Iragarkia
190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ANTSOAIN
Oposizio-lehiaketa, bete dadin antolaketa administratiboko teknikariaren plaza bat, euskara nahitaezkoa duena (C1)
Antsoaingo Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko abuztuaren 28an hartutako erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, bete dadin antolaketa administratiboko teknikariaren plaza bat, oposizio-lehiaketaren bidez.
Hautapen-prozesua honako hauei jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onetsi zuena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onetsi zuena Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; aplikatu beharreko gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
Antsoainen, 2026ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Marta Diez Napal.
OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea antolaketa administratiboko teknikariaren plaza bat, euskara nahitaezkoa duena (C1), funtzionarioen araubidekoa eta B mailakoa, ari dadin Antsoaingo Udalaren zerbitzura. 1003 zenbakia du plantilla organikoan.
1.2. Plaza lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da, izanen ditu langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, afiliatuko da Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan alta emanen zaio, araubide horrek Antsoaingo Udalarentzat ezartzen duen babesaren pean.
1.3. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Edukitzea unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua, ingeniari teknikoarena edo arkitekto teknikoarena, edo balio berekoa den titulu bat, edo eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo gaindituak izatea lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenbiziko hiru ikasturteak.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko da agiri bat, frogatzen duena baliozkotuak edo homologatuak daudela. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.
d) Euskarazko C1 mailaren titulua edo baliokidea.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.
3. oinarria.–Eskabideak, eta aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak zer epetan eta non aurkeztu behar diren:
Eskabideak dagokion ereduari lotu beharko zaizkio, hots, deialdiaren aipameneko I. eranskinean dagoen ereduari (https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios/). Eskabideetan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela hautapen-prozesuan eskatutako baldintza guztiak.
Parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Antsoaingo Udalaren erregistro elektronikoan, Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.ansoain.es), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), 20 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, deialdian parte hartzeko eskabidea igorri beharko da personal@ansoain.es helbide elektronikora, eta adierazi beharko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko da, postako langileek data eta zigilua jartzeko eskabideari, gutun-azala ziurtatu aurretik.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.2. Tasak.
Hautapen-prozesuan parte hartzeko, izangaiek 20,15 euro ordaindu beharko dituzte, espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik.
Tasa hori ordaindu beharko da diru-sarrera eskudirutan eginez edo bankuko transferentzia eginez, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, kontu zenbaki honetan: ES 51 2100 5198 04 2200091055 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–NANa/IFZa.
Tasa ordaintzetik salbuetsita egonen dira langabezian dauden izangaiak, baldin eta hala daudela frogatzen badute dagokien enplegu-bulegoak emandako ziurtagiri baten bidez. Hori hala da, jarraikiz Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskalari (3. ordenantza fiskala).
Aipatutako ziurtagirian, jaso beharko da langabe gisa inskribatu zen data, eta berariaz adierazi beharko da inskripzioaldian ez duela baztertu lan-eskaintza egokirik eta ez diola uko egin lanbide-arloko sustapeneko, prestakuntzako edo birmoldaketako ekintzetan parte hartzeari, salbu justifikatutako arrazoirik izanez gero.
Dagokion tasa ez ordaintzea hartuko da izangaia hautapen-prozesutik baztertzeko arrazoitzat, eta azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du ordeztuko, inola ere, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko izapidea.
Ez da azterketa-eskubiderik itzuliko baldin izangaia baztertzen bada interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik; esaterako, baldintzak ez betetzeagatik edo deialdian eskatutako agiriak ez aurkezteagatik.
3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, eskaneaturik:
a) Indarreko NANaren edo pasaportearen fotokopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertu beharko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela aurkeztu beharko dute Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, baldin 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (hala izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
b) Tasa ordaindu izanaren frogagiria, edo tasa ordaintzetik salbuetsita egotea frogatzen duen agiria.
c) 6.1 oinarriari jarraikiz alegatutako merezimenduen frogagirien kopia.
d) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, onartzen diena prestazio bat jasotzeko eskubidea, hauetako bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan eskatu ere) erants dezakete komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa, hura justifikatzeko.
3.4. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina baldin aurkeztutako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.5. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
3.6. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe dagokien erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
4. oinarria.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan.
4.2. Behin-behineko zerrenda Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aditzera emanen ditu, orobat, deialdi honetan ezarritako proba teorikoa egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori argitaratuko da Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
4.4. Funtzio publikora sartzeko eta bertan gora egiteko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa ez da itzuliko, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, izangaiek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Jon Garai Vales, Antsoaingo Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Marta Díez Napal, Antsoaingo Udaleko alkatea.
Epaimahaikidea: Iñigo Anaut Peña, zuzendaritzako aholkularia.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
Epaimahaikidea: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
Epaimahaikidea: Arantza Antoñana Bermejo, langileen ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.
Idazkaria: M.ª Pilar Montañés Alsasua, Antsoaingo Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria.
Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
5.2. Eraketa eta jarduna.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.
Kide anitzeko organo horren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak, jarraikiz urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du, proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez diote laguntza emanen kalifikazio-epaimahaiari.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.1. Lehiaketaldia.
Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:
–Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko, betiere antolaketa administratiboko teknikariaren eginkizunetan, edo herritarren arretarako bulegoaren arduradunaren eginkizunetan edo horien baliokidearen eginkizunetan (B maila): 2 puntu urte bakoitzeko.
Lehiaketaldian 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Lanaldi partzialeko zerbitzuen kasuan, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da, salbu eta lanaldia murriztu bada adingabeen legezko zaintzagatik edo adinekoak edo mendekotasuna dutenak zaintzeagatik. Izan ere, kasu horretan, lanaldi osoan aritu izan balira bezala baloratuko dira zerbitzuok.
c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
Zerbitzuak zer administrazio publikotan egin diren, administrazio publiko horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den, zer mailatan, zenbat denboraz eta lanaldiak zer iraupen zuen.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Antsoaingo Udalaren egoitza elektronikoan, iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu parte hartzen duten guztien behin betiko puntuazioak, egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
6.2. Oposizioaldia.
6.2.1. Oposizioa 2027ko urtarriletik aurrera hasiko da.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, baldin eskabidean hala eskatu badute.
6.2.2. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
a) Lehenbiziko proba:
Proba teoriko-praktikoa izanen da. Idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera sorta bati, II. eranskineko gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora izanen den gehienez ere proba hau egiteko.
Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ezin da erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza.
b) Bigarren proba:
Ariketa teoriko-praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira, II. eranskineko gai-zerrendari buruz eta lanpostuak berezkoak dituen eginkizunei buruz. Epaimahaiak erabakiko ditu ariketa kopurua eta motak.
Epaimahaiak komenigarritzat jotzen badu, proba hau edo ariketetako bat egin beharko da egoki den aplikazio informatiko baten bidez, hala behar badu.
Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.
Bigarren proba honetan 40 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geldituko dira proba honetan 20 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.
c) Gaitasun psikoteknikoaren proba:
Izangaiek galdera sorta batzuei erantzun beharko diete, zeinak izanen baitira laneko egokitasunari eta/edo gaitasunari buruz, eta elkarrizketa batzuk egin beharko dituzte, buruz burukoak eta/edo taldekakoak, ikusteko ea zer neurritan egokitzen diren lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara.
Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba horiek (Psikologia Aplikatuaren Atala, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutukoa), edo erakunde horrek izendatzen dituen langileek, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.
Proba horretan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira proba honetan 15 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, egoitza elektronikoan, deialdiaren aipamenean, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du, interesdunek alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia, telematikoki.
Behin alegazioak ebatzirik, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak onetsiko ditu, eta argitaratuko dira egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Argitalpen horretan adieraziko dira, egoki bada, proba gainditu duten izangaiak eta baztertu direnak, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere. Betiere, proba egin baino 48 ordu lehenago gutxienez iragarri beharko da.
7. oinarria.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
7.1. Hautapen-prozesua bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, egoitza elektronikoan, deialdiaren aipamenean, prozesua gainditu dutenen zerrenda, bakoitzak oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioarekin, eta lortutako puntuazioaren ordenan. Zerrenda hori Antsoaingo Udaleko alkateari igorriko dio.
7.2. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, joko da bigarren ariketan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde. Baldin berdinketak bere horretan jarraitzen badu, joko da hirugarren ariketan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde, eta hala ere berdinketak badirau, lehenbiziko proban lortu duenaren alde.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du berdinketa hausteko. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duenaren abizenetatik eta izenetik.
8. oinarria–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Epaimahaiak alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaia izendatzeko edo kontratatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da. Proposamen hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
Epaimahaiak, orobat, honako hauek igorriko dizkio alkateari: batetik, hautapen-prozesua gaindituta plaza eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta, bestetik, oposizioaldia gainditu ez baina hautapen-probetako bat gainditu dutenena. Hala, bi zerrenda eratuko dira, aldi baterako sor daitezkeen kontratazioei erantzuteko.
8.2. Izendapen proposamena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Antsoaingo Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Deialdiaren 2.1.c) eta d) oinarrietan eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Administrazioak noiznahi egiaztatzen ahalko du aurkeztutako dokumentazioa. Baldin zehaztasun faltarik edo faltsukeriarik bada aurkeztutako agirietan edo datuetan, eskatuko dira erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.
b) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
d) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, egiaztatzeko baduela lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa. Hori dena, jarraituz deialdi honetako 2.1. apartatutako d) letrari. Antsoaingo Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
Baldin proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da kontratatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (7. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Antsoaingo Udaleko funtzionario izendatuko da hautapen-prozesua gainditu dutenen artean puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.
Inork epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, ez badu jabetza hartzen, galduko ditu Antsoaingo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, deialdiaren 8.2 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Baldin funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 8. oinarrian xedatzen den moduan.
10. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Aldi baterako kontratazioetarako, honako zerrenda hauek prestatuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin (hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, Udaleko aldi baterako langileen kontratazio-zerrendak kudeatzeko araudiari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari):
a) Probak gainditu bai baina plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda. Izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
b) Oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaien zerrenda. Izangaien hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuko da, lehenik, gainditutako proba kopurua, eta, gainditutako proba kopuru bera izanik, guztirako kalifikazioa hartuko da kontuan.
10.2. Alkatearen ebazpen baten bidez onetsiko dira bi zerrendak: batetik, probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, oposizioaldia gainditu gabe, hautaprobaren bat gainditu duten izangaiena; hori guztia, aplikatzekoak diren kudeaketa-arauetan ezarritakoari jarraikiz.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
10.3. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Antsoaingo Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: ansoain@ansoain.es.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua: tratamendua beharrezkoa da, bete dadin interes publikoaren aldeko eginkizun bat, edo botere publikoak erabil daitezen.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak laga dakizkieke epaile eta auzitegiei eta prozeduran interesa duten pertsonei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.
Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, oinarrien kontra edo deialdia aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio-epaimahaiak emandakoen kontra, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi ondotik.
Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira egoitza elektronikoan, hautapen-prozesu honetan interesdun direnei jakinarazteko ondorioetarako.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
https://sedeelectronica.ansoain.es/tablondeanuncios
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.
2. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak.
4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, hizpide duena Nafarroako Toki Administrazioa.
5. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, hizpide dituena Nafarroako Toki Ogasunak. Atariko titulua. I. titulua: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak (I.etik IV.era bitarteko kapituluak). II. titulua: Udal zergak.
6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, hizpide dituena Gardentasuna, Informazio Publikoa Eskuratzea eta Gobernu Ona.
7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
8. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, hizpide duena Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna.
9. gaia.–Ordenantza, Antsoaingo Udalarena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerakoa.
10. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
11. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu publikoei buruzkoa. Atariko titulua: legearen xedea eta kontratazio publikoaren printzipioak. I. titulua. Xedapen orokorrak. III. kapitulua. Kontratuen tipologia (27.-33. artikuluak). V. kapitulua (3., 5., 6. eta 7. atalak).
13. gaia.–Administrazio elektronikoa eta egoitza elektronikoa. Tramiteen, zerbitzuen eta prozedura elektronikoen katalogoa. Identifikazio elektronikorako bitartekoak, pertsona fisiko eta juridikoentzat. Egoitza elektronikoa. Erregistro elektronikoa. Administrazio prozeduren kudeaketa elektronikoa. Espediente elektronikoa eta jakinarazpenak. Agiri elektronikoak.
14. gaia.–Elkarreragingarritasuna. Elkarreragingarritasunerako eskema nazionala, administrazio elektronikoaren eremuan. 4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duena Administrazio Elektronikoaren Esparruan: I., II., III., VII., IX., X. kapituluak eta eranskina (terminoen glosarioa). 311/2022 Errege Dekretua, maiatzaren 3koa, arautzen duena Segurtasunaren Eskema Nazionala: I., II. eta III. kapituluak.
15. gaia.–Zuzendaritza eta lidergoa. Zuzendaritza eginkizuna, rolak, lidergo motak, autoritatea, delegazioa, talde-lana eta koordinazio transbertsala. Antolaketaren kultura, eta erresistentziak kudeatzea.
16. gaia.–Prozedurak aztertzea eta sinplifikatzea. Prozeduren katalogoa / prozeduren inbentarioa. Prozesuen mapa egitea, azterketa teknikak, birdiseinatzea, sinplifikatzea, zamak kentzea, normalizatzea, automatizazioa eta prozeduren eskuliburuak.
17. gaia.–Proiektuak planifikatzea eta kudeatzea. Plangintza, kronogramak, baliabideak, arriskuak, jarraipena, ebaluazioa, berrikuntza eta lidergoa, proiektuei dagokienez.
18. gaia.–Herritarrei arreta ematea eta administrazioko berrikuntza eta sinplifikazioa. Herritarren arreta integralerako bulegoak. Administrazioko berrikuntza eta sinplifikazioa. Leihatila bakarra. Zerbitzu-gutunak.
19. gaia.–Adimen artifiziala toki-erakundeetan: gida praktikoa eta erabilera politikak. Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioa, 1.-6. artikuluak eta 10. artikulua (terminoen taula eta definizioak).
Iragarkiaren kodea: L2611642
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
