183. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Udal ordenantza, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga.
Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2026ko ekainaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, dagozkion iragarkiak argitaratuta 2026ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 6an, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, hasierako onespenaren iragarkian horrela adierazi denez, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jo da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren edukia betez, erabaki hau eta ordenantza horren testu osoa argitaratzen dira. Hona hemen testua:

Larraintzarren (Ultzama), 2026ko abuztuaren 24an.–Alkatea, Martin Picabea Aguirre.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; zehazki, II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Ultzamako udal-mugartean diren etxebizitza hutsen titulartasuna.

3. artikulua. Zerga honen ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak halakotzat deklaratu, eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta eman zaiona Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari jarraikiz.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta, nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo erabilera-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak

5. artikulua. Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira honako kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzekoa zaien legediari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa

8. artikulua.

1. Karga-tasa izanen da Udalak osoko bilkuran onesten duena ekitaldi bakoitzerako, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan inskribaturik dagoen lehenengo eta bigarren urteetarako. Horietan, karga-tasak tarte hauen barnean egon beharko du:

–%0,25 eta %0,50 artean lehen urterako.

–%0,50 eta %1 artean bigarren urterako.

–%1,5 hirugarren urterako eta hurrengoetarako.

2. Karga-tasa bakarra izanen da udal-mugarte osorako.

Zergaren sortzapena

9. artikulua.

1. Zerga lehen aldiz sortuko da ebazpen bat ematen denean deklaratzen duena etxebizitza hutsik dagoela.

2. Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3. Kuotak seihilekokoak izanen dira; seihilekoak naturalak izanen dira, eta, horien barnean, zatiezinak eta murritzezinak.

4. Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzealdiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, Ultzamako Udalak eguneratuta edukiko du Etxebizitza Hutsen Udal Errolda, kontuan harturik Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak. Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz emanen dio Udalari alta eta baja horien berri.

11. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna adierazita.

12. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-agirien igorpenak.

Iragarkiaren kodea: L2611467