190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

151C/2026 EBAZPENA, irailaren 2koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Vianako Udalak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Ikusi da Vianako Udalak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100020132016), erregistro honetan sartu baitzen 2026ko abuztuaren 19an, 2026ko maiatzaren 7an sinatu ondoren Vianako Udaleko ordezkariek eta Udaleko langileen ordezkari sindikalek.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta kontuan hartuta zer xedatzen den Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuan,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Vianako Udalak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31100020132016).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko irailaren 2an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

VIANAKO UDALEKO FUNTZIONARIOEN, LAN KONTRATUDUNEN ETA ADMINISTRARIEN AKORDIO KOLEKTIBOA

1. artikulua. Aplikazio eremua eta indarraldia.

1.1. Akordio honek Vianako Udalaren zerbitzura lanean ari diren funtzionario, lan kontratudun eta administrazioko langile guztiengan izanen du eragina.

1.2. Hitzarmen honek indarra izanen du 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra arte.

Hitzarmen kolektibo hau Vianako Udalaren legezko ordezkariek eta ordezkaritza sindikala duten sindikatuei atxikitako langileen ordezkariek sinatu dute: CCOO eta UGT. Alderdi sinatzaileak lege xedapenen arabera legitimatuta daude aurreko artikuluan adierazitako aplikazio eremuak ezartzeko.

–Vianako Udalaren ordezkariak:

B. Yolanda González García andrea, alkate udalburua.

–Sindikatuen ordezkariak:

David Arguijo Pérez jauna, funtzionarioen ordezkaria (UGT).

Eduardo Floro Gallego jauna, funtzionarioen ordezkaria (UGT).

María Sonia Echeverría Santamaría andrea, langile lan kontratudunen ordezkaria (CCOO).

1.3. Alderdietako edozeinek hitzarmena salatu nahi badu, hitzarmena edo urteko luzapena bukatu baino 3 hilabete lehenago gehienez egin beharko da. Hala ere, urtebeteko ondoz ondoko aldietan luzatuko da, berariazko akordio berririk egon ezean.

Akordioa luzatu edo salatu ondoren ere aurreraeragina izaten segituko du, hau da, erabakitakoa aplikatuko da harik eta beste batek ordeztu arte, salbu eta lan egutegiari dagokionez, urtero berrikusi beharko baitute organo eskudunek, deusetan galarazi gabe itunean jasotako berariazko baldintzak.

1.4. Aurreko akordioak bermatzen eta errespetatzen dira, bai eta indarrean diren xedapenen arabera eskuratutako eskubideak ere.

1.5. Akordio honetan arautu ez diren gaiei dagokienez, alderdi negoziatzaileek espresuki erabaki dute Foru Komunitateko Administrazioak bere zerbitzuko funtzionarioekin, administrazio kontratudunekin eta lan kontratudunekin adostu eta une horretan indarrean dagoenari atxikitzea. Subsidiarioki, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoa aplikatuko da. Halaber, udaltzaingo-zerbitzuaren kasuan, eta espresuki aplikatzekoa den guztian, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio, betiere aplikatu behar bazaie.

2. artikulua. Lanaldia.

Urteko lanaldia Nafarroako Gobernuak bere langile publikoentzat zehazten duena izanen da (funtzionarioak, administrazio kontratudunak, lan kontratudun finkoak eta behin-behinekoak). Udalak eta langileen ordezkariek urtero baloratu eta negoziatu beharko dituzte atal honi lotutako alderdi guztiak (lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko malgutasunari dagokiona izan ezik). Horretarako, arlo bakoitzeko hurrengo ekitaldirako egutegiaren proposamenak urtero aurkeztu beharko zaizkie udalari eta langileen ordezkariei, abenduaren 1a baino lehen.

2026. urtean, astelehenetik ostiralera bitarteko eguneko lanaldiak, oro har, 7 ordu eta 22 minutuko iraupena izanen du, 08:00etatik 15:00etara. Gainerako 22 minutuak 07:38tik 08:00etara bitartean edo 15:00etatik 15:22ra bitartean eginen dira, langileak nahiago bezala.

Udal alorrek, zerbitzuko arduradunen bitartez, urteko egutegia adostuko dute udalarekin, galarazi gabe langileen ordezkariek eta udaleko organo eskudunak arlo horretan dituzten eskuduntzak. Udal alorrak honako hauek dira:

–Administrazio zerbitzuak.

–Turismoa eta kultura.

–Gizarte zerbitzuak eta gazteen zentroa.

–Herritarren babesa.

–Kirolak eta hezkuntza: kiroldegia eta ikastetxea.

–Obra, zerbitzu eta garbiketako brigada.

Malgutasuna lana eta familiako bizitza uztartzeko arrazoiengatik.

Vianako Udaleko langile lan kontratudun finko eta behin-behinekoek, funtzionarioek eta administrazio kontratudunek lanaldia eta lan-ordutegia egokitzeko eskubidea dute, bizitza pertsonala, familiarra eta lana bateratu ahal izateko. Hori dela helburu, langileei laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, eta zerbitzu publikoa egokiro ematea galarazi gabe, lan ordutegia malgutzeko neurriak ezarriko dira zerbitzuetan, adierazitako eginkizunen kontziliazioa errazteko, betiere aginduzko orduak betez.

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiak lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 09:30etik 14:00etara bitartekoa izanen da, astelehenetik ostiralera. Eguneko lanaldia osatu arte geratzen den denbora 7:00etatik 9:30era eta 14:00etatik 16:30era eginen da, enplegatuak aukeratzen duenean eta malgutasunez.

Ordutegi malgutasuna eskaintzeko neurri gisa, ezarri da lanera sartzeko eta lanetik irteteko malgutasuna ordu erdi atzeratzea edo aurreratzea eskatzen ahalko dutela honako hauek dauzkatenak beren kargura: pertsona nagusiak, hamabi urtez beherako seme-alabak edo Lehen Hezkuntzako ikasketak bukatu bitartean daudenak, desgaitasunen bat duten pertsonak edo eritasun larriren bat duten senideak, bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezkoak.

Ordutegi malguko neurri gisa, udalak berariaz baimenduko du hilean berrikus daitekeen 10 ordu berreskuragarriko poltsa bat, ordutegia egokitzeko. Neurri hori udal langileei aplikatuko zaie, bizitza pertsonalarekin bateragarri egiteko.

Organo eskudunek aintzat hartuko dituzte ordutegiak aldatzeko eskari guztiak, baldin eta zerbitzuen funtzionamendu egokia bermatuta badago eta enplegatuak behar bezala egiaztatzen badu neurri horrek bere familiako bizitza eta bizitza pertsonala bateratzea errazten duela zalantzarik gabe.

Brigadako langileei dagokienez, udako ordutegi-aldaketaren harira lan ordutegia malgutuko zaie. Horrela, lanaldia aurreratuko zaie eta 06:40tik 14:00etara izanen da, eguraldira egokitzeko eta hobe lan egin ahal izateko.

Lana antolatu eta zuzentzeari dagokien ahala udal organo eskudunei dagokie. Horretarako, lana baloratzeko, optimizatzeko eta arrazionalizatzeko, lan egiteko metodoak eta prozesuak hobetzeko eta lana errazteko sistemak ezartzen ahalko dituzte, baita zerbitzuak ezarri ere.

Aurrekoa gorabehera, langileen ordezkariek eskubidea izanen dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, eta legezko araudiak langileen ordezkariei edo haien antzekoei aitortzen dizkien eskumenak errespetatuz.

3. artikulua. Ordainsariak.

3.1. Akordio honen indarraldiko urteetan, Udalak kontuan hartuko du enplegatuek azken urteotan ordainsarietan galerak eta beste murrizketa batzuk izan dituztela. Ahal den neurrian, sindikatuetako ordezkariekin negoziatuta, galera horiek berreskuratzera joko da, betiere indarreko lege esparrutik atera gabe eta aurrekontuen egoerak horretarako bidea ematen badu.

3.2. Ordainsariei dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legean Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzat, administrazio kontratudunentzat eta lan kontratudun finko eta behin-behinekoentzat zehazten den igoera aplikatuko da.

3.3. Akordio honen ondoko foru arau baten bidez ezartzen diren ordainsari osagarriak, itundutakoen parekoak badira, irentsi eginen dira, eta handiagoak badira, aldea jasoko da.

3.4. Familia laguntza gisa, Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezartzen duena ordainduko da.

3.5. Laneko arrazoiengatik egiten diren kilometro-gastuak Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu, horri begira xedatutakoa betez. Gainera, autobideko eta autoa aparkatzeagatiko gastuak ordainduko dira, baita 30 eurora arteko dieta ere lana goizez eta arratsaldez egiten bada. Ordainketa egiteko, nahikoa izanen da autobideko, aparkalekuko eta otorduko txartela aurkeztea, bai eta eginiko kilometroen justifikazioa ere.

3.6. II. eranskinean, Vianako Udaleko langileen dedikazio bereziari, prestasunari, aparteko zerbitzuei eta nekagarritasun bereziko lanaldiei buruzko erregelamendua jaso da.

4. artikulua. Aldi baterako ezintasuna: jaso beharreko zenbatekoak

4.1. Lanerako ezintasun iragankorretatik edozein, behin-behineko baliaezintasuna, aldi baterako ezintasuna edo amatasun baja gertatuz gero, soldataren %100 jasoko da, kontratuak irauten duen bitartean.

4.2. Lan-istripuaren edo gaixotasun profesionalaren kasuan, soldataren %100 jasoko da, lan-egutegiaren arabera lan egin izan balu legozkiokeen kontzeptu guztiak barne.

5. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak salbuespenezko kasuetan baino ez dira eginen. Urtean 50 aparteko ordu egiten ahalko dituzte gehienez funtzionarioek, administrazio kontratudunek eta behin-behineko langileek, eta 80 aparteko ordu gehienez lan kontratudunek. Horregatik, dagokion zerbitzuak justifikatu beharko ditu.

Ordu horiek atsedenaldiarekin konpentsatzeari dagokionez, langileak nahi duenean hartuko du konpentsazioa, zerbitzu beharrengatik ezinezkoa denean izan ezik.

Halaber, zerbitzuren batean metaturiko aparteko orduak gehiegi direla irizten bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa eginen da.

6. artikulua. Laguntza juridikoa.

6.1. Udalak laguntza juridikoa emanen die langile guztiei, Udalak esleituriko zerbitzuak egitearen ondorioz auzitara emanak direnean.

6.2. Udaleko udaltzainen edo edozein langileren aurkako eraso edo atentaturik gertatuz gero, Udala akusazio partikular gisa aurkeztuko da epaitegietan.

6.3. Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu judizialetan sartuta dauden langileen laguntza juridikoa, auzia langilea bere eginkizunetan aritzeagatik sortu bada.

7. artikulua. Epaimahaiak.

Hautaketa epaimahaietako kide diren langileek konpentsazioa jasoko dute, abenduaren 20ko 276/1989 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz; zenbateko hori bat etorriko da Nafarroako Gobernuak bere langileei kontzeptu horiengatik emateko urtero ezartzen dituen soldaten taulako zenbatekoekin.

8. artikulua. Gehiegizko lanaldiagatiko egunak.

Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute gehiegizko lanaldiagatik lan egutegi bakoitzean adostutako baimen egunak edo orduak hartzeko. Langileek egun horiek nahi dituztenean hartzen ahal dituzte, baldin eta zerbitzuaren beharrizanek horretarako aukera ematen badute eta bulego nagusietan hiru pertsonak bederen lanean egon behar dutela kontuan izaten bada.

9. artikulua. Oporrak, lizentziak eta baimenak.

Udal langile guztiei aplikatuko zaie, bai administrazio araubidekoei bai lan kontratukoei, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritakoa, bai eta aipatu foru dekretua aldatzeko edo ordezteko araudian ezarritakoa ere, hurrengo apartatuetan aipatzen diren kasuetan izan ezik, horietan udal-langile guztientzat baldintza onuragarrienak aplikatuko baitira.

Funtzionarioek, lan kontratudunek eta administrazio kontratudunek Langileen Estatutuan jasotako hobekuntzak izanen dituzte.

–Medikuaren kontsultara edo osasun-laguntzako kontsultara laguntzea: funtzionarioek, lan kontratudunek eta administrazio kontratudunek beharrezko denbora izanen dute ezkontideari eta lehen mailara arteko odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko senideei kontsulta medikoetara laguntzeko, baldin eta osasun-zentro pribatuetara bideratzen badituzte onuradun diren gizarte-aurreikuspeneko sistemek.

–Langileek zentro publiko eta pribatuetan mediku-laguntza jasotzea: funtzionarioek, lan kontratudunek eta administrazio kontratudunek beharrezko denbora izanen dute (joan-etorria barne hartuta) osasun-zentro publiko batera joateko, ordutegi-mugarik gabe. Zentro pribatua eta itunpekoa bada, zentro publikoen baldintza berberak izanen ditu.

–Lehenengo odol ahaidetasuneko familiartearen, afinitatearen eta anai-arreba politikoen ezkontza edo izatezko bikotearen ospakizuna: 1 egun natural, gertakaria langilearen bizitokia den udalerri berean bada, eta 3 egun, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan ez bada.

–Erakunde publikoek edo administrazio publikoek deitutako azterketak eta hautaprobak zentro ofizialetan egiteko baimenak: azterketetara eta hautaprobetara joateko lizentzia ordaindua. Azterketaren egunean, langileak ez du lanpostura joan beharrik izanen azterketa bukatu arte.

–Langileak baimena izanen du, aldez aurretik abisatuta eta justifikatuz gero, lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, denbora tarte hauetarako:

Bost egun, istripu nahiz gaixotasun larria, ospitaleratzea nahiz etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa jasan badu langilearen ezkontideak, izatezko bikotekideak edota odolkidetasuneko nahiz ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailarainoko senide batek (izatezko bikotekidearen odolkidetasuneko senideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta zaintza behar duen beste edozein pertsonak.

–Langileak eskubidea izanen du ezinbesteak eraginik lanera joan gabe gelditzeko, baldin eta ahaideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko familia-arrazoiengatik sortzen bada halabehar hori edo berehala bertaratzea eskatzen duen eritasun edo istripuren bat gertatzen bada. Langileek eskubidea izanen dute apartatu honetan azaltzen diren arrazoiengatik lanean ari ez diren orduen ordaina jasotzeko, urtean lau egun guztira.

–Lau egun, gehienez, ezinezkoa baldin bada lantokira iristea edo hara ailegatzeko behar diren zirkulazio-bideetatik pasatzea agintaritza eskudunek joan-etorrietarako ezarritako gomendio, muga edo debekuen ondorioz, edo arrisku larriko eta berehalako egoera bat gertatzen bada, barne daudela hondamendi edo fenomeno meteorologiko kaltegarri baten ondoriozkoak. Lau egunak igarota, baimena luzatu eginen da, hura justifikatzen duen egoera desagertu arte.

10. artikulua. Lanaldi murrizketak.

Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da.

11. artikulua. Osasun azterketa.

1. Osasun azterketa bat eginen da urtero; gutxienez hauek hartuko ditu barnean: odol eta gernu analisia, ikusmenaren kontrola, audiometria, espirometria eta bihotz-azterketa.

Hala nahi duten emakumeei, orobat, azterketa ginekologikoa eginen zaie urtero, baita 45 urte baino gehiagoko gizonezkoei prostatako antigeno espezifikoaren (PSA) analisia ere, edo agintari medikoen gomendioari jarraikiz horren ordez egin behar den azterketa.

2. Ezgaitzen ez dituzten muga fisikoak dituzten langileen lanpostuak egokitu edo moldatuko ditu Udalak, hala justifikatzen bada txosten medikoekin.

12. artikulua. Osasun laguntza.

Udalak partida bat sortuko du bi kolektiboetarako (funtzionarioak eta lan kontratudunak); Nafarroako KPIaren arabera eguneratuko da urtero. Partidak Gizarte Segurantzak estaltzen ez dituen osasun premiak estaliko ditu. Funts hori erabiltzen ahal izateko sei hilabeteko antzinatasuna beharko da gutxienez. Urte horretako abenduaren 1 bitarte aurkeztutako eskaera guztiak hartuko dira kontuan. Eskaeren zenbatekoa partidaren baino handiagoa izatera, aurkeztutako gastuen arabera hainbanatuko dira.

Laguntza horiek hainbanatu eginen dira; horretarako, sistemak langile bakoitzaren lehen eskaerak kontuan hartuko ditu, eta, ondoren, bigarrenak eta hurrengoak modu proportzionalean murriztuko dira. Horrela, lehenengo eskaerek lehentasuna izanen dute, eta bigarrenetatik aurrera hainbanatu eginen dira.

Laguntzak langilearen eta haren onuradunen osasun-prestazio pertsonalen ondoriozko gastuetarako izanen dira. Artikulu honetan jasotako prestazioak familia unitateko kide guztiei zabalduko zaizkie (langilearen kargurako ezkontidea, 25 urte bitarteko seme-alabak, edo hortik gorakoak, langilearen kargura badaude), eta honako hauek izanen dira:

Osasunari buruzko dirulaguntzak.

ZENBATEKOA

1.–Hortzetakoak.

Hortzeria osoa (goikoa eta behekoa)

568,71 euro

Goiko edo beheko hortzeria

287,92 euro

Hortz piezak, hortz-koroak; bakoitza (gehienez ere, 12)

61,68 euro

Enpastea, obturazioa, konpositea, distala, oclusitea eta abar; bakoitza

47,90 euro

Endodontzia, pulpektomia: kostuaren % 50 ordainduko da; pieza bakoitzeko gehienez ere

109,48 euro

Ortodontziako tratamenduak

588,46 euro

Hortz inplanteak. Gehienez bi urtean

410,54 euro

(bakoitza)

2.–Begietakoak eta entzumenekoak.

A) Begietakoak.

–Laguntza finkatzen da ikusmen arazoak zuzendu, murriztu edo ezabatzeko oftalmologia operazioa egiten duten funtzionario, lan kontratudun eta administrazio- kontratudunendako, betiere osasun sistema publikoaren barnean ez dauden teknika medikoen bidez egiten bada

273,7 euro

(begi
bakoitzerako)

Betaurreko osoak

75,27 euro

Betaurreko bifokalak edo progresiboak, osoak

95,79 euro

Bi kristal arruntak berritzea

54,74 euro

Kristal arrunt bakar bat berritzea

27,37 euro

Bi kristal bifokalak berritzea

82,11 euro

Kristal bifokal bakarra berritzea

41,05 euro

Lentillak, bi begietarako beharrezkoak direnean

123,16 euro

Lentilla bakarra

61,58 euro

B) Entzumenekoak.

Audifonoak, bi belarrietarako beharrezkoak direnean

663,74 euro

Audifono bakarra

335,28 euro

C) Fonazioko aparatuak.

Fonazio aparatuen, bibrazio artikuladoreen eta gainerako protesi berezien kasuan, zenbateko osoa ordaintzen jarraituko da

3.–Protesi ortopedikoak.

Oinetako ortopedikoak, barne-zolak barne

82,11 euro

Barne-zola ortopedikoak edo takoiaren barne-zolak

34,21 euro

4.–Desgaituentzako ibilgailuak.

Gehieneko laguntza

533,72 euro

5.–Gaixotasun kronikoak tratatzeko laguntza.

Dieta berezia behar duten gaixotasunak tratatzeko laguntzak:

–Laktosarekiko intolerantzia, 2 eta 22 urte bitarteko kausatzaileentzat.

–Glutenak eragindako alergia.

–Antzeko gaixotasunak.

Kasu horietan, botiken gastuetarako laguntza emanen da, horren kostuaren % 60ra arte, betiere kostu osoa pazienteak jasaten badu.

Laguntza hori emanen da osasun publikoko diagnostiko medikoari buruzko agiria aurkeztu ondoren.

451,6 euro urtean,
kausatzaile bakoitzeko

Laguntzak eta berriro eskatu ahal izateko epea.

ALDIA

Begietakoak.

Betaurreko osoak eta bifokalak

Bi urte

Kristalak eta lentillak berritzea

Urte bat

Barne-zolak eta oinetako ortopedikoak.

Urtebetera arte

Sei hilabete

Urtebetetik 16 urtera arte

Urte bat

16 urtetik aurrera

Bi urte

Laguntzak emateko adierazi diren gutxieneko epeak aldatzen ahalko dira hori justifikatzen duen txosten medikoa aurkeztu ondoren.

Testu honen indarraldia mantentzen den hurrengo ekitaldietarako, lehen adierazitako zenbatekoak eguneratuko dira EINek orokorrean Nafarroarako finkatzen duen aurreko urteko KPIa aplikatuz.

Kudeaketa arauak.

Urtean zehar (abendutik abendura; eskaerak aurkezteko azken eguna urte bakoitzeko abenduaren 1a izanen da) dagozkion fakturak aurkeztuko dira udal erregistroan. Fakturan honako hauek jaso behar dira zehatz-mehatz:

–Kontzeptu fakturatua.

–Unitate kopurua, unitate bakoitzeko zenbatekoa, deskontuak eta kargatutako zergak.

–Edozein fakturatan zehaztu beharreko gainerakoak: enpresa, IFK, fakturaren data eta zenbakia, zerbitzua edo erosketa egiten den eguna, enpresaren helbidea eta zerbitzuaren subjektua.

–Ordaindu duela egiaztatu beharko du langileak, eta kontzeptu bererako beste erakunde edo entitate baten laguntzarik jaso ez duela deklaratu.

Langilearen eta/edo haren onuradunen erosketa edo zerbitzuei buruzko fakturak baino ez ditu ordainduko udalak. Horretarako, faktura erregistratzen duen unean, prestazioa hartzen duen ahaidea Gizarte Segurantzaren sistemaren onuraduna dela frogatzen duen agiria aurkeztu beharko da. Ahaide hori ez bada onuraduna urte natural oso-osoan, osasuneko prestazioaren laguntza proportzioan emanen zaio.

Hitzarmen honen eremuan sartutako langileendako prestazio guztien muga 4.500 eurokoa izanen da urteko. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, Nafarroako KPIaren aldakuntzen arabera.

Nolanahi ere, eskubide bera dute funtzionarioek, administrazio kontratudunek, lan kontratudunek eta udalean sei hilabete zerbitzuan daramaten behin-behineko langileek, baina eskaera egitean frogatu beharko dute.

Hala ere, kalte-ordaina aplikatu edo ez zalantzak badaude, horretarako izendatzen den batzorde paritarioak erabakiko du zer ondorio izan diren kasu bakoitzean eta alde bakoitzaren norainokoa eta erantzukizuna zehaztuko ditu.

13. artikulua. Telelana.

Vianako Udalak berariaz hitzematen du telelana sei hilabeteko epean arautuko duela.

14. artikulua. Aurrerakin itzulgarriak.

Funtzionarioei, administrazio kontratudunei, lan kontratudunei eta udalean sei hilabete zerbitzuan daramaten behin-behineko langileei Nafarroako Gobernuko langileentzat hitzartzen diren baldintza berberak aplikatuko zaizkie. Zehazki, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak maiatzaren 12an emandako 199/2006 Foru Aginduan xedatutakoa, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoentzako lansarien aurrerakinak eman eta itzultzeko prozedura, bai eta irailaren 18ko 728/2009 Foru Aginduan araututako aldaketa ere.

Udalak konpromisoa hartzen du eskaerei erantzuteko behar den aurrekontu-zuzkidura izateko. Alkatea izanen da eskaerak ebazteko organo eskuduna.

Funtzionarioek, administrazio kontratudunek, lan kontratudunek eta udalean sei hilabete zerbitzuan daramaten behin-behineko langileek 3.000 euroko soldata aurrerakina eskatzen ahal dute urtero, interesik gabe. Aurrerakina 24 hilabetean itzuli beharko dute (125 euro hilean), erregistro elektroniko orokorraren bidez.

15. artikulua. Bizi asegurua eta aldi baterako ezintasuna.

Udalak istripu kolektiboetarako aseguru poliza bat sinatuko du funtzionario, administrazio kontratudun, langile lan kontratudun finko eta behin-behineko langile guztiendako, honako berme hauekin:

–Laneko istripuaren ondoriozko heriotza: ehun eta berrogeita hamar mila euro (150.000 euro).

–Ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoa, lan istripuaren ondorioz: ehun eta berrogeita hamar mila euro (150.000 euro).

–Lanbide guztietarako ezintasun iraunkor absolutua, lan istripuaren ondorioz: ehun eta berrogeita hamar mila euro (150.000 euro).

–Baliaezintasun handia, lan istripuaren ondorioz: ehun eta berrogeita hamar mila euro (150.000 euro).

–Bizi aseguru poliza bat, berrogei mila (40.000) euroko estaldurarekin heriotzagatik, ezintasun absolutu edo osoagatik eta edozein arrazoik eragindako baliaezintasun handiagatik.

Polizaren zenbatekoak urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Udalak interesdunari edo haren jaraunsleei aseguru horren berri eman beharko die, eta behar diren izapideak egiteaz ere arduratuko da.

Kontratistari eskatuko zaio aseguru horren ordainketa gehienez hilabeteko epean egitea, heriotza edo baliaezintasuna deklaratzen denetik.

16. artikulua. Erretiroa, errelebo kontratuarekin.

Erretiro partziala bultzatzeko neurri hauek ezarriko dira:

1. Urtero, plantilla organikoa onesten denean, zehaztuko da zein langilek har dezaketen erretiro partziala.

2. Udalak konpromisoa hartuko du erretiro partzialeko eskaerak onartzeko, baldin eta eskatzaileek, plantilla organikoko kide izanik, erretiroa hartzeko legezko baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua. Desgaitasuna duten langileak.

Udalak gelditzen zaien gaitasunari dagokion lanpostuan jarriko ditu ohiko lanbidean aritzeko ezintasun iraunkor osoa duten langileak.

Adituen bitartez egiaztatuko da behar adina zein den gaitasun hori.

Kasuan kasuko gaitasunaren araberako lanpostuan kokatutako langileak eginen duen lanaldiaren portzentajea izanen da beharrekoa dena bere lanpostu berriaren kategoriak atxikia duen soldata bat etor dadin jasotzen duen pentsioaren zenbatekoaren eta prestazioa aitortu zitzaion unean jasotzen zuen soldata osoaren arteko aldearekin.

Udalak bermatuko du lanpostu berrian jarritako langileak, erretiroa hartzen duenean, ezintasunik izan gabe legokiokeen adinako prestazioa izatea.

Horretarako, Gizarte Segurantzarekin hitzarmen bereziak ezarriko dira (unean uneko legeria indardunaren arabera), eta udalak konpromisoa hartuko du langileari behar diren kopuruak ordaintzeko, akordio hau bete dadin. Ezinezkoa bada, udalak pentsio plan bat ezarriko du berme berekin.

Xede horrekin, adostasunera iritsita, berme horretarako behar diren lan-baldintzak ezarriko dira.

Udalak ebatziko ditu beste lanpostu batean jartzeko eskaerak, haiek egin eta hilabeteko epean.

Artikulu hau osatzeko, eta berariaz ezarri ez den guztian, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuan edo unean-unean indarrean dagoen araudian xedatutakoa beteko da, eta araututakoa Vianako Udalari egokituko zaio.

Prozedura ebazteko, batzorde paritario bat eratuko da udalaren eta langileen ordezkariekin. Egokitzat jotzen bada, arloko teknikarien laguntza jasotzen ahalko da, eskaerari konponbide egokia emateko.

18. artikulua. Prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntzarako eskubidea onarturik, udalak prestakuntza ikastaroetara joatea erraztuko die bere langileei. Hori helburu, funtzionario, administrazio kontratudun eta langile lan kontratudun finko eta/edo behin-behineko guztiek eskubidea izanen dute lanbide prestakuntza eta hobekuntzarako ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo enplegatuaren lanbide karrerari lotua bada.

Ikastaroetara joateko, aurretiaz baimena eduki beharko da, urte berean emana, eta bertaratze-agirien bidez kontrolatuko da bertaratzea. Zerbitzuaren arduradunak erabakiko du zein prestakuntza ikastaro egin behar diren.

Ordezkaritza sindikalarekin batera, sustatuko da langileak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren prestakuntza planean sartutako prestakuntza ekintzetara joatea. Berrikuspena urtero eginen da.

19. artikulua. Genero indarkeriaren biktimak babestea.

Genero Indarkeriaren kontrako Babes Integrala emateko Neurriei buruzko Lege Organikoa edo hura ordezten edo osatzen duen ondorengo araudia beteko da.

Era berean, tratamendu eta baldintza berdinak izanen dituzte etxeko indarkeriaren biktimek, genero indarkeriarekin erabat parekatuta geldituko baita.

Hona hemen horietako batzuk:

1.–Lanbide kategoria bereko lanpostuak betetzeko lehentasunezko eskubidea, biktimek langunea aldatu behar badute.

2.–Lan baimen ordainduak, kudeaketak egin ditzaten (etxe aldaketa, epaiketetara joatea, tratamendu psikologikoa hartzea etab.).

3.–Lan harremana etetea, lanpostua gordeta, eta lanaldi malguak izateko aukera, behar bezainbat denbora, biktimak egoera bere onera ekar dezan.

4.–Oporraldia aitzinatzea.

5.–Telelanaren modalitatean lan egiteko eskubidea, enplegatuarentzat arriskua badago. Bere lanpostuaren izaeragatik ezinezkoa bada, zerbitzu-eginkizunen erregimenean beste lanpostu batean kokatuko zaio, ordainsari murrizketarik gabe.

20. artikulua. Berdintasunerako Plana eta LGTBI protokoloa.

Vianako Udalak berdintasunari (901/2020 eta 902/2020 Errege Dekretuak) eta LGTBI eskubideei (1026/2024 Errege Dekretua) buruz indarrean dauden legedietan ezarritakoa sustatuko du, eta udalean LGTBI pertsonen berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako neurriak negoziatzea sustatuko du.

21. artikulua. Lanpostuen azterketa.

Vianako Udalak konpromisoa hartzen du hitzarmenaren indarraldiko lehen urtean lanpostuen azterketa bat egiteko, generoagatiko diskriminazio edo desberdintasun oro ezabatzeko. Era berean, konpromisoa hartzen du langileen ordainsarien E maila kentzeko hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Nafarroako Gobernuko mailekin parekatzeko.

22. artikulua. Enplegu publikoaren sustapena.

Vianako Udalak, enplegu publikoa sustatze aldera, konpromisoa hartzen du ahal duen neurrian zerbitzuen pribatizazioak saihesteko; izan ere, pribatizazioak berekin dakar laneko eskubideak galtzea eta zerbitzuen kalitatea murriztea. Konpromisoa hartzen du, halaber, gaur egun kanpora aterata dauden zerbitzuak berriro udalaren eskukoak izateko aukerak aztertzeko. Horrez gain, konpromisoa hartzen du kudeaketa publikoari lehentasuna emateko eta, nolanahi ere, kontrol publiko eraginkorra bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, Vianako Udalak bere baliabideen kudeaketa eraginkorrarekin eta herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatearekin duen konpromisoak udaleko plantillako lanpostu guztietarako ordezkapen zerrendak eratzea sustatuko du, bai eta sortzen diren lanpostu huts guztiak betetzeko prest dauden pertsonak eguneratuta mantentzea eta plantillako langileak ordezkatzea ere.

Udalak, ordezkapen zerrendak edukiko dituenez, plantilla osoa zerbitzu aktiboan mantentzeko konpromisoa hartzen du; horretarako, zerbitzu guztietan gertatzen diren bajak gehienez ere bost eguneko epean estaliko ditu, dagokion beharra jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

23. artikulua. Lekualdatze lehiaketa.

Enplegatu finkoek lehentasuna dute lanpostu berriak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Bete gabeko edozein lanposturen ondoriozko barne igoera araudiaren arabera burutuko da.

Era berean, udal langileen prestakuntza eta hobekuntza sustatzeko, eta aldi baterako kontrataziorako zerrendak eratzeko deialdiak onartzen direla aprobetxatuz, udalak dagozkion hautaprobak eginen ditu prestatzen ari diren plantillako izangaien zerrendak osatzeko, bat etorriz 96/1997 Foru Dekretuan eta 199/2004 Foru Arauan ezarritakoarekin. Proba horiek plantillako langile finkoei eginen dizkie.

24. artikulua. Diziplina-araubidea.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartutako langileei aplikatu beharreko diziplina-araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei aplikatu beharreko indarreko araudian ezarritakoa izanen da.

Udaltzaingo zerbitzuko langileei dagokienez, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako diziplina-araubidea aplikatuko da.

25. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako baldintzak ez aplikatzeko prozedura.

Hitzarmenak indarra duen bitartean, haren baldintzak aplikatuko dira.

26. artikulua. Batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat sortuko da hitzarmena interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak argitzeko. Batzorde hori udal ordezkariek eta ordezkari sindikalek osatuko dute. Batzorde hori alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da, gehienez ere 5 laneguneko epean, bilerarako eskaera formala egiten denetik. Batzorde paritarioak gehienez hamabost eguneko epean eman beharko du irizpena aurkezten zaizkion gaiei buruz.

Akordio honetan xedatzen denaren interpretazio edo aplikazioaren ondorioz gatazkarik piztuz gero, auzia batzorde paritarioaren eskutan utzi beharko da, konpon dezan.

Kasu horretan, batzorde paritarioak bildu beharko du eta gatazka konpondu ezarritako gehieneko epean, udalaren erregistro orokorrean gatazkaren sarrera zein egunetan den eta biharamunetik aurrera.

27. artikulua. Eskubide sindikalak.

Indarrean den hitzarmen honen aplikazio eremuko funtzionarioek, administrazio kontratudunek, lan kontratudunek eta behin-behineko langileek eskubidea dute beren enplegu baldintzak zehazten parte hartzeko, legean finkatu bezala, beren ordezkaritza organoen bitartez.

Udalbatzak bere egiten du LANEren 151. hitzarmena, sindikatuan sartzeko eskubideari eta administrazio publikoetako enplegu baldintzak erabakitzeko prozedurei buruzkoa.

Langileen ordezkariek hilabetean hogei orduko kreditua izanen dute. Kreditu hori hiru hilean behin kontatuko da.

Ordezkariek haietako batean edo gehiagotan metatzen ahal dituzte kreditutik dagozkien orduak, ordu metaketa eta nori dagokion jakinarazita.

Beren ordezkaritza-eremuan sartuta dauden langileak batzarretara deitzen ahalko dituzte.

Batzarra lanaldian egiten bada, arau hauek bete beharko dira:

a) Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira.

Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahal dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.

b) Lanaldian egiten diren batzarrak alkateak baimendu beharko ditu.

c) Baimena emanen da aipatu diren baldintzak betetzen badira.

Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere 48 ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrakorik esaten ez bada, baimena emantzat joko da. Erantzuna, beranduenez, batzarra egin baino 24 ordu lehenago jakinarazi beharko da. Batzarra udalaren lokal batean egin gogo bada, aurreko atalean ezarri bezala egin beharko da eskaera.

Langileek, gehienez ere, 12 ordu dituzte hiruhileko bakoitzean sindikatu-atalen batzar eta bileretan parte hartzeko, erakunde sindikalek deiturik, lanaldiaren barrenean.

Negoziazio mahaiko, batzorde paritarioko eta antzekoetako kideek behar duten denbora izanen dute haietaz arduratzeko.

Udalak berea duen lokal bat prestatuko du, enpresa batzordeak/langileen batzordeak/langileen ordezkariek erabiltzeko, eta behar bezala hornituko du.

28. artikulua. Langileen aferak.

Udalak plantillako gaien berri emanen die langileen ordezkariei.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Funtzio Publikoko Estatutua edo haren garapen arauak aldatzen badira, zuzenean aplikatuko zaizkie udaleko langile guztiei.

Karrera profesionalari dagokionez, tokiko administrazioko langile guztiei, hala funtzionarioei nola lan kontratudunei, karrera profesionalean baldintza berberetan sartzea bermatuko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetu egiten dira akordio honetan xedatutakoari aurka egiten dioten edo kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Vianako Udalak kasu bakoitzean behar diren administrazio egintzak edo xedapenak emanen ditu, akordio honen atalak behar den moduan onetsi eta indarrean sar daitezen.

Era berean, akordio hau osorik aplikatzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak eginen dira.

Akordioa lan agintaritza eskudunean erregistratuko da, hau da, Nafarroako Gobernuko Laneko Zuzendaritza Nagusian, erregistro elektronikoaren bidez, erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, orok jakin dezan.

I. ERANSKINA.–HITZARMENEKO GUTXIENEKO EDUKIAK APLIKATZEA, 7/2011 ERREGE LEGE DEKRETUAREN 2. ARTIKULUAREN ETA LANGILEEN ESTATUTUAREN 86. ARTIKULUKO 3. APARTATUAREN ALDAKETAREN ARABERA

1.–Langileen Estatutuaren 41.6 eta 82.3 artikuluetan ezarritako desadostasunak ebazteko prozedura.

Horretarako eratuko den batzorde paritarioan, Vianako Udalaren ordezkariek eta hitzarmen hau izenpetu duten sindikatuen ordezkariek osatutako horretan, sor daitezkeen desadostasunak ebazteko.

Lanaren arloko funtsezko aldaketei edo lansarien araubidea ez aplikatzeari buruzko negoziazioetan, gaia arbitrajearen menpe utziko da, 7/2011 Errege Lege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Arbitraje prozedura horren ebazpena borondatez hartuko dute beren gain hitzarmen honen sinatzaileek.

2.–Hitzarmena, bere indarraldian, egokitu edo aldatzea.

Batzorde paritario bat sortuko da horretarako, negoziaziorako eskubidea duten eta Langileen Estatutuaren 87. eta 88. artikuluetan arlo horretarako ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituzten sindikatu guztiez osaturik.

3.–Barne malgutasuna.

Bi aldeek ulertzen dute hitzarmen honen 2. artikuluan ezarritakoak erabakitako barne malgutasuneko neurriak direla.

Halaber, lanaldiaren banaketa irregularrari buruzko edozein neurri batzorde paritarioaren esku jarriko da, edo, bestela, akordioa lortuko da ukituekin, langileen legezko ordezkariei kontsulta egin ondoren.

Enpresako mugigarritasun funtzionala hitzarmen honen 2. artikuluan aipatutakoaren araberakoa izanen da.

Langileen Estatutuaren 85. artikuluko 3. apartatuak aipatzen dituen gainerako alderdiak hitzarmen honen artikulu multzoan islatuta daude.

II. ERANSKINA.–VIANAKO UDALEKO LANGILEEN DEDIKAZIO BEREZIA, PRESTASUNA, APARTEKO ZERBITZUAK ETA NEKAGARRITASUN BEREZIKO LANALDIAK ARAUTZEKO AKORDIOA

I.–Sarrera.

Akordio honen xedea da beren izaeragatik Vianako Udaleko langileen dedikazio berezia, ordutegi-prestasuna, aparteko zerbitzuak edo nekagarritasun berezia eskatzen duten zerbitzuen baldintzak arautzea.

Aparteko eta errefortzuko zerbitzuak honako hauek izanen dira, besteak beste:

–Ohiko zerbitzua indartzea eskatzen duten jolas, jai, kirol, erlijio edo kultura ekitaldiak.

–Asteburuetan, jaiegunetan eta bezperetan lan egindako orduak.

–Udal plantillaren egiturazko gabeziek eragindako premiak.

–Programatutako ekitaldiak, kanpainak edo jarduerak.

–Zerbitzuaren luzapen programatuak.

–Lanaldia burutu aurretik hasitako jardueren ondoriozko programatu gabeko luzapenak.

–Beren ezaugarriengatik udalak salbuespenezkotzat jotzen dituenak.

–Ohiko zerbitzuaren luzapena 15, 30, 45 edo 60 minutura biribilduko da.

II.–Helburuak.

Akordioaren helburuak hauexek dira:

–Vianako Udaleko lan absentismoa murriztea.

–Plangintza arruntetik kanpoko aparteko orduak murriztea.

–Ukitutako zerbitzuetako udal langileen dedikazio berezia eta prestasuna aitortzea.

Berariaz arautzen ez den guztian, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioendako indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

III.–Indarraldia eta jarraipen batzordea.

Akordioa 2026ko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, eta urtez urte luzatuko da, isilbidez, alderdietako batek gutxienez hiru hilabete lehenago berariaz salatu ezean.

Jarraipen batzordea.

Jarraipen batzorde paritario bat eratuko da, udaleko ordezkariek eta negoziazio mahaian ordezkaritza duten erakunde sindikalen ordezkariek osatua.

Vianako alkatea edo hark eskuordetutako pertsona izanen da batzordeburua.

Funtzionamendua:

–Quorum balioduna: Alderdietako bakoitzaren %50.

–Gehiengo soilez hartutako erabakiak. Batzordeburuaren botoak berdinketak ebatziko ditu.

–Ohiko bilerak: maiatzaren eta azaroaren bigarren astean, arrazoirik ez dagoenean izan ezik; kasu horretan, funtzionamendu txostena igorriko da.

–Ezohiko bilerak: udalak eskatuta.

–Teknikari espezialistak deitzen ahalko dira kasu espezifikoak tratatzeko.

Dedikazio bereziari eta prestasunari buruzko urteko akordioa 2026ko maiatzaren 31 baino lehen lortu beharko da.

IV.–Ordainsarien araubidea.

Akordio honek lau modalitate ditu:

A. Prestasun bereziko osagarria.

B. Ordu prestasunaren poltsa.

C. Asteburuetako zerbitzuak eta garrantzi edo nekagarritasun bereziko lanaldiak.

D. Aparteko orduen osagarria.

A) Prestasun bereziko eta/edo dedikazio esklusiboko osagarria.

1. Kontzeptua.

Osagarri honen bidez, beren eginkizunak direla-eta etengabeko lokalizazioa, bitarteko telematikoen bidezko etengabeko konexioa edo zerbitzua emateko erabateko prestasuna eskatzen duten lanpostuak saritzen dira.

2. Dedikazioaren araubidea.

Osagarria jasotzen duten langileek prestasun osoko erregimenean lan eginen dute.

Beste jarduera batzuk egiten ahalko dituzte, betiere prestasun hori oztopatzen ez bada eta indarrean dagoen bateraezintasun araudiaren arabera udalaren baimena badute.

3. Zenbatekoa.

Zenbatekoa lanpostuak baloratu eta aztertu ondoren zehaztuko da.

4. Bateraezintasunak.

Osagarri hau jasotzea bateraezina da honako hauekin:

–Aparteko orduak.

–Guardia lokalizatuak.

–Prestasunaren poltsa.

5. Urteko zenbaketa.

Urteko orduen guztizkoa ez da izaten ahalko erregimen orokorrerako ezarritakoa (1.592 ordu edo lanaldi motaren arabera ezarritakoa) edo lanpostuari dagozkion konpentsazioak aplikatu ondoren ezarritakoa baino handiagoa.

B) Ordu prestasunaren poltsa.

1. Xedapen orokorrak.

Poltsa lanpostua duten eta hala eskatzen duten langileendako izanen da; beraz, borondatezkoa eta indibiduala izanen da.

Atxikitzeak zera ekarriko du:

–Urteko zenbaketaz aparteko 40 ordu gehigarri, 4 prestasun lanaldi (lanaldi arrunteko egunen aldaketa) eta 8 ordu gehigarri egiteko prestasuna, gehiegizko orduak estaltzeko.

–Lanaldi gehigarriek gutxienez 8 orduko iraupena izanen dute.

–Programatutako zerbitzuak langilearen atseden egunetan soilik emanen dira, oporrak, baimenak eta lizentziak alde batera utzita.

–Programatutako orduak poltsaren saldoaren ohiko txandaren gainetik deskontatuko dira.

–Poltsa batez ere zerbitzu operatiboak edo kaleko zerbitzuak egiteko erabiliko da.

–Baldintzak borondatez atxikitzeko izanen dira, eta jaiegunetan konpentsatzeari uko eginen zaio.

–Urteko eskaera erregistro orokorraren bidez eginen da.

–Eskaerak aurkezteko ohiko epea urte bakoitzeko azaroaren 15era artekoa izanen da.

–Lehenengo urtean behin betiko onespenetik aurrerako 15 eguneko epea luzatuko da.

2. Ez dira atxikitzen ahalko:

–Bigarren jarduerako langileak.

–Gai direla aitortu arren mugak dituzten langileak.

Atxikitako langileek berariaz uko eginen diote poltsaren barruan lan egindako jaiegunak konpentsatzeari.

3. Onarpen irizpideak.

Sartzeko ordena:

–Antzinatasuna administrazio publikoan.

–Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

–Onartuen zerrenda eta erreserba-zerrenda argitaratuko dira.

4. Funtzionamendua.

Ez zaie deitzen ahalko oporretan, baimen egunetan edo lizentzia egunetan dauden langileei.

Lanaldi arruntaren eta poltsako zerbitzuaren arteko gutxieneko atsedenaldia 12 ordukoa izanen da (8 ordu justifikatutako salbuespenezko egoeretan). Era berean, asteko atseden egun bat bermatuko da.

Deialdiak 72 ordu lehenago jakinaraziko dira, udalak izendatutako bitarteko telematiko ofizialen bidez.

Udalak, dei egindako jardunaldietan, arlo bereko langileen arteko aldaketak baimenduko ditu.

Baja emateko arrazoia izanen da harremanetarako zenbaki operatiborik ez ematea.

Ahal den guztietan, esleitutako egunen zentzuzko simetria bermatuko da.

Udalak gehienez ere bi egun erreserbatzen ahalko ditu abendurako, saldoa badago.

Udalak guardia lokalizatuen lanak agindu behar baditu, poltsaren kargura edo eranskineko E apartatuari jarraiki egiten ahalko dira.

Guardiako bi ordu bakoitzeko, poltsako ordu arrunt bat zenbatuko da. Benetako zerbitzuak emateko eskatzen bazaie, lan egindako ordu bakoitzeko poltsako ordu bat zenbatuko da. Presentzia fisikoko guardiak badira, berdin jardunen da.

5. Absentzia justifikatuak.

Hauek dira, besteak beste:

–Behar bezala egiaztatutako aldi baterako ezintasuna.

–Oporrak, baimenak eta lizentziak.

–Heriotza, ezkontza, jaunartzea edo bataioa, hirugarren gradura arte.

–Behar bezala frogatutako salbuespenezko egoerak.

–Aurrez antzeko ezaugarriak dituzten bi deiri erantzun izana (jaieguna/gaua).

Deialdiari justifikaziorik gabe uko egitea edo esleitutako zerbitzua emateari uztea lan poltsan baja emateko arrazoia izanen da, eta, gainera, langilea ez da hurrengo urteko poltsan sartzen ahalko.

6. Aldaketak.

Langileek zerbitzu aldaketak erabakitzen ahalko dituzte udal arlo beraren barnean, betiere jakinarazita.

7. Bajaren arrazoiak.

a) Baja ez betetzeagatik.

Deialdi edo zerbitzu bati justifikaziorik gabe uko eginez gero, langileari baja emanen zaio, eta ez da poltsara berriro sartzen ahalko urtebete igaro arte.

b) Borondatezko baja.

Jakinarazpen formala egitearen bidez. Hala badagokio, zenbatekoak nominan doituko dira.

c) Baja aldi baterako ezintasunagatik.

Gaixotasun arrunta:

–Hilabete baino gutxiago: osagarriaren ordainketari eutsiko zaio.

–Hilabete bat: langilea poltsatik kanpo geldituko da aldi baterako eta osagarria aldi baterako galduko du. Erreserba-zerrendako lehen postuan egonen da.

–Lanera itzultzeak zerbitzuen doikuntza proportzionala ekarriko du.

Laneko istripua:

–Ordainketari eutsiko zaio, hilabetetik gorakoa izan arren.

–Aldi baterako ezintasun jarraituko 12 hilabete igarota, baja emanen zaio, baina poltsara lehentasunez itzultzeko eskubidea izanen du.

–Azken hiruhilekoan aldi baterako ezintasuna izanez gero, emateke gelditu zaizkion zerbitzuak hurrengo lehen seihilekoan emanen ditu.

8. 2026. urterako baldintza ekonomikoak.

–12 ordainsari emanen dira.

–Nafarroako Gobernuak ezarritako soldata-igoeraren ehunekoarekin eguneratuko dira.

  • A maila: 267,86 euro/hilabete.
  • B maila: 220,98 euro/hilabete.
  • C maila: 180,8 euro/hilabete.
  • D maila: 154,02 euro/hilabete.
  • E maila: 133,93 euro/hilabete.

C) Asteburuak eta garrantzi edo nekagarritasun bereziko lanaldiak.

Ordainsariei dagokienez, larunbat eta igande osoak jaiegunak izanen dira.

Ordainketari dagokionez, honako lanaldi hauek ere jaiegunak izanen dira:

–Urtarrilaren 5a.

–Otsailaren 1a.

–Abenduaren 24a eta 31.

–Magdalena eta Santiago jaietan jaiegun ofizialtzat hartzen ez diren lanaldiak.

–Nievako Ama Birjinaren jaietako larunbata, astelehena, asteartea eta asteazkena.

Udalak ordainketa ondorioetarako jaiegun gisa ezarritako lanaldien konpentsazioa diruzkoa izanen da, eta orduak urteko lanaldi gisa zenbatuko dira.

Orduko zenbatekoa Nafarroako Gobernuak jaiegunean lan egindako konpentsazio gisa urtero ezartzen duena izanen da.

D) Osagarria aparteko orduengatik.

Ordainsaria hilabetea burututakoan ordainduko da, eta maila bakoitzari erreferentziako zenbatekoaren eta aparteko orduagatik ordaindutakoaren arteko aldea aplikatuko zaio.

Ezin dute halakorik jaso dedikazio esklusiboko prestasun bereziko osagarria jasotzen dutenek.

Zenbatekoak Nafarroako Gobernuak langile publikoentzat ezartzen duen soldata-igoeraren ehunekoaren arabera eguneratuko dira.

Ordu poltsaren modalitateari atxikita daudenek, aparteko orduak sortu aurretik, poltsako ordu guztiak agortu behar dituzte.

Gainerako kasuetan, oro har aplikatzekoak diren arauak aplikatuko dira.

Aparteko ordu bakoitzeko ordainsarien taula.

MAILA

LANEGUNAK

(eurotan)

JAIEGUNAK
(eurotan)

LANEGUNAK ELUR/IZOTZAREKIN

(eurotan)

JAIEGUNAK ELUR/IZOTZAREKIN

(eurotan)

A

42,62

53,28

61,80

77,24

B

35,16

43,95

50,98

63,72

C

28,77

35,97

41,72

52,15

D

24,50

30,64

35,53

44,42

E

21,31

26,64

30,90

38,62

E) Guardia lokalizatuak, prestasuna zaindariaren jaietan.

Lanalditik kanpoko gorabeherak artatzeko guardia lokalizatuen zerbitzuak borondatezkoak izanen dira, eta behar bezala baimenduta egonen dira.

Benetan lan egindako denboratzat hartuko dira, eta langileek berehala (15 minututan) bertaratu beharko dute, alkateak edo jaietako zinegotziak hala eskatzen dienean.

Zaindariaren jaietan presentziala ez den prestasun erregimeneko guardia-aldiak, oro har, 12:00etatik hurrengo lanaldiko 00:30era luzatuko dira obra eta zerbitzuen arloan.

Horri dagokion ordainsaria 200 euro izanen dira lanaldi eta langile bakoitzeko.

Prestasun guardia horiek beste prestazio-aldi batzuei edo gainerako udal zerbitzuei eragiten badiete, ordainsaria 16 eurokoa izanen da zaintza-ordu eta langile bakoitzeko.

Apartatu honetako ordainsarien zenbatekoak Nafarroako Gobernuak langile publikoentzat ezartzen duen soldata-igoeraren ehunekoaren arabera eguneratuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2612062