Iragarkia
191. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MONTEAGUDO
Udal Plan Orokorreko hirigintzako arau orokorren 111. artikuluaren aldaketaren behin betiko onespena
Monteagudoko Udalak, 2026ko ekainaren 26an egindako osoko bilkuran erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea Udal Plan Orokorreko hirigintzako arau orokorren 111. artikulua aldatzeko aldaketa xehatua, eraikinen atzeraemanguneetan baimendutako jarduketei dagokienez.
Hasierako onespenaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (2026ko uztailaren 16ko 138. zenbakian), uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 72. artikuluarekin bat. Hilabeteko epean ez zen alegaziorik, eragozpenik edo oharrik aurkeztu. Udaleko osoko bilkurak 2026ko irailaren 4an behin betiko onetsi zuenez, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da.
Monteagudon, 2026ko irailaren 14an.–Alkatea, Marisa Jimenez Tarazona.
HIRIGINTZAKO ARAU OROKORREN 111. ARTIKULUAREN ALDAKETA
MEMORIA
1.–Informazio orokorra.
1.1. Xedea.
Dokumentu hau idatzi da Monteagudoko Udal Plan Orokorreko hirigintzako arau orokorrak aldatzeko izapideak egiteko, eraikinen atzeraemanguneetan baimendutako jarduketei dagokienez.
1.2. Esparrua.
Aldaketak hiri-lurzoru finkatu osoa hartzen du.
1.3. Sustatzailea.
Aldaketa espedientearen sustatzailea Monteagudoko Udala da.
1.4. Justifikazio formala. Izapidetzea.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia; aurrerantzean, LAHFLTB), determinazio egituratzaileen nahiz xehatuen aldaketak, haren edukiak eta irismenak udal plangintzaren egitura orokor eta organikoaren irizpideei eragiten ez badiete, plangintza moldatzetzat hartzen dira ikuspegi formaletik (LAHFLTBren 76. artikulua).
LAHFLTBk bi bide aurreikusten ditu hiri-lurzoruko determinazioak aldatzeko. Batetik, Hiri-jarduketarako Plan Bereziaren (HJPB) bidez aldatzen ahal dira hirigintzako determinazio egituratzaileak nahiz xehatuak, baldin eta proposatutako jarduketak eraikuntzakoak, zuzkidurakoak edo urbanizazioa eraberritzeko nahiz berritzekoak badira (LAHFLTBren 77.6 eta 61. artikuluak). Bestetik, Plan Orokorra aldatzeko ohiko bidea erabiltzen ahal da (LAHFLTBren 78. artikulua). Kasu honetan, aztertutako aukeren artean hirigintzako arau orokorren 63. artikulua aldatzea hautatuko da. Proposamenaren edukia ikusita, udaleko zerbitzu juridikoek adierazi dute ez dela beharrezkoa herritarrek parte hartzeko prozesurik egitea. Horrenbestez, Udal Plan Orokorraren aldaketa gisa izapidetuko da.
Argibide gisa, adierazi behar da proposamen honek lurzoruaren hiri-lurzoru finkatu sailkapenari eusten diola eta ez diola eragiten sistema orokor bakar bati ere. Horrenbestez, egin nahi diren aldaketak LAHFLTBren 49.3 artikuluko determinazio xehatuen artean kokatu behar dira; zehazki:
c) Onartzen ahal diren obra moten arauketa eta eraikinek bete behar dituzten baldintzak, baita horien morfologia eta tipologia ere.
Udalaren eskumen esklusibokoak diren hirigintza-plangintzako tresna horien izapidetzea LAHFLTBren 72. artikuluan araututa dago, 77.3 artikuluak hartara igortzen baitu:
–Udalak hasiera batez onestea.
(Ebazteko epea: dokumentazio osoa aurkezten denetik bi hilabete; kasu honetan, administrazio isiltasuna baiezkoa da).
–Hilabetez jendaurrean jartzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan.
(Ez da departamentuen edo erakunde eskudunen txostenik behar, aldaketak ez dielako nahitaezko zerbitzuei eragiten).
–Jendaurreko informazioaren emaitza aztertu eta alegazioak ebatzi ondoren, Udalak, hala badagokio, behin betiko onestea.
(Ebazteko epea: jendaurreko informazioaren aldia agortzen denetik bi hilabete; kasu honetan, administrazio isiltasuna baiezkoa da).
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen arabera, determinazio xehatuen aldaketak hasiera batez onesteko eskumena alkateari dagokio, edo tokiko gobernu-batzarrari, alkateak eskumena hari eskuordetu badio; izan ere, eskumen hori ez zaio berariaz beste entitate bati esleitu (21.1.j artikulua). Planen udal izapidetzeari azkena ematen dion onespena, kasu honetan behin betikoa, osoko bilkurari dagokio (22.c artikulua), eta gehiengo soilez hartzen ahal du erabakia (47. artikulua).
Aitzitik, nahitaezkoa da jarduten duen toki administrazioko teknikari batek txostena egitea, aztertzeko proposatutako aldaketa lurralde-antolamendurako tresnei, udal plangintzari eta gainerako ordenamendu juridikoari egokitzen zaien (72.3 artikulua).
Udal Plan Orokorraren aldaketa izapidetzeko espedientea (behin betiko onetsitako plana eta egindako txostenak barne) lurralde-antolamenduaren arloko departamentu eskudunari bidali beharko zaio, onespenetik hamar eguneko epean, hark Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak aitortzen dizkion kontrol egintzak egin ditzan. Era berean, erregistroan jasotzeko, urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa bete beharko da (dekretu horrek Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzako tresnak aurkezteko formatua arautzen ditu).
Bai onespen erabakia bai haren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, ondorio guztiak izan ditzaten (LAHFLTBren 79.1 artikulua).
Aldi berean, dagokion ingurumen prozedura izapidetu beharko da. Zehazki, dokumentu honi ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua dagokio; kasu honetan, udalaren eskumenekoa da, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 10.3 artikulua aplikatuz. Horretarako, dokumentu honek jarduketaren Ingurumen Dokumentu Estrategikoa dakar eranskin gisa.
2.–Proposamenaren deskribapena eta egokitasuna.
Azkenaldian, udalerrian gero eta eskaera gehiago egiten dira familia bakarreko etxebizitzen garaje sarreren gainean estalkiak eraikitzeko, zeinen fatxada lerroa espaloiaren lerrokaduratik atzeraeman behar den.
Eskatzen diren baldintzak kontuan hartuta, estalki horien helburua autoak eguralditik babestea da. Ez dira, ordea, etorkizunean itxi eta partzelen eraikigarritasuna legez kanpo handitzeko espazioak; ez dute kanpoaldearen eta barrualdearen arteko trantsizio gune bizigarri edo atseden gune izateko eginkizunik, familia bakarreko etxebizitzen barruko fatxadei atxikitako atariek duten bezala; eta ez dira etxebizitzaren "sarrera nagusi" gisa eratzen, egitura soilak direlako eta ez direlako kokatzen ate nagusian.
Hala ere, tradizioz atari baten parekotzat hartu eta planaren planoetan lerrokadurak finkatzeko eraikuntzatzat jo izanak zaildu egiten du halakoak jartzea.
Aldaketa honen bidez, atarietatik bereizita, pergola edo markesina motako egitura arinak jartzea baimendu nahi da (autoentzako estalpeak edo carport direlakoak). Ez dute izanen alboetako edo aurrealdeko inolako itxiturarik edo hormarik; fatxadaren atzeraemangunean soilik kokatu beharko dira; debekatuta egonen da bide publikoaren gainetik inolako hegalkinik egitea; eta etxebizitzarako ibilgailu sarreraren eta/edo garaje sarreraren gainean kokatu beharko dira.
3.–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua.
Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 10. artikuluak (aurrerantzean, IEJFL) xedatzen duenez, planei, programei, proiektuei eta jarduerei dagokienez, ingurumen-ebaluazioan oinarrizko araudian ezarritako izapidetzea eta printzipio orokorrak aplikatuko dira (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; aurrerantzean, IEL). Salbuespena arau-hausteak eta zehapenak dira, aipatutako foru legean xedatutakoa aplikatuko baitzaie. Bestalde, IELk ezartzen du plangintza tresnen ingurumen-ebaluazioa ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eta sinplifikatuaren prozeduren mende dagoela: Ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta eta sinplifikatua.
Gure ustez, IELren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, dokumentu honen ingurumen-ebaluazioa prozedura sinplifikatuaren bidez egin behar da, artikulu horrek honako hau ezartzen baitu:
1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako kasu hauetan egin behar da:
a) Aurreko apartatuan aipatutako plan eta programetako aldaketa txikiak.
b) Aurreko paragrafoan aipatutako plan eta programetan, udal mailan luzapen txikiko eremuen erabilera ezartzen dutenean.
c) Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta programetan, aurreko apartatuan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean.
5.2. artikulua.
f) "Aldaketa txikiak": dagoeneko onartu edo onetsi diren planen edo programen ezaugarrietan egindako aldaketak, baldin eta estrategien, gidalerroen eta proposamenen edo haien kronologiaren funtsezko aldaketarik eragiten ez badute, baina aurreikusitako ondorioetan edo eragin eremuetan aldeak sortzen badituzte. Aipatutako legearen 6.2.b artikulua aplikatuz, ingurumen ebaluazio estrategiko honen izapidetzea sinplifikatua izanen da.
Jarraitu beharreko prozedura aipatutako 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan zehazten da.
a) Arau subsidiarioen aldaketa onesteko prozeduraren barruan, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea aurkeztuko dio organo substantiboari (Monteagudoko Udalari), 29. artikuluan ezarritako edukia duen ingurumen dokumentu estrategikoarekin batera.
b) Organo substantiboak hamar egun balioduneko epean aztertuko du dokumentazioa eta, zuzena bada, ingurumen organoari (Monteagudoko Udalari) igorriko dio.
c) Ingurumen organoak, hogei eguneko epean, eskaera ez onartzea erabakitzen ahal du, baldin eta uste badu plana ingurumen arrazoiengatik nabarmen bideraezina dela, inolako zalantzarik gabe, edo ingurumen dokumentuak behar adinako kalitaterik ez duela.
d) Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta eginen die, 45 eguneko epean.
e) Ingurumen txosten estrategikoa eginen du, espediente osoa jasotzen denetik gehienez 4 hilabeteko epean. Horretan, arrazoituta zehaztuko da honako hauetako bat:
–Proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola.
–Proiektuak ez duela ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri nabarmenik.
f) Txosten hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
IEJFLren 10.3 artikuluaren arabera, toki-entitatea izanen da ingurumen organoa, plangintza tresna behin betiko onesteko eskumena hari dagokionean. Beraz, Udalari dagokio aldeko ingurumen txostena egitea.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren (IEE) helburua da tresnek ingurumenean izan ditzaketen ondorio nabarmenak aztertzea, behin betiko onetsi aurretik, bai eta jasangarritasun irizpideak nahiz ingurumen prebentzio edo integrazioko neurriak txertatzea ere. Ebaluazioan honako alderdi hauek aztertu behar dira:
A. Planaren aurreikusitako garapena.
Proposatutako aldaketa, bere izaera dela eta, ez dago betetzeko epeen mende; haren edukia indarrean dagoen denbora guztian aplikatuko da.
B. Alternatibak.
Proposatutako aldaketaren helburua eta edukia direla eta, bi aukera baino ezin dira aztertu: 0 aukera, aldaketa ez egitea eta plangintza bere horretan uztea; eta I. aukera, araudi berria jasotzen duen hirigintza dokumentuan zehazten dena.
C. Ingurumenaren egoera, aldaketa garatu aurretik.
Hiri-sarean erabat txertatutako partzeletan jarduketak baimentzea da helburua; partzela horiek urbanizatuta ez ezik, finkatuta ere badaude.
D. Aurreikusten ahal diren ingurumen ondorioak.
Prozedurari buruzko alderdi horiek zehaztuta, izapidetzen ari den aldaketak eragiten ahal duten ingurumen alderdiak aztertzean, adierazi behar da aldaketaren izaerak eta xedeak ez dutela inolako eraginik hiri ingurumenean. Aldaketa guztiz kaltegabea da ikuspegi horretatik: dagoeneko eraikitakoa egokitzea baimentzen du eta, horrenbestez, hiri finkatuaren hazkunde jasangarri eta iraunkorraren alde egiten du.
E. Aldi berean aplikatzekoak diren sektore eta lurralde planetan aurreikusten ahal diren ondorioak.
Ez du inolako ondoriorik sektore planetan, izaera horretako plan batek ere ez baitie eragiten erabilera murrizketa mota horiei. Lurralde planei ere ez die eragiten: ez Nafarroako Lurralde Estrategiak ez 5. LAPak ez dute kontuan hartu beharreko determinaziorik jasotzen gai horri edo eragindako sektoreari buruz.
F. Egin nahi den jarduketaren klima ikuspegia.
Klima-aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 18. artikulua aplikatuz (aurrerantzean, KATEFL), ingurumen-ebaluazio estrategikoak klima ikuspegia txertatuko du egin nahi den jarduketaren azterketan. Horretarako, honako hauek aztertuko ditu: gas isurietan duen eragina, eremuaren kalteberatasuna jarduketa egin aurretik eta ondoren, energia beharren ebaluazioa eta, hala badagokio, ondorio horiek ahalik eta gehien murrizteko neurriak.
Klima-aldaketa gaur egungo arazo nagusietako bat da mundu osoan. Zenbait ikerketak, besteak beste klima-aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak egindako txostenek (Munduko Meteorologia Erakundeak eta Nazio Batuen Ingurumen Programak sortu zuten taldea), aldaketa hori gertatzen ari dela berresten dute, eta haren alderdi zientifiko, tekniko eta sozioekonomikoei buruzko ezagutza ematen dute. Arazo globala izan arren, klima-aldaketa eskala guztietan geldiarazten ahal da eta geldiarazi behar da, arintzeko nahiz egokitzeko neurriak aplikatuz. Nafarroak urte asko daramatza klima-aldaketaren arloan lanean: Klima-aldaketaren Bide Orria eta LIFE-IP-NADAPTA-CC proiektua ditu, eta, 2022az geroztik, lehen aipatutako KATEFL ere bai.
LIFE-IP-NADAPTA-CC "Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko estrategia integratua" proiektuaren barruan prestatutako udal fitxetan jasotako klima aurreikuspenen arabera, Erriberan honako hau espero da:
–Tenperaturak pixkanaka igotzea; bero boladen kopurua eta iraupena goititzea; eta egun beroak eta gau tropikalak gero eta ugariagoak izatea.
–Izozte egunak beheititzea.
–Ondoz ondoko egun lehorren kopurua goititzea.
–Prezipitazioak behititzea.
–Lurzoruko ur defizita handitzea.
–Eraikingintzaren Kode Teknikoan ezarritako klima eremua C1etik C2ra aldatuko dela kalkulatzen da.
Testuinguru horretan, apartatu honetan proiektuak klima-aldaketan duen eragina baloratuko da, bi aldagai kontuan hartuta: batetik, egokitzapena, klima-aldaketaren aurreko kalteberatasuna aztertuz; eta, bestetik, arintzea, isuriak eta energia kontsumoa aztertuz.
Lehen alderdiari dagokionez, hots, klima aldaketaren aurreko kalteberatasunari dagokionez, kontuan hartu behar da proiektuaren helburu bakarra atzeraemandako espazioetan atari arinak egiteko aukera ematea dela. Horrek ezin du inola ere handitu Planak aurreikusitako eraikigarritasuna eta, beraz, klima ikuspegitik ez dio lurraldeari lehendik aurreikusitakoa baino presio handiagoa eragiten.
Hain zuzen ere, baimentzen den eraikuntzak proiektuari uki diezaiokeen klima mehatxu nagusia arintzen laguntzen du: gehiegi berotzeko arriskua. Arrisku hori handitu egiten da tenperaturak pixkanaka goititu ahala, bero boladak ugariagoak eta luzeagoak izan ahala eta egun beroen kopurua handitu ahala. Tenperaturaren igoerak egoiliarren bizi-kalitatean eta osasunean eragiten ahal du, bereziki haurrengan eta adinekoengan.
G. Prebenitzeko, murrizteko eta zuzentzeko aurreikusitako neurriak. Ingurumen jarraipeneko plana.
Aurreikusitako aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ez duela espero denez, ez da bidezkoa ondorio horiek arintzeko prebentzio edo zuzenketa neurririk ezartzea, eta ez da ingurumen jarraipenerako planik behar.
Horrenbestez, eskatzen da, dagokion izapidetzea egin ondoren, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin dadila. Izan ere, aurreko apartatuetan azaldutako arrazoiengatik, uste da proposatutako aldaketak ez duela inpakturik eragiten eta ez diola ingurumenari eragiten.
4.–Herritarren partaidetza.
Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikuluak ezartzen duenez, urbanizazio berriko jarduketak planteatzen dituzten plangintza aldaketetan herritarren parte hartze erreala eta eraginkorra bermatu behar da.
Gainerako plangintza aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak hirigintza-antolamenduko tresnetan parte hartze plana prestatu eta aplikatzeko ezarritako irizpideen arabera, urbanizazio berriko jarduketarik gabeko plangintza aldaketetan ez da nahitaezkoa tresna hasiera batez onetsi aurretik herritarrei kontsulta egiteko parte hartze prozesu bat egitea.
5.–Egin nahi den aldaketaren genero ikuspegia.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 22. artikuluak adierazten duenez, "Nafarroako Gobernuak onetsi behar dituen foru legeen aurreproiektu guztiek, xedapen arauemaile orokorrek eta planek genero eraginari buruzko txosten bat jaso beharko dute". Kasu honetan, txosten hori ez da beharrezkoa, dokumentu honen izapidetzea udal eremuan egiten baita.
Lege beraren 55.2 artikuluak ezartzen duenez, "Guneen diseinuan eta hirigintzako plangintzetan kontuan hartuko dira zenbait alderdi, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizimodurako eremu seguruak sustatzen dituztenak: argiztapena, oinezkoentzako bideen luzera, autobus geltokirainoko edo garajerainoko distantzia, sarbide mota, plazen eta lorategien konfigurazioa, eta antzekoak". Izapidetzen ari den aldaketa etxebizitza tipologiak zehaztera mugatzen da; ez da obrarik edo urbanizaziorik diseinatu edo proiektatzen. Beraz, egitatezko kontua baino gehiago gai juridikoa da, eta ez du genero ikuspegitik bereziki sentikorra den alderdirik, ezta bere edukiagatik genero desberdintasunak sortzeko aukerarik ere.
Hortaz, lurralde eremu jakin batean ez da jarduketa zehatzik proiektatzen. Egin nahi den aldaketa ukitzen dien herritar guztiei zuzenduta dago, eta guztiei berdin egiten die mesede, generoa, adina, gizarte edo ekonomia egoera, kultura edo bestelako ezaugarriak gorabehera. Gainera, gizarteko zenbait sektore babesteko egiten da. Hori guztia kontuan hartuta, aldaketak ez die genero-rolei edo -estereotipoei eragiten, eta kaltegabea da ikuspegi horretatik, ez baitu emakumeen eta gizonen egoera pertsonal edo sozialean eraginik. Azken batean, proposatutako aldaketa ez da garrantzitsua generoaren ikuspegitik.
ARAUDIA
Indarrean dagoen araudia.
Hirigintzako arau orokorren 63. artikuluak honela definitzen du familia bakarreko binakako etxebizitza:
111. artikulua. Eraikinaren atzeraemangunea.
1. Eraikina lerrokadura ofizialetik, eraikinaren lerrokaduratik edo lurzatiko mugetatik atzerago kokatzen denean, eraikuntza atzeraematen dela esaten da.
2. Atzeraemangunea eraikin osoari edo haren solairu batzuei aplikatzen ahal zaie.
3. Araudi grafikoan edo idatzizkoan nahitaezko atzeraemateak ezartzen ahal dira.
4. Nahitaezko lerrokadura batekiko atzeraemangune partzialak onartuko dira.
Aldatzeko proposamena.
Honako idazketa hau proposatzen da:
111. artikulua. Eraikinaren atzeraemangunea.
1. Eraikina lerrokadura ofizialetik, eraikinaren lerrokaduratik edo lurzatiko mugetatik atzerago kokatzen denean, eraikuntza atzeraematen dela esaten da.
Eraikinaren atzeraemanguneak eratutako espazioan, garaje sarreraren gainean pergola motako estalki bat jartzea baimentzen da. Estalkiak ez du bide publikoaren gainean hegalkinik izanen.
Autoentzako estalpe edo carport horiek egitura arin baten gaineko plano horizontal batez bakarrik osatuta egon beharko dute. Estalkiak bat etorri beharko du atxikita dagoen eraikinaren estalkiarekin, eta berariaz debekatuta egonen da alboetan edo aurrealdean edozein motatako itxitura edo horma jartzea.
Baldintza horiek betetzen badira, instalazio mota horiek ez dira eraikintzat zenbatuko lerrokadurei buruzko determinazioetarako.
2. Atzeraemangunea eraikin osoari edo haren solairu batzuei aplikatzen ahal zaie.
3. Araudi grafikoan edo idatzizkoan nahitaezko atzeraemateak ezartzen ahal dira.
4. Nahitaezko lerrokadura batekiko atzeraemangune partzialak onartuko dira.
Tuteran, 2026ko apirilaren 22an. Laura Lamana Pastor. Abokatua.
Iragarkiaren kodea: L2612188
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
