebazpenaren zain dauden bitartean, batetik, eta errefuxiatu izaera izanik edo babes subsidiariorako eskubidea edukita 1. apartatuko dokumentazioa ezin badute aurkeztu, bestetik, ikastegi hartzaileak balorazio batzorde bat izendatuko du ikasle bisitari gisa proposatutako irakasgaiak egiteko gaitasun aski ote duten ebaluatzeko.

3. Ikasle bisitari izanen direnek NUPeko matrikularen prezio publikoak ordainduko dituzte, hots, NUPen zerbitzu akademikoak emateagatik ordaindu beharreko prezioak zehazten dituen foru aginduaren arabera onetsiak daudenak.

4. Ziurtagiri akademikoak emateko eta bidaltzeko eskaerari dagozkion tasak ordaindu behar dituzte ikasle bisitariek.

5. Ikasle bisitarien egonaldi akademikoa bi seihilekokoa izanen da gehienez ere.

2. apartatuan deskribatutako kasuetan, beste bi seihilekoz luzatzen ahalko da ikasle bisitarien egonaldia.

6. Ikasle bisitariek eskubidea izanen dute egin dituzten ikasketen eta lortu dituzten kalifikazioen ziurtagiri akademikoa eskuratzeko, baina ezin izanen dute eskuratu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu akademiko ofizialik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Doktoretzako ikasleei araudi honetan jasotako arauak aplikatuko zaizkie arau osagarri gisa haien araudi espezifikoari kontra egiten ez dioten alderdietan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez 2022ko maiatzaren 6an onetsia (2022ko 96 zenbakidun NAOa, maiatzaren 18koa), Gobernu Kontseiluaren 2024ko uztailaren 30eko erabaki baten bidez aldatua (2024ko 159 zenbakidun NAOa, abuztuaren 5ekoa).

AZKEN XEDAPENA

Araudi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2612625