190. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

484E/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 28koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak egiteko laguntzak emateko 2026an. DDBN kodea: 927016.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak adierazten du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren helburua dela laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak sustatzea, batez ere enpresa txikietan, honelako ekintzak kudeatuz eta bultzatuz: informazioa, laguntza teknikoa eta prestakuntza ematea eta arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete dadin sustatzea. Autonomia erkidegoetan dagozkion organoak egotea ezartzen du, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak sustatzeko helburu horrekin berarekin.

Xedapen gehigarri horrek adierazten duenez, halaber, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, erregelamendu bidez zehazten den moduan, urtero transferituko dizkio Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari, Gizarte Segurantzaren Kontingentzia Profesionalen Funtsaren kargura, laneko arriskuen prebentzioa bultzatzeko ekintzak egiteko kredituak, eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari dagokio behar den zuzkiduraz hornitzea Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioa, bai eta autonomia erkidegoetako organo eskudunentzako transferentziak egitea ere. Autonomia erkidegoei dagokienez, transferentziak finalistak izanen dira, eta jasotako kredituak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialaren LXXXVII. bileran, 2026ko maiatzaren 27koan, laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak finantzatzeko funtsen lurralde-banaketa onetsi zen, autonomia erkidegoek 2026an kudea zitzaten, Laneko Arriskuen Prebentziorako Espainiako Fundazioaren Patronatuak proposatutako eta bilera hartan onetsitako banaketa-irizpideen arabera.

Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari atxikitako Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialeko Idazkaritza Iraunkorrak egindako ziurtagirian jasota dago 2026an Nafarroako Foru Komunitateari 440.439,71 euro dagozkiola. Zenbateko horri 2024ko deialdian sobera geratutako zenbatekoa gehitu behar zaio –60.829,60 euro, hain zuzen ere–, funtsak finalistak baitira. Diru-sarrera horiek laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera finalistetara bideratu behar dira, horretarako laguntza deialdi bat eginez, zuzenduta bai sektore bakoitzaren esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakunde eta sindikatuei, bai batzuek eta besteek beren helburuetatik edozein lortzeko eratutako fundazio edo bestelako entitateei.

Ondorioz, bidezkoa da laneko arriskuen prebentzioaren arloan jarduera arruntak egiteko laguntzen deialdia onestea, bat etorriz Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 2.2.a) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak egiteko 2026ko dirulaguntzen deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek erreserbatu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000-97000-4819-494127: Konferentzia sektoriala. Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak egiteko laguntzak

2026

501.269,31

4. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaeren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

970000-97000-4819-494127: Konferentzia sektoriala. Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak egiteko laguntzak

2026

501.269,31

Baimendutako diru kopuru osoaren %30 sektoreko ekintzetarako proiektuak finantzatzeko erabiliko da, eta gainerako %70a sektore arteko ekintzak finantzatzeko. Dirulaguntzen bi aukeretako batean (sektorekoak edo sektore artekoak) kreditu erabilgarria agortzen ez bada, zenbateko hori beste aukerako ekintzak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 28an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Dirulaguntzaren xedea eta araubide juridikoa.

Deialdi honetako laguntzen helburua da laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzea, batez ere enpresa txikietan, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia jakitera emateko, laguntza teknikoa emateko, prestakuntza diseinatzeko eta araudia betetzen dela sustatzeko ekintzen bidez.

Deialdi honetan aplikagarriak izanen dira, nolanahi ere, martxoaren 30eko TES/237/2026 Aginduaren 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7., 8.1, 18.1, 19.1 eta 21.etik 26.era bitarteko artikuluak, 24. artikuluko 3., 4. eta 5. atalak izan ezik. Agindu horren bidez, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren.

2. oinarria.–Dirulaguntzaren eremua eta hartzaileak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, ahal dela enpresa txikietan, eta halakotzat hartzen dira 50 langile baino gutxiago dituztenak.

2. Ekintzen hartzaileak izanen dira, bereziki, Nafarroan kokatutako enpresa txikietan edo deialdi honen 9.1.b) oinarrian deskribatutako jarduera-sektoreren batean lan egiten duten besteren konturako eta norberaren konturako langileak.

3. Ekintzen hartzaile bakarrak entitate onuradunetan zerbitzu ematen duten pertsona fisikoak edo juridikoak badira, edo entitate horiekin elkartuta, federatuta edo konfederatuta dauden pertsona fisikoak edo juridikoak, ekintza horiek ez dira finantzatuko.

3. oinarria.–Laguntza motak, diruz lagunduko diren proiektuen edukia eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Sektoreko eta sektore arteko ekintzak egiteko proiektuak diruz lagunduko dira, gehienez ere 80.000 euro emanez proiektu bakoitzari.

2. Laneko arriskuen prebentziorako proiektuek lau motatako ekintzak bakarrik jasotzen ahalko dituzte:

a) Enpresetan laneko arriskuen prebentzio-lanaren printzipioak zabaltzeko ekintzak.

b) Prebentzio-jardueren aplikazio praktikoak eta materialak eragindako arazoak aztertzeko eta konpontzeko laguntza teknikoko ekintzak.

c) Produkzio-jardueraren sektoreetan eta azpisektoreetan eman daitekeen prestakuntza diseinatzeko ekintzak, bai eta prestakuntza horren metodoak eta edukiak diseinatzekoak ere, batez ere enpresa txikiek osatuta daudenetan.

d) Enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko legezko, arauzko eta hitzarmenezko xedapenak betetzen direla sustatzeko ekintzak, bereziki jardueraren sektore- eta lurralde-eremuetan garatutako mekanismo eta tresnen bitartez.

3. Proiektuetan jasotzen diren ekintzek –sektorialak nahiz sektore artekoak izan– bat etorri beharko dute Espainiako Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren 2023-2027 Estrategian edo Nafarroako osasun publikoaren eta laneko osasunaren planetan ezarritako helbururen batekin.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako erakunde hauek izan daitezke onuradun: azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeak, dagokien sektore-esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakundeak eta sindikatuak, bai eta horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioak edo bestelako entitateak ere, guztiak Nafarroako Foru Komunitatearen eremukoak badira.

2. Sektore arteko ekintzak egiteko proiektuak aurkezten ahalko dituzte Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeek, bai eta erakunde horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioek edo bestelako erakundeek ere.

3. Sektoreko ekintzak egiteko proiektuak aurkezten ahalko dituzte sektore horren esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakunde eta sindikatuek, bai eta horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioek edo bestelako entitateek ere.

4. Onuradun izan daitezke, halaber, aurreko ataletan adierazitako sindikatuek edo enpresa-erakundeek osatutako taldeak, beren eremuetan gauzatzen diren ekintzak egiteko, baldin eta, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak aurrera eraman baditzakete edo dirulaguntza ematea eragiten duen egoeran badaude.

5. Onuradun izan nahi dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea.

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharrak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da. Beraz, aurkeztutako eskaerak alderatu eginen dira, proiektuak sektorekoak edo sektore artekoak diren kontuan hartuta, haien artean lehentasunak ezartzeko.

2. Lan Zerbitzuak 9. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskaerak. Proiektuak baloratzeko, Lan Zerbitzuak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langileen laguntza teknikoa izan dezake.

Proiektuak baloratu eta aurkeztutako eskaeren artean lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, Lan Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiari, hura baita ebazteko organo eskuduna, eta hark dirulaguntza emateko ebazpena eman eta jakinaraziko du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.

3. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria.–Eskaerak eta behar den dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/laneko-arriskuen-prebentzioaren-arloko-jarduera-arruntak-egiteko-laguntzak (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEB), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

3. Eskaerarekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: proiektu motaren azalpena (sektorekoa edo sektore artekoa), helburuak eta jarraipen- eta emaitza-adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehatua eta horien justifikazioa, 7. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa adierazita (langileria gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak); proiektuan arituko diren prebentzioko teknikarien edo laguntzaileen kopurua; pertsona bakoitzaren kostua eta lanorduak.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira laguntzaren xede den jarduerarekin zalantzarik gabe lotuta dauden eta hura gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak, baldin eta deialdiaren oinarri arautzaileak onesten dituen foru agindua sinatzen den egunetik 2027ko uztailaren 31ra bitartean fakturatu badira, eta, betiere, 2027ko abuztuaren 31 baino lehen ordaindu badira.

a) Entitateak, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzeko, kontratatzen dituen teknikarien gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Teknikarien gehieneko prezioa orduko 47 eurokoa izanen da, kostu sozialak barne. Proiektuko ekintzak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

b) Entitateak kontratatutako eta proiektua gauzatzeari lotutako administrazioko, laguntzako eta komunikazioko langileen gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Administrazioko eta/edo laguntzako langileen gehieneko prezioa orduko 30 eurokoa izanen da, kostu sozialak barne.

Aurkezten den proiektuko ekintzekin lotutako edukiak zabaltzea materialen, komunikabideen eta sare sozialen bidez. Kontzeptu honetan langileria gastuak sar daitezke, aurreko ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

c) Jardueraren jatorrizko aurrekontuan sartuta daudenak edo organo kudeatzaileak onartu ondoren aldatu direnak, eta gauzatzearen memoria teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu aurretik ordainduta daudenak, deialdian ezarritako kronogramaren barruan badaude.

2. Ez dira izanen diruz lagungarriak:

a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.

b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Betebehar hori ez da bete beharko baldin eta gastu diruz lagungarri horiek egin badira izaera bereziko edo espezializatuko ondasun edo zerbitzuak eskuratzeko, eta merkatuan ez badago ondasun edo zerbitzu horiek baldintza baliokideetan eman edo lor ditzakeen entitate bat baino gehiago. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

8. oinarria.–Azpikontratazioa.

1. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren erdia, gehienez, azpikontratatuta egin daiteke. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, eta, betiere, onuradun horrek kanpoko baliabideak izanez gero egin litzakeen jarduerak badira. Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratu bat egin beharko da idatziz, eta kontratu hori frogagiriekin batera aurkeztu beharko da.

2. Langile autonomoen elkarte profesionalekin egindako azpikontratazioen kasuan, onuradunak zilegi izanen du diruz laguntzen den jarduera osoa ituntzea haiekin.

3. Azpikontratistek soilik onuradunaren aurrean erantzun beharra izanen dute; izan ere, dirulaguntzaren xede den jarduera burutzeko erantzukizun osoa onuradunak izanen du.

9. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezartzeko, honako balorazio-irizpide hauen arabera:

a) Proiektuaren kalitate teknikoa, planteamendua eta diseinua. 30 puntu gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: alde batetik, proiektuaren kalitate globala, eta, bestetik, identifikatutako premien, planteatutako helburuen, aurreikusitako jardueren, proposatutako metodologiaren eta espero diren emaitzen arteko koherentzia.

Balorazioak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan:

–Beharraren diagnostikoa eta justifikazioa, ebidentzia edo datu objektiboetan oinarrituta.

–Helburuen eta espero diren emaitzen definizioa.

–Garapenaren metodologia eta kronograma.

–Zorroztasun teknikoa eta balio erantsia.

–Genero-ikuspegia eta berdintasuna.

–Proiektuaren koherentzia orokorra.

b) Lehentasunezko sektore, gai eta problematiketan kokatzea. 25 puntu gehienez.

Baloratuko da proiektua bideratuta egotea deialdi honen arabera lehentasunezkotzat jotzen diren jarduera-sektoreetara eta prebentzio-problematiketara.

Honako hauetara bideratutako proiektuek lortzen ahalko dute gehieneko puntuazioa:

–Lehentasunezko sektore hauetakoren batera bideratzen direnak: bizitegi-establezimenduak; nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza; garbiketa eta lorezaintza, salgaien errepideko garraioa, elikagaien industria; metalezko produktuen fabrikazioa; kautxuaren eta plastikoaren fabrikazioa; ibilgailuen salmenta eta konponketa; eraikuntza; ostatu-zerbitzuak, janari- eta edari-zerbitzuak.

–Sektoreen arteko ikuspegitik honako gai hauekin zerikusia duen problematika edo gairen bat lantzea: amiantoarekiko esposizioa; altuerako erorikoen prebentzioa; istripuen ikerketa sustatzea; arrisku muskuloeskeletiko eta/edo psikosozialen faktoreak murriztea edo ezabatzea; lanean amatasuna babestea haurdunaldiko arriskuagatik; sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren edo genero-indarkeriaren aurkako prebentzioa.

25 puntu emanen dira proiektuaren xede nagusia eta funtsezko jarduketak berariaz bideratzen direnean atal honetan definitutako lehentasunezko sektore edo problematika batera edo batzuetara.

10 puntu emanen dira baldin eta, proiektua deialdiaren xedearekin eta jarduketa diruz lagungarriekin koherentea izanda ere, haren xede nagusia ez bada lehentasunezkotzat definitutako sektore edo problematikaren bat.

Lehentasunezko sektore edo problematika batekin zerikusia duen jarduketaren bat modu osagarrian edo intzidentalean sartze hutsa ez da nahikoa izanen gehieneko puntuazioa lortzeko.

c) Proiektua bat etortzea 3.3 oinarrian aurreikusitako helburu eta jarduketa-ildoekin (Nafarroako osasun publikoaren eta laneko osasunaren planak eta Espainiako Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren 2023-2027 Estrategia). 15 puntu gehienez.

Puntuazioa zehazteko, proiektuaren intentsitateari eta kalitateari begiratuko zaie, bai eta planteatutako helburua edo helburuak lortzeko egiten duen ekarpenari ere, eta helburuen kopuruak ez du berez puntuazio handiagoa emanen.

Gehieneko puntuazioa lortzen ahalko dute gutxienez helburu hauetako bati heltzen dioten proiektuek:

–Lana antolatzeko modu berrien eta aldaketa demografiko eta klimatikoen ondoriozko aldaketen kudeaketa, prebentzioaren ikuspegitik.

–Enpresa txikietan laneko arriskuen prebentzioaren integrazioa hobetzea.

–Arrisku edo kalteberatasun handieneko egoeran dauden langileak babestea.

–Langile autonomoen segurtasunaren eta osasunaren babesa hobetzea.

d) Berrikuntza, transferigarritasuna eta tresna digitalen eta erabilera. 10 puntu gehienez.

Jarduketen izaera berritzailea baloratuko da, bai eta metodologia, tresna edo produktu berrerabilgarriak edo transferigarriak sortzeko gaitasuna ere.

e) Egiten diren ekintzen inpaktua, irismena eta ebaluagarritasuna. 10 puntu gehienez.

Baloratuko da proiektuak prebentzio-emaitza egiaztagarriak sortzeko duen ahalmena, hartzaileen segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzen laguntzen duten neurrian, eta, orobat, ekintzen jarraipena egiteko adierazleak eta ekintzak ebaluatzeko sistema bat sortzea, proiektuaren irismena (proiektuaren hartzaile diren pertsona eta erakundeen kopurua) eta aurreikusitako jarduketei jarraipena emateko ahalmena ere.

f) Proiektua garatzen duten entitateak eta talde teknikoa. 5 puntu gehienez.

Proiektuaren zuzendaritza teknikoaren esperientzia baloratuko da, eta, orobat, proiektuaren jarduera nagusiak egiteaz arduratuko den lantaldean dauden profilak; horrez gainera, entitate eskatzailearen eta proiektuaren garapenean parte hartzen duten bestelako entitateen akreditazioa eta antzeko ekintzak aurrera eramaten duen esperientziaren akreditazioa; eta laguntza profesionalerako sare edo egitura bat izatea, profil zehatzak eta enpresekiko zuzeneko harremanetan esperientzia dituena.

g) Aurrekontua. 5 puntu gehienez.

Proiektua gauzatzeko aurreikusitako baliabide teknikoak, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak egokiak diren baloratuko da.

Horren barnean dago aurrekontua garatu beharreko jardueretarako egokia izatea eta proiektuaren garapenaren arabera zehaztuta aurkeztea.

2. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, a) irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

3. Onuradun izateko, aurkeztutako proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Entitate onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute 2026ko azaroaren 28a baino lehen, eta, horretarako, gauzatze memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %20 gauzatu dela.

2. Gainerako zenbatekoa ordaintzeko, ekintzak benetan gauzatu direla egiaztatzen duen gauzatze memoria bat aurkeztu beharko da 2027ko uztailaren 31 baino lehen. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta likidazioa egitea.

1. Onuradunek 2027ko uztailaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, proiektua gauzatu izana eta lortu nahi den helburuaren lorpen maila justifikatuko dituena, finantzatutako ekintza bakoitzerako adierazle multzo bat barne, horien bidez ebaluatu ahal izateko lortutako emaitzak, bai eduki teknikoari dagokionez, bai eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari dagokienez. Era berean, adierazleek aukera eman beharko dute jakiteko, besteak beste, diruz lagundutako ekintza bakoitza zenbat erabiltzailek jaso duten eta emaitzarekiko haien gogobetetasun maila (1etik 6ra).

Zabalkunde gasturik badago, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b) Onuradunak proiektua gauzatzean egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu gabe egon.

2. 2027ko uztailaren 31 baino lehen (egun hori barne), onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute, telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen zerrenda nominala, eta hor zehaztuta agertuko dira bakoitzaren lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egotzitako ehunekoa, ordu-dedikazioaren partearen bidez, jardueraren arabera banakatuta eta langileak eta haren arduradunak sinatuta.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2027ko uztailaren 31ra arte egindako fakturak eta horien ordainagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo ez badago zerga hori ordaintzeari lotua, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Uztailaren hasieran egiaztagiririk ez duten gastuei dagokienez, zilegi izanen da 2027ko abuztuaren 31ra arte (egun hori barne) aurkeztea gastua eta ordainketa gauzatze-aldiaren barruan benetan egin direla egiaztatzen duten faktura eta agiri guztiak.

5. Aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza ordaintzeko, likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

6. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza ordaintzeko, likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, onartutako dirulaguntza ez da ordainduko.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da, gehienez.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

13. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta aurkeztu beharreko agiri guztiak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren tramiteen katalogoan ageri den laguntzen fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/laneko-arriskuen-prebentzioaren-arloko-jarduera-arruntak-egiteko-laguntzak.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako ekintzetarako ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten bestelako dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Halere, laguntzaren zenbatekoa, bere horretan zein proiektu berera bideratutako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batuta, ezin izanen da inola ere izan laguntzaren xede den jardueraren kostu osoa baino handiagoa.

2. Bestelako laguntzarik jasoz gero, hori gertatzen den momentuan bertan jakinarazi beharko zaio instrukzio organoari, proiektua gauzatzen hasi aurretik edo gauzatu bitartean izan, eta laguntza ematea onesten duen ebazpena aurkeztu beharko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2611863