190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

2026-2027ko ehiza denboraldian aplikatuko diren arauak

Ehiza Antolatzeko Planean (EAP) ezarritakoa aplikatuko da. Plan horrek barrutian ehizatzeko modalitateak arautzen ditu.

Alderdi orokorrak:

Ehiztari motak:

"1. mota": Ultzamako udalerrian erroldatuta dauden eta bertan bizi diren pertsonak.

"2. mota": Ultzamako Udalarekin lotura duten pertsonak, honako hauek, hain zuzen:

–Ultzamako udalerrian jaiotako pertsonak.

–Ultzamako udalerrian jaiotako pertsona batekin ezkonduta daudenak edo ezkontzaren antzeko harremana dutenak.

–Erroldatuta dauden ez-egoiliarrak, bai eta erroldatuta egon gabe hiri- edo landa-lurraren gaineko kontribuzioaren zergadun direnak ere.

Barrutiaren kudeatzaileak (Udalak), egoki iritziz gero, ehiza zaindari baten zerbitzuak erabiltzen ahalko ditu beharrezkoa den ehiza modalitate eta ekitaldietan.

Modalitate guztietan, ez da Nafarroako Gobernuak 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritakoez bestelako murrizketarik jarri. Foru agindu hori onesteke dago.

Txartel bakarra izanen da barrutiko ehiza modalitate guztietarako, prezio hauetan:

1. mota: 220 euro.

2. mota: 440 euro.

Ehiza txartelak izendunak izanen dira, norberak erabiltzekoak, eta ez zaizkio beste inori eskualdatzen ahalko.

Araudia, egutegia, zozketen datak eta gainerako informazioa Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian argitaratuko dira, eta barrutiaren jabe diren kontzejuei bidaliko zaizkie, ahalik eta lasterren.

Era berean, "012" zerbitzuaren bidez mezu bat bidaliko zaie 2025-2026ko denboraldian txartela eskuratu zuten ehiztariei, informazioa emateko.

Gai horiei buruzko argitalpenak (ehiztarien zerrendak, txartelak eta egutegiak) iragarki-taulan eta udal web-orrian eginen dira.

Ehiztari orok, txartela eskatze hutsarekin, argitalpen horietan agertzeko baimena emanen du.

Egutegia:

Eskaerak:

2025-2026ko denboraldian txartela eskuratu zuten ehiztariek 2026ko abuztuaren 5etik aurrera ordaintzen ahalko dute denboraldi honetakoa (2026-2027). Txartela jasotzeko, Udaletxera joan beharko dute ordainketa egunetik gutxienez hiru egun baliodun igaro ondoren.

Ehiza txartela udal bulegoetan ordaintzen ahalko da, kreditu edo zordunketa txartelarekin.

Basurde ehizako taldeek 2026ko abuztuaren 5erako aurkeztu beharko dituzte eskaera eta taldekideen zerrenda (egun hori barne).

Aurreko denboraldian txartelik eskuratu ez zuten ehiztariek 2026ko abuztuaren 5etik aurrera eskatzen ahalko dute txartela, eskabide baten bidez.

Ehiza modalitateak: (EAPren edukiaren laburpena).

Ehiza xehea:

Usoak EAPn adierazitako uso postuetan baino ez dira ehizatuko. Kasu horietan, txakurrak postuaren azpian baino ez dira aske egoten ahalko.

Baimenduta dago usoa "saltoan" ehizatzea, baina txakurrik gabe.

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko.

Ultzamako postuetan orain arte bezala jardunen da: ehiza-egun bakoitzeko goizean zozketa eginen da. Udazkeneko ordu aldaketa egin arte, zozketak goizeko 7:00etan eginen dira; egun horretatik aurrera, berriz, goizeko 6:30ean. Eguneroko zozketa bakoitzean, ehiztariak eta postuak kontrolatzeko, ehiztari bakoitzari egokitu zaion postua jasoko da.

Galeper ehizari dagokionez, ehiza kupoko txartelak emanen zaizkie hala eskatzen duten ehiztari guztiei.

Ehiza larria: (basurdea, orkatza eta oreina):

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko.

2026ko abuztuaren 5erako Udaletxean eskaera aurkezten duten taldeek ehizatzen ahalko dute. Eskaeran taldekideen izenak ere adierazi beharko dituzte.

Orkatz ehizari buruzko zehaztapenak:

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko.

Udalak orkatzak ehizatzeko 30 zigilu esleituko dizkio ehiza larriko taldeari, eta gainerakoak beretzat gordeko ditu.

Udalak beretzat gordetzen dituen zigiluak honela banatu eta kudeatuko dira:

–Epe bat irekiko da "udaberriko zelata ehiza" eta "udazken-neguko zelata ehiza" modalitateetarako zigilu bat eskuratu nahi duten ehiztarien eskaerak jasotzeko. Epea 2026ko abuztuaren 5etik irailaren 13ra izanen da.

–Zigiluak zozketa bidez esleituko dira.

–Zigiluak soberan gelditzen badira, ehiza larriko taldeari lagako zaizkio.

–Era berean, talde horri lagako zaizkio 2026ko abenduaren 22rako erabili edo itxi gabe dauden "udazken-neguko" zelata ehizarako zigiluak.

–"Udaberriko" zelata ehizan ehiza zaindariak egon beharko du nahitaez. Horretarako, ehiza egunak behar adinako aurrerapenarekin jakinarazi beharko dizkiote Udalari, udaberriko zelata ehizaren egutegia antolatzeko.

–Orkatzak ehizatzeko zigiluen prezioak honako hauek izanen dira:

–"Udazken-neguko" zelata ehizarako zigiluak: 0,00 euro.

–"Udaberriko" zelata ehizarako zigiluak: 225,00 euro.

Orein ehizari buruzko zehaztapenak:

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko.

Oreinak Nafarroako Gobernuak ezarritako indikazio, egun, zigilu kopuru, arau eta gainerako baldintzen arabera ehizatzen ahalko dira. Oreinak ehizatzeko zigiluak basurde ehizako taldeen artean banatuko dira, 2026ko abuztuaren 5ean talde bakoitzak duen kide kopuruaren arabera.

Itxaronaldiko ehiza edo baimen bereziak:

"Baimen bereziei" dagokienez, Nafarroako Gobernuak ematen baditu, basurde ehizako taldeei jakinaraziko zaie. Kasu horretan, talde horiek kudeatuko dute ehiza zaindariaren kontratazioa eta bere gain hartuko dute haren kostua.

"Kalteak eta bestelakoak direla-eta itxaronaldian ehizatzeko baimenei" dagokienez, Nafarroako Gobernuak ematen baditu, zerrenda bat jarriko da interesdunek izena eman dezaten.

Azeria:

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko.

Txartela duten ehiztari guztiek ehizatzen ahalko dute, ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritakoaren arabera.

Barrutian ehizatutako azerien gorpuak Udaletxean aurkezten dituzten ehiztariei 15 euro emanen zaizkie, ale bakoitzeko. Gorpuak 2026ko abuztuaren 15etik 2027ko otsailaren 28ra aurkezten ahalko dira.

Oilagorra:

Ez da Nafarroako Gobernuak ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritakoez bestelako murrizketarik jarri. Horren arabera, gehienez lau txakurrekin ehizatzen ahalko da.

Ehiza modalitate honetan interesa duten ehiztari guztiei "harrapaketen txartela" emanen zaie. Egunero bete beharko dute, egindako harrapaketak bertan jasota, eta denboraldiaren hondarrean Ultzamako Udaletxera eman beharko dute. Txartela Udalera ematen ez duten ehiztariei 25 euroko zehapena ezarriko zaie. Titularraren daturik gabeko txartelak ematen ahalko dira.

Aurreko denboraldian oilagorren kupoko txartela eskuratu eta Udalean entregatu zuten ehiztariei zuzenean emanen zaie denboraldi honetako txartela. Aurreko denboraldian halakorik eskuratu ez zutenek, aurten nahi badute, idatziz eskatu beharko dute.

Datak: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onetsitako 2026-2027ko ehiza debekualdiei buruzko Foru Aginduan ezarritako egunetan baizik ez da ehizatuko (foru agindua 2026ko uztailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 134. zenbakian).

Ehizatzeko gonbidapenak:

Ehiza modalitate guztietan, txartela duen ehiztari bakoitzak hiru gonbidapen egiten ahalko ditu ehizatzeko, berarentzat edo beste pertsona batzuentzat.

Mugak: txartela duen ehiztari batek ez ditu denboraldi bakoitzean hiru gonbidapen baino gehiago egiten ahalko, eta ez da pertsona bera hiru aldiz baino gehiagotan gonbidatzen ahalko.

Edozein ehiza modalitatetan, "gonbidatu" gisa ehizatzeko egun bakoitzeko prezioa 20 euro izanen da.

Ehiza erreserbako eremuak:

Udalak behar bezala mugatu eta seinaleztatuko ditu ehiza erreserbako eremu guztiak (lehendik daudenak eta EAP berrian ezarritakoak), bai eta txakurrak trebatzeko eremua edo eremuak ere.

EHIZA BARRUTIKO ZAINDARIARI BURUZKO KONTUAK

1. Ultzamako Udalak, barrutiaren titularra den aldetik, zaindari bat kontratatzen ahalko du barrutirako, bai denboraldi honetan, bai hurrengoetan.

Barrutiko zaindariak aplikatu beharreko araudian eskatutako titulazioa izan beharko du (ehiza zaindariarena). Araudi horretan sartzen dira Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea, haren erregelamendua onesten duen 48/2007 Foru Dekretua eta horiek garatzeko gainerako arauak.

Pertsona hori hautatzeko eta kontratatzeko ahalmena berariaz eskuordetzen zaio Udaleko Alkatetzari.

2. Ehiza barrutiko zaindariaren eginkizunak figura horri aplikatu beharreko araudian ezarritakoak izanen dira; bereziki, honako hauek:

–Landa jabetza eta ehiza lurrak zaintzea eta babestea.

–Babestu beharreko ondasunekin lotutako arau-hausteak eta delituak egiten ote diren zaintzea.

–Baimendutako txartelak kontrolatzea.

–Harrapaketak kontrolatzea eta eguneko nahiz denboraldiko datuak ematea.

–Uxaldiak kontrolatzea.

–Ehiztari taldeak kontrolatzea.

–Izendatutako uxatze eremuak errespetatzen direla zaintzea.

–Zelata ehiza, akonpainamendua eta kontrola.

–Babestu beharreko ondasunekin lotutako arau hausteak edo delituak egiten dituzten pertsonak agintaritza eskudunaren edo Segurtasun Kidego eta Indarretako kideen esku jartzea, bai eta arau-hauste edo delitu horietan erabilitako tresnak,objektuak eta frogak ere.

–Kalteak kontrolatzea.

–Kartelen mantentze-lanak eta berritzea.

–Uso postuak garbi daitezen eskatzea eta lan horretan laguntzea.

–Uso postuen zozketa egitea.

–Udako espezieen gaueko zenbaketak egitea (azeria, oreina, basurdea eta orkatza).

–Baimendutako taldeei uxatze eremu egokienak aurkitzen laguntzea.

–Oreinak, azeriak, mika arruntak eta adarzabalak kontrolatzea, halakorik balego.

–Zelata ehizarako zigiluak saltzen laguntzea.

–Uxatze eremuen muga berriak zehazteko aholkuak ematea, egiaztatutako errealitatea eta esperientzia kontuan hartuta.

–Beharren arabera, aurrez aurre zein telefonoz eskuragarri egotea.

–Polizia Kidegoekin eta Zaintza Zerbitzuarekin zuzeneko komunikazioa izatea.

3. Ehiza barrutiko zaindariaren ahalmenak figura horri aplikatu beharreko araudian ezarritakoak izanen dira eta, bereziki, honako hauek:

–Barrutian ehizatzen ari diren pertsonei barrutiko txartela eskatzea eta txartela pertsona horrena dela egiaztatzea. Ehiztariek eginkizun horretan lagundu beharko dute.

–Ehiztarien bizkar zorroak, poltsak eta txalekoak, bai eta motordun ibilgailuak ere, miatzea, harrapatutako ale kopurua kontrolatzeko.

ARAU HAUEN INDARRALDIA

Arau hauek 2026-2027ko denboraldiari dagozkio. Hala ere, automatikoki luzatuko da haien indarraldia hurrengo denboraldiko arauak onetsi arte.

Hala gertatzen bada, Ultzamako Udaleko Alkatetzak bandoen edo beste hedabide batzuen bidez (web-orria, mezuak eta abar) jakinaraziko ditu ehiza modalitate bakoitzeko eskaerak aurkezteko epeak.

Larraintzarren (Ultzama), 2026ko abuztuaren 13an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

Iragarkiaren kodea: L2611825