19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urtarrilaren 14an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat 2025eko abenduaren 31n indarrean ziren ordainsariak ehuneko 1,5 igotzen dituena, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei ezarriko zaiela Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2026rako ezartzen den gehieneko igoera globala, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea, ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskuarekin edo nekagarritasunarekin.

2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile lan-kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 22ko 16/2025 Foru Lege horren beraren 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legearen 9. artikuluaren 11. apartatuan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2026ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

2025eko azaroaren 27an, Espainiako Gobernuak eta UGT eta CSIF sindikatuek enplegu publikoa eta herritarrentzako zerbitzua hobetzeko esparru-akordioa sinatu zuten, administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako ordainsariak igotzeko urte anitzeko esparrua ezartzen duena. Akordio horretan 2025-2028 aldirako soldata-igoera bat aurreikusten da, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ondoz ondoko legeek jaso beharko dutena.

2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorren luzapen-egoera mantentzen dela ikusita, abenduaren 2ko 14/2025 Errege Lege-dekretuaren bidez, sektore publikoaren eremuko ordainsariei buruzko presako neurri batzuk onetsi dira. Zehazki, 2. artikuluaren 1. apartatuak honako hau ezartzen du: "2026. urtean, sektore publikoko langileen ordainsariek gehienez ere ehuneko 1,5eko igoera globala izaten ahal dute 2025eko abenduaren 31n indarrean zeudenekin alderatuta, eta azken horien barruan sartzen da errege lege-dekretu honen bidez onetsitako ordainsari-igoera. Ordainsari-igoera hori homogeneotasunaren arabera hartuko da kontuan konparazioaren bi aldietarako, bai langileei dagokienez, bai langileen antzinatasunari dagokionez, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak".

Enplegatu publikoei dagokien ordainsari-igoerari ekiteko behar den estatu-gaikuntza onetsi ondoren, eta bat etorriz 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 16/2025 Foru Legean xedatutakoarekin, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsariak ehuneko 1,5 igotzea, 2025ko abenduaren 31ko ordainsariak oinarri harturik, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei ordainsari-igoera hori ordaintzeak 27.597.790 euroko kostua duela estimatu da.

Ordainsari-igoera horri aurre egiteko, aurrekontu-kontsignazio nahikoa dago 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "F30001 F3100 1800 921402 Ordainsari-igoera" izeneko partidan.

Ordainsari-igoera hori 2026ko urtarrileko nominan ordainduko da.

Horiek horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak.

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat 2025eko abenduaren 31n indarrean ziren ordainsariak ehuneko 1,5 igotzea, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2600495