185. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDIAIN

Ordenantza fiskala, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Urdiaingo Udalak, 2026ko maiatzaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Erabakia jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaraturik 2026ko 126. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 30ean, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Urdiainen, 2026ko irailaren 4an.–Alkatea, David Carmelo Oroz Alonso.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Urdiaingo udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.

3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona, jarraikiz maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari (Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legea).

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa

8. artikulua.

1. Karga-tasa izanen da Udalak osoko bilkuran onesten duena ekitaldi bakoitzerako, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribaturik dagoen lehenengo eta bigarren urteetarako. Horietan, karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du:

–%0,25 eta %0,50 artean lehen urterako.

–%0,50 eta %1 artean bigarren urterako; hirugarren urterako eta hurrengoetarako %1,5 izanen da.

2. Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1. Zerga lehen aldiz sortuko da ebazpen bat ematen denean deklaratzen duena etxebizitza hutsik dagoela.

2. Gero, zerga-urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3. Kuotak sei hiletik behin izanen dira, seihileko naturalen arabera, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuzkoak.

4. Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Urdiaingo Udalak eguneratuta edukiko du Etxebizitza Hutsen Udal Errolda, kontuan harturik Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak. Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz emanen dio Udalari alta eta baja horien berri.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-agirien igorpenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek, behin betiko onetsita 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu lege beraren 326. artikuluan xedatuarekin bat, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta iragaten denean Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki-erakundeei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea.

Iragarkiaren kodea: L2611979