1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
269E/2026 FORU AGINDUA, abuztuaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zenbait muga ezartzen dituena prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilerari dagokionez.
Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30. artikuluak xedatzen duenez (babes fitosanitariorako baliabideen mugak), arlo horretan eskuduna den departamentuak Estatuko Administrazio Orokorrari proposatuko dio baimendutako produktu bati zenbait muga jar diezazkiola, hura merkaturatzea eta erabiltzea murrizteko edo debekatzeko, baldin eta funtsezko arrazoiak badaude ondorioztatzeko produktu hori gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria izan daitekeela; eta egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario bat edo babes fitosanitariorako beste baliabide bat erabiltzea arriskugarria dela gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen da produktu horren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.
Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko programa ofizialaren esparruan egindako kontroletan atzeman zen 2015ean prosulfocarb materia aktiboa zegoela olioa ekoizteko olibetan. Materia aktibo hori ezin da olibondoetan erabili, eta, olibetan halakorik badago, produktua ezin da elikagai gisa erabili. Egindako kontrolen emaitzak azterturik, jakin da zein den olibetan atzemandako prosulfocarb horren jatorria: neguko zerealak lantzean materia aktibo hori duten herbizidak erabili ohi dira.
Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du ezen, baldin egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo babes fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera arriskugarria dela gizakien edo animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen dela haren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.
Irailaren 20ko 969/2016 Ebazpenaren bidez debekatu zen, 2016-2017ko zerealaren kanpainari begira, formulatuetan prosulfocarb substantzia zuten produktu fitosanitarioak aplikatzea bildu gabeko olibadietatik 100 metrora baino gutxiagora; hori beste neurri batzuen artean. Horrez gain, gomendio-sorta bat onetsi zen produktua nahi gabe hedatzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua ekiditeko, eta prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onetsi zen.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren zenbait foru aginduren bidez (irailaren 18ko 341/2017 Foru Agindua eta urriaren 2ko 241/2018 Foru Agindua) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren zenbait foru aginduren bidez (irailaren 17ko 14/2019 Foru Agindua, irailaren 22ko 164/2020 Foru Agindua, uztailaren 30eko 137/2021 Foru Agindua, abuztuaren 30eko 118/2022 Foru Agindua, irailaren 21eko 16/2023 Foru Agindua, maiatzaren 27ko 41/2024 Foru Agindua eta irailaren 10eko 20/2025 Foru Agindua), berriz ere mugak ezarri zitzaizkion prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak neguko zerealen laborantzan erabiltzeari, eta udalerri eta eskualde jakin batzuetan debekatu egin zen halakoak erabiltzea harik eta, oliba biltzeko kanpaina bukatzear egoteagatik, arrisku txikia egon arte.
Nekazaritza Zerbitzuak aurreko kanpainetan egindako kontrolek berretsi dute beste behin ere prosulfocarb substantziaren erabilera mugatzea eraginkorra dela, eta muga horiek hurrengo kanpainarako mantentzea gomendatzen dute, oliben egokitasuna, Nafarroako olioaren ekoizpena eta elikadura-segurtasuna bermatzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu egitura onesten duen abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea.
Prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen aplikazioa aldi baterako etetea, foru agindu honek indarra hartzen duenetik 2026ko abenduaren 15era, honako eskualde eta udalerri hauetan:
–III. eskualdea: udalerri hauek: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazu.
–IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, Marañón, Genevilla, Cabredo, Lapoblación-Meano, Zuñiga, Lana, Larragoa, Aranaratxe, Eulate eta Ameskoabarrena izan ezik.
–V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
–VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
–VII. eskualdea: Ebro ibaiaren eskuinaldeko lurzatiak.
Gainerako eskualde, udalerri eta eremuetan, data beretan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.
Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.
2. artikulua. Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.
Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealen laborantzako 2026-2027 kanpainarako, foru agindu honetako I. eranskinean zehaztuta dagoena, eta gomendio batzuk onesten dira II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek nahi gabe hedatzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua saihesteko.
3. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.
Foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau-hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.
4. artikulua. Esperimentazio eta aholkularitza jarduketak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, zuzenean edo Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez, nekazarientzako aholkularitza eta esperimentazio jarduketak eginen ditu, prosulfocarb substantzia duten produktu fitosanitarioen alternatibak bilatzeko.
5. artikulua. Babes fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari proposatzen zaio berriz azter ditzala prosulfocarb substantzia duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.
Azken xedapena.–Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA.–PLAN ESPEZIFIKOA, PROSULFOCARB MATERIAREN ERABILERA KONTROLATZEKO NAFARROAN ZEREALEN LABORANTZAKO 2026-2027 KANPAINAN
Nekazaritza Zerbitzuko kontrol ofizialeko zerbitzuek gauzatuko duten planaren barruan, kontrol dokumentalak eta ikuskapenak eginen dira tokian bertan.
Ekintza hauek gauzatuko dira:
–Produktu fitosanitarioekin egiten diren Transakzio eta Eragiketen Erregistro Elektronikoa kontsultatuko da.
–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko haren erabilera mugatua duten zereal laboreetako lurzatietan.
–Laginak hartuko dira prosulfocarb hondarren analisia egiteko inguruan zereal laboreak dituzten olibadietan.
–Ustiapen koadernoak kontrolatuko dira foru agindu honen ondorioz prosulfocarb aplikatzea mugatuta dagoen eremuetan.
II. ERANSKINA.–GOMENDIOAK, OLIBONDOEN INGURUAN PROSULFOCARB MATERIA DUTEN PRODUKTU FITOSANITARIOAK APLIKATZEAN HORIEK NAHI GABE HEDATZEAGATIK INGURUA KUTSATZEKO ARRISKUA SAIHESTEKO, HAREN ERABILERA ETENDA GELDITZEN EZ DEN ESKUALDE ETA UDALERRIETAN
–Prosulfocarb substantziaren ordez beste herbizida batzuk erabiltzen saiatzea.
–Ahal den neurrian, zereal berantiarrak ereitea eta oliba bildu arte itxarotea olibadien ondoko lurzatiak tratatzeko.
–Eguraldiaren iragarpenak kontsultatzea eta honako gomendioak jarraitzea olibondoetatik gertu dauden lurzatiak tratatzerakoan:
- Haizearen abiadura < 2,5 m/s.
- Tenperatura leuna (< 25 ºC).
- Hezetasuna (> %50).
–Haizea kalte har dezakeen eremurantz badoa, ez egin tratamendurik.
–Produktua aplikatzeko, haren nahigabeko hedapena %90 eta %95 bitarte murrizten duten pitak erabili, ez besterik.
–Barraren altuera behar bezala egokitu, tratatu nahi den laboretik 50 cm-ra mantenduz.
–Tratamenduak lur gorabeheratsuetan egiten direnean, gomendatzen da barrak egonkortzeko sistemak dituzten zipriztingailuak erabiltzea.
–Tratamendua kalte har dezaketen eremuetatik gertu egiten denean, ez joan 8 km/h-ko abiaduran baino azkarrago.
–Aplikazio ekipamendua kalibratzea eta pitak behar bezala daudela egiaztatzea aplikazioak hasi aurretik.
Kudeaketa-unitatearen txostena ikusita, adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Foru agindua onestea.
2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2026ko abuztuaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2612039