196. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1059E/2026 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egiten baita Unlaju SLk sustatutako "Deikazteluko El Raso alderdian 76.046 tokiko oilasko gizendegia" proiektuari buruz, udalerri horretan.

Jarduera oilaskoak gizentzea da; horretarako, gizentzeko bi nabe berdin eta jarduera garatzeko behar diren gainerako elementuak instalatuko dira. Lurzatira iristeko bidea badago, eta bi hodi instalatzea aurreikusi da: bat Deikazteluko udal sareko uraz hornitzeko eta bestea hurbileko telekomunikazio estazio batetik elektrizitatea ekartzeko.

Proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko I. multzoko 1. taldeko a) apartatuko 2. zenbakian sartua dago, eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Proiektua Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 10eko 17/2020 Foru Legearen I. eranskineko 10.2 taldean ere jasota dago, eta, beraz, ingurumen baimen bateratuaren araubidearen mende dago.

–Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izapidetzea.

21/2013 Legearen 36. artikuluari jarraikiz, Unlaju SL sustatzaileak proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa aurkeztu zizkion 2025eko urriaren 21ean Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Zerbitzu horrek jendaurrean jarri zituen, 2025eko abenduaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 251. zenbakian argitaratutako iragarki baten bidez, 30 egun baliodunez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritako ondorioetarako. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.

21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarritako ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko izapidean, 13 kontsulta egin ziren. Ingurumen Ebaluaziorako, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren, Kutsaduraren aurkako Prebentziorako eta Animalien Ekoizpenaren atalek erantzun zuten, baita Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak eta Deikazteluko Udalak ere.

Txosten honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioko aldiaren emaitzen laburpenak.

2026ko ekainaren 5ean, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari. Zerbitzu horrek Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zion eskaera, espedienteko dokumentazioarekin batera.

—Espedientearen azterketa teknikoa.

Jarduketa eremua zerealak lantzeko lurzati batean dago, Montejurraren hego isurialdeko muino batean, Deikaztelutik 1.250 metro inguru hego-ekialdera. Inguruko paisaian pinuak, arteak eta abaritzak daude, baita terrazetan eta ezpondarik malkartsu eta harritsuenetan hazten den zuhaixka landaredi mediterraneoa ere. Erliebea Ega ibaiaren haranaren hondorantz jaisten den heinean, malda leunagoetan eta ibarbideetan olibadiak, zereal soroak eta zur landareen laboreak ugariagoak dira.

Kokalekuan bertan nabarmentzekoa da pinudi oparo bat dagoela lurzatiaren iparraldeko mugako ezpondan eta muinoaren ekialdeko luzapenean. Mendebaldean, landaredi espontaneoz leheneratutako antzinako lur metaketa bat dago, eta proiektuak ez du han jarduketarik aurreikusi.

Lurzatia hegoaldetik mugatzen duen bidearen ondoan, Neolitoko "El Raso" aztarnategi arkeologikoa dago (09-31-080-002), 3. kategoriakoa. Proiektuak aztarnategiaren iparraldeko muturrean eta haren 50 metroko babes zerrendan du eragina. Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2026ko maiatzaren 9ko erantzun txostenak gomendatzen du hegazti instalazioko nabeen kokapena aldatzea. Txostenak dioenez, aukera hori bideragarria ez bada, aldez aurreko esku hartze arkeologikoa egin beharko da (ikus txostenaren edukiaren laburpena ingurumen inpaktuaren adierazpen honen II. eranskinean).

Izapidetzean, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren oharren ondorioz, dokumentazioa aldatu da nabeak zabalgunean mailakatuta kokatzeko: ekialde-mendebalde norabidean dauden nabeen zimendatze koten artean 50 cm-ko aldea egonen da. Horrela, ezarpenak indusketa sakonera murrizten du mendebaldeko goiko aldearen eta ekialdeko beheko aldearen artean, eta lurzatiaren ipar-hego zeharkako maldara egokitzea errazten du. Berriz landareztatzen ahal diren ezpondak sortuko dira, gehienez hiru metroko altuerakoak eta malda ertainekoak, 2H:1V-koak edo leunagoak.

Alderdi garrantzitsutzat jotzen da pinudiari eragiteko aukera, hegoaldeko aztarnategi arkeologikoaren eta iparraldeko pinudiaren artean nabeak jartzeko toki gutxi baitago. Eragin hori saihesteko edo gutxitzeko, behar adinako tartea utzi beharko da, obrak egitean eta jarduera martxan dagoenean pinudia babestuko dela bermatzeko. Ingurumenean integratzeko neurriak diseinatzean, kontuan hartzekoa da, halaber, "Zangozatik Vianara doan Ibilbide Arkeologiko, Monumental eta Paisajistikoa" hegoaldean ondo-ondoan dagoela.

Ez da aurreikusten elektrizitate eta ur hornidurak eragin nabarmenik izatea, hodiak lurpeko zangetan jarriko baitira, Iturmayor eta Kalbario bideen korridoreetan; bide horien ertzetan ez dago landaredi aipagarririk.

Proiektuak landaketak jasotzen ditu ingurunean integratzen laguntzeko: instalazioa lurzatiaren topografiara egokitzea, pinudia babestea eta ingurura egokitzea dute helburu.

Ingurumen inpaktuaren azterketa eta proiektuaren ingurumen ebaluazioa berrikusita, ondorioztatzen da usainak sortzea, abere hilak kudeatzea eta gaueko zerurantz argia igortzea direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, giza erabilerei, azaleko urei, lurzoruei eta habitatei eragiten ahal dietelako. Horri dagokionez, proiektuak teknika erabilgarri onenak jasotzen ditu: usainak sortzea prebenitzeko neurriak, sortutako simaurra eta hazkuntzan hildako abereak behar bezala kudeatzea (kudeatzaile bati emanen zaizkio), eta jarduerari dagozkion neurriak, emisioak eta lurzoruaren eta uren kalitatearen gaineko inpaktu metagarriak murrizteko. Alderdi horiek guztiak ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatuko dira.

Proiektuaren egungo konfigurazioa aldatzen ez bada, balio arkeologikoak babesteko aldez aurreko esku hartze arkeologikoa egin beharko da, kultura ondareari eraginik ez zaiola eginen egiaztatzeko, Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak / Vianako Printzea Erakundeak emandako jarraibideei jarraikiz.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, espedienteko txostenak, jendaurrean jarri izanaren emaitza eta espedientearen azterketa teknikoa ikusita, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela. Atal horren arabera, proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria da, baldin eta betetzen badira proiektuan eta ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio eta zuzenketa (konpentsazio) neurriak, baita ebaluazio honetatik eratortzen direnak ere; beraz, aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen da.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela kontuan hartuta, azaldutakoarekin bat etorriz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 24ko 44/2026 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea Unlaju SLk sustatutako "Deikazteluko El Raso alderdian 76.046 tokiko oilasko gizendegia" proiektuari buruz, udalerri horretan.

2. Espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera baldintza hauek beteko dira:

–Kultura, Kirol eta Turismoko Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak / Vianako Printzea Erakundeak ondare arkeologikoa babesteko ezartzen duenari jarraituko zaio. Atal horrek nabeen kokapena aldatzea gomendatzen du, eta adierazi du, aukera hori bideragarria ez bada, nahitaezkoa izanen dela aldez aurreko esku hartze arkeologikoa egitea; esku hartze horretan inpaktu arkeologikoaren azterketa eginen da, ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko izapidean jasotako erantzun txostenaren jarraibideei jarraikiz.

–Ingurumen inpaktuaren adierazpen hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezartzen diren baimen guztiak lortzen dituen ala ez, eta, bereziki, instalazioaren ingurumen baimen bateratua, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio prozedurarekin. Izapide horretan, instalazioaren ingurumen alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira: teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, emisio atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.

–Ustiategia gobernatzeko eta abere hilak kudeatzeko sistemak ezin du eman animalia sarraskijaleak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzeko aukerarik. Abere hilak edukiontzi espezifikoetan biltegiratuko dira, eraikin itxietan edo teilapeetan, hegazti eta ugaztun sarraskijaleak ez erakartzeko eta horiek abereen hondarretara iristea saihesteko.

–Nabea muntatzeko eraikitze-lanak, makinen mugimenduak eta lur-pilaketak eta -isuriak lurzatiaren barrualdera mugatu beharko dira, landaredi naturalari eta kanpoko berroneratze-eremuei eragin gabe.

–Argi kutsadura eta argi arrotza murrizteko, Kanpoko argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua eta haren EA-01etik EA-07ra bitarteko jarraibide tekniko osagarriak onesten dituen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hau:

  • Argi puntuek goiko hemisferiorantz igortzen duten gehieneko argi fluxua (GHA) % 5ekoa edo txikiagoa izanen da kanpoko argiteriako argi puntu guztietan (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua: argi emisioen mugak).
  • Argi zuri-urdinkara duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo anbar koloreko LEDak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin-luzeren erradiazioa iragaztea.
  • Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da lanorduetan edo lanetan behar denean, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

–Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, ezpondetan landare lurra zabalduz prestatu beharko da lurra, eta zuhaitzak landatu beharko dira gutxienez ustiategiaren hegoaldeko eta mendebaldeko mugetan, pinudiarekin bat ez datozen eremuetan.

Landaketetarako, inguruko klimara egokitutako espezie autoktonoak edo fruitua hegaztientzat erakargarria ez duten zuhaitz produktiboak (olibondoak, almendrondoak) erabiltzen ahalko dira. Landaketa horiek ureztatu eta zaindu beharko dira, ustiategiaren jardun osoan iraun dezaten bermatzeko.

–Soberan geratzen diren materialak eta indusketako lur soberakinak hondakindegi baimendu batera eraman beharko dira edo, haien izaeraren arabera, kudeatzaile baimendu baten eskura jarri. Landare lurra atera eta gorde beharko da lehengoratze jarduketetarako eta, jarduera bertan behera utzi ondoren, lurrari lehengo erabilera itzultzeko.

–Handitutako instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten labur bat aurkeztu beharko du, ezponden deskribapen geometrikoa, ingurumen lehengoratze lanak eta egindako landaketak zehazten dituen dokumentazioarekin. Dokumentazio horrek abere hilak biltegiratzeko hartutako soluzioaren dokumentazio grafikoa ere jasoko du.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, administrazio bidean proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak diren errekurtsoak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11eko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau organo substantiboari eta Ingurumen Zaintzako Lizarrerriko Hegoaldeko Koordinazio Unitateari jakinaraztea, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2026ko irailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

Deikazteluko 5. poligonoko 692. lurzatian 76.046 tokiko oilasko gizendegi bat paratzea proiektatu da. Horretarako, 125 × 18 metroko bi nabe berdin eraikiko dira, nabeen aurrealdeari atxikitako hiru biltegi eta instalazioaren sarreraren ondoan aldagelarako 17,5 m²-ko eraikin bat.2. Elikadura elementuak eta siloak 5.251 m²-ko zabalgune batean jarriko dira, 2eta 2.155 m²-tan 2hormigoizko zoladura jarriko da nabeen aurreko eta atzeko maniobra eremuetan.

Nabeek halako instalazioei dagokien ekipamendu teknologikoa izanen dute: aireztapen behartua, fatxadako lurruntze-panelen bidezko klimatizazioa, gas naturaleko erregailuak, argiztapena eta pentsu zein ur hornidura automatizatuta. Instalazioak hornidura elektrikoa izanen du, lurzatiaren barruan transformadore bat jarrita. Ura ureztapen saretik hornituko da, 5,5 m³-ko edukiera duen metalezko andel batera konektatuta.3de capacidad.

Jarduera oilaskoak 50 gramotik 2,5 kg-ra gizentzean datza; oilaskoak batera sartzen dira eta batera ateratzen dira hiltegira eramateko. 45 eguneko gizentze ziklo bakoitzaren ondoren, hutsaldi sanitarioa egiten da eta nabeak garbitzen dira; orduan, ohantzea eta simaurra kudeatzaile baimendu batek kentzen ditu. Urtean 5,5 ziklo inguru egiten dira. Abere hilak kudeatzaile baimendu batek kudeatzen ditu.

II. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN ETA INFORMAZIO PUBLIKOAREN IZAPIDEAREN LABURPENA

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen laburpena:

KONTSULTATUTAKO ENTITATEEN ETA INTERESDUNEN ERANTZUNEN ZERRENDA

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X

Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atala (Lurralde eta Paisaia Zerbitzua)

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Deikazteluko Udala

X

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea

Ekologistak Martxan - Landazuria

Ekologistak Martxan

Sustrai Erakuntza Fundazioa

SEO/BirdLife

Gurelur

Greenpeace España

Ingurumen Inpaktuaren Atalak eremuko ingurumen balioak azaldu ditu; bereziki nabarmendu ditu lurzatia Montejurraren hego isurialdeko toki garai eta zabalean dagoela eta magaletan pinudi bat dagoela. Kontuan hartu beharreko alderdien artean, txostenak aipatzen ditu proiektua lurzatiaren topografiara egokitzea eta instalazioa Deikaztelutik hurbil egotea, ingurumenean integratzeko eta herritarrengan eragina izan dezaketen usainak prebenitzeko neurriak bermatzeko.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egiaztatu du proiektuak betetzen dituela Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako instalazioen ingurumen baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritako kokapen baldintzak. Hala ere, martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bigarren azken xedapenari jarraikiz, azienda larri unitatetan (ALU) kalkulatutako edukieran akats bat dagoela ohartu da: 84.000 tokirako proiektatutako instalazioak 252 ALU izanen ditu.

Adierazi du, hegazti haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretua betetzeko, ustiategiak teknika bat edo teknika multzo bat erabili beharko duela nabeetako amoniako emisioak % 60 murrizteko, erreferentziako teknikaren aldean, teknika bakoitzari lotutako NH3 emisioak murrizteko ahalmena kontuan hartuta.

Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalak, informazio gisa, hirigintza eta lurralde plangintzari buruzko oharrak egin ditu. Adierazi du udalerria hartzen duen "Erdialdeko Eremuak" 4. Lurralde Antolamenduko Planak (LAP-4) proiektuaren lurzorua nekazaritzarako gaitasun handiko ustiapen naturalerako balioa duen lurzoru gisa sailkatzen duela (SNUPrtEN: SECA). Horrenbestez, ustiategiak frogatu beharko du lotura duela lehengaiak erabiltzearekin edo simaurra lurzoruan sartzearekin; halaber, jarduketak lurzorua zigilatzea ahalik eta gehien mugatu eta landare lurra kontserbatzea bermatu beharko du, jarduera bertan behera utzi ondoren berriz jartzeko.

Deikazteluko udal hirigintza plangintzari dagokionez, lurzatia ustiapen naturalerako zaindu beharreko lurzoru gisa sailkatuta dagoela adierazi da. Lurzoru mota horretan haztegiak baimentzen ahal dira. Halaber, udal plangintzara egokitzeko okupazio eta urbanizazio baldintzak azaldu dira, bai eta ezpondek eta landaketek bete beharreko paisaia integraziorako baldintzak ere. Ohartarazi da, gainera, "El Raso" aztarnategi arkeologikoa (3. mailako babes arkeologikoa duena) lurzatiaren ondoan dagoela eta haren 50 metroko babes zerrenda nabeak egitea aurreikusten den lurzatian sartzen dela.

Azkenik, proiektuak hirigintzako izapidetzean bete beharreko baldintzak eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari lotutako beste baldintza batzuk aipatzen dira. Era berean, titularrak behar diren ukipen sektorialei buruzko txostenak lortu beharko dituela adierazten da, besteak beste Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jarduketa "El Raso" aztarnategiarekin bateragarria den jakiteko egin beharrekoa.

Deikazteluko Udalak udal txostena egin du, Lizarrerriko Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoak idatzitakoa jasota. Deikazteluko udal planaren arabera, jarduera baimentzen ahal da lurzoru mota horretan. Halaber, Pradobeltran erretena hurbil dagoenez eta obrak jabari publiko hidraulikoan eginen direnez, arroko erakundearen baimena behar dela adierazi du.

Adierazi du "El Raso" aztarnategia kokalekuaren ondoan dagoela, kultura balioa duen babes lurzoruan; udal hirigintza planaren babes katalogoan tokiko garrantzia duen ondasuna da eta gutxienez 50 metroko babes eremua du. Halaber, "Erdialdeko Eremuak" 4. Lurralde Antolamenduko Planaren arabera aplikatu beharreko sailkapena eta zehaztapenak aipatu ditu. Jarduera baimentzen ahal da, aplikatu beharreko gainerako legeria indarduna bete beharra galarazi gabe.

Animalien Ekoizpenaren Atalak (Abeltzaintza Zerbitzua) jarduerari aplikatu beharreko araudi sektorialaren berri eman dio titularrari. Ustiategiaren edukiera azienda larri unitatetara (ALU) bihurtzean eta sailkatzean akats bat dagoela ohartu da: toki bakoitzeko ALU indizea 0,003ra murriztuta, 252 ALU ditu eta edukiera ertainekoa da.

Hala ere, adierazi du ez dagoela informaziorik animalien ongizateari buruzko araudia betetzeari dagokionez, zehazki animaliak hartzeko instalazioetako argiztapenari, lerro eta hegazti bakoitzeko janleku mota eta kopuruari eta nabeen hozte sistemaren ezaugarriei buruz. Beraz, sustatzaileak informazio hori aurkeztu beharko du baimenaren fasean.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak jakinarazi du Neolitoko "El Raso" aztarnategi arkeologikoa, 3. kategoriakoa, proiektuaren lurzatitik Iturmayor bideak bereizten duela. Proiektuak aztarnategiaren iparraldeko muturrean eta haren kanpoko mugaren inguruko 50 metroko babes zerrendan eragiten du. Nabeen kokapena aldatzea gomendatu ondoren, adierazi du Nafarroako Kultura Ondareari buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuz aldeko txostena egin duela, aldez aurreko esku hartze arkeologikoa egiteko baldintzarekin. Horrek txostenean adierazitako azaleran zundaketak egitea eta inpaktu arkeologikoaren azterketa bat prestatzea ekarriko du (arkeologo baten edo arloko enpresa espezializatu baten eskutik).

Arkeologiako esku hartzearen prozeduran Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin-Vianako Printzea Erakundearekin koordinatzeko eta baimenaren eta erregistroaren azken ebazpena lortzeko betebeharren berri eman du. Adierazi du azken batean Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarriko duela, hala badagokio, proiektua aztarnategiari dagokionez bideragarria den, aztarnategiaren izaeraren eta uki daitekeen ehunekoaren arabera.

III. ERANSKINA.–INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA ZAINTZA PLANA

Izapidetzean ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin da, ingurumen baimen bateratua lortzeko aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidean aurkeztutako informazioa ere biltzen da bertan.

Azterketan, alderdi esanguratsuak jaso dira, eta proiektuak ezarpen- eta funtzionamendu-fasean izan ditzakeen inpaktuak identifikatu eta deskribatu dira. Horrez gainera, proiektua ingurumenean integratzeko neurriak proposatu dira. Hauek dira proiektuak jasotako neurriak: obrek proiektuaren eremuan izanen duten ukipena mugatzeko prebentzio-neurriak, gauzatutako obran hautemandako desbideratzeak konpontzeko neurri zuzentzaileak eta beste batzuk, funtzionamenduan zehar ingurumen eragina minimizatzekoak.

Azterketan, halaber, ingurumena zaintzeko plan bat bildu da, eta bertan sartzen dira proiekturako eta jarduerarako aurreikusitako inpaktu nagusien jarraipen- eta kontrol-betebeharrak.

Iragarkiaren kodea: F2612500