196. ALDIZKARIA - 2026ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

60/2026 FORU AGINDUA, irailaren 10ekoa, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez María Alba Fernández García andrea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko kide titular eta idazkari izendatzen baita.

Abenduaren 1eko 104/2021 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duenak, 4.1 artikuluan ezartzen du Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea honako hauek osatuko dutela:

a) Nafarroako Foru Komunitateko abokatuen elkargo guztiak ordezkatzen dituen abokatuen elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen letradua.

b) Iruñeko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa, edo hark eskuorde izendatzen duen prokuradorea.

c) Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat, zerbitzua atxikia duen departamentuko titularrak izendatua.

d) A mailako funtzionario bat, Zuzenbideko graduduna, justiziaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusikoa, zuzendaritza nagusi hori atxikia duen departamentuko titularrak izendatua.

Aipatu foru dekretuaren 4.2 artikuluak ezartzen duenez, justiziaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak erabakiko du batzordeko kideetatik zein izanen den burua eta zein idazkaria.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren azaroaren 2ko 17/2022 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen osaera ezarri zen, eta Jesús Jiménez de Luque jauna, Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendaria, kide titular izendatu zen, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa.

Halaber, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren urriaren 25eko 16/2022 Foru Aginduaren bidez, Jesús Jiménez de Luque jauna Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko idazkari izendatu zen.

Irailaren 9ko 62/2026 Foru Dekretuaren bidez, María Alba Fernández García andrea Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiko Justiziako Gizarte Zerbitzuko zuzendari izendatu da bitarte baterako.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da María Alba Fernández García andrea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko kide titular izendatzea, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa, Jesús Jiménez de Luque jaunaren ordez. Era berean, bidezkoa da idazkari izendatzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarria den Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 1eko 104/2021 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. María Alba Fernández García andrea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko kide titular izendatzea, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari gisa.

2. María Alba Fernández García andrea Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko idazkari izendatzea.

3. Foru agindu hau interesdunei, Nafarroako abokatuen elkargoei eta Prokuradoreen Elkargoari jakinaraztea.

4. Foru agindu hau Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuari eta Justizia Zuzendaritza Nagusiari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko irailaren 10ean.–Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Inmaculada Jurío Macaya.

Iragarkiaren kodea: F2612134