186. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

8/2026 FORU AGINDUA, irailaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, aldatzen duena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua, zeinaren bidez arauak ezarri baitziren Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa-garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduaren bidez, arauak ezartzen dira Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa-garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan estatu kideek egin behar dituzten plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituenak, baldintzazkotasun indartuen esparruan aplikatu behar diren kudeaketako legezko betebeharrak (KLB) eta nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokiak (NIBE) ezartzen ditu; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, berriz, baldintzazkotasun indartuaren sistemaren beharkizunak betetzen ez dituzten laguntzen onuradunei aplikatu beharreko zigor-sistema ezartzen du.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2025eko abenduaren 19ko 2025/2649 (EB) Erregelamenduak aldatu egin ditu erregelamendu horiek, batez ere NIBE arauak egokitzeko malgutasunak txertatzeko. 2021/2115 Erregelamenduaren 13. artikuluko 1. apartatuan, paragrafo berri bat txertatu da, eta, haren arabera, ulertuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamenduko ziurtagiria duten nekazariek betetzen dituztela erregelamenduaren III. eranskineko 1., 3., 4., 5., 6. eta 7. NIBE arauak, ekoizpen ekologikoko beren unitateei dagokienez, aintzat hartuta 2018/848 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 10. puntuan emandako definizioa, baita bihurtze-aldiko unitateei dagokienez ere, aintzat hartuta 3. artikuluko 11. puntuan emandako definizioa. Gainera, 2 bis apartatua aldatu da, gutxieneko arauen betebeharretatik aldi baterako salbuesten ahalko diren egoera gehiago jasotzeko, nekazariek zailtasunak baitituzte gutxieneko arau horiek betetzeko.

Aldi baterako onartzen diren salbuespenek kuantifikatuta egon beharko dute, eta, hortaz, nekazariei eskatu behar zaie txosten teknikoak bidaltzeko, haien bidez justifikatzeko zenbait lan egin behar direla salbuespenezko egoerei aurre egiteko, 6. NIBE arauaren helburuen aurkakoak diren arren.

Halaber, 2021/2116 Erregelamenduaren 83. eta 84. artikuluak aldatu dira, arautzeko nola aplikatu behar den baldintzazkotasuna ordainketen araubiderako onargarria den azalera hamar hektareatik beherakoa duten ustiategietan, eta nola aplikatu behar den 7. NIBE araua gehienez hogeita hamar hektareako nekazaritza-azalera deklaratua duten ustiategietan.

Gainera, urte hauetan baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatu direnean, agerian gelditu da zenbait alderdi argitu edo zehaztu behar direla, arau batzuk betetzea errazteko eta murrizketen aplikazioa eta kalkulua gardenagoak izateko.

Bestalde, 1049/2022 Errege Dekretuaren 15. artikuluan xedatzen denez, kontrolen plan nazionalean ezarriko da zer irizpideren arabera baloratuko diren ez-betetzeen astuntasuna, hedadura, iraupena, errepikapena eta asmoa, egiaztatzen denean beharkizunak ez direla bete, eta nolako zigorra dagokien, bermatzeko estatuko lurralde guztian berdin aplikatzen dela.

Kontuan hartuta ez-betetzeen ebaluazioen araberakoa dela zigorra (laguntzen onuradun bati dagozkion ordainketak murriztea edo bertan behera uztea), kontrolen plan nazionalaren jarraibideak autonomia-erkidegoekin adostu badira ere, erakunde ordaintzaileek eskualdeko berezitasunen arabera egokitu beharko dituzte zigorren balorazioa eta kalkulua, Europar Batasuneko eta estatuko arau horiek garatu beharrekoak baitira, eta plan nazionalak ez baitu oinarri juridiko eta normatibo nahikorik.

Kontuan hartuta beharrezkoa dela urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Agindua egokitzea 2023-2027rako Nekazaritza Politika Erkidearen esparruaren arau-garapenera, eta bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan xedatutakoarekin, beharrezkoa da baldintzazkotasunari buruzko araua aldatzea, bat etorriz premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin. Beraz, premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betez, foru agindu hau justifikatzen da interes orokorreko arrazoiengatik, modu argian identifikatzen dira lortu nahi diren helburuak, eta tresnarik egokiena da horiek lortzen direla bermatzeko.

Gardentasunaren printzipioa betez, araudia egin aurreko jendaurreko kontsulta egin da, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin.

Nafarroak, bere foru-araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintzako gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 7/2024 Foru Agindua, urtarrilaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, arauak ezartzen dituena Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek bete behar dituzten baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko, onuradun horiek Nafarroako Foru Komunitatean zuzeneko ordainketak eta landa-garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa jasotzen badituzte.

Aldaketa hauek egiten dira urtarrilaren 17ko 7/2024 Foru Aginduan:

Bat.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

"3. artikulua. Baldintzazkotasun-beharkizunak.

1. artikuluan aipatzen diren laguntzen onuradunek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten ustiategietan bete beharko dituzte foru agindu honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzazkotasun-betebeharrak eta -arauak.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ukatu gabe, nekazariak baldintzazkotasunaren esparruko kontroletatik salbuetsita geratuko dira baldin eta beren ustiategien nekazaritza-azalera diruz lagungarria hamar hektareakoa bada gehienez ere.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 (EB) Erregelamenduarekin bat ziurtatutako azaleren edo ekoizpen ekologikora bihurtzeko prozesuan daudenen kasuan, ulertuko da betetzen dituztela foru agindu honen I. eranskineko 1., 3., 4., 5., 6. eta 7. NIBE beharkizunak.

Gehienez 30 hektareako nekazaritza-azalera deklaratua duten ustiategiak dituzten nekazariak salbuetsita daude 7. NIBE arauaren kontroletatik, I. eranskinean ezartzen den bezala.

Nekazariak eta beste onuradun batzuk I. eranskineko NIBE arauen beharkizunetatik aldi baterako salbuesten ahalko dira, baldin eta ezinezkoa bazaie betebehar horiek betetzea urte jakin batean, baldintza meteorologikoen, landareen gaixotasunen edo izurriteen ondorioz. Aldi baterako salbuespen horiek aplikatuko zaizkie soilik baldintza meteorologiko, landareen gaixotasun edo izurrite horien eraginpeko eremuetako nekazariei eta bestelako onuradunei, eta behar-beharrezkoa den bitartean soilik".

Bi.–6. artikulua. 2. eta 6. apartatuak aldatzen dira, eta 7. apartatua gehitzen da. Honela idatzita geldituko dira:

"2. Zigorra aplikatzeko, murriztu edo bertan behera utziko dira 1. artikuluan aipatutako ordainketak, onuradunari eman zaizkionak edo emateko daudenak, ez-betetzearen urte naturalean aurkeztu dituen edo aurkezten dituen laguntza-eskaerei dagokienez, edo, ezin bada zehaztu zein urtetan gertatu zen ez-betetzea, haren berri izan den urte naturaleko eskaerei dagokienez".

"6. Artikulu honetan xedatutakoaren salbuespen gisa, nekazariak artikulu honetako 1. paragrafotik 5.era bitartekoetan ezarritako zigor-sistematik salbuetsita geratuko dira baldin eta beren ustiategiaren nekazaritza-azalera diruz lagungarria hamar hektareakoa bada gehienez ere".

"7. Gehienez 30 hektareako nekazaritza-azalera deklaratua duten ustiategiak dituzten nekazariak salbuetsita daude 7. NIBE arauak ez betetzeagatiko zigorretatik, I. eranskinean ezartzen den bezala".

Hiru.–7. artikuluko lehen eta bigarren paragrafoak aldatzen dira. Honela idatzita geldituko dira:

"1. Zigorrak kalkulatzeko eta aplikatzeko, kontuan hartuko da zer ezartzen den Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 85. artikuluan eta Batzordearen 2022ko maiatzaren 4ko 2022/1172 (EB) Erregelamendu Eskuordetuan, eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako sistema aplikatuko da. Nolanahi ere, kontuan hartuko dira ez-betetzeen astuntasuna, hedadura, iraupena, errepikapena eta asmoa, baita ordainketak murrizteko eta bertan behera uzteko irizpideak ere, zeinak jasota baitaude foru agindu honen V. eranskinean eta Nafarroako erakunde ordaintzaileak urte bakoitzerako onesten duen baldintzazkotasun-prozeduraren eskuliburuan (Departamentuaren webgunean argitaratuko da, esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/web/guest/nekazaritza-eta-abeltzaintza/npe/baldintza-indartuak).

Zein urte naturalean gertatu den ez-betetzea, hartan eman diren edo ematekoak diren ordainketen oinarrian kalkulatuko dira murrizketak edo bertan behera utzi beharreko ordainketak, eta, ezin bada zehaztu noiz gertatu zen, ez-betetzearen berri izan den urte naturalaren oinarrian kalkulatuko dira".

Lau.–8. artikulua aldatzen da. Ezabatu egiten da 1. NIBEaren baimena aipatzen duen paragrafoa, eta honela geldituko da idatzita artikulua:

8. artikulua. Nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokien ondorioz emandako baimenak.

I. eranskinean aipatzen diren baimenen eskaerak arloaren araberako agintaritza eskudunei zuzendu behar zaizkie. Nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokien kasuan, honako hauek dira:

–Ikuskapenen Atala:

5. NIBEa: Alorrak malda handienaren noranzkoan lantzeko baimena, beste modu batean egiteak makinak iraultzeko arriskua dakarrenean, eta, beraz, langileen bizitzarako ere, edo 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik ezarrita dauden zurezko laboreen kasuan, landaketa-esparruak malda handieneko noranzkoan zeharka lantzeko aukerarik ematen ez duenean.

6. NIBEa: Landare-estalkia kentzeko baimena, hura laborearekin lehiakorra izaten ahal denean edo uzta biltzea galarazten ahal duenean.

Ehuneko 10eko malda edo handiagoa duten esparruetan zurezko laboreetan ondoak erauzteko baimena.

–Landareen Ekoizpen eta Osasun Atala:

4. NIBEa: Gai fitosanitarioak babes-zerrendetan erabiltzeko baimena, arrazoi fitosanitarioak direla eta, horiek gauzatzeko behar diren baldintzekin.

–Ingurumen Zuzendaritza Nagusia:

8. NIBEa: Landu gabeko heskaiak eta zuhaitzak mozteko eta inausteko baimena hegaztiak hazi eta ugaltzeko garaian. Paisaia-elementuak aldatzeko baimena.

–Basoen eta Ehizaren Zerbitzua:

3. NIBEa: Uztondoak erretzeko baimena, arrazoi fitosanitarioak direla eta, eta landare-hondakinak erretzeko baimena, hala dagokionean.

Bost.–Aldatu egiten da 9. artikuluko 1. apartatua, eta bigarren eta hirugarren apartatuak gehitzen dira. Honela geldituko da idatzita artikulua:

9. artikulua. Gizarte-baldintzazkotasuna.

"1. Gizarte-baldintzazkotasunaren gaietarako, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren V. kapitulua, eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren II. titulua. 1049/2022 Errege Dekretuak arauak ezartzen ditu Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan laguntzak jasotzen dituztenek, zuzeneko ordainketak, landa-garapenaren arloko urteko zenbait ordainketa eta Urruntasun eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programakoak (POSEI) jasotzen badituzte, bete behar dituzten arauak baldintzazkotasun indartua eta gizarte-baldintzazkotasuna aplikatzeko.

2. Gizarte-baldintzazkotasunagatiko murrizketak kalkulatzeko eta aplikatzeko, kontuan hartuko dira 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 88. artikuluan ezarritakoa eta foru agindu honen VI. eranskineko irizpideak.

3. Baldintzazkotasun indartuaren eta gizarte-baldintzazkotasunaren esparruko zigorren aplikazioa eta kalkulua independenteak izanen dira, argi eta garbi bereizitako zigor-sistemak baitira".

Sei.–I. eranskina aldatzen da, NIBE arauen baldintzazkotasun-beharkizunei dagokienez eta baldintzazkotasun-betebeharrei dagokienez. Honako hauek aldatzen dira:

a) 1. NIBEa:

"1. NIBEa: Larre iraunkorrei eustea, eskualde-mailako nekazaritza-azalerarekiko larre iraunkorren proportzio batean oinarrituta, 2018ko erreferentzia-urtearekin alderatuta. %10eko gehieneko murrizketa erreferentziako urtearekin alderatuta.

B 1.1. Larre iraunkorren proportzioa murriztea.

Larre iraunkorrek nekazaritza-azalerarekiko duten urteko proportzioa %10 edo gehiago murrizten bada erreferentziazko proportzioaren aldean, eta urte jakin batean larre iraunkorretarako erabilitako azalera, kopuru absolutuetan, %0,5 baino gehiago murrizten bada, larre iraunkorren erreferentziazko azaleraren aldean, beste nekazaritza-erabilera bat izatera igaro ziren larre iraunkorrak bere horretara itzuli beharko dira.

Azken bi urte naturaletan aurkeztutako eskaerak oinarri hartuta, larre iraunkorrak beste erabilera batzuetara bideratu dituzten onuradunak egonen dira behartuta larreak bere horretara itzultzera.

Hurrengo urteko laguntza-eskaera aurkeztu baino lehen bideratu beharko dira azalera horiek berriz larre iraunkorretara".

b) 5. NIBEa.

"5. NIBEa: Laborantzaren kudeaketa minimoa, lurzoruaren degradazio eta higadura arriskua murriztuta, maldaren inklinazioa kontuan hartzea barne.

B 5.1. Malda duten lurzatiak lantzea. Belarki-laboreetarako edo zurezko laboreetarako azaleretan, lurra ezin izanen da landu malda handienaren noranzkoan, baldin eta landatutako esparruetan batez besteko malda ehuneko 10ekoa edo handiagoa bada, esparruaren benetako malda terrazen edo zapalden bidez konpentsatuta dagoenean izan ezik. Zapaldak egonez gero, ezin izanen da egin lehendik dauden ezponden egiturari eragiten dion lanik.

Arau hau betetzetik salbuetsita egonen dira hektarea bateko edo gutxiagoko azalera duten lurzatiak, bai eta lurzati irregular edo luzangak ere, baldin eta maldaren zeharkako norabidean 100 metro baino gutxiago badute lurzatiaren edozein puntutan.

2023ko urtarrilaren 1a baino lehen ezarrita dauden zurezko laboreen landaketen kasuan, haien landaketa-esparruak, ureztatze-sistemak edo gidatze-sistemak ez badu uzten malda handienaren zeharkako norabidean lantzen, banako baimena emanen da norabide horretan laborantza bertikalen bat egiteko, beste aukerarik ez dagoenean eta higadura arriskurik ez dakarrenean; hori guztia behar bezala justifikatu beharko da, eta, nolanahi, aipatu baimena aldez aurretik eman beharko du agintaritza eskudunak. Baimen hori ondoz ondoko kanpainetan aplikatzen ahalko da, baldin eta hura ematea eragin zuten baldintzek bere horretan badiraute.

Halakoetan ez da aurretiazko baimenik eskatu beharko ukitutako laborea mahastia denean.

Beharkizun hori ez betetzeko baimena eskatzen ahalko da, baldin eta makinak iraultzeko arriskua badago eta, beraz, langileen bizitza ere arriskuan jartzen bada.

Halaber, NIBEaren salbuespen gisa, lurreztatzea eta enbor arteko lanak egitea baimentzen da mahastietan, praktika tradizional horiek bat egiten baitute NIBE honen helburuarekin.

c) 6. NIBEa. B 6.1 neurriaren azken paragrafoa aldatzen da, eta B 6.4 neurria osorik aldatzen da:

"Horrez gain, lurzatietan prestaketa-lanak hasteko data aurreratzea baimenduko da salbuespenezko egoera jakin batzuetan (arrazoi fitosanitarioak direla-eta izurriteen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, zurezko laboreak eta labore iraunkorrak ezartzea, drainatze txarreko lurzoruak, lurzoruak desinfektatzea, etab.), baldin eta teknikari eskudunek aurretiaz eginiko txosten batek hala gomendatzen badu. Txosten horiek Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzura bidali beharko dira, helbide elektroniko honetara: inspecciones@navarra.es".

"B.6.4. Lugorri-lurretako nekazaritza-lanak eta -tratamenduak.

Lugorri-lurzatietan, lurrazaleko landare-materialaren %30eko gutxieneko estalkia mantendu beharko da, lurzorua maneiatzeko praktika tradizionalen edo laborantza minimoko praktiken bidez edo lurzoruaren estalki egokia mantenduz. Larratzea baimenduta dago.

Urte batez lantzen eta hurrengoan lugorri uzten diren lurzatietan ez da arau hau bete beharko.

Horrez gain, lurzatietan beste lan batzuk egitea baimenduko da salbuespenezko egoera jakin batzuetan (arrazoi fitosanitarioak direla-eta izurriteen eta gaixotasunen aurka borrokatzea, zurezko laboreak eta labore iraunkorrak ezartzea, drainatze txarreko lurzoruak, lurzoruak desinfektatzea, etab.), baldin eta teknikari eskudunek aurretiaz eginiko txosten batek hala gomendatzen badu. Txosten horiek Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzura bidali beharko dira, helbide elektroniko honetara: inspecciones@navarra.es".

d) 7. NIBEa.

"7. NIBEa. Alorretako txandakatzea, urpeko laboreetan izan ezik.

NIBE hau betetzeari begira, laboretzat hartuko da adiera hauetako edozein:

–Laboreen sailkapen botanikoan definitutako edozein generotako laborea.

–Edozein espezietako laborea, Brassicaceae, Solanaceae y Cucurbitaceae familia botanikoen kasuan eta Vicia generoaren kasuan.

–Lugorri utzitako lurra.

–Belarrak edo bestelako belar-bazkak.

Ilarako labore mistoak dituzten azaleren kasuan, labore bakoitzak gutxienez azaleraren %25 hartzen badu, labore desberdintzat hartuko da. Kasu horretan, kalkulatzeko zenbateko azalera hartzen duen labore bakoitzak, honako eragiketa hau egin beharko da: labore mistoaren guztizko azalera zati gutxienez azalera horren %25 hartzen duten laboreen kopurua, labore bakoitzaren proportzio erreala edozein izanik ere.

Labore bakoitzaren portzentajea kalkulatzeko eta labore kopurua egiaztatzeko, kontuan hartuko dira labore nagusiak, 2. artikuluko definizioarekin bat.

Hala ere, honako ustiategi hauek ez dute NIBEa bete beharko:

a) Alorren %75 baino gehiago belarrak edo beste belar-bazka batzuk ekoizteko erabiltzen denean, lekadunak landatzeko erabiltzen denean, lugorri dauden lurrak direnean edo erabilera horien konbinazio bati lotuta dagoenean.

b) Nekazaritza-azalera onargarriaren %75 baino gehiago larre iraunkorrak direnean, belarrak edo beste belar-bazka batzuk ekoizteko edo urpeko laboreetarako erabiltzen direnean urtearen edo laborantza-zikloaren zati esanguratsu batean, edo erabilera horien konbinazio bati lotuta dagoenean.

c) Landu daitekeen lurraren azalera 10 hektareakoa edo txikiagoa denean.

Bestalde, kontroletatik eta zigorretatik salbuetsita egonen dira gehienez 30 hektareako nekazaritza-azalera deklaratua duten ustiategiak.

NIBE hau betetzeko, alorretan bi jardunbide hauetako bat aplikatu beharko da, 1049/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean eta haren aldaketetan adierazitakoaren arabera:

B 7.1. 1. jardunbidea: Labore-txandaketa.

Labore-txandaketa betetzeko, ustiategiko alorrek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Urteko txandaketa. Urtero, ustiategiko alorren azaleraren %33an, gutxienez, beste labore bat landu beharko da, aurreko urtean deklaratutako labore nagusiaz bestelakoa.

b) Ustiategiaren txandaketa orokorra hiru urtean behin. Nekazaritza-ustiategiko lurzati guztietan laborea aldatu egin beharko da gutxienez hiru urtean behin, eta txandaketa-sistema hau erabiltzen dutenek hiru urtez jarraian bete beharko dute irizpide hau.

Lurzatietan ez da labore-txandaketarik egin beharko baldin eta haietan urte anitzeko laboreak erabiltzen badira, lugorri uzten badira edo belarrak, beste belar-bazka batzuk eta urpeko laboreak hazten badira, edo 2018/848 (EB) Erregelamenduko ziurtagiria badute edo arau horretan zehaztutako bihurtze-aldian badaude (produktu ekologikoen ekoizpen ekologikoari eta etiketatzeari buruzkoa da erregelamendu hori).

Hala ere, aurreko paragrafoan adierazitako laboreren bat egonez gero, haiek kontuan hartuko dira ustiategi batean txandakatu behar den azalera kalkulatzeko orduan.

Labore nagusia lantzen den urte berean bigarren mailako labore bat lantzen bada, txandaketaren parte dela ulertuko da, eta ezin izanen dira lugorriak erabili kasu horietan. Bigarren mailako laborea bi labore nagusiren artean hazten da, eta etenaldi nabarmena sorrarazten du labore nagusien artean. Ezin izanen da justifikatu bigarren mailako laborea hirugarren urtean soilik erabiltzea txandakatzeko aukera gisa, ez bada lehenago erabili aurreko bi urteetan.

Urte anitzeko labore bat kontuan hartu ahal izateko, laguntza-eskaera bakarra aurkezten den urtearen aurreko urteko irailaren 1a baino lehen erein behar da labore hori.

Baldin eta ustiategiko esparruetako bat ez badu onuradunak berak deklaratu, txandaketa egiaztatzeko, deklaratutako laborea hartuko da kontuan, laguntza-eskaera bakarrean hura deklaratu duen pertsona nornahi dela ere.

B 7.2. 2. jardunbidea: Laboreen dibertsifikazioa.

Laboreen urteko dibertsifikazioa betetzeko, ustiategiko alorretan honako hauek bete beharko dira:

a) Ustiategiko alorra 10 hektarea baino handiagoa eta 30 hektareakoa edo txikiagoa bada, gutxienez bi labore desberdin hazi beharko dira, eta azalera handiena hartzen duenak ezin izanen du alorraren %75 baino gehiago hartu.

b) Ustiategiko alorra 30 hektareatik gorakoa bada, gutxienez hiru labore desberdin hazi behar dira; azalera handiena hartzen duenak ezin izanen du alorraren %75 baino gehiago hartu, eta azalera handiena hartzen duten bi laboreek, batuta, ezin izanen dute alorraren %95 baino gehiago hartu.

Ez da beharrezkoa izanen dibertsifikazioaren kalkulua egitea, eta NIBEa betetzat joko da, baldin eta ustiategi baten azalera osoa erabiltzen bada urte anitzeko laboreetarako, belarretarako edo beste belar-bazka batzuetarako, urpeko laboreetarako edo lugorrietarako, eta berdin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/848 (EB) Erregelamenduko ziurtagiria duten azaleretan.

Bestalde, baldin eta aurreko paragrafoan deskribatutako laboreekin batera beste alor batzuk badaude ustiategian, salbuetsitako labore horiek kontuan hartuko dira ustiategiko alorren guztizko azalera kalkulatzeko, eta, gainera, banaka kontabilizatuko dira ustiategiak eduki beharreko labore kopuruaren ondorioetarako".

e) 10.3 NIBEa.

"10.3 NIBEa. Simaurrak eta mindak aplikatzea.

Nekazaritza-azaleretan, simaurrak 1051/2022 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren arabera aplikatu beharko dira, izan ere, dekretu horren bidez, nekazaritza-lurren nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dira. Oro har, artikulu horretan ezarritako salbuespenetan izan ezik, debekatuta dago mindak plater-, abaniko- eta kanoi-sistemen bidez aplikatzea. Simaurrak aplikatu ondorengo lehen 24 orduetan lurperatu behar dira nahitaez, eta aplikazioan, gutxienez, isuriak arintzeko neurrietako bat erabili behar da, 1051/2022 Errege Dekretuaren V. eranskinean jasotakoen artekoa".

f) Kudeaketako legezko betebeharrak (betebeharrak). 1. KLB R 1.2 eta R 1.3 puntuak aldatzen dira.

"R 1.2. Administrazio hidrauliko eskudunak onuraduna administrazio-bidean irmo zehatu ez izana arau-hauste astun edo oso astun batengatik, benetan erabilitako ur bolumenak kontrolatzeko sistemarik ez izateagatik, administrazio horrek ezarritako betebeharren arabera.

R 1.3. Administrazio hidrauliko eskudunak onuraduna administrazio-bidean irmo zehatu ez izana arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio horri ez bidaltzeagatik benetan erabilitako bolumenei buruzko informazioa, horretarako ezarritako bitartekoen bidez".

g) Kudeaketako legezko betebeharrak (betebeharrak), 3. KLB. R 3.5 puntua kentzen da.

Zazpi.–V. eranskina gehitzen zaio urtarrilaren 17ko 7/2022 Foru Aginduari. Honela idatzita geldituko da:

V. ERANSKINA.–BALDINTZAZKOTASUN INDARTUAREN EZ-BETETZEAK ETA ZIGORRAK EBALUATZEKO PROZEDURA

A. Ez-betetzeen ebaluazioa.

Honako maila hauek ezartzen dira ez-betetzeen astuntasun, hedadura eta iraupenaren parametro bakoitzerako:

1.–Astuntasuna.

Kontrolatu beharreko betebehar/arau bakoitzari dagokionez, ez-betetzeen astuntasuna maila hauen arabera sailkatuko da:

ASTUNTASUNA

A

Arina

B

Astuna

C

Oso astuna

2.–Hedadura.

Hedadura maila hauen arabera ebaluatuko da, kontuan hartuta ea ez-betetzearen ondorioek ustiategian soilik duten eragina, edo ustiategitik kanpo ere eragiten duten:

HEDADURA

A

Ustiategian bakarrik

B

Ustiategitik kanpoko ondorioak

3.–Iraupena.

Kontrolatu beharreko betebehar/arau bakoitzari dagokionez, ez-betetzeen iraupena maila hauen arabera sailkatuko da:

IRAUPENA

A

Ez badago ondoriorik edo urtebete baino gutxiago irauten badute

B

Urtebete baino gehiago irauten duten ondorioak badaude, eta konpontzen ahal badira

C

Ondorioak ezin badira konpondu (eragindako eremuaren ekoizpen-gaitasuna baldintzatzen da)

Urratutako betebehar/arau bakoitzeko, balorazio bat aterako da, astuntasunean, hedaduran eta iraupenean arestian ezarritako mailak kontuan izanik.

Betebehar eta arauen ez-betetzeak kalifikatzeko, kontuan hartuko dira baldintzazkotasun-prozeduraren eskuliburuan ezarritako irizpideak (eskuliburu hori Nafarroako erakunde ordaintzaileak onesten du urte bakoitzerako), eta, hartan jasota ez dagoenerako, kontuan hartuko da kanpaina horretan indarrean dagoen NBEUFen Koordinazio Zirkularra, "Baldintzazkotasun indartuagatiko zigorrak aplikatzeko irizpideak" izenekoa.

B. Ebaluazioaren eta murrizketa-ehunekoaren arteko erlazioa.

Erlazio hau aplikatuko da betebehar/arau bakoitzaren balorazioen eta murrizketa-ehunekoen artean:

ASTUNTASUNA

HEDADURA

IRAUPENA

MURRIZKETA-EHUNEKOA

A

A

A

%1

A

B

A

%3

A

A

B

A

B

B

B

A

A

B

B

A

B

A

B

B

B

B

A

A

C

%5

A

B

C

B

A

C

B

B

C

C

A

A

C

B

A

C

A

B

C

B

B

C

A

C

C

B

C

C. Ez-betetzeagatiko ehunekoa finkatzeko prozedura.

a. Murrizketaren ehunekoa. Arau orokorra.

Laguntzen onuradunari emandako edo eman beharreko ordainketen guztizko zenbatekoaren %3 murriztuko da, oro har, kontuan hartuta ez-betetzearen berri izan den urte naturalean onuradunak aurkeztu dituen edo aurkezten dituen eskaerak.

b. Murrizketaren ehunekoa, ondoriorik gabeko edo ondorio hutsalak dituzten ez-betetze egiaztatuen kasuan.

Egiaztatutako ez-betetze batek ez badu ondoriorik edo ondorio hutsalak baditu arauaren edo betebeharraren helburua lortzeari begira, eta ez bada zigorrik jartzen, ez-betetzea ez da kontuan hartuko errepikapena edo iraupena zehazteko, baina interesdunei jakinaraziko zaie.

Kasu horietan, laguntzen onuradunei jakinaraziko zaie zer ez-betetze detektatu diren eta zer neurri zuzentzaile hartu behar diren.

Ondoriorik gabeko edo ondorio hutsalak dituzten ez-betetzetzat hartzen ahalko dira baldin eta nahita egin ez badira eta abiapuntuko ebaluazioa AAA bada.

Ez-betetzeek arrisku zuzenak badituzte osasun publikorako edo animalien osasunerako, laguntzak murriztu edo bertan behera utziko dira beti, eta halakoak ezin izanen dira ondoriorik gabekotzat hartu.

Hor sartzen dira, besteak beste, "Elikagaiei buruzko legeria" 5. KLBa, "Eragin hormonala duten substantziak" 6. KLBa, "Fitosanitarioak merkaturatzea" 7. KLBa eta "Pestiziden erabilera jasangarria" 8. KLBa, eta R.11.6 betebeharra ("Gorpuen kudeaketa"). Hala ere, eta osasun publikorako arriskurik ez dagoela edo egon ez dela ziurtatzen bada, ondorio hutsaleko ez-betetzetzat hartzen ahalko da 5.8 KLBa, 5.20 KLBa eta 8.1 KLBa ez betetzea, baldin eta akats tipografikoen ondoriozko akats arinengatik gartatzen badira eta beste bitarteko batzuen bidez egiaztatu badaitezke (fakturak eta antzeko agiriak, produktu fitosanitarioak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan erregistratzea eta abar). 8.2 KLBa ez betetzeak ere ondorio hutsalak dituela ulertuko da baldin eta txartela iraungi bada administrazio-izapide bat egin ez delako soilik.

c. Murrizketaren ehunekoa, ez-betetzea nahita egin ez bada.

Nahita egin ez diren ez-betetze egiaztatuen kasuan, erakunde ordaintzaileak erabakitzen ahalko du ezarritako ehunekoa %1era arte murriztea, kontrol-agintaritza eskudunak emandako ez-betetzearen ebaluazioan oinarrituta.

Baldin eta azalerak monitorizatzeko sistemaren bidez egiaztatu bada ez-betetzea, egiaztatutako ez-betetzeengatiko murrizketa %1etik beherakoa izaten ahalko da, baina %0,5 izanen da gutxienez.

d. Murrizketaren ehunekoa ondorio larriak dituzten nahigabeko ez-betetzeen kasuan.

Nahita egin ez den ez-betetze egiaztatu batek ondorio larriak baditu kasuan kasuko arauaren edo betebeharraren helburua betetzeari begira (%5eko zigorrarekin sailkaturikoak), edo arrisku zuzena badakar osasun publikorako edo animalien osasunerako, erakunde ordaintzaileak erabakitzen ahalko du zigorraren ehunekoa %10era arte igotzea, kontrol-agintaritza eskudunak emandako ez-betetzearen ebaluazioan oinarrituta.

Gizakien eta animalien osasunerako ondorio larriak edo arriskuak dituzten ez-betetzetzat hartzen ahalko dira animalien ongizateko R10.14, R10.15, R10.16 eta R11.6 beharkizunak ez betetzea ("Hortzak kamustea", "Buztana moztea", "Zikiratzea" eta "Gorpuak", hurrenez hurren), baita 5., 6., 7. eta 8. KLBak ez betetzea ere ("Elikagaiei buruzko legeria", "Eragin hormonala duten substantziak", "Fitosanitarioak merkaturatzea" eta "Pestiziden erabilera jasangarria", hurrenez hurren). Haiei zigorraren ehunekoa igotzen ahalko zaie, baldin eta ebaluazioaren arabera %5eko balorazioa badagokie.

e. Murrizketaren ehunekoa, ez-betetzeak irauten badu edo behin eta berriz errepikatzen bada.

Arau edo betebehar berari dagokionez, egiaztatzen bada nahi gabe egindako ez-betetze batek irauten duela edo behin eta berriz errepikatzen dela ondoz ondoko hiru urte naturaletan, murrizketaren ehunekoa oro har %10ekoa izanen da, laguntzen onuradunari emandako edo eman beharreko ordainketen zenbateko osoa aintzat hartuta, ez-betetzea egiaztatu den urte naturalean zehar onuradunak aurkeztu dituen edo aurkezten dituen laguntza-eskaerei dagokienez.

Erakunde ordaintzaileak erabakitzen ahalko du ezarritako ehunekoa murriztea edo handitzea, kontrol-agintaritza eskudunak emandako ez-betetzearen ebaluazioan oinarrituta, baina inola ere ezin izanen da izan ezarritako lehen zigorra baino txikiagoa.

Murrizketaren ehunekoa aplikatuko da soilik baldin eta laguntzen onuradunari jakinarazi bazaio aurretik ez-betetze bat egiaztatu dela. Laguntzen onuradunak aurrerantzean ere ez badu arau edo beharkizuna betetzen, justifikatutako arrazoirik gabe, nahita egindako ez-betetzetzat hartuko da.

Erregistroak mantentzearekin loturiko betebeharren kasuan, errepikatu dela ulertuko da soilik baldin eta akats berri bat badago; izan ere, bestela, ezinezkoa denez zuzenketa egitea, zigorra arrazoi beragatik jarriko litzateke aurreko urteetan.

f. Murrizketaren ehunekoa, ez-betetzea nahita egin bada.

Nahita egindako ez-betetze egiaztatu batengatik, laguntzen onuradunari emandako edo eman beharreko ordainketen guztizko zenbatekoaren %15 murriztuko da gutxienez, kontuan hartuta ez-betetzearen berri izan den urte naturalean onuradunak aurkeztu dituen edo aurkezten dituen eskaerak.

Kontrol-agintaritza eskudunak emandako ez-betetzearen ebaluazioan oinarrituta, erakunde ordaintzaileak erabakitzen ahalko du ehuneko hori %100era arte igotzea.

Honako hauek joko dira nahita egindako ez-betetzetzat, besteak beste: nahitaezko edozein erregistro mota aldatzea edo manipulatzea; fakturak, baimenak edo bestelako egiaztagiriak faltsutzea; egoera txarrean dauden elikagaiak manipulatzea haien itxura aldatzeko asmoz; gizakiei transmititzen ahal zaizkien eritasun kutsakorrak dauzkatela susmatzen zaien animaliak hiltzea edo agintaritza eskudunari ezkutatzea, eta animalienganako nolabaiteko tratu txarra dagoela agerian jartzen duten egoerak.

Hala ere, autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunak susmatzen badu jarduketaren bat nahita egin dela, hura aztertu eginen da, nahita egin den ala ez zehazteko.

D. Murrizketak kalkulatzea urte natural berean hainbat ez-betetze egiteagatik.

Betebehar edo arau bat ez betetzearen ondorioz beste betebehar edo arau bat ere ez bada betetzen, ulertuko da ez-betetze bakarra egin dela.

Murrizketak kalkulatzeko, ez-betetzea betebeharraren eta arauaren artekoa bada, betebeharraren eremukotzat hartuko da.

Urte natural berean ez-betetze bat baino gehiago egin bada, murrizketa finkatzeko prozedura banaka aplikatuko zaio ez-betetze bakoitzari, eta ehuneko horiek guztiak batuko dira. Hala ere, muga hauek aplikatuko dira:

–Ez-betetze guztiak nahi gabe egin badira eta ez badira errepikatu, guztizko murrizketa ez da izanen %5etik gorakoa, salbu eta ez-betetzeren batek ondorio larriak baditu kasuan kasuko arauaren edo betebeharraren helburua betetzeari begira, edo zuzeneko arriskua badakar osasun publikorako edo animalien osasunerako. Kasu horietan, guztizko murrizketa ez da izanen %10etik gorakoa.

–Ez-betetze bat gutxienez errepikatu bada, nahi gabe egina izan arren, murrizketaren ehunekoa ez da izanen %20tik gorakoa.

–Ez-betetze bat gutxienez nahita egin bada, murrizketaren ehunekoa ez da izanen %100etik gorakoa.

Zortzi.–VI. eranskina gehitzen zaio urtarrilaren 17ko 7/2022 Foru Aginduari. Honela idatzita geldituko da:

VI. ERANSKINA.–GIZARTE-BALDINTZAZKOTASUNAREN EZ-BETETZEAK EBALUATZEKO ETA ZIGORRAK KALKULATZEKO IRIZPIDEAK ETA PROZEDURA

Honako hauek dira gizarte-baldintzazkotasunaren arloko agintaritza eskudunak Nafarroan, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 87. artikuluan ezarritakoarekin eta abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuaren 18.2, 19.2 eta 19.3 artikuluetan xedatutakoarekin:

–Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia. Agintaritza horri dagokio lan-arloko eta laneko arriskuen prebentzioko zehapen-prozedurak izapidetzea eta ebaztea.

–Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia. Agintaritza horri dagokio zigorrak zehaztea eta aplikatzea, laguntzen onuradunek gizarte-baldintzazkotasunaren arloko beharkizunak urratzen dituztenean.

A. Gizarte-baldintzazkotasunagatiko zigorrak aplikatzea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 88. artikuluaren arabera, zigorrak aplikatuko zaizkie urte naturalaren edozein unetan gizarte-baldintzazkotasunaren beharkizunak betetzen ez dituzten onuradunei. Zigor horiek aplikatuko dira soilik baldin eta onuradunari zuzenean egozten ahal bazaio ez-betetzea eragin duen egitea edo ez-egitea, eta baldintza hauek betetzen badira:

–Ez-betetzeak lotura izatea laguntzen onuradunaren nekazaritza-jarduerekin.

–Ez-betetzeak ustiategiari eragitea, aintzat hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. puntuko definizioa, edo laguntzen onuradunak kudeaturiko beste azalera batzuei, estatu kide bereko lurraldearen barnean daudenean.

–Lan-agintaritza eskudunak administrazio-bidean irmo zehatu izana ez-betetze horiek.

Horrenbestez, gizarte-baldintzazkotasunagatiko zigorra ezarri behar zaie foru agindu honen 1. artikuluko onuradun guztiei, baldin eta lan-agintaritza eskudunak zehatu baditu gizarte-baldintzazkotasunaren arloko arauak ez betetzeagatik, zuzeneko nekazaritza-jarduerari dagokionez nahiz onuradunak kudeaturiko eremuetako ekoizpenetan egiten dituen tratamenduei dagokienez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 89. artikuluaren arabera, zigorrak aplikatzeko, onuradunei emandako edo eman beharreko ordainketen guztizko zenbatekoa murriztuko da edo laguntzak bertan behera utziko dira, ez-betetzea egiaztatu den urte naturalean aurkeztu diren edo aurkezten diren laguntza-eskaerei dagokienez.

Hala ere, ez-betetzea gertatu den urte naturala zehaztu ezin denean, ez-betetzea egiaztatu den urte naturalean emandako edo eman beharreko ordainketetan oinarrituta kalkulatuko dira zigorrak.

Zigor horiek kalkulatzeko, kontuan hartuko dira egiaztatutako ez-betetzearen astuntasuna, hedadura, iraupena, errepikapena eta asmoa.

Zigorra ezarriko da soilik baldin eta administrazio-bidean irmo zehatutako ez-betetze bat detektatzen bada, ez-betetzea gertatu zen urtetik (hura barne) hiru urte naturaleko epean.

Ez-betetze bera gertatzen bada behin eta berriz zenbait urte naturaletan, eta administrazio-bidean zehapen irmoa jaso badu, zigor bat aplikatuko da ez-betetzea gertatu den urte natural bakoitzeko.

Agintaritza zehatzailearen jakinarazpenak erakunde ordaintzailera iristen badira laguntzen ordainketa egin ondoren, eta ez-betetzeengatik zigorrak aplikatu behar badira, zenbateko horiek berreskuratu eginen dira, bidegabeko ordainketa gisa edo konpentsazio bidez.

B. Gizarte-baldintzazkotasunaren arloko ez-betetzeen zigorrak kalkulatzea.

Erakunde ordaintzaileak zehaztuko du, lan-arloan zehatzeko eskumena duen agintaritzak jakinarazitako informazioa oinarri hartuta, zer zigor dagokion onuradun bakoitzari gizarte-baldintzazkotasunagatik.

Zigorrak kalkulatzeko, zenbait inguruabar hartuko dira kontuan, ez-betetzearen astuntasunaren, hedaduraren, iraupenaren, errepikapenaren eta asmoaren arabera, lan-arloko agintaritza eskudunek zehapen-espedienteetan ezarritakoari jarraikiz. Hona hemen inguruabar horiek:

–Onuradun batek administrazio-bideko zehapen irmoa jasotzen badu zehapen-espediente baten bidez, erakunde ordaintzaileak murrizketa-ehuneko bat ezarriko du, kontuan hartuta nolako tipifikazioa zehaztu duten zehapen-organoak espedientean. Espediente berean tipifikazio bat baino gehiago badaude, astunena hartuko da kontuan.

–Gizarte-baldintzazkotasunaren beharkizunak ez betetzearen tipifikazioa arina bada, zigorraren ehunekoa %1 izanen da; langileen osasunean eragina izan badu, zigorraren ehunekoa %3 izanen da.

–Gizarte-baldintzazkotasunaren beharkizunak ez betetzearen tipifikazioa astuna bada, zigorraren ehunekoa %3 izanen da. Hala ere, nahi gabe egindako ez-betetze batek eragina izan badu langileen osasunean, zigorraren ehunekoa %5 izanen da.

–Gizarte-baldintzazkotasunaren beharkizunak ez betetzearen tipifikazioa oso astuna bada, zigorraren ehunekoa %5 izanen da. Nahi gabe egindako ez-betetze batek eragina izan badu langileen osasunean, zigorraren ehunekoa %7 izanen da.

–Ez-betetze bera behin errepikatzen bada ondoz ondoko hiru urte naturaletan, zigorraren ehunekoa %10 izanen da. Onuradunak ez-betetze bera gehiagotan errepikatzen badu justifikatutako arrazoirik gabe, halakoak nahita egindako ez-betetzetzat hartuko dira.

–Ez-betetzea nahita egin bada, zigorraren ehunekoa %15 izanen da.

–Onuradun batek administrazio-bideko zehapen irmoa jasotzen badu zehapen-espediente batean baino gehiagotan, lan-agintaritza batek edo gehiagok espedientea abiarazi ondoan, gizarte-baldintzazkotasunaren zigorrik handiena dakarren zehapen-espedienteko murrizketa aplikatuko da, kontuan hartuta espedienteko zehapen-organoak zehaztu duen balorazioa.

–Aurrekoa gorabehera, ez-betetze bera ondoz ondoko hiru urtetan gertatzen bada, oso astuntzat tipifikatuta badago, eta gainera langileen osasunari eragin badio, agintaritza eskudunek bertan behera utziko dituzte onuradunaren ordainketa guztiak, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 89.1 artikuluan ezarritakoarekin.

Murrizketa-ehunekoen laburpen-taula:

ASTUNTASUNA

ZIGORRAREN EHUNEKOA

1. ALDIZ EGIAZTATZEA

ZIGORRAREN
EHUNEKOA
2. ALDIZ EDO GEHIAGOTAN
EGIAZTATZEA

ASMOA

ZIGORRAREN EHUNEKOA
ONDOZ ONDOKO
3 URTETAN EGIAZTATZEA
ETA LANGILEEN OSASUNARI ERAGIN IZANA

EZ ZAIO ERAGIN
LANGILEEN
OSASUNARI

LANGILEEN
OSASUNARI
ERAGIN ZAIO

ARINA

%1

%3

---

%15

ASTUNA

%3

%5

%10

%15

OSO ASTUNA

%5

%7

%10

%15

%100

Xedapen gehigarri bakarra.–Foru agindu honen bidez urtarrilaren 24ko 7/2024 Foru Aginduan egindako aldaketek ondorioak izanen dituzte 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta egun horretatik aurrera aplikatzen ahalko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2025eko abenduaren 19ko 2025/2649 (EB) Erregelamendua garatzeko araua baita, eta erregelamendu hori 2026ko urtarrilaren 1ean jarri baitzen indarrean. Haren bidez, 2021/2115 (EB) Erregelamendua aldatu egin zen, baldintzazkotasun-sistemari, zuzeneko ordainketa bidezko esku-hartze motei, sektore jakin batzuetako esku-hartze motei eta landa-garapenari eta errendimenduaren urteko txostenei dagokienez, baita 2021/2116 (EB) Erregelamendua ere, ordainketak eteteari, errendimenduaren urteko likidazioari eta kontrol eta zehapenei dagokienez.

Azken xedapena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, xedapen gehigarri bakarrean ezarritako ondorioekin.

Iruñean, 2026ko irailaren 7an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2612065