176. ALDIZKARIA - 2026ko irailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

899E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, 2026-2027ko deialdia onesten duena Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako dirulaguntzak emateko, zeinak sartuta baitaude 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean (Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak). DDBN kodea: 924880.

Batzordearen 2022-08-31ko Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoa onetsi zen (aurrerantzean NPEPE) Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.

NPEPEak oinarri du Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.

2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 6.2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEaren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira. Zehazki, tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEaren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.

Artikulu hori garatuta, NPEPEak Nafarroa sartzen du landa garapeneko 6881.1 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean (Inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan). Azken horien barnean sartzen dira larreak hobetzeko laguntzak. Esku-hartze hori NPEaren bigarren zutabearen barnean dago, eta, zehazki, "INVEST(73-74) - Inbertsioak, ureztatzeko azpiegituretako inbertsioak barne" esku-hartze motaren barnean. Onargarritasun baldintza hau dauka eskualdeko espezifikotasun gisa: "Kudeaketa-plana edo tresna baliokidea izatea (73.2 artikulua), 250 hektareatik gorako azaleretarako. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa. Atalase hori eskualdeko fitxan justifikatzen da".

Nafarroako Foru Komunitatea, beraz, aipatutako 6881.1 esku-hartzearen lurralde-eremuko eskualde bat da. NPEPEak aipatzen duen eskualde-fitxan berariaz adierazten da esku-hartze horretan honako hauek sartzen direla: azaleraren araberako jarduketak larreak hobetzeko mendi-larreetan, abereak gobernatzeko itxiturak, abeltzaintzako beste azpiegitura batzuk eta azpiegiturak eta aziendak mantendu eta zaintzeko langile-gastuak. Gero, eransten da deialdiek eragiketak hautatzeko irizpideak jasoko dituztela, eta honako hauetan oinarritzen ahalko direla: abeltzaintza gobernatzeko planaren kalitatea, larre eta sastrakadien Batasunaren intereseko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da; larre eta sastrakadien lehentasunezko larratze habitaten azalera: zenbat eta handiagoa izan habitat horien azalera, puntuazioa handiagoa izanen da, besteak beste.

Adierazitakoaz gain, honako esparru juridiko hau ere aplikatu behar da:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa, 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

–Batzordearen 2021/2289 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2021eko abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak, NPEaren plan estrategikoen edukiaren aurkezpenari eta informazioaren truke segururako sistema elektronikoari buruzkoak.

–Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamendua, 2022ko abenduaren 14koa, zeinaren bidez nekazaritza eta basogintza sektoreetako eta landa eremuetako laguntzen zenbait kategoria bateragarriak deklaratzen baitira barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Deialdiaren oinarrietan jasotako hautaketa irizpideak 2023-2027 NPEPEaren Jarraipen Batzordeak onetsi ditu, eta 2023ko maiatzaren 29an hartu zuten indarra.

Ebazpen honen eta bertan jasotako oinarrien ondorioetarako, "laguntza" eta "dirulaguntza" terminoak erabiliko dira (bata zein bestea) erreferentzia egiteko ebazpen honetan eta bertan jasotako oinarrietan xedatutakoa betetzen duten pertsonen alde egindako edo egin beharreko diru xedapenei.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau, Nafarroako 2023-2027 NPEPEaren kudeaketa agintariaren aldeko txostena duena (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzua), urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean eman da (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2026-2027ko deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean eta II. eranskinetik VII.era bitartekoetan jasotzen den moduan, Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako dirulaguntzak emateko, zeinak sartuta baitaude 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzean (Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak). Laguntza hori LGENFk kofinantzatzen du, gastu publikoaren %45eko laguntza-intentsitatearekin.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 222.273,00 euroko gastua erreserbatzea, ondotik zehazten den moduan, baldin eta aurrekontuko zuzkidura nahikoa badago 2027ko ekitaldian eta 2026ko gastuen aurrekontuan zehazten den partidan:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

740002-74200-4609-456308: 2023-2027 NPEPE LGENF. Mendi-larreak

2027

222.273,00

4. 222.273,00 euroko gastua baimentzea, ondotik zehazten den moduan, baldin eta aurrekontuko zuzkidura nahikoa badago 2027ko ekitaldian eta 2026ko gastuen aurrekontuan zehazten den partidan:

AURREKONTU PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA
(eurotan)

740002-74200-4609-456308: 2023-2027 NPEPE LGENF. Mendi-larreak

2027

222.273,00

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Adierazi behar da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxa (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Ayudas-a-la-gestion-sostenible-de-los-pastizales-montanos-de-la-Red-Natura-2000-2021-2022) dela dirulaguntza honekin lotutako ondoz ondoko argitalpenak egiteko tokia, eta beste leku batzuetan egindakoek ez dutela baliorik izanen.

7. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

8. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Iruñean, 2026ko abuztuaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauetan, Nafarroako mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako dirulaguntzak arautzen dira, zeinak sartuta baitaude 2023-2027 NPEPEaren barnean, kontuan hartuta ezarrita dagoena 2021eko abenduaren 2ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan. Izan ere, erregelamendu horren bidez arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatzen baita, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira.

2. Helburua da larre-habitatak kontserbatzeko eta hobetzeko neurrien aplikazioa bultzatzea, sostengu ekonomikoa emanez toki entitateei, baldin eta larreen titular edo kudeatzaile badira, larreak antolatzeko proiektuak aplikatzeko. Bereziki garrantzitsua da, orobat, mendiko larreetan sustatzea abeltzaintza estentsiboa erabili dadila habitat horien kontserbaziorako, hor handia baita gehiegi nahiz gutxiegi larratzeagatik andeatuta gelditzeko arriskua.

3. Sartuta daude 2023-2027 NPEPEaren 6881.1 esku-hartzearen barnean (Basogintzako inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan), eta, horrekin bat, honako hauek dira helburu nagusiak:

–Ura, lurzorua eta airea bezalako baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa eraginkorra sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztuz.

–Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, zerbitzu ekosistemikoak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.

2. oinarria.–Neurri honetarako baldintza orokorrak.

Eragiketa Nafarroako toki entitateei zuzenduta dago, baldin eta jarduerak edo programak egiten badituzte deialdi honen esparruan kudeatzen dituzten larreak hobetzeko eta kontserbatzeko.

Batzordearen erabaki baten ondorioz bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza batez baliatu badira, toki entitateek ezin izanen dute laguntzarik lortu, ez eta onartutako laguntzen ordainketarik jaso ere, harik eta toki entitate horrek itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte legez kontra jasotako laguntza bateraezin horren zenbateko osoa eta dagozkion berreskuratze-interesak.

3. oinarria.–Onuradunak eta aplikazio esparruak.

Deialdi honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira mendiko larreen jabe, erabiltzaile edo kudeatzaile diren Nafarroako toki entitateak, baldin eta konpromisoa hartzen badute toki horiek hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak edo programak egiteko, 4. oinarrian zehaztutako irizpideak betetzen badituzte, 5. oinarrian zehaztutako jarduketak egiten badituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei 5 urtez eusteko konpromisoa hartzen badute.

4. oinarria.–Entitateak onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Laguntza eskaerek eta haien sustatzaileek, aurkezten diren egunean, onargarritasun irizpide hauek bete beharko dituzte:

–Laguntzaren xede diren larreetarako, Larratze Antolamendurako Plana (aurrerantzean, LAP) onetsia izatea.

–Bermatuta izatea larreak erabiltzen dituzten abeltzainen lankidetza, larreak modu jasangarrian erabiltzeko aurkeztutako proposamena garatzeko.

–Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

–Larreen kudeaketa jasangarrirako plan bat izatea indarrean (aurrerantzean, LKJP: larreetan egin beharreko jarduketak 5 urtez programatzen dituen tresna). Plan horrek bat etorri beharko du inguru horretako LAParekin; horretarako, Basoak Kudeatzeko Atalaren aldeko txosten teknikoa beharko du. Gainera, eragina badute kontserbazio bereziko eremuetan (KBE), proposamenak bateragarria izan beharko du KBEaren kudeaketa planen jarraibideekin eta araudiarekin. Baldin eta toki entitateek indarrean badituzte aurreko urteetan aurkeztutako planak, konpromisoa hartu beharko dute indarraldia bukatutakoan beste plan bat aurkezteko. Gainera, eskatzen ahalko dute aurreko LKJParen indarraldia luzatzeko, horretarako aurkeztuz luzapena arrazoitzen duen memoria tekniko bat eta larrean ordura arte aplikatutako neurriek izan duten eraginaren balorazio bat, hala justifikatuko baita zergatik eutsi behar zaion aldaketarik gabe.

–Laguntzak emateak berekin dakar jarduketen ingurumen baimena izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez egotea.

5. oinarria.–Ekintza diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira, habitaten kontserbazio egoera hobetze aldera naturaguneak mantentzeko eta landaretza kudeatzeko gastu gisa, honako hauek:

a) Abereak gobernatzea: barne hartzen ditu toki entitateek zuzenean kontratatutako langileen gastuak eta lan hori egiteko kontratatutako enpresen fakturen ondoriozkoak.

b) Abereak gobernatzeko ekipamenduak instalatzea eta mantentzea, hala nola ur-puntuak egokitzea, artzain elektrikoak, sasi-garbitze puntualak, mahuka eramangarriak, gatz-puntuak eta itxituren mantentze-lanak. Diruz lagunduko dira ekipamenduak instalatzeko eta mantentzeko erabilitako material ez-suntsikorrak erosteko gastuak, bai eta eskuzko makineria erosteko eta erremintak alokatzeko gastuak ere. Diruz lagunduko dira, halaber, toki entitateek zuzenean kontratatutako langileen kostuak edo instalazio- edo mantentze-lanak egiteko kontratatutako enpresen kostuak.

c) Larreen kudeaketa jasangarrirako plana eta memoriak prestatzea: a) urteko txostena; b) LKJParen indarraldiaren amaierako azken memoria; c) LKJParen luzapena arrazoitzen duen justifikazio memoria. Atal honetan lurzoruen analisia egiteko kostuak ere sar daitezke. Jarduketa honekin lotuta, kontratatutako enpresek egindako fakturen ondoriozko gastuak soilik sartzen dira.

d) Diruz lagunduko dira, soilik, 2026ko urriaren 16tik 2027ko urriaren 15era bitartean benetan ordaindu diren gastuak, hots, 15. oinarrian ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehenagokoak.

e) Ez dira diruz lagungarriak:

–Enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kotizazioak (baldin eta toki entitateek zuzenean kontratatzen badituzte langileak) eta BEZa, enpresak kontratatzen badira inbertsioak gauzatzeko.

–Makineriaren amortizazio-kostuak eta material suntsikorraren kostuak.

–Bide eta mahuka iraunkorrak mantendu eta sortzeko kostuak.

–Itxitura berriak sortzeko kostuak.

–Eskuzko makinak behin baino gehiagotan erostea 5 urteko aldian.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Honako hau izanen da ekintza mota bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, goian adierazitako epean ordaindu bada:

–Aurreko 1. epigrafeko a) eta c) letretan adierazitako gastuen %100.

–Aurreko 1. epigrafeko b) letran adierazitako gastuen %70.

2. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke: https://www.navarra.es/eu/medio-ambiente/gestion-forestal/tarifas-para-obras-y-trabajos-forestales.

Prezioak tarifa horietakoak ez badira, desbideratzea jaso duen teknikariak justifikatuko du, eta espedientearen ardura duen teknikariak (edo, hala bada, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren kasuan kasuko atalak) onartu edo ukatu eginen du.

3. Eskaera bakoitzeko, urteko gehieneko aurrekontu onargarria 27 eurokoa izanen da larre hektareako lehendabiziko 1.000 hektareetan, eta 10 eurokoa aurreko kopurua gainditzen duen larre hektareako. Nolanahi ere, espediente bakoitzeko inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izanen.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta hautaketa irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko. Laguntza ekonomikoak emateko baldintzak dira baliabide ekonomikoak eta aurrekontuetan behar den adinako kreditua izatea.

2. Laguntza honetarako onartutako hautaketa irizpideen arabera, eskaeren hurrenkera aterako da honako balorazio-irizpide hauen arabera emandako puntuak batzetik.

IRIZPIDEA

PUNTUAZIOA

PUNTUAZIOA EMATEKO MODUA

1. Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren (LKJP) kalitatea

Mailaketa honelakoa izanen da:

–Osoa: 10 puntu.

–Onargarria: 0 puntu.

Baloratuko da kontuan izanda zenbateraino egokitzen den LKJPa larreak antolatzeko proiektura eta 10.2.d oinarrian adierazitako zerrendara. "Osoa" edo "onargarria" kalifikazioa izanen du.

2. Kontserbazio bereziko eremuari (KBE) eragiten zaion

–Larreen %75 edo gehiago KBEan badaude: 30 puntu.

–Larreen %75 baino gutxiago KBEan badaude: 15 puntu.

–Larreek KBEari eragiten ez badiote: 0 puntu.

Baloratuko da larreak gehienbat KBE izendatutako eremuetan egotea.

3. Onura publikoko mendi katalogatuak (OPM) edo abelbideak ukitzen dituen

Honako hauek batuko dira:

–Larreen %75 edo gehiago onura publikoko mendietan badaude: 20 puntu.

–Larreen %75 baino gutxiago onura publikoko mendietan badaude: 10 puntu.

–Larreek abelbideak ukitzen badituzte: 10 puntu.

–Larreek abelbideak eta onura publikoko mendiak ukitzen ez badituzte: 0 puntu.

Eskatutako larreak, osorik edo zati batean, onura publikoko mendietan badaude, ulertuko da onura publikoko mendia ukitzeko puntuazioa merezi dutela. Larre horietatik Nafarroako abelbide bat igarotzen bada, ulertuko da abelbidea ukitzeko puntuazioa merezi dutela.

4. Lehentasunezko larratze habitatak badauden

Kalkulua egiteko, honako hauek batuko dira:

–Eskaerako larreetan lehentasunezko larratze habitatak badaude: 20 puntu.

–Eskaerako larreetan Batasunaren intereseko larratze habitatak badaude: 10 puntu.

Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.

Laguntza hauen ondorioetarako, honako hauek dira lehentasunezko larratze habitatak edo Batasunaren interesekoak: halako izaera duten Europar Batasunaren intereseko larre eta sastraka habitatak, Habitaten Zuzentarauaren (92/43/EEE) I. eranskinean jasotakoak, "Europar Batasunaren intereseko habitat motak interpretatzeko eskuliburuan" egindako aldaketen ondotik.

Egiaztapena egiteko, lehentasunez erabiliko da 92/43/EEE Zuzentarauan Nafarroako KBEetarako jasotzen den habitaten kartografia eguneratua (1:25.000). Informazio hori osatu edo argitzeko, egun dauden larratzeen antolamendurako proiektu berariazkoak erabiltzen ahalko dira.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntza hauek tramitatzeko, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da eskaeren artean, aurreko oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz. Balorazio handiena lortu duten eskaerei emanen zaie laguntza, deialdian zehaztutako kreditua gainditu gabe. Gehienez ere 100 puntu emanen dira. Espedientearen gutxieneko puntuazioak gehieneko puntuazioaren %30 izan beharko du laguntzak eman ahal izateko (30 puntu).

2. Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, lehen irizpidean puntu gehien dituen espedientea lehenetsiko da, eta, berdinketa ez bada hausten, hautatzeko bigarren irizpidea lehenetsiko da, eta hala jarraituko da hurrenez hurren laugarren irizpidera arte. Berdinketak badirau, larre-azalera handiena duen eskaera onartua lehenetsiko da.

3. Instrukzio organoak proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa txikiagoa baldin bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, eskaera berregiteko eskatuko zaio onuradunari, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko, baina soilik baldin eta toki entitatea azkena gelditu bada hautaketa-irizpideen arabera dirulaguntza jasoko dutenen artean eta aurrekontu erabilgarririk ez izateagatik ez bada emandako zenbatekoa eskatutako guztia adinakoa.

Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.

Berregindako eskaerak instrukzio organoaren adostasuna lortu ondoan, eskaera hori, egindako jarduera guztiekin batera, organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki 9. artikuluan aipatzen diren betebehar orokorrak.

2. Laguntzaren xedeko inbertsioak bost urtez mantendu beharko dira edo bost urtez izan beharko dituzte ondorioak. Ondorioz, aldi horretan inbertsioak:

–Mantendu egin beharko dira, funtsezko aldaketarik gabe, horren ondorioz izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak halako moduz ukitzen badira non jatorrizko helburuak kaltetzen diren.

–Baliagarriak izanen dira aipatutako epean indarrean edo luzatuta dagoen LKJPa garatzeko konpromisoari eusteko.

Helburuko betebeharra betetzen ez bada, dirua itzuli beharko da, oinarri arautzaile hauetan ezarri bezala.

3. Entitate onuradunak bere larre bakoitzean sartu gogo duen aziendaren zerrenda aurkeztuko du 2027ko martxoan, espezieak bereizita. Zerrenda hori Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztuko da, eta, gutxienez, 10.3 oinarrian adierazitakoa bildu beharko du.

4. Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urteko ordainketa eskaerarekin batera, entitate onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du, teknikari eskudun batek idatzitakoa, non balorazio bat jasoko baita larratze habitatek LKJParen 5 urteko indarraldian izan duten egoerari eta bilakaerari buruz. Hau da, balorazio txosten bat eskatzen da, eta ez egindako jarduketen zerrenda bat. Aurkeztu ezean edo II. eranskinean jasotako alderdiak jaso ezean, ondorioa izan daiteke aldi horretan jasotako laguntzak itzuli behar izatea. Gainera, hala badagokio, LKJPa luzatzeko eskaeraren justifikazio memoria aurkeztu beharko da, II. eranskinean horretarako zehaztutako informazioarekin.

5. Entitate onuradunak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren laguntzak emateko ebazpenean eta Larratze Antolamendurako Planean ezartzen diren baldintzen arabera gauzatuko ditu inbertsioak. LKJParekin bateragarriak izan beharko dute, eta deialdian adierazitako epean gauzatu.

6. Ordainketa ebatzi arte, 5. oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita 7. oinarrian jasotako hautapen irizpideen ondoriozkoei ere.

7. Entitate onuradunak inbertsioen alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz behar diren argibideak emanen ditu, baita eskatzen ahal zaion informazioa ere laguntza honi buruz, laguntzaren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

8. Entitate onuradunak onartu eginen ditu laguntza ongi eman dela, inbertsioak gauzatu direla eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak.

9. Entitate onuradunak Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari (Baso Plangintzarako Atala) jakinaraziko dio diruz lagundutako inbertsioak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso dituela. Jasotako funtsak zertan erabili diren ordainketa eskaeran jakinarazi beharko da. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna deialdi honen 19. oinarrian dago araututa.

10. Dirulaguntza eman eta ordaintzeko ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez da urratu behar, eta, zehazki, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izan behar dira.

11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian.

12. Deialdi honen 19 oinarrian dirulaguntzei publizitatea egiteko ezarritako neurriak betetzea.

13. Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan eta indarreko araudian ezarritako kasuetan.

14. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea, bereziki II. tituluan eta hirugarren xedapen gehigarrian jasotakoak (VI. eranskina).

10. oinarria.–Laguntza-eskabidea eta dokumentazio osagarria. Aurkezteko epea.

1. 30 egun edukiko dira deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzen eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. Eskaera nahitaez idatziko da oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotako eredu normalizatuaren arabera.

Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako Atalari zuzenduta.

3. Laguntza eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

1.–Eskaera-orria, oinarri arautzaile hauen III. eranskineko ereduaren araberakoa, barne dagoela abian den kanpainarako jarduketen eskaera-orria. Bertan, banakatuta adierazi beharko dira LKJPan planifikatutako jarduketetarako kontzeptuak eta obra-unitateak. Plan horretatik desbideratuz gero, planifikatu gabeko ekintzen justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da.

2.–Indarreko LKJP bat ez duten entitateak: memoria baloratu bat, larreak bost urtez modu jasangarrian erabiltzeari buruzkoa (2031ko abenduaren 31ra arte, gutxienez). Memoria hori gaian eskumena duen teknikari batek idatziko du, eta II. eranskinean eta 4. oinarriko 1. puntuan adierazitakoa bete beharko du. Salbuespenez, eskatzen ahalko da aurreko LKJParen indarraldia luzatzeko, horretarako aurkeztuz luzapena arrazoitzen duen memoria tekniko bat eta larrean ordura arte aplikatutako neurriek izan duten eraginaren balorazio bat, hala justifikatuko baita zergatik eutsi behar zaion aldaketarik gabe.

3.–Larreetako bakoitzean sartuko duen aziendaren zerrenda. Zerrenda hori 2027ko martxoan eguneratuko da berriz, eta gutxienez larre bakoitzari buruzko informazio hau jasoko du:

–Larrea erabiltzen duten abeltzaintzako ustiategien zerrenda.

–Abeltzaintzako ustiategi bakoitzaren jatorrizko herria.

–Ustiategi bakoitzak larrean sar ditzakeen abelburuen kopurua, mota eta arrazak.

–Ustiategi bakoitzari baimendutako aprobetxamenduaren aldia.

4.–Udalaren edo toki entitatearen osoko bilkuran hartutako erabakia, konpromisoa hartzen duena LKJPa betetzeko eta betearazteko, aurreko kanpainetan entregatu ez badute.

5.–Eskatzaileak lehen aldiz laguntzak jaso behar dituenean edo horiek ordaintzeko kontua aldatu nahi duenean, egoki den izapidetze elektronikoa egin beharko du, hemen eskura daitekeena:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta

Horretarako, beharrezkoa da interesdunak kredentzial hauek izatea: Ziurtagiri Digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve sisteman alta emanik egon beharko du. Kredentzial horiek ez baditu, "Transferentzia bidezko ordainketa eskaera" aurkeztu beharko du, behar bezala beteta eta sinatuta. Eskaera hori Nafarroako Gobernuaren webgunean eskura daiteke, esteka honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

11. oinarria.–Instrukzio organoa.

Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak neurri honetan jasotako laguntzak emateko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpen proposamenak ere eginen ditu.

12. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusita eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, aurkeztutako eskaera guztiak ebaluatuko ditu, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunen arabera, eta ebazpen proposamena eginen du.

2. Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

3. Dirulaguntza emateko proposamena onuradunari bidaliko zaio, bertan jasotako baldintzetan onar dezan edo egokitzat jotzen dituen aldaketak eska ditzan. Prozesu hori egin ondoren, organo eskudunak igorriko du, ebazpena eman dadin.

13. oinarria.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Ingurumeneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematea, arrazoituta, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur aipatuta.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean jasoko da, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, puntuazio-ordenaren arabera. Eskatzaile bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko da. Hala badagokio, berariaz jasoko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz.

3. Dirulaguntza emateko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez (kontuan hartu gabe aurrekontua ixteko epea eta urteko aurrekontu berria irekitzekoa), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Bertan jasoko da dirulaguntza zein entitateri eman zaien eta, hala badagokio, zer eskaera ukatu diren edo ez diren onartu, arrazoiak agertuta. Honako hauek ere jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta entitate onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

4. Ebazpen hori telematikoki jakinaraziko zaie toki entitate eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarra erabiliz. Abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako helbide elektronikora, jakinarazpen telematikoa eskura jarri dela adierazteko.

5. Oinarri hauetan prozedura ebatzi eta jakinarazteko ezarritako epea igarotzen bada ebazpen espresurik eman gabe, ulertuko da eskaera ezetsi dela, baina eutsiko zaio ebazpena jakinarazi beharrari.

14. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Aldaketa nabarmentzat jotzen da ekintza berriak sartzea eta onartutako ekintzak aldatzea, baldin eta espedienteko GMA diruz lagungarriaren %10 gainditzen badute. Justifikatutako arrazoiak direla-eta, toki entitate onuradunak uste badu beharrezkoa dela aldaketa nabarmen bat egitea hasiera batez onetsitako emakidan, aldaketa eskaera bat aurkeztu beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari. Eskaeran, adierazi beharko du zer aldaketa eskatzen duen eta zergatik egin nahi duen aldatzeko eskaera. Eskaera inbertsioa gauzatu aurretik aurkeztuko da, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago.

2. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak baino ez dira onetsiko, baldin eta ez badute eraginik inbertsioaren helburuan eta izaeran, eta ez badute murrizten hura ematea eragin zuen baremoaren puntuazioa, eta bateragarriak badira LKJParekin. Aldaketa horiek ezin izanen dute hasieran emandako laguntzaren zenbateko osoa gainditu, salbu eta deialdiaren ebazpenak kreditu erabilgarriak utzi baditu aurrekontu-partidan. Proiektuaren aldaketa nabarmenak onetsi edo ezesteko, aldez aurretik horien instrukzio organoak txostena egin beharko du, eta, ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak onetsi.

3. Aldaketa ez-nabarmentzat hartuko dira GMA diruz lagungarriaren %10 baino txikiagoak edo berdinak direnak. Aldaketak onartuko dira jarduketen edo unitate berrien neurketan edo kokapenean. Ekintza berriak egiten badira eta sasi-garbiketen kokapena aldatzen bada, laguntza kudeatzen duen unitateari jakinarazi beharko zaio, eta unitate horrek eskatzaileari ofizio bidez jakinaraziko dio aldaketa egokia den ala ez. Azken ziurtagirian onartutako proiektuarekiko aldaketa ez-nabarmenak sartzen badira, ordainketa egiten ahalko da, betiere emandako laguntzaren guztizko zenbatekoa gainditzen ez bada eta, obra berriko unitateen kasuan, oinarrietan zehaztutako kostuen moderazioa aplikatuko zaion justifikazio-aurrekontu bat aurkezten bada.

15. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2027ko urriaren 15a izanen da 2026-2027 kanpainako laguntza eskaeretarako.

2. Dagozkion laguntzak jasotzeko, toki entitate onuradunek ondoko puntuan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte 2027ko urriaren 18a baino lehen.

3. Ordainketa eskaera guztiak formatu telematikoan aurkeztu beharko dira, hurrengo oinarrian azaltzen den bezala. Ordainketa eskaera (IV. eranskina, "Ordainketa eskaera egitean aurkeztu beharreko inprimakiak") ere aurkeztu beharko da, tramiteen katalogoan dagoena Nafarroako Gobernuko web-orrian (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Ayudas-a-la-gestion-sostenible-de-los-pastizales-montanos-de-la-Red-Natura-2000-2021-2022), eta, horrekin batera, honako dokumentazio hau:

a) Emandako dirulaguntza gauzatu dela justifikatzen duen memoria eta egindako gastuak eta inbertsioak justifikatzen dituen dokumentazioa, II. eranskinean jasota dagoen bezala. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie fakturei.

b) Toki entitateek langileak kontratatu badituzte jarduketa diruz lagungarriak egiteko: kontratuaren, eskaeraren datatik 2027ko urriaren 15era arte egindako nominen eta soldatak ordaindu direla justifikatzen duten agirien kopiak. Aipatutako jarduketa horiek enpresekin kontratatzeagatik sortutako gastuei dagokienez: horiek igorritako fakturak, eskaeraren datatik 2027ko urriaren 15era arte, eta horiek ordaindu direla justifikatzen duten agiriak.

c) Ordainagiriak: zuzenbidean onartutako guztiak emanen dira ontzat, betiere ordainketa oinarri hauetan jasotako epeen barruan egin dela egiaztatzen bada eta horretarako ezarritako epeen barruan egindako jarduketekin bat badatoz.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunen hornidura egiten den kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Hori ez da aplikatuko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Adierazitakoak ez du galarazten toki entitate interesdunek bete behar izatea Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoa.

Alderdi horiek justifikatzeko, V. eranskineko formularioa aurkeztu beharko du entitate onuradunak, behar bezala beteta, ordainketa eskatzeko unean.

e) Kontratista batekin azpikontratatutako lanen zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta 60.000 eurotik goitikoa denean, idatzizko kontratu bat egin beharko da, eta haren kopia bat aurkeztu, ordainketa jasotzeko eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera.

f) Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren indarraldiko azken urtean, 9.5 oinarrian eta II. eranskinean zehazten den txostena aurkeztu beharko da.

4. Ordainketa eginen da baldin eta instrukzio organoak kontrol horiek egiten baditu, oinarritzat hartuz Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

5. Ingurumeneko zuzendari nagusiak ordainketa ebazpena emanen du, arrazoituta.

16. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Toki entitate onuradunek laguntza emateko eskaera egin ondoren aurkeztu behar duten dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako Atalari zuzenduta.

2. Banaka jakinarazi behar diren prozedurako egintza administratiboak telematikoki jakinaraziko zaizkie toki entitate eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarra erabiliz, abisua emanda eskatzaileak identifikatutako helbide elektronikoan.

3. Banakako jakinarazpena alde batera utzi gabe argitaratu behar diren egintzak eta informazioak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan argitaratuko dira (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Ayudas-a-la-gestion-sostenible-de-los-pastizales-montanos-de-la-Red-Natura-2000-2021-2022), laguntza hauei dagokien berariazko fitxan; beste leku batzuetan egiten direnek ez dute balio ofizialik izanen.

17. oinarria.–Penalizazioak, baldin eta betetzen ez badira onargarritasun baldintzak, konpromisoak edo entitate onuradunek deialdi honen arabera beren gain hartutako bestelako betebeharrak.

1. Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, entitate eskatzaileak betetzen ez baditu oinarri arautzaile hauen arabera bere gain hartutako betebeharrak, penalizazioak ezarriko zaizkio, jarraian adierazten den moduan:

a) Ez-betetze bat baztertzailea izanen da baldin eta, laguntza ematean eta, kasua bada, laguntza mantentzean onartuak izateko ezarritako irizpideak/baldintzak betetzen ez badira.

Era berean, ez-betetze baztertzailetzat hartuko da 25 egun natural baino gehiagoko atzerapenarekin aurkeztea 15. oinarrian eskatutako dokumentazioa.

Ez-betetze baztertzaileek berekin ekarriko dute, ez-betetze hori detektatzen den fasearen arabera, dirulaguntza ematea ukatzea, ordainketa ukatzea edo jada jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra.

b) Abereak gobernatzeko ekipamenduak instalatzean eta mantentzean, oinarrizko ez-betetzetzat hartuko da ekipamendu horiek funtzionaltasuna galtzea, baldin eta lehenengo laguntza ordaindu eta ondorengo bi urteetan gertatzen bada. Kasu horretan, laguntzaren %100ekoa izanen da penalizazioa.

c) Abereak gobernatzeko ekipamenduak instalatzean eta mantentzean, ez-betetze nagusitzat hartuko da ekipamendu horiek funtzionaltasuna galtzea, baldin eta lehenengo laguntza ordaindu eta hirugarren eta bosgarren urteen artean gertatzen bada. Kasu horretan, laguntzaren %50ekoa izanen da penalizazioa.

d) Bigarren mailako ez-betetzetzat hartuko da egiten dena kontratazio publikoari buruzko arauekin, dirulaguntzaren xede diren ondasun eta zerbitzuen kontratazioan, eta, dagozkien zehapen-prozedurak alde batera utzi gabe, bidegabe jasotakoa itzuli beharko da.

e) Hirugarren mailako ez-betetzetzat hartuko da ordainketa eskaera egun bateko atzerapenarekin aurkeztea (gehienez 25 egun natural arte), eta dirulaguntzaren zenbatekoaren %1eko penalizazioa izanen du.

2. Oinarri honen 1. atalean aurreikusitako penalizazioak ez dira aplikatuko onuradunak frogatzen ahal badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:

–Hondamendi natural larria, instalazioei (kasu honetan, baso-ustiategiei) edo diruz lagundutako makinei nabarmen eragiten diena.

–Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Onuradunak idatziz jakinaraziko dizkio agintaritza eskudunari ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak, eta orobat, agintaritza horren iritziz egokiak diren frogak erantsiko ditu zuzenbidean onartutako bitartekoen arabera, egitate horiek gertatu eta hurrengo hamabost egunen barnean, edo, haien izaeragatik komunikazioa modu larrian eragotzi edo zaildu bada, onuraduna edo haren ordezkaria hori egiteko moduan dagoen egunean.

3. Datu faltsuak edo informazio okerra nahita emanez gero, kontrolak oztopatuz gero eta laguntza lortzeko baldintzak artifizialki sortuz gero, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren 6., 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoa beteko da, hurrenez hurren.

4. Oinarri honetan aurreikusitako penalizazioak aplikatzeak ez du eragotziko zuzenbide nazionaleko edo Nafarroako Foru Komunitateko beste arau batzuen arabera bidezkoak diren zehapen administratibo edo penalak aplikatzea, barne dagoela nekazaritza politika erkidearen laguntzen arloko zehapen araubidea, ezarrita dagoena Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta horri lotutako beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen II. tituluan, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoak ere.

18. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Laguntza horiek bateraezinak dira helburu bera duten beste batzuekin, baldin eta gainditzen badira Batasuneko Zuzenbidearen arau aplikagarrietan ezarritako gehieneko ehunekoak, laguntzen gehieneko intentsitate-ehunekoak edo landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa.

19. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Batzordearen 2021eko abenduaren 21eko 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuz –erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduari jarraikiz ardogintzako olio-haziei, kotoiari eta azpiproduktuei dagozkien esku-hartze motetarako, bai eta Batasunaren laguntzarekin eta NPBaren plan estrategikoekin lotutako informazio-, publizitate- eta ikusgarritasun-arloko betekizunetarako ere–, eta 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 123. artikuluaren 2. apartatuaren j) eta k) letrekin lotuta, toki entitate onuradunek ikusgaitasuna eman beharko diote jasotako finantza-laguntzari, Batasunaren ikurra behar bezala erabiliz, Batzordeak 2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez ezarritako arauekin bat.

Horretarako, toki entitateek kartel bat jarriko dute toki entitatearen iragarki-taulan (VII. eranskineko eredua), gutxienez 3 hilabetez, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari itzuli beharko diote eginbidetuta:

"EGINBIDEA: Iragarki hau ..................(e)ko Udaleko iragarki-taulan jarri dela jasota uzteko, 2026ko ....................aren ......(e)tik 2027ko ...................aren ......(e)ra arte. Eta horrela jasota gera dadin, sinatzen dut, ....................(e)n, ........(e)ko ..................aren ......(e)(a)n. Idazkaria"

II.-VI. ERANSKINAK.–AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. ERANSKINA.–Larreen kudeaketa jasangarrirako planaren eta urteko, amaierako eta LKJParen luzapen-eskaeraren memorien edukia.

III. ERANSKINA.–Mendi-larreen kudeaketa jasangarrirako laguntzaren eskaera 2026-2027 kanpainarako.

IV. ERANSKINA.–Ordainketa eskaera (lanak bukatutakoan aurkeztu beharrekoa).

V. ERANSKINA.–Kontratazio publikoari buruzko informazioa.

VI. ERANSKINA.–Erantzukizunpeko adierazpena: gardentasun betebeharrak betetzea.

Eranskin horiek katalogoko fitxan daude:

https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/Ayudas-a-la-gestion-sostenible-de-los-pastizales-montanos-de-la-Red-Natura-2000-2021-2022

Iragarkiaren kodea: F2611156