Iragarkia
19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
140E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokiei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 877147.
Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2024 Foru Legeak ezartzen dituen helburuen artean kanpoan diren nafar komunitateekiko harremanak koordinatzea eta sendotzea dago. Legeak, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoek ematen dituzten laguntza eta dirulaguntza publikoen deialdietan parte hartzeko eskubidea aitortzen die komunitate horiei, bere helburuak lortzeko jarduketak egin ditzaten.
Horren aurretik, Nafarroako Gobernuak, 2019ko martxoaren 27ko Erabakiaren bidez, Kanpoan bizi diren Nafarrentzako Estrategia-NEXT onetsi zuen. Estrategia horrek, harrezkero, komunikazioa eta lankidetza sustatzen ditu kanpoan bizi diren nafarrekin, leku batzuetan elkarteak sortu baitituzte Nafarroako kide izatearen sentimenduari eusteko.
Nafarren biltoki horiek kultura zabaltzeko guneak eta harremanetarako plataformak bilakatu dira; orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren errealitate historikoaren eta egungoaren irudi ona erakusten dute, Nafarroako balioak eta ezaugarriak hedatzen dituzte eta turismoa eta komunitate honetako produktuen eta zerbitzuen kontsumoa bultzatzen dituzte.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak mantendu beharra dauka atzerrian Nafarroaren ordezkari diren entitate horiekin azken hamarkadetan izan duen lankidetza-harreman berezia, entitate horiek beren kultur eta gizarte jarduera finkatu eta bultzatu dezaten.
Aintzat harturik interes sozial handiko kontua dela Nafarroak, biltoki horiek egiten duten sustapen lanari esker, beste herrialde batzuetan duen presentzia mantentzea, eta kontuan izanik, halaber, presentzia hori sendotu dela denboran zehar eta urtero berritzen dela proiektu eta ekintza berrien bitartez, bidezkoa da entitate horiei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat onestea.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2024 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokiei dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B50001-B5100-4900-144100: Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokientzako laguntzak | 2026 | 50.000,00 |
B50001-B5100-7900-144100: Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokien lokalak eta ekipoak erosi eta hobetzea | 2026 | 12.000,00 |
4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.
5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.
6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoari eta haren Kontabilitate Zentroari.
7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko abenduaren 18an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
ESPAINIATIK KANPO DAUDEN NAFARREN BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2026KO DEIALDIA
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak beste herrialde batzuetan dauden nafarren biltokiei laguntzak emateko 2026an. Laguntza horien helburua da Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokiak mantentzen laguntzea, bai eta Kanpoko nafar herritarrekiko harremanei buruzko otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legearen 3.c eta 8. artikuluei jarraikiz sortzen diren nafar komunitate birtualak mantentzen laguntzea ere. Laguntza horien helburua da, halaber, Nafarroaren irudia eta kultura Foru Komunitatetik kanpo sustatzea eta zabaltzea, bai eta kultur eta gizarte jarduerak egin ditzaten sustatzea, hango kideen harremanak eta integrazio soziokulturala hobetzeko asmoz, eta jarduera horiek gauzatzeko behar diren inbertsioak erraztea ere.
2.–Finantzaketa.
Osotara 62.000 euro daude deialdi honetarako gehienez, eta 2026ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:
- 50.000 euro, "Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokientzako dirulaguntzak" izeneko B50001 B5100 4900 144100 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.
- 12.000 euro, "Espainiatik kanpo dauden nafarren biltokien lokalak eta ekipoak erostea eta hobetzea" izeneko B50001 B5100 7900 144100 partidaren kargura, inbertsioak finantzatzeko.
3.–Onuradunak.
3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira beste herrialde batzuetan finkaturik dauden nafarren taldeak eta komunitate birtualak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.
b) Helbidea Espainiatik kanpo izatea.
c) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.
d) Irabazi-asmorik ez izatea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.
f) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.
3.2. Halaber, aurreko paragrafoan aipatzen diren entitate gehien biltzen duten federazio nazionalek eska ditzakete laguntza hauek.
4.–Kontzeptu diruz lagungarriak.
4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek biltokien mantentze-lanetarako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitarte egindako gastuengatik.
a) Mantentze-lanen kontzeptuan sartzen dira biltokien funtzionamendu arruntak eragindako gastuak, hau da, bazkideei harrera eman eta haien arteko gizarte eta kultura trukea errazteko lanak eragindakoak.
b) Jarduerak: xede dutenak bazkideen harremanak hobetzea eta integrazio handiagoa lortzea biltokiak kokaturik dauden herrialdeetan, baita Nafarroaren irudia eta kultura Espainiatik kanpo sustatzea eta zabaltzea ere, besteak beste honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, artisautzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, erregioetako kulturen trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.
Honako hauek dira diruz lagungarritzat hartzen diren gastuak:
–Lokalen eta ondasunen errentamendua.
–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berokuntza eta garbiketa).
–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.
–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.
–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).
–Zerbait gogorarazteko edo irudikatzeko kultur jarduera batekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.
–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabe-erkidegoari dagozkion gastuak, harpidetzak eta elkartearen egoitza soziala den lokala eskuratzeko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguen interesak.
–Argitalpenen edizioa eta banaketa.
–Biltokiaren funtzionamendurako edo jarduerak egiteko beharrezkoak diren plataforma digitalekin lotutako gastuak.
–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.
–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.
–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.
–Lokal sozialen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen eskuratu badira, eta izenpetutako hipoteka-kreditua gaur egun itzuli gabe badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:
- Lokala eskuratzeko dirulaguntza jaso ez izana.
- Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
- Kostua izatea oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik.
c) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:
–Entitatearen egoitza sozial gisa erabiltzen diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipo finkoak erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).
–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzariak eta ekipo informatikoak erostea.
–Munta txikiko beste esku-hartze batzuk.
4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:
–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).
–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenezko edo ordezkaritzako ekitaldi kulturalekin lotutakoak.
–Langileria gastuak.
–Entitatearen beraren talde artistikoen edo kirol taldeen jarduketengatiko ordainsariak.
5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia:
Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, deialdiaren izapideen fitxan dagoen eskaera ereduaren arabera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, bakoitza 20 Mb-koa gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.
5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, modalitate batean nahiz bestean aurkeztu:
a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak (1).
b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria (1).
c) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala (1).
d) Entitate eskatzailearen IFZa (1).
e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, eta Swift kodea (1).
f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, egoitza duen herrialdean indarra duten xedapenei jarraikiz (2).
g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena egunean dituela egoitza duen herrialdeko zerga betebeharrak (2).
h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zenbat bazkide dituen entitateak 2026ko urtarrilaren 1ean, eta horien izena, bi deiturak eta NANa, baita 2026rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.
i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitateak, administratzaileek eta ordezkariek ez dutela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.
(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, baldin eta Administrazioak eskura ez badu edo aldatu egin bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).
(2) Inguruabar horiek eskaeran aipatu beharko dira, 2. atalean (entitatearen adierazpenak).
Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea izapidetzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.
5.3. Dokumentazio berariazkoa:
a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontu orokorra, eranskineko ereduaren arabera. Eredua eskuragarri dago deialdiaren izapideen fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
b) Laguntzaren xedeko programa, honako hauek jasoko dituena:
–Biltokien ezaugarrien deskribapena, oinarri hauen eranskineko ereduaren arabera. Eredua eskuragarri dago deialdiaren izapideen fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
–Programatutako jardueren deskribapena. Honako hauek zehaztuko dira: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio. Hori guztia eranskineko ereduari jarraikiz eginen da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
–Programatutako inbertsioen deskribapena, aurrekontua kontzeptuka banatuta. Dokumentua eranskineko ereduaren arabera bete beharko da. Eredua eskuragarri dago deialdiaren izapideen fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalen kontabilitate-amortizaziorako laguntza eskatzen duten eskatzaileen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek espresuki aipatzen dituena: kreditua zer egunetan eman zen, kredituaren muga-eguna eta, orobat, dirulaguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).
5.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.
Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.
7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.
8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.
8.1. Laguntzen banaketa.
Deialdi honetarako bideratutako gastua 62.000 eurokoa da. Horietatik 25.000 euro bideratuko dira biltokien mantentze-lanetako gastuak finantzatzera (4.1.a oinarria), 25.000 euro jardueren gastuak finantzatzera (4.1.b oinarria) eta 12.000 euro inbertsio gastuak finantzatzera (4.1.c oinarria).
8.2. Balorazio irizpideak.
Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
8.2.1. Gastuei aplikatzeko irizpideak:
a) Biltokien mantentze-lanei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):
–Bazkide kopurua, 2026ko urtarrilaren 1ean: 5 puntu emanen dira 20 bazkideko, gehienez ere 50 puntu egin arte.
–Lokalaren edukiera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak bazkideentzat dituen baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (50 puntu gehienez):
- Lokalaren azalera: 20 puntu gehienez (50 metro baino gutxiago, 10 puntu; 50 eta 100 metro artean, 15 puntu; 100 metrotik gora, 20 puntu).
Espazioak: 30 puntu gehienez (bilera gela, 4 puntu; jolas-areto bereizia, 3 puntu; liburutegia, 5 puntu; bulegoa, 2 puntu; kirol instalazioak, 4 puntu; sukaldea, 4 puntu; taberna-jantokia, 4 puntu; komunak, 4 puntu).
b) Jarduerei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):
–Nafarroaren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna neurtuko da, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izaten ahal diren hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta inplikazioa jarduera horietan (50 puntu gehienez):
- Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez (idatzizko prentsa, irratia edo telebista erabiltzea, 10 puntu; posta elektronikoa, sare sozialak eta beste IKT batzuk erabiltzea, 15 puntu).
- Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez (bazkide eta ahaideentzako ekitaldiak, 5 puntu; nafarren beste biltoki batzuetako bazkide eta kideei eskainitako ekitaldiak, 10 puntu; herritar guztiei eskainitako ekitaldiak, 25 puntu).
–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da noraino diren egokiak lortu gogo diren helburuak, eta aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten ote duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin. Halaber, neurtuko da programa noraino den egokia eta berritzailea, eta deialdiaren helburuarekin bat datorren (30 puntu gehienez):
- Nafarroako gaiei buruzko jarduerak (kultura, ohiturak eta abar): 15 puntu.
- Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraitutasuna: 4 puntu.
- Elementu berritzaileak sartzea garatutako programetan: 7 puntu.
- Aurrerapenarekin, inplikazio sozialarekin, elkartasunarekin, berdintasunarekin eta beste balio batzuekin lotutako elementuak, 4 puntu.
- Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.
Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 30 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 10 puntu erdiesten ez badituzte.
8.2.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):
Egoitzen edo egoitzetako ekipamenduen gaineko lanak, kontuan hartuta bizigarritasun, segurtasun edo funtzionamendu baldintzak:
–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 30 puntu gehienez.
–Egokitzapen behar ertaina (ekipo informatikoak, altzariak, eta ostalaritzako ekipoak erostea): 60 puntu gehienez.
–Egokitzapen behar handia (eraikinaren egiturari eragiten badio edo oztopo arkitektonikoak kentzea edo segurtasun neurriak jartzea badakar, bai eta, legezko betebeharrak edo jabeen erkidegoaren erabaki lotesleak direla eta, inbertsioa egitera behartuta badaude ere): 100 puntu gehienez.
30 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.
8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.
Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (mantentze-lanak, jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta partidaren zenbateko guztia (mantentze-lanetara, jardueretara nahiz inbertsioetara bideratutakoa) zati puntu guztiak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta horrela lortuko da laguntzaren zenbatekoa.
Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa
Laguntzaren zenbatekoa = Entitateari esleitutako puntuak x Puntuaren balioa
Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren proportzioan.
9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.
Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.
Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.
10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, entitate onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa.
11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
11.1. Justifikazioa.
Dirulaguntzaren ordainketan, 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra arte egindako mantentze-lanen, jardueren eta inbertsioen gastuak sartuko dira. Ordainketa eginen da egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren.
Justifikazioa aurkezteko epea 2026ko azaroaren 13an bukatuko da.
Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:
a) Funtzionamendu-gastuen justifikazio-memoria, gastuak kontzeptuka sailkatuta, oinarri hauen eranskineko ereduaren arabera. Eredua eskuragarri dago deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
b) Egindako jardueren justifikazio-memoria. Bertan, horietako bakoitzaren gastuen zerrenda sartuko da, oinarri hauetako eranskineko ereduaren arabera. Eredua eskuragarri dago deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
c) Egindako inbertsioen justifikazio-memoria. Bertan, horietako bakoitzaren gastuen zerrenda sartuko da, oinarri hauetako eranskineko ereduaren arabera. Eredua eskuragarri dago deialdiaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
d) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako zenbatekoa adinako edo hortik gorako gastua egin dela frogatzen dutenak. Agiri horietan, hauen gaineko datuak jasoko dira: jaulkitzailea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko. Fakturak zerrenda batekin aurkeztuko dira, non zehaztuko baita zer jarduerari edo inbertsiori dagokion, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoena ereduaren arabera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
e) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.
f) Dirulaguntza ordaintzeari begira, justifikazioak aurkezteko epea bukatu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifikatzen ahal den gastutzat, hau da, 2026ko azaroaren 13ra arte ordaindutakoa.
g) Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.
Ordainketa eginen da egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren.
11.2. Aurrerakina.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, mantentze gastuei dagokien zenbatekoa laguntza ematen den unean ordaintzen ahalko da, baliabide nahikorik ez dagoela egiaztatu beharrik gabe, baldin eta emandako zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa ez bada eta ordainketa aurreratua emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren %60koa bada gehienez. Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari laguntza eskatzen duen unean.
Aurrerakinaren justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.
11.3. Konturako ordainketa.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluarekin bat etorriz, konturako ordainketak egiten ahalko dira 2026ko uztailaren 16ra bitarte egindako jarduerei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko.
Edozein kasutan ere, entitateek 2026ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana).
Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.
Konturako ordainketen justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.
Kontura ordaindutako jardueretakoren bat justifikatzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa kenduko zaio emandako gainerako dirulaguntzari.
12.–Baldintzak aldatzea.
Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.
Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.
13.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izanen dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:
a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.
b) Nafarroako Gobernuaren finantzaketaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz.
c) Dirulaguntza ematen duen organoak egiten ahal dituen egiaztapenei men egitea.
d) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, deialdiaren fitxan dagoen eranskineko ereduaren arabera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Ayudas-a-los-Centros-Navarros-en-el-exterior-de-Espana), eta, kasua bada, eskatzen den dokumentazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
f) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.
g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak dirulaguntzen onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
14.–Dirua itzultzea.
Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
15.–Datuen babesa.
Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza hauen esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten da esteka honen bitartez baliatzen ahal direla datu pertsonalen inguruko eskubideak: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.
Pertsona fisikoek legez dagozkien eskubideak baliatzen ahalko dituzte Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan, zehazki datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko, datuak transferitzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak. https://www.navarra.es/eu/datuen-babesa.
16.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
17.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2517240
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
