Iragarkia
190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
150C/2026 EBAZPENA, abuztuaren 31koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Clínica Arcángel San Miguel, SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusi da Clínica Arcángel San Miguel, SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001302011985), erregistro honetan sartu dena 2026ko uztailaren 14an, enpresaren eta sindikatuen ordezkariek 2026ko ekainaren 18an sinatu ondoren.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak xedatzen duenari loturik,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Clínica Arcángel San Miguel, SA enpresak aurkeztutako Hitzarmen Kolektiboa (kode zenbakia: 31001302011985).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 31n.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
CLÍNICA SAN MIGUEL SA (2025-2028) ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
Hitzarmen kolektibo hau negoziatu eta adostu dute, Clínica San Miguel SA enpresa ordezkatuz, Daniel Cámara eta Elena Gilcuartero, Paula Palacios, zuzendari nagusiak, giza baliabideen zuzendariak eta giza baliabideen zuzendariordeak, hurrenez hurren, eta Clínica San Miguel enpresako batzordeak, CCOO sindikatuko 13 kidez osaturik.
I. KAPITULUA.–EREMUA, INDARRALDIA ETA ARAU OROKORRAK
1. artikulua. Pertsona-eremua.
Hitzarmen kolektibo honek "Clínica Arcángel San Miguel SA" enpresako langileen lan harremanak arautzen ditu eta haiei aplikatuko zaie. Lantoki horrek Iruñeko Belosogoiti kaleko 32an du egoitza soziala. Hitzarmenez kanpo berariaz formalizatzen den kontratu harremana duten langileak kanpo gelditzen dira.
2. artikulua. Indarraldia eta iraupena.
Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izanen du, 2025eko urtarrilaren 1etik 2028ko abenduaren 31 arte, beste data bat zehazten duten klausulak izan ezik.
Hitzarmenak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
3. artikulua. Hitzarmena salatzea eta indarraldia luzatzea.
Alderdi sinatzaileetako edozeinek salatzen ahalko du hitzarmen hau, iraungi baino bi hilabete lehenago, gutxienez, eta bost hilabete lehenago, gehienez.
Salatze horrek indarra izan dezan, idatziz jakinarazi beharko zaio beste alderdiari, eta jakinarazpen hori lan arloko agintari eskudunaren aurrean erregistratu beharko da.
Hitzarmen kolektiboa salatuta, hitzarmen berriaren gaineko berariazko akordiorik lortzen ez den bitartean, ulertuko da hitzarmen kolektiboaren edukia luzatuko dela.
Hitzarmen kolektibo hau, alderdi sinatzaileetako batek ere berariaz azkentzea iragarri ez badu, besterik gabe luzatutzat joko da urtetik urtera, urtea naturala delarik.
4. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
Hitzarmen kolektibo honetan itundutako kopuruek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta beren osotasunean eta urteko konputuan hartuko dira. Osorik konpentsatzen ahal dira lehendik legeak, itun batek edo beste edozein kontzeptuk ezarritakoekin.
Hitzarmen kolektibo honen gainetik dauden legezko xedapenen bidez aurrerantzean egiten diren soldata hobekuntzak irentsi eginen dira, urteko konputuan eta orokorrean hartutako soldatak gainditzen ez badituzte; bestelakoetan diferentziak bitarte irentsiko dira.
5. artikulua. Jarduera.
Enpresak konpromisoa hartzen du ohe gehiago ez jartzeko aurretik behar diren langileak kontratatzen ez badira, eta langileak ordezteko beharrezkoa denean.
II. KAPITULUA.–SOLDATA ETA ORDAINSARIEN EGITURA
6. artikulua. Soldata.
Hitzarmen honen indarraldian, urtero igoko dira soldata tauletan jasotako kontzeptuak (oinarrizko soldata, jarduera, lanpostua, garraioa, arriskua, txandakako lana, antzinatasuna, jaieguneko plusa, gau lanekoa, guardia lokalizatuak, eta abar) portzentaje hauetan:
2025eko ekitaldirako igoera honakoa izanen da: 2024. urteko Estatuko KPIa gehi %1,2 puntu (%2,8+%1,2=%4).
2036ko ekitaldirako igoera honakoa izanen da: 2025. urteko Estatuko KPIa gehi %0,8 puntu (%2,9+%0,8=%3,7).
2027ko ekitaldirako igoera honakoa izanen da: 2026. urteko Estatuko KPIa gehi %0,6.
2028ko ekitaldirako igoera honakoa izanen da: 2027. urteko Estatuko KPIa gehi %0,6.
Bermatzen da urteko soldata-igoera ez dela %1 baino txikiagoa izanen, ez eta %4,25 baino handiagoa ere.
Halaber, ez dago aukerarik soldata igoera hauek ez aplikatzeko edo soldata murrizteko, non ez den akordiorik alderdien artean, hots, enpresaren eta enpresa batzordearen artean.
7. artikulua. Ordainsarien egitura.
Hileko oinarrizko soldata: langileak, denbora unitateko, hilean jasotzen duen ordainsaria da.
Jarduera: kategoria bakoitzari dagokion kopurua, hileko zenbatekoan azaltzen dena.
Antzinatasuna: langileek, antzinatasun gisa, bi hirurteko eta bost bosturteko jasoko dituzte gehienez. Kalkulurako modulua langilearen oinarrizko soldata izanen da eta horren zenbatekoa %5 hirurteko bakoitzeko eta %10 bosturteko bakoitzeko.
Hirurteko edo bosturtekoaren zenbatekoa haiek bete eta hurrengo hilabetearen 1etik hasita sorraraziko da.
Lanpostua: lanpostuko osagarria kategoria batzuei ordainduko zaie erantzukizun berezia izateagatik.
Gaueko lanaren plusa: gaueko txandan aritzen diren langileek, gaueko lanaren plusa dela-eta, kopuru hauek jasoko dituzte, osorik edo gau bakoitzeko lanorduen proportzioan:
–Gaueko lanaren plusa, 2025ekoa: 22,08 euro.
–Gaueko lanaren plusa, 2026koa: 22,89 euro.
Departamentu-plusa: lanpostuko osagarria, hilabetekoa, betetzen den lanpostuko toxikotasun, nekagarritasun eta arriskuaren ordaina ematen duena.
Garraio-plusa: soldatakoa ez den ordainsaria, etxetik lantokirako joan-etorria nork bere kabuz edo garraio publikoak erabiliz egitearen gastua konpentsatzen duena. Hamabi hilabetez jasoko da.
Lanaldi zatitua izan ohi duten eta lantokira bitan edo gehiagotan joan behar duten langileek, gainera, plus horren %50 hartuko dute.
Txandakako laneko plusa: goiz, arratsalde eta gaueko txandetan aritzen diren eta guardia lokalizatuak izan ohi dituzten langileek, txandakako lanaren osagarri gisa, norberaren oinarrizko soldataren %2 jasoko dute, eta jaiegunetan eta igandeetan goiz eta arratsaldeetan aritzen direnek, berriz, langile bakoitzaren oinarrizko soldataren %1.
Txanda horiek lau hilabete baino denbora gehiagoz egiten dituzten langile guztiek jasoko dute osagarri hori.
Plus hori hamabi hilabetetan ordainduko da eta ez da jasoko aldi baterako ezintasun egoeretako bakar batean ere.
Jaiegunetako plusa: eguneko zenbatekoa eta lanaldi osokoa den soldata osagarria, igande ez diren jaiegunetan egindako lana ordaintzen duena. Lanaldi osoa egiten ez bada, egindako orduen proportzioan ordainduko da.
–2025eko jaiegunetako plusa: 52,49 euro.
–2026ko jaiegunetako plusa: 54,43 euro.
Plus hau hiru txandei ordainduko zaie: goizekoari, arratsaldekoari eta gauekoari. Jaieguneko gautzat joko da jaiegunaren bezperan hasten dena eta txanda horretako lanaldiaren gehiena halako egunetan dena. Aitzitik, jaiegunean hasi eta gehienbat lanegunean segitzen duen txanda ez da jaieguntzat joko.
Guardia lokalizatuak egiten dituzten langileei, guardia edo prestasunagatik inolako osagarririk jasotzen ez badute, jaiegunetako plusaren %50 ordainduko zaie guardia jaiegunean denean, betiere egiazki eskatu bazaie eta klinikara joan behar izan badute beren zerbitzuak ematera.
Plus bikoitza jasoko dute Gabon Gauean, Eguberri egunean, Urtezaharrean eta Urteberrian lan egin behar dutenek.
Goiz, arratsalde eta gaueko txandetan eta goiz eta arratsaldeko txandetan aritzen diren langileek jaiegunetan lan egiten badute, urtean 8 jaiegun bermatuko zaizkie, datetan bat datozela.
Igandeko plusa: eguneko zenbatekoa eta lanaldi osokoa den soldata osagarria, igandeetan egindako lana ordaintzen duena. Lanaldi osoa egiten ez bada, egindako orduen proportzioan ordainduko da.
–2025eko igandeko plusa: 52,49 euro.
–2026ko igandeko plusa: 54,43 euro.
Plus hau hiru txandei ordainduko zaie: goizekoari, arratsaldekoari eta gauekoari. Igande gautzat joko da larunbatean hasten dena, txanda horretako lanaldiaren gehiena halako egunetan izateagatik. Aitzitik, igandean hasi eta gehienbat lanegunean segitzen duen txanda ez da igandetzat joko.
Guardia lokalizatuak egiten dituzten langileei, guardia edo prestasunagatik inolako osagarririk jasotzen ez badute, igandeko plusaren %50 ordainduko zaie guardia igandean denean, betiere egiazki eskatu bazaie eta klinikara joan behar izan badute beren zerbitzuak ematera.
Goiz, arratsalde eta gaueko txandetan eta goiz eta arratsaldeko txandetan aritzen diren langileek igandeetan lan egiten badute, urtean 26 igande bermatuko zaizkie.
Halaber, goiz, arratsalde eta gaueko txandetan eta goiz eta arratsaldeko txandetan aritzen diren langileek igandeetan lan egiten badute, urtean 8 asteburu (larunbat eta igande) emanen zaizkie gutxienez, oporraldikoak kanpo.
Aparteko pagak: Aparteko bi paga ordainduko dira, oinarrizko soldataren, jardueraren eta antzinatasunaren parekoak. Pagek urteko edo seihilekoko sortzapena izanen dute (2017ko urtarrilaren 1az geroztik lanean hasi edo lanean berriz hasitakoentzat), bata (Eguberrietakoa) urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte sorrarazia, eta bestea (uztailekoa) uztailaren 1etik ekainaren 30era bitarte.
Aparteko paga horiei ez diete eraginen aldi baterako ezintasun prozesuek, eta kontratuaren iraupenaren eta langilearen jardunaldiaren arabera jasoko dira.
Hirugarren aparteko paga bat ordainduko da (15. aparteko paga izenekoa) 2026az geroztik, urteko sortzapenarekin, langile bakoitzaren kategoriako oinarrizko soldataren hilabete baten baliokidea; eta ez da sortuko kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasun aldietan, ez eta edozein eszedentzia modalitatetan, ordaindu gabeko baimenetan edo guraso-baimenetan ere (8 aste). Aparteko paga horren sortzapena urte natural bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra sorraraziko da eta hurrengo urteko otsailean jasoko da. Kontratuaren iraupenaren eta langilearen jardunaldiaren arabera jasoko da.
Era berean, bidezkoa bada, legeetan ageri diren gainerako ordainsariak emanen dira, ezarritako moduan.
Aipatu ordainsarien definizioari, irismenari eta ordainketako inguruabarrei dagokienez, indarra duen legerian ezarritakoa beteko da.
Guardia lokalizatuak: guardia lokalizatuak egiten dituzten langileek soldataren osagarri bat jasoko dute guardiako ordu bakoitzeko.
8. artikulua. Plus aldakorren ordainketa oporraldian.
Oporraldian, langileek oporrak hartu aurreko 11 hilabeteetan sorrarazitako plus aldakorren (gau lanekoa, igandetakoa, jaiegunekoa) batezbestekoa jasoko dute.
Plus aldakor horien abonamendua kalkulatzeko, langileek oporrak hartu aurreko 11 hilabeteetan sorrarazitako gaueko lanaren, igandekoaren eta jaiegunekoaren plus guztien batuketa, eta kopuru hori zati 11 eginen da.
Urte naturala osatu ez bada, kalkulua lan egindako denboraren proportzioan eginen da.
9. artikulua. Aurrerakinak.
Langileek eskubidea izanen dute aurrerakinak lortzeko, inolako korriturik gabe, betiere horien zenbatekoa bi hilabeteko egiazko soldata baino handiagoa ez bada.
Ematen denetik hamar hilabeteko soldatetan deskontuak eginez (zenbateko berekoak) itzuliko da aurrerakina.
–Aurrerakin berezia.
Jarduneko langileei hiru mila (3.000) euro bitarteko aurrerakin bereziak ematen ahal zaizkie, gehienez ere bi urte eta erdiko epean itzultzeko, ematen denetik kontatzen hasita. Aurrerakin horiek emanen dira enpresaren ustez beharra justifikatuta baldin badago eta eskatzaileak erabat kitatu gabeko beste aurrerakinen bat ez baldin badu.
Enpresak 40.000 euro dituenez gehienez "aurrerakinen kontuan", guztira ematen diren aurrerakinek ez dute kopuru hori gaindituko.
III. KAPITULUA.–LANALDIA ETA OPORRAK
10. artikulua. Lanaldia.
Bakoitzak egiazki izanen duen lanaldia, urteko konputuan, hau da:
2025 | 2026-2027-2028 | |
GOIZ/ARRATS./GAU/GUARD. LOK. TXANDAK | 1593 ordu | 1586 |
ARAUBIDE OROKORRA | 1638 ordu | 1631 |
Enpresak konpromisoa hartzen du bere aldetik ez aplikatzeko goragoko esparruko legezko arauetan aurreikusitako malgutasun formularik orduetan, salbu eta enpresan indarrean daudenak hitzarmen kolektibo hau sinatzerakoan.
11. artikulua. Txandak.
Lan txandak Erizaintzako zuzendariak, solairuko gainbegiraleek edo atal bakoitzeko buruek ezarriko dituzte, langileekin bat, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.
Urtero ezarriko dira txandak, eta aplikatu baino hilabete lehenago jakinaraziko dira. Egutegian aldaketak egiteko, ukitutako langileen eta enpresaren arteko adostasuna beharko da, eta enpresa batzordeari aipatu aldaketen berri eman beharko zaio.
12. artikulua. Lanaldi-murrizketa.
Haurrak zaintzeko lanaldi murrizketa adingabeak hamabi urteak bete arte izanen da.
60 urte edo gehiago dituzten langileek beren laneguna eta, proportzionalki, beren soldata murrizten ahalko dute, %50eraino.
Edozein lanaldi-murrizketa eskatzeko epea gutxienez hasiera data baino 15 egun lehenagokoa izanen da.
13. artikulua. Oporrak.
Langileek 30 egun natural izanen dituzte urtean oporretarako, benetako lan urtea bete badute. Bestela, zati proportzionala hartzeko eskubidea izanen dute.
Urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte hartuko dituzte. Oporretarako egunak ezartzerakoan, oporretan dauden langileak ordezkatu behar ez izatea irizpide nagusia izanen da.
6 hilabetetik gorako antzinatasuna duten langile guztiek eskubidea izanen dute hamabostaldi batez oporrak hartzeko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean.
Langile bati oporraldian dagoen artean edo oporrak hasi aurretik aldi baterako ezintasuna gertatzen bazaio, oporrak eten eginen dira. Kasu horretan, oporrak geroago hartuko dira, enpresak eta langileak adosten duten egunetan; betiere, hemezortzi hilabete baino gehiago iragan ez badira ezintasun hori gertatu zen urte bukaeratik.
14. artikulua. Festak.
Jaiegun izanen dira, administrazio publikoek oro har ezartzen dituztenez gainera, irailaren 29a, San Migel eguna, uztailaren 11ra pasatu dena, eta uztailaren 7a, San Fermin eguna. Igandean egokituz gero, hurrengo astelehenean hartuko dira.
IV. KAPITULUA.–LIZENTZIAK ETA BAIMENAK
15. artikulua. Ordaindutako lizentziak.
Langilea, aurretik abisatu eta justifikatuta lanetik atera daiteke, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:
a) Ezkontzagatik edo notario aurrean erregistratutako izatezko bikoteagatik: 17 egun natural. Ospakizuna edo notario-egintza langilearentzat lanegun ez den egunean egiten denean, epea hurrengo lehenbiziko lanegunetik aurrera zenbatzen hasiko da.
b) Semearen edo alabaren bataioarengatik: bataioaren eguna.
c) Semearen edo alabaren jaunartzea: jaunartzearen eguna.
d) Bi ezkontideen seme-alaben, anai-arreben eta iloben ezkontzagatik: egun horixe.
e) Ohiko bizilekua aldatzeagatik: aldaketa eguna.
f) Ezkontideak, seme-alabak, gurasoek, ezkon-gurasoel, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun. Ospitaleko alta emanda gero etxean atsedenik agintzen ez den kasuan, langileek gutxienez 3 egun naturaleko baimena izanen dute. 200 km baino gehiago ibili behar badira, beste egun 1 emanen da.
g) Ezkontidearen, seme-alaben, gurasoen, aitaginarrebaren eta amaginarrebaren kirurgia anbulatorioa denean: 2 egun natural.
h) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen istripu edo eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratzerik ez baina etxeko atsedena eskatzen duen ebakuntza kirurgikoagatik, bost egun. Ospitaleko alta emanda gero etxean atsedenik agintzen ez den kasuan, langileek gutxienez 2 egun natural izanen dituzte. 200 km baino gehiago ibili behar badira, beste 2 egun emanen dira.
i) Ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren, seme-alaben, gurasoen, aitaginarrebaren eta amaginarrebaren heriotza: 5 egun natural. Baimen hori eragile izan den gertakariaren hurrengo lehenbiziko lanegunean hasiko da, langileak baimenaz gozatzen gertakariaren egunean bertan hasi denean izan ezik.
Egunen zenbaketa langilearentzat ezarritako jatorrizko egutegiaren arabera eginen da.
j) Anai-arreben, koinatu-koinaten, aitona-amonen eta biloben heriotza: 3 egun natural. 200 km baino gehiago ibili behar badira, beste egun 1 emanen da.
Baimen hori eragile izan den gertakariaren hurrengo lehenbiziko lanegunean hasiko da, langileak baimenaz gozatzen gertakariaren egunean bertan hasi denean izan ezik.
Egunen zenbaketa langilearentzat ezarritako jatorrizko egutegiaren arabera eginen da.
k) Osaba-izeben heriotza (aitaren edo amaren anai-arrebak, odolkidetasunekoak): hileta eguna.
l) Bigarren gradu arteko ahaideen ospitaleratze gabeko ebakuntza kirurgikoa denean: 2 egun natural. 200 km baino gehiagora gertatzen bada, baimenak 2 egun gehiago izanen ditu.
m) Ezkontidearen edo lehen graduko ahaidearen proba diagnostikoak, sedazioa behar dutenak, betiere ospitaleratze gabeko ebakuntza kirurgikotzat hartzen ez badira, egun 1.
n) Gertaera eragilearen eguna, seme-alabei edo ezkontideari medikuaren kontsultara laguntzeko, kontsulta horiek Osasun Zerbitzu Publikokoak direnean eta autonomia erkidegotik 200 km baino urrutiago daudenean.
b), c) eta d) apartatuetan, gauez lan egin behar izanez gero, zeremoniaren aurreko gaua edo zeremonia eguneko gaua hartzeko eskubidea izanen da.
Lan arloko legeriak ezartzen dituen baimen ordainduen gainerako kasuetan legeria horretan ezarritakoari jarraituko zaio.
Ospitaleko egonaldiengatik, ospitaleratzeengatik eta abarrengatiko baimenak denboran geroratu ahalko dira, gertaera eragileak dirauen artean, betiere baimen jarraitua hartzean baino egun kopuru handiagoa hartzea ez badakar, eta egun horiek sorrarazitako lanegun, asteburu edo jaiegunen izaera bera badute.
Baimen hauek aplikatzeko, legez erregistratutako izatezko bikoteak ezkonduen pareko izanen dira.
Artikulu honetan arautu gabeko egoeretarako, Langileen Estatutua aplikatuko da baimenen arautzean.
AHAIDETASUN MAILAK | |
ODOL-AHAIDETASUNA | EZKONTZA BIDEZKO AHAIDEAK |
OSABA-IZEBAK (3. maila) | OSABA-IZEBAK (3. maila) |
AITONA-AMONAK (2. maila) | AITONA-AMONAK (2. maila) |
GURASOAK (1. maila) | GURASOAK (1. maila) |
LANGILEA | EZKONTIDEA |
SEME-ALABAK (1. maila) | SEME-ALABAK (1. maila) |
ANAI-ARREBAK (2. maila) | KOINATU-KOINATAK (2. maila) |
BILOBAK (2. maila) | BILOBAK (2. maila) |
ILOBAK (3. maila) | ILOBAK (3. maila) |
16. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Langileak eskaturik, borondatezko eszedentzia emanen da, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Eszedentzia hiru urtetik beherako eperako eskatzen bada, epe hori bukatutakoan automatikoki itzuliko da lanera eszedenzian egon den langilea.
Hala eszedentzia hartzeko eskaera nola itzultzekoa eszedentzia hasi edo bukatu baino hilabete lehenago egin beharko da.
Borondatezko eszedentziari buruz, amatasun-eszedentziari buruz, etab., hitzarmen honetan arautzen ez diren gainerako kasuetan legeria orokorrari jarraituko zaio.
17. artikulua. Soldatarik gabeko baimenak.
Langileek soldatarik gabeko baimena eska dezakete, 15 egun lehenago, eta baimen hori 7 egunetik gorakoa eta 90etik beherakoa izanen da. Horretarako behar besteko justifikazioa izan beharko da eta zerbitzu eta kategoria bakoitzean ez du pertsona batek baino gehiagok hartzen ahalko.
Uztailetik irailera bitarte, biak barne, ezinbesteko beharragatik bakarrik emanen dira baimen horiek, hain zuzen ere ezkontideak eta lehen graduko odolkidetasuneko ahaideek eritasun larria badute eta langileek zaindu behar badituzte.
Enpresak eskubidea du baimen hori nahi duen langileari frogagiri medikoa edo beharrezkoa iruditzen zaion beste edozein eskatzeko.
Aurkezten diren beste eskaera batzuk ere balora ditzake enpresak.
V. KAPITULUA.–PRESTAKUNTZA, LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
18. artikulua. Prestakuntza.
Enpresak eta enpresa batzordeak negoziatuko dituzte urteko prestakuntza planak, eta horietan langile guztiendako prestakuntzaren plangintza eginen da.
Langile guztiek dute eskubidea urtean ordaindutako 20 orduko prestakuntza jasotzeko, eta orduak 5 urteko aldietan metatzen ahalko dira.
Errehabilitazio departamenturako soilik, 20 orduez gainera, zerbitzuak programatutako ikastaro bat asteburuan eginez gero, haren iraupena prestakuntza ordu erantsi gisa zenbatuko da.
Nahitaezkoak diren edo enpresak bidalita egiten diren prestakuntza ikastaroetako orduak egiazki lan egindako ordu gisa kontatuko dira.
19. artikulua. Barne igoera.
Lanpostu finko bat hutsik dagoenean, igoera izanez gero, Klinikako langileen artean beteko da, langileek behar den titulazioa badute eta legezko probak gainditzen badituzte. Igoera ez denean, zentroko langileek lehentasuna izanen dute.
Gaueko txandarik ez den lanpostu hutsak eta txanda hori gabe sortzen diren lanpostu berriak betetzeko, 55 urtetik gorako langileek izanen dute lehentasuna, hala nahi badute, betiere lanpostua betetzeko baldintzak betetzen badituzte.
20. artikulua. Osasun laguntza eta hortzak zaintzeko poliza.
Langileek eskubidea izanen dute Arcángel San Miguel Klinikan osasun laguntza dohainik izateko, bai tratamendu anbulatorioei bai barnekoei dagokienez: zerbitzu klinikoak, ospitaleratzeak eta Klinikaren barneko osasun laguntza.
Laguntza hori prebentzio zerbitzuaren bidez eskatuko da.
Horretatik kanpo daude San Miguel Klinikarekin kontratu bidezko lan harremanik ez duten profesionalekin egiten diren kanpoko kontsultak.
Enpresak hortzak zaintzeko poliza bat sinatuko du IMQrekin, CSMko langile guztiendako, urte bakoitzean indarrean dauden frankizien gaineko %10eko deskontua duen hobekuntzarekin, doan, langileendako, haren ezkontideendako, legez erregistraturiko izatezko bikoteendako eta seme-alabendako.
Bi eskubide horiek, osasun laguntza eta hortzak zaintzeko poliza, enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna daukaten langile guztien eskubideak dira.
21. artikulua. Amatasunaren babesa.
Haurdun dagoen emakumeak, medikuaren txostenarekin bat, eskubidea izanen du lanpostua aldatu eta beretzat egokiagoa den batean aritzeko.
Haurdunaldian, eskubidea izanen dute beharrezkoa den denbora hartzeko, lanorduetan, haurra jaio aurreko azterketa medikoetarako eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko.
22. artikulua. Esnea ematea.
Haurrari esnea emateko denbora metatzeko eskubidea dute langileek. Hura gozatzea lan arloko legezko xedapenetan ezarritakoaren arabera arautuko da.
23. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Kontingentzia arruntek (gaixotasun arrunta eta lanez kanpoko istripua) eragindako aldi baterako ezintasun prozesu bat edo gehiago dituzten langileek, baja ofizialarekin, honako ordainsari-erregimen honetarako eskubidea izanen dute:
1.–Aldi baterako ezintasun prozesu bakoitzaren lehenbiziko hiru egunetan ez da soldata kontzeptu finkoen ordainsaririk sortuko. Zenbateko hori 15. aparteko pagatik kenduko da.
2.–Kontingentzia arruntak eragindako ezintasun prozesu bakoitzaren laugarren eta bosgarren egunetan ez da soldata kontzeptu finkoen %40 jasoko. Zenbateko hori 15. aparteko pagatik kenduko da.
3.–Kontingentzia arruntak eragindako aldi baterako ezintasun prozesu bakoitzaren 6. egunetik aurrera eta bostehun eta berrogeita bosgarren egunera arte, borondatezko osagarri bat jasoko da, eta haren zenbatekoak, prestazio ofizialei gehituta, lanean egonda zegozkiokeen soldata sortzapen finkoen %100 osatuko du.
Ondorio horietarako, soldata kontzeptu finkoak dira honako hauek: oinarrizko soldata, jarduera, antzinatasuna eta garraio plusa; gainerako soldata kontzeptuei ez die eraginen.
Kontingentzia arruntek eragindako aldi baterako ezintasun prozesu bakoitzaren lehenbiziko bost egunetako ordainsari-faltari dagozkion zenbatekoak "15. aparteko paga" izenekoan kenduko dira, eta kenkari horrek ez du inoiz pagaren zenbatekoa (kategoria bakoitzaren hilabeteko oinarrizko soldata) gaindituko.
Urte naturalean 15. aparteko pagari dagokion zenbatekoa agortzen duen langileak, kontingentzia arruntak eragindako aldi baterako ezintasun prozesu berrietan badirau edo haietan sartzen bada, borondatezko osagarri bat jasoko du, prestazio ofizialei gehituta lanean egonda zegozkiokeen soldata sortzapen finkoen %100 osatzeko bestekoa.
Laneko kontingentziek eragindako aldi baterako ezintasun prozesuetan, langileak lanean egonda zegozkiokeen soldata sortzapen finkoen %100 jasoko du.
Kontzesio horiek aldi baterako eta bakarka aldatu edo eten daitezke, Enpresak eta Batzordeak hala erabakitzen dutenean.
Langileren bat, bajan 18 hilabete baino gehiago egin ondoren, ezintasun iraunkorraren egoerara pasatzen bada, Zuzendaritzak, Batzordeak eskaturik, legozkiokeen prestazioen konturako aurrerakin bat ematea aztertzen ahal du, kasuak banan-banan aztertuta.
24. artikulua. Istripu aseguruaren poliza.
Klinikak konpromisoa hartzen du 23000 euroko aseguru poliza bat hartzeko, langileen edozein istripuren ondoriozko heriotzarako edo ezintasun iraunkor oso eta partzialerako. Estaldura horren barnean sartzen dira kontratu mugagabea edo urtebetetik gorakoa duten langileak, enpresarentzat lanean ari badira eta lan kontratua etenda ez badute.
25. artikulua. Segurtasun eta Osasun Batzordea.
Batzordean, alde batetik, prebentzioko ordezkariak izanen dira eta, bestetik, enpresaburua eta/edo haren ordezkariak (prebentziokoak zenbat, horiek ere horrenbeste).
Laneko arriskuei aurrea hartzeko gaietan zeregin berariazkoak dituzten ordezkariak dira prebentzioko ordezkariak.
Prebentzioko ordezkariak langileen ordezkariek izendatuko dituzte beren artetik hautatuta; postu horiek hala betetzen ez badira, Klinikako plantillako langileekin osatzen ahalko dira.
VI. KAPITULUA.–ERRETIROA
26. artikulua. Erretiroa.
Enpresak, ahal duen neurrian, sustatuko du erretiro partziala errelebo kontratuarekin, betiere langileek une guztietan eskatzen diren legezko betebeharrak betetzen badituzte.
VII. KAPITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK
27. artikulua. Enpresa Batzordeari aitortzen zaizkion eskubideak.
Enpresak Enpresa Batzordeko kideei ordu kreditu ordaindua izateko eskubidea onartuko die, ordezkaritza eginkizunak bete ditzaten. Ordu horiek, aurretik, behar den denborarekin, idatziz eskatu beharko zaizkio nagusi hurrenari.
Enpresa batzordeak bere lokala izanen du kargu horretako aferez arduratzeko. Beharrezkoa den bulegoko materiala emanen dio enpresak batzordeari (papera, karpetak, bolalumak, etab...).
Enpresa Batzordeko kideek une bakoitzeko arauari dagokion ordu kreditua edukiko dute, eta beren orduen kreditua beste kide batzuei eman diezaiekete, baita liberazio osoa eduki ere, urte natural oso baterako eta kreditua ematen duen langilearen kreditu guzti-guztiak emanez betiere.
VIII. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
28. artikulua. Definizioa eta printzipio orokorrak.
Langile guztiak, salbuespenik gabe, agintzen zaizkien eginkizunen erantzule izanen dira enpresako zuzendaritzaren aurrean, bai eta euren jokabideen erantzule ere, eta hitzarmen kolektibo honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako aginduak eta neurriak beteko dituzte, kasuan-kasuan izan dezaketen erantzukizun zibila nahiz kriminala galarazi gabe.
Hutsegitetzat hartuko da edozein ekintza edo omisio, hitzarmen kolektibo honetan edo laneko bestelako arau indardunetan (lege edo kontratu bidezkoetan) ezarritakotik ondorioztatzen diren laneko betebeharrak haustea edo ez betetzea ekartzen badu.
29. artikulua. Falten mailakatzea.
Langileak eginiko faltak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz faltaren tamaina edo garrantzia: arina, larria edo oso larria.
1. Falta arinak: behar den arreta faltak edo desenkusatzen ahal diren axolagabekeriak, antolamendu honetan neurtzen ahal den kaltea sortzen ez badute.
a) Hilabete batean lanera hiru, lau edo bost aldiz berandu iristea bidezko arrazoirik gabe, hamar minututik goitiko eta hogei minututik beheitiko atzerapenarekin.
b) Lanpostutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrerako bada ere, enpresarentzat kalte larririk sortu gabe (kasu horri bestelako kalifikazioa dagokio).
c) Bidezko arrazoia izanik, lanpostuan aritu ez izanaren berri behar den epean ez ematea, non ez duen ezinezkoa izan zaiola frogatzen.
d) Hilabetean behin lanera ez agertzea bidezko baimenik edo arrazoirik gabe.
e) Lankideak edo bezeroak adeitasunez, arretaz eta errespetuz ez hartzea, enpresaren irudiari kalte larririk egin gabe.
f) Arreta gabeziak enpresaren lokalak, materiala edo dokumentazioa zaintzean, haietan kalterik sortzen badute.
g) Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, bai eta arroparena ere.
h) Enpresari bere jakinarazpen ofizialak egiteko lekuren edo leku horren aldaketaren berri ez ematea, edozein izanik ere langilearen bizitokia.
i) Hiru egunetik bost egunera bitartean, hilabeteko epean lanegunaren eguneroko erregistroa egiteko betebeharra justifikaziorik gabe ez betetzea.
j) Gure Kode Etiko eta Jokabide Kodean, Compliance Politiketan eta Delituen Prebentziorako Eskuliburuan xedatutakoa ez betetzea, bai eta gure Datuen Babeserako eta Informazioaren Segurtasunerako Politikan xedatutakoa ez betetzea ere.
k) Gure Datuen Babeserako ordezkariari ezagutzen duen segurtasun urraketa ororen berri ez jakinaraztea, bai eta interesdunek tratamendua eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, eramateko eta mugatzeko dituzten eskubideen erabileraren berri ez ematea ere.
2. Falta astunak: axolagabekeria edo obedientziarik eza larriak, neurtzen ahal den modu batean produkzio prozesuari kalterik eragiten badiote edo/eta lege, erregelamendu edo hitzarmeneko arauren bat hausten badute; horien artean, hauek daude:
a) Hilabetean lanera sei, zazpi, zortzi edo bederatzi aldiz berandu iristea bidezko arrazoirik gabe.
b) Hilabetean bitan lanera ez agertzea bidezko baimenik edo arrazoirik gabe.
c) Datu edo jakinarazpenak ez aipatzea, maltzurkeriaz ez tramitatzea edo faltsutzea, neurtzen ahal den eragina badute Gizarte Segurantzan.
d) Goragoko karguen aginduak edo entitatearen berariazko arauak ez betetzea.
e) Hitzezko edo egitezko tratu txarrak, lankideekiko edo bezeroekiko errespetu falta nabaria ekartzen badute; sexualki jazartzeko jarrera nabaria; eta aginte edo mendekotasun harremanik ez duten pertsonen arteko jazarpen morala.
f) Norbere garbitasun eta txukuntasunik eza, lanaren garapen normala eragozten badu, enpresaren irudia kaltetzen badu edo lankideen bidezko kexa errepikatua sorrarazten badu. Halaber, osasun arloko langileek higiene arauak ez betetzea, pazienteei arriskuren bat sortzen ahal badie.
g) Laneko arriskuen prebentzioaren, laneko segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan langileari arau, erregelamendu eta hitzarmenetan ezarritako betebeharrak ez betetzea, langilearen beraren, lankideen edo hirugarrenen osotasun fisikoan edo osasunean, edo enpresaren instalazioetan, arrisku larria sortzen badu. Jokabide hori oso larritzat kalifikatuko da ez betetzearen ondorioa halakoa denean.
h) Lan partikularrak egitea lanorduetan, eta orobat, enpresaren materialak beharrezko baimenik gabe norbere probetxurako erabiltzea.
i) Lanean noizean behin mozkortuta agertzea edo antzeko egoera batean egotea, substantzia psikotropikoak edo antzekoak hartzeagatik.
j) Liskarrak, istiluak edo eztabaida latzak sortzea, enpresaren jarduera normala eragozten badu.
k) Axolagabekeria, interesik eza edo ardurarik eza zerbitzua ematean, enpresari, pertsonei edo gauzei kalte larria eragiten zaienean.
l) Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea, enpresari kalte larririk eragiten ez zaionean.
m) Lanpostutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, haren ondorioz enpresari neurtzen ahal den kaltea sortzen zaionean.
n) Enpresako baliabide elektronikoak edo tresna teknologikoak neurrigabe erabiltzea.
ñ) Bi falta arinetan edo gehiagotan berrerortzea, izaera berekoak badira, edo hirutan edo gehiagotan, izaera ezberdinekoak badira, betiere bi hilabeteko epean egiten badira, lehen falta egiten denetik kontatzen hasita, eta haien gainean idatzizko ohartarazpena edo zehapena badago.
o) Sei egunetik bederatzi egunera bitartean, hilabeteko epean lanegunaren eguneroko erregistroa egiteko betebeharra justifikaziorik gabe ez betetzea.
p) Gure Kode Etiko eta Jokabide Kodean, Compliance Politiketan eta Delituen Prebentziorako Eskuliburuan xedatutakoa behin eta berriz (hiru bider baino gehiagotan) ez betetzea.
Gure Datuen Babeserako eta Informazioaren Segurtasunerako Politikan xedatutakoa behin eta berriz (hiru bider baino gehiagotan) ez betetzea.
q) Gure Datuen Babeserako ordezkariari ezagutzen duen segurtasun urraketa ororen berri behin eta berriz (hiru bider baino gehiagotan) ez jakinaraztea, bai eta interesdunek tratamendua eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, eramateko eta mugatzeko dituzten eskubideen erabileraren berri ez ematea ere.
r) Enpresaren salaketa kanalean salaketa faltsuak jartzea, haien faltsutasuna jakinda edo egiarekiko zuhurtziagabeko gutxiespenaz.
3. Falta oso astunak: produkzio prozesua neurtzen ahal den modu nabarmen batean kaltetzen dutenak, eta/edo lege, erregelamendu edo hitzarmen kolektibo baten arau-haustea bada. Horien artean, hauek daude:
a) Iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua agindu zaizkion eginkizunetan.
b) Enpresari edo beste lankideei ebastea edo lapurtzea, baita beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo beste edozein lekutan lanean aritzean.
c) Eritasuna edo istripua simulatzea, edo beste langile bat enpresan agertu dela simulatzea. Kalifikazio bera aplikatuko da existitzen ez den kausa bat azaltzen denean baimen bat lortzeko.
d) Hilabetean lanera hamar aldiz edo gehiagoz berandu iristea bidezko arrazoirik gabe.
e) Hilabetean hirutan lanera ez agertzea bidezko baimenik edo arrazoirik gabe.
f) Lanpostutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, haren ondorioz enpresari oso kalte larria sortzen zaionean.
g) Enpresaren gutunen edo isilpeko dokumentu edo datuen sekretua haustea edo bortxatzea, enpresaren antolaketa eta funtzionamenduan kalte larria sortzen denean.
h) Enpresaren datu eta berriak nahita faltsutzea.
i) Lanean mozkortuta edo drogak hartuta agertzea ohikoa izatea. Mozkortuta agertzea ohikotzat joko da aurretik kausa beragatik idatzizko bi ohartarazpen izan direnean.
j) Norberaren konturako edo inoren konturako jarduera egitea, bidegabeko lehian badago enpresaren jarduerarekin.
k) Sexu jazarpeneko ekintzak; bereziki larritzat hartuko dira menpekoei eginikoak, posizio pribilegiatuaz baliatuta.
l) Aginte eginkizunetan dihardutenen abusuzko ekintzak edo aginte desbideratzekoak, jazarpen morala izan daitezkeen jokabideak barne. Agintekeria pairatzen duenak berehala jakinaraziko dio enpresako zuzendaritzari, bai zuzenean bai langileen lege ordezkarien bitartez. Betiere, goragoko kargu baten jarduketa abusuzko ekintzatzat hartuko da legezko agindu bat hausten duenean eta langilea zuzenean eta nabarmenki kaltetzen duenean. Enpresaburuak diziplina ahalmena erabiltzen badu, bere erantzukizuna agortuko da.
m) Goragoko karguen aginduak edo entitatearen berariazko arauak ez betetzea, diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edo enpresari kalte larria eragiten zaionean.
n) Enpresako baliabide elektronikoak edo tresna teknologikoak iruzurrez erabiltzea.
ñ) Falta larrietan berrerortzea, izaera ezberdinekoak badira ere, betiere sei hilabeteko epean egiten badira, lehen falta egiten denetik kontatzen hasita, eta haien gainean zehapena badago.
o) Hilabeteko epean hamar egun baino gehiagotan lanegunaren eguneroko erregistroa egiteko betebeharra justifikaziorik gabe ez betetzea, bai eta langileak egindako erregistroan engainua edo iruzurra egitea ere.
p) Gure Kode Etiko eta Jokabide Kodean, Compliance Politiketan eta Delituen Prebentziorako Eskuliburuan xedatutakoa ez betetzea enpresa erantzule penal gisa kargatzea dakarrenean, bai eta gure Datuen Babeserako eta Informazioaren Segurtasunerako Politikan xedatutakoa ez betetzea ere administrazio agintaritza eskudun batek zehapena ezartzea dakarrenean.
q) Gure Datuen Babeserako Ordezkariari ezagutzen duen segurtasun urraketa ororen berri ez jakinaraztea administrazio agintaritza eskudun batek zehapena ezartzea dakarrenean, bai eta gure Datuen Babeserako Ordezkariari interesdunek tratamendua eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, eramateko eta mugatzeko dituzten eskubideen erabileraren berri ez ematea ere administrazio agintaritza eskudun batek zehapena ezartzea dakarrenean.
r) Enpresaren salaketa kanalean salaketa faltsuak behin eta berriz (hiru bider baino gehiagotan) jartzea, haien faltsutasuna jakinda edo egiarekiko zuhurtziagabeko gutxiespenaz.
30. artikulua. Zehapen-prozedura.
Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak jarriko dira hitzarmen kolektibo honetan eta Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraikiz.
Langileen legezko ordezkariek eskumena dute enpresari gertakariei edo jardunei buruzko salaketa edo proposamena egiteko, bereziki aginte eginkizunetan dihardutenen abusuzko ekintzak badira, betiere egintzak edo jarduketak faltatzat kalifikatzen ahal direnean, behar diren ondorioetarako.
Falta larrien edo oso larrien ondoriozko zehapenak jarriz gero, enpresako langileen legezko ordezkariei jakinaraziko zaizkie.
Falta larrien edo oso larrien ondoriozko zehapena sindikatu baten kideari egiten bazaio, eta enpresak gorabehera horren berri formala badu, entzunaldia emanen zaio enpresako ordezkari sindikalari.
Falta larrien edo oso larrien ondoriozko zehapena enpresa batzordekide bati, langileen ordezkari bati edo sindikatuko ordezkari bati egiten bazaio, alde biko espedientea ireki beharko da. Espedientean entzutea emanen zaie interesdunari, enpresa batzordeari eta langileen edo sindikatuko gainerako ordezkariei.
Langileak ezarri zaion zehapenaren aurka jotzen ahalko du, jurisdikzio eskudunean demanda aurkeztuz, Lan Prozedurari buruzko Legean araututakoari jarraikiz.
31. artikulua. Zehapenak.
Kasu bakoitzean gehieneko zehapen hauek jartzen ahal dira, egindako faltaren larritasuna kontuan hartuta:
A) Falta arinengatik:
–Hitzezko kargu hartzea.
–Idatzizko kargu hartzea.
–Gehienez 2 egunez enplegu eta soldatarik gabe uztea.
B) Falta astuna egiteagatik:
–Idatzizko kargu-hartzea.
–3 egunetik 15 egunera bitartean enplegu eta soldatarik gabe uztea.
C) Falta oso astuna egiteagatik:
–Enplegu eta soldata gabe uztea 16 egunetik 60 egunera bitarte.
–Diziplinazko kaleratzea.
32. artikulua. Preskripzioa.
Enpresak falta arinak zehatzeko duen ahalmena 10 egunen buruan preskribatuko da, larriak hogei egunen buruan, eta oso larriak 60 egunen buruan, Enpresak faltaren berri izaten duen egunetik aurrera, eta, nolanahi ere, falta egin eta 6 hilabeteren buruan.
Falta auditoretza baten ondorioz aurkitzen bada, aipatu diren epeak hasiko dira kontatzen auditoreak kasuan kasuko txostena ematen duen egunean.
IX. KAPITULUA.–ARAUDI OSAGARRIA
33. artikulua. Eskubide subsidiarioa.
Hitzarmen kolektibo honetan arautzen ez den orotan, Langileen Estatutuari eta indarra duten gainerako legezko xedapenei jarraituko zaie.
34. artikulua. Lan arloko epaimahaia - judiziotik kanpoko irtenbidea.
Hitzarmen kolektibo hau interpretatzean edo aplikatzean sortzen ahal diren gatazkak ebazteko, batzorde paritarioan bi alderdi negoziatzaileen ordezkariek akordiorik erdiesten ez badute, alderdi sinatzaileek erabaki dute gatazka horiek igortzea Nafarroako Lan Auzitegira.
35. artikulua. Batzorde paritarioa.
1.–Hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioa osatzen da, alderdi sinatzaileek osatua. Hitzarmena interpretatuko du, bitartekaritza eta arbitrajea eginen ditu eta begiratuko du beteko dela.
Halaber, bere izanen du, hitzarmen kolektiboak irauten duen bitartean, hura egokitu edo aldatzeko eginkizuna.
Batzorde paritarioak aurretik esku-hartzeko tramitea agortutzat joko da gehienez ere 7 eguneko epea pasatzen denean desadostasuna planteatu zenetik batzorde paritarioaren adierazpenik izan gabe.
2.–Bi alderdiak, oro har, bat datoz batzorde paritarioaren menpe uztean hitzarmen kolektiboa aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen arazo, desadostasun edo gatazka guztiak, kasuak Nafarroako Lan Auzitegian edo lan arloan eskumena duen jurisdikzioan aurkeztu baino lehen. Orobat, 15 egunean ebatzi beharko du gehienez, egoera aurkezten zaionetik hasita. Ebazpena ez bada ematen, arrazoia edozein delarik ere, bukatutzat emanen da batzorde paritarioaren tramitea.
3.–Enpresa batzordeko kideen artean hautatutako 3 pertsonak eta enpresako zuzendaritzak izendatutako beste 3k osatuko dute batzorde paritarioa. Batzordekideek delegatzen ahal dute botoa, pertsona batengan edo batzuengan, alderdietako bakoitzaren kideek kontrakoa adierazten ez badute.
4.–Oro har, ordezkaritzako edozeinek eskatuta bilduko da batzorde paritarioa, jorratu beharreko gaiak zehaztuta. Erabakitakoari publizitatea emanen zaio zentroko iragarki oholean.
5.–Batzorde paritarioak ebazten ez duenetan aurkeztutako eskaeraren inguruan, bi alderdiek, enpresak eta langileen ordezkaritzak, erabaki dute berariaz men eginen diotela Nafarroako Lan Auzitegiari.
Batzorde paritarioaren erabakiek hitzarmen kolektibo honen testuak adinako balioa izanen dute, Langileen Estatutuaren 91.4 artikuluan xedatuarekin bat.
6.–Erregistroaren ondorioetarako, batzorde paritarioaren helbidea lantokiarena da: Belosogoiti kaleko 32. 31006 Iruña.
36. artikulua. Enplegu egonkortasuna.
Enpresak lanaldi osoko mugagabeko kontratuak sustatuko ditu ahal den neurrian. Enpresak, urtero sinatzen diren mugagabeko kontratuen eta mugagabeko kontratu bihurtu diren aldi baterako kontratuen kopurua helaraziko dio enpresa batzordeari.
37. artikulua. Aldi baterako kontratazioa.
Ekoizpen-inguruabarren ondoriozko behin-behineko kontratuetan, indarrean dagoen legeriaren arabera arautuko da.
38. artikulua. Hitzarmen kolektibo honetako baldintzak noiz ez aplikatu.
Hitzarmen kolektibo hau aplikatzean sortzen ahal diren gatazkak ebazteko, batzorde paritarioan bi alderdi negoziatzaileen ordezkariek akordiorik erdiesten ez badute, alderdi sinatzaileek erabaki dute gatazka horiek igortzea Nafarroako Lan Auzitegira, hark bitartekaritza egintza egin dezan. Nolanahi ere, enpresak bere aldetik bakarrik ezin ditu bertan behera utzi hitzarmen kolektibo honetan itundutako baldintzak, horretarako enpresa batzordearen adostasuna beharko baita.
I. xedapen iragankorra.–Talde profesionalak.
Hitzarmen hau hitzarmen honi erantsitako soldata-tauletan biltzen diren lanbide-kategoria guztiei aplikatuko zaie. Kategoria berriak sortzen badira, hitzarmen honetan sartuko dira, alderdiekin aldez aurretik akordioa eginda.
II. xedapen iragankorra.–Aurreko hitzarmenaren 23. artikuluko pagaren likidazioa.
Aurreko hitzarmenaren 23. artikuluari dagokionez 2025eko azaro nahiz abenduari dagozkien zenbatekoen likidazioa hilabete horietan CSMn alta egoeran egon diren langile guztiek jasoko dute.
Likidazio hori oinarrizko soldataren zati proportzionalak osatuko du, aldi horretako lanaldiaren eta kontratuaren iraupenaren arabera.
Izpta.: Daniel Camara, Elena Gilcuartero, Paula Palacios.
Enpresa batzordearen aldetik:
Iragarkiaren kodea: F2611896
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
