19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

324E/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sarien 2026ko deialdia egiten duena eta sariak ematea arautzen duten oinarriak onesten dituena.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 6.4 artikuluak xedatzen duenez, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak aitortzen ahalko du, publikoki, pertsonek, taldeek, erakundeek edo instituzioek, publikoek zein pribatuek, egindako lanaren eredugarritasuna, baldin eta lan horrek gazteen parte-hartzea, autonomia eta bizi kalitatea bultzatzen baditu. Aitortza hori egiteko, sariak eta golardoak ematen ahalko dira.

Otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak ezarri ziren; haien helburua da errekonozimendu bat egitea pertsonek edo elkarte, instituzio eta entitate publiko zein pribatuek gazteriaren arloan zerbitzu ematen egin duten jardunbideari eta aurrera eraman dituzten jarduketa nabarmengarriei. Era berean, 4. artikuluan, emateko prozedura ezartzen da, eta berariaz adierazten da, 2. apartatuan, Gazteria Sarien deialdia egiten duen foru aginduan honako hauek zehaztuko direla: kategoriak, hautagaitzak aurkezteko epeak eta emateko prozedura.

Hortaz, 2026an Gazteria Sariak emateko prozedura arautu eta artikulatzeko asmoz, beharrezkoa da sari horiek emateko deialdiaren oinarriak ezarriko dituen foru agindu bat onestea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sariak arautzen dituen otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Gazteria Sarien 2026ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak (I. eranskina) eta hautagaitza aurkezteko formularioa (II. eranskina) onestea, zeinak foru agindu honi erantsi baitzaizkio.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 7.500,00 euroko gastua baimentzea, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Sariak, txapelketak eta lehiaketak" izeneko 340002 34100 4809 232105 aurrekontu-partidaren baliokidea izanen den partida ekonomikoaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, eta, orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2025eko azaroaren 27an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 2026KO GAZTERIA SARIAK

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko 2026ko Gazteria Sariak emateko oinarriak ezartzea.

Sari horien helburua da pertsonen edo kolektiboen (formalki eratu gabeko taldeak, elkarteak, erakundeak eta entitate publiko edo pribatuak) ibilbideak eta lanak nabarmentzea, Nafarroako gazteen parte-hartze soziala, autonomia, berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzeko balio izan dutenak.

2.–Hautagaitzak aurkeztea.

Helbidea Nafarroan duen edozein erakundek, entitatek, elkartek edo pertsona fisikok zein juridikok aurkezten ahalko ditu hautagaitzak.

Sariak lortzeko honako hautagai hauek aurkezten ahalko dira:

–Gazteak, banako moduan harturik.

–Gazteriaren arloan aritzen den edozein entitate publiko edo pribatu.

–Gazteriaren arloan aritzen diren elkarteak, edo elkarte bat osatu gabe arlo horretan aritzen diren pertsona taldeak.

–Gazteei zuzendutako guneak, Nafarroan kokatuak, gazteei emandako laguntza eta zerbitzuengatik nabarmentzen direnak.

–Nafarroan gazteei zuzenduta egin diren informazio ekintzak, haien originaltasunagatik, hedaduragatik edo egokieragatik nabarmentzen direnak.

3.–Kategoriak.

1. Sariak honako kategoria hauetan ematen ahalko dira:

–Saria gazteari. Nafarroako 14 eta 30 urte arteko gazte bati emanen zaio, balio sozialei lotutako ibilbidea izateagatik (elkartasuna, ahalegina, lana, tolerantzia, kulturartekotasuna, nazioarteko mugikortasuna, bizimodu osasungarria, e.a.) eta beste gazte batzuentzat erreferentea izateagatik.

–Saria parte-hartze sozialari. Gazteriaren parte-hartze soziala edo gazteek garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte hartzea bultzatzen duen talde edo elkarte bati emanen zaio. Haren jarduketa-eremua Nafarroako Foru Komunitatea izanen da. Beste lurralde batekoa bada, haren jarduerak inolako zalantzarik gabe Nafarroarekin lotuta egon beharko du.

–Saria erakunde edo entitate bati. Helbidea Nafarroan izanik gazteriaren alde aritzen den erakunde edo entitate publiko edo pribatu bati emanen zaio, gazteen parte-hartze soziala, autonomia eta bizi-kalitatea sustatzeagatik. Haren jarduketa, lehentasunez, Nafarroako gazteei zuzenduta izanen da.

–"GazteON" saria. Sari honen bidez aitortza egiten zaio gazteei zuzenduta Nafarroan egindako informazio ekintza edo gune bati, bere originaltasunagatik, hedaduragatik edo egokieragatik edo gazteei hainbat arlotan (aisialdia, gazteentzako informazioa, gazteen parte-hartzea eta abar) ematen dizkien zerbitzuengatik nabarmendu baldin bada.

2. Aurrekoa ukatu gabe, Nafarroako Gazteriaren Institutuak zilegi izanen du, nahi izatera, ohorezko aipamenak ematea, gazteriaren arloan eragin esanguratsua eduki duten gertaerak nabarmentzeko.

4.–Agiriak eta aurkezteko epea.

4.1. Sariak emateko proposamenak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian (www.juventudnavarra.es/eu) dagoen eskaera-orriaren bidez aurkeztuko dira (II. eranskina).

4.2. Proposamenekin batera txosten bat aurkeztu beharko da, hautagaitzaren merezimenduak alegatzeko. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, hautagaitza behar bezala ebaluatzeko, egoki jotzen dituen dokumentazio edo argibide guztiak eskatzen ahalko ditu.

4.3. Proposamenak 2026ko urtarrilaren 28tik otsailaren 25era bitartean aurkezten ahalko dira. Proposamenak lehentasunez Nafarroako Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz aurkezten ahalko dira.

5.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

5.1. Sariak emateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa-zuzendaritzak batzorde tekniko bat izendatuko du, ebazpen baten bidez, eta aholku batzorde bat eratuko du, hori ere ebazpen bidez. Batzorde horretan gazteriaren arloan aritzen diren pertsonak eta entitateen ordezkariak egonen dira. Aholku batzorde hori bere funtzionamendu-arau espezifikoei jarraikiz arituko da, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea izanen du buru.

5.2. Batzorde teknikoak jasotzen diren proposamenen egokitasuna aztertuko du, oinarri hauen eta otsailaren 22ko 11/2023 Foru Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako irizpideen arabera, eta, hala badagokio, aurkeztutako hautagaitzen kategoria aldatzea proposatzeko ahalmena izanen du, haien izaeraren arabera eta proposamena egin duen pertsonari edo erakundeari kontsulta egin ondoren. Batzorde teknikoak gehienez bost hautagaitza aukeratuko ditu kategoria bakoitzean, gero aholku batzordeak baloratu ditzan.

5.3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak aholku batzordea biltzeko deia eginen du, tokia eta eguna zehaztuta. Aholku batzordeari dagokio finalera iristen diren proiektuak puntuatzea, bakoitzari ikusten dizkion merezimenduen arabera. Gehienez ere 50 puntu emanen dizkio proiektu bakoitzari. Kategoria bakoitzean punturik gehien lortzen duten hiru proiektuak herri bozketaren fasera pasatuko dira.

5.4. Herri bozketa. Nafarroako Gazteriaren Institutuak bozketa sistema bat gaituko du bere web-orrian; bertan, Nafarroan Europako gazte txartela daukaten 14 eta 30 urte arteko gazteek aukeratzen ahalko dituzte saria merezi duten hautagaitzak. Boto gehien lortzen duten hautagaitzek 50 puntu lortuko dituzte. Gainerako hautagaitzen puntuazioa modu proportzionalean kalkulatuko da, puntuazio handiena lortu duen hautagaitzaren boto kopuruarekin alderatuta bakoitzak lortzen duen botoen arabera. Bozketa egiteko, zazpi egun naturaleko epea irekiko da, horretarako ezartzen diren datetan.

5.5. Aholku batzordeak ematen dituen puntuei herri bozketan lortutako puntuak gehituta puntuaziorik handiena lortzen duten hautagaitzek irabaziko dute saria.

5.6. Sari hauetako kategoria bat edo batzuk eman gabe uzten ahal dira.

6.–Sariak.

Saria gazteari, saria parte-hartze sozialari eta saria erakunde edo entitate bati izeneko kategorietan irabazle ateratzen diren hautagaitzei egiaztapen diploma bat eta 2.500 euroko eskudiruzko saria emanen zaie. "GazteON" kategorian irabazle ateratzen den hautagaitzari egiaztapen diploma bat emanen zaio.

7.–Ebazpena.

Epaitza ikusita, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen bidez, onetsiko du Gazteria Sariak ematea. Ebazpena sarituei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren web-orrian argitaratuko da (www.juventudnavarra.es/eu).

8.–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez (erregelamendu horren bidez, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezarri ziren), parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edozein pertsonak eskubidea du datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, aurkaratzeko eta haien tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta hari dagozkion erabaki automatizatuen aurka egiteko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari.

9.–Antolatzaileen erantzukizuna.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera, deialdi honetan gertatzen diren gorabeherak, bai eta oinarriotan aurreikusita ez dauden aferak ere. Halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren gainean sortzen ahal diren zalantzak ebazteko.

10.–Harremanetarako datuak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27.

31003 Iruña.

Telefonoa: 848 423 900.

juventud@navarra.es.

www.juventudnavarra.es/eu.

II. ERANSKINA.–HAUTAGAITZA AURKEZTEKO FORMULARIOA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO 2026KO GAZTERIA SARIAK

Formularioa esteka honetan dago eskuragarri:

www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/formulario-propuesta-galardones-2026-1026-es.pdf

Iragarkiaren kodea: F2516137