1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2025eko abenduaren 23an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoa (2025-2029).
Oraingo Nafarroako Gobernuak "2023-2027 aldirako Nafarroako Gobernu aurrerakoi eta plural baterako programa-akordioan" bildu ditu bere ildo politiko nagusiak. Erabaki horrek honako jarduketa-proposamen hau jasotzen du berariaz 14. kapituluko laugarren puntuan, memoriari, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzkoan: "ahalik eta adostasun eta partaidetza handienarekin prestatzea Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoa, Nafarroako Gobernuak garatutako bizikidetza-politika publikoei jarraipena emanen diena."
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren 10. artikuluan zehazten denez, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren eginkizun lehenetako bat da, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez, "Nafarroako Gobernuaren bizikidetzarako plan estrategikoak egitea, zuzentzea eta ebaluatzea."
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariaren abenduaren 10eko 145/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez agindu baitzen Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak ekin ziezaiola Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoa egiteko prozesuari. Nafarroako Gobernu Irekiaren Atariaren bidez argitaratutako prozesua bost fasetan egituratu zen: dokumentuak diseinatzeko eta dokumentuak aztertzeko fasea, prestatzeko fasea, jendaurrean jartzeko fasea, azken idazketa eta onespena.
Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoak 2025-2029 aldirako iraupena du, eta lehentasunezko hiru ardatzen inguruan egituratzen da. Ardatz horietako bakoitzak helburu orokor bat, berariazko helburu batzuk eta zenbait ekintza zehazten ditu. Ardatzak honako hauek dira:
1. Memoria, biktimak eta bizikidetza politikoa.
2. Aniztasunean elkarrekin bizitzea.
3. Bizikidetza eta giza eskubideak.
Horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak proposatuta,
ERABAKITZEN DU:
1. "Nafarroako Bizikidetzaren II. Plan Estrategikoa" onestea. Erabaki honen eranskinean ageri da.
2. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.
3. Erabaki hau eta dagokion eranskina Nafarroako Parlamentura igortzea, jakinaren gainean egon dadin.
4. Erabaki hau eta dagokion eranskina Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusira igortzea.
Iruñean, 2026ko abenduaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Nafarroako Bizikidetzaren Plan Estrategikoa (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2517009