180. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

579/2026 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira jarraibide batzuk, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana ezartzeko.

Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (DANA) 2024ko urriaren 29an eragindako ondorio bereziki larri eta tragikoen ondoren, azaroaren 11ko 7/2024 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira Goi-geruzetako Depresio Isolatuak (DANA) hainbat udalerritan 2024ko urriaren 28tik azaroaren 4ra artean eragindako kalteei berehala erantzuteko, berreraikitzeko eta berrabiarazteko plana bultzatzeko.

Arau horrek Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioari esleitzen dio, Barne Ministerioarekin eta autonomia erkidegoekin lankidetzan, babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plan bat egiteko lana. Plan hori nahitaezkoa izanen da unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietan eta prebentzioaren kultura hedatzeaz gain, hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza egokia bermatuko du babes zibileko larrialdi mota orori erantzuteko.

Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak, Hezkuntzako Estatuko Idazkaritzaren 2025eko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana onesten duen erabakia argitaratu zuen (2025eko 255. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa) Hezkuntzako Konferentzia Sektorialak 2025eko ekainaren 12an onetsi zuena.

Aurreko guztia betetzeko, ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak jarraibide batzuk onesten ditu Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana ezartzeko.

Ikusi da Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin duela jarraibide batzuk onets daitezen Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana ezartzeko jarraibideak onestea.

2. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Langileriaren Zuzendaritza Nagusira, Azpiegituretako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2026ko abuztuaren 26an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IKASTETXEETAN BABES ZIBILEKO LARRIALDIEI AURRE EGITEKO PRESTAKUNTZA PLANA EZARTZEKO JARRAIBIDEAK

1. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana ezartzeko jarraibideak onestea.

2. Jomuga.

Prestakuntza plan horren jomuga da unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei beharrezko eta nahitaezko prestakuntza ematea 2026-2027 ikasturtetik aurrera, babes zibileko larrialdi-egoerei modu eraginkor eta seguruan aurre egiteko ezagutza, trebetasun, jarrera eta balio egokiak integratzen dituena.

3. Helburuak.

Ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza planaren helburuak honako hauek dira:

a) Babes zibileko arriskuak ezagutzea.

b) Arriskuek pertsonentzat eta komunitatearentzat izan ditzaketen ondorioak ulertzea.

c) Arrisku- eta larrialdi-egoeretan prebentzioak eta autobabesak duten garrantziaz jabetzea.

d) Larrialdietan nola jardun jakitearen garrantzia ulertzea, haren ondorioak saihesteko edo minimizatzeko.

e) Bizitzarako trebetasunak indartzea, bizitzako edozein egoeratan arriskuei aurre egiteko tresna gisa.

f) Prebentzioaren balioekin lotutako jokabideak eta jarrerak sustatzea, hala nola elkartasuna, erantzukizuna, errespetua, tolerantzia, inplikazioa, parte-hartzea eta guztien ongia.

g) Hezkuntza komunitate osoak aipatutako arriskuak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko jardueretan parte har dezan sustatzea.

Azaldutako helburuak landu beharko dira desgaitasuna duten pertsonei eta kolektibo kalteberei arreta berezia emanik.

4. Irakasleen prestakuntza.

Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakiak, 2025eko ekainaren 12koak, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan babes zibileko larrialdiei aurre egiteko prestakuntza plana onesten duenak, adierazten du ikastetxeetako irakasleek, beste profesional batzuen artean, ikasleentzako prestakuntza programa emateko eskumena dutela.

Irakasleen prestakuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak aldizkako prestakuntza ekintzetarako deialdia eginen du, eta irakasleek horietan parte hartzen ahalko dute, hala nahi badute. Ekintza horiek Hezkuntza Departamentuaren Moodle Ikasaula plataformaren bidez gauzatuko dira.

Prestakuntza proposamen horiek online eginen dira, eta 15 orduko iraupena izanen dute. Parte hartzen duten irakasleek dagokien ziurtagiria jasoko dute.

5. Ikasleekin egin beharrekoak.

Babes zibileko arriskuek eragindako larrialdien prebentzioari eta erantzunari buruzko edukiak ikasleen adinetara egokituko dira, hezkuntza etapa bakoitzeko mailen arabera.

Babes zibileko larrialdiei aurre egiteko ikasleei emanen zaien prestakuntzaren gutxieneko edukiak honako hauek izanen dira:

a) 1. multzoa: Prebentzioa, alerta-sistemak eta larrialdi-sistemak. Informazioa vs desinformazioa larrialdi-egoeretan.

b) 2. multzoa: Inguruneko eta jendetza handietako arrisku-egoerak eta norberaren babeserako neurriak identifikatzea. Babes emozionaleko erreakzioak eta orientabideak.

c) 3. multzoa: Arrisku espezifikoak eta horien aurrean jardutea:

–Uholdeak. Kostaldeko arriskuak.

–Lurrikarak, itsasikarak eta tsunamiak.

–Arrisku bolkanikoak.

–Fenomeno meteorologiko okerrak.

–Baso-suteak.

–Arrisku teknologikoak: istripu industrialak, kimikoak eta nuklearrak, eta salgai arriskutsuen garraioa.

3. multzoko edukiak lantzen direnean, alderdi hauei buruzkoak sartuko dira:

–Arriskuari eta prebentzioaren garrantziari buruz sentsibilizatzea. Ondorioak norberarentzat eta besteentzat.

–Prebentziorako eta norbera babesteko neurriak. Segurtasun- eta seinaleztapen-arauak.

1. eta 2. multzoetako edukiak ikasturtero emanen dira unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako maila eta etapa guztietan.

3. multzoko edukiak ikastetxearen ezaugarrien arabera irakatsiko dira, eremu geografiko bakoitzean aplikatzekoak diren arrisku-mapek zehaztutako lehentasunekin lotuta.

Emandako prestakuntza elkarlaneko ikaskuntzara bideratuta egonen da, eta ahalegina eginen da ikasleek beren prestakuntzan aktiboki parte har dezaten, babes indibidual eta kolektiboaren eta bizitzarako trebetasunen lehentasunezko ikuspegia kontuan hartuta, sustatzen direla guztion ongia, prebentzioa, talde-lana, enpatia, elkartasuna, adimen emozionala eta suspertzeko eta erresilientziarako oinarrizko trebetasunak.

Prestakuntzako metodologian, neurri inklusiboak hartuko dira hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleek planaren helburuak lortu ahal izatea ziurtatzeko.

Ikasleekin eginen diren prestakuntza saioen egutegia urteko programazio orokorrean jasoko da.

6. Materialak eta baliabideak.

Irakasleek esteka honetan izanen dituzte eskura prestakuntza planerako material eta baliabide didaktikoak:

https://recursosemergencias.educacionfpydeportes.gob.es/eu/portada.html

Material eta baliabide didaktikoak hezkuntza inklusiorako orientaziotik eginen dira, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraituz.

Ikastetxeek beren hezkuntza komunitatearen eskura jarriko dute Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak familientzat egindako gida didaktiko espezifikoa, lehen aipatutako estekan dagoena.

7. Ikasleen prestakuntza plana gainbegiratzea eta haren jarraipena egitea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du ikasleen prestakuntza plana eta haren jarraipena eginen du.

Iragarkiaren kodea: F2611541