185. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARIBARKO BATZORDE NAGUSIA

Ordenantza, arautzen dituena pista eta bide publikoen erabilera eta haien gaineko mantentze-, zaintze- eta hobetze-lanengatik ordaindu beharreko tasa. Behin betiko onespena

2026ko apirilaren 27ko bilkura berezian, hasiera batez onetsi zen aldatzea Erronkaribarko Mankomunitatearen araubideari buruzko ordenantzak.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2026ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 2an, eta Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren iragarki-taulan, eta inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Erronkarin, 2026ko abuztuaren 26an.–Batzordeburua, Amparo Viñuales Galé.

ORDENANTZA, ERRONKARIBARKO MANKOMUNITATEAREN PISTA
ETA BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ETA HAIEN GAINEKO MANTENTZE-,
ZAINTZE- ETA HOBETZE-LANENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASA
ARAUTZEN DITUENA

Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Erronkaribarko natura-ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Xede horrekin Erronkaribarko Batzorde Nagusiak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoen erabilera arautzea indarra duen araudiarekin bat, baita tasa bat ezartzea ere haiek erabiltzeagatik.

2. artikulua. Pisten kategoriak.

Erabilera nagusia zein duten, Erronkaribarko pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

a) Pista nagusiak, mendi alde handietara ailegatzeko erabiltzen direnak. Askotariko arloetan erabiltzen dira: basogintza, abeltzaintza, ehiza, produktu espontaneoen aprobetxamendua, kirola eta turismoa. Pista nagusiak hauek dira: Uztarrozeko mugapean, Amuku, Burgiarte eta Olerreko pistak eta Lazako pista (Laza-Portillo de Hilarión tartea). Izabako mugapean, Maze, Mintxate eta Berruetako pistak. Urzainkiko mugapean, Urralegi, La Corona eta Santa Barbarako pistak. Erronkariko mugapean, Ibarra eta Arnizkiriako pistak. Gardeko mugapean, Saiora eta Ganbuluzeko pistak. Burgiko mugapean, Sasiko pista. Bidankozeko mugapean, Ekimineko pista. Erronkariko eta Bidankozeko mugapeetan, Anzkako pista edo Erronkari eta Bidankoze lotzen dituen basabidea. Kategoria honetan sartuko dira etorkizunean ibarrean egiten diren pistak, aipatu diren erabileretariko bat badute.

b) Adarrak eta egurra ateratzeko bideak, sareko egitura meheena osatzen dute; helburu bakarra izan ohi dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Horietako asko noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta luzaroan egoten dira ibilgailuak sartu ezin direla.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak begiratuko du 2.a). artikuluan zehazten diren pistak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. 2.b) artikuluan definitu direnei dagokienez –adarrak eta egurra ateratzeko bideak– Erronkaribarko Batzorde Nagusiak behar diren neurriak hartuko ditu horiek eraiki dituztenek, zura ateratzea bukatu ondoan, behar diren ur mozketak eta bestelako jarduketak egin ditzaten, luiziak eta lur-jausiak eragozteko.

4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Erronkaribarko mendietako pista nagusietan, adarretan eta egurra ateratzeko bideetan, debeku da ibilgailu motordunak ibiltzea baimenik gabe, bai erabilera partikularrekoak bai nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin, ehizarekin edo turismoarekin zerikusia dutenak.

Debeku da betiere pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin, ehizarekin eta turismoarekin edo baimentzen diren bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailu behar bezala baimenduak. Orobat debeku da ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.

5. artikulua. Pistak erabiltzeko araubide orokorra.

2.a) artikuluan zehaztutako pistak zertarako diren, hartarakoxe erabiliko dira, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, bideetan kalte egiten dutenak edo trafikoaren segurtasunaren kontrakoak.

a) Debeku da arras pista horietan barna basogintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, baita kate bidezko ibilgailuen joan-etorria ere, non eta ez diren pistak berak garbitu eta hobetzeko erabiltzen direnak edo udalek eta partikularrek beren finketan obrak edo hobekuntzak egiteko erabiltzen dituztenak.

b) Bide, pista nahiz areketan debeku da lurra, harriak, hondakin mota guztiak eta nekazaritzako edo basogintzako produktuen hondarrak bota edo uztea.

c) Bide, pista eta haien inguruko aparkalekuetan debeku da nekazaritzako, basogintzako edo bestelako produktuen hondarrak erretzea.

d) Espresuki debeku dira lehiaketak eta lasterketak, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak baimendu ez baditu, baita paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, aziendarentzat eta basa faunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen gidatzeko modu bortitz guztiak. Salbuespenez, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak baimentzen ahal ditu motorrezko lehiaketa ofizialak eta taldeka antolatutako jarduera turistikoak.

e) Errespetatu beharko dira 2.a) artikuluan zehaztutako pistetarako pisuaz eta kargaz den bezainbatean adierazten diren mugak; inoiz ezin izanen dira 35 tona baino gehiago izan.

6. artikulua. Baimentzeko prozedura.

a) Baimenen eskabideak Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren Idazkaritzan aurkeztu behar dira, ofizialki ezarritako ereduan; haietan datu pertsonalak, ibilgailuen gainekoak eta eskatzen den baimen motari dagozkionak emanen dira.

b) Erronkaribarko herrietako bizilagunek dute baimena eskatzeko eskubidea, baita beren ibilgailuak erabili beharra arrazoitzen duten beste pertsona batzuek ere, betiere Erronkaribarko Batzorde Nagusiak ordenantza honetan ezartzen duenari jarraikiz.

c) Batzordeburuak ebatziko ditu baimen eskaerak, eta horiek ondorioak sortuko dituzte dagokion tasa ordaintzen denetik aurrera.

d) Baimena gauzatzeko, banakako txartel bat emanen da ibilgailu edo jarduera ekonomiko bakoitzeko, kasuan kasukoa, 18. artikuluan aurreikusten diren kasu eta moten arabera. Ibilgailu baimenduen erregistroa sortuko da, eta hari dagozkion zergadunen errolda ere bai. Errolda horretako hasierako sarrera ofizioz eginen da, baimena eman ondoren.

e) Aurreko apartatuan aipatutako erroldako subjektu pasiboek bajen eta aldaketen aitorpenak egin beharko dituzte; bajak eta aldaketak zer urtean egin diren, urte horren barruan aurkeztu beharko dute aitorpena. Horiek ondorioak sortuko dituzte artikulu honetako c) apartatuan ezarritakoaren arabera. Salbuespena izanen dira tasaren sortzapena, likidazioa eta ordainketa; horietarako ordenantza honen 19. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

f) Erronkaribarko herrietako bizilagunek eskaera aurkez dezakete, baita gainerako pertsonek ere, arrazoiak ematen badituzte euren ibilgailuak erabiltzeko beharra badutela, Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren web-orrian "pasea" izeneko baimen berezia izateko, egun bakar baterako nahiz hainbatetarako, baina betiere hilabetetik behera.

7. artikulua. Baimen orokorra emateko eskumena.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiko buruak emanen du Erronkaribarko pistetan barna ibiltzeko baimena, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Baimenek –salbu eta web-orriaren bidez erosten diren paseak– urte bakoitzeko abenduaren 31 arte izanen dute balioa, eta hurrengo urtea arte luzatutzat joko dira baldin eta baja edo ofiziozko baja emateko deklaraziorik egin ez bada.

Web-orriaren bidez erosten diren paseak baliozkoak izanen dira erabiltzaile bakoitzak erosketaren unean aukeratzen duen aldian. Nahitaez egin beharko da beste erosketa bat pasearen indarraldia luzatzeko edo aldatzeko.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen joan-etorria, beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, basozain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako egoera batzuk ere aintzat har daitezke, esaterako: herri lanak, interes publikoko edo orokorreko jarduerak –Administrazio Publikoek edo horien entitate instrumentalek sustatuak–, larrialdi kasuak, istripuak, hondamendiak, etab.

9. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Erronkaribarko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro/ordu izanen da.

10. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera.

Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari, azienda eta basa faunari trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, bai eta azienda lokabea hurbil dabilenean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez begiratzeagatik pistetan egiten dituzten kalteen erantzukizuna.

12. artikulua. Pisten inbentarioa eta mapa.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak 2. artikuluko pista guztien eta haien kategorien inbentarioa eguneratuko du etengabe. Inbentario horrek balio izan dezake pista bakoitzerako tona kopuru eta gehieneko abiadurak zehazteko, 5 eta 9. artikuluetako muga generikoaz landa.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak edo astunak izan daitezke.

Arau-hauste arinak izanen dira:

a) Oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatutakoa hausten duen egite edo ez-egite oro, edo, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak bandoen eta ebazpenen bidez idatziz ematen dituen aginduen kontra doana, bai eta ordenantza honetan aipatzen diren baimenak ez eskatzea ere, betiere ez badira berariaz arau-hauste astuntzat hartzen.

Arau-hauste astuna izanen da:

a) Aipaturiko pistetan barna basogintzako eta eraikuntzako produktuak herrestan eramatea, bai eta kate bidezko ibilgailuek zirkulatzea ere, non eta ez diren pistak berak garbitu eta hobetzeko erabiltzen direnak edo Erronkaribarko Batzorde Nagusiak eta partikularrek beren finketan obrak edo hobekuntzak egiteko erabiltzen dituztenak.

b) Bide, pista, areka nahiz ubideetan utzi edo botatzea lurra, harriak, hondakin mota oro eta basogintzako, nekazaritzako, abeltzaintzako edo beste mota bateko hondarrak.

c) Bide eta pistetan, eta haien inguruko aparkalekuetan, erretzea basogintzako, nekazaritzako edo abeltzaintzako produktuen hondar mota oro.

d) Lehiaketak eta lasterketak egitea, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak baimendu ez baditu, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, aziendarentzat eta basa faunarentzat arriskugarriak izan daitezkeen gidatzeko modu bortitz guztiak. Salbuespenez, Erronkaribarko Batzorde Nagusiak baimentzen ahal ditu motorrezko lehiaketa ofizialak eta taldeka antolatutako jarduera turistikoak.

e) Ez errespetatzea 2.1.c) artikuluan zehaztutako pistetarako pisuaz eta kargaz adierazten diren mugak; ez dira inoiz izanen 35 tonatik gorakoak.

f) Arekak eta bideak goldatzea.

g) Basogintzako, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan, ezponden ondo-ondoan aritzea, lubetaren lurra erauzteraino. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

h) Zuhaitzak landatzea edo finken itxiturak egitea, gorde gabe bidearen kanpoko ertzetik 3 metroko zortasun eremua, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 111.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

i) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metrora baino gutxiagora.

j) Nekazaritza-lanabesak edo bestelako makinak garraiatzea, lurretako zolaren kaltetan bada.

k) Pertsonen eta ibilgailuen joan-etorri librea eragoztea Erronkaribarko Batzorde Nagusiak kudeatutako pista eta bide publikoetan.

l) Pertsona batek edo basogintzako, nekazaritzako nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

14. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetako arau-hausteak zehatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Zehapenak ez dira 300 eurotik gorakoak izanen.

a) Arau-hauste arinek 60,00 eta 150,00 euro bitarteko isuna izanen dute.

b) Arau-hauste astunek 150,01 eta 300,00 euro bitarteko isuna izanen dute.

Arau-hauste astunen bat eginez gero, gerta liteke zehapena izatea, orobat, baimena kentzea aldi batez (gehienez ere, urtebetez), betiere ez-betetzearen astuntasuna kontuan hartuta.

Kaltetutako ondasuna konpontzeko edo lehengoratzeko gastuak gehituko zaizkie isunei.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

15. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen prozedura Erronkaribarko Batzorde Nagusiaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea, eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instrukzio-organoak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian honako alderdi hauek zehaztuko dira:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala badagokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera batzordeburuari igorriko dio. Batzordeburua, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen-prozedura bukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu. Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa. Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari bukaera ematen badio.

Zehapen-prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahalko da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

16. artikulua. Tasaren zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea honako hau da:

a) Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoen erabilera eta haien gaineko mantentze-, zaintze- eta hobetze-lanen zerbitzu publikoa egitea.

b) 18. artikuluan aipatzen diren subjektu pasiboek pistak maizago eta modu berezian erabiltzea.

17. artikulua. Salbuespenak.

8. artikuluan aipatzen diren ibilgailuak tasa ordaintzetik salbuetsirik daude.

18. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak, eta orobat nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen dutenak, baldin eta:

1.–6. artikuluan aurreikusitako baimena eskatzen duten ibilgailuen titularrak badira eta erabilera hauek egiten badituzte:

a) Basogintzako produktuak bide eta pista horietatik ateratzeko egiten diren joan-etorriak, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira.

b) Epaitzen aprobetxamendua.

c) Eraikuntzako materialak, ondasunak eta ekipoak pista eta bide horietan barna garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

d) Makina handiak bide eta pista horietan barna garraiatzea eta/edo ibiltzea: besteak beste, kamioiak, furgoiak edo furgonetak, trakzio-kamioiak, atoiak, atoi erdiak, ibilgailu artikulatuak, errepide-trena, ibilgailu egokituak, ibilgailu misto moldagarriak, ibilgailu bereziak, obra-traktoreak, obra-makina autopropultsatua edo atoikoa, zerbitzu-traktorea, gurdi traktorea, zerbitzu-makina autopropultsatua edo atoikoa, dunperra, garabiak, hormigoi makina, hondeamakinak, atzera-hondeamakinak, pala kargatzaileak, nibelatzeko makina, trinkotzaileak, zisterna-ibilgailuak, lohi-ateragailuak, transformazio-estazio mugikorrak eta abar.

e) Ibilgailuen joan-etorria, jostetarako, turismorako edo ehiza aprobetxamenduetarako.

f) Ibilgailuen ibilia, nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan edo oro har jarduera ekonomiko batean aritzeko.

2.–Ibarrean kokatuak izan ala ez, jarduera ekonomikoen titularrak, horietan aritzeko beharrezkoa baldin bada Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoetan maiz ibiltzea titularrarenak ez diren ibilgailuetan. Kasu honetan, txartel bakarra emanen da jardueraren titular bakoitzeko, jarduera hori ustiatzera bideratutako garraio eta hornidura guztietarako, baldin eta lan horiek ez badira egiten titularraren ibilgailu batekin (artikulu honen 1. apartatuko letretan jasotako ibilgailuak).

19. artikulua. Tributu kuota.

Erronkaribarko Mankomunitatearen pista eta bide publikoetan mantentze-, zaintze- eta hobetze-lanen zerbitzua egiteagatik eskatu beharreko tributu kuota tarifen eranskinean xedatzen denari jarraikiz zehaztuko da.

20. artikulua. Sortzapena, likidazioa eta diru-bilketa.

a) Tasa honengatik eskatzen diren kuotak sorrarazi, likidatu eta bilduko dira, lehenbizikoz, baimena ematen den unean eta hortik aitzina ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1ean sorraraziko dira eta urteko lehen hiruhilekoan likidatu eta bilduko dira, horretarako ordainagiri helbideratua erabiliz. Salbuespena izanen dira web-orriaren bidez erosten diren paseak.

b) Tasak, salbu eta Izabako eta Erronkariko turismo bulegoetako arduradunek bildutakoak, ez dira hainbanatuko urtebetetik beherako aldietan, altak, bajak edo aldaketak noiz gertatzen diren gorabehera.

21. artikulua. Fidantza.

Profesionalek zuraren garraioa eta etxerako epaitzen salmenta egiten dutenean, fidantza ordainduko da aintzat hartuta Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren edo organo eskudunaren markaketa-orrietan –horren ondoriozko baso-aprobetxamendu partikularren emakida erabakietan jasota dauden horietan– adierazitako bolumena.

Erronkaribarko Batzorde Nagusiak kudeatutako pista eta bideetatik partikularrek baso-aprobetxamendua ateratzeko baimena ematen duen batzordeburuaren ebazpenean adieraziko dira horri dagokion tasa eta utzi beharreko fidantzaren zenbatekoa.

Fidantza ustiategiaren jabeak jarri beharko du, eta ateratzen diren m3-ekiko proportzionala izanen da, ondoren adierazten den taularen arabera. Jarduera hasi aurretik jarriko da fidantza, batzorde honen kontuan diru-sarrera eginez, banku-abalaren edo taloi adostuaren bitartez edo indarreko legedian ezarritako moduetako edozein baliatuz.

Fidantza ezartzen da lanak ongi eginen direla segurtatzeko, eta ez da likidatuko Batzordeak egiaztatu arte lanak modu egokian gauzatu direla eta bideak eta mendiko pistak egoera onean gelditu direla.

Fidantzaren itzulketa idatziz eskatuko zaio Erronkaribarko Batzorde Nagusiari, eta bertan adieraziko da lanak burutu direla eta, kasua bada, eragindako kalteak konpondu direla.

Batzordeburuak, Abeltzaintza, Basogintza, Ingurumen eta Errege Bardeako Batzordeak balorazioa egin ondoren, eta, kasua bada, ibarreko basozainaren txostena ikusi ondoren, ebazpena emanen du, non arrazoiak emanen baititu fidantza itzuli ala ez erabakitzeko. Ebazpena ezezkoa bada, Batzordeak interesdunari jakinaraziko dizkio egin beharreko konponketak, eta horiek epe jakin batean egiteko eskatuko dio. Alegazioetarako epea emanen dio. Ezezkoa izaten jarraitzen badu, konponketak egiteko epe bat ezarriko dio Batzordeak interesdunari. Epe horretan konponketak egiten ez baditu, Batzordeak berak eginen ditu lizentziaren titularraren kontura, eta haiei dagokien zenbatekoa kenduko du fidantzatik.

Utzitako fidantzak ez baditu estaltzen zuzenean edo zeharka eragindako kalteak konpontzeko gastuak, Batzordeak horren ondoriozko erantzukizuna eskatuko du eta espedientea irekiko dio interesdunari, fidantzak estaltzen ez dituen zenbatekoak erreklamatzeko.

Udalak egindako konponketen kostua fidantzaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, Batzordeak gainerako zenbatekoa itzuliko dio interesdunari.

METROAK

ZENBATEKOA
(euroak)

15 m³ arte

Salbuetsirik

15-44 m³

150,25

45-134 m³

450,75

135-299 m³

692,00

300-399 m³

1352,00

400-499 m³

1653,00

500-599 m³

2104,00

600-699 m³

2404,00

700-799 m³

3005,00

800-899 m³

3456,00

900-999 m³

3907,00

1000-1199 m³

4508,00

1200-1399 m³

5108,00

1400-1599 m³

5710,00

Batzorde honi ordaindu beharreko fidantza urtean 5.710,00 euro izanen da gehienez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala.

Ordenantza hou 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ibilgailuen joan-etorria, jostetarako, turismorako edo ehiza aprobetxamenduetarako.

1.1. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturiko ibilgailuak, ibarreko udalerriren batean erroldaturiko titular batenak direnak: 12,50 euro urtean.

1.2. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturiko ibilgailuak, ibarreko udalerriren batean erroldatu gabeko titular batenak direnak: 25 euro urtean.

1.3. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribatu gabeko ibilgailuak, ibarreko udalerriren batean erroldaturiko titular batenak direnak: 25 euro urtean.

1.4. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribatu gabeko ibilgailuak, ibarreko udalerriren batean erroldaturiko titular batenak ez direnak: 60 euro urtean.

1.5. Ibarreko udalerrietako trakzio mekanikoko ibilgailuen zergarako erregistroren batean inskribaturik dauden edo ez dauden ibilgailuak, titularra Erronkaribarko herrietakoren batean erroldatua egon ala ez, ibarreko mendietan jabetzak badituzte: 25,00 euro urtean.

2. epigrafea.–Ibilgailuen joan-etorria, jarduteko nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan edo oro har jarduera ekonomiko batean, modu iraunkorrean, traktoreak barne.

2.1. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturiko ibilgailuak, ibarreko udalerriren batean erroldaturiko titular batenak direnak, haien jarduera ekonomikoa ere udalerri horietariko batean kokaturik badago (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Erregistroa): 10,00 euro urtean.

2.2. Ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribatu gabeko ibilgailuak: 20,00 euro urtean.

3. epigrafea.–Ibilgailu astunak.

3.1. Basogintzako ustiapenetatik heldu den egurra garraiatzeko ibilgailu astunak, ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturik egon ala ez: Nafarroako Gobernuak emandako baso-aprobetxamenduaren baimenean adierazitako metro kubiko bakoitzeko, 0,40 euro.

3.2. Eraikuntzako materialak, makina astunak, ondasunak eta ekipoak eramaten dituzten ibilgailuen joan-etorria, ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturik egon ala ez: 30,00 euro urtean.

3.3. Abeltzaintzako ustiategietara edo bestelako jarduera ekonomiko batera produktuak garraiatzeko ibilgailu astunen joan-etorria, ibarreko udalerrietan trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaz dauden udal erregistroetako batean inskribaturik egon ala ez: 30,00 euro urtean.

4. epigrafea.–Ibilgailu motordunen joan-etorriak, egun batekoak nahiz denbora labur batekoak, helburua baldin bada aisia, turismoa, kirola, ehiza aprobetxamenduak edo aprobetxamendu espontaneoak, nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jarduerak eta, oro har, izaera ekonomikokoak.

4.1. Erronkaribarko bizilagunen ibilgailuak, edo gainerako pertsonenak, arrazoitzen badute ibilgailuak erabiltzeko beharra dutela, egun baterako nahiz denbora tarte labur baterako: 10 euro/eguna (20,00 euro/astea; 40 euro/hilabetea).

Iragarkiaren kodea: L2611524