1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
89E/2026 FORU AGINDUA, irailaren 11koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez José Ignacio Ferrero Moreno jauna Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Mantentze-lanen Bulegoko buru izendatzen baita bitarte baterako.
Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duenak, hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezartzen du bulegoburutzak bitarte baterako bete daitezkeela, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak bosgarren xedapen gehigarrian ezartzen du kasuan kasuko unitate organikoa atxikita duen departamentuko titularrak eginen duela bitarte baterako izendapen hori, funtzio publikoaren arloan eskudun den departamentuak aldeko txostena eman ondoren. Era berean, beste departamentu bateko langile bat izendatzen bada, departamentu horretako titularraren adostasuna beharko da.
Osasun Departamentuko oniritzia jaso delarik, hari atxikirik baitago burutzan aritzeko proposatutako pertsona, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak aipatu txostena eman ondoren, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz,
AGINTZEN DUT:
1. José Ignacio Ferrero Moreno jauna Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Mantentze-lanen Bulegoko buru izendatzea bitarte baterako. Izendapenak 2026ko irailaren 16tik aurrera izanen ditu ondorioak.
2. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalera eta Egituraren Antolaketako, Plantillako eta Langileen Ordainsarietako Atalera.
3. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2026ko irailaren 11n.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
Iragarkiaren kodea: F2612160