Iragarkia
185. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MILAGRO
Oposizio-lehiaketa, udal instalazioen garbitzaile plaza bat betetzeko
Alkatetzaren abuztuaren 27ko 2026-0393 Ebazpenaren bidez, deialdi baten oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko udal instalazioen garbitzaile plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean, Milagroko Udalaren zerbitzukoa. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira oinarriok.
Deialdi hau eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari:
OINARRIAK.–DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO UDAL INSTALAZIOEN GARBITZAILE PLAZA BAT, LAN-KONTRATUDUN FINKOEN ARAUBIDEAN, MILAGROKO UDALAREN ZERBITZUKOA
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez eta txanda irekian betetzea udal instalazioen garbitzaile plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean, Milagroko Udalaren zerbitzukoa.
1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Milagroko Udaleko lan-kontratudun finko bihurtuko da, ondorio guztietarako, plazaz jabetzen den egunetik hasita. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien E mailako ordainsariak, bai eta Udalaren plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.4. Lanaldi osoan jardun beharko da. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.
1.5. Honako eginkizunak beteko ditu: garbiketa eta desinfekzio lanak egitea eta ordena mantentzea Udalaren eraikin eta instalazioetan, Udalak izan ditzakeen premien arabera. Orobat, horien antzeko edozein lan egin beharko du, dagokion zerbitzuaren beharren arabera.
2.–Betekizun orokorrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskola Ziurtagiriaren edo baliokidearen jabe izatea.
Atzerrian lortutako tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Plaza eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek deialdi honen I. eranskineko eredua erabili behar dute eskabidea aurkezteko, eta eskabide orokor gisa bidali Milagroko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://milagro.sedelectronica.es), horretarako baliatuta berariaz sortutako izapidea. Aurrez aurre ere aurkezten ahal dute eskabidea, Milagroko Udalaren erregistro orokorrean, 10:00etatik 13:30era.
Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabideak Milagroko Udalaren erregistro orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16,4. artikuluan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea), eskatzaileek eskabidearen kopia igorri beharko dute ayuntamiento@milagro.es helbide elektronikora, dena delako erregistroaren zigilua eta sarrera-data dituela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barnean.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, hori ziurtatu aurretik.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
b) Nortasun-agiri nazionalaren kopia.
3.4. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.5. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko dokumentazioa, organo eskudunak emana.
3.6. Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Milagroko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara eman dadila deialdiak web-orrian duen fitxan.
4.2. Behin-behineko zerrenda deialdiak web-orrian duen fitxan argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, Milagroko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdiaren web-fitxan. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Izangai onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko agiriak aztertzen direnean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:
–Epaimahaiburua: José Ignacio Pardo Blanco, Milagroko Udaleko alkatea.
–Epaimahaiburuaren ordezkoa: Belén Cerdán León, Milagroko Udaleko lehenengo alkateordea.
–Epaimahaikidea: Emilia Cervera Hernández, udal instalazioen garbiketako arduraduna.
–Ordezkoa: Jose Luis Cerdán Pejenaute, Milagroko Udaleko kultur etxeko atezaina.
–Epaimahaikidea: Andrea Lebrero Los Arcos, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala eta bertako langileen ordezkaria.
–Ordezko: Carlos de la Victoria León, Milagroko Udaleko ikastetxeko eskolazaina.
–Epaimahaikidea: César Hernández Lebrero, Milagroko Udalekok obra eta zerbitzuetako arduradun nagusia.
Ordezkoa: Raquel Bulnes Cervera, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala.
–Epaimahaikide idazkaria: Mari Carmen Chueca Murillo, Milagroko Udaleko idazkaria.
–Epaimahaikide-idazkariaren ordezkoa: M.ª del Mar Salvador Jaso, Milagroko Udaleko administrari-ofiziala.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik, eta oposizioaldia gero.
6.2. Oposizioa 2026ko azaroan hasiko da, eta betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik.
6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, baremo honen arabera:
–Administrazio Publikoan deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan egindako zerbitzuengatik: puntu bat lanean egindako urte bakoitzeko.
Oharrak:
–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten entitateak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden organismo publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
–Deialdi honetan ez dira puntuatuko tokiko merkataritza-sozietateetan emandako zerbitzuak, edo araudian aurreikusitako zeharkako kudeaketa-moduetan emandakoak.
–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko. Atal ezberdinetan sailkaturiko zerbitzuak garai berean egin badira, batera gertatu diren denbora horri dagokionez, puntu gehien ematen dituen atalekoa baizik ez da kontuan hartuko.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
–Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Aurreko apartatuen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.
–Zerbitzuak zer administrazio publikotan egin diren, administrazio publiko horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den eta zenbat denboraz. Benetan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan, kontratazio-araubidea edozein dela ere (behin-behinekoa edo finkoa).
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du, deialdiaren web-fitxan eta Milagroko Udalaren iragarki-taulan, izangai bakoitzak lehiaketaldian lorturiko puntuazioa. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte bost egun balioduneko epean.
6.5. Oposizioaldia. Proba bakarra eginen da.
6.5.1. Proba teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaio galde-sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik 50 puntu emanen dira gehienez, eta 25 puntu gutxienez eskuratu beharko dira gainditzeko. Galdetegiko galdera guztiek hiru erantzun-aukera izanen dituzte, eta bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitza zehatuko da 0,25 puntu kenduta. Galdera guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izango dituzte.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma (urdina edo beltza) edo arkatza ez bada.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gai guztiak eskatuko dira egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera.
Publikotasunaren, gardentasunaren, objektibotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak errespetatzeko, haiek baitira enplegu publikorako sarbidearen oinarria, hautapen organoak proba egin aurretik argitaratu beharko ditu proba zuzentzeko, baloratzeko eta gainditzeko irizpideak, ez baitaude berariaz ezarrita deialdi honen oinarrietan.
6.5.2. Plika itxien sistema erabiliko da, eta baztertuta geldituko dira proban beren burua identifikatzen dutenak edo identifikatzeko aukera ematen duten markak edo zeinuak egiten dituztenak. Ariketaren zuzenketa amaituta, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du, deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan, zerrenda bat, jasoko dituena eskuratutako kalifikazioak. Orobat, adieraziko du zer egun eta ordutan izanen den pliken irekiera publikoa.
6.5.3. Epaimahaiak deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak. Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte bost egun balioduneko epean. Kalifikazio-epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazioak behin betiko onetsiko dira eta horiek ere argitaratuko dira deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan.
6.5.4. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute, edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Prozesua gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta alkateari igorriko dio puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaia izendatzearen aldeko proposamena. Proposamen hori argitaratuko da deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan.
Berdinketarik gertatuz gero, zozketa publiko bidez ebatziko da.
7.2. Izendapen-proposamena deialdiaren web-fitxan eta iragarki-taulan argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, proposatutako izangaiak behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu Milagroko Udalaren erregistro orokorrean, frogatzeko betetzen dituela deialdian ezarritako baldintzak; zehazki, honako agiri hauek:
a) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia, edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena.
b) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dionik.
d) Zinpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
e) Zin egitea edo hitzematea begiratuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zintzo beteko dituela karguaren eginkizunak.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, hutsunea beteko du 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aitzineko apartatuetako prozedura bera.
8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Milagroko Udaleko alkateak Milagroko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko du, udal instalazioen garbitzaile lanpostuan jardun dezan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendatzen den izangaiak izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du plazaz, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik. Baldin epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu (behar adina justifikaturik), plazaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu Milagroko Udaleko lan-kontratudun finko izateko. Kasu horretan, jarraituko zaio deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari.
9.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Milagroko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo, interesdunaren eskariz, kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, eta, orobat, behar den denboran guztian, zehaztu ahal izateko deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak. Aplikatuko da artxiboen eta agirien gaineko araudia (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
10.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Milagron, 2026ko abuztuaren 28an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.
I. ERANSKINA.–ESKAERA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Garbiketa sistemak: administrazio-eraikinetako eremuak eta gela komunak garbitzea. Tratamenduak. Makineria. Garbiketako sistemak. Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako. Gainazaletako garbiketa-produktuak: tipologia, nahasketak eta diluzioak. Desinfektatzaileak eta antiseptikoak:
2.–Garbiketaren alderdi ekologikoak. Hondakinak ezabatzea.
3.–Ortografia eta matematika, eskatutako titulazioarenak.
4.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.
5.–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
6.–Norbera babesteko ekipamendua (NBE) erabiltzea: larrialdiei erantzuteko teknikak.
7.–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, bereizketa, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.
8.–Milagrori buruzko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, Milagroko kaleak, geografia, landaredia, fauna.
Iragarkiaren kodea: L2611626
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
