2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Lehiaketa, gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliei buruzko Iruñeko Udalaren programa abian jartzeko
Iruñeko Udalak lehiaketa baterako deia egiten du, horren bitartez informazio-korrespontsaliak abiarazteko Iruñeko gazteen guneetan (ikastetxe, ikastetxe nagusi, ikasle-egoitza eta gazteen topagune diren beste toki batzuetan).
Lehena.
Lehiaketa honen xedea da hautatzea "Gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien" programan parte hartuko duten Iruñeko "gune laguntzaileak".
Programaren bitartez "gune laguntzaile" bakoitzeko bi gaztek ardura hartzen dute beren gunean egoten diren gazteendako interesgarri izaten ahal den informazioa helarazteko, betiere Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta. Informazioa hedatzeko, informazio-panel bat eguneratu behar dute, arreta pertsonala eman nork bere gunean, informaziorako plataforma birtual bat kudeatu eta informazioa hedatzeari loturiko beste zeregin batzuk bete.
Bigarrena.
2026-2027ko ikasturtean "gune laguntzaile" gisa programan parte hartzeko eskaera bidali behar da, posta elektroniko bidez, corresponsales@casajuventud.com helbide elektronikora. Izena emateko muga-eguna 2026ko irailaren 25a izanen da. Behin izena emateko epea amaituta, mezu elektroniko bat bidaliko da eskatzaileek programan parte hartuko dutela berresteko eta hautatutako bikote berriemaile gisa arituko direnen izenak bidaltzeko epeak gogorarazteko, besteak beste.
Hirugarrena.
Gazteen gune-mota hauek hartzen ahalko dute parte programan:
A. 14 eta 30 urte bitarteko ikasleak dituzten ikastetxeak.
B. Ikastetxe nagusi eta ikasle-egoitzak, baldin eta bertan 14 eta 30 urte bitarteko gazteak hartzen badira batez ere.
C. Gazteen guneak, horiek ulertuta gazteriarekin loturiko programak -Udalarenak edo beste edozein administrazioarenak- egiten diren leku gisara.
D. Ofizialki eratutako gazte-elkarteen lokalak.
Programan parte hartzeko, guneek Iruñeko udal-mugartean egon behar dute kokaturik.
Aurtengo ediziorako, gehienez 60 gune laguntzaile izanen dira, eta izen-ematearen hurrenkeraren arabera onartuko dira.
Laugarrena.
Behin Udalak berretsita "gune laguntzaile" izaera, gazteen gune bakoitzak lehen aukeraketa bat egin beharko du programa garatuko duen bikote berriemailea hautatzeko. Gune bakoitzak Iruñeko Udalari jakinaraziko dizkio, 2026ko urriaren 9a baino lehen, behin-behinean hautatu dituen bikotekideen datuak, behin betiko hautatuak izan daitezen, eta Udalak erabaki horren berri emanen dio gune laguntzaileari.
Bosgarrena.
Gazte parte-hartzaileen lehen aukeraketa hautatutako guneek eginen dute, hautaketa-prozesu baten bidez. Prozesu horretan, gune bakoitzak askatasunez aukeratuko du bikotea, zenbait parametro kontuan hartuta, hala nola trebetasun pertsonalak eta sozialak edo gune laguntzaile bakoitzari egokiak iruditzen zaizkion beste batzuk.
Seigarrena.
Hautatutako berriemaileek astero joan beharko dute Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegora, gazte-berriemaile gisa egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa egite aldera. Prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute programa garatzen duen lantalde teknikoaren eskutik, eta informazioa kudeatu eta hainbat euskarriren bitartez hedatzeko ardura hartuko dute bere gain, barne hartuta gune laguntzaileetan paratuko diren panelen kudeaketa, bai eta beste bitarteko birtualena, webgune edo sare sozialena, besteak beste. Proiektu honetan parte hartzeak ez du lan- edo boluntariotza-harremanik sortzen Iruñeko Udalarekin.
Zazpigarrena.
Gune laguntzaileek aukeratutako taldeek konpromiso hauek hartuko dituzte:
–Gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliaren proiektua abian jartzea eta proiektuari eustea, bat etorriz gune bakoitzak Gaztediaren Etxeko Udalaren Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik prestatutako proiektuan proposatutakoarekin.
–Egitekoa non gauzatu eta bertako informazio gunearen zereginetan aritzea 2026ko urriaren azken astetik 2027ko maiatzaren 28ra bitarte.
–Men egitea Gaztediaren Etxeko lantalde teknikoak egiten ahal dituen egiaztapen-jarduketa orori.
Zortzigarrena.
Programan parte hartzea kontuan hartzen ahalko da ondoren sari-deialdi publikoren bat egiten bada. Deialdi hori onesten bada eta kreditu egokia eta nahikoa badago, berariazko oinarrien arabera arautuko da, eta ez da inolako eskubiderik edo diru-konpromisorik sortzen deialdi honen bidez.
Bederatzigarrena.
Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oso-osorik onartzea oinarri hauek eta lehiaketaren antolatzaileek haiek interpretatu eta aplikatzeko hartzen ahal dituzten erabakiak.
Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, men eginen zaie Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduari.
Iruñeko Udala da botere publikoez baliatuz Udalak antolatutako gazte-jardueretan eta -programetan parte hartzeko kudeaketa gauzatzeko xedez erabiliko diren datu pertsonalen arduraduna. Eskubidea duzu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko –zuzenak ez badira–, horiek ezabatzeko eta bestelako eskubideak gauzatzeko Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia 2, 31001, Iruña) edo egoitza elektronikora joz. Datuen tratamendu-zerrenda eta informazio osagarria www.pamplona.es/eu webgunean kontsultatzen ahal dituzu. Gune laguntzailearen betebeharra da korrespontsalei jakinaraztea xede horretarako Udalari beren datuak eman behar dizkiotela, klausula honetan aurreikusitako informazio-betebeharra betez.
Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:
–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Auzialdiko Auzitegiko auzien atalari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.
Iruñean, 2026ko irailaren 9an.–Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorreko zinegotzi ordezkaria, Mikel Armendariz Barnechea.
Iragarkiaren kodea: L2612090