183. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

6512E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 17koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

2026ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2koan, argitaratu zen 40/2026 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onesten duena. Deialdian suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts daude, D mailakoak.

Plaza hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez bete behar dira, honako hauetan xedatutakoarekin bat: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikulua (foru dekretu horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onetsi zen); eta azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua).

Aipatu araudiari jarraituz, bidezkoa da onestea lekualdatze-lehiaketa bidez bete daitezela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts, D mailakoak, eta bidezkoa da, halaber, deialdiaren oinarriak onestea.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala esleitzen baitizkit otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituenak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts, D mailakoak, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko.

Hasiera batean, deialdian sartzen dira suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts hauek, D mailakoak eta lan-kontratu finkoaren araubidekoak:

Atxikipena: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Atala.

Plazak: 9407, 9466, 9471, 9484, 9495, 10492, 10493, 10494, 10495, 10496, 10497, 10498, 10500, 10501, 10502, 10504, 10505, 10506, 10949, 10950, 10951, 10952, 10953, 10954, 10955, 11764, 11765, 11766, 11767, 11768, 11769, 11770, 11771, 11772, 12134, 12135, 12136, 12137, 12138, 12139, 12140 eta 12141.

2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau igortzea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura eta Giza Baliabideen Zerbitzura, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

SUHILTZAILE-GIDARI LAGUNTZAILEEN PLAZAK LEKUALDATZE-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA. OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts (D mailakoak) lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lekualdatze-lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

–Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia (erregelamendu hori aldatu zen azaroaren 6ko 97/2024 Foru Dekretuaren bidez, zeinak arautzen baitu nola baloratu merezimenduak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko).

–7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko ezohiko eta premiazko neurriak onesten dituena.

–130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plazak betetzeko deialdietan aplikatuko diren merezimendu baremoak ezartzen dituena.

–Gainerako arau aplikagarriak eta oinarri hauek.

2.–Plaza hutsak.

2.1. Lekualdatze-lehiaketa bidezko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-gidari laguntzaileen 42 plaza huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean adierazten direnak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean eskainitako plaza kopurua aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako plazak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokapen prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik edo araudian ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honen bidez betetzeko eskainiko dira lehiaketan beste plaza bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako plazak.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze-lehiaketan plaza lortuta hutsik uzten dituzten plazak ez dira eskainiko baldin eta horiek bete beharrik ez badago, "iraungitzekoak" direlako edo antolaketa arrazoiak direla-eta.

2.6. Lehiaketa honetan plaza bat lortzen duen lehiakidearen jatorrizko lanpostuaren izena ez badator bat deialdi honetako lanpostuarenarekin, plaza berriak deialdiko lanpostuaren izena izanen du lehiakideak plaza berriaren jabetza hartzen duenetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.

2.7. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den plaza hutsak hautatzeko epean, deialdian sartutako plazen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere, suhiltzaile-gidari laguntzaileen lanpostuan.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Lekualdatze-lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, egoera horretan gutxienez urtebete eman izana.

3.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta plazaren jabetza hartu arte.

3.3. Behar diren hautapen probak gaindituta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten plazetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten plaza hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, exijitutako hizkuntzaren ezagutza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari betebehar hori ezarrita ez zeukan plaza bat eskuratzeko.

3.4. Zerbitzu, atal, bulego edo horiekin parekatutako unitateren bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko betebeharrak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako plazaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.5. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz itzuliko dira jarduneko zerbitzura eta plaza bat behin betiko esleituko zaie.

3.6. Plaza huts bati behin-behinean atxikita jarduneko zerbitzura itzuli diren langileek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

4.–Eskaera, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskaera, Internet bitartez, www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" atalean, deialdi honen fitxan sartuta.

Eskaerari erantsi beharreko merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Lehiakideek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, lehiakide bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak.

Aski izanen da agirien kopia soilak aurkeztea, baina, aurkeztutako datuak edo agiriak okerrekoak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze-lehiaketa honetan izena emateko eskaera aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta deialdiaren web-fitxan argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du lehiaketako plazak bete gabe gelditu direla deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web-fitxan argitaratuko.

5.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web-fitxan argitaratzeko aginduko du.

6.–Epaimahaiaren osaera.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio-epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Jon Andoni Diez de Ure Eraul jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Ataleko burua.

Ordezkoa: Alberto Garde Sesma jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

–Epaimahaiko kidea: Joseba Iñaki Lizarbe Aristu jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileria Batzordearen ordezkaria, batzordeak berak proposatua.

Ordezkoa: Gorka Vidarte Mendioroz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileria Batzordearen ordezkaria, batzordeak berak proposatua.

–Idazkaria: M.ª Teresa Osta Peteiro andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

–Ordezkoa: Puy Armañanzas Pagola andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan eta interpretatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Kalifikazio-epaimahaia deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera eratzen ahalko da.

Behin kalifikazio-epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo aldi baterako ez badago, justifikatutako arrazoiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskaerak aurkezteko epean. Horretatik salbuetsita daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortutako eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta eman ere atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik.

7.4. Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar baten bidez erabakiko da, hots, kalifikazio-epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakarraren bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, eta abiatuko da zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du deialdiaren fitxan parte-hartzaileek lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu deialdiaren fitxan, eta Barneko zuzendari nagusiari igorriko dizkio lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, eta espediente osoa.

8.–Plaza hutsak aukeratzea.

8.1. Behin epaimahaiaren espedientea jasotakoan, Barne Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze-lehiaketan azkenean sartzen diren plaza hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Parte-hartzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematikoki aurkezteko –goian adierazitako helbideko esteka erabiliz– eta plaza hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko plaza hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta plaza aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Plaza hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira plaza hutsak.

Plaza hutsak aukeratzeak berekin dakar lehiakideak berariaz onartzea eskaeran adierazi dituen plazen artean esleitzen zaiona, eta ezin izanen dio uko egin.

Barneko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien plaza esleituko die lehiakideei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiakideek izendapen ebazpenean zehaztuko den egunean jabetu beharko dute esleitutako plazez, aski justifikaturik dauden kasuetan izan ezik.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko plaza bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute.

10.–Ordainsariak.

Lekualdatzen direnek indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Antzinatasuna deialdiaren xede den lanpostuan, dagokion administrazioan, 1 puntu urteko: gehienez 40 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, egindako zerbitzualdiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

II. ERANSKINA.–SUHILTZAILEEN 42 PLAZA HUTSEN ZERRENDA (LAN-KONTRATU FINKOAREN ARAUBIDEA, D MAILA)

Atxikipena: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Atala.

Plazak: 9407, 9466, 9471, 9484, 9495, 10492, 10493, 10494, 10495, 10496, 10497, 10498, 10500, 10501, 10502, 10504, 10505, 10506, 10949, 10950, 10951, 10952, 10953, 10954, 10955, 11764, 11765, 11766, 11767, 11768, 11769, 11770, 11771, 11772, 12134, 12135, 12136, 12137, 12138, 12139, 12140 eta 12141.

Iragarkiaren kodea: F2611655