19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1537E/2025 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren arloko kontrako adierazpena ematen baita haize parkeen proiektu hauei dagokienez: "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6", Goñerriko eta Etxauriko udal-mugarteetan kokatutakoak; barne hartuta haien transformazioko, ebakuazioko eta SET-Orkoien sarera konektatzeko azpiegiturak, zeina i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren jabetzakoa baita, eta Oltza Zendea eta Orkoien udal-mugarteak ukitzen baititu, aurrekoez gain. Proiektuen sustatzaileak, hurrenez hurren, hauek dira: Enigma Green Power 2 SL, Enigma Green Power 4 SL, Enigma Green Power 6 SL, Enigma Green Power 8 SL, Enigma Green Power 10 SL, Savanna Power Solar 14 SL, Savanna Power Solar 15 SL eta Savanna Power Solar 16 SL.

Aurkeztutako proiektuak ingurune berean kokatzen dira, jarduera, sarbideak eta obra zibil bera partekatzen dute, eta sortutako energiaren transformazioa, ebakuazioa eta sarerako konexioa SET-Orkoien azpiestazioan azpiegitura komunen bidez isurtzen dute. Beraz, haien artean izaera bat bera eta konexio estua dute. Efizientzia administratiboaren printzipioari jarraituz eta bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 57. artikuluan xedatutakoarekin, erabaki da espediente bakar batean biltzea zortzi haize parke horien eta dagozkien transformazioko eta ebakuazioko azpiegituren ingurumen-ebaluazioa.

Proiektu horien ezaugarri eta magnitude metatuak jasota daude Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin izapidetzen dira, zeina arautzen baita aipatutako arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean. Gainera, proiektu horiek sartzen dira Nafarroan haize-parkeak baimentzea arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren objektuan eta esparruan.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Sustatzaileek, 2025eko maiatzean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari aurkeztu zizkioten "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6" haize parkeen aurreproiektuak, barne hartuta haien transformazioko, ebakuazioko eta SET-Orkoien sarera konektatzeko azpiegiturenak, bai eta aipatutako parkeentzako ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua ere, eta, horrez gain, aurretiko baimenak, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak eta lurzoru urbanizaezinean jarduteko eta lurzoru hori erabiltzeko zegozkion baimenak lortzeko izapideetarako eskabidea.

Bat etorriz Parke Eolikoetarako Baimena Nafarroan arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo nagusia den aldetik, jendaurrean jarri zituen zortzi haize parkeen aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak, iragarki bat argitaratuz 2025eko ekainaren 17ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aldi berean, organo nagusiak kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Parke Eolikoetarako Baimena Nafarroan arautzen duen 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluarekin.

Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak.

2025eko urriaren 31n, informazio publiko eta kontsultako izapidean jasotako txostenen eta alegazioen edukia aztertu ondoren, sustatzaileek proiektuak eguneratu zituzten. Horiek horrela, Azpiegitura Energetikoen Atalak dokumentazio guztia bidali zion Ingurumen Ebaluaziorako Atalari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta zortzi haize parkeen ingurumen-inpaktuaren baterako adierazpena egiteko.

Bada, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hau egitean, aitzat hartu da sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, zehazki, aurreproiektu hauekin lotutakoa: "Sarera konektatutako haize parkearen aurretiko administrazio baimena lortzeko proiektua", "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6" haize parkeei dagokienez, bakoitza 4,99 Mw-koa izanik eta guztiak 2025eko martxoko datarekin; eta "Muniain 66/30kV azpiestazio jasotzailearen eta 66 kV SET Muniain -SET Orcoyen 66kV aireko eta lurpeko linearen aurretiko administrazio baimena lortzeko proiektua", 2025eko iraileko data duena, eta horiekin lotutako inpaktuei buruzko irizpena eman du, sustatzaileek aztertu ondoren 2025eko apirileko dokumentu honetan: "Ingurumen-inpaktuaren azterketa bateratua, aipatutako haize parkeena ("As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6"), zeinak SET Orcoyen 66kV linearekin konektatuta baitaude". Informazio publikoko eta kontsultako izapideetan zehaztutako inpaktuen gaineko irizpena ere eman du.

Ebaluazio honek ez ditu honako hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen-ebaluazioaren irismenetik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2. Proiektuen azalpena eta kokalekua.

Zortzi aurreproiektuetako bakoitzaren xedea da energia elektrikoa sortzeko haizearen indarra erabiltzen duen haize-sorgailu bakar bat instalatzea, 105 m-ko garaierako dorre batekin eta 149,1 m-ko diametroko errotorearekin, 4,99 MW-ko potentzia instalatuarekin. Zazpi haize-sorgailu Goñerrin daude, eta bat Etxaurin, koordenatu hauetan:

HAIZE PARKEA

X

Y

As de Guía 6

593.991,51

4.741.075,77

Ballestrinque 6

595.301,13

4.741.515,41

Ballinger 6

594.373,96

4.741.190,33

Carabela 6

592.462,59

4.741.437,33

Carraca 6

592.481,20

4.740.498,36

Margarita 6

594.727,15

4.741.052,89

Nao 6

593.618,90

4.740.931,80

Vuelta de Escota 6

592.492,93

4.741.047,44

Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989/UTM Zone 30N.

"Carabela 6" haize parkearen ondoan, Goñerriko 1. poligonoko 187. partzelan bere kabuz eusten den neurketa dorre bat instalatzea planteatu da, 118,4 metrokoa, x: 592.932 eta: y: 4.741.501 erreferentziako koordenatuetan. Dorrea behe-tentsioan elikatuko da "Carabela 6" haize-sorgailutik, 1.325 metro inguruko luzera duen zanga baten bidez, sarbidearekiko paraleloan.

Haize parkeetara N-7020 errepidetik sartzea aurreikusten da, 23+750 kilometro puntutik gutxi gorabehera, lehendik dagoen bide publiko batetik; ondoren, bertatik abiatuko litzateke eraiki beharreko bide berria. Bide berriek honako ezaugarri hauek izanen dituzte, eta lehendik daudenak ere ezaugarri berberak izateko egokituko dira: 6 m-ko errodatze-zabalera, gutxienez 60 m-ko biraketa-erradioa, trinkotutako materialarekin (% 95 PM) egindako gutxienez 0,20 m-ko lodierako oinarri-azpia, eta trinkotutatuko ibaiko zabor-legarrez (% 95 PM) egindako 0,10 m-ko oinarria. Proiektuan ez dira malda maximoak edo hormigoizko tarteak definitzen.

Haize-sorgailu bakoitzean sortutako energia eramateko, tentsio ertaineko lineak erabiltzen dira (30 kV-koak). Lineok bideekiko paraleloan dauden zanga batzuetan daude lurperatuta, eta zortzi parkeentzako dagoen SET-Muniain 66/30kV azpiestazio jasotzaileraino doaz. Azpiestazioa Goñerriko 1. poligonoko 368. katastro-zenbakiko partzelan jarriko da, X: 594.348 eta Y: 4.741.436 (ETRS 1989-UTM Zone 30N) erreferentziako koordenatuetan, eta 1.247,90 m²-ko azalera hartuko du, gutxi gorabehera. SET-Muniain 66/30kV azpiestaziotik aireko eta lurpeko 66 kV-ko linea bat aterako da SET Orcoyen 66kV azpiestazioraino, zeina i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresarena baita eta gutxi gorabehera 15,8 km-ko luzera baitu (15.206,64 m lurpean + 436,90 m airean [3 euskarri] + 156,28 m lurpean). Proiektuaren arabera, aireko zatia Juslapeña ibaiaren eta A-15 autobidearen bidegurutzean jarriko da, SET-Orcoyen 66kV azpiestazioaren inguruan.

3. Espedientearen azterketa teknikoa.

a) Ordezko aukeren azterketa:

Ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen du azken konexio puntua SET-Orkoien 66kV azpiestazioan izanen duten zortzi haize parkeak batera garatzeko ordezko aukeren analisi bat.

Ordezko aukeren analisiak aztertzen du proposatutako jarduerak ez egiteko aukera edo "0 aukera". Sustatzaileak uste du ez bada esku hartzen ez direla beteko Nafarroaren 2030erako Energia Plana eta Energiaren eta Klimaren 2021-2030 aldirako Plan Nazional Integratua, eta aukera hori baztertu egiten du eragin negatiboa duelako energia berriztagarrien sustapenean, eta ez duelako energia berriztagarriak sortzeari dagokionez proposatutako hobekuntza helburuak betetzen laguntzen. Horrek kutsadura eta mendekotasun energetiko handiagoa ekarriko luke, bai eta berotegi-efektuko gasen ekoizpena handitzea ere. Sustatzaileak nabarmentzen duenez, ingurumen-inpaktu onargarria duen irtenbideren bat aurkitzen ahal den guztietan, "0 aukera" ez da egokiena eta baztertu egin behar da.

Ondoren, kokapenari buruzko ordezko aukeren azterketaren barruan, hautatutako aukeren irizpide anitzeko konparazio bat egin zen eskala txikian, ertainean eta handian, ingurumen arloan ahalmen handiena duen eremua hautatze aldera.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan oinarrituta, konexio puntuaren inguruan eskala ertainean aztertutako hiru aukerak ingurumen arloko sentsibilitate oso handia eta puntualki erabatekoa duten eremuetan daude; izan ere, Europar Batasunaren interesekoak diren habitatak, biztanleguneak eta abelbideak daude toki horietan. Horiek horrela, 3. aukera hautatu da, inpaktu txikiagoak dituelako okupazioari, habitatak eta landaredi naturalak aldatzeari, faunaren habitatak aldatzeari eta faunari zuzenean eragiteari dagokienez, eta kalte txikiagoak eragiten dituelako naturagune babestuetan.

Ondoren, eskala txikiko azterketa bat egin da, haize-sorgailuen kokapena egokitzeko esklusio-eremuetara eta faunaren, landaretzaren (lehentasunezko intereseko habitatak eta basoak), biztanleguneen eta naturagune babestuen ingurumen balioek baldintzatutako eremuetara. Hala, 3.3 aukera hautatu da, eragin txikiagoa duelako faunan, landaredian, paisaian eta ondorio sinergikoetan.

Halaber, ebakuazio azpiegiturarako, aireko linea elektrikoak egiteko bi aukera aztertu dira, eta aireko eta lurpeko linea baterako beste aukera bat. Azkenean, aireko eta lurpeko linea aukeratu da.

Nolanahi ere, zenbait erakundek eta alegatzaile partikularrek adierazi dutenez, proiektuen kokapenari eta diseinuari buruzko aukeren azterketa ez da behar bezain zorrotza izan; izan ere, besteak beste, ez da ebaluatu eragin akustikoa azterketa akustiko espezifiko batekin, eta konektibitate ekologikoari buruzko eraginak estatu mailan ebaluatu dira. Bestalde, SEO/BirdLife elkarteak gogorarazi du aukerak hautatzeko orduan ingurumen irizpideak soilik lehenetsi behar direla. Hain zuzen, 21/2013 Legearen 35. artikuluari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren azterketan nahitaez jaso behar da hartutako irtenbidea hautatzeko arrazoi nagusien justifikazio bat, proiektuak ingurumenean dituen ondorioak kontuan hartuta, eta hori ez da betetzen aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Sustrai-Erakuntza fundazioak adierazi duenez, haize-sorgailu guztiak babestu beharreko lurzoru urbanizaezinean daude KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua) gune babestuen arteko lurralde konektibitateagatik duten ingurumen balioagatik, eta eremu horietan funtsezko elementu gisa katalogatutako espezieen hedapen eremuak direlako, bai eta espezie horiek eta beste batzuek habiak jartzeko eta larreratzeko eremuak direlako ere. Hala, horien inpaktua larria da espezie horiengan, eta gainditu ezineko oztopo bat gehienentzat. Ondorioz, proiektuak debekatu beharko lirateke okupatzen duten lurzoruaren kategoria aintzat hartuta, ez baitago talka ekiditeko prebentzio neurri eraginkorrik.

b) Proiektuen inpaktu nagusien analisia.

Jarraian, proiektuen inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertzen dira, bai sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten dituenak, bai informazio publikoko eta kontsultako prozeduretan azaleratu direnak ere.

–Atmosfera: Airearen kalitatea eta zarata.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, eraikuntza fasean hauts partikulen emisioak dira nabarmentzekoak, baita atmosferara isuritako gasak ere, obra zibila egitearen ondorioz. Hala ere, obrak akitzean emisioen ondorioak akituko dira, eta horietan parte hartuko duten makinen egoera ona izatea aurreikusten denez, sustatzaileak uste du atmosferaren kalitatean inpaktu neurritsua izanen dutela landare estalkia kentzeko ekintzek eta lur mugimenduek, eta makinek emititutako gasen inpaktua ere bateragarria izanen dela. Instalazioa eraisteko fasean ere inpaktua antzekoa izanen da, eta funtzionamendu fasean, berriz, uste du batez besteko inpaktua positiboa izanen dela, atmosferara CO2 isurtzea saihestuko dela uste baitu.

Zaratari dagokionez, eraikitzeko eta eraisteko fasean makina astunak erabiltzeak eta ustiapen fasean haize-sorgailuek sortutako zaratak inguruko zarata mailak handitzea ekarriko dute. Hala ere, zarataren eragina mugatua eta ezarritako mugen barrukoa izanen denez eta biziguneekiko eta jendea bizi den eremuekiko distantzia nahikoa egonen denez, fase horietan izandako inpaktua neurritsutzat jo du ingurumen-inpaktuaren azterketak.

–Geologia, geomorfologia eta edafologia:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, haize parkeen eta haien ebakuazio azpiegituraren eremuan dauden lursailetan erliebe leuneko eremu gutxi gorabehera lauak eta malda handiagoko toki malkartsuagoak tartekatzen dira. Alabaina, sustatzaileek adierazi dutenez, proiektuaren diseinuarena arabera, plataformak % 0-15 arteko maldak dituzten lurretan instalatzea lehenesten da, eta ebakuazio lineak, berriz, nagusiki malda txikiko lursailak zeharkatuko ditu, haren ibilbidearen zatirik handiena bideetatik baitoa.

Era berean, ingurumen-inpaktuaren azterketari jarraikiz, azterketa eremua maila guztietako higadurak dituen eremu batean egin da: higadura oso baxuak "Nao 6" eta "As de Guía 6" haize-sorgailuetan, eta muturreko higadura egoerak (urtean 200 t/ha baino gehiagoko galerak) "Carabela 6" eta "Vuelta de Escota 6" parkeetan; ebakuazio linearen bidean, aldiz, higadura egoera txikia edo oso txikia da.

Faktore horren gaineko eraginik handiena eraikuntzako fasean sortzen da eta, okupazioaz gain, inpakturik handiena lurzoruaren aldaketa morfologikoak eta higadura arriskuaren areagotzea izanen dira, lur-mugimenduen eta landare-estalkia ezabatzearen ondorioz. Era berean, lurzoruaren trinkotzea eta kalitate-aldaketa ere gertatzen ahal dira, makinariaren joan-etorrien eta balizko isurien ondorioz.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du kuantifikatzen zenbateko lur mugimendua beharko den, ezta obrek zenbateko azalerari eraginen dioten malda tarte bakoitzean ere, baina adierazten du faktore horrek eraikuntzan izanen dituen inpaktu handienak neurritsuak izanen direla. Ustiapen- eta eraiste-faseetan ere inpakturik handienak neurritsuak izanen direla jasotzen du.

Ingurumen organo honen arabera, ez denez lur mugimenduen bolumena kuantifikatu, eta aintzat hartuta lursailaren ezaugarriak eta obren eraginpeko azalera, espero da lur mugimendu handiak egotea, horietako batzuk malda handiko eta ingurumen balio handiko lurretan. Eremuotan higadura fenomenoak indartuko dira eta landareztatzea zailduko da, eta litekeena da horrek higadura dinamika handia sortzea, zeinak eragin handia izanen baitu paisaian, geomorfologian eta lurzoruetan, eta hori guztia leheneratzeak luze joko du. Besteak beste, ingurumen organoak uste du gutxietsi egin dela bide berriak egokitu eta sortzearen inpaktua, arrazoi hauengatik:

–Iristeko bide nagusietan (NA-7030 errepidea Goñerriko mendatetik barrena edo NA-7020 errepidea Ultzurruneko mendatetik barrena) dauden bihurguneetako batzuek ez dute behar bezala betetzen adierazitako biraketa erradioa, eta azterlanean ez dira zenbatetsi beharrezkoa den egokitzapenak eragindako kalteak.

–Proiektuetan proposatu da sarbide nagusi bat egitea Auzalorreko bidetik abiatuko den errepide berri baten bitartez. Proposatu den errepide hori lurzoru gutxiko eremu malkartsuetan egonen litzateke, kasu askotan % 15etik eta % 25etik gorako maldak dauden tokietan; hori dela eta, ez dago argi bideragarria izanen den materialak garraiatzeko eta, zalantzarik gabe, inpaktu handiak eraginen ditu ingurunean, ingurumen-inpaktuaren azterketan gutxietsi diren arren.

Aurkeztutako alegazioetako batzuen arabera, haize parkeak ezartzeak nabarmen handituko du higatutako azalera, eta lurzoruen kalitatea galduko da. SEO/BirdLife elkarteak gogorarazi du ebakuazio lerroak zuzenean zeharkatzen duela "Jaitzeko diapiroa eta Etxauriko faila" Interes Geologikoko Gunea eta, gainera, haize-sorgailuetako bat balio hidrogeologiko handiko Artetako diapirotik 800 metrora dagoela.

–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Landare-estalkiaren gaineko kalteak eraikuntzako fasean sortuko dira funtsean, lurzorua prestatzeko eta obra zibila gauzatzeko jarduketetan; gainera, okupatutako azaleren gaineko kaltea iraunkorra izanen da. Kalterik handiena hau izanen da: ukitutako azalera guztietan landare estalkiak alterazioa izanen du eta obra eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatu eginen da.

Dagoen kartografiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak honela sailkatzen du lurzorua, gaur egungo landarediaren eta lurzoruaren erabileren arabera: lehorreko soroak, hostozabalen basoa, otalurrak eta sastrakak, eta larrediak. Eta Batasunaren intereseko 4090 (txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri triskarekin) eta 4110 (Buxus eraketa egonkorrak) habitatak detektatu ditu. Hala ere, sustatzaileek landa-lana egin dute behar den eskala duen kartografia bat egiteko, zeinetan ez baita detektatu arriskuan dagoen espezierik ez estatuan ez autonomia-erkidegoan.

Egindako landa-lanaren ondoren, sustatzaileek zehaztu dute zer nolako eragina izanen luketen proiektuek intereseko habitatetan, hots, basoetan (92A0 sahastiak, 9150 pagadi kaltzikolak eta 9240 erkameztiak) eta pulbinulu sastrakadian (4090). Horiek ikusita, eragin hau kuantifikatu dute eta faktore horren gaineko inpaktu handiena neurritsua dela ebaluatu dute:

HABITATA

ALDI BATERAKOA

(m²)

IRAUNKORRA

(m²)

GUZTIZKOA

(m²)

92A0 sahastiak

43

0

43

9150 pagadi kaltzikolak

2.572

11.892

14.464

9240 erkameztiak

569

1.662

2.231

4090 pulbinulu sastrakadiak

244

0

244

Proiektuak gauzatzeak ongi kontserbatutako eta kalitate handiko landaredi-azalera bat ukitzea ekarriko luke, tartean, zuhaitz masa naturalak, heltze maila eta balio handikoak, hein handi batean pagadiak, hariztiak eta aurrekoen masa mistoak, zuhaitz heldu handikoak. Gainera, ingurumen-inpaktuaren azterketan deskribatu den moduan, Europar Batasunaren intereseko zenbait habitat ukituko lirateke eta, horiek, 92/46/EEE Zuzentarauaren arabera, "ongi kontserbatu behar dira, beren azalerak mantendu edo handituz". Balio handiko landaredi natural hori suntsitzen bada, lehengoratzeko ehunka urte behar izateaz gainera, zeharkako ondorioak izanen ditu beste elementu batzuetan, bereziki faunaren gainean, eta karbonoaren hustubide lana betetzen duten eta aldaketa klimatikoaren aurrean funtsezkoak diren baso azalera handiak galtzea ekarriko du.

Inguruko zenbait tokiko erakundek, zenbait elkartek eta alegatzaile partikular batzuek aurkeztutako alegazioak nabarmentzen du haize parkeen ezarpenak balio ekologiko handia eta Batasunaren intereseko habitatak dituzten zuhaitz masa helduen suntsipena ekarriko lukeela; are gehiago, tokiko zenbait erakunderen arabera, ez litzateke bateragarria izanen araudiarekin eta hirigintzako udal planeamenduekin. Era berean, zenbait alegatzailek nabarmendu dutenez, zuhaitzek eta landareek osatutako estalkia ezabatuz gero proiektuak gauzatzeko, atmosferako karbono dioxidoa xurgatzen duen karbono-hustubide natural bat desagertuko litzateke.

–Fauna eta naturagune babestuak:

Haize parkeak balio ekologiko handiko eremu batean daude. Eremu horretan askotariko habitatak tartekatzen dira: harkaitz eremuak, hegazti harkaiztarren espezie askoren ugaltze- eta kontzentrazio-guneak direnak; laboreak; zuhaitz handi askoko baso masa helduak; sastrakadiak; nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera duten larreak, etab. Aniztasun horrek nitxo ekologikoa sortzen du askotariko espezieentzat, eta tokia espezieok larreratzeko, elikatzeko eta ugaltzeko erabiltzea bultzatzen du.

Ingurumen-dokumentuan proiektuaren eraginpeko eremuko espezieen inbentario bibliografikoa bildu da, mota bakoitzeko ornodunen gainean argitaratutako atlasak eta lehorreko espezieen Espainiako inbentarioaren arabera egindakoa, eta UTM koordenatu-sistemaren proiekzio kartografikoa aintzat hartuta (10 kilometroko aldearekin). Bada, proiektua kokatuko litzatekeen gunean, 221 ornodun espezie aipatzen dira (horietatik 10 arrainak, 11 anfibioak, 17 narrastiak, 53 ugaztunak eta 130 hegaztiak).

Era berean, sustatzaileek abifaunaren eta kiropteroen urteko zikloaren azterketa bat egin zuten, zehazki, haize-sorgailuen eta ebakuazio-azpiegituraren inguruetan. Abifaunari buruzko azterlana 2023ko urritik 2025eko apirilera bitartean egin zen. Horretan, laginketak egin ziren oinezko zenbait ibilbide linealen, ibilgailuz egindako ibilbide batzuen, behaketa puntuen eta hegazti batzuentzako errolda espezifikoen bidez. Halaber, abifaunaren babeslekuak, hazkuntza guneak, etzalekuak eta intereseko beste eremu batzuk bilatu ziren, haize-sorgailuen inguruko gutxienez 5 km-ko eremuan eta ebakuazio azpiegituraren inguruko kilometro bateko eremuan. Kiropteroentzat, laginketa akustiko bat egin zen lurzoru mailan jarritako bi puntu finkotatik, eta beste laginketa mugikor bat ibilgailua erabiliz. Era berean, babeslekuak bilatu eta inbentariatu ziren. Horrez gain, laginketak egin ziren anfibioak, narrastiak eta ugaztunak deskribatzeko.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, eraikuntza fasean faunari eragindako inpaktu nagusiak dira habitatak narriatu eta galtzea eta gizakiek eragindako aldaketa eta mugimenduak, baina bien inpaktuak neurritsutzat jotzen ditu.

Funtzionamenduko fasean, berriz, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, faunan gerta daitekeen inpakturik handienak talkagatik hiltzea eta barotrauma direla identifikatu du, eta bereziki fauna hegalariari eragiten dietela: hegaztiei eta saguzarrei.

Inpaktu hori deskribatzeko, sustatzaileek abifaunaren eta kiropteroen urteko ziklo osoaren azterketan lortutako datuak aztertzen dituzte. Horren arabera, hegaztien artean 3 estepa espezie eta eguneko 20 harrapari espezie ikusi ziren. Horien artean, desagertzeko arriskuan dauden hegazti gisa katalogatuta daudelako, miru beltza eta ugatza nabarmentzen dira; beraz, azterlanaren arabera, aztertutako eremua askotariko harrapariak larreratzeko, sakabanatzeko eta migratzeko eremu garrantzitsua da, eta espezie horiek guztiak dira interesekoak edo katalogatuak. Gainera, lanean aztertu da zenbat kontaktu egon diren abifaunarekin haize-sorgailuen instalazioaren inguruko 1.000 metroko erradioan, eta ondorioztatu da guztira 1.132 banako izan direla, abifaunako 25 espezietakoak. Era berean, hegaldien altuerari dagokionez, haize-sorgailuen inguruan gertatutako kontaktu guztien % 41,87 talka arrisku handiko altueretan gertatu da, eta % 37,01, berriz, arrisku ertaineko altueretan.

Nabarmendu behar da aztertutako eremua miru gorriaren (Milvus milvus) kontserbaziorako ere interesekoa dela. Miru gorria desagertzeko arriskuan dagoen espezie gisa dago katalogatuta Estatuan, eta begiztatze kopurua handia izan da egindako landa-lanean (1.003 banako), horietako % 40 talka arriskuko altueran. Begiztatzeok ia azterketa eremu osoan zehar banatuta daude, baina egindako Kernel analisiaren arabera, halakoak agertzeko probabilitate handieneko eremua "As de Guía 6" haize-sorgailutik 345 metrora dago, eta modu zentrokidean hedatzen da "Nao 6" eta "Ballinger 6" haize-sorgailuen gainetik. Halaber, bada halakoak agertzeko probabilitate ertaina duen beste eremu bat, "Carraca 6" haize-sorgailutik kilometro ingurura. Aztertutako eremu guztia negu-pasarako eremu garrantzitsua da espezie horrentzat; Europako negutar ugari hartzen ditu eta, gainera, urte osoan zehar eremuan bizi diren banako ugaltzaile askoren bizitokia da. Halaber, beste lurralde batzuetako banakoen larratze eremuaren parte da, proiektuak ezartzeko eremua bisitatzen dutenak elikagai bila. Aintzat hartuta espeziearen mehatxu maila, begiztatzeen kopuru handia, talka-arriskuko altueran ikusitakoen ehunekoa, espezieak habiak egiteko, lo egiteko eta larratzeko eremuen artean duen mugikortasun handia, eta miru gorriak elikagai bila hegan ematen duen denbora luzea, bereziki espezie zaurgarria da parkeen instalazioarekiko.

Bestalde, espazioaren erabileraren azterketan maizen hauteman den harraparia sai arrea da, 5.046 banako detektatu baitira. Izan ere, aztertutako eremuaren barruan, habiak jartzeko 4 eremu zabal eta 3 etzaleku ditu. Gainera, begiztatzeen % 50 baino gehiago talka arriskua dagoen altueran gertatzen da. Bada, aintzat hartuta arrisku hori, laginketa egiteak eskatutako ahalegina, sai arreen kasuan parke eolikoetan detektatutako heriotza tasa handia, bizitza luzeko espeziea dela –sexu-heltze aldi luzeak eta ugalketa tasa txikiak ditu–, eta mugikortasun handiko espezia dela, uste da kaltea larria izaten ahal dela populazioan oro har. Izatez, 2024ko udaberrian Nafarroan egindako sai arrearen erroldako datuek diote espeziearen populazioa % 30 baino gehiago jaitsi dela 2019ko datuekin alderatuta. Beraz, populazio joera kezkagarria du espezieak uneotan.

Era berean, landa eremuan begiztatze bakar bat egin den arren, haize-sorgailu batetik 1,6 km-ra, aipamen berezia merezi du ugatzak; izan ere, desagertzeko zorian dagoen espezie gisa dago katalogatuta estatuan eta autonomia-erkidegoan, eta espeziearen populazio dinamika oso sentikorra da helduen galerarekiko. Aztertutako eremua espezieak Nafarroan duen banaketa naturaleko eremua zatitzen duten lau eremuetako baten barruan dago, horretarako onartutako leheneratze planari begiratzen badiogu. Horren arabera, espeziea eremu potentzialetan hedatzea bultzatuko da, baina hori lortzea zaila izanen da txosten honen xede diren haize-sorgailuak ezartzen badira. Gainera, espeziaren banaketa-mugetan kokatutako eremuak okupatzearen ondorioz, espeziea Pirinioetan zuen berezko eremu nagusitik kanpo zabaldu da eta, hain justu, ugatza geografikoki eremu horretatik kanpora hedatzea da espeziearen kontserbaziorako arazo nagusietako bat. Horregatik, haize-parkeek eragindako kaltea oso larria izaten ahal da, eta espeziaren atzerapena ere eragiten ahal du. Gainera, Plan horretan ezarritako beste jardueretako bat da banako helduen eta helduarora heltzear direnen heriotza ez-naturaleko kausak ezabatzea; beraz, parkeok instalatzea plan horretan ezarritakoaren aurkakoa izaten ahal da.

Era berean, nabarmendu behar da hurbileko Etxauriko Haitza HBBEa Nafarroan desagertzeko arriskuan dagoen Bonelli arranoa berreskuratzeko Planaren aplikazio eremuan dagoela. Hori dela eta, nahiz eta ez den espezie hori detektatu abifaunaren urteko ziklo osoko azterketan, proiektua gauzatzeak espezie horrengan kalte handia eragiteko arriskua dakar. Nafarroan, historikoki, Bonelli arranoaren lurraldea izan da Etxauriko Haitza; hain zuzen, espezie horretako bikote bat bizi zen han 2006ra arte. Horrez gain, espezie horrentzako potentzialtasun handia duen habitata da eta Nafarroan dauden banako erratikoen begiztatze asko egiten dira eremu horretan.

Era berean, begiztatze kopuruagatik, talka egiteko arriskua dagoen altueretako begiztatzeen ehunekoagatik, haize-sorgailuak etzalekuetatik edo habiak egiteko eta/edo banakoak pilatzeko eremuetatik hurbil daudelako, eta/edo interesa- edo katalogazio-mailagatik, eragina izaten ahal du beste espezie hauengan: sai zuria, arrano sugezalea, arrano txikia, arrano beltza, gabiraia, mirotz urdina eta zuria, Naumann belatza, zapelatz arrunta, miru beltza, etab.

Parkeetatik hurbil, animalien gorpuak uzteko zenbait eremu egoki daude, 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin elikatzea eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautzen da, eta Europar Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri eta funtzionamendurako arauak zehazten dira. Halaber, abeltzaintzako ustiategi estentsibo batzuk daude, non hildako abelburuak detektatzeko modurik azkarrena gorpuak kontsumitzera joaten diren saiak baitira. Batzuek zein besteek abifauna nekrofagoa erakartzen dute eta horrek, jakina, areagotu egiten du hegaztion gainean eragiten ahal den kaltea.

Laginketan, bestalde, kiropteroen hemeretzi espezie detektatu ziren, eta horietatik hiruk babes kategoria handia dute Nafarroako fauna espezie mehatxatuen katalogoan (Schreibers-saguzarra, saguzar arratoi-belarri handia/ertaina eta ferra-saguzar handia). Halaber, kiropteroen jarduera zuten bi babesleku topatu ziren, "Carraca 6" eta "Nao 6" haize-sorgailuetatik 1,2 km-ra eta 365 m-ra, hurrenez hurren. Gainera, erregistratutako espezieetako birentzat (Schreibers-saguzarra eta gau-saguzar arrunta) talka arriskua handia da.

Aurreko guztia aintzat hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, proiektuek inpaktu larria izaten ahal dute hegaztien eta kiropteroen hilkortasunean, talkagatik. Nolanahi ere, zenbait neurri prebentibo eta zuzentzaile proposatzen dituzte, besteak beste, proiektuko haize-sorgailuetan banakoak detektatu eta automatikoki eteteko gailuak inplementatzea, eta uztailetik urrira haize-sorgailuak abiarazteko haizearen gutxieneko abiadura 6 m/s-ra igotzea. Hori egin ondoren, sustatzaileen arabera, funtzionamendu fasean hegazti eta kiropteroengan eragindako hondar inpaktua neurritsua izanen da.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak aipatutako hegazti eta kiropteroetako asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude eta, beraz, "habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa-eremuan". Ingurumen organo honen arabera, aurkeztutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak ez daude behar beste egiaztatuta gaur egun, eta ezin da baieztatu eraginkorrak direnik aztertutako espezieen kasuan planteatutako arazoak konpontzeko (talka-arriskua, hesi-efektua, populazioen isolamendua eta abar). Hori dela eta, haize-sorgailuak jartzeak okerragotu egiten ahal ditu espezie horiek bizirik irauteko eta ugaltzeko baldintzak parkeak jarri nahi diren eremuan.

Alegatzaileetako askok aurkeztutako idazkietan adierazi dutenez, katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten abifaunako espezien eta kiroptero espezieen presentzia agerikoa da eremuan, asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean sartutakoak gainera, eta funtsezko eginkizun ekologikoak dituzte ekosistemen osasunarentzat; beraz, horiek desagertzeak aurretik jakin ezineko ondorioak sor ditzaketen desoreka ekologikoak eraginen lituzke. Ez hori bakarrik, espezie migratzaileen igarolekua ere bada eremua. Horregatik, proiektuak egiteak biodibertsitate galera garrantzitsua eraginen lukeela salatu dute, eta faunaren gaineko inpaktua sekulakoa litzatekeela. Era berean, nabarmendu dute espezie horietako batzuk haize-sorgailuak jarri nahi diren eremutik gertu dauden kontserbazio bereziko eremuetako funtsezko elementuak direla eta, beraz, proiektua habitaten gaineko 92/43/EE Zuzentarauren eta hegaztien gaineko 2009/147/EE Zuzentarauaren kontra joanen litzatekeela. Salatzen dutenez, arriskua dago talka, hesi efektua eta konektagarritasunaren galera eragiteko, agian arrisku handia, eta horrek proiektuen ingurumen bideragarritasuna baldintzatuko luke. SEO/BirdLife elkarteak ere hori guztia adierazi du. Gainera, elkartearen ustez, zuhurtziaren printzipioa aplikatuz, ez denez inola ere bermatu proiektuen kokapenetik hurbil dauden Natura 2000 Sareko espazioei ez zaiela kalterik eraginen, ezin da proiektuak egiteko baimenik eman, aipatutako 92/43/EE Zuzentarauan eta Natura Ondareari buruzko 42/2007 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Beraz, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak ez luke aldekoa izan beharko.

Gainera, ingurumen-organo honek irizten duenez, proiektatutako jarduerek fauna hegalariaren gainean izanen lituzkeen ondorio garrantzitsuek –talkek/barotraumek eragindako hilkortasun ez-naturalak areagotzeko arriskuaren, hesi-efektuaren eta huts-efektuaren ondoriozkoak–, izaera metagarri nabarmena izanen lukete, denboraldi luze batez eta eremu zabal batean eraginen bailiekete kontserbazio-egoera okerra duten (eta katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten) espeziei, bai eta bizi luzeko espeziei ere, non parametro demografiko sentikorrena banako helduen eta helduarora heltzear direnen biziraupena baita.

Eremu babestuei eta Natura 2000 Sareko eremuei dagokienez, proiektuek ez dute Nafarroako eremu babestuen sarean edo Natura 2000 Sarean sartutako eremurik ukitzen, baina aipatzekoa da Etxauriko Haitza HBBEa (ES0000150) dagoela hortik hurbil, ebakuazio lineatik 380 metrora eta "Margarita 6" haize-sorgailutik 2,2 kilometrora. Era berean, haize-sorgailuetatik 5,4 km-ra Urbasa eta Andia Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2200021) dago, eta azterketaren xede den eremuan Etxauriko Haitza paisaia berezia eta izen bera duen fauna basatia babesteko eremua daude, bai eta Hegaztien Kontserbaziorako Gune Garrantzitsu (IBA) hauek ere: 423 zenbakikoa, Lokiz mendilerroa, Urbasa eta Andia, eta 83 zenbakikoa, Etxauriko Haitza, ebakuazio azpiegiturak zeharkatzen duena.

Haize-sorgailuetako hiru 423. zenbakiko IBAn egonen lirateke (Lokiz mendilerroa, Urbasa eta Andia), eta gainerakoak eremu horren eta Etxauriko Haitza IBAren arteko konexio eremuan; hala, litekeena da bi eremuen konektagarritasunari eragitea, alegatzaile partikular batzuek adierazi duten moduan. Era berean, inguruetan eta IBA horien arteko konexio eremuan badira hegazti nekrofagoak elikatzeko hilotzak uzteko baimendutako zenbait puntu eta, ondorioz, eremuaren garrantzia eta hegazti horien gainean eragiten ahal den kaltea handitzen dira. Gainera, Urbasa Andia Bizirik Elkarte Plataformak eta beste erakunde batzuek adierazi dutenez, haize-sorgailuak jarri nahi dira Lurralde Antolamenduko Planak "lurralde konektagarritasuna ahalbidetzeko duten ingurumen-baliogatik babestu beharreko lurzoru urbanizaezin" gisa sailkatutako lurzoruetan; are gehiago, tartean jada babestuta dauden espazioetako nukleoak ekologikoki eta funtzionalki konektatzeko eta lotzeko aukera ematen duten eremuak ere badaude. Indarrean dagoen araudiaren arabera, lurzoru horietan eragina izaten ahal duten azpiegitura edo jarduketetan, ahalegin berezia egin beharko da azpiegitura edo jarduketa horiek fauna eta florarentzako oztopo gaindiezin ez bihurtzeko, eta behar diren neurriak hartu beharko dira espazioen arteko konektagarritasuna gal ez dadin. Gaur egun, neurri horiek ez daude bermatuta.

Etxauriko Haitza HBBEaren (ES0000150) funtsezko elementuen artean daude saia, Bonelli arranoa eta sai zuria. Urbasa eta Andia KBEaren (ES2200021) funtsezko elementuen artean daude ugatza, miru gorria eta kiropteroak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketari jarraikiz, nahiz eta proiektuak Natura 2000 Sareko eremuetatik kanpo egon, inpaktuak eragiten ahal dira sareko funtsezko elementu batzuetan. Azterketaren arabera, funtsezko elementu horietan eragiten ahal diren inpakturik handienak dira espezie batzuen ugalketan eragoztea (miru gorria eta kiropteroak) eta hegazti eta kiropteroek haize-sorgailuekin talka egitea, baina proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartuz gero, sustatzaileek uste dute ez zaiela kalte nabarmenik eraginen Natura 2000 Sareko gune horien berezko balioei.

Nolanahi ere, proiektuak kontserbazio bereziko eremutzat jotako lurzoruetan kokatzen ez badira ere, espedientearen analisi teknikoa egin ondoren eta aurretiaz faunari dagokionez adierazitakoa kontuan hartuta, ingurumen organo honek uste du proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak ez direla konponbide eraginkor bat, eta ez dutela bermatzen inpaktua maila bateragarrietaraino murriztea; beraz, uste du proiektuak inpaktu garrantzitsuak izaten ahal dituela aipatu ditugun Natura 2000 Sareko eremuen izendapena ekarri duten zenbait espezieren kontserbazio egoeran; are gehiago, eragina izanen luke onartutako kudeaketa planetan zehaztutako funtsezko elementuetan eta kontserbazio helburuetan.

–Ondorio sinergikoak:

Sinergiak ebaluatzeko, ingurumen-inpaktuaren azterketak haize-sorgailuak ezartzeko eremuaren inguruan 25 km-ko erradioan dauden azpiegitura guztiak identifikatu ditu.

Azterketak ondorioztatu duenez, proiektuaren fase batzuetan eta besteetan sortutako ondorio sinergikorik garrantzitsuenak hauek dira: faunaren habitatak galtzea, azpiegituren presentziak faunari eta paisaiari eragindako inpaktuak, lurzoruari eta gainazaleko eta lurpeko hidrologiari eragiten ahal zaion kaltea, eta trantsizio energetikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka etetea. Jarduera eraisteagatik trantsizio energetikoa etetea kenduta, azterketaren arabera, inpaktu sinergikoak neurritsuak eta proiektua gauzatzearekin bateragarriak dira.

Hala ere, alegatzaile partikular batzuek adierazi dute ingurumen-inpaktuaren azterketak ez dituela behar bezala ebaluatzen hurbileko beste proiektu batzuekiko ondorio sinergikoak, ez eta lurraldean, biodibertsitatean, Batasunaren intereseko habitatetan eta kultura- eta natura-ondarean duen eragin metatua ere.

–Paisaia:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, eraikuntza fasean proiektuak gauzatzeko egin beharreko ekintzek (landare estalkia ezabatzea, lurrak mugitzea, makinen presentzia, etab.) paisaiaren osagaiak aldatuko dituzte, eta osagaiok zehazten dute haren kalitatea eta hauskortasuna; alabaina, azterketaren arabera, sortutako inpaktuak neurritsuak eta bateragarriak dira.

Azterketari jarraikiz, funtzionamendu fasean, azterketaren xede diren haize-sorgailuen presentziak eta haize parkeetako azpiegiturek eragindako ikusmen intrusioak izanen du eragina paisaiaren kalitatean. Parkeok Goñerriko, Saldise, Sarbil eta Etxauri mendilerroetako eta Andia mendilerroko paisaia unitateetan daude, eta paisaia kalitate ertaina, handia eta handia dute, hurrenez hurren, eta hauskortasun ertaina, handia eta handia. Era berean, haize-sorgailuen presentzia aztergai den eremuaren % 19,4tik hauteman ahalko da, eta inguruko herri batzuetatik (esaterako, Aizpun, Azantza eta Muniain) ikusten ahalko dira haize-sorgailuak berak. Horregatik guztiagatik, ustiapen fasean paisaiaren gainean eragindako ondorioak handiak eta hedadura partzialekoak dira eta, fase horretan, paisaiaren gaineko inpaktua neurritsua dela adierazi da.

Tokiko erakunde, elkarte eta alegatzaile partikular batzuek adierazi dute proiektua ezartzearekin kalteak eragiten zaizkiela paisaia balioei, eta uste dute hori bateraezina dela paisaia kontserbatzearekin eta eraginpeko haranen eta haien ingurunearen lurralde nortasunarekin. Batzuek agerian jarri dute ingurumenarekin, paisaiarekin eta kultura-ondarearekin lotutako balioak galduko direla, eta uste dute proiektuak gauzatzeak aldaketa zorrotz eta larria eraginen duela dagoen paisaiaren pertzepzioan; ondorioz, haien ustez, parkeen inguruko landa-eremuko herriak jendegabetu eginen dira. Gainera, alegatzaile batzuek adierazi dute proiektuak ez datozela bat Nafarroan paisaia babesteko dagoen estrategiarekin, zeinak paisaia garapen eolikoen aurrean babestu baitu, iparraldeko eremu zabal batean.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txosten bat egiteko eskatu zion Lurraldearen eta Paisaiaren Atalari 2025eko ekainaren 23an, baina ebazpen hau egiteko datan ez da erantzunik jaso. Egia da paisaiak funtsezko elementua izan beharko lukeela espediente honen azterketa teknikoan, baina, inguruneko gainerako faktoreei buruzko behar adinako informazioa dagoenez, ingurumen ebaluazioarekin jarraitzen ahal da, aintzat hartuta, gainera, 23/2020 Errege Lege Dekretuaren mugarrien epeek eragiten diotela proiektuari.

–Konpentsazio neurriak.

Proposatutako konpentsazio neurriei dagokienez, ingurumen organo honek uste du konpentsazio neurriak salbuespenezko neurriak direla, zeinak saiheste eta arintze fasearen ondotik aplikatzen baitira ingurumen aldetik bideragarriak diren inpaktuei aurre egiteko, baldintza jakin batzuekin izan arren, baina ez da hori gertatzen aztertuko kasuan.

Era berean, 2020an, haize parke eoliko horiek izapidetu aurretik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak kontsulta egin zion ingurumen organo honi, 21/2013 Legearen 34. artikuluan oinarrituta, "Kresada" haize parkearen irismenari buruzko txostena egiteko. Txosten horretan, ingurumen organo honek bideraezintzat jo zituen orain proposatutakoen mugakide diren zenbait kokapen. Parke horrek kokapen gehiago proposatzen zituen, baita bestelako osaera bat ere, baina eremu berean, eta orain proposatu direnen antzeko kokapenekin.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluaziorako Atalak, aintzat hartuta ingurunearen ingurumen arloko sentsibilitatea handia dela, arriskuan dagoen fauna hegalaria dagoela eta espezieetako batzuk "desagertzeko arriskuan" eta babes bereziko araubidean daudela, eta espezie horietako batzuen ondorioz sartu zirela Natura 2000 Sarean proiektuaren esparruan dauden eremu batzuk, fauna hegalariak talka egiteko arrisku handia dagoela, hesi efektua eginen dela, kaltea eragiten ahal zaiela inguruneko hainbat KBEren kontserbazioaren oinarri diren funtsezko elementu batzuei, eta nahitaezkoa dela Natura 2000 Sareko guneen koherentzia ekologikoa eta konektagarritasuna mantentzea, ondorioztatu du "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6", eta "Vuelta de Escota 6" haize parkeen proiektuak ingurumenaren aldetik bideraezinak direla, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu arren; beraz, Ingurumen Inpaktuaren kontrako Adierazpena egitea proposatu du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuaren arloko kontrako adierazpena ematea haize parkeen proiektu hauei dagokienez: "As de Guía 6", "Ballestrinque 6", "Ballinger 6", "Carabela 6", "Carraca 6", "Margarita 6", "Nao 6" eta "Vuelta de Escota 6", Goñerriko eta Etxauriko udal-mugarteetan kokatutakoak; barne hartuta haien transformazioko, ebakuazioko eta SET-Orkoien sarera konektatzeko azpiegiturak, zeina i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren jabetzakoa baita, eta Oltza Zendea eta Orkoien udal-mugarteak ukitzen baititu, aurrekoez gain. Proiektuen sustatzaileak, hurrenez hurren, hauek dira: Enigma Green Power 2 SL, Enigma Green Power 4 SL, Enigma Green Power 6 SL, Enigma Green Power 8 SL, Enigma Green Power 10 SL, Savanna Power Solar 14 SL, Savanna Power Solar 15 SL eta Savanna Power Solar 16 SL. Kontrako adierazpena ematen da ebazpen honen azalpen zatian aztertutakoari jarraikiz ingurumenean dituzten inpaktu larriengatik.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, jardueraren organo nagusia den aldetik, eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARTZEKO ETA UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA INTERESDUNEI KONTSULTAK EGITEKO IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta maiatzaren 8ko 56/2019 Errege Dekretuaren eta 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Goñerriko Udala

X

Etxauriko Udala

Oltza Zendea

X

Orkoiengo Udala

X

Ingurumen Ebaluaziorako Atala

X*

Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala - Lurralde Antolamendua

X

Ustiapen Atala - Lurralde Kohesioa

Ondare Arkitektonikoaren Atala

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

Herri lurren Atala

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU

X

ENAGAS

X

TELEFONICA

X

Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia

X

Ekologistak Martxan

SEO/BirdLife

* Epez kanpo

Goñerriko Udalak eta Urbasa Andia Bizirik Plataformak eskatu zuten txostenak eta/edo alegazioak aurkezteko eman zitzaien epea luzatzeko; hala, epe orokorra 2025eko abuztuaren 21era arte luzatzea onartu zen (egun hori barne), eta Goñerriko Udalaren epea, berriz, 2025eko abuztuaren 28ra arte luzatzea.

Halaber, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri ditu, 30 egun baliodunez, Oltza Zendeako, Etxauriko, Goñerriko eta Orkoiengo "PE As de Guía 6" (1256-CE), "PE Ballestrinque 6" (1257-CE), "PE Ballinger 6" (1258-CE), "PE Carabela 6" (1259-CE), "PE Carraca 6" (1260-CE), "PE Margarita 6" (1281-CE), "PE Nao 6" (1282-CE), eta "PE Vuelta de Escota 6" (1283-CE) haize parkeen eta horien eraldatze- eta ebakuazio-azpiegituren aurreproiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2025eko ekainaren 17ko 120. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta alegazio hauek jaso ditu:

1. alegazioa.–Juan Carlos Alzuguren.

2. alegazioa.–Irantzu Lizarraga López.

3. alegazioa.–Francisco Javier Iriarte Ollo.

4. alegazioa.–EHNE.

5. alegazioa.–Iruñerriko Mankomunitatea.

6. alegazioa.–Xavier Zubialde Legarreta.

7. alegazioa.–Beasoain-Egillorko Kontzejua.

8. alegazioa.–Fundación Conservación Quebrantahuesos.

9. alegazioa.–Jaizko Udala.

10. alegazioa.–Ollarango Udala.

11. alegazioa.–Bidaurretako Udala.

12. alegazioa.–MUVAO Elkartea - Ollarango Emakumeak.

13. alegazioa.–Ergoiena udalerriko Unanuko Kontzejua.

14. alegazioa.–Ergoienako udalerriko Lizarragako Kontzejua.

15. alegazioa.–Ergoienako Udala.

16. alegazioa.–Irati Pérez Seminario.

17. alegazioa.–Peio Setoain Marcangeli.

18. alegazioa.–Banesa García Fernández.

19. alegazioa.–Alejandro Pulido Azpiroz.

20. alegazioa.–Luisa María Ruiz Urzanqui.

21. alegazioa.–María Elena Cueli Erice.

22. alegazioa.–Jan Ernst Kraft.

23. alegazioa.–Sociedad Garaño Elkartea.

24. alegazioa.–Gesalazko Udala.

25.1. eta A25.2. alegazioak.–Retevisión.

26. alegazioa.–Eulateko Udala.

27. alegazioa.–Andoni Arrondo Arbilla.

28. alegazioa.–Izuko Kontzejua.

29. alegazioa.–Eraulgo Kontzejua.

30. alegazioa.–Zunbeltz elkartea.

31. alegazioa.–Izkueko Kontzejua.

32. alegazioa.–Aratzuriko Kontzejua.

33. alegazioa.–Baiza Parapente Taldea.

34. alegazioa.–Begoña Armendariz Murillo.

35. alegazioa.–Iberoko Kontzejua.

36. alegazioa.–Seo Birdlife.

37. alegazioa.–Irantzuko lurrak.

38. alegazioa.–Electra Valdizarbe Distribución.

39. alegazioa.–Urederra ebike.

40. alegazioa.–Ziraukiko Udala.

41. alegazioa.–Rebeca Recalde de Carlos.

42. alegazioa.–Urbasa Andia Bizirik.

43. alegazioa.–Ororbiako Kontzejua.

44. alegazioa.–Raquel Muñoz Laso.

45. alegazioa.–Miguel Minondo Verdu.

46. alegazioa.–Andia Mankomunitatea.

47. alegazioa.–Saratsateko Kontzejua.

48. alegazioa.–Etxauriko Udala.

49. alegazioa.–Otxobiko Kontzejua.

50. alegazioa.–Roberto Armendariz Irurzun.

51. alegazioa.–Antzingo Udala.

52. alegazioa.–Ameskoabarreneko Udala.

53. alegazioa.–San Martin Ameskoako Kontzejua.

54. alegazioa.–Deierriko Udala.

55. alegazioa.–Joseba Muñoz Mendinueta.

56. alegazioa.–Larriongo Kontzejua.

57. alegazioa.–Amillaoko Kontzejua.

58. alegazioa.–Artabiako Kontzejua.

59. alegazioa.–Eulzko Kontzejua.

60. alegazioa.–Luis Gorriz Huarte.

61. alegazioa.–Sustrai Erakuntza fundazioa.

62. alegazioa.–Ramón Contreras López.

63. alegazioa.–Etxauribar Lanean Elkartea.

64. alegazioa.–Zudairiko Kontzejua.

65. alegazioa.–Goñerriko Udala.

66. alegazioa.–Zangozako Ekologistak Martxan.

67. alegazioa.–Erriberako Ekologistak Martxan.

68. alegazioa.–Urbasa Andia Bizirik - herritarrak (6.161 banakako alegazio).

69. alegazioa.–Artazuko Udala.

Iragarkiaren kodea: F2516620