185. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

187E/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 31koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, aldatzen duena gutxienez zer diru-sarrera frogatu behar duten subjektu pasiboek eskubidea izan dezaten errentamendu araubideko etxe bat eskuratzea errazteko kenkarietarako, zeinak araututa baitaude ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68 quinquies artikuluan.

Etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea betetzeko, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3 bis artikuluak sistema bat eratzen du kenkari fiskalak izateko aldez aurretik ordaindutako errentamenduagatik, eta bi modalitate bereizten ditu: emantzipaziorako errentamenduaren kenkaria eta etxebizitza eskuratzeko errentamenduaren kenkaria.

Kenkari fiskal horiek araututa daude ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68 quinquies artikuluan.

Artikulu horren C letrak zehazten du zer baldintza orokor aplikatuko zaizkien bi kenkariei. Horien artean, 2. apartatuan, gutxieneko diru-sarrera batzuk eskatzen dira, lortu direnak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko ohiko epea eskaera egiten den egunean amaituta dagoen zergaldian. Zehazki:

a) Emantzipaziorako errentamenduaren kenkarirako: 3.000 euro, honela kalkulatuta: zerga-oinarriaren zati orokorra gehi errenta salbuetsiak.

b) Etxebizitza eskuratzeko errentamenduaren kenkarirako: errentamendu modalitateko etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan izena emateko eskatutako diru-sarrerak; edo, errentamendurako gizarteratze-etxebizitzen programan, programa horretara sartzeko eskatutakoak.

Bigarren modalitate horri dagokionez, 10/2010 Foru Legearen 21.1 artikuluak ezartzen du etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatzen ahalko direla, soilik, foru lege horretan etxebizitza eskuratzeko zehaztutako gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak.

Baldintza horiek 10/2010 Foru Legearen III. tituluko I. kapituluan jasotzen dira (foru lege horren idazketa Nafarroan Etxebizitza Eskuragarria izateko Eskubideari buruzko ekainaren 30eko 9/2025 Foru Legeak aldatu zuen). Zehazki, 18. artikuluak ezartzen duenez, errentamendu araubideko etxebizitzen kasuan, hartzaileen familiaren diru-sarrera haztatuak izan beharko dira 5.000 eurokoak gutxienez eta errenta egokiagatiko erosahalmen nahikotasunaren adierazlea (ERREGEROSNA) halako 2,5, gehienez.

Aldaketa horren ondorioz, 5.000 eurora igo dira etxebizitza eskuratzeko errentamenduaren kenkaria lortzeko eskatzen diren gutxieneko diru-sarrerak. Hala ere, aldaketa horrek ez du eraginik izan emantzipaziorako errentamenduaren kenkarian; izan ere, gutxieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa da 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68 quinquies artikuluan. Beraz, eguneratu egin behar da parekatzeko.

Horretarako, 68 quinquies artikuluaren C letraren 10. apartatuak gaikuntza ematen dio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuko titularrari, besteak beste, kenkariak lortzeko gutxienez eta gehienez eskatzen diren diru-sarreren baldintzak foru agindu bidez aldatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Emantzipaziorako errentamenduaren kenkaria lortzeko, zeina araututa baitago ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68 quinquies artikuluan, subjektu pasiboak gutxienez 5.000 euroko diru-sarrerak egiaztatu beharko ditu, lortu direnak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko ohiko epea eskaera egiten den egunean amaituta dagoen zergaldian. Horretarako, zerga-oinarriaren zati orokorra eta salbuetsitako errentak batuko dira.

Gainerako eskakizunak testu horretako baldintzetan mantenduko dira.

Xedapen iragankor bakarra.–Foru agindu honetan jasotako aurreikuspenak aplikatu beharko zaizkie indarra hartzen dutenetik aurrera urtero onesten diren berritzeei.

Azken xedapen bakarra.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 31n.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2611715