183. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CABANILLAS

Oposizioa, lantaldeko beharginen plaza bat betetzeko

Alkatearen ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio bidez betetzeko lantaldeko beharginen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean aritzeko Cabanillasko Udalean.

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea lantaldeko beharginen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean aritzeko. Hona hemen plazaren identifikazio-datuak:

PLAZAREN
ZENBAKIA
PLANTILLAN

LANPOSTUA

ARAUBIDEA

LANALDIAREN
EHUNEKOA

OSAGARRIAK

14

LANTALDEKO BEHARGINA (D MAILA)

LAN-KONTRATUDUN FINKOA

%100

Lanpostukoa, %20

Mailakoa, %12

Plaza hori txanda honen bidez beteko da:

–Plaza bat txanda irekian.

Oposizioa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

Izendapenak Cabanillasko Udaleko nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu plazaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, Gizarte Segurantzan kidetuko da, eta alta emanen zaio.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da zerrenda bat eratzea lehen ariketako gehieneko notaren %30, gutxienez, eskuratu duten izangaiekin, eta, oinarri hauetan xedatutakoarekin bat, zerrenda hori erabiltzea lantaldeko beharginen lanpostua (D maila) aldi baterako betetzeko sortzen diren premiei erantzutearren.

1.3. Plazaren ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan D mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, baita Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan ezarritakoak ere, eta ordainsari osagarriak, halakorik balego, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezartzen badira eta plantilla organikoan zehazten badira.

1.4. Deialdia egin duen administrazioak ezarriko ditu lanaldi mota eta ordutegia, eta horiek zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro; administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, zerbitzuaren beharren arabera, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42,2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, lantaldeko beharginen lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Cabanillasko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Izangaien zerrenda horrek indarrik eta ondoriorik gabe uzten du izangaien beste edozein zerrenda, Cabanillasko Udaleko lantaldeko beharginen lanposturako aldi baterako kontrataziorako.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, deialdiaren atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.

1.6. Lanpostuari dagozkion eginkizunak honako hauek dira:

Udalaren ondasun higiezinak, berdeguneak, bide publikoak, bideak, zerbitzuak edo jarduerak mantentzeari dagozkion eginkizunak, haien artean honako hauek nabarmenduta, baina aipatzen direnetara soilik mugatu gabe: parkeak, lorategiak eta berdeguneak garbitu, mantendu eta ureztatzea; bide publikoak, landabideak eta hiri-altzariak onik zaindu, mantendu eta garbitzea; Udalaren jabetzako erremintak eta materiala kontrolatzea; eraikinak; hilerriak mantentzea, hilerriko lanak egitea, ehorztea eta hobitik ateratzea; ibilgailuak gidatzea eta makinak maneiatzea; igeltserotzako, soldadurako, iturgintzako eta elektrizitateko konponketak egitea.

1.7. Hautapen prozedura oposizio bidez eginen da, deialdiko plazak duen izaera eta bertan gauzatu beharreko eginkizunak direla-eta. Izan ere, oposizioaren sistemari esker, merezimendu eta gaitasun printzipioak hobeki baloratzen ahal dira, behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak baloratzen ahal baitira.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.

g) B motako gidabaimena izatea.

Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko adierazpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik funtzio publikoan sartzea.

Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.

2.2. Plaza eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honetan ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3. oinarria.–Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cabanillasko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Udaletxe plaza, z.g.) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Aurkezteko epea 4. oinarrian dago finkatua. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@cabanillas.es.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Cabanillasko Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoan dago. Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, edozein formatu erabil daiteke, erregistro orokor elektronikoan fitxategiak eransteko ezarrita daudenen artetik.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira, eta adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Baldin epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri batena.

–Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulu akademikoaren kopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–B motako gidabaimenaren fotokopia.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5. oinarria.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Cabanillasko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, deialdiaren fitxan, argitaratu ostean, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Cabanillasko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, deialdiaren fitxan Ebazpenean bertan adieraziko du oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta haren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

5.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako agiriak edo Udalak bere eskuetan dauzkanak aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, horrek deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizunak.

5.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu: bat teorikoa, eta bestea praktikoa. Behar bezala iragarriko dira.

Oposizioa 2026ko urrian hasiko da.

6.1.1. Lehen proba: test motako 40 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri den gai-zerrendako gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko dira.

Ariketan 40 puntu lor daitezke gehienez, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

6.1.2. Bigarren proba: praktikoa. Zeregin praktiko bat egin beharko da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruzkoa.

Epaimahaiak zehaztuko du zer ariketa eginen diren eta zenbat denbora iraunen duten, haien edukia kontuan hartuta.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu lortzen ahalko dira, eta zati bakoitza modu proportzionalean baloratuko da. Proba gaindituko dute gutxienez 30 puntuko kalifikazioa lortzen dutenek.

6.1.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Bolaluma urdina soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.

Kalifikazio-epaimahaiak ezarriko du bi proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen.

6.1.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak kalifikazioen zerrenda argitaratuko du iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan, eta, era berean, gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua adieraziko ditu.

Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Udalaren erregistro orokorrean, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00ak arte, edo egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan, eskabide orokorraren izapidea erabiliz.

6.1.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun-agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

1. Epaimahaiburua: Raquel Paz Aperte, Cabanillasko Udaleko alkate udalburua.

2. Epaimahaikide idazkaria: Francisco Javier Pérez Azagra, Cabanillasko Udaleko idazkaria.

Gainerako epaimahaikideak izendatuko dira onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

7.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Oposizioaldia buruturik, eta bi ariketetako puntuazioak baturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, iragarki-taula fisikoan eta elektronikoan, gainditu dutenen izangaien zerrenda, oposizioan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazirik eta puntuazio-ordenaren arabera ordenatuta. Horrekin batera emanen du, baita ere, lantaldeko beharginen lanpostua aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda.

8.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan (praktikoa) lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, eta ebatziko da puntuaziorik handiena duenaren alde. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak berariazko zozketa publiko bakar bat eginen du hura ebazteko. Probaren emaitzak ikusgai jarriko Cabanillasko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

8.3. Oposizioaldia bukatu eta bi ariketetako puntuak batu ondotik, epaimahaiak prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Zerrendan, oposizioan guztira lortu den kalifikazioa jasoko da, eskuratutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik.

Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko/kontratatzeko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Proposamen hori epaimahaiburuak argitaratuko du Cabanillasko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

9. oinarria.–Agirien aurkezpena.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

–Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

–Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea. Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen entitateak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio Eskubide Sozialetako Departamentuko desgaitasunak baloratzeko arloari.

–Zinpeko adierazpena, aditzera emanik ez dagoela eginkizun publikoetarako ezgaitu edo gabeturik eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira; hori, ezertan eragotzi gabe erantzukizuna eskatzeko aukera, eskabidean faltsukeria egiteagatik.

9.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan (8.2 atalekoa) ondotik datorren izangaiarekin beteko du hutsunea epaimahaiburuak, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Cabanillasko Udaleko langile lan-kontratudun finko izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, txandaren eta lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du plazaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 9.3 atalean xedatutakoari jarraikiko zaio.

10.3. Langile lan-kontratudun finko bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere 9.3 oinarrian xedatzen den moduan beteko da.

11. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Hautapen prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiei Cabanillasko Udalean gertatzen diren beharren arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Horretarako, aldi baterako kontrataziorako bi izangai zerrenda eginen dira:

1) Oposizio gainditu arren plazarik lortu ez duten izangaien zerrenda, guztira eskuraturiko puntuazioaren arabera ordenaturik.

2) Lehen ariketako puntuazioaren %30, gutxienez, eskuratu duten izangaien zerrenda, proba horretan eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean, eta aurrekoaren subsidiarioa izanen da deiak egiteko.

11.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz. Aipatutako estatutua onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Cabanillasko Udalari dagokio egiaztatzea bete beharreko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.

11.3. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.

11.4. Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratu ondoren, puntuazio ordenari zorrotz jarraikiz dei eginen zaie izangaiei. Udaleko idazkaritzak kudeatuko du zerrenda, eta horretan lotuko zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 3 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko deklarazioa, horren bidez adierazteko ez direla baztertuak izan administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez daudela eginkizun publikoetan aritzeko desgaituta.

Eskainitako lanpostu batean jarduteari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, bidezko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik; azken horiek Alkatetzaren ebazpen baten bidez hartuko dira aintzat. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez bertan behera uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

11.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.

e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (lege horrek hizpide du bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoa), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 3 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin epe barnean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

11.6. Izangaiak honako kasu hauetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 3 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia dagokion zerrendako azken tokira iraganen da.

c) Lanpostutik alde egitea.

d) Probaldia ez gainditzea, baldin kontratuan halakoa ezarri bada.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

11.7. Deia jasotzen dutenek behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.

11.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

12. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Cabanillasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Datuak tratatzeko oinarri juridikoa DBEOren 6.1.b) artikulua da. DBEOren 6.1.c) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion legezko betebeharra den aldetik.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (eskabide orokorraren izapidea) edo posta elektronikoko helbide honen bidez: ayuntamiento@cabanillas.es.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo, bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izen-deiturak: …..........………………………………………………………………………………………., adinez nagusia, NANa: ………………….…….………, jaioteguna: …..………………………..…..………….…, jaioterria (herria): ………………….………., helbidea (kalea): ……………………………..……………………, zenbakia: ….….., solairua: ……… herria: ……….………………...., PK: …………….……., telefonoa: …………………………, helbide elektronikoa: …………………………………………….………..., zure aurrean agertu eta honako hau adierazten dut neure erantzukizunpean:

–Betetzen ditudala deialdi honetan eskatutako betebeharrak: deialdia, Cabanillasko Udaleko Alkatetzaren erabakiaren bidez onetsia, hautaketa egin dadin, eta gero lan-kontratudun finko gisa kontrata dadin izangai bat, lantaldeko beharginen plaza bat betetzeko, Cabanillasko Udalaren zerbitzukoa.

–Ez dudala eritasunik edo akats fisikorik edo psikikorik lantaldeko beharginen lanpostuan aritzea eragozten didanik.

–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

–Ez naizela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Badudala deialdiko 3. oinarrian adierazten den titulazioa.

–Behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

–Minusbaliotasuna dudala eta, beraz, erantsi dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazi ditudan arrazoiengatik.

–Ez dudala minusbaliotasunik.

Horiek horrela, ESKATZEN DUT:

Onartu nazatela honako honetan: deialdia, bete dadin lantaldeko beharginen plaza bat, Cabanillasko Udalaren zerbitzura aritzeko lan-kontratudun finko gisa.

Data eta sinadura

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1) Cabanillasko udalerriari buruzko kultura orokorra. Udalerriaren ezagutza: kaleak, alderdiak, eraikinak, instalazioak, udal zerbitzuak, udal antolaketa...

2) Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

3) Oinarrizko matematika.

4) Lorezaintza. Ezagutu, erabili eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko lanetako produktuak eta oinarrizko tresnak (sasi-garbitzeko makina, belarra moztekoa, aizkora, motozerra...). Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea. Fitosanitarioen aplikazioa. Landaketak. Berdeguneak mantentzea eta ureztatzea.

5) Pintura. Kontzeptu orokorrak. Pinturako produktuak eta tresnak ezagutzea, erabiltzea eta mantentzea, baita hondakinak kudeatzea ere.

6) Igeltserotza. Kontzeptu orokorrak. Igeltserotzako produktu eta tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea.

7) Iturgintza. Kontzeptu orokorrak. Iturgintzako produktu eta tresnak ezagutu eta mantentzea.

8) Zurgintza. Kontzeptu orokorrak. Garbiketako produktu eta tresnak ezagutu eta mantentzea.

9) Eraikinak, kaleak eta hiri-altzariak mantentzea eta garbitzea.

10) Laneko segurtasuneko eta higieneko neurrien gaineko oinarrizko ezagutzak.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudia eskatuko da.

Cabanillasen, 2026ko abuztuaren 28an.–Alkatea, Raquel Paz Aperte.

Iragarkiaren kodea: L2611640