196. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

649/2026 EBAZPENA, irailaren 24koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita kalteberatasun egoeran dauden Nafarroako Foru Komunitateko 4 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako laguntzen deialdia, guraso elkarteek programatutako eskolaz kanpoko jardueren eta hezkuntza, kirol eta arte jardueren prezioa finantzatzeko, 2026-2027 ikasturtean. DDBN kodea: 927855.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, baliatuz hezkuntza-plangintzaren, ekitatearen eta desberdintasunen konpentsazioaren arloan dituen eskumenak, Hezkuntza 360 delakoa bultzatu nahi du, esparru estrategiko gisa, ikasleek hezkuntza-aukera integralak izan ditzaten, eskola-ordutegiaren barruan zein kanpoan.

Hezkuntza eta gizarte arloko desberdintasunak murriztuko badira, funtsezko faktorea da hezkuntza-, kultura-, kirol- eta aisialdi-aukera ekitatiboak izatea eskola-ordutegitik kanpo. Ildo horretan, eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzea lagungarria izan daiteke ikasleen garapen integralerako, sustatzen baititu konpetentzien bereganatzea, sozializazioa, parte-hartze komunitarioa eta ongizate pertsonala.

Hezkuntzak 360 delakoak sustatzen duen denbora osoko hezkuntzaren ikuspegiak agerian uzten du beharrezkoa dela ikasturte osoan sarbide unibertsala bermatzea hezkuntza, kirol, arte, kultura eta aisia jardueretarako, familien egoera ekonomikoa edo soziala parte hartzeko oztopo izan ez dadin.

Sarbide hori errazteko eta aukera-berdintasuna bermatzeko, guraso elkarteei zuzendutako deialdi hau sustatzen da, 2026-2027 ikasturtean dauden eskolaz kanpoko jardueren eskaintza aprobetxatuz eta indartuz, kalteberatasun-egoeran dauden 4 eta 16 urte bitarteko ikasleen parte-hartzea errazteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea kalteberatasun egoeran dauden Nafarroako Foru Komunitateko ikasleei zuzendutako laguntzak emateko, guraso elkarteek programatutako eskolaz kanpoko jardueren eta hezkuntza, kirol eta arte jardueren prezioa finantzatzeko, 2026-2027 ikasturtean.

2. Deialdi honen gastua baimentzea, guztira 694.588,16 eurokoa, 2026ko gastu-aurrekontuko "Hezkuntza 360 gradu" izeneko 420004 42700 4609 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Inklusio Atalari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko irailaren 24an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK, KALTEBERATASUN EGOERAN DAUDEN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 4 ETA 16 URTE BITARTEKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIARENA, GURASO ELKARTEEK PROGRAMATUTAKO ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN ETA HEZKUNTZA, KIROL ETA ARTE JARDUEREN PREZIOA FINANTZATZEKO, 2026-2027 IKASTURTEAN

Lehena.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da kalteberatasun egoeran dauden Nafarroako Foru Komunitateko 4 eta 16 urte bitarteko ikasleei, ikastetxe publikoetako zein itunduetakoei, laguntzak ematea guraso elkarteek programatutako eskolaz kanpoko jardueren eta hezkuntza, kirol eta arte jardueren prezioa finantzatzeko, 2026-2027 ikasturtean.

Laguntzen helburu espezifikoa izanen da sustatzea kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoeran dauden ikasleek jarduera horietarako sarbidea eta parte-hartzea izan dezaten, eta honako hauek lortzen laguntzea:

a) Aukera-berdintasuna sustatzea sarbidea izateko hezkuntza, kultura, kirol eta arte-jardueretan nahiz aisialdi hezigarrikoetan.

b) Ikasleen baldintza sozioekonomikoetatik datozen desberdintasunak murriztea.

c) Ikasleen inklusioa eta parte-hartze osoa sustatzea ikastetxeko bizitzan.

d) Ikasleen garapen integrala sustatzea, eskola-ordutegiaren barneko eta kanpoko hezkuntza-aukeren bidez.

e) Ikasleen ikasteko eta parte hartzeko aukerak zabaltzea.

f) Bizikidetza, parte-hartzea eta ikastetxeko kide izatearen sentimendua sustatzea.

g) Guraso elkarteen, ikastetxeen eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza sustatzea, ekitate-politikak garatzeko.

Bigarrena.–Deialdiaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.

2.1. Deialdi honen zenbatekoa, guztira, 694.588,16 euro da, eta egonen da 2026ko gastu-aurrekontuko "Hezkuntza 360 gradu" izeneko 420004 42700 4609 322402 partidaren kargura.

Guraso elkarteek eskolaz kanpoko jardueren proiektu bat aurkeztu beharko dute 2026-2027 ikasturterako, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.

Proiektuak norgehiagokako prozeduraren bidez baloratu ondoren, Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du zenbateko dirulaguntza dagokion erakunde onuradun bakoitzari. Dirulaguntza hori gehienez ere 120 eurokoa izanen da ikasle bakoitzeko, eta 34.080 eurokoa guraso elkarte bakoitzeko.

Dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, ordainketa bakarrean. Aurrerakintzat hartuko da ordainketa hori, eta diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko da ondoren, deialdi honetan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza eman eta ordainduko da 2026ko azken hiruhilekoa bukatu baino lehen. Laguntzak emateko proposamenak berekin ekarriko du dirulaguntzaren hartzaileen artean hainbanatzea, baldin eta diruz lagundutako azken guraso elkartearen kreditu erabilgarria agortzen bada.

Erakunde onuradunek ordainketa aurreratua jasotzen ahalko dute, oinarri arautzaileetan berariaz aurreikusita badago eta justifikatzen bada funtsez hornitzeko beharra, dirulaguntzaren helburuak betetzeko, jarraikiz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan xedatutakoari.

Horretarako, guraso elkarteek egiaztatu beharko dute funtsak aldez aurretik eskuratu behar dituztela, diruz lagundutako eskolaz kanpoko jarduerak aldi baterako finantzatzeko. Hori frogatzeko, VII. eranskina aurkeztu beharko da (Adierazpena, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko funtsez hornitu beharra frogatzeko), behar bezala beteta eta erakundearen ordezkariak sinatuta.

VII. eranskina aurkezteak ez du nahitaez esan nahi erakundeak frogatu behar duela batere funtsik ez izatea; justifikatu beharko du, ordea, dirulaguntza aldez aurretik eskuratu behar duela diruz lagundutako jarduerak gauzatzetik eratorritako gastuei aurre egin ahal izateko.

2.2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira ikasle hartzaileek proiektuan sartutako eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzea finantzatzera bideratzen diren zenbatekoak.

2.3. Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa izanen da 120 euro ikasle bakoitzeko, 2026-2027 ikasturtean. Jardueren kostua txikiagoa denean, diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ezin izanen du gainditu plazaren benetako kostua. Jardueraren kostua handiagoa denean, laguntzak gehienez 120 euro finantzatzen ahalko ditu ikasle bakoitzeko, eta familiari dagokio bere gain hartzea, jarduerarako ezarritako sistemaren arabera, egon daitekeen aldea.

Ez dira diruz lagunduko onartutako proiektuan sartuta ez dauden jardueren gastuak, ez eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten ikasleen plazak ere.

Hirugarrena.–Erakunde onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan diharduten guraso elkarteak.

Guraso elkarte bakoitzak aurkeztuko du ikastetxe bakar bati dagokion proiektu bat. Guraso elkarte batek ikastetxe bat baino gehiagoko jarduerak kudeatzen dituenean, proiektu bereizi bat aurkeztu beharko du ikastetxe bakoitzeko.

Laugarrena.–Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

Guraso elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Jarduteko gaitasuna izatea eta egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzaren onuradun izatea eragozten duen egoeraren batean ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

d) 2026-2027 ikasturtean eskolaz kanpoko jarduerak gauzatzea edo horietan parte hartzea.

e) Proiektu bat aurkeztea, dagokion II. eranskinean ezarritako ereduarekin bat.

Bosgarrena.–Hezkuntza 360 arloko proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak jaso beharko du guraso elkarteak 2026-2027 ikasturtean egitea aurreikusten dituen eskolaz kanpoko jardueren programazioa.

1. Proiektuko jarduerak arlo hauetakoak izan daitezke:

a) Kirolak.

b) Artea eta kultura.

c) Musika.

d) Zientzia eta teknologia.

e) Hezkuntza eta konpetentzien errefortzua.

f) Hizkuntzak.

g) Aisialdi hezigarria eta aisialdia.

h) Ingurumena.

i) Parte-hartzea, bizikidetza eta garapen pertsonala.

j) Beste edozein jarduera, baldin ikasleen garapen integralari laguntzen badio eta koherentea bada Hezkuntza 360 delakoaren helburuekin.

2. Eskolaz kanpoko jarduerak eskola-orduetatik kanpo egin beharko dira, eta ikastetxeko ikasleei zuzenduta egon. Ezin izanen da jarri parte hartzeko baldintzatzat guraso elkarteko kide izatea, ez eta ikasleen guraso, tutore edo legezko ordezkariek kide izan beharra ere.

3. Proiektuak eskaintza dibertsifikatua eta irisgarria bultzatu beharko du, jarduerak egin ahal izan ditzaten denetariko adin eta ezaugarriak dituzten ikasleek.

Seigarrena.–Diruz lagundutako plazen hartzaile diren ikasleak.

Deialdi honen bidez finantzatutako plazak izanen dira dagokien ikastetxean Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan (4-16 urte) eskolatuta dauden eta 2026-06-30ean EDUCAko kalteberatasun-egoerako 9. ardatzean erroldatuta dauden ikasle adingabeentzat. Erroldatuta egoteko arrazoiak honako lau hauetako bat izan beharko du:

  • Familia-errenta (FE): 2024ko ekitaldian errentaren 1. kintiletik beherako diru-sarrerak izan zituen familia-unitate bateko kidea.
  • Errenta bermatua (EB): errenta bermatua jasotzen duen familia-unitate bateko kidea.
  • Beka-hartzailea: beste administrazio publikoren baten eskutik jantokiko beka edo laguntza ekonomikoa jasotzen duen ikaslea.
  • Erantzukizunpeko adierazpena: zuzendaritza taldearen erantzukizunpeko adierazpena, salbuespeneko kasuetarako, non ezin dugun kalteberatasun-egoera baliozkotu aurreko arrazoi horietakoren batengatik.

Salbuespenez, Nafarroako hezkuntza-sisteman sartu berri direnen kasuan, eta ezarritako epearen barnean aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren, zerbitzu eskudunak baloratuko du 9. ardatzean erroldatutako ikasleei dagozkien eskabideak onartzea.

Guraso elkarteko kide izatea ez da inola ere izanen jardueretan parte hartzeko baldintza, ez eta deialdi honen bidez finantzatutako plazen hartzaile izateko baldintza ere. Ikasleek jardueretan parte hartzen ahalko dute, gurasoak, tutoreak edo legezko ordezkariak guraso elkarteko kide izan zein ez.

Zazpigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau dela-eta jasotako datu pertsonalak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tratatuko ditu, laguntza hau kudeatu, izapidetu eta kontrolatzeko, interes publikoaren izenean egindako misio batean, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoarekin, eta interesdunen baimenarekin.

Laguntza eman ahal izateko, azken hartzaile izanen diren familiek baimena eman beharko diete guraso elkarteei 9. ardatzaren erroldan (kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleak) duten erregistroa kontsulta diezaioten Hezkuntza Departamentuari, bai eta Hezkuntza Departamentuak informazio hori guraso elkarteari emateko ere. Baimen horrek sinatuta egon beharko du V. eranskinari jarraikiz.

Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du ea aurrez izena emandakoek betetzen dituzten kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleen baldintzak, deialdi honen hirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

Interesdunek organo horren aurrean baliatzen ahalko dituzte datuetara irispidea izateko eskubidea, datuak zuzentzekoa eta ezereztekoa, datuen eramangarritasunerakoa, tratamendua mugatzekoa eta aurka egitekoa, jarraikiz datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoari.

Zortzigarrena.–Diruz lagundutako plazen kudeaketa.

Hezkuntza Departamentuari dagokio zehaztea zer ikaslek betetzen dituzten diruz lagundutako plazen hartzaile izateko baldintzak.

Guraso elkarteak kontrol-sistema bat izan beharko du, egiaztatzeko ikasleek jardueretan parte hartu dutela eta jardueretara joan direla. Behar-beharrezkoak diren datu pertsonalak gordeko ditu soilik. Horretarako, 2027ko ekainaren 15ean, VI. eranskinaren araberako memoria aurkeztean, bertaratze-txosten bat bidali beharko dute, non egiaztatuko baita zein ikasle joan diren jarduerara eta zein ez.

Bederatzigarrena.–Dokumentazioa.

Parte hartu nahi duten guraso elkarteek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, III. eranskinaren araberakoa.

b) Proiektuaren deskribapena, II. eranskinaren araberakoa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

d) V. eranskina, familiek emandako baimena, datu pertsonalen lagapena eta kalteberatasun ekonomikoa kontsultatzeko.

e) VII. eranskina, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko funtsez hornitu beharra frogatzeko adierazpena, behar bezala beteta eta erakundearen ordezkariak sinatuta.

Hamargarrena.–Aurkezteko epea eta tokia.

Deialdi honen oinarrietan adierazten den dokumentazioa aurkeztu behar da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun baliodunetan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan arautu zen erregistro hori), Inklusio Atalari zuzenduta, zeina atxikita baitago Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Hezkuntza Departamentuan.

Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Hezkuntza Departamentuak dokumentazio-akatsak zuzentzeko eskatuko die ikasleen guraso elkarteei. Zuzendu ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, zeina jakinarazi eginen baitzaio (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19.3 artikulua).

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko prozedura.

11.1. Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da instrukzioa egiteko organo arduraduna. Eskabideak eta proiektuak aurkezteko epea burututakoan, zerbitzu horretako teknikariek IV. eranskinean ezarritako irizpideen arabera baloratuko dituzte.

11.2. Dirulaguntza norgehiagoka bidez emanen da, eskabideen lehentasunaren arabera, zeina ezarriko baita aplikatuz deialdiaren oinarrietan ezarritako balorazio-irizpideak.

11.3. Eskabideak baloratu eta dagokien lehentasuna ezarri ondoren, onuradunen behin-behineko zerrenda osatuko da. Zerrenda horretan, aditzera emanen da, eskabide bakoitzerako, zenbateko dirulaguntza dagokion laguntzaren onuradun izan daitekeen ikasle bakoitzari, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Era berean, zerrenda horretan adierazita uzten ahalko dira, kasua bada, zer eskabidek ez dituzten betetzen onuradun izateko eskatzen diren baldintzak, baztertzeko arrazoia aipatuta.

Behin-behineko zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren webgunean, administrazio-prozeduraren eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera.

Guraso elkarte interesdunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko eta, kasua bada, behar den dokumentazioa aurkezteko, alegatutako alderdiak zuzendu edo frogatze aldera.

11.4. Balorazio-prozesua bukatutakoan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpen-proposamena eginen dio Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari. Ebazpena argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren webgunean, jakinarazpen-ondorioetarako, eta dirulaguntza ordainketa aurreratu bidez ordainduko da, ordainketa bakarrean. Ordainketa hori konturako ordainketatzat hartuko da, eta ondoren justifikatu beharko da.

Hamabigarrena.–Dirulaguntza justifikatzea.

12.1. 2026-2027 ikasturtea bukatu ondoren, guraso elkarteek proiektuaren azken memoria bat aurkeztu beharko dute, dirulaguntzaren justifikazio gisa, eta hura aurkezteko muga-eguna izanen da 2027ko ekainaren 15a, egun hori barne.

12.2. Azken memoriak, gutxienez, honako dokumentazio hau jaso beharko du:

a) Egindako jardueren behin betiko zerrenda.

b) Parte-hartzaileen kopurua, guztira.

c) Diruz lagundutako ikasleen bertaratze-erregistroa.

d) Memoria ekonomikoa, proiektuari lotutako gastuen eta diru-sarreren zerrenda jasotzen duena.

e) Instrukzio-organoak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, dirulaguntzaren baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera.

12.3. Instrukzio-organoak egiaztatu eginen du aurkeztutako dokumentazioa, eta, bereziki, ikasle hartzaileak benetan bertaratu izanari buruzkoa. Egiaztatzen bada diruz lagundutako plazetako bat benetan erabili ez dela, dagokion zenbatekoa itzultzeko prozedura hasiko da, bidezkoa bada.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntza itzultzea.

13.1. Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak eta betebeharrak, galduko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea, edo, kasua bada, itzuli beharko du jasotako zenbateko osoa edo zati bat.

13.2. Bereziki, justifikazioa eta bertaratze-erregistroa egiaztatzean ondorioztatzen bada ez direla erabili diruz lagundutako plaza jakin batzuk, dagozkion zenbatekoak itzultzeko galdatuko zaio guraso elkarteari, eta, horretarako, izapidetuko dira itzulketa-prozedura eta dagokion ordainketa-gutuna.

13.3. Itzuli beharreko zenbatekoetan, bidezkoa bada, berandutze-interesak sartuko dira, ordainketa egiten den unetik aurrerakoak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako moduan, horrek ezertan galarazi gabe 11/2005 Foru Legearen arabera eska daitezkeen gainerako erantzukizunak.

Hamalaugarrena.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Guraso elkarteek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onartutako proiektua gauzatzea dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan.

b) Dirulaguntza erabiltzea diruz lagundutako jarduera eta plazetarako soilik.

c) Ikasle hartzaileen parte-hartzea erraztea, diskriminaziorik eta estigmatizaziorik gabe, bermatuta jarduera eta plaza finantzatuetarako sarbideak ez duela baldintzatzat izanen ikasleak, haien gurasoak, tutoreak edo legezko ordezkariak guraso elkarteko kide izan beharra.

d) Jardueren eta bertaratzeen erregistro egokia izatea.

e) Justifikazioak ezarritako epeetan aurkeztea.

f) Proiektuari eragiten dion aldaketa ororen berri ematea.

g) Onartzea Hezkuntza Departamentuak egiten dituen egiaztapenak.

h) Justifikazio-agiriak legez ezarritako epean gordetzea.

i) Betetzea datuen babesaren eta konfidentzialtasunaren arloan aplikatzekoa den araudia.

Hamabosgarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean emandako laguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Hamaseigarrena.–Publizitatea.

Guraso elkarte onuradunek adierazi beharko dute jarduerek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren finantzaketa dutela.

Eranskinak deskarga daitezke tramiteen katalogoko fitxatik:

https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/ayudas-para-la-financiacion-del-precio-de-las-actividades-extraescolares-educativas-deportivas-y-artisticas-programadas-por-las-asociaciones-de-padres-y-madres-de-alumnos-apymas-y-dirigidas-al-alumnado-de-entre-4-y-16-anos-de-la-comunidad-foral-de-navarra

II. eranskina.–Proiektua.

III. eranskina.–Eskabide eredua.

IV. eranskina.–Datu pertsonalak eta kalteberatasun ekonomikokoak kontsultatzeko eta lagatzeko baimena (kalteberatasun-egoerako 9. ardatza).

VI. eranskina.–Azken memoria.

VII. eranskina.–Adierazpena, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko funtsez hornitu beharra frogatzeko.

IV. ERANSKINA.–BALORAZIO IRIZPIDEAK

1. Ikastetxearen gizarte eta hezkuntza testuingurua (gehienez 50 puntu).

2025-2026 ikasturtean ikastetxean matrikulatuta dauden egoera ahuleko ikasleen ehunekoa (9. ardatzean).

Egoera ahuleko ikasleen %65etik gora (50 puntu).

%41etik %65era (25 puntu).

%26tik %40ra (15 puntu).

%11tik %25era (10 puntu).

%10etik behera (5 puntu).

50 puntu

2. Testuinguruaren analisia (gehienez 25 puntu).

Analisi osoa eta testuinguruan kokatua, atzemandako beharren eta jardueren arteko lotura argiarekin.

25 puntu

Analisi egokia, baina alderdiren bat gutxi garatuta.

15 puntu

Azaleko analisia edo proposatutako jarduerekin lotura txikia duena.

5 puntu

3. Helburuak ezartzea eta ebaluazioa (gehienez 25 puntu).

Helburu argi eta zehatzak, jarduerekin zuzenean lotutakoak, eta emaitzak ebaluatzeko adierazle neurgarri eta egokiak.

25 puntu

Helburu eta adierazle egokiak, nahiz eta baten batek zehaztasun maila txikiagoa izan.

15 puntu

Helburu edo adierazle orokorrak, zehaztasun gutxikoak edo jarduerekin lotura mugatua dutenak.

5 puntu

Iragarkiaren kodea: F2612703