109. ALDIZKARIA - 2026ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1108/2026 EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 18koa Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, prestakuntzaldiko ikertzaileak kontratatzeko 2026ko deialdia onesten duena bi doktoretza-tesi egin ditzaten UPPAren eta NUPen artean kotutoretzan, eta horretarako gastua baimentzen duena.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA, Université de Pau et des Pays de l’Adour) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, bi unibertsitateen artean kotutoretzan egiteko doktoratu aurreko bi kontraturako deialdia onestea erabaki zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Batzordeak 2026ko martxoaren 26an egindako bileran.

Ikusirik 103/2019 Errege Dekretua, 2019ko martxoaren 1ekoa, Prestakuntzan dauden Doktoratu Aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duena.

Ikusirik Ikerketa Batzordearen erabakia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoak egindako aldeko txostenaren arabera.

Ikusirik kreditu erreserba badagoela eta Unibertsitateko Kontabilitate Atalak egindako txostena.

Barne Kontrolerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko fiskalizazioa eginda.

Ikerketako errektoreordeak proposaturik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan –estatutuak 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi zituen, eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko martxoaren 21eko erabaki batek aldatu– eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluan esleituak ditudan eskudantziez baliatuz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Prestakuntzaldiko ikertzaileak kontratatzeko deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira. 2026 ikasturtean UPPAren eta NUPen artean kotutoretzan bi doktoretza-tesi egitea da helburua, doktoratu aurreko bi kontraturen bidez, lansari hauekin:

–Kontratuaren lehenbiziko urtean: Urteko soldata gordina 19.007,22 euro-koa izanen da (1.357,67 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.383,45 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren bigarren urtean: Urteko soldata gordina 19.007,22 euro-koa izanen da (1.357,66 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.403,90 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren hirugarren urtean: Urteko soldata gordina 20.364,88 euro-koa izanen da (1.454,63 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 7.545,00 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratuaren laugarren urtean: Urteko soldata gordina 25.456,10 euro-koa izanen da (1.818,29 euro-ko 14 ordainsaritan), eta Gizarte Segurantzako kuota, 8.576,16 euro-koa, zeina NUPek ordainduko baitu enplegatzailea den aldetik.

–Kontratua bukatzeagatiko kalte-ordaina: 3.347,65 euro.

Horrez gain, diru-kopuru gehigarri bat dago tutoretza akademikoaren matrikularen kostua ordaintzeko: urtean 323,35 euro, eta 4 matrikula oso ordaintzeko gehienez ere. Deialdi honen onuradunak gehienez ere 6.000 euro-ko laguntza gehigarri bat izanen du kotutoretza lortzeko beharrezkoa den 9 hilabeteko egonaldiaren ondoriozko gastuak finantzatzeko, deialdiaren 12.2.e) oinarria betez.

Bigarrena.–Deialdiaren kostu osoa 250.769,93 euro da, betiere honako aurrekontuetako partida hauetan behar adina dirurik badago horretarako:

  • 2026:

303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 6.330,82 euro.

303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 2.456,01 euro.

303000/0320/48123 Matrikularako laguntzak 646,70 euro.

  • 2027:

303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 38.014,44 euro.

303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 14.773,08 euro.

303000/0320/48123 Matrikularako laguntzak 646,70 euro.

  • 2028:

303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 38.466,64 euro.

303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 14.855,47 euro.

303000/0320/48123 Matrikularako laguntzak 646,70 euro.

  • 2029:

303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 42.425,51 euro.

303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 15.438,85 euro.

303000/0320/48123 Matrikularako laguntzak 646,70 euro.

  • 2030:

303000/0320/13110 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 49.128,71 euro.

303000/0320/16000 Gizarte Segurantza 14.293,60 euro.

Hirugarrena.–Aurreikuspenen arabera, 2026ko azaroaren 1ean hasiko dira kontratuak.

Laugarrena.–Aukera egonen da kontratuen zenbatekoa eta kopurua handiagotzeko, deialdia finantzatzeko aurrekontu handiagoa baldin badago.

Bosgarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Gizarte Kontseiluari, Ikerketako errektoreordeari, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeari, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateari (UPPA), Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, NADOEri, Graduondoko Bulegoari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari.

Seigarrena.–Ebazpen hau eta eranskin gisa ageri diren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki oholean argitara daitezela agintzea. Halaber, Unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez ahalik eta hedapen handiena izan dezan arduratuko da Ikerketa Zerbitzua.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2026ko maiatzaren 18an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

PRESTAKUNTZALDIKO IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO 2026KO DEIALDIA, BI DOKTORETZA-TESI EGIN DITZATEN UPPAREN ETA NUPEN ARTEAN KOTUTORETZAN

EBAZPENAREN ERANSKINA

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA, Université de Pau et des Pays de l’Adour) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, doktoratu aurreko kontratuak egiteko deialdi publiko bat jarri da abian, 2 doktoretza-tesi kotutoretzan egiteko erakunde horietako bakoitzean. Deialdi hau NUPek finantzatutakoei buruzkoa da.

Nafarroako Doktoretza Eskolako (NADOE) Zuzendaritza Komitearen A08/2019 erabakiaren bidez, doktoretza-tesiak kotutoretzan egiteko prozedura onetsi zen.

99/2011 Errege Dekretuak, 2011ko urtarrilaren 28koak, Doktoretzako Ikasketa Ofizialak arautzen ditu.

Hori guztia kontuan hartuz, doktoratu aurreko ikertzaileak prestatzeko kontratuetarako deialdi hau onestea proposatu du Ikerketa Batzordeak.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da NUPek doktoratu aurreko bi kontratu finantzatzea bi doktoretza-tesi egiteko UPPAren eta NUPen arteko kotutoretzan, bi erakunde horiek sinatutako esparru-hitzarmenaren barrenean.

NUPen indarrean den araudi akademikoa aplikatuz, doktoratu aurreko kontratuak sinatu aurretik kotutoretza-hitzarmen bat sinatuko dute bi unibertsitateek, non xehetasun akademikoak jasoko baitira.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoak arautuko du, eta adierazitako zenbateko eta epeetan emanen da, betiere aurrekontu-zuzkidura nahikoa baldin badago.

2.–Baldintzak.

2.1. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) 2026-2027 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean onartuak egotea, edo programa horretako onarpena eskatua izatea eskabideak aurkezteko epearen barrenean, eta baldintza hauetako bat betetzea:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza-programa batean sartzeko gaitzen duten aurretiazko ikasketak izatea.

2. 2025-2026 ikasturtean doktoretzarako sarbidea ematen duen master batean matrikulatua egotea. Eskatzaileak masterra amaitzeko beharrezkoak diren kreditu guztietan matrikulatua egon behar du, Master Amaierako Lanaren kredituak barne, eta 2026ko uztailaren 31 baino lehen amaitu beharko ditu ikasketak.

Kontratua esleitzeko hautatua izanez gero, eskatzaileak 2026-2027 ikasturterako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean matrikula egin duela egiaztatu beharko du kontratuaren behin betiko esleipena argitaratzen denean ezartzen den epean. Doktoretza-programaren matrikula NADOEk ezarritako ohiko epeetatik kanpo egin ahal izateko, doktoretzaren onarpen eskaera aurkeztu beharko da; matrikula egiteko, beharrezkoa izanen da doktoratu aurreko kontratua lortzea.

b) Eskatzaileek egiaztatu beharko dute ingeleseko edo frantseseko B1 maila dutela gutxienez, dela ziurtagiri ofizial baten bidez, dela maila-proba bat eginez NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian kontratua emateko behin-behineko ebazpenean zehazten den egunean.

c) Doktoretza-titulurik ez izatea.

d) Eskaera egiteko epea ixten den egunean, 12 hilabeteko edo gehiagoko beste laguntza homologagarririk ez jaso izana doktoretza-tesia egiteko.

12 hilabete baino gutxiagoko kontratu homologagarri baten onuraduna izan bada, deialdi honetan jasotako doktoratu aurreko kontratuaren eta haren luzapenen gehieneko iraupenari kendu eginen zaio eskatzailea kontratatua egon den denbora (hilabeteak eta egunak), Zientziaren 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (2011ko ekainaren 1eko legea).

Murrizketa hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da eskatzailea zenbat denbora egon den kontratatua deialdi honetako doktoratu aurreko kontratua formalizatzen den egunera arte.

Momenturen batean ikusten bada eskatzaileak ez dituela baldintzak betetzen, eskatzaile hori hautaketa-prozesutik kanpo geldituko da.

2.2. Tesiaren zuzendarikideek bete beharreko baldintzak:

Eskatzaileek zuzendarikide bat izan behar dute NUPen eta beste bat UPPAn. Eskaera NUPeko zuzendarikideak babestuko du, kontratuaren zuzendaria den aldetik, eta Unibertsitatearekin lotura izan beharko du doktoratu aurreko kontratuak irauten duen bitartean.

3.–Kontratuen araubide juridikoa.

3.1. Kontratuen onuradunen eskubideak eta betebeharrak deialdi honetan ezartzen direnak izanen dira, eta Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Estatutuetan ezartzen den beste edozein (2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako estatutuak).

3.2. Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluan ezarritakoak arautuko ditu doktoratu aurreko kontratuak, bai eta 2022ko irailaren 5eko 17/2022 Legean ezarritakoak ere –lege horrek aldatzen du aipaturiko 21. artikulua–.

3.3. Kontratatutako pertsonei beren kontratuaren zuzendariaren ikerketa-talde bera esleituko zaie, eta hura atxikia dagoen sail berari atxikiak geldituko dira. Halaber, hala badagokio, kontratatutako pertsona bere zuzendariaren ikerketa-institutuari atxikitzen ahalko zaio.

3.4. Deialdi honetan jasotzen diren kontratuek ez dute inolaz ere konpromisorik ezartzen onuradunak gerora Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan sartzeko.

3.5. Deialdi honen babesean kontratu bat sinatzea bateraezina da xede bera duten eta funts publiko edo pribatuekin finantzaturik dauden beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta kontratuaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+Gko proiektuetako parte-hartze baimenduak eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako ordainsariak, betiere Ikerketako errektoreordearen ustez emandako kontratuaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.

–Astean gehienez 2 orduko arduraldi partziala duten aldi baterako kontratuak, betiere emandako kontratuaren xedea garatzeari traba egiten ez badiote.

4.–Eskaeren aurkezpena.

Ezinbestean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Unibertsitatearen erregistro elektronikoan, prozeduren katalogoan horretarako ezarritako prozeduraren bidez. Unibertsitatearen egoitza elektronikotik sartzen da horra, esteka honetatik hain zuzen:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8310&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096&lang=eu

Eskabideak aurkezteko epea 15 lanegunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskatzen diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

5.–Eskaera egiteko inprimakiak eta dokumentazioa.

Eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Merezimenduen zerrendaren inprimakia. Hemen dago:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8310&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096&=lang=eu

Inprimakiarekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, ez besterik. Merezimenduak ez egiaztatzea ez da baztertzeko arrazoia, eta, beraz, ez da inola ere eskatuko egiaztapen-falta hori zuzentzeko.

Ez dira kontuan hartuko beren arau erregulatzaileen arabera egiaztatzeko eskumena esleitua ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek egindako agiriak.

b) Eskatzailearen curriculum vitaea.

c) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren edo pasaportearen fotokopia.

d) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen kopia, kontratua eskatzeko inprimakian adierazitakoaren eta II. eranskinaren arabera. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

e) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren edo titulazioen ziurtagiri akademiko zehaztuaren kopia, aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera. Ziurtagiri horretan, lorturiko kalifikazioak jaso beharko dira, bai eta noiz lortu diren ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Eskatzaileek ikasketak atzerrian egin badituzte, Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak egindako noten baliokidetasuna aurkeztu beharko dute gainera. Baliokidetasun hori hemen eskatzen ahal da:

https://universidades.sede.gob.es/pagina/index/directorio/Equivalencia–notas–medias/language/eu–ES

Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko.

f) Eskatzaileak egindako ikasketen promozioko batez besteko notaren ziurtagiria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

2024-2025 ikasturteko master bereko promozioaren batezbestekoa onartzen da, baldin eta 2025-2026 ikasturtean masterra amaituko duten eskatzaileei ezinezkoa bazaie oraingo ikasturteko batezbestekoa izatea.

Ziurtagiriak prozeduraren fitxaren bidez eta eskaerak egiteko epean aurkeztu beharko dira; bestela, ez dira kalifikazioak kontuan hartuko.

g) Ingeleseko edo frantseseko B1 mailaren egiaztagiria.

h) Lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua.

i) Tesi zuzendariaren abala duen dokumentua. Hemen eskuratu daiteke:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8310&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096&lang=eu

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egonen, baina zirkunstantzia hori jakinarazi beharko dute idazki baten bidez. Idazki horretan, zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen identifikatu behar dute.

Agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako itzulpen soila erantsi beharko da, eta Ikerketa Batzordearen esku utziko da zinpeko itzulpena eskatzea, beharrezkoa izanez gero.

Prozeduraren edozein fasetan, eskaerak aurkezteko epean aurkeztutako egiaztagirien jatorrizko dokumentuak aurkezteko eskatzen ahalko die Ikerketa Zerbitzuak interesdunei.

Aurkeztutako informazioa faltsua bada edo dokumenturen bat manipulatu bada, eskatzaile horrek galdu eginen du hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskubidea, eta dagokion erantzukizuna eskatzen ahalko da.

6.–Hautapen Batzordea.

UPPArekin eginen diren kontratuen Hautapen Batzordea osatuko dute Ikerketako errektoreordeak edo hark eskuordetutako pertsonak, zeina batzordeburu arituko baita, eta batzordekide hauek:

–Ikerketaren Arloko zuzendaria.

–Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren arloko zuzendaria.

–NADOEko zuzendaria.

–Laguntzen eta Deialdien Ataleko burua.

–UPPA erakunde laguntzaileko ordezkari bat.

7.–Hautaketa egiteko irizpideak.

7.1. Atal honetan ezarritakoari jarraikiz hautatuko ditu Hautapen Batzordeak izangaiak:

a) Doktoretzako ikasketetara sartzeko titulazioaren espedientearen batez besteko nota ponderatua, II. eranskinaren arabera: gehienez ere 50 puntu.

Batez besteko nota ponderatua honela kalkulatuko da:

Nota ponderatua = (IN + 5 DN) / 2

Non IN ikaslearen batez besteko nota den (doktoretzara sartzeko behar diren titulazio guztiak barne hartuta), eta DN, berriz, INaren desbideratze normalizatua promozioaren batez besteko notarekiko (NT). Izangai bakoitzaren DNaren balioa lortzeko, bere IN-NT desbideratzea zati bere arloan onartutako izangaien IN-NT desbideratzerik altuena (Dmax) bider 5 egin behar da, hots: DN=5(IN-NT)/Dmax.

Izangai guztiek 6,5eko batez besteko nota (IN) edo hortik gorakoa eduki behar dute kontraturako hautagai izateko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute aurkeztu beharko informazio hau, Irakaskuntza Zerbitzuak emanen baitu. Ezarritako ponderazio formula aplikatuko zaie.

Beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan, haien ardura izanen da behar den dokumentazioa epe barnean aurkeztea aipatutako ponderazio formula aplikatzeko. Promozioaren batez besteko notaren (NT) egiaztagiririk aurkezten ez duten eskatzaileei, promozioaren batez besteko nota gisa bi hauen artean handiena den balioa aplikatuko zaie: deialdi honetako beste izangaiei aplikatutako promozioaren batez besteko nota altuena edo eskatzaileak lortutako batez besteko nota indibiduala.

Masterreko ikasketen kasuan, doktoretza-ikasketetan sartzeko erabiltzen den masterraren eta master horren aurreko unibertsitateko ikasketen batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulazio bakoitzari dagozkion kredituen arabera (II. eranskina).

Eskatzaileak 5.e) apartatuan adierazitako beharrezko dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez du hura egiaztatzeko eskatuko, eta espedienteari 0 puntu emanen zaizkio.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatu eginen dira. 50 puntu emanen zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Kontratua eskatzeko inprimakian doktoretzako ikasketetara zein titulazioren bidez sartuko den adieraziko da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batezbestekoa. Master baten bidez sartzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere hartuko da kontuan, II. eranskinaren arabera.

Espediente akademikoaren batez besteko nota 0tik 10era bitarteko eskalan kalkulatuko da, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

∑(irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)/ titulazioaren kreditu kopurua guztira

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei "Gainditua" kalifikazioa emanen zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emanen zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Espedientean kalifikazio kualitatiboa baizik jaso ez bada, baliokidetasun hau aplikatuko zaio:

–Ohorezko matrikula: 10.

–Bikain: 9,25.

–Oso ongi: 7,75.

–Gainditua: 5,75.

Eskatzaileek espediente akademikoaren batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan akats esanguratsuren bat detektatuz gero, hura egiaztatzeko edo argitzeko eskatuko zaie. Garaiz eta forman egiaztatzen ez bada, doktoratu aurreko kontratua ukatzeko arrazoi nahikoa izan daiteke.

b) Eskatzailearen curriculuma: 20 puntu gehienez.

1. Ikerketa-proiektuetan eta argitalpenetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

2. Biltzarretan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

3. Ikastaroak: 4 puntu gehienez.

4. Mugikortasuna: 4 puntu gehienez.

5. Hizkuntzak: 4 puntu gehienez.

c) Frantsesa eta gaztelania jakitea: 10 puntu gehienez.

1. Ama-hizkuntza gaztelania duten edo Espainiako nazionalitatea duten eskatzaileek frantsesa jakitea: 10 puntu gehienez

2. Ama-hizkuntza frantsesa duten edo Frantziako nazionalitatea duten eskatzaileek gaztelania jakitea: 10 puntu gehienez

3. Ama-hizkuntza ez frantsesa ez gaztelania ez duten eskatzaileek edo Espainiako edo Frantziako nazionalitaterik ez dutenek frantsesa eta gaztelania jakitea: 10 puntu gehienez

8.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, gehienez ere hilabeteko epean, tramitera onartutako eskatzaileen eta baldintzaren bat ez egiaztatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa ez aurkezteagatik baztertuak izan diren eskatzaileen behin-behineko zerrenda onetsiko du Ikerketako errektoreordeak ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen horretan 10 laneguneko epea emanen zaie eskatzaileei, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hautemandako akatsak zuzendu edo erreklamazioa aurkez dezaten. Ezarritako epean egin ezean, eskaera ez da tramitera onartuko.

8.2. Hautapen Batzordeak aurkeztutako erreklamazioak ebatziko ditu, eta Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio tramitera onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko proposamena.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onetsiko da. Ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.3. Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean gehienez ere, izangaien puntuazioak eta kontratuen behin-behineko esleipen proposamena onetsiko dira Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta gehienez ere 10 laneguneko epea izanen dute interesdunek erreklamazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.4. Hautapen Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu, eta puntuazioak eta behin betiko esleipen proposamenak onetsiko, eta behar den proposamena bidaliko dio Ikerketako errektoreordeari.

Ikerketako errektoreordearen ebazpen baten bidez, puntuazioak eta deialdiko kontratuen behin betiko esleipena onetsiko dira. Ebazpen hori Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, eta, haren aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.5. Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzea.

https://www.unavarra.es/sede/tablon-electronico?languageId=100000

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzea da Unibertsitateak onarturiko publizitate tresna bakarra. Hala ere, interesdunei posta elektronikoz jakinarazten ahalko zaie, modu osagarrian eta ez-ofizialean.

9.–Doktoratu aurreko kontratuaren helburua eta baldintzak.

9.1. Doktoratu aurreko bi kontratu formalizatzea izanen da xedea, bi doktoretza-tesi kotutoretzan egiteko. Ezin izanen da kontratua sinatu tesia gordailutua edo defendatua duten eskatzaileekin, eta, horrenbestez, deialdi honetatik kanpo uztea edo, hala badagokio, kontratua ukatzea ekarriko du horrek.

9.2. Kontratuaren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programa batean onartuak izateko aukera ematen dien titulua dutenek ikerketa-lanak egitea proiektu espezifiko eta berritzaile baten barnean. Kontratatuak prestakuntzan dauden doktoratu aurreko ikertzaileak izanen dira.

Prestakuntzan dagoen doktoratu aurreko ikertzaileak, langilea denez, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, lana ematen duena denez, gauzatuko dute kontratua. Kontratuari doktoretza-programan onartua dela adierazten duen agiria erantsiko zaio, programaren arduradunak emana, edo doktoretza edo graduondoko eskolak, hala badagokio. Kontratuek eta luzapenek osotara lau urte iraunen dute gehienez.

Kontratua lanaldi osokoa izanen da, eta lau urteko iraupena izanen du gehienez. Beharrezkoa izanen da urtero doktoretza-programako Batzorde Akademikoak aldeko txostena egitea, edo, bestela, doktoretza-eskolak, ikertzaileak programan irauten duen bitartean. Lehenago doktoratu aurreko kontratu paretsu bat izan duten onuradunen kasuan, lau urte horiei kendu eginen zaie kontratatuta egon diren denbora. Doktoretza-tesia eta doktoretza-programako matrikula arduraldi osokoak izanen dira.

Doktoretza-titulua lortzeak amaiera emanen dio ikertzaileen prestakuntza-etapari, eta, une horretatik aurrera, doktoratu ondoko etapari heltzen ahalko dio, zeinak, gehienez ere hamabi hilabetez, doktoratu ondoko orientazioa ematea izanen baitu xede. Nolanahi ere, kontratuaren iraupena ezin izanen da aurreko paragrafoan adierazitako gehienekoa baino luzeagoa izan.

9.3. Kontratua eten eginen da honako kasu hauetan:

–Kontratua emateko gehieneko epea betetzen denean, luzapen guztiak barne.

–Doktoretza-programan egoteko aldia bukatzea edo doktoretza-programan matrikulatuta ez egotea.

–Doktoregaiak doktoretza-programako Irakaskuntza Batzordearen aurkako txostena jasotzen badu.

–12. oinarrian jasotako baldintzak betetzen ez badira, eta horrek Ikerketa Batzordearen iritziz kontratua amaitzea ekartzen badu.

9.4. Doktoretza aurreko kontratuak lau urteko iraupena du gehienez ere, eta bitarte horretan jasoko den ordainsariak ez du gaindituko 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa.

–Kontratuaren lehenbiziko eta bigarren urteetan: 1.357,66 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren hirugarren urtean: 1.454,63 euro gordineko 14 lansari.

–Kontratuaren laugarren urtean: 1.818,29 euro gordineko 14 lansari.

Unibertsitateak hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotak, indarrean daude legeetan ezarritako baldintzetan.

10.–Matrikularen gastuetarako laguntza.

Deialdi honen onuradunek laguntza gehigarri bat izanen dute doktoretza-ikasketen ondoriozko matrikula gastuak finantzatzeko: tutoretza akademikoko matrikula Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2026-2027 ikasturtetik aurrera aplikatuko da, eta doktoratu aurreko kontrataziorako laguntza indarrean den bitartean iraunen du (gehienez ere 4 matrikula).

11.–Mugikortasunerako laguntza osagarria.

Laguntza honen onuradunek laguntza gehigarri bat izanen dute kotutoretza lortzeko beharrezkoa den 9 hilabeteko egonaldiaren ondoriozko gastuak finantzatzeko, deialdiaren 12.2.e) oinarria betez. Gehienez ere 6.000 euro-ko laguntza izanen da, eta doktoratu aurreko mugikortasuneko deialdietan onuradunak lortzen ahal dituen beste dirulaguntzen osagarria.

Onuradunek mugikortasun-programa hasi aurreko ekitaldiko urriaren 31 baino lehen eskatu behar dute laguntza osagarria, hurrengo ekitaldiko Unibertsitatearen gastuen aurrekontutik horni dadin.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradunek kontratua onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arauak onartzea, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratuen jarraipen zientifikorako ezartzen dituenak ere.

12.2. Onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Doktoretza-tesia NUPen eta UPPAren arteko nazioarteko kotutoretzan egiteko hitzarmen bat sinatzea.

b) NUPen eta UPPAren doktoretza-programa batean matrikulatzea kontratua emateko ebazpenean adierazten den epean eta unibertsitate bakoitzak eskatzen dituen baldintza akademikoak betetzea.

c) Kontratuaren helburu den ikerketa-lana egiteko xedez, kontratua emateko ebazpenean eta kontratuan adierazten den egunean bertan hastea lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoan, hori baita lantoki ofiziala; une horretan hasten ez badira, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, kontratuari uko egiten diotela ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik hura sinatzeko jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean sinatzen ez badute.

Ikerketako errektoreordeak, interesdunak eskatuta, kontratuaren zuzendariaren oniritziarekin, lanean hasteko eguna atzeratzeko baimena ematen ahalko du, horretarako larritasun handiko arrazoiak daudenean. Bateraezintasun egoerak ez dira ezinbesteko kausatzat jotzen lanean hasteko eguna atzeratzeko.

Ikertzaileren batek lan-baimena ematen duen bizileku-baimena eskuratu behar badu, 4 hilabeteraino luzatzen ahal da jardunean hasteko epea.

d) Beren lana aprobetxamenduz egitea esleituriko ikerketa-taldean eta, halakorik bada, ikerketa-institutuan.

e) Gutxienez 9 hilabeteko egonaldia egitea atzerrian; haietako 6 gutxienez UPPAn egin behar dira, baina posible da gainerako 3rak beste unibertsitate batean egitea, ahal dela UNITA aliantzako unibertsitate batean.

f) Kontratuarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea baldin eta kontratuaren zuzendariaren baimenik ez badu.

g) Egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak bidaltzea kontratuaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari.

h) Doktoretza-programako Batzorde Akademikoaren urteroko aldeko txostena edukitzea. Ebaluazioa aldekoa ez bada, kontratua deuseztatu eginen da, 15 egun lehenago jakinarazita.

i) Urtero, eskatzen zaien epean, lan bizitzaren ziurtagiri eguneratua aurkeztea.

j) Kontratuak irauten duen aldian egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa-jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Nafarroako Unibertsitate Publikokoak direla eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak finantzatu dituela.

k) Ikerketa-emaitza guztiak sarbide irekian jartzea, NUPen Academia-e gordailu instituzionalean gordez argitaratutako artikulu guztien kopia bat edo argitaratzeko onartu den azkeneko bertsioaren kopia bat (postprint bertsioarena), artikulua argitaratzen denetik sei hilabetera gehienez ere. Ahal dela, halaber, ikerketan sortutako datuak ikerketako datuen biltegi batean gordailutuko dira.

Hona hemen gai horri buruzko xehetasun gehiago:

https://www.unavarra.es/biblioteca/ikerketarako-laguntza/sarbide-irekia?languageId=100001

l) Kontratuaren aldia behin betiko bukatu ondoren, egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztea, kontratuaren zuzendariak ontzat emana eta lan bizitzaren ziurtagiriarekin batera. Doktoretza-tesia defendatu eta gainditu dela egiaztatzeak txostena aurkeztea ordezkatuko du.

m) Doktoretza-tesia defendatzea eta gainditzea 4 urteko epean gehienez ere doktoratu aurreko kontratuaren hasiera egunetik kontatzen hasita.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, kontratuaren zuzendariak ontzat emana eta NADOEren aldeko txostenarekin.

12.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak, bestalde, esleitutako kontratua ukatzea eta baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru kopuruak itzuli behar izatea, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera –2005eko azaroaren 9ko foru legea da, eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen du–. Kasu horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emanen du, dagokion espedientea izapidetu ondoren, bidegabeki jasotako diru kopuruak baliogabetzeko eta itzultzeko, eta hartan adieraziko du zer baldintza eta epe bete behar diren diru sarrera egiteko. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen du, eta zilegi da haren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasita.

12.4. Lortutako kontratuari uko egiten diotenek kontratuaren zuzendariaren sinadura duen idazkia bidaliko diote Ikerketako errektoreordeari, eta, idazki horretan, uko egitearen arrazoiak eman. Kontratuari uko egiteko eskaerak ondorio-eguna baino 7 egun lehenago aurkeztu behar dira beranduenez.

Deialdi honetako gainerako eskatzaileek beteko dituzte kontratua hasi eta hurrengo 3 hilabeteetan gertatzen diren bajak eta uko egiteak, kontratuak emateko behin betiko ebazpenean onetsitako balorazioan ezarritako ordenaren arabera betiere.

12.5. Kontratuen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari lagatzen dizkiote kontratuaren helburu den ikerketa-jardueraren ondorioz sortzen diren emaitzei legozkiekeen eskubideak. Unibertsitateak kontratuen onuradunei egile eskubideak aitortuko dizkie, lortzen lagundu duten emaitzen gainekoak, Unibertsitateko ikertzaile kontratatuei edo ikertzaile funtzionarioei dagozkien baldintza berdinetan betiere.

13.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuari dagozkion lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte kontratuen onuradunek.

14.–Kontratua etetearen ondorioak.

Kontratuen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren babes ekintzako araubideko prestazioak jasotzeko, hartan ezarritako moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen 2015eko urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21 c) artikuluaren arabera, kontratuaren iraupenaren zenbaketa eten eginen da egoera hauetakoren bat gertatzen bada kontratuak irauten duen bitartean: aldi baterako ezintasuna; lanaldi osoko baimena hartzea haurdunaldiagatik, haurdunaldian edo esnea emateko aldian arriskua izateagatik, haur baten jaiotzagatik, amatasunagatik, aitatasunagatik, haur bat adopzioan edo harreran hartzeagatik edo adopzio xedez zaintzeagatik edo esnea emateko baimena lanaldi osoetan metatua izateagatik, edo halako zerbaitekin zerikusia duen antzeko egoeraren batengatik; lanaldi osoko baimena hartzea kontziliazioagatik edo adingabeak, senideak edo mendeko pertsonak zaintzeagatik; eszedentzia hartzea seme-alabak edo senideak zaintzeagatik; eta genero indarkeriagatik.

Kontratuak irauten duen bitartean, ondoren adieraziko diren arrazoiengatiko baimenak lanaldi murriztuan hartuz gero, kontratua luzatu eginen da murriztu den lanaldi-zatiaren baliokide den denboran: haur baten jaiotza; amatasuna; aitatasuna; haur bat adopzioan edo harreran hartzea edo adopzio xedez zaintzea; lanaldia murriztea esnea emateko; haur goiztiarraren jaiotza edo haurra ospitaleratzea erditzearen ondoren; legezko zaintza; minbizia edo gaixotasun larria duten adingabeak zaintzea; gaixotasun larria duten edo istripu bat izan duten senitartekoak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzea; genero indarkeria; edo lanaldia murriztu bada antzeko arrazoiren batengatik, edo kontziliazioagatik, edo adingabeak, senideak edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzeagatik.

15.–Irakasle lanean laguntzea.

15.1. Kontratuen onuradunek baimena eskatzen ahal dute unibertsitateko sail batean irakasle lanean laguntzeko, prestakuntzarako xedez, betiere kontratuaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Lankidetza hori indarrean dagoen legediaren arabera eginen da.

15.2. Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da egoitza elektronikoan, aipatutako prozeduran ezarritakoaren arabera.

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8661&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096&lang=eu

16.–Datuen babesa.

Deialdi honetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak araudi hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Tratamendu horren helburua ikerketaren kudeaketa administratiboa da, eta haren oinarri juridikoa, hau da, interes publikoko misioa, DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, ikertzaile gazteei prestakuntza ematea da, prestakuntzan dauden ikertzaileentzako kontratuen deialdia eginez. Tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da (NUP), eta interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta beste eskubide batzuk ere, delegado.protecciondatos@unavarra.es helbideaz baliatuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 12. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritakoari jarraikiz.

NUPek identifikazio- eta harreman-datuak, sinadura, merezimenduen zerrenda eta titulazioari, kalifikazio akademikoari, curriculumari eta ikerketa-jarduerari buruzko datuak tratatuko ditu. Era berean, zer kontratu esleitu diren eta horien onuradunak nor diren NUPen webgunean argitaratuko da, aurreikuspenen arabera. Azkenik, bankuko datuak ere tratatuko dira onuradunei ordainketak egiteko.

17.–Deialdiaren baldintzak onartzea.

Eskatzaileek eta kontratuen zuzendariek deialdi honetan parte hartzeak deialdiaren baldintzak onartzea dakar berekin, baita deialdiaren oinarriak eta ondoriozko gainerako arauak betetzeko konpromisoa hartzea ere.

18.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Unibertsitatearen egoitza elektronikoko iragarki ohol elektronikoan ere.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–ESKATZAILEAREN MEREZIMENDUEN BAREMOA

Izangaiaren ikerketa-merezimenduak: 20 puntu gehienez.

–Ikerketa-proiektuetan eta argitalpenetan parte hartzea: 4 puntu.

–Biltzarrak: 4 puntu.

–Ikastaroak: 4 puntu.

–Mugikortasuna: 4 puntu.

–Frantsesa eta gaztelania ez diren hizkuntzak: 4 puntu.

Kategoria bakoitzeko (ikerketa-proiektuetan eta argitalpenetan parte hartzea, biltzarrak eta ikastaroak) 3 ekarpen baino ez dira baloratuko.

Ekarpenen deskribapena eta puntuazioa.

1. Argitalpenak eta proiektuak: gehieneko normalizatua 4 puntu.

–Nazioarteko aldizkarietako artikuluak: 1,6 puntu.

–Nazioarteko liburuak, osorik: 1,6 puntu.

–Estatuko liburuak, osorik, edo nazioarteko liburuetako kapituluak: 0,8 puntu.

–Estatuko aldizkarietako artikuluak edo estatuko liburuetako kapituluak: 0,4 puntu.

–Beste argitalpen batzuk: 0,2 puntu.

–Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea: 1 puntu.

–Plan Nazionaleko edo asimilatuetako proiektuetan parte hartzea: 0,75 puntu.

–Esparru autonomikoko proiektuetan parte hartzea: 0,5 puntu.

–LOSUren 60. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea: 0,1 puntu.

2. Biltzarrak: gehieneko normalizatua 4 puntu.

–Nazioarteko biltzarretako komunikazioak edo posterrak: 0,5 puntu.

–Komunikazioak edo posterrak Espainiako biltzarretan: 0,3 puntu.

3. Ikastaroak: gehieneko normalizatua 4 puntu.

4. Mugikortasuna: gehieneko normalizatua 4 puntu.

5. Frantsesa eta gaztelania ez diren hizkuntzak: gehieneko normalizatua 4 puntu.

Merezimenduen kalkuluaren xehetasunak

Kasu guztietan, onartu edo argitaratu diren ekarpenak hartuko dira aintzat. Proiektu, ikastaro eta abarretako parte-hartzea behar bezala dokumentatu behar da.

Agiriz egiaztatutako merezimenduak baloratuko dira, eta ez besterik.

Ez dira kontuan hartuko beren arau erregulatzaileen arabera egiaztatzeko eskumena esleitua ez duten pertsonek, organoek edo erakundeek egindako agiriak.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezin izanen da merezimendu bera bi apartatutan aurkeztu.

–Proiektuak: eskatzailea ofizialki proiektuaren ikerketa-taldeko edo lantaldeko kide dela egiaztatu behar da, proiektuaren erakunde arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa denean izan ezik; kasu horretan, proiektuaren eta deialdiaren datuak adieraziko dira, dokumentazioa errazago topatzeko. Ez dira baliozkoak izanen proiektuaren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiriak. Lankidetza-bekak ez dira proiektu gisa baloratuko.

–Argitalpenak eta komunikazioak: onartu direla edo argitaratu direla egiaztatzea. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpen gisa puntuatuko, nahiz eta ISBNa eduki.

–Kontratuak: LOSUren 60. artikuluaren arabera egindako kontratuetarako atxikipenak baloratuko dira soilik, betiere taldekide gisa agertzen badira kontratuan edo lan-kontratu bat izan baldin badute.

–Biltzarrak: Biltzarretara joatea baina bertan parte ez hartzea ikastaroen atalean hartuko da kontuan.

–Ikerketarako interesekoak diren prestakuntzako zenbait ikastaro: 4 puntu gehienez.

  • 0,4 puntu, ikastaroko 10 orduko.
  • Jardunaldietara eta biltzarretara joateagatik eguneko 6 ordu zenbatuko dira. Iraupena zehazten ez bada, 10 ordu zenbatuko dira.

–Mugikortasuna: 10 hilabeteko egonaldia zenbatuko da gehienez jatorrizko erakundea ez den beste batean egindako egonaldiagatik (egonaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten ikasleei ere zenbatuko zaie). 0,4 puntu emanen dira egonaldiaren hilabete bakoitzeko. Puntuazioa gehienez: 4 puntu.

–Hizkuntzak: 4 puntu gehienez zenbatuko dira hizkuntza-maila hauek egiaztatuz gero:

  • C1: 2 puntu.
  • B2: 1,6 puntu.
  • B1: 1,2 puntu.
  • A2: 0,8 puntu.
  • A1: 0,4 puntu.

II. ERANSKINA.–IZANGAIEN ESPEDIENTEA BALORATZEKO KONTUAN HARTUKO DIREN TITULAZIOAK

Aukera hauen arteko bat adierazi beharko du izangaiak eskaeran, eta aukera horren arabera duen espedienteko batez besteko nota hartuko zaio kontuan:

  • 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoak edo Europako Unibertsitate Eremukoak.
  • 300 ECTS baino gutxiagoko gradu bat + gutxienez 2 urteko ebaluazio positiboa Osasun Zientzietako espezialitateren bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean (aldez aurretik prestakuntza sanitario espezializatuko ikaspostu baterako sarbide proban prestakuntzako ikaspostu bat lortu ondoren).
  • Gutxienez 300 ECTSko gradu bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura.
  • Diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + unibertsitateko bigarren zikloko ingeniaritza edo lizentzia bat, 1393/2007 Errege Dekretuaren aurrekoak.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + gutxienez 120 ECTSko unibertsitate master ofizial bat, Espainiakoa edo Europako Unibertsitate Eremukoa.
  • 1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko diploma, ingeniaritza tekniko edo arkitektura tekniko bat + Espainiako unibertsitate master ofizial bat edo Europako Unibertsitate Eremuko bat + gutxienez 60 ECTSko master bat + gradu edo masterreko 60 ECTS.
  • Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, eman den herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko aukera ematen duena.
  • Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko atzerriko titulua, ez duena aukera ematen hura eman duen herrialdean doktoretzako ikasketak egiteko + Espainiako unibertsitate master ofizial bat, edo Europako Unibertsitate Eremukoa edo eremu horretatik kanpokoa.

Eskatzaileak gradu, gradu bikoitz, lizentzia, diploma edo master titulu bat baino gehiago baditu, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) maila bakoitzeko titulazio bat aukeratzen ahalko du eskaeraren inprimakian, kontuan har diezaioten. Hautatutako aukera ez da aldatzen ahalko eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2607377