181. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

287E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2025-2026 ikasturtean" dirulaguntzaren bigarren deialdia onesten duena. DDBN kodea: 926088.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2025-2026 ikasturteko bigarren deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuetan ikasten duten eta unibertsitate horiek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2025-2026 ikasturtean" dirulaguntzaren bigarren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 150.000,00 euroko gastua baimentzea, honela:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G10001-G1100-4800-322300: Trukeak atzerriko unibertsitateekin: Erasmus eta beste batzuk

2026

150.000,00 euro

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Sarrigurenen, 2026ko abuztuaren 24an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–2025-2026 IKASTURTEKO NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO UNIBERTSITATE PROGRAMEN LAGUNTZA OSAGARRIEN BIGARREN DEIALDIA

OINARRIAK

1. Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei adjudikatuko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 150.000 euro da. 120.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 30.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

b) Bi laguntza modulu aplikatuko dira:

i. Oinarrizko laguntza bat, hileko 120 euro eta asteko 30 eurokoa, laguntza hauen onuradun diren pertsona guztientzat.

ii. Laguntza bat, hileko 200 euro eta asteko 50 euroko zenbatekoak osatu arte, gutxienez baldintza hauetako bat frogatzen dutenentzat:

1) 2024-2025 ikasturtean Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren ikasketa beka orokor bat edo Nafarroako Gobernuaren beka bat jaso duen ikaslea izatea.

2) %33ko edo hortik gorako desgaitasun bat legez aitortua eta kalifikatua izatea.

3) Guraso bakarreko familia batekoa edo familia ugari batekoa izatea.

4) Familia-unitateak errenta bermatuaren prestazio bat jasotzea.

5) Terrorismoaren biktima edo genero-indarkeriaren biktima izatea.

6) Errefuxiatua izatea.

c) Eskaera aurkezterakoan egonaldia amaitu badu, ikasleak Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria (EAZa) atxiki beharko du eskaeran; aplikatuko eta ordainduko den zenbatekoa aipatu dokumentuan justifikatutako aldiaren araberakoa izanen da.

d) Eskaera aurkezterakoan ikasleak ez badu egonaldia amaitu, ordainduko den zenbatekoa eskaeran adierazitako aldiaren araberakoa izanen da.

e) Ikasleak lehenengo aldiz jasotzen badu laguntza, bederatzi hilabeterako laguntza jasotzen ahalko du, gehienez ere. Aurreko deialdietan laguntzarik jaso badu, bi laguntzen artean 12 hilabete egin arteko hilabete kopurua hartuko da aintzat, gehienez ere.

f) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.

g) Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko muga-eguna 2026ko azaroaren 30a izanen da.

4. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

a) Interesdun guztiek elektronikoki egin beharko dituzte administrazioarekiko tramiteak administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jarri nahi izanez gero, elektronikoki jarri beharko dituzte, eta hala egin beharko dituzte beharrezko tramite guztiak errekurtsoak jarri ondorengo prozeduraren fase guztietan. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

c) Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak egin behar direnean, telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.

Jakinarazpena elektronikoki egiten bada ere, abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako posta elektronikoko helbidera, jakin dezan jakinarazpen bat duela administrazio honetako egoitza elektronikoan. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

5. Eskatzaileen betebeharrak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako irakaskuntzak ez daude sarturik, haiek beren deialdi berariazkoa baitaukate.

b) Unibertsitateek 2025-2026 ikasturtean sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartu izana.

c) Nafarroan jaioa izatea edo gutxienez deialdia baino lehenagoko bi urteetan Nafarroan erroldaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatuta.

d) 2025-2026 ikasturtean egindako egonaldietarako nazioarteko mugikortasunerako lehen deialdirako laguntza-eskaerarik aurkeztu ez izana, edo 2025-2026 ikasturteko nazioarteko mugikortasunerako lehen deialdiaren ebazpenetik sortutako itxaron-zerrendan sartuta egotea.

e) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

6. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laguntza eskaera eta eskatutako dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen "Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria" izeneko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzen fitxa), helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/segunda-convocatoria-de-ayudas-complementarias-a-los-programas-universitarios-de-movilidad-internacionalhttps://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/segunda-convocatoria-de-ayudas-complementarias-a-los-programas-universitarios-de-movilidad-internacional

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentu guztiak ez daudelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 5 eguneko epean zuzen ditzan. Zuzendu ezean, espedientea artxibatuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

7. Dokumentazioa.

Eskatzen den dokumentazioa nahitaez telematikoki aurkeztu beharko da, "Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria" izeneko fitxaren bidez.

–Lehen deialdiko itxaron-zerrendan dauden eskatzaileak:

Aurrekontu faltagatik laguntzarik gabe gelditu eta lehen deialdiko itxaron-zerrendan daudenek honako hauek aurkeztuko dituzte:

1. Laguntza eskaeraren berrespena, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki telematikoa betez.

2. Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu badu eta, betiere, lehen deialdian aurkeztu ez bazuen, ikasleak "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ere aurkeztuko du, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

–Nahitaezko dokumentazioa gainerako eskatzaileentzat:

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

Laguntza eskaera, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimakia betez.

Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu badu, ikasleak Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria aurkeztuko du, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua. Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiriaren eredua eskuragarri egonen da laguntzen fitxan.

Eskatzaileek Nafarroako Gobernuaren kontu korronteen erregistro-sisteman alta eman beharko dute, ordainketa zein kontu-zenbakitan jaso nahi duten, huraxe adierazita: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako ikasleek, halaber, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Ziurtagiri bat, eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak egiaztatzen dituena.
  • Ikaslearen unibertsitatearen ziurtagiri bat, bere unibertsitatearen nazioarteko mugikortasunerako programan sartzeko nota egiaztatzen duena.
  • Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez dela jasotzen ari bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoak emandako beste laguntza osagarri bat nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

Eskatzaileak ez badu baimenik ematen Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez haren datuak kontsulta daitezen, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

  • NANaren fotokopia.
  • Nafarroan jaio ez direnek: errolda agiri bat, frogatzeko Nafarroan bizi izan direla, inongo etenik gabe, eskaera egin eta aurreko bi urteetan; eskaera aurkezteko epea amaitzeko egunetik zenbatuko dira bi urte horiek.
  • Ziurtagiriak, zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Ogasunarekikoak eguneratuak daudela diotenak.
  • 3.b) ii oinarrian ezarritako baldintzetako bat betez gero, baldintza hori frogatzen duen dokumentazioa.

8. Laguntzak emateko irizpideak.

a) Eskatzaileen lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

–Lehenik eta behin, 3.b II oinarrian jasotzen diren pertsonak.

–Ondoren, aurreko deialdietan laguntza jaso ez duten eskatzaileak.

–Azkenik, gainerako eskatzaileak.

Azken bi talde horien barruan, eskatzaileak ordenatuko dira beren unibertsitateko nazioarteko mugikortasun-programan sartzeko lortu zuten notaren arabera.

Ordena hori ezartzerakoan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie Ingeniaritzako eta Arkitekturako adarretako titulazioei, eta 1,1eko koefiziente biderkatzailea egonaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdean egiten dutenei.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen edo ukatuko dira; ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

Horrez gain, itxaron-zerrenda bat sortuko da deialdiaren betebeharrak betetzen dituzten baina laguntzak emateko aurrekontua agortzeagatik laguntza jasotzen ez duten eskatzaileekin. Itxaron-zerrenda horretako eskatzaileek 13. oinarrian ezarritako baldintzetan jasotzen ahalko dute laguntza.

10. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaitu ondoren, laguntzen onuradunek Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua, egonaldia amaitu eta 15 egun naturaleko epean. Dokumentu hori eskuragarri egonen da nafarroa.eus atariko laguntzen fitxan.

Laguntza eskatzen denerako egonaldia amaitua badago, dokumentu hori eskaerari erantsiko zaio.

2026ko azaroaren 30a eta gero amaitzen diren egonaldiei dagokienez, Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria egun hori baino lehenago aurkeztu beharko da, hori izanen baita justifikaziorako eta laguntza ordaintzeko aintzat hartuko den eguna.

11. Uko egitea.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateko Atalari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

12. Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Ikasleak ez badu egonaldia egiten.

b) Ikasleak ez badu aurkezten egonaldia egin duela frogatzen duen Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria dagokion epean.

13. Laguntzaren ordainketa.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez eginen da ordainketa.

Onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute laguntzen zenbateko osoa, egonaldia egin dutela eta benetan zenbat iraun duen frogatzen duen Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria aurkeztu eta gero.

Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiriak adierazten badu benetan egindako egonaldia formularioan eskatutakoa eta ebazpen bidez emandakoa baino laburragoa izan dela, onuradunak dokumentu horretan justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa baino ez du jasoko, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin izanen dela luzatu 2026ko azaroaren 30etik aurrera.

Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria aurkeztean bertan jasotzen bada benetan egindako egonaldia eskatutakoa eta emandako laguntzari dagokiona baino luzeagoa izan dela, onuradunak eskaeran adierazitako hilabeteei dagokien laguntza soilik jasoko du, ez aipatu ziurtagirian adierazten denari dagokiona, eta betiere kontuan hartuko da egonaldia ezin dela luzatu 2026ko azaroaren 30etik aurrera.

Egonaldia 2026ko azaroaren 30etik aurrera bukatzea espero duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria.

14. Itxaron-zerrenda.

Onartutako laguntzak ordaindu ondoren, ordainketa aldietan aurrekontu-baliabiderik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da laguntza itxaron-zerrendako eskatzaileei ematea eta ordaintzea, laguntzetarako aurrekontuko dirua bukatu arte. Onuradun horiek Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria aurkeztu beharko dute egonaldia justifikatzeko.

15. Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

Onuradunek jarduera bera egiteko diren beste dirulaguntza bateragarri batzuk hartzen dituztenean, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

16. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

17. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

18. Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean –2016/679 (EB) Erregelamendua– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiaren bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak sartuko dira Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren "Bekak, laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea" tratamendu-jardueran.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

19. Informazioa eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Atala.

Telefonoak: 848 433446; 848 426058; 848427144; 848 426020.

Helbide elektronikoa: becas.universitarias@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2611499