190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NAFARROAKO ERDIALDEA GARATZEKO PARTZUERGOA

Oposizioa, berdintasun teknikariaren plaza bat betetzeko, lan-kontratudunen araubidean

Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruak, ekainaren 12ko 84. Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki du:

1. Deialdi hau egitea eta haren oinarri arautzaileak onestea: deialdia, oposizio bidez bete dadin berdintasun teknikariaren plaza bat, lanaldi osoan eta epe mugagabean aritzeko Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoan, 2026ko lan publikoaren eskaintzaren barruan. Hona hemen plaza:

–12A plaza.

2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Erriberrin, 2026ko irailaren 1ean.–Partzuergoko burua, María Rosario Domingos García.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea berdintasun teknikariaren plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa, lanaldi osoan eta epe mugagabean aritzeko Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoan, 2026ko lan publikoaren eskaintzaren barruan. Hona hemen plaza:

–Berdintasun teknikaria; 12A plaza; B maila; lanpostuko osagarria, %6,73. Sarbidea: oposizioa.

1.2. Izendatuak izanen ditu, oro har, bere prestakuntzari eta bete nahi den lanpostuari dagozkion lanak eta zereginak, eta, zehazki, honako hauek:

1. "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea" gidaliburua aplikatzea, eta erreferentzia-esparru gisa erabiltzea lehentasunak definitzeko, entitatearen plangintza estrategikoa gidatzeko, bai eta berdintasun planak eta programak prestatu eta garatzen laguntzeko ere.

2. Entitateko politikari eta teknikariei aholkularitza ematea emakumeen eta gizonen berdintasuna zeharkakotasunez integratu dezaten lurraldean bertan garatzen dituzten politika, programa, proiektu, lan-prozedura bateratu eta jarduketetan.

3. Lurraldeko berdintasun programa koordinatzea, ezartzea eta gauzatzea, eta bermatzea berdintasunaren arloko arau esparruen eta esparru estrategikoen arabera gauzatzen eta ebaluatzen dela, modu koherentean.

4. Berdintasunaren arloan aholkularitza tekniko jarraitua ematea toki entitateei eta lurraldeko eragileei. Halaber, genero ikuspegia modu eraginkorrean integratzen laguntzea haien politika eta jarduketetan.

5. Sareko lana eta lurralde arteko lankidetza sustatzea berdintasunaren arloan, eta baterako aliantzak eta proiektuak sustatzea.

6. Lurraldeko politikari eta teknikariekin, interes taldeekin eta eragileekin batera lan egitea eta haiekin koordinatzea (mugimendu feministak eta berdintasunaren aldeko emakumeen elkarteak, erakundeak, bestelako instituzioak, etab.).

7. Berdintasun arloan ordezkari teknikoa izatea, eta lanaren helburuen eta emaitzen berri ematea lurraldeko interes taldeei eta eragileei.

8. Emakumeen kontrako indarkeriaren arloan arreta hobetzeko protokoloak eta koordinazioa diseinatzea, ezartzea eta jarraipena egitea, eta sentsibilizazio ekintzak eta prestakuntza espezializatua garatzea.

9. Berdintasunaren arloan prestakuntza programak eta ekintzak diseinatzea, koordinatzea eta gauzatzea lurraldean. Halaber, prestakuntza espezializatuko ekintzetan parte hartzea, hori baita berdintasunaren arloan lehiakortasuna hobetzeko bidea.

10. Foru zein toki mailako instituzioak (Nafarroako Berdintasunerako Institutua –NABI–, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Gobernuaren Ordezkaritza, lurraldeko eragileak...) koordinatzeko egiturak sustatzea eta horietan parte hartzea, lurraldean berdintasunaren arloan aurrera egiteko eta lan egiteko.

1.3. Langileak izanen du Nafarroako administrazio publikoetako B mailako langileei dagokien ordainsaria.

1.4. Lanaldia osoa izanen da; astelehenetik ostiralera egin beharko da lan, goizez. Dena den, malgutasuna eduki beharko da ohiko lanaldia aldatzeko, zerbitzuko premiak direla eta.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatu kideren batekoa.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulua, diploma edo horien baliokide bat izatea edo hura eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean.

d) Behar den gaitasun fisiko edukitzea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean B motako gidabaimena edukitzea, edo hura eskuratzeko moduan egotea.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Hautaprobetan parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren erregistro orokorrean (ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara), eta horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen dute izangaiek, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Hain zuzen, epea amaitzen den eguneko 13:00ak arte aurkezten ahalko dituzte eskabideak. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea. Eskabideak deialdi honen amaieran I. eranskin gisa argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko burua, M.ª Rosario Domingos García.

Ordezkoa: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruordea, Aitor Azkona Arraiza.

–Lehen epaimahaikidea: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko koordinatzailea, María Cristina Bayona Pérez.

Ordezkoa: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko teknikaria, María del Carmen Hernández Cembellín.

–Bigarren epaimahaikidea: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko teknikaria, Ana Elcano Sesma.

Ordezkoa: Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko teknikaria, Olga García Alfaro.

–Hirugarren epaimahaikidea: Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko berdintasun teknikaria, Begoña Laquidain Azpiroz.

Ordezkoa: TEDER elkarteko berdintasun teknikaria, Aurora Sanz Diéguez.

–Idazkaria: Natividad Azcona Comas edo hark eskuordetzen duen pertsona.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzean aditzera emanen da oposizioa hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.2. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehenengo proba:

Ariketa teorikoa izanen da. Test motako galderei erantzun beharko zaie; galdera horiek izanen dira iragarki honen II. eranskinean zerrendatutako gaiei buruzkoak.

Ariketa honek, gehienez ere, 45 puntu izanen ditu. Baztertuak izanen dira 23 puntu lortzen ez dituztenak.

–Bigarren proba:

Ariketa praktikoa izanen da. Bete nahi den lanpostuaren berezko zereginei lotutako proba bat egin beharko da.

Ariketa honek, gehienez ere, 45 puntu izanen ditu. Baztertuak izanen dira 23 puntu lortzen ez dituztenak.

–Hirugarren proba:

Banakako elkarrizketa: gehienez ere 10 puntu. Proba hau ez da baztertzailea izanen.

6.3. Oposizioaldiko ariketetan gehienez ere 100 puntu eskuratzen ahalko dira.

6.4. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren iragarki-taulan gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak, eta hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den. Lehen eta bigarren probak egin eta gero, bost egun naturaleko epea emanen da, proba bakoitza berrikusteko eta epaimahaiari alegazioak aurkezteko.

6.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean dutela. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

7. oinarria.–Gainditzen dutenen zerrenda

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren, epaimahaiak Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren iragarki-taulan paratuko du gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

Epaimahaiak, hurrenkera hori ikusita, oposizioaldian puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena igorriko dio Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruari, izangai horri esleitu diezaion dagokion plaza. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Hogeita hamar egun naturaleko epean, izendatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren erregistro orokorrean:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Eskaturiko titulazioaren fotokopia edo jatorrizko agiria.

–Zinpeko adierazpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikotako zerbitzutik ez dela bereizia izan erakusten duena.

–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabideko aitorpenean izaten ahal duten erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko apartatuan adierazitako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da baja, eta harekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8. oinarria.–Plaza esleitzea.

Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruak deialdiko plaza esleituko du aurreko oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hala, dagokion lan-kontratua sinatu eta probaldia igaro eta gero (3 hilabete), izendatutakoa lan-kontratudun finko bilakatuko da, lanaldi osokoa eta denbora mugagabekoa.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, eta oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena: ..........................................................................................................................................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ………............……….; jaioteguna: ...................................................; jaioterria: ...................................; probintzia: ................................; bizilekua: ......................................, kalea: ................................................................, zenbakia: ..................; telefonoa: .................................; eta helbide elektronikoa: .........................................................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Eskatzen dudala onartua izatea jarraian zehazten den plaza betetzeko deialdian, lan-kontratudunen araubidekoa, lanaldi osoan eta denbora mugagabean aritzeko:

–Berdintasun teknikaria, 12A plaza.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian eskatzen den titulazioa.

Betetzen ditudala behar diren baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Azaldutakoarekin bat,

Eskatzen dut onar dadila eskabide hau, eta, ondorioz onar nazazuela deialdi honetan: deialdia, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoan betetzeko berdintasun teknikariaren plaza bat, lan araubidekoa, lanaldi osokoa eta denbora mugagabekoa.

(Eguna eta sinadura)

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Berdintasunaren arloko legedia: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa.

2. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko legedia: 10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena. 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren Aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzkoa. 8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa. 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa.

3. gaia.–Berdintasunaren arloko arau-garapena:

–Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa (2022-2027).

–Genero berdintasuna landa garapeneko taldeetan: "Landa garapeneko taldeen eta lurralde erakundeen arloetan eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko ibilbidea" gidaliburua.

–Genero berdintasuna Nafarroako toki entitateetan. Nafarroako toki entitateen berdintasun politika planifikatzeko ibilbidea.

–NABIko laguntzen deialdiak eta dirulaguntzak: tokiko ekintza taldeak, toki entitateak eta emakumeen elkarteak.

–Zainketen aldeko ituna Nafarroan.

–22/2012 Foru Dekretua, maiatzaren 9koa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

–44/2024 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki entitateak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzen duena eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzen dituena.

4. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko arau-garapena:

–Foru lege hau garatzeko ekintza-plana: 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. Plana Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2016ko azaroaren 23an.

–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa.

–Profesionalentzako gidaliburua: Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa. (NABI 2018)

–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gidaliburua. (NABI 2008).

5. gaia.–Erdialdeko landa garapen parekidea:

–Berdintasunaren arloko programa eta jarduketak Erdialdean.

–Generoari buruzko klausuletarako tresnak kontratu, -dirulaguntza eta -hitzarmenetan.

–Berdintasunaren arloko prestakuntza ematea ekintzaileen eta enpresen sareari.

–Erdialdeko emakumeen elkarte-sarea.

–Lurraldeko toki entitateek berdintasunaren arloan dituzten berdintasun planak, ordenantzak eta egiturak.

6. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko esku-hartzeak Erdialdean:

–Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estatuko ituna nola aplikatzen den Erdialdean.

–Emakumeen kontrako indarkeria-kasuetan arreta koordinatzeko lurraldeetako protokoloak (Erdialdekoa eta Izarbeibarkoa).

–Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kontrako protokoloa, Erdialdeko Partzuergoarena.

–Erdialdeko festetan eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo-eredua.

7. gaia.–Generoaren teoria:

–Sexu-generoaren sistema eraikitzea eta horrek duen eragina identitatearen eta gizarte antolaketaren eraikuntzan.

–Sexuaren araberako lan-banaketa. Emakumeen eta gizonen arteko egoera ezberdinak lan produktibo eta erreproduktiboetan.

–Pertsonak zaintzea eta horren eragina genero desberdinkerian.

–Feminismoaren historia: mugarri nagusiak. Olatu feministak. Emakumeen nazioarteko konferentziak. Emakumeen IV. Nazioarteko Konferentzia: Beijingeko Ekintza Plataforma. Diskriminazio anizkoitza eta intersekzionalitatea.

–Emakumeen parte-hartze soziala. Nafarroako mugimendu feminista.

8. gaia.–Politika publikoetara aplikatutako genero ikuspegia:

–Aukera berdintasuneko agentearen figura. Lanbide profila. Eginkizunak.

–Genero berdintasunerako planak: Araudia. Diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horien ebaluazioa.

–Genero berdintasunari buruzko klausulak kontratu, dirulaguntza eta hitzarmen publikoetan.

–Genero-eraginari buruzko txostenak prestatzea. Aplikatu beharreko araudia.

–Genero ikuspegia duten aurrekontu publikoak Nafarroan: kontzeptu esparrua, araudia, tresnak eta metodologia.

–Komunikazio eta hizkuntza inklusiboa: gomendioak eta erabiltzeko jarraibideak.

9. gaia.–Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoa: lurraldea, entitatea, zerbitzuak, programak eta proiektuak.

10. gaia.–Parte-hartze bidezko tokiko garapenerako (LEADER) estrategiak Nafarroako Erdialdean, Nafarroako Landa Garapenerako 2023-2027 aldirako Programaren barnean.

Iragarkiaren kodea: L2611756