190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Kudeaketa esleipena Iruñerriko Mankomunitateari

Udalak, 2026ko abuztuaren 28an egin ohiko osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Iruñerriko Mankomunitateak eta Antsoaingo Udalak, bakoitzaren eskumenen arabera, lanak egin behar dituzte sareak eta zoladurak berritzeko Antsoaingo kale hauetan: Nafarroa kalea, Arturo Campion kalea, Harrobi kalea eta Harrobietako zeharkalea. Iruñerriko Mankomunitateak "Antsoaingo kale hauetan hornidura eta saneamendu sareak berritzea: Nafarroa kalea, Arturo Campion kalea, Harrobi kalea eta Euskal Herria plaza" proiektuaren arabera eginen ditu lanak, eta Udalak "Berrurbanizazioa Nafarroa kalean, Arturo Campion kalean, Harrobi kalean eta Harrobietako zeharkalean" proiektuaren arabera. Jarduketa hori behin-behinean dago jasota 2026rako Tokiko Inbertsioen Planeko Tokiko Programazioan (2026-2028), zeina onetsi baitzen Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 19an emandako 5E/2026 Ebazpenaren bidez.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 59. eta 70. artikuluetan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) zehazten da toki erakundeek elkarren arteko harremanak artikulatu eta sustatuko dituztela elkarlan eta lankidetza teknikoen bidez; izan ere, horrek laguntzen du haien kudeaketa eraginkorragoa eta errentagarria izan dadin. Lankidetzan aritzeko hitzarmen edo erabakiak sinatu behar dituzte, baldin eta horien xedea bada lanak elkarrekin egitea, zerbitzu komunak ematea edo ondasun eta instalazioak batera erabiltzea.

Bi toki erakunde hauek lankidetza-hitzarmen bat sinatu nahi dute, bien arteko lankidetza ahalbidetzeko eta lanak elkarrekin egin ahal izateko.

Halaber, Nafarroako Kontratazio Publikoari buruzko 2/2018 Foru Legearen 11. artikuluak onartzen du adjudikazio botereek aukera dutela kontratazio zehatz batzuk elkarrekin izapidetzeko.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea) xedatutakoarekin bat, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak uzten ahal dira administrazio bereko edo beste administrazio bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitate batzuen esku. Hortaz, kasu honetan gertatzen den bezala, kontratazioa esku hartzen duten bi entitateen berariazko erabaki bidez sinatu behar da.

Ikusita administrazio publikoek printzipio hauek bete behar dituztela (140. artikulua): eraginkortasuna, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia; administrazio publikoen arteko elkarlana, lankidetza eta koordinazioa; eta administrazio prozeduren eta kudeatze-jarduera materialen arrazionalizazioa eta arintasuna. Hori guztia, betez ezartzen dena urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. eta 48. artikuluetan (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Aintzat hartuta Gobernantza Kooperatibo, Espazio Publiko eta Herritarren Parte-hartzerako Informazio Batzordearen aldeko irizpena, 2026ko abuztuaren 24koa,

ERABAKITZEN DA:

1.–Iruñerriko Mankomunitatearen eta Antsoaingo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen administratiboa onestea. Horren xedea izanen da elkarlanean aritzea sareak berritzeko eta kaleak berrurbanizatzeko. Halaber, kontratazio prozedura Iruñerriko Mankomunitateari esleitzea.

Kudeaketa esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen erakundearen edo entitatearen ardura izanen da behar diren egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea, oinarri izan daitezen esleipenean emandako jarduera material zehatzerako, edo hura barne hartzeko.

2.–Alkatetzari ahalmena ematea erabaki hau betearazteko behar diren agiri guztiak sinatzeko.

3.–Iruñerriko Mankomunitateak esleipena onetsi ostean, erabaki hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Antsoainen, 2026ko irailaren 1ean.–Alkatea, Marta Diez Napal.

Iragarkiaren kodea: L2611879