19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1612E/2025 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita Murgindueta Ganadera SCP enpresak Murginduetan (ARAKIL) sustatzen duen "Instalazio aldaketa gizentzeko behor azienda kentzeko eta haragitarako ardi azienda handitzeko" izeneko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

2025eko abuztuaren 27an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Bere ezaugarriak direla-eta, proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 1.f) apartatuko 1. multzoan sartzen da; horregatik, legean ezarritakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.

–Aurrekariak.

Memorian adierazitakoaren arabera, hasiera batean beste jabe bat izan zuen abeltegia 1966-1967 urteetan eraiki zen, eta urteak aurrera joan ahala instalazio berriak eraiki eta baten bat eraberritu egin dira. Gaur egun, abeltzaintzako ustiategi mistoa da, eta gizentzeko behiak, haragitarako ardiak eta gizentzeko behorrak ditu.

–Proiektuaren deskripzioa.

Proiektuaren xedea Murgindueta Ganadera SCP abeltegiko instalazio multzoan aziendarendako pabiloi berri bat eraikitzea da, Arakil udalerriko (Murgindueta) 15. poligonoko 1. lursailean, ustiategiko abeltzaintza aldatzeko, hain zuzen, gizentzeko behor azienda kendu eta haragitarako ardi azienda handitzeko. Hain zuzen ere, haragitarako ardien kopurua ugaltzeko 800 abelburu izatetik 3.000 abelburu izatera aldatu nahi da, erregimen erdiestentsiboan. Horretarako beharrezkoa da 1.000 m²-ko azalera izanen duen pabiloi hori eraikitzea. Gainera, gizentzeko moxalak ordeztuko dira eta, hala, gizentzeko aratxe urrixak 80tik 120ra igaroko dira gaur egun dauden instalazioetan.

Aziendarendako instalazio berria abeltegiko gainerako instalazioak dauden landa lurzati berean dago eta Arakil ibilgutik besteak baino urrunxeago kokatuta egonen da; ia laua den lursaila denez, ez dira ezpondak sortzen.

Gainera, aziendarendako instalazio berriak lehendik dauden pabiloiak urez eta elektrizitatez hornitzeko instalazioak erabiliko ditu, beraz, ur eta elektrizitatea instalazio berrira bideratzeko kanalizazioek ez dute eraginen kalte nabarmenik ingurumenean, txosten honen arabera.

Simaurra kudeatzeko planari dagokionez, simaur karga handitzeagatik gehituko diren lurzati berriak nitratoekin kutsatzeko arriskua duten eremuetatik at daude.

Aurkeztutako ingurumen-dokumentua bat dator Ingurumen-ebaluazioaren inguruko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak duen edukiarekin, alternatiben azterketa egiten du, eta ondorioztatzen du eraikuntza berriak, beste eraikin batzuen ondoan egiten denez, lehendik dauden instalazio eta ekipamenduak erabiltzen ahal dituela (elektrizitatea, ura eta simaurra bideratzeko instalazioak, biltegiak, sarbideak...); izan ere, ingurumenaren ikuspuntutik jasangarriena izanen dela jotzen da.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, kontsulta egin zitzaien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. 2025eko irailaren 26an, Ingurumen Ebaluaziorako Atalak kontsulta egin zien proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesdunei, txostenak, oharrak edota iradokizunak egin ditzaten, haien eskumeneko gaiei buruz.

Erantzunak jasotzeko epea agortuta, Arakilgo Udalarena jaso da. Txosten horien ingurumen-alderdiak espedientearen azterketa teknikoan hartu dira kontuan. Kontsultatu diren entitate eta erakundeak eta izapidearen emaitza ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean azaltzen dira.

–Ingurumen-ebaluazioa. Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Esandako gisan, proiektuaren xedea Murgindueta Ganadera SCP abeltegiko instalazioen ondoan aziendarendako pabiloi berri bat eraikitzea da, ustiategiaren tamaina aldatzeko, hain zuzen, gizentzeko behorrak kendu eta haragitarako ardien kopurua handitzeko, gizentzeko aratxe urrixez gain.

1.000 m²-ko azalera izenen duen pabiloi berria aziendarendako beste instalazioak dauden lurzatian egonen da, gutxi gorabehera 600 metrora ES2200020 «Aralar mendia» KBEtik, eta kilometro bat baino urrunxeago ES2200021 «Urbasa-Andia» KBEtik.

Abeltegiko eraikin guztiak Arakil ibaiak sortutako lautada batean daude, % 0,4 inguruko maldan; iparraldean eta ekialdean, maldak muga du abeltzaintzako ustiategia dagoen lurzatiarekin, 11 m-ko distantzian Arakil ibaitik.

Eremua bat dator haritz kandudunaren baso tenporihigrofiloak (Crataego laevigatae-Querco roboris S.) osatzen duten Serie nafar-arabarrarekin; hala ere, abeltegia dagoen tokian abereentzako larreak daude. Arakil ibaiaren ibaiertzetako landaredia, instalazioen ondoko tartean, haltzadiak dira, Ekialdeko Kantauriar-atlantiko ibai-geoseriean ohikoak; eremu hori, hala ere, ez da kaltetuko, obretatik 100 metrora dagoelako.

Proiektuak aurreikusten du landare lurra (15 cm-ko geruza) kendu eta ondoko larredian barreiatuko dela. Legar artifizialekin nibelatuko da, eta zimendua eta hormigoizko zolarria eginen da. Ez da ezpondarik sortuko.

Ur eroanbideari dagokionez, lursailaren barruan eginen da: hargunea ondoko pabiloian izanen da, inolako ingurumen baliorik ukitu gabe.

Energia elektrikoaren eroanbidea finkaren sarrerako lokal teknikoan dauden ustiategiko kable kaxetan hasiko da. Linea motza da, pabiloien artean doa eta behe-tentsioko erregelamendua betetzen du; beraz, ez du ondorio kaltegarri nabarmenik ingurumenean.

Ustiategietako barneko zein kanpoko argiteriaren diseinua eta kudeaketa ingurune naturalaren gaineko inpaktuaren eragile izan daiteke eta eragina izan dezake faunaren jokabidean; baina neurri egokiak hartuz gero, ez du ingurumen-inpaktu nabarmenik izanen.

Arakil ibaia hurbil egon arren, instalazioak, baita pabiloi berria ere, ez daude uholde arriskua duen eremuan (errepikatze denbora: 500 urte), ezta lehentasunezko fluxu-eremuan ere.

Txosten honen II. eranskinak instalazioen xehetasunezko planoa eta kokapenaren planoa jaso ditu.

Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak, simaurraren kudeaketak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, proposatu du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera; baldintza horiek proiektuaren baimen substantiboan integratuko dira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta legeek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua),

EBAZTEN DUT:

1. MURGINDUETA GANADERA SCP enpresak Murginduetan (ARAKIL) sustatzen duen proiektuak, hain zuzen, "Instalazio aldaketa, gizentzeko behor azienda kendu eta haragitarako ardien azienda handitzeko" izenekoak, ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, txosten honetan azaltzen den gisan.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Txosten hau egin da kontuan izan gabe sustatzaileak baimen guztiak lortzen dituen ala ez, hain zuzen, aplikatu beharreko araudi espezifikoan, bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren araudian, ezartzen direnak (polizia eremuan kokatzea eta ur horniduraren emakida areagotzeko balizko premia), eta instalazioaren ingurumen baimen bateratuan ezarritakoa, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak arautzen duen administrazio prozedurarekin. Izapide horretan ebaluatuko dira instalazioan teknika erabilgarri onenak (TEO) erabiltzeko esanguratsuenak diren ingurumen alderdiak, baliabideen kontsumoa, emisio atmosferikoen eta akustikoen arloko ukipenak, isurketak eta hondakinen sorrera.

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan lanerako kaleak eta materialak pilatzeko gunea.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren soberako hondeaketa-lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruz indarrean den araudiarekin.

–Kanpoko luminariei aplikatu behar zaizkien neurriak irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuan daude jasota, zeinen bidez onesten baita azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea, argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa, garatzen duen erregelamendua.

–Ingurumen-hobekuntza lortzeko neurri gisa, eraikuntza berria eremuan hazi ohi diren landareekin inguratuko da (hegoaldean eta mendebaldean); osaera heterogeneoa gomendatzen da, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak nahastuta. Zuhaitz horien artean, adibidez, haritza (Quercus robur) egon daiteke; zuhaixken artean, aldiz, elorriak (Crataegus monogyna, C. laevigata, Prunus spinosa) eta laharrak (Rubus sp.pl.) edo arrosak (Rosa sp.pl.).

–Beharrezkoa izanez gero Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari egoeraren baten berri ematea (obren hasiera, etab.), Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitateari mezu elektroniko bat bidaliko zaio (948 500 552 edo 679 996 810, gmasakana@navarra.es).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari, Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitateko Ingurumena Zaintzeko Taldeari, eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 23an. – Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTAK

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena egin aurretik, 2025eko irailaren 23an Ingurumen Ebaluazioaren Atalak kontsulta egin dio Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramitearen barnean, bere eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak helarazi edo aurkez ditzan.

Kontsulta entitate eta erakunde hauei egin zaie:

Arakilgo Udala:

Kontsulta 2025/09/23ean bidali zitzaion, eta erantzuna 2025/10/14an jaso zen. Erantzunean hau adierazi dute, abelburu kopurua handitu ondorengo ur hornidurari dagokionez:

«Hornidura hori, espedientean adierazitakoaren arabera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Urbasaren oinean dagoen Irañeta udal barrutian baimendutako hargunetik egiten da. Ez da zehaztu hargunearen kokapena, ezta hodi biltzailearen trazadura ere, eta ez dute esan behar besteko sekzioa ote duen, emari berria onartzeko. Ez da erantsi Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren emakida. Espedienteak ustiategiari zerbitzua emateko behar besteko hornidura dagoela justifikatu beharko du: Irañetako harguneari dagokionez, eskatzen den emaria agorraldian justifikatzeko ur-emariaren neurketak dituzten ala ez, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren emakidako emaria handitu behar den ala ez, biztanleriaren kontsumoan izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuta. Ildo horretan, beharrezkoak dira Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta Sakanako Mankomunitateak espedienteari buruz egindako txostenak jasotzea, azken hori goi hornidura kudeatzen duen erakundea delako. Ura urasketatik edateari dagokionez, urasken kokapena adierazi behar da».

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala:

Kontsulta 2025/09/23ean bidali zitzaion, eta erantzuna 2025/10/01ean jaso zen. Erantzunean adierazi zuten ez dela beharrezkoa txostena egitea, «dagokion ingurumen baimena izapidetzen ari delako, eta, une hauetan, proiektua azterketa fasean dago».

2025/09/23an, kontsulta Lurrari, Sustrai Erakuntza Fundazioari eta Gurelurri ere bidali zitzaien, baina ez zuten erantzun.

II. ERANSKINA.–INSTALAZIOEN XEHETASUNAK ETA KOKAPEN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2517121