18. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ILARREGIKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen duena kontzeju-etxearen erabilera. Behin betiko onespena

Ilarregiko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko irailaren 5ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena Ilarregiko Kontzejuko (Ultzama) kontzeju-etxearen erabilera.

Erabaki hori argitaratu zen 2025eko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 24an, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Iragan da jendaurrean egoteko legezko aldia, eta ez da aurkeztu inolako alegaziorik, eragozpenik nahiz oharrik; hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da aipatutako ordenantza, aipatutako foru legea betez, zehazki, 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuak betez.

Ilarregin, 2025eko abenduaren 9an.–Kontzejuko burua, Miren Belate San Julián Erbiti.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA KONTZEJU-ETXEAREN ERABILERA

ZIOEN AZALPENA

Arau honen xedea da gune bat arautzea, eta Ilarregiko herritarren eskura jartzea, bertan egiteko kultura, kirol eta gizarte arloetako jarduerak, bai eta beste erabilera batzuk izateko ere.

Alabaina, lokal horien erregulaziorik ezak sor dezake antolamendu arazoren bat; hortaz, beharrezko jotzen da erregelamendu bat egitea eta onestea, arautzen duena kontzeju-lokalaren erabilera.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da arautzea Ilarregiko kontzeju-etxearen erabilera, erabil dezaten udalerriko pertsona fisikoek, entitateek edo elkarteek, baldin lokal bat behar badute jarduera zehatzetarako, betiere ondotik xedatzen diren arauei jarraikiz.

2. artikulua. Lagatzen diren guneei buruz kontuan hartu beharrekoak.

1. Ilarregiko Kontzejuak erabakiko du kontzeju-lokalaren erabilera lagatzea behin-behinean eta dohain. Erregelamendu honen bidez arautzen den kontzeju-lokala dago Ilarregiko kontzeju-etxeko beheko solairuan (Ilarregiko 17. poligonoko 312. lurzatia).

–1. aretoa, beheko solairua: aretorik handiena, egin daitezen kultura, hezkuntza, kirol arloetako jarduerak, baita Kontzejuaren bilerak ere.

–2. aretoa, beheko solairua: areto txikiagoa, hainbeste leku eskatzen ez duten jardueretarako, edo sukaldaritzarako, bai baitu sukalde bat, ekipamendu guztiarekin eta sukaldean aritzeko guztiz horniturik.

2. Kontzejuak alda ditzake areto eta lokal erabilgarrien zerrenda eta haien esleipena, baldin hala behar bada dauden aukerengatik eta Kontzejuaren interesengatik.

3. artikulua. Eskaerak eta onuradunak.

1. Pertsona fisikoek, entitateek edo elkarteek Ilarregiko Kontzejuari eskatu behar diote behar den lokalaren erabilera lagatzeko, eskaera-eredu formalizatu baten bidez.

2. Kontzeju-lokalak lagatzeko nahitaezkoa izanen da eskaera arrazoitu bat aurkeztea. Bertan agertu behar da zer jardueratarako behar den, eta zein den jardueraren helburua.

3. Erabilera eskuratzeko ezinbestekoa izanen da zehaztea lokal horiek erabiltzeko egunak eta orduak.

4. Eskaera egin beharko da 7 egun lehenago goizenez, eta egun bat lehenago beranduenez, erabili aurretik.

5. Lokala gastronomiarako erabiltzeko, eskaera egin beharko da, eta honela bideratuko da:

Eskatzaileak Ilarregiko Kontzejuan erroldatua izan beharko du.

Lokala gastronomiarako erreserbatzeko, eskaera aurrez aurre edo telefonoz egin dakioke Kontzejuko buruari edo arduradunari. Eskaera idatziz egin behar da, erreserba egiterakoan, edo ondoren, eta aretoa erabili aurretik. Eskaeran honako hauek zehaztu behar dira: bertaratuen kopurua, une gastronomikoa (hamaiketakoa, bazkaria, askaria, afaria...), sukaldea erabiliko den edo ez, labea erabiliko den edo ez.

Eskaera idatziz egitean, Kontzejuak dagokion tasa ezarriko du, I. eranskineko irizpideei jarraikiz.

Eskatzaileak jarduerak eta funtzionamendu arauak errespetatu behar ditu, bai eta instalazioak eta ekipoak zaindu ere. Lokaletik alde egiterakoan, egoki diren neurriak hartu behar dira ziurtatzeko behar bezala itxi direla txorrotak, gasa, argiak, ateak eta abar, eta lokala ekitaldia hasi aurretik zegoen bezala utzi behar da. Kontzejuak ez du inolako erantzukizun subsidiariorik izanen higiezinaren edo gunearen jabea izateagatik.

Arauak urratzeak edo ez betetzeak ekar dezake kolpetik bertan behera gelditzea jarduerak egiteko lortutako baimena.

Eskatzailea izanen da edozein anomaliaren edo akatsen erantzulea.

Eskaerek izan behar dute erregelamenduan ezarritako gehieneko edukieraren araberakoak, eta baldin eskaera bat baino gehiago badaude data eta ordutegi bererako, lehenik aurkeztutakoa gailenduko da. Nolanahi ere, bi ekitaldi aldi berean proposatzen direnean, Kontzejuak erabaki dezake zer ekitaldik duen lehentasuna, eta betiere, Kontzejuaren interesa lehenetsiko da interes partikularraren gainetik.

Erreserba egiten denean, Ilarregiko Kontzejuak eskatu du, erabilera bakoitzerako jarritako prezioaz gain, fidantza jar dadila lokala garbitzeko: 20 eurokoa izanen da erabilera ez bada sukaldaritzarako, eta 40 eurokoa, sukaldaritzarako bada.

Gainera, Kontzejuak eska dezake, segun eta lokala zertarako erabiliko den, beste fidantza bat, legez onartutako edozein modutan. Fidantza hori finkatuko da erabilera-erregelamenduan, eta haren helburua izanen da instalazioak ongi erabiltzea, eta instalazioak lagapenaren aurretik zegoen bezala uzteko betebeharra betetzea. Fidantzak bermatuko du erabiltzaileek ordaintzen dituztela eragindako kalte-galerak, bai eta ordenantza hau aplikatuta ezartzen diren zehapenak ere.

Erabilera bukaturik, giltza eman behar zaio Kontzejuko buruari edo unean arduradun denari, salbu Kontzejuak besterik erabakitzen badu.

4. artikulua. Ebazteko organoa.

Ilarregiko Kontzejuak jarduketa proposamena aztertuko du barne ekitaldi batean, eta kalifikatu du, eta erabakiko du ukatzea edo onartzea.

Presa dela-eta ezin badira bete eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

5. artikulua. Prozedura.

1. Aretoa erabiltzeko eskaera egin duenak arduratu beharko du giltzak utzi eta jasotzeaz, eta ekitaldi bakoitzaren aurretik eta ondotik egoera gainbegiratzeaz. Nolanahi ere, arduradun horrek ez ditu baimenduko eskatzen diren jarduketak; izan ere, baimenak ematea Ilarregiko Kontzejuaren ardura izanen baita.

2. Eskaera ezarritako epean eta eran aurkeztu ondoren, hogeita lau orduko epean espresuki ebatziko da.

3. Kontzejuak ematen duen baimen-erabakian ezarriko da zenbat iraunen duen erabilerak, eta espresuki eta zehatz adieraziko dira lagatzen diren guneak eta erabiltzeko orduak.

4. Bi eskaerek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenik aurkeztu dena nagusituko da. Lehentasunez Ilarregiko herritarei lagako zaizkie aretoak. Hala ere, eta salbuespenez, behar izanez gero, Ilarregiko Kontzejuak erabaki dezake zer eskaerak duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

6. artikulua. Erabilerak eta ordutegia.

1. Lagatzen diren tokiak soilik bere eginkizun edo jardueretarako erabil ditzake eskatzaileak, jarraikiz erabilera baimentzeko eskaeran ezarritako helburuei. Lagapen erabakian edo baimenean zehatzago arautu daiteke gai hori, hala behar duten puntuetan.

2. Ilarregiko Kontzejuak baimendu beharko ditu aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako erabilera guztiak.

7. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

1. Lagatako lokalaren edo aretoaren barnean, lagapen-hartzailearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da egin pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, nahiz pertsonen duintasunaren kontrakoak, nahiz gizabanakoei bereizkeria egitea, honako hauek direla-eta: arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta bestelako inguruabar pertsonal edo sozialak.

2. Debeku da lagatako lokala erabiltzea erabilera-baimenean ageri ez diren jardueretarako, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

3. Debeku da aretoetan erretzea.

4. Beste edozein jarduera, baldin eragozpenik edo nahasmendurik eragiten badie auzotarrei.

8. artikulua. Honako hauek izanen dira lagapen-hartzailearen betebeharrak:

a) Errespetatzea lokalak erabiltzeko araubidean edo baimen erabakietan ezarritako erabilera ordutegiak.

b) Lagatako gunea onuradunaren xedeetarako erabili behar da, bai eta Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Erabiltzeko guneak ezin hobeki edukitzea, osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

d) Lokaleko giltzak zaintzea eta zentroa ixtea, baldin azken entitatea bada hura erabiltzen, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen bada. Gainera, begiratuko dute lagatako guneak behar bezala erabil daitezen, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

e) Esleitutako gunearen erabilera ez lagatzea hirugarrenei, ez osorik, ez partez.

f) Ez erabiltzea ebazpenean espresuki baimendutakoa ez den beste udal areto edo lokal bat.

g) Ilarregiko Kontzejuari edo arduradunari komunikatzea gertatzen den edozein anomalia, gorabehera edo arazo, eta, presakoa bada, berehalakoan.

h) Kontzejuari une oro uztea jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen, begiratu ahal izateko ea betetzen diren erregelamendu hau eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea, eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.

9. artikulua.

Baldin betetzen ez bada baldintza-orri honetako betebeharretako edozein, hori aski izanen da izanen da baimena hutsaltzeko, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eskatzen ahal zaizkion erantzukizunak.

10. artikulua.

Baldintza-orri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, Ilarregiko Kontzejuari dagokio lehen-lehenik horien ondoriozko gorabehera guztiak ebaztea, baita bertako xedapenak interpretatzea ere. Nolanahi ere, haren ebazpenen kontra jotzen ahal da, hautara, horretarako erabiliz Nafarroako toki-erakundeetarako ezarrita dauden bideak.

ZEHAPEN-ARAUBIDEA

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira Udalaren lokalen erabileraren onuradunek erregelamendu honetako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

b) Arau-hauste astuna:

–Kalteak edo hondamenak eragitea lokalean edo ondoko aretoetan.

–Erregelamendu honetan ezarri bezala, irabazi-asmoko jarduketak egiteko debekua ez betetzea.

–Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea, gutxienez hiru aldiz.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Eraso egiten diotenak pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari.

–Arau-hauste astunak behin baino gehiagotan egitea, gutxienez bi aldiz.

12. artikulua. Zehapenak:

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituztenei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie, behar den espedientea ireki ondoren:

a) Arau-hauste arina:

Bostehun euro (500,00) arteko isuna eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete artekoa.

b) Arau-hauste astuna:

Bostehun euro eta zentimo bat (500,01) eta mila eta bostehun eurora (1.500,00) bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabete artekoa.

c) Arau-hauste oso astuna:

Mila eta bostehun euro eta zentimo bat (1.500,01) eta hiru mila euro (3.000,00) arteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, sei hilabete eta egun batetik urtebete artekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honen aplikazioan edo hartan arautuak ez dauden alderdiei buruz sor daitezkeen zalantzak Osoko Bilkurak ebatziko ditu, bidezko jotzen diren txosten teknikoak eta juridikoak ikusi ondoren. Erabaki horiek administrazio bidea agortuko dute, eta haien aurka jartzen ahalko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio hori arautzen duen legean ezarritakoari jarraikiz, galarazi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

I. ERANSKINA.–TASAK

1. Beheko solairua gastronomiarako erabiltzea:

–Beheko solairua gastronomiarako erabiltzea, sukaldea erabiliz: 2 euro mahaikide bakoitzeko.

–Beheko solairua gastronomiarako erabiltzea, sukaldea erabili gabe (urtebetetzeak, askariak, erabiltzaileek jana ekarrita...): 10 euro ekitaldi bakoitzeko.

2. Gastronomiarako ez den erabilera:

–Honako tasa hau ezartzen da, emateagatik herritarrentzat interesgarriak diren eta irabazi asmoko erakunde edo pertsona pribatuek antolatutako edo gauzatutako kultura- edo kirol-jarduerak:

Unean uneko jarduerak: 6 euro orduko.

Aldizkako jarduerak: 4 euro orduko.

Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira irabazi asmorik gabeko kulturako edo ongintzako elkarteak eta zeinahi pertsona fisiko, baldin arestian aipatu xedeetako bat badute.

Iragarkiaren kodea: L2517043