19. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6232E/2025 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bitartez langile autonomo batek besteren konturako langile bat lehen aldiz kontratatzeko Hazkunde Autonomorako dirulaguntzen 2026rako deialdia onartzen baita. DDBN kodea: 859985.

Ekintzailetza eta lan autonomoa Nafarroako ekonomia dinamizatzeko, enplegu egonkorra sortzeko eta produkzio-sarea sendotzeko palankak dira. Aberastasuna sortzeko funtsezko jarduerak dira. Gainera, autoenpleguak lan-merkatuan eta gizartean aktiboki parte hartzeko aukera ematen du.

Autoenplegu-proiektuen garapena babestea Nafarroako Gobernuaren helburu bat da, jarduera horiek hazkunde ekonomikoari, enpresa-aniztasunari eta lurralde-egituraketari laguntzen baitiote.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legeak politika publikoak eta enplegu-sistema nazionalaren baliabideak koordinatzeko baldintzak ezartzen ditu, autoenplegua sortzea eta mantentzea sustatzeko. Halaber, Nafarroako Gobernuak hainbat laguntza-tresna ditu, hala nola 2025-2028 Enplegu Plana eta 12/2003 Foru Legea, ekintzailetza eta lan autonomoa babestekoa, Lan Autonomoko eta Ekintzailetzako planekin osatuta.

Gizarte Segurantzaren afiliazio-estatistikaren arabera, 2025eko ekainean norberaren konturako 46.554 langile zeuden Nafarroan; horietatik 25.294 pertsona fisikoak ziren, eta gainerakoak, bazkideak, senide laguntzaileak, sozietateetako zuzendaritza-organoetako kideak, etab. Pertsona fisikoetatik, 8.873 emakumeak ziren (guztizkoaren % 35) eta % 32k 56 urte baino gehiago dituzte. Kopuruak beheranzko joera du.

Guztizkoaren % 83k, zehazki 20.952 langile autonomok, bere ardurapeko langilerik gabe egiten du lan. Hau da, ez dute soldatapekorik kontratatuta. Gizarte Segurantzako Lan Autonomoaren araubide berezian (LAAB) alta eman eta bi urte eta erdira, autonomoen % 10ek soilik dituzte soldatapekoak kontratatuta (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2021eko ebaluazioa).

Beraz, langile autonomoek enplegua sortu eta beren egoera hobetu ahal izateko tarte handia dago.

Hala ere, LAABen alta hartzeak hileko kuota bati, hiruhilekoko zergei eta, azken batean, jardueratik eratorritako gastuei aurre egitea dakar, eta horrek zaildu egiten du plantilla kontratatzea, negozio-bolumenak hala eskatzen badu ere.

Autonomoarentzako onuraren murrizketa, laneko eta Gizarte Segurantzako kostuak eta kontratazioaren ondoriozko arriskua, formula juridikoen bidez babesten ez den pertsona bakar bati dagokiona, soldatapekoengan oinarritzea zailtzen duten kausatzat identifikatuta daude. Horri gehitu behar zaizkio lan-gainkarga eta uztartzeko zailtasunak, batzuetan jarduera uztea eragiten baitute, hainbat azterlanen arabera.

Bestalde, Nafarroan Estatuko batez bestekoa baino gutxiago ekiten da, baina Europako tasarik altuenetakoa du enpresa-finkapenari dagokionez. Negozio bideragarri eta errentagarrien jarraipena eta hazkundea bultzatzeak erakargarriagoa egin dezake autoenplegua eta enpresen sorrera.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, aspaldidanik, laneratzeko zailtasun handienak dituzten langabeak kontratatzea sustatzen duten dirulaguntzak ditu. Hala ere, emakiden % 10 baino gutxiago pertsona fisikoentzat dira; beraz, Enplegu Politika Aktiboen Planaren helburuari begira, sustapen-bideak zabaldu behar dira.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak autonomoei gero eta sendoagoak eta iraunkorragoak diren negozioak bultzatzen lagundu nahi die, eta bereziki lagundu nahi die jarduera ekonomiko bat soldatapeko lehen pertsona bat izateko adina bolumenera iristen den uneetan.

Arrazoi horiengatik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak pizgarri indartuak dituen deialdi bat egiten du Nafarroan kokatutako lantokietan jarduera zuzenean edo sozietate irregularren bidez gauzatzen duten langile autonomoen lehen kontrataziorako.

Neurri berri horren zenbatekoak kontratazioa sustatzeko beste deialdi batzuetakoak baino nabarmen handiagoak dira, eta, gainera, diruz lagundu daitezkeen kasuak handitu egiten dira:

–Lehenik eta behin, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontrataziorako pizgarri orokorrek ez bezala, edozein langabe kontratatzeko aukera ematen du, ez soilik lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetakoak.

–Langabezia handiena duten kolektibo horietako pertsonak kontratatzea erakundearen ohiko deialdia baino % 85 zenbateko handiagoarekin sustatzen da. Gogoratu behar da Gobernuaren legegintzaldirako akordio programatikoan (2023-2027) lehentasuntzat jotzen dela aukera-berdintasunera bideratutako enplegu-politika aktiboak garatzea, lan-arloan zailtasun handienak dituzten kolektiboak lehenetsiko dituztenak, lan-aukerak sustatze aldera, eta haien kontratazioa finantzatuz berriro laneratzea lortzeko, batez ere egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean. 30 urtetik beherako gazteak, 55 urtetik gorakoak, luzaroko langabezian daudenak, Errenta Bermatua edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dutenak, desgaitasuna dutenak, gizarteratze-premiak dituztenak edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak dira.

–Azkenik, ohiko pizgarriekin alderatuta, zenbatekoen hobekuntza % 140koa da genero- eta landa-ikuspegiak aplikatuz gero.

Horrela, kontuan hartu behar dira emakumeei eragiten dieten enplegu-arrakalak eta genero-intersekzionalitatea: emakume izateak diskriminazio-elementuak gehitzen ditu eta zaurgarritasun handiagoa dakar. Enplegu Planak, indarrean dagoen bitartean, kontrataziorako pizgarrien multzoan emakumeen presentzia gutxienez % 5 handitzea du helburu.

Bestalde, landa-eremuetan beharrezkoa da biztanleak finkatu eta erakartzea eta jarduera ekonomikoei eustea, bai bizi-proiektuen garapen normalizaturako funtsezkoak direnak ("bizibilitatea"), bai berriak direnak. Gure komunitatean lurraldearen araberako desoreka dago, eta hori argi islatzen da enpleguan: eskualdearen arabera alde handia dago langabezia-tasan, jardueretan eta enpleguan; gainera, desoreka dago aipatutako kolektiboen artean; eta biztanleriaren maskulinizazioa gertatzen da.

Azken batean, dirulaguntza 5.000 eta 9.500 euro artekoa da kontratu bakoitzeko. Laguntza horrekin, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak LGSren baliokidea den kontratu baten enpresa-kostuaren (lan-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) % 23 eta % 44 artean estaltzen du.

Lehen kontratazioa bultzatzeak eragina izan nahi du enplegua eta aberastasuna sortzeko gaitasunean, negozioaren hazkundearen bidez (ekoizpen-ahalmena handitzea, bezero gehiago izatea edo jarduera-ildo berriak ezartzea), eta pertsona autonomoek erraztasun handiagoak lor ditzakete bizitza profesionala eta pertsonala bateragarri egiteko, negozioan amatasun/aitatasun edo zaintzagatik egon daitezkeen absentziak prestatzeko, etab.

Neurri horrek bat egiten du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ekintzailetza eta autoenplegua babesteko hartutako beste neurri batzuekin: ekintzailetzarako aholkularitza-zerbitzua eta sendotzeko lehen etapak; ekintzaileentzako eta autonomoentzako prestakuntza espezifikoa; LAABean alta berriak emateko dirulaguntzak; eta kontziliazio-arrazoiengatik kontratatzeko laguntzak.

Horien bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak autonomoei gero eta sendoagoak eta iraunkorragoak diren proiektuak hasten lagundu nahi die, eta bereziki lagundu nahi die jarduera ekonomiko bat soldatapeko lehen pertsona bat izateko adina bolumenera iristen den uneetan.

Nafarroako Gobernuaren 2025eko abenduaren 10eko Erabakiaren bidez, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari gerenteari baimena eman zitzaion hazkunde autonomoko dirulaguntzen 2026rako deialdia banakako ebaluazio-erregimenean izapidetzeko, langile autonomo batek besteren konturako langile bat lehen aldiz kontratatuta.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hazkunde Autonomoko 2026rako dirulaguntzen deialdia onartzea, langile autonomo batek besteren konturako langile bat lehen aldiz kontratatuta.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 1.000.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastu-aurrekontuko 950001 96100 4809 241110 "Langile autonomoak lehen aldiz kontratatzeko pizgarriak" partidaren kontura edo 2026ko aurrekontu-partida analogoaren kontura, partida horretan aurrekontu-erabilgarritasuna egoteari lotuta.

4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, kreditua sortzeagatik aurrekontu-kreditu erabilgarria handitu ondoren, baldin eta halakorik bada. Hala bada, organo eskudunak aipatutako kreditu gehigarria deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko du, eta horrek ez du ekarriko dirulaguntzen eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriro zenbatzen hastea ere.

5. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2025eko abenduaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da hazkunde autonomoko 2026rako dirulaguntzak emateko baldintzak eta eskakizunak arautzea, langile autonomo batek besteren konturako langile bat lehen aldiz kontratatuta. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Onuradunak.

2.1. Dirulaguntzaren onuradun izan daitezke Enplegu Zerbitzu Publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dagoen langabe batekin lan-kontratu mugagabea sinatzen duten langile autonomoak edo norberaren konturako langileak, baldin eta kontratazioaren unean edo aurreko 12 hilabeteetan beren kargura kontratatutako pertsonarik izan ez badute.

2.2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Merkataritza-sozietateetako bazkideak eta diruz lagundutako jarduera edo antzekoa egiten duen merkataritza-sozietate batentzat kontseilu edo administrazio kargua betetzeak dakartzan zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituztenak (EJSNren hiru digitu bat etortzea).

b) Kooperatibetako eta lan-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak, nahiz eta Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian sartuta egon.

c) Langile autonomoak, senide laguntzaile gisa.

2.3. Dirulaguntzen onuradun diren autonomoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Alta egoeran egotea ekonomia jardueren gaineko zergan, jarduera ekonomikoa garatuko den Nafarroako udalerrian.

c) Langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean alta hartua izatea.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.4. Baldintza horiek kontratua egiten den egunean bete beharko dira, eta dirulaguntza honi aplikatzen zaion urtebeteko epean mantendu beharko dira, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Diruz lagunduko dira 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte izenpetutako kontratu mugagabeak, lan-arloko legeriaren arabera, baldintza hauekin:

–Nafarroako Foru Komunitateko lantokiei atxikitako lanpostua.

–Urteko ordainsari gordinak lanbide arteko gutxieneko soldata bezainbestekoa edo hortik gorakoa izan behar du, aparteko ordainsariak barne hartuta.

–Lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa, lanaldi osoko langile baten lanaldiaren % 50 gutxienez, urteko zenbaketan konparagarria.

3.2. Deialdi honetatik kanpo daude:

–Kontratu mugagabeak edo kontratu mugagabe bihurtzea, zehapen-prozedurak hastearen ondorioz.

–Aldizkako kontratu finkoak eta obra bati atxikitako kontratu mugagabeak.

4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kontratatutako pertsonek langabezian eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute enplegu-zerbitzu publikoetan kontratua hasten den egunean.

4.2. Kontratatutako pertsonak ez dira izaten ahalko langile autonomoaren ezkontide, aurreko ahaide, ondorengo edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko gainerako ahaide.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Oinarrizko zenbatekoak:

a) 5.000 euro lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko.

b) 6.000 euro 55 urtetik gorako pertsona baten edo Gazte Bermearen Erregistroan inskribatutako 30 urtetik beherako pertsona baten kontratu bakoitzeko.

c) 7.000 euro, honako hauek kontratatzeagatik:

–Iraupen luzeko langabeak (langabetuak eta enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak, kontratazioaren aurreko 540 egunetan).

–Errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenak.

–Desgaitasuna duten pertsonak, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua dutenak, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko lege orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

–Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa batean gutxienez sei hilabeteko laneratze-ibilbide batetik datorren pertsona, betiere ibilbide hori dirulaguntzaren xede den kontratua sinatu aurreko azken urtean burutu bada.

d) 8.500 euro genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei egindako kontratuengatik, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

5.2. Kontratua emakume batekin sinatzen bada, 1.000 euroko zenbateko gehigarria emanen da, 5.1.d oinarriari dagozkion kontratuetan izan ezik.

5.3. 5.000 biztanletik beherako herri batean kokatutako lantoki bateko kontratuagatiko zenbateko gehigarria:

Landa-ingurunean biztanleriari eusten laguntzeko eta populazioa berritzen laguntzeko, 1.000 euroko laguntza gehigarria emanen zaie landa-eremu batean dagoen Nafarroako herri batean kontratatzen dutenei, baldin eta jardueraren hasieran eguneratutako erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badituzte.

Ondorio horietarako, bazter geratuko dira maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Eremu Zentraleko Lurralde Antolamenduko Planaren (Nafarroako Lurralde Estrategia) 10.4 azpieremuan sailkatutako eta Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraikiz despopulazio arriskurik ez duten udalerriak. Beraz, honako udalerri hauetako kontratuak ez dira laguntza gehigarriaren xede izanen: Aranguren, Beriain, Berriobeiti, Oltza zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Elortzibar eta Orkoien.

5.4. Kontratuaren lanaldia osoa ez bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Eskatzaileak deialdiaren fitxako "Tramitatu" aukeraren bidez aurkeztu beharko du eskabidea, Nafarroako Gobernuaren atariko izapideen atalean (www.navarra.es).

6.2. Dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Aitorpenen eranskina:

–Pertsona edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (2.3 oinarria eta 15 oinarria).

–Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Era berean, eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, 15 egun baino gutxiagoko epean, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman edo eskatu dituela, edo horren inguruan sor daitezkeen egoera berriak. Era berean, aurreko hiru urteetan de minimis araubideko beste laguntzarik jaso duen adieraziko da (13 eta 16. oinarriak).

–Erantzukizunpeko adierazpena, bigarren mailara arteko eraginik ez duela adierazten duena (4.2 oinarria).

Kontratu mugagabea edo mugagabe bilakaturikoa zehapen prozeduren ondoriozkoa ez izateari buruzko adierazpena (3.2 oinarria)

b) Onuradunak eta langabeak sinatutako lan-kontratua, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dirulaguntza eskatuko zaiola jasotzen duena (15. oinarria).

c) Kontu-zenbakia. Dirulaguntzaren ordainketa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke url honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez sartuta. Onuradunak ezin badu bere kontua esteka horretan erregistratu, ziurtagiri digitalik edo Cl@ve sarbiderik ez duelako, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, transferentzia bidez ordaintzeko eskabide bat aurkeztu beharko du, behar den inprimakia helbide honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak.

6.3. Eskatzaileak eskabide-ereduan ez badio baimenik ematen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari kontsultak egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintzari (alta LAAB/elkargoan eta lan-bizitzan), Ogasunari (alta EJZn) eta abarri, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko du:

a) Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta.

b) Nafarroako Foru Ogasunaren edo dagokion udalerriaren jarduera ekonomikoen erroldako egoeraren ziurtagiria.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak.

d) Lan-bizitzari buruzko txostena, dagokion Gizarte Segurantzako Administrazioak emana.

7.–Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta hurrengo egunetik hasita, baldin eta deialdia data horretan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskabideak dagokion izapide-fitxaren bidez bakarrik aurkeztuko dira.

7.3. Adierazitako epetik kanpo aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkerari jarraikiz eginen da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori bukatzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da. Eskaeraren gaineko presuntziozko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena enpresa eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Onuradunen betebeharrak.

a) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, pertsona eskatzaileari jakinarazten zaio eskaera aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

b) Kontratazioari urtebetez eutsi behar diote.

c) Kontraturen bat eten bada diruz lagundutako aldia akitu baino lehen, onuradunak beste pertsona bat kontratatuko du, gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzen arabera. Lanaldia eta ordainsaria errespetatuko dira, eta ordeztu behar den pertsona zein kolektibotakoa den, ordezkoa kolektibo horretakoa edo zailtasun handiagoko batekoa izanen da. Kontratazio horretarako, kolektibo batek kontratatua izateko zailtasun handiagoa izanen du, baldin eta 5. oinarriaren arabera zenbateko handiagoa ematen bazaio. Ordezkapen hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio hilabeteko epean gehienez, kontratu berriaren egunetik hasita. Ordezkapenak ez du inoiz dirulaguntza handiagoa ekarriko.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea bete beharko du gutxienez.

d) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Kontratua indarrean dagoen bitartean edo diruz lagundutako epeak iraun bitartean, organo kudeatzaileak egiaztapenak eginen ditu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak mantendu direla bermatzeko.

Pertsona onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

13.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin, salbu eta Gizarte Segurantzako kotizazio kuotetan legez egin daitezkeen hobariekin edo murrizketekin.

14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

14.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

14.2. Jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak –guztiak edo batzuk– betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Baldintzak hein batean bete ez direla joko da hasiera batean kontratatutako pertsona ordezten denean ez bada inguruabar hori jakinarazten kontratu berriaren datatik hilabeteko epean, hori baita 11.c oinarrian ezarritako epea. Hala, jakinarazteko epe hori betetzen ez denean, dirulaguntza kontzeptu gisa eskuratutako zenbatekoen %5 itzuli beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.3. Kontratu mugagabea akitzen bada sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da, berandutze-interesak gehituta, salbu eta enplegatzaileak kontratatua ordezten badu, 11.c oinarrian ezarritakoarekin bat. Ordezpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Deialdi honen ondorioetarako, eszedentzia egoerara pasatzeak kontratua akitzea ekarriko du.

Langileak lana uzten badu bidegabe deklaratu edo aitortutako kaleratze batengatik, onuradunak emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, berandutze-interesak gehituta. Halako kasuetan ez da zilegi izanen langilea ordeztea.

14.4. Kontratu mugagabeetan lanaldiaren portzentajea gutxitzen bada kontratua sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta aldeari dagokion zatia itzultzeko eskatuko da, berandutze-interesak gehituta, lanaldi-murrizketaren portzentajearen arabera eta urtea betetzeko falta den denborarekiko proportzioan.

14.5. Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Dirulaguntzen publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuaren beraren klausula gehigarrietan, dirulaguntzaren xedea adieraziko da kontrataziorako dirulaguntza eskatuko dela.

16.–"De minimis" laguntzak.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis laguntzak" dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedaturikoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati (deialdi honen kasuan, autonomo onuradun bakar bati) emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, onuradunek hiru urteko edozein alditan jasotako beste minimis laguntzak aitortu behar dituzte.

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.- Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren aurrean, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F2517129